6. zk., 2023ko urtarrilaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 3 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
132
820/2022 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuko Hondarribiko Osasun Zentroko gainbegirale lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.
Laster, Bidasoko ESIko Hondarribiko Osasun Zentroko Gainbegirale lanpostua hutsik egongo da. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori prozedura librez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du gerentziako Zuzendaritza honek. Hona hemen
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
– Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan langile finkoak izatea (estatutupekoak, funtzionarioak edo lan-legepeko kontratudunak) eta lanpostua jabetzan izatea B1 lanbide-taldean.
– B1 mailako titulazioa izatea (osasun-diplomatura).
– Gutxienez 3 urteko lanbide-esperientzia B1 lanbide-taldean.
– Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betekizunak.
2.– Kontuan hartu beharreko merezimenduak.
– Unitatea kudeatzeko memoria-proiektua egitea.
– Taldeen antolaketan eta kudeaketan esperientzia eta/edo prestakuntza izatea.
– Ezagutza ofimatikan Word, Excel.
Interesgarritzat jotzen diren eta lanpostu hori betetzeari balioa eransten dioten merezimendu guztiak aurkeztu ahal izango dira.
3.– Euskara ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da.
4.– Eskabideak aurkezteko epea.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bidasoko ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Zubieta finka, Mendelu auzoa z.g., 20280 Hondarribia). Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.
Interesdunek Bidasoko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea, datu pertsonal guztiekin batera (Zubieta finka, Mendelu auzoa z.g., 20280 Hondarribia).
Agiriak honela aurkeztu behar dira:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionarioen edo estatutupeko langileen izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatua.
– Kontuan hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.
– Unitatearen kudeaketa-proiektua/memoria.
Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan egiaztatzea CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta agertzen diren alderdiak, nahiz eta hori izangaiaren eskabidean jaso beharko den.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak baloratzeko eta hautagaiei jakinaraziko zaie.
Batzordeak, eskabideak aztertu ondoren, izangaiei jakinaraziko zaizkien eginbide osagarriak egitea erabaki ahal izango du.
Izangaiak baloratu ondoren, proposamena egingo da, izendapena formalizatzeko. Epaimahaiak, txosten arrazoitua egin ondoren, hutsik uztea proposatu ahal izango du, baldin eta izangaiek ez badituzte eskatutako baldintzak betetzen.
Batzordearen bilera bakoitzaren akta egingo da. Bertan, honako hauek jasoko dira: aurkeztutako izangaiak, egindako eginbide osagarriak (halakorik balego), eta horietako bati lanpostua esleitzeko edo, hala badagokio, deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
6.– Hautaketa-prozedura.
Inola ere ezingo dira merezimendutzat hartu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean aurkezten ez direnak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Lanpostuaren eginkizunak.
Profesional-talde bat gidatuko du, Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako Zuzendaritzaren mende zuzenean, eta honako hauetaz arduratuko da:
– Herritarren zaintza-beharrak eta premia soziosanitarioak hautematen eta lehenesten gidatzea.
– Zuzendaritza-taldeko gainerako kideekin batera, zentroak hobeto funtzionatzeko eta pertsonei arreta emateko erabakiak hartzen parte hartzea.
– Erizaintzako zerbitzuen helburuen proposamena egitea.
– Emaitzen eta helburuen jarraipenerako eta komunikaziorako plan bat ezartzea.
– Profesional berriei sartzen laguntzea.
– Prestakuntza-beharrak detektatzea.
– Erizaintzako jardunaren ebaluazioa egitea.
– Osasun-materiala eta ekipamenduak kudeatzea.
– Kalitatea eta segurtasuna sustatzea erizaintzako jardueretan, praktika seguruak ezarriz.
– Zainketen jarraitutasuna bermatzea.
– Osasunerako hezkuntzako eta esku-hartze komunitarioko jarduerak sustatzea eta antolatzea, herritarren osasuna hobetzen eta galera funtzionala atzeratzen laguntzeko.
– Komunitateko osasun-eragileekin jarduerak antolatzea eta sustatzea, komunitatean osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko.
8.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Hemen hasten den prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bidasoko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, intranetean eta Osakidetzaren web-orri korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatzen ez bada.
9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea emango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hondarribia, 2022ko azaroaren 22a.
Bidasoko ESIko zuzendari-gerentea,
JOSE AGUSTIN AGIRRE ARAMBURU.