Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2023ko urtarrilaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
121

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 23koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinaren bidez esleitzen baitira Hezkuntzako sailburuaren 2022ko uztailaren 5eko Aginduan iragarritako dirulaguntzak, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek 2022ko ekitaldian konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak sustatu eta bultzatzeko jarduerak gara ditzaten beren jarduera-eremuan.

2022ko uztailaren 27an, Hezkuntzako sailburuaren agindua argitaratu zen. Haren bidez, dirulaguntzak iragarri ziren Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek 2022ko ekitaldian konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak sustatu eta bultzatzeko jarduerak gara ditzaten beren jarduera-eremuan.

Aginduaren xedea da Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten enpresa-erakundeei eta sindikatuei dirulaguntzak emateko deialdia egitea, beren jarduera-eremuan konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurekin zerikusia duten jarduera sustatzaileak eta eragileak garatzeko, baita horiek behar bezala gauzatzeko behar diren koordinazio- eta kudeaketa-lanak egiteko ere.

Deialdi honen bidez iragartzen diren dirulaguntzen zenbatekoa laurehun eta hirurogeita zortzi mila eurokoa (468.000,00) da.

Zenbatekoari eta emateko prozedurari buruzko 12.1 artikuluak ezartzen du dirulaguntzak emateko lehia bidezko konkurrentzia-prozedura erabiliko dela. Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak elkarrekin alderatuko dira, baina betiere 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan harturik, 1etik 10erako puntuazioarekin.

Laguntzak esleitzeko muga 12. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoa izango da, eskura dagoen kreditua agortu arte; eta gutxienez 5 puntu lortu eta aipatutako irizpideak ezarriz baloraziorik hoberena lortu dutenei emango zaie. Dena dela, 5 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskari guztiek pertsona bat kontratatzeko/esleitzeko laguntza lortuko dute, eta bigarren eta hirugarren pertsona kontratatzeko/esleitzeko dirulaguntza-lehiaketako arauak ezarriko dira.

Era berean, aginduaren 12.2 artikuluak ezartzen duenez, diruz lagundu daitezkeen jardueretarako berariaz kontratatutako edo esklusiboki esleitutako pertsona bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa kontratatzeko/esleitzeko aurreikusitako dataren eta jarduerak amaitzeko eskabidean aurreikusi eta adierazitako dataren (II. eranskina) arabera finkatuko da. Erakunde onuradun bakoitzak diruz lagundu daitezkeen hiru pertsonaren gastuen zenbatekoa jaso ahal izango du eta esklusibotasunez kontratatutako/esleitutako pertsona bakoitzeko dirulaguntza ezingo da izan urteko 52.000 euroren zenbateko proportzionala baino handiagoa.

11. artikuluaren arabera, balorazio-batzorde batek baloratuko ditu eskabideak, Aginduaren 13. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Plangintza eta Antolaketako zuzendaria izango da presidentea, eta honako hauek osatuko dute: Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduradunak, lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari batek eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikari batek. Azken horrek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

2022ko urriaren 18an, Lanbide Heziketako sailburuordearen 2022ko urriaren 4ko Ebazpena argitaratu zen EHAAn. Ebazpen horren bidez, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako Lanbide Heziketako Zerbitzuko arduraduna izendatzen da, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek 2022ko ekitaldian konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak sustatu eta bultzatzeko jarduerak garatzeko dirulaguntzak emango dituen Balorazio Batzordeko kide izan dadin.

Aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak behin-behineko ebazpen-proposamena egin zuen, behar bezala arrazoituta eta 2022ko urriaren 18an egindako bileraren aktaren I. eranskinean laburtuta. Proposamen hori bitarteko elektronikoen bidez jakinarazi zitzaien onuradunei 2022ko urriaren 25ean, eta, era berean, 10 egun naturaleko epea eman zitzaien, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkezteko.

Jakinarazpena egin eta alegaziorik aurkeztu ez zenez, Balorazio Batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena onartu zuen, eta Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo izapidegile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari igorri zion, 2022ko azaroaren 7ko aktan jasota dagoen bezala.

Lanbide Heziketako sailburuordeari proposamena egin ondoren, eta aginduaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, sailburuordeari berari dagokio aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea eta erakunde interesdunei jakinaraztea. Horretarako, gehienez ere, sei hilabeteko epea egongo da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Adierazitakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurari lotutako sustatzeko eta bultzatzeko jarduerak gara ditzaten dirulaguntzak ematea eranskinean zerrendatzen diren erakunde onuradunei, betiere 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei eta Hezkuntzako sailburuaren 2022ko uztailaren 5eko Aginduaren 12. artikuluan ezarritako mugari jarraikiz, Balorazio Batzordeak proposatuta, eta eranskin horretan erakunde bakoitzerako zehazten diren zenbatekoekin.

2. artikulua.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Gainerako baldintzetarako, kontuan hartuko da Hezkuntzako sailburuaren 2022ko uztailaren 5eko Aginduan xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau erakunde onuradunei jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 23a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala