23. zk., 2023ko otsailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (1161 KB - 10 orri.)
- EPUB (713 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
557
20/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Espainiako Gobernuaren eta Eibarko Udalaren arteko Hitzarmena, Europar Batasunak finantzatutako NextGeneration-EU – Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko egoitza-birgaitzearen eta etxebizitza sozialaren arloko laguntza-programak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko, Eibarko udalerriko (Gipuzkoa) «Txontako» birgaitze programatuko bizitegi-inguruneari dagokionez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Espainiako Gobernuaren eta Eibarko Udalaren arteko Hitzarmena, Europar Batasunak finantzatutako NextGeneration-EU – Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko egoitza-birgaitzearen eta etxebizitza sozialaren arloko laguntza-programak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko, Eibarko udalerriko (Gipuzkoa) «Txontako» birgaitze programatuko bizitegi-inguruneari dagokionez. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 24KO 20/2023 EBAZPENARENA
ALDEBIKO BATZORDEAREN 3. ERABAKIA, 2022KO ABENDUAREN 20AN EGINDAKO SAIOAN HARTUA, EIBARKO «TXONTA» BIRGAITZE PROGRAMATUKO BIZITEGI-INGURUNEARI BURUZKOA, ETXEBIZITZAK BIRGAITZEAREN ETA ETXEBIZITZA SOZIALEN ARLOKO LAGUNTZA-PROGRAMAK GAUZATZEARI DAGOKIONEZ, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN EUROPAR BATASUNAK FINANTZATUTAKO SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN (NEXTGENERATION-EU)
2022ko abenduaren 20a.
BILDU DIRA:
Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren izenean, Francisco Javier Martín Ramiro jauna, Etxebizitza eta Lurzoruaren zuzendari nagusia, hura izendatzea xedatzen duen otsailaren 11ko 355/2020 Errege Dekretuaren arabera, eta Aldebiko Jarraipen Batzordearen buru gisa, urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren 71.3 artikuluan ezarritakoaren babesean (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko laguntza-programak arautzen dituena etxebizitzak birgaitzearen eta etxebizitza sozialen arloan).
Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Ignacio de la Puerta Rueda jauna, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria, hura izendatzea xedatzen duen urtarrilaren 26ko 43/2021 Dekretuaren arabera, urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren 71.3 artikuluan ezarritakoaren babesean jardunez.
Eibarko Udalaren izenean, Jon Iraola Iriondo jauna, alkatea, 2021eko martxoaren 13ko Osoko Bilkura Berezian hartutako erabakiaren arabera, aipatutako 853/2021 Errege Dekretuaren 12.2 artikuluan ezarritakoaren babesean jardunez.
ADIERAZTEN DUTE:
1.– Arestian aipatutako 853/2021 Errege Dekretuak, beste laguntza batzuen artean, honako hau arautzen du: Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko –NextGeneration-EU– «Auzo-mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa». Plan horren xedea da finantzaketa ematea, batera egiteko nagusiki bizitegi-erabilera duten eraikinetako eta etxebizitzetako –familia bakarreko etxebizitzak barne– birgaitze-obrak eta -jarduketak eta Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak (BPBI) izeneko jarduketa-esparruen barruko espazio publikoak –aldez aurretik mugatuta daudenak edozein biztanleria-tamainako udalerrietan– urbanizatzeko edo berrurbanizatzeko lanak.
2.– Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari, 2021eko urriaren 26ko eskualdatze-ebazpenaren bitartez, 55.915.580 euroko zenbatekoa eskualdatu dio, C02.I01 «Bizitegi-inguruneen suspertze ekonomiko eta sozialerako birgaitze-programa» inbertsioari dagokiona. Horrez gain, kreditua transferitzeko aipatutako ebazpenetan, Autonomia Erkidegoak programen kudeaketan dituen betebeharrak jasotzen dira. Betebehar horien artean, zeharkako printzipioak betetzea dago (ondorengo aginduetan araututa: HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, kudeaketa sistema eratzen duena eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Erakundeek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituena, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien mugarrien eta helburuen betetze-mailaren jarraipena egiteko eta aurrekontuak eta kontabilitatea gauzatzeko). Autonomia Erkidegoak proposatutako jarduketei dagokienez, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko duela adierazi du, bai zuzenean, bai ezartzeaz arduratzen diren erakunde betearazleen partetik.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoak Eibarko (Gipuzkoa) «Txonta» Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunean (BPBI) jarduketak finantzatzea eskatu du, «Auzo-mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programaren» barruan, 853/2021 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c) artikuluan ezarritakoa betez, dirulaguntzak emango dizkio zuzenean Eibarko Udalari ondorengo arrazoiengatik (artikulu horretan aurreikusiak).
Eremua EAEko 251 udalerriei eginiko «interes-kontsultari» buruz jasotako erantzunetan oinarrituta aukeratu da; udalerrien artean, heltze-maila handienekoak aukeratu dira. Bestalde, nabarmendu behar da BPBI honetan jasotako etxebizitzak kalteberatasun-arrisku oso handiko eremuetako batean daudela, Eusko Jaurlaritzak eginiko Kalteberatasun Inbentarioaren arabera.
Ondorioz, bai Euskal Autonomia Erkidegoak bai Eibarko Udalak uste dute egiaztatuta geratzen direla interes publikoa eta muga sozial eta ekonomikoak, dirulaguntza horiek zuzenean adjudikatzeko beharra justifikatzen dutenak, ezin direlako dagoeneko gauzatu den lehia publikoko prozesuaz bestelako baten mende jarri.
5.– Proposamenean, birgaitze-bulego bat sortzea aurreikusten da, BPBIan programatutako jarduketen kudeaketa eta garapena errazteko.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoak adierazten du jarduketak 853/2021 Errege Dekretuan ezarritako betebeharrak betetzen dituela, eta, bereziki, errege-dekretu horren 10. artikuluan (eremuaren lurralde-mugaketari eta etxebizitzarako bizitegi-erabilerarako eraikigarritasun-mugei buruzkoa) eta 12. artikuluan ezarritakoak (BPBIak kudeatzeko akordioari buruzkoa).
7.– Administrazio sinatzaileek beharrezkoa irizten diote akordio honen xede den eremu mugatuko jarduketak finantzatzeari, eraikinak berritzea sustatu, eta gutxienez energia primario berriztaezinean % 30 aurreztea lortzeko.
8.– Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak, Aldebiko Jarraipen Batzordeak 2022ko martxoaren 28an egindako Akordioaren bitartez, kalteberatasun-irizpideak ezarri dituzte, «Auzo-mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programaren» esparruan (1. programa), bai eta dagozkien gehieneko zenbatekoak ere.
Arestian azaldutako aurrekariak aztertu dira, eta urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren eta ondorengoen arabera («Auzo-mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programari» buruzkoak), zera:
ADOSTEN DUTE:
Lehenengoa.– Laguntzen xede izango den BPBIa definitzea.
Urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa betez, akordio honen bitartez «Auzo-mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programako» (1. programa) dirulaguntzen xede izango den BPBIa definitzen da.
BPBIak Eibarko (Gipuzkoa) «Txonta» eremuari eragiten dio, eta 2022ko otsailaren 28ko memorian zehaztu da. Agiri hori Etxebizitza eta Lurzoruaren Zuzendaritza Nagusiari igorri zitzaion 2022ko martxoaren 23an. BPBI Txonta kaleko 15., 17., 27., 44., 46., 48., 50. eta 52. atariek osatzen dute, eta 75 etxebizitza daude guztira.
Akordio honen xede den BPBIan, gehienez 75 etxebizitza inguru birgaitzea programatu da, 7,35 hektareako jarduketa-azalerarekin. Jarduketaren guztizko kostua 5.628.010,57 eurokoa izango dela aurreikusi da (BEZa barne), eta diruz lagun daitekeen inbertsio bat ere kalkulatu da, «Auzo-mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programaren» barruan, 3.116.303,61 eurokoa, honela banakatuta:
(Ikus .PDF)
Bigarrena.– Energia-helburuak.
Akordio honen xede den BPBIa osatzen duten eraikinak birgaitzeko jarduketan, energia primario berriztaezinaren kontsumoa % 45 baino gehiago murriztea aurreikusten da, are % 60tik gora ere BPBIko 75 etxebizitzetatik 47tan.
Hirugarrena.– Jarduketak finantzatzea.
Jarduketak jarraian ezarritakoaren arabera finantzatuko dira; hain zuzen, ekarpenei dagozkien urterokoak ezarriko dira.
– Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak eskualdatutako funtsen kargura, 2021eko urriaren 26ko eskualdatze-ebazpenaren bidez eta «Auzo-mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programaren» barruan (1. programa), programa horren diruz lagun daitekeen inbertsioan sartutako kostuen 2.153.903,75 euro finantzatuko da gehienez, honela banakatuta:
(Ikus .PDF)
Dirulaguntzaren helburua da Eibarko «Txonta» auzoko etxebizitza-eraikinak birgaitzea, 853/2021 Errege Dekretuak eskatutako betebeharren arabera.
Dirulaguntzaren azken zenbatekoa zehazteko, dirulaguntzaren xedea betetzen duten eta benetan birgaituta dauden etxebizitzen kopurua hartuko da kontuan, 853/2021 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoaren eta dirulaguntzaren gehieneko ehunekoaren irizpideei jarraituz.
– Euskal Autonomia Erkidegoak 1.836.447,00 euroko zenbatekoa finantzatzeko konpromisoa hartu du, 2021-2022ko (902.313,60 euro) eta 2023ko (934.133,40 euro) urterokoetan egingo diren ekarpenen bidez, jarduketen egikaritze-mailaren arabera.
– Eibarko Udalak konpromisoa hartzen du 447.375,92 euro finantzatzeko, 2022ko (268.425,55 euro), 2023ko (134.212,78 euro) eta 2024ko (44.737,59 euro) urterokoetan egingo diren ekarpenen bitartez. Urterokoen banaketa hori gutxi gorabeherakoa da, eta jarduketen gauzatze-mailaren arabera birdoitu egin ahal izango da.
– Partikularrek 1.190.283,90 euroko ekarpena egingo dute, dagozkien urterokoetan, jarduketen gauzatze-mailaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoak agiri hau sinatuz egiaztatzen du diruz lagundu daitezkeen jarduketen kostuak guztira, tributuak kontuan hartu gabe, ez dituela gaindituko autonomia-erkidego horri dagozkion jarduketa horien merkatuko batez besteko kostuak.
Laugarrena.– Programako laguntzak emateko prozedura.
«Txonta» BPBIa birgaitzeko jarduketetarako laguntzak zuzeneko prozeduraren bitartez emango zaizkio Eibarko Udalari.
Eibarko Udala izango da BPBIko jarduketak gauzatzearen arduraduna.
Eibarko Udalak birgaitze-bulegoko zerbitzuak emango ditu, eta programatutako jarduketen kudeaketa eta garapena erraztuko ditu, ingurune fisikoa urbanizatzeko, berrurbanizatzeko edo hobetzeko obrak egingo ditu, eta higiezinak birgaitzeko jarduketak bultzatuko ditu.
Bosgarrena.– Autonomia-erkidegoaren konpromisoa.
Euskal Autonomia Erkidegoak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan jasotako konpromiso guztiak bete beharko ditu, eta, bereziki, dirulaguntza osoa ordaindu aurretik egiaztatu beharko du jarduketak erabat amaitu direla eta dirulaguntzaren xede diren laguntzen azken hartzaileek 853/2021 Errege Dekretuan ezarritako betebeharrak bete dituztela. Horretarako, beharrezkoak diren egiaztagiriak bildu beharko ditu.
Era berean, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) esparruan ezarritako baldintza guztiak onartzen ditu, eta konpromisoa hartzen du Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari SEEPen esparruan, Europako edo Estatuko araudiarekin bat, eska daitekeen beste edozein txosten edo egiaztagiri aurkezteko, bai eta eskatzen zaion informazioa emateko ere, planaren kudeaketa- eta jarraipen-sistema egokia betetze aldera.
Seigarrena.– Akordioaren jarraipena.
Akordio honetan jasotako jarduketen jarraipena Aldebiko Jarraipen Batzordeak egingo du, honako hauetan ezarritakoaren arabera: urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren 72. artikulua, HFP/1030/2021 Agindua (irailaren 29koa, SEEP kudeatzeko sistema eratzen duena) eta HFP/1031/2021 Agindua (irailaren 29koa, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren ataletako neurrien mugarri eta helburuak zenbateraino betetzen diren jakiteko jarraipena egiteko eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren jarraipena egiteko).
Arestian aipatutakoa gorabehera, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak obra eta jarduketen gauzatze-egoera egiaztatzeko beharrezkoak diren egiaztapenak, bisitak eta jarduketak egin ahal izango ditu, bai eta akordio honetan hartutako konpromisoak betetzen direla egiaztatzekoak ere.
Halaber, Aldebiko Jarraipen Batzordeak sor daitezkeen gertakizunen aurrean beharrezkoak diren aldaketak egin ahal izango ditu akordio honetan, jarduketak osorik gauzatzen direla bermatzeko, urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren 71.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Zazpigarrena.– Akordioaren iraupena.
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Eibarko Udalak konpromisoa hartzen dute finantzatuko diren jarduketak 2026ko ekainaren 30erako amaituta egongo direla, eta jarduketak amaitu direla eta dirulaguntzaren xedea bete dela dioten egiaztagiriak aurkeztuko dizkiotela Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari, 2026ko abenduaren 31 baino lehen.
Alderdiek akordio hau betez beren gain hartutako betebeharrek jarduerak amaitzeko eta justifikatzeko adierazitako alditik harago iraungo dute, urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) esparruan hartutako konpromisoak eta helburuak bete ahal izateko, beharrezkoa denaren arabera, eta planak eta errege-dekretu horrek etxebizitzak birgaitzearen eta etxebizitza sozialak eraikitzearen arloetan ezarritako helburuak betetzeko.
Zortzigarrena.– Eranskinak:
– «Txonta» BPBIaren laburpen-fitxa.
– BPBIa osatzen duten higiezinen mugaketa-planoa.
Sinadura honek balio juridikoa izan dezan, erakunde sinatzaile bakoitzak akordio honen edukiak gauzatzeko nahitaezkoak diren ebazpenak izapidetu eta onartu beharko ditu bere organo eskudunen aurrean.
Aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, bertaratuek dokumentu hau sinatu dute adierazitako egunean.
Etxebizitza eta Lurzoruaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO JAVIER MARTÍN RAMIRO.
Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria,
IGNACIO DE LA PUERTA RUEDA.
Eibarko alkatea,
JON IRAOLA IRIONDO.
Ondorengoen aurrean:
Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea,
MIGUEL DE LOS TOYOS.
Hiri Agenda eta Etxebizitzako idazkari nagusia,
FRANCISCO DAVID LUCAS PARRÓN.
Eta
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa,
RAQUEL SÁNCHEZ JIMÉNEZ.