249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (154 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5809
AGINDUA, 2022ko abenduaren 14koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022ko azaroaren 2ko Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta dirulaguntzak arautzen dira (Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientziaren Planaren esparruan, Next Generation EU, 2022rako).
AURREKARIAK
1.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko azaroaren 2ko Aginduak, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta dirulaguntzak arautzen dituenak (Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientziaren Planaren esparruan, Next Generation EU, 2022. urteari dagokionez), 19.1 artikuluan ezartzen duenez, ematen diren laguntzen justifikazioa Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egingo da, jarduerak burutzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, eta betiere 2023ko azaroaren 30a baino lehen. Halaber, 18.1 b) artikuluak xedatzen zuen bigarren ordainketa 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen egingo dela, betiere proiektuaren justifikazioa onartu ondoren.
2.– 2022ko azaroaren 30ean, Kulturaren Arloko Konferentzia egin zen, autonomia-erkidegoek Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren –Next Generation EU– esparruan egin beharreko proiektuen dokumentu gidarien aldaketa onartzeko. C24.I02.P05.1 proiektuari dagokionez (lehengo C24.I02.P2.1), «Arte eszenikoen eta musikalen azpiegituren modernizazioa eta kudeaketa jasangarria» izenekoa, sektoreko konferentziak onartu du exekuzio-epea, ordainketa barne, 2023ko abenduaren 31ra aldatzea. Aldaketa hori autonomia-erkidegoek nahitaez bete beharreko betebeharra da, neurria ezartzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.1 artikuluak aurreikusten du dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasten dela beti.
Bigarrena.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.2 b) artikuluak xedatzen duenez, ofizioz hasteko deialdia organo eskudunak onartu beharko du beti.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 g) artikuluak xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko arauetan, gutxienez, honako alderdi hauek jaso beharko dira: «onuradunak laguntzaren edo dirulaguntzaren helburua bete duela eta jasotako funtsak erabili dituela justifikatzeko epea eta modua».
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluaren arabera, «Jaurlaritza, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakariak edo zuzendariak dira arauak onartzeko eta beren eremuetan laguntzak edo dirulaguntzak emateko organo eskudunak».
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14 e) artikuluan ezarritakoa ikusita, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dagokio agindua onartzeko eskumena, bai eta haren funtsezko edukian egiten diren aldaketak egitea ere. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Diruz lagundu beharreko proiektuak garatzeko epeak aldatzea, bai eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko azaroaren 2ko Aginduaren babesean eman beharreko dirulaguntzak justifikatzeko eta ordaintzeko epeak ere. Agindu horren bidez, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta dirulaguntzak arautzen dira (Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientziaren Planaren esparruan, Next Generation EU, 2022. urteari dagokiona).
Aldaketa horrek aipatutako aginduaren 5.1, 18.1 eta 19.1 artikuluei eragiten die, eta honela aldatu dira:
«5. artikulua.– Aurkeztu beharreko proiektuen betekizunak.
1.– Proiektuetan aurreikusitako jarduerak agindu honen 1. artikuluan adierazitako helburuetara egokitu beharko dira, eta 2023ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean garatu beharko dira. Beraz, diruz lagundu daitezkeen gastuak aldi horretan egindakoak izango dira.
18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo ordainketa aurreratua, diruz lagundutakoaren % 75, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 17.1.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.
b) Gainerako % 25a 2023ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, betiere proiektuaren justifikazioa hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzetan onartu ostean.
19. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Ematen diren laguntzen azken justifikazioa Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egingo da, jarduerak gauzatzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, betiere 2023ko urriaren 31 baino lehen».
Bigarrena.– Agindu horren 17.2 a) artikuluari bigarren paragrafo bat gehitzea, honako eduki honekin:
17.2: «Horretarako, aipatutako DNSH printzipioa betetzen dela egiaztatzeko berariazko dokumentazioa aurkezteko eskatu ahal izango zaie. Errekerimendu hori onuradun gisa dagokien zenbatekoa ordaindu ondoren ere egin ahal izango da».
Hirugarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 14a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.