Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2023ko urtarrilaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
124

AGINDUA, 2022ko abenduaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak eskolatze-prozesu arruntetik kanpo eskolatzeko oinarri arautzaileak ezartzen dituena, Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, eta zehazten baitira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolatze Batzordeen osaera, eginkizunak eta antolamendu- eta funtzionamendu-arauak.

Bi manuren bitartez ezartzen da nola onartu behar diren Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasleak ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan: alde batetik, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren bitartez; eta, bestetik, Hezkuntzako sailburuak urtero ematen dituen aginduen bitartez, zeintzuen bidez ezartzen baita eskabideen aurkezpenaren eta onarpen-epeen egutegi amankomuna.

Dekretu horren 23. artikuluaren arabera, prozesu arruntetik kanpo ikasleak onartzeko prozedura, Haur Hezkuntzako etapetan (lehenengo zikloko hirugarren mailatik aurrera) eta derrigorrezko hezkuntzan, berdina izango da ikastetxe guztietan, eta hezkuntza-arloko eskumena duen saileko sailburuaren agindu baten bidez arautuko da.

Aipatutako artikuluaren arabera, une bakoitzean dauden plazak kontuan hartuz, Hezkuntza Sailak, kasu bakoitzean ezarritako organoen bidez, erabakiko du zer ikastetxetan –publikotan nahiz itunpeko pribatutan– eskolatuko diren prozesu arruntetik kanpo onartutako ikasleak eta, betiere, ikasle horien gurasoei eta legezko tutoreei entzun ondoren. Kasu orotan, familiaren lehentasunez eta ikaspostuen erabilgarritasunaz gain, kontuan eduki beharko dira beste faktore batzuk, eskola-plangintzari eta orekari lotuak, ikastetxeen artean aniztasuna banatzeko.

Era berean, euskal hezkuntza-sisteman berandu sartu diren Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren mailatik aurrerako eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleak eskolatzeko, aipatutako Dekretuaren 24. artikuluak ezartzen du Eskolatzeko Lurralde Batzorde bat eratuko dela lurralde historiko bakoitzean, eta horren eginkizuna izango dela, besteak beste, ikasle horiek zein ikastetxetan eskolatu behar diren proposatzea hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkariari.

Era berean, 24. artikuluak ezarritakoaren arabera, prozesu arruntetik kanpo ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen aginduak zehaztuko ditu Batzorde horien osaera eta erregulazioa.

Hori dela eta, Agindu honen bitartez erregulatu egiten da prozesu arruntetik kanpo ikasleak onartzeko prozedura, bai eta Eskolatzeko Lurralde Batzorde horien osaera eta funtzionamendua ere.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea da ohiko eskolatze-prozesutik kanpo gertaturiko salbuespeneko eskolatze-kasuetan ikasleak eskolatzeko prozedura arautzeko oinarriak ezartzea, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolatze Batzordeen osaera, eginkizunak eta antolamendu- eta funtzionamendu-arauak zehaztea hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan.

Agindu hau Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan aplikatuko da, betiere, etapa hauetako ikasketak ematen badituzte:

– Haur Hezkuntza (lehenengo zikloko hirugarren maila eta hurrengoak).

– Lehen Hezkuntza.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

– Batxilergoa.

– Oinarrizko Lanbide Heziketa.

– Erdi-mailako Lanbide Heziketa.

– Goi-mailako Lanbide Heziketa.

2. artikulua.– Onarpen-prozesu arruntetik kanpoko salbuespenezko eskolatze-kasuak.

Onarpen-prozesu arruntetik kanpoko salbuespenezko eskolatze-kasutzat hartuko dira, eta, beraz, agindu honetan araututako prozedurak izapidetzeko aukera eman ahal izango dute, egoera hauetakoren batean dauden ikasleei eragiten dieten kasuak:

Haur Hezkuntzako (lehenengo zikloko hirugarren mailatik aurrera) eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleak eskola-plazarik gabe egotea onarpen-prozesu arrunta bukatu ondoren, prozesu horretan parte ez hartzeagatik.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleak hezkuntza-sisteman berandu sartu izana.

Dagoeneko eskolatuta dauden ikasleak ikastetxez aldatzea, honako arrazoi hauetakoren batengatik:

1) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuan ezarritako neurriak aplikatzea.

2) Familian genero-indarkeriako egoeraren bat izatea.

3) Eskola-bizikidetza kaltegarria.

4) Bizitokia beste herri batera aldatu izana.

5) Adopzioa edo familia-harrera, onarpen-prozesu arrunta bukatu ondoren formalizatu direnak.

6) Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak ikasleen alde egin ditzakeen ezohiko lekualdaketak, betiere, aipatutakoak ez diren baina antzekoak diren egoerak gertatzen badira. Kasu hori modu murriztaile eta ezohikoan aplikatu beharko da, eta berau aplikatzeko aukera ematen duten kasuak betetzen direla egiaztatu beharko da Hezkuntzako Ikuskaritzaren txosten baten bidez.

3. artikulua.– Onarpen-prozesutik kanpoko eskolatzea arautuko duten printzipioak eta irizpideak.

1.– Bai Eskolatzeko Lurralde Batzordeek, proposamenak egiteko orduan, bai lurralde-ordezkariek, egindako eskaerak ebazten dituztenean, eskolatze inklusiboaren printzipioa bete beharko dute euskal hezkuntza-sisteman, eta, zehazki, honako irizpide hauek bete beharko dituzte:

– Ikastetxea familiaren etxetik hurbil egotea.

– Dibertsitatea eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzea ikastetxeen artean, eskolatze inklusiboa sustatuz.

– Prozesu honen bidez anai-arreba bat baino gehiago eskolatzea eskatzen bada, erabakia modu bateratuan hartuko da, ahal bada.

– Maila bakoitzeko ikasle kopuru txikiena duten ikastetxeak lehenestea, aurreko irizpideekin lotuta.

Aurreko irizpideekin bat datorren eskolatzea egin ahal izateko, eskatzaileek hezkuntza-laguntzako premia espezifikoei buruzko galdetegi bat bete beharko dute, eta dagokion lurralde-ordezkaritzak ikaslearen egoera pertsonalari eta familia-egoerari buruzko informazioa eskatu ahal izango die beste administrazio publiko batzuei.

Eskatzaileek baimena ematen diote dagokion lurralde-ordezkaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

Agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako egin behar diren distantziei buruzko zehaztapen guztietarako, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) erreferentziazko geoatarian (geoEuskadi) dauden datuak erabiliko dira.

2.– Artikulu honen lehenengo apartatuan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, eskolatze-eskaera egiten bada familia-unitateak etxez edo udalerriz aldatu behar duelako –gurasoek edo legezko tutoreek nahitaez mugitu behar izatearen ondorioz–, familiako kideetako edozein desgaitu egin delako edo genero-indarkeriagatik edo terrorismo-ekintzengatik bizilekuz aldatu behar duelako, eskatzailea eskolatuko da, lehentasunez, gurasoen edo legezko tutoreen bizilekuari edo lantokiari dagokion eragin-eremuan dagoen ikastetxe batean, edo, eskatzailea adinez nagusia bada edo legez emantzipatua badago, haren bizilekuari edo lantokiari dagokion eragin-eremuko ikastetxe batean.

3.– Ikastetxe-aldaketa gertatzen bada eskola-elkarbizitza kaltegarria zuzentzeko neurriak aplikatzearen ondorioz, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak beharrezkoa den informazioa helaraziko dio ikastetxe hartzaileari, ikasleak ikastetxe berrian integratzea errazte aldera; horrekin batera, praktikan jarri beharreko neurri sorta helaraziko dio.

4. artikulua.– Onarpen-prozesu arruntetik kanpo ikasleak eskolatzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako egoeretan dauden ikasleek onarpen-prozesu arruntetik kanpo eskolatzeko eskaera egin beharko dute.

Eskabidea ikaslearen gurasoren batek edo tutoreak aurkeztuko du, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako edo itunpeko ikastetxe pribatuetako idazkaritzan (betiere, ikastetxe horietan agindu hau aplikagarria bada), edo dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan, horretarako prestatuko den inprimakia betez.

Eskabidearekin batera, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da, nahitaez:

– Eskaera egiten duen gurasoaren edo tutorearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentua: Espainiako nazionalitatea duten eskatzaileen kasuan, Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) fotokopia aurkeztu beharko da; eta, eskatzaile atzerritarren kasuan, Atzerritarren Identifikazio Agiriaren (AIZ) edo Pasaportearen fotokopia.

– Espainiako nazionalitatea duten eskatzaileen kasuan, ikasleari dagokion familia-liburuko orriaren fotokopia, edo jaiotza-ziurtagiria.

– Eskatzaile atzerritarren kasuan, baldin eta Espainiako nazionalitatea ez duten ikasleentzako eskaera egiten badute, ikaslearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte: Atzerritarren Identifikazio Agiriaren (AIZ) edo Pasaportearen fotokopia, baldin eta ikasleak halakorik badu.

– Espainiako nazionalitatea duten eskatzaileen kasuan, eskaera egiten duen pertsonari dagokion familia-liburuko orriaren fotokopia aurkeztu beharko da (baldin eta pertsona hori ikaslearen gurasoetako bat bada), edo pertsona hori ikaslearen legezko tutorea dela egiaztatzen duen agiria. Eskatzaile atzerritarren kasuan, pertsona hori ikaslearen legezko tutorea dela egiaztatzen duen antzeko agiriren bat aurkeztu beharko da.

– Ikaslea etxean hartu bada, egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.

– Erroldatze historiko eta kolektiboaren ziurtagiria edo antzeko dokumenturen bat. Dokumentu horretan adieraziko dira eskatzaileak izan dituen bizilekuak, eta, era berean, ikaslea egungo bizilekuan bizi dela egiaztatuko da dokumentu horren bitartez.

– Aurrez EAEtik kanpo baina espainiar Estatuaren barruan eskolatutako ikasleen kasuan, egindako ikasketen ziurtagiria, argi eta garbi adieraziz zer maila egiten ari diren une horretan.

– Banandutako edo dibortziatutako familiek Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa betetzen dutela egiaztatzen duen agiria (adibidez: ezkontide ohiaren baimen idatzia, eskabidea bermatzen duen ebazpen judiziala edo behin-behineko neurria, eta abar).

– Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoei buruzko galdetegia, behar bezala beteta.

– Harremanetarako datuak eta telefono-zenbakia.

Emandako datu edo agirietan aldaketaren bat badago aurrerantzean, eskatzaileek nahitaez eman beharko dute horren berri.

2.– Eskabidea egin ondoren, eskatzaileei jakinaraziko zaie zein ikastetxetan matrikulatu daitezkeen ikasleak. Ikasle horien gurasoek edo legezko tutoreek ikastetxe bat aukeratu beharko dute, edo aipatutako ikastetxeen artean dituzten lehentasunak jakinarazi.

Ikasleak zer ikastetxetan matrikulatu daitezkeen zehazteko, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Dibertsitatea eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzea ikastetxeen artean (ikastetxe publikoak zein itunpeko ikastetxe pribatuak). Ondorioz, soilik hauek hartuko dira plaza libretzat:

– Ikaslea zaurgarria bada, bere eragin-eremuko Zaurgarritasun Indizearen azpitik dauden ikastetxeetan soilik eskolatu ahal izango da.

– Ikaslea ez bada zaurgarria, bere eragin-eremuko Zaurgarritasun Indizearen gainetik dauden ikastetxeetan soilik eskolatu ahal izango da.

b) Zaurgarritasun Indizea (Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak egingo du eta bere webgunean argitaratuko du) zaurgarritasun sozioekonomiko oso handia eta HPBak (hezkuntza-premia bereziak) dituzten ikasleetan oinarrituta kalkulatuko da. Zaurgarritasun Indizea aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako hartuko da kontuan, eta hori bera hartuko da aintzat ikasturteari dagokion eskolatze-prozesu arrunterako.

c) Ikastetxea eskatzailearen etxetik hurbil egotea, bere eragin-eremuaren barruan eskolatzeari lehentasuna emanez.

Eragin-eremuak aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako hartuko dira kontuan, eta irizpide berberak hartuko dira aintzat ikasturteari dagokion eskolatze-prozesu arrunterako.

3.– Eskatzaileek, behar bezala justifikatutako eta egiaztatutako kasuetan, dagokien eragin-eremutik kanpoko ikastetxe batean eskatu ahal izango dute matrikulazioa. Eragin-eremutik kanpo eskolatzea justifikatzen duten gorabeherak egiaztatu ondoren, ikaslea ikastetxe horretan eskolatu ahal izango da, betiere hautatutako ikastetxeak errespetatu egiten badu ikastetxeen arteko dibertsitatearen eta zaurgarritasunaren banaketa orekatua. Ikaslea zaurgarria bada, bere eragin-eremuko Zaurgarritasun Indizearen azpitik dauden ikastetxeetan soilik eskolatu ahal izango da. Ikaslea ez bada zaurgarria, bere eragin-eremuko Zaurgarritasun Indizearen gainetik dauden ikastetxeetan soilik eskolatu ahal izango da.

4.– Eskabidea eta eskatzaileen hautaketa eta/edo lehentasunak jasotakoan, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak dagokion Eskolatzeko Lurralde Batzordeari bidaliko dizkio agiri horiek. Hain zuzen ere, aipatutako batzordeak agindu honen 5. eta 6. artikuluetan deskribatutako osaera- eta funtzionamendu-arauen arabera jokatuko du.

5.– Eskabidea aztertu ondoren, Hezkuntzako Lurralde Batzordeak ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan zehaztuko da ikasle eskatzaileak zein ikastetxetan eskolatu behar diren.

6.– Ebazpen-proposamena jaso ondoren, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ebatziko du eskaera, eta janikaraziko du zer ikastetxetan eskolatu behar den ikasle eskatzailea.

7.– Bigarren artikuluan adierazitako b), c.2) eta c.5) kasuetan dauden ikasleak zehaztutako ikastetxean eskolatu ahal izateko, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek ehuneko hamarreko gehikuntza ezarri ahal izango dute gelako gehieneko ikasle-kopuruan, dekretu hau aplikatzekoa den ikastetxeetan.

5. artikulua.– Eskolatzeko Lurralde Batzordeen osaera.

1.– Eskolatzeko Lurralde Batzorde bat eratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakoitzean. Eskolatze Batzorde horietako bakoitzak osaera hau izango du:

– Hezkuntzako lurralde-ordezkaria, batzordeburu gisa arituko dena.

– Hezkuntzako Ikuskaritzako ordezkari bat, Ikuskaritzako lurraldeburuak izendatua.

– Hezkuntza Berrikuntzako lurralde-arduraduna edo hark eskuordetutako pertsona.

– Ikastetxe eta Plangintzako lurralde-arduraduna.

– Dagokion Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzako langile bat, Ikastetxe eta Plangintzako lurralde-arduradunak izendatua; Batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.

– Lurralde-ordezkariak, aldi baterako edo modu iraunkorrean, zenbait pertsona sartu ahal izango ditu Batzordean, uste badu horretarako interesgarriak direla.

6. artikulua.– Eginkizunak eta funtzionamendua.

1.– Eskolatze Batzordeek eginkizun hauek izango dituzte:

– Dagokion Hezkuntzako Lurralde-ordezkariari proposatzea Agindu honen 2. artikuluan bildutako ikasleak zein ikastetxetan eskolatu behar diren.

– Baldintzak zehaztea eta baliabideak proposatzea halako ikasleek jasoko duten arreta egokia izan dadin.

– Hartutako erabakien aurka egindako erreklamazioak eta alegazioak aztertzea, eta txostena Hezkuntzako lurralde-ordezkariari aurkeztea, erreklamazio horiek ebatz ditzan.

– Batzordearen bidez eskolatutako ikasleen jarraipena egitea hurrengo urterako onarpen-prozesuan.

– Eguneratuta edukitzea Batzordearen bidez eskolatutako ikasleei buruzko informazio guztia.

2.– Eskolatze Batzordeak antolaketa- eta funtzionamendu-irizpide hauen arabera arituko dira:

Batzordeko idazkariak egingo du batzarrerako deialdia, eta batzar horren akta ere jasoko du. Eskolatu beharreko ikasle-kopuruaren arabera zehaztuko da batzarren maiztasuna, eta behar beste aldiz egingo dira bilkurak, eskaerei erantzun ahal izateko.

Dagokion urteroko aginduan araututako ohiko onarpen-prozedura amaitu ondoren jardungo du Eskolatze Batzordeak.

3.– Eskolatze Batzordeak egindako jarduerei buruzko txosten bat idatziko du hiru hilean behin, eta Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara eta urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuak araututako Eskolatzeko Bermeen Batzordera bidaliko da.

Ikasturtea bukatutakoan, Batzordeak bere jarduerari buruzko memoria idatziko du.

7. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzaileek emandako datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Ikastetxeetako ikasleen onarpena eta matrikula.

Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Araubide Orokorreko Ikasketetako (Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Araubide Bereziko Ikasketetako (Ikasketa artistikoak, Kirol-ikasketak eta Hizkuntza-ikasketak) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publiko eta pribatuetan.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

Foru-aldundiak.

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

Eskubideak: Eskatzaileek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Eskatzaileek gure web-orrian kontsulta dezakete datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045500-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala