Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2023ko urtarrilaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
72

AGINDUA, 2022ko abenduaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako.

Doktoregoko ikasleen prestakuntza integrala bultzatzeko, haien ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatuz, bai eta gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak eta berrikuntzaren, sormenaren eta ekintzailetzaren balioak garatzen laguntzeko ere, Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 28ko Aginduak (zeinaren bidez ezartzen baitira doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berrien eta laguntza-berritzeen deialdirako oinarriak, 2022-2023 ikasturterako) lehenengo aldiz ezarri zuen laguntza berri baten onuradunek nahitaez egin behar dutela egonaldi bat nazioartean. Egonaldi horrek doktoregoaren nazioarteko aipamena lortzea erraztuko du, baita egindako ikerketa nazioartekotzea ere. Agindu horrek, 8.5 artikuluan, atzerrian ikerketa-egonaldi bat egiteko laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea dagoela ezartzen du.

Eskabidea egiteko, telematikoki eskuragai egongo den izena emateko inprimakia bete beharko da, bide telematikoz eskuragai egongo dena, sailaren egoitza elektronikoan, betiere urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan.

Kontuan hartu da lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2020ko irailaren 7ko EHAA, 176. zk.).

Halaber, kontuan hartu dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena (1992ko otsailaren 7ko EHAA), eta, bestetik, 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Aintzat hartu da, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzetarako deialdia egitea programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan doktoratu aurreko egonaldiak egin ditzaten prestakuntzan ari diren ikertzaileek. Hauxe izango da egonaldien helburua: doktoregoko ikasleen prestakuntza integrala bultzatzea, haien ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatuz; gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak eta berrikuntzaren, sormenaren eta ekintzailetzaren balioak garatzen laguntzea, eta nazioarteko doktoregoa lortzea erraztea.

2.– Doktore ez diren ikertzaileentzako mugikortasun-programak bi modalitate ditu:

A) A modalitatea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2022-2023 ikasturteari dagokionez ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza bat berritzen duten ikertzaileen mugikortasuna.

B) B modalitatea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2022-2023 ikasturteari dagokionez ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berri baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasuna.

2.– Egonaldiak egin ahal izango dira unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+b-ko jarduera duten enpresetan, atzerrikoetan zein estatukoetan, betiere doktoratu aurreko programa aplikatzeko zentroaz bestelako hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatu egiten badu agindu honetan zehazten diren laguntza ekonomikoak ematea.

3.– Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira biltzarretara, bilera zientifikoetara eta, Ikerketa Zuzendaritzaren iritziz, 1. apartatuan ezarritako helburura egokitzen ez diren bestelako egonaldietara joatea, bai eta egonaldiak egitea ere EAEn kokatuta dauden zentroetan, bizi diren probintzian, ezarpen-zentroa atzerrian duten eta prestatzen ari diren ikertzaileentzat.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honetan arautu laguntzak finantzatzeko, 465.000 euro bideratuko dira, era honetan banatuta, 1. artikuluan aipatu bi modalitateen arabera:

A modalitatea: 418.000 euro.

B modalitatea: 47.000 euro.

Modalitateetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute dirulaguntzarik jaso modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako diru-hornidura nahikorik ez zegoelako.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Honako hauek izango dute laguntzak eskatzea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2022-2023 ikasturteari dagokionez ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programaren onuradun direnek.

2.– Aurretik deialdi honen onuradun izandako ikertzaileek, berriz, ezingo dute laguntza hau eskuratu.

3.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean daudenak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso dutenak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak, konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta daudenak, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.

d) Honako lege hauetan jasotako kasuren batean daudenak: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; eta Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ez dituztenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Erregelamenduaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean dutenak egoitza fiskala.

g) Ordaindu gabe dituztenak dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak, bat etorriz erregelamenduz zehazten denarekin.

h) Epai irmo bidez zehatuta daudenak, eta, horren ondorioz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu dutenak.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauen xede diren egonaldiak 2023an hasi beharko dira, eta bat etorri beharko dute zentro hartzailearen aldi akademikoarekin edo ohiko jarduerarekin.

2.– Zentro bakar batean eta modu jarraituan 4 eta 6 hilabete arteko egonaldi bakar bat egiteko emango da laguntza.

Ikerketa-proiektua garatzen jarraitzea eragozten duten arrazoi justifikatuengatik edo behar bezala justifikatutako osasun-arrazoi edo osasun-inguruabarrengatik, ikerketa-egonaldia aldi baterako etetea baimendu ahal izango da.

Egonaldia eten nahi izanez gero, Ikerketa Zuzendaritzari aurkeztu beharko dio eteteko eskabidea onuradunak, eta zentro hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna izan beharko du, bai eta tesiaren zuzendariaren eta eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariaren adostasuna ere. Etenaldia egiteko arrazoia zehaztu beharko da, eta egonaldia osatzeko data berriak adierazi.

3.– Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragarri egongo den izena emateko inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin eskabidea. Zehazki, helbide honetan aurki daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173607

Helbide horretatik, ikerketako informatika-aplikazioan sartuko da izangaia, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.

Eskabidearekin batera, agindu honen 5. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira, eta elektronikoki baino ezin izango dira aurkeztu, urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretuaren arabera (zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan). Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.

2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta artikulu honetako 5. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez atxikitakoan, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin.

Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak.

3.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen) (ikus II. eranskina).

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Honako hauek dira eskabideak aurkezteko epeak:

1.– A modalitatea: hilabete, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– B modalitatea: 2023ko urtarrilaren 16tik otsailaren 15era, biak barne.

5.– Eskatutako agiriak.

Zerrenda honetako agiriak aurkeztu beharko dira aplikazioaren bitartez:

a) Egonaldiaren xedea deskribatzeko memoria (bi orri, gehienez ere). EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo artikulu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidean zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.

b) Zentro hartzailearen gutun ofiziala, non egiaztatzen baita bisitaldia onartzen dela eskatutako egunetan.

c) Egitekoa den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen agiria, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.

d) Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 12. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako prozedura beteko da.

7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta asegurua.

1.– Mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 25 eurokoa izango da eguneko.

2.– Bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, honako taula honi jarraituko zaio:

(Ikus .PDF)

Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak ezarpen-zentroa duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Joan-etorriak garraiobide publiko kolektiboetan egingo dira, baina ibilgailu partikularra erabiltzeko baimena emango da helmugara garraiobide publikoetan iristea ezinezkoa dela frogatzen denean. Aurrekoa gorabehera, norberaren ibilgailua erabiltzeko baimena eman ahal izango da, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta. Egonaldia hasi baino lehen eskatu beharko zaio baimena Ikerketa Zuzendaritzari, aplikazioaren bidez.

Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.

Bidaia-gastuetarako ematen den laguntzaren zenbatekoak ez ditu barnean hartuko egonaldian egiten diren tokiko garraioaren gastuak.

Egonaldia egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

3.– Laguntzak eman eta gero, eta behar bezala justifikatutako kasuetan, 4.2 artikuluan adierazi den bezala, Ikerketa Zuzendaritzak aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.

4.– Asegurua: Ikerketa Zuzendaritzak baimenduta atzerrian egiten diren egonaldietarako, laguntzen onuradunek, dagokion Gizarte Segurantzaren estaldura izateaz gainera, erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute. Interesdunaren ezkontidea eta 25 urtetik beherako seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, bidaia-laguntzako asegurua haientzat ere zabaldu ahal izango da, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori baliagarria izango da, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat.

9. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duen beste edozein laguntzarekin, salbu Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza bera.

10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

1.– Hautaketa Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendari Amaia Esquisabel Alegría andrea, batzordeburu gisa; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artaraz Miñón andrea, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari Leire Gisasola Atxabal andrea, batzordeko idazkari gisa. Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko proposamena.

Proposamenek hauek jasoko dituzte: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoa, dagoen kredituaren mugara arte xehatua, eta ordezkoen zerrenda.

2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera barematuko dira:

a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren doktoratu aurreko laguntzaren lehen urteko eskatzaileak: puntu 1;

b) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren doktoratu aurreko laguntza lehenengoz eta bigarrenez berritzeko eskatzaileak: 2 puntu;

c) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren doktoratu aurreko laguntza hirugarrenez berritzeko eskatzaileak: 3 puntu.

11. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Bi lehiaketa independente egingo dira modalitate bakoitzerako. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 10. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen dituzten eskabideei baino ez zaizkie esleituko dirulaguntzak, harik eta agindu honen 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak ematen duen ausazko zenbakia, txikitik handira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

Esleipen horien ondoren bi modalitateetako batean soberako aurrekontu-krediturik badago eta bestean laguntzaren bat eman ez bada kreditua agortu delako, laguntza horiek esleituko dira geratzen den aurrekontu-kreditua agortu arte, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira agindu honetako laguntzak eta zehaztuko haien zenbatekoa, ebazpen bat modalitate bakoitzeko, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

Ebazpen horiek jasoko dituzte pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak. Halaber, ordezkoen zerrenda emango da, eta han bilduko dira erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz laguntza jaso ez dutenak. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.

Abisua bidaliko da interesdunak eman duen helbide elektronikora, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko.

Hargatik eragotzi gabe aurreko 2. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri helarazi ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

3.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, ordezkoen zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.

Emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Bi modalitateetako batean ordezkorik ez badago, ordezkoen zerrenda baduen modalitate horretako zerrendan lehenengo lekuan dagoen eskatzaileari eman ahal izango zaio laguntza.

4.– Modalitateetako baten ebazpena eman eta 3. puntuan ezarritakoa aplikatu ondoren soberako aurrekontu-krediturik badago, ordezkoen zerrendan dauden eta modalitate horretan aurrekontu-kreditua agortu delako onuradun izan ez diren eskatzaileei laguntza esleitzeko erabili ahal izango da soberakin hori.

3. eta 4. puntuetan ezarritako ondorioetarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

5.– Baldin eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabideak ezetsiak izan direla.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako dirulaguntzen barruan dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura hori bukatu egin beharko da dirulaguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

8.– Emandako laguntzen zerrendak publikotasuna izan dezan, EHAAn argitaratuko da, jakinarazpen hori egin eta 6 hilabeteko epean.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

b) Zentroan egotea diruz laguntzen den denboraldi osoan. Laguntza jasotzen duen ikertzaileak etenik gabe egin beharko du bere jarduera, eta zentroko lan-egutegiak bete beharko ditu. Proiektuko zioen ondorioz absentziaren bat izan edo ikerketa-arrazoiak direla-eta aldi baterako zentrotik irten behar izanez gero, zentro hartzaileko arduradunaren adostasuna beharko du, eta Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraziko zaio zergatik eta noiz gertatu den.

c) Diruz lagundu den egoeraren xedea edo izaera asko aldarazten duen gorabehera ororen berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

d) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.

f) Helburu bererako lortu den beste laguntza oro deklaratzea.

g) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, jarduera justifikatzeko agiriak bidaltzea Ikerketa Zuzendaritzara, 15. artikuluan zehazten den moduan.

14. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Ikerketako zuzendariari jakinaraziko zaizkio uko-egiteak, onuradunak eta tesiaren zuzendariak sinatutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Jakinarazpen hori aplikazio telematikoaren bidez egingo da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko-egite hori gauzatzen den egunean berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria, esteka honetan:

http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte aplikazio informatikoaren bidez:

a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria: zentro hartzaileko ikertzaile arduradunak izenpetutako jatorrizko idazki bat izango da. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak aipatu beharko dira han.

b) Egindako lanaren txosten zientifiko-teknikoa, laguntzaren baldintzak bete direla justifikatzen duena, eta egindako jarduerak eta jasotako emaitzak zehazten dituena.

c) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Ostatu-gastuen fakturak ere sartuko dira, horiek ordaintzeko egindako ordainketen egiaztagiriekin batera, bai eta bidaia-gastuen eta bisa izapidetzearen fakturak ere, hauek erantsi beharko zaizkiela:

– Ostatu-kontratua.

– Garraio publikoan egindako bidaien txartelak eta fakturak.

– Bisa izapidetzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien txartelak eta fakturak.

3.– Egonaldia esleitutakoa baino laburragoa bada, mantenurako emandakoaren zati proportzionala itzuli beharko du onuradunak, hau da, egin gabeko aldiari dagokion zatia, betiere indarrean den legeriarekin bat etorriz.

4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.

16. artikulua.– Ez-betetzea.

Egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).

Halaber, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

17. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, horrekin batera bestelako administrazioen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betez gero.

Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 15. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan adierazten diren kasuetan:

a) Prozedura abiarazi eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.

b) Ikerketako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren edo, horretarako epean, alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da gehienez, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ez-betetzea gertatu dela onartzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea bi hilabetekoa izango da gehienez, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen honetako tratamendu-jardueran sartuko dira: (ikerketa sustatzeko) dirulaguntzak eta laguntzak. Informazio hau barne hartuko du:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala