23. zk., 2023ko otsailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 3 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
556
18/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Santurtziko (Bizkaia) Repsol Butano SA enpresaren kanpoko larrialdietako plana onartzeko erabakia argitaratzea xedatzen duena.
Gobernu Kontseiluak, 2023ko urtarrilaren 17an egindako bilkuran, Santurtziko (Bizkaia) Repsol Butano SA enpresaren kanpoko larrialdietako plana onartzeko erabakia hartu zuen, eta behar bezalako zabalkundea emateko erabaki horri, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Santurtziko (Bizkaia) Repsol Butano SA enpresaren kanpoko larrialdietako plana onartzeko erabakiaren testua, zeina ebazpen honen eranskinean jasota baitago.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, URTARRILAREN 24KO 18/2023 EBAZPENARENA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIARENA
ERABAKIA, SANTURTZIKO (BIZKAIA) REPSOL BUTANO SA ENPRESAREN KANPOKO LARRIALDIETAKO PLANA ONARTZEKOA
1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 10. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibila zuzentzeko eta koordinatzeko organo gorena, bere eskumenen esparruan. Testu bategin horren 11. artikuluak dioenez, Segurtasun Saila da Babes Zibileko politikaren organo arduraduna, Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorrekin bat etorriz.
Erabaki-proposamen honen xedea da goiburuan aipatzen den kanpoko larrialdietako plana (aurrerantzean, KLP) Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onar dezan.
Kanpoko larrialdietako plana babes zibileko plan berezia da, eta haren helburua da kanpoko erantzuna antolatzea instalazio horietan gerta litezkeen eta enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripu-hipotesi jakin batzuen aurrean. Ildo horretan, enpresak barruko larrialdietako planean aurreikusi dituen neurriak osatzen ditu.
Plan horien nahitaezkotasuna eta erregulazioa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 2012/18/EB Zuzentarauan xedatutakotik dator, zeina substantzia arriskutsuekin zerikusia duten istripu larrien berezko arriskuen kontrolari buruzkoa baita. Halaber, Estatuko arau hauek ere xedatzen dute: 17/2015 Legea, uztailaren 9koa, Babes Zibileko Sistema Nazionalarena; Babes Zibilaren Oinarrizko Jarraibidea, substantzia arriskutsuak tarteko diren istripu larrien arriskua kontrolatzekoa eta planifikatzekoa (1196/2003 Errege Dekretua, irailaren 19koa); eta 840/2015 Errege Dekretua, irailaren 21ekoa, Substantzia arriskutsuak tarteko diren istripu larriei datxezkien arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituena. Autonomia-erkidegoan, honako hauetan xedatutakotik dator: 1/2017 Legegintzako Dekretua, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena; Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana; 277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, Zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituena larrialdiei aurre egiteko, eta 34/2001 Dekretua, otsailaren 20koa, Istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurrien gain eskumena daukaten autonomia erkidegoko organoak zeintzuk diren adierazten duena.
Araudi horretan, babes zibileko larrialdi bat sor dezaketen jardueren katalogo ofiziala aurreikusten da. Gainera, jarduera horiek garatzen dituzten enpresek barruko larrialdietako plan bat izan behar dutela ezartzen da, besteak beste. Era berean, hala badagokio, agintariek kanpoko larrialdietako plan bat egin beharko dute, gerta daitezkeen istripu larrien ondorioak prebenitzeko eta, hala badagokio, arintzeko (aldez aurretik aztertuta, sailkatuta eta ebaluatuta). Plan horretan ezarriko dira babes-neurri egokienak, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak, eta esku hartu behar duten agintariak, organoak eta zerbitzuak koordinatzeko eskema.
Industrialariek, baldin eta beren jarduerak edo produktuen biltegiratzea araudi honen aplikazio-eremuan sartzen badira, ekoizpen-prozesuei, segurtasun-politikei eta istripuen prebentzioari eta barruko larrialdietako planari buruzko informazioa eman behar diete organo eskudunei (gure kasuan, Eusko Jaurlaritzan industria-administrazioaren arloan eskumena dutenei). Industria-arloko agintaritza eskudunek ebaluatu egingo dute aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa, eta babes zibileko organo eskudunei emango diete. Organo horiek kanpoko larrialdietako plana egin behar dute, industrialarien laguntzarekin.
Kanpoko larrialdietako plana egiteko prozedurak erreferentziazko araudian xedatutakoa bete du: Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena eman zuen 2021eko abenduaren 14ko ohiko bilkuran, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalaren aldeko txostena jaso zen 2022ko urriaren 20an, eta jendaurrean jarri zen Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren 2022ko urtarrilaren 11ko Ebazpenaren bidez (2022ko urtarrilaren 26ko EHAA, 17. zk.).
Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, gaia aztertu ondoren, erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Santurtziko (Bizkaia) Repsol Butano SA enpresaren kanpoko larrialdietako plana onartzea.
Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.