9. zk., 2023ko urtarrilaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (149 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
195
EBAZPENA, 2022ko azaroaren 4koa, Arrantza eta Akuikultura zuzendariarena, oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan duten tresna txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzen duena.
Arrantza Politika Bateratuaren funtsezko helburuetako bat ontzidi profesionala, ekonomikoki errentagarria, sustatzea da, itsasoko baliabide biologikoen ustiapen iraunkorra bermatuko duena, ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarri gabe aprobetxamendu optimoa ahalbidetzeko. Ildo horretan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 (EB) Erregelamenduak arrantza-politika bateratuari, haren aplikazio-eremuari, helburuei eta gobernantza onaren printzipioei buruzko arau-esparru berria ezartzen du.
Ebazpen honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza-portua duten tresna txikien erroldako artisau-flotaren atsedenaldi biologikoa ezartzen da, ontzi horien arrantzak itsas ingurunean duen eragina murrizten laguntzeko. Ekintza hori, bestalde, FEMP 2014-2020 Programa Operatiboan aurreikusita dago, zeina Europar Batasunak arrantza jasangarria sustatzeko dituen lehentasunen artean kokatzen baita.
Langabezia biologiko horri esker, euskal kostaldeko arrantzategietan arrantza-ahalegina murriztu ahal izango da, eta artisau-flota honen helburu diren espezieetako batzuen arrainkumeen ugalketa erraztuko da. Arrantza-tresna txikietako ontziek egiten dituzten hainbat lanbide edo arrantza-modalitatetarako errendimenduaren aldagaiaren joera negatiboak neurri hori arreta-printzipioaren arabera sartzeko beharra justifikatzen du.
Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, arrantza-agintaritzak baliabideak babesteko eta kontserbatzeko neurriak hartu ahal izango ditu, oinarri jasangarri baten gainean.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 68/2021 Dekretuak 18.1.c) artikuluan xedatzen duenez, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren eskumena da itsas arrantzako, itsaski-bilketako, akuikulturako eta arrantza kontinentaleko baliabideen ustiapena antolatzea, kudeatzea eta sustatzea.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 2023ko urtarrilaren 15etik 2023ko otsailaren 15era bitartean (biak barne), egoitza-portua duten arte txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan. Horretarako, laguntza-lerro bat ezarriko da geldirik dauden ontzi guztientzat, baina ez kanpoko uretan arrantzara irten direnentzat edo itsaski-bilketan aritu direnentzat.
Bigarrena.– Ukitutako flotak honako lanbide edo modalitate hauek hartzen ditu: nasak, mallabakarra, trasmaloa, tretza, esku-lerroak eta kurrikana.
Hirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 4a.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,
LEANDRO AZCUE MUGICA.