Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5800

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita txanda-kontraturako laguntzen 2023ko ekitaldirako deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, txanda-kontraturako laguntzen 2023ko ekitaldirako deialdia egitea onartu du. Lanbideren Estatutuak onartzen dituen maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran), organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea txanda-kontraturako laguntzen 2023ko ekitaldirako deialdia, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen Erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdia onartzeko hartu duen Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
TXANDA-KONTRATURAKO LAGUNTZEN DEIALDIA

XII. legegintzaldiari begira, 2020-2024 gobernu-programaren lehentasuna enplegua da, eta, horrekin lotuta, langabezia-tasak % 10etik behera ezarri nahi ditu. Horretarako, enplegua sortzeko eta enplegu horren kalitatea hobetzeko ekonomia- eta gizarte-politika publikoak sustatuko ditu. Enplegua eta ekonomiaren suspertzea lotu-lotuta daude. Hori horrela, bere ardatzen artean sartzen da ekonomia berpiztu, enplegua berreskuratu eta enpleguaren kalitatea hobetzea, COVID-19aren pandemiaren ondorio negatiboak gainditzeko, eta bere konpromisoen artean dago gure gizartean kaltetuen dauden kolektiboen laneratzea, tartean gazteena eta 45 urtetik gorako langabeena.

Hain zuzen ere kolektibo horiek dira ekonomia-krisiaren eragina gehien jasan dutenetako bi. Europar Batasunean 30 urtetik beherakoen langabezia-tasa, Eurostatek 2022ko bigarren lauhilekoari buruz emandako datuen arabera, % 10,8koa da, eta % 4,6koa 45 urtetik gorakoentzat. Gure lurralde-eremuan, Eustatek aldi bererako emandako datuen arabera, langabezia-tasa % 14,8koa da 30 urtetik beherakoentzat, eta % 7,4koa 45 urtetik gorakoentzat.

2007an hasi zen enplegu-suntsipeneko prozesuak eragin bereziki negatiboa izan du bi adin horietako kolektiboen langabezia-tasan, eta, hala, egiturazko arazo bat sortu du, egungo osasun-krisiaren ondorioz are larriagoa bihurtu dena.

Langabezia-tasaren bilakaera txarrak batez ere gazteenei eragiten die; 30 urtetik beherakoen langabezia-tasak dira altuenak. 2008an, 16 eta 29 urte bitarteko pertsonen langabezia-tasa % 7,3koa zen, baina 2014an % 29,5era igo zen, eta, ondoren, beheranzko joera hasi zen. Joera hori, edonola ere, eten egin da, 2020an, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, eta beherakadaren bidera itzuli zen 2021ean, baina oso modu arinean. 2022ko bigarren hiruhilekoan, 16 eta 29 urte bitartekoen langabezia-tasa % 14,8koa izan da.

Hala ere, 45 urtetik gorako pertsonek ez dute langabezia-tasa hain alturik jasan; aitzitik, kolektibo honetan iraupen luzeko langabeziaren pisu handia gailendu da, beste adin-tarte batzuetan ez bezala. 2009an, iraupen luzeko langabe guztietatik, 45 urtetik gorakoak % 47,4 ziren, % 60 2019an, eta aurtengo bigarren hiruhilekoan % 63,1era iritsi dira.

Langabe guztien kasuan, eta adin-tarteen arabera, iraupen luzeko langabetuen ehunekoa % 22,6koa izan da 30 urtetik beherakoentzat, % 36,1ekoa 30 eta 45 urte bitarteko pertsonentzat, eta % 55,7koa 45 urtetik gorakoentzat.

Beraz, bi kolektibo hauen langabezia murrizteak lehentasuna izan behar du gure gizartean, eta erronka horri heldu behar diote bai erakunde publikoek bai arlo pribatuak.

Horrez gain, Enpleguaren Euskal Estrategiak bere gidalerroen artean adierazten du belaunaldi-aldaketen prozesuetarako laguntza publikoen programak ezarri ahalko direla (ekonomikoak eta/edo laguntza tekniko moduan), belaunaldi-aldaketa lan-munduan sartzeko prozesuekin behar bezala lotuz eta belaunaldien arteko ezagutzaren transmisioari bide emanez, enpresan bildutako esperientziak ematen duen balioa ez dadin deskapitalizatu.

Ezin da ukatu enpresek talentu gaztea hartu behar dutela, gazteek gaitasuna dutelako enpresetan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara eta eskakizun berrietara egokitzeko. Horrela, enpresek, biziraun nahi badute, plantillak gaztetu behar dituzte, eta, aldi berean, hori aukera ona da gazteentzat, kalitatezko enplegu egonkorra lortzeko.

Egia da, era berean, testuinguru sozial eta ekonomiko honetan 45 urtetik gorako pertsonek oraindik ere nabarmen jasaten dutela langabezia, bereziki iraupen luzekoa, eta, hala, esperientziak ematen duen balioa deskapitalizatu egiten dela enpresan. Ondorioz, bi kolektibo hauek laneratzeko neurriak modu kohesionatuan sustatu eta indartzea egokia dela uste da, hartara belaunaldien artean ezagutza eta esperientzia profesionala partekatu ahal izateko.

Bestalde, txanda-kontraturako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzen plan estrategikoetan jasotzen dira, eta horrela bete egiten da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Laguntza horiek Lanbideren web-orrian argitaratzen dira (www.lanbide.euskadi.eus), Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak, 2022ko abenduaren 21eko bileran, txanda-kontratuak egiteko laguntzen deialdia onartu du, ezaugarri hauekin:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honen helburua da Langileen Estatutuen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.7 artikuluan aipatzen dituen txanda-kontratuak egiteko laguntzak erregulatzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan zerbitzuak emateko izenpetzen diren kontratuei aplikatuko zaizkie deialdi honetan aurreikusitako laguntzak; 2022ko urriaren 18tik aurrera hasitakoei, hain zuzen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.200.000 eurokoak dira guztira, horietatik 720.000 euro 2023ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 480.000 euro 2024rako konpromiso-kreditukoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 32110-Enplegurako programan aurreikusitakoaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, 2023ko ekitaldian txanda-kontratuak finantzatzeko laguntzen ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko lanpostu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende geratzen dira.

Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko zenbateko hori edo zenbateko hori handitzearen ondoriozkoa, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honetan araututako laguntzen onuradunak izan daitezke bertan ezarritakoaren araberako txanda-kontratuak egiten dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, hauek izan ezik: administrazio publikoak eta haien mendeko erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, dirulaguntza-eskaera egiten duten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.

Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:

– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoak) edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak) ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo bidez.

c) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, otsailaren 18ko 4/2005 Legean (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoan) aurreikusitakoak barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

d) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babespeko txanda-kontratuaren bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea, bete beharreko lanpostua zein den eta kontratuak zenbat iraungo duen adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, espresuki adierazi beharko du hori eskabidean.

e) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

f) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagunduko dira lanaldi osoko eta muga gabeko txanda-kontratuak, edo iraupen mugatukoak, baldin eta behin hori amaituta edo lehenago mugagabe bihurtzeko konpromisoa jasotzen bada.

2.– Dirulaguntza eskuratu ahal izateko, txanda-hartzaile gisa kontratatutako pertsonak gutxienez indarrean dagoen Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) jaso beharko du urtean.

3.– Txanda-kontratuak honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonekin sinatu beharko dira:

3.1.– 30 urtetik beherako eta 45 urtetik gorako pertsonak izatea.

3.2.– Honako egoera hauetakoren batean egotea.

3.2.a) Kontratua hasi aurreko egunean langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta alta emanda dagoena.

3.2.b) Enpresan iraupen mugatuko kontratua izatea. Kasu horretan, enpresak, txanda-kontratuaz gain, kontratazio gehigarri bat egin beharko du, aldi baterako kontratua amaitzeko falta den denbora betetzeko, gutxienez. Kontratazio osagarria honako egoera hauetakoren batean dagoen pertsonarekin egingo da:

– 45 urtetik beherakoa edo 30 urtetik gorakoa den pertsona, kontratua hasi aurreko egunean langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta alta emanda dagoena.

– 30 urtetik beherako pertsona batekin, enpresa berean Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututako edozein prestakuntza-modalitateko kontratu bat hitzartuta duena, edo 1543/2011 Errege Dekretuan araututako lanez kanpoko praktikaldi bat garatzen duena, kontratazioaren ondorengotza ahalbidetzeko.

3.2.c) 30 urtetik beherakoak, enpresa berean Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututako prestakuntza-kontratuen edozein modalitateko kontratu bat hitzartua izatea edo lanekoak ez diren praktikak garatzen ari direnak, Enpresan lanekoak ez diren praktikak egiteari buruzko urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, baldin eta txanda-hartzaileak izango badira kontratu horren edo lanekoak ez diren praktiken indarraldian edo horiek amaitu eta hurrengo egunean.

4.– Enpresan aldez aurretiko akordioak badaude txanda-kontratuak enpresan aktibo dauden eta ordezten diren erretiro partzialetatik datozen langileekin estaltzeko prozedurari buruz, 3.1 apartatuan aurreikusitako adinari buruzko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonekin sinatutako txanda-kontratuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta ez bada kontratazio osagarririk egiten gutxienez hiru hilabeteko epean, eta, edonola ere, txanda-hartzailearen aurreko kontratua amaitzeko falta den denboran, baldin eta aldi hori hiru hilabetetik gorakoa bada, honako baldintzaren bat betetzen duen pertsona batekin:

a) 30 urtetik beherakoa edo 45 urtetik gorako pertsona, kontratua hasi aurreko egunean langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta alta emanda dagoena.

b) 30 urtetik beherako pertsona, enpresa berean Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututako edozein prestakuntza-modalitateko kontratu bat amaitzea edo lanekoak ez diren praktikak garatzen dituena, Enpresen lanekoak ez diren praktikak egiteari buruzko urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututakoaren arabera.

5. artikulua.– Dirulaguntzatik kanpo utzitako jarduketak.

Deialdi honetan, honako hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Banako enpresaburuaren ezkontidearen kontratazioa, haren aurreko edo ondorengo ahaideen kontratazioa, edo odol-ahaidetasun bidezko, ezkontza bidezko zein adopzio bidezko alboko ahaideen kontratazioa, bigarren mailara artekoak barne.

b) Sozietate, elkarte edo korporazio gisa sortutako erakunde mota orotako bazkideen kontratazioak, ezta euren ezkontideen, aurreko ahaideen, ondorengo ahaideen edo alboko ahaideen kontratazioak ere, bigarren mailara artekoak barne, eta ezta erakunde horietako gobernu-organoetako eta zuzendaritzetako kideen ahaideen kontratazioa ere.

c) 4. artikuluan aipatzen den kontratazio gehigarriak, hala ere, indarrean dagoen araudian aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango ditu, hala badagokio.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Txanda-hartzailea 4. artikuluan araututako baldintzetan kontratatzen bada, 8.400 euroko dirulaguntza emango da. Kopuru hori % 10 igoko da, baldin eta txanda-hartzailea emakumea bada.

7. artikulua.– Eskabideak eta nahitaezko dokumentazioa aurkezteko epea.

1.– Hauek izango dira dirulaguntza-eskabideak aurkezteko epeak:

a) Deialdia EHAAn argitaratu aurretik hasitako kontratuak: hiru hilabete, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Deialdia EHAAn argitaratu den egunean edo ondoren hasitako kontratuak: hiru hilabete, txanda-kontratua hasi den egunetik aurrera.

Edozein kasutan ere, eskabideak aurkezteko azken eguna 2023ko urriaren 20a da.

2.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira. Egoitza hori helbide honetatik sartu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/egoitza, eta Lanbideren web-orrian izango da bertara sartzeko esteka bat.

Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0136409

Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Era berean, elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honetan eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Eskatzailea pertsona juridiko bat bada, identifikazio fiskalaren txartelaren kopia.

b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada eta dirulaguntza jasoko duen jarduera Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergen tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesional bat bada, Zerga arautzen duen araudia aplikatzean egokitu litekeen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kendu egingo dira dirulaguntzaren zenbatekotik, eta jarduera hastearen ondorioz PFEZren kontura egiteko den atxikipen-tasa aplikatzeko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak), eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio hori aplikatzeko baldintzak betetzen direla. Horretarako, jakinarazpena bidali beharko du, sinatuta. Azken hori hemen dago eskuragarri, eskabidearekin batera: http://www.lanbide.euskadi.eus

c) Nortasun Agiri Nazionalaren edo Atzerritarren Identifikazio Zenbakiaren kopia, txanda-hartzaile, txandakatutako langile edo osagarri gisa kontratatu diren pertsonena, kasuan-kasuan.

d) Txanda-kontratuaren kopia eta erretiro partziala hartzen duen pertsonaren lanaldi partzialeko kontratuaren kopia. Txanda-kontratuari iraupen mugatua ematen bazaio, mugagabe bihurtzeko konpromiso sinatua, enpresak eta kontratatutako langileak sinatua.

e) Enpresako langileria finkoaren egiaztagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietakoa, txanda-kontratua hasten den unekoa. Horretarako, Gizarte Segurantzaren dokumentu hau aurkeztu behar da: altako langileen txostena (RED sistemaren bidezkoa), enpresak eremu honetan dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako.

f) Txanda-kontratua enpresako langileren bati eginez gero, horren aurretik zuen kontratu mugatuaren kopia aurkeztu behar da, 4. artikuluan aipatutako kontratu gehigarriaren kopiarekin batera.

Halakorik badago, praktikaldiko edo prestakuntzarako eta ikaskuntzako kontratuaren kopia, edo lanez kanpoko praktikaldiaren akordioa.

g) Halakorik badago, 4.4 artikuluan aipatutako enpresa-akordioaren kopia.

4.– Aurreko ataleko a) eta b) letretan jasotakoa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, salbu eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagokion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

5.– Dirulaguntza-eskabideak guztiz betetzen ez badira edo aginduzko dokumentazioa atxiki ez bazaie, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsegitea zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretiko ebazpena emango da administrazio-prozedura erkidearen arabera.

8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazpen-epea eta errekurtsoak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria izango da deialdi honetako dirulaguntza-eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna.

2.– Kasuan-kasuan, deialdi honetako dirulaguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Lan Aktibazioko zuzendaria.

Dirulaguntzaren emate-ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa-modua eta justifikazioa, hala badagokio.

Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, arrazoiak azaldu beharko dira, hau da, berariaz adierazi beharko da eskaera zergatik ukatu den.

3.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie laguntzak deialdiko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztenei, harik eta aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Kreditua handitzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Lanbide-Euskal Enplegu Lan Aktibazioko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

4.– Ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, dirulaguntza-eskabidea ezetsitzat joko da, berariazko ebazpenik ematen ez bada.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lan Aktibazioko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta laguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinarazteaz gain, Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da deialdi honen babesean emandako laguntzen onuradun izan diren enpresen zerrenda, jasotako zenbatekoak adierazita, bai eta emandako dirulaguntza aldatu zaien enpresena ere.

7.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

Honela ordainduko dira deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak:

– % 60, eskabidea ontzat hartzen den unean ordainduko da.

– Gainerako % 40a laguntza hori eman eta urtebetera ordainduko da; aldez aurretik, egiaztatu beharko du enpresak langileria finkoari eutsi diola Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan. Horretarako, Gizarte Segurantzaren altako langileen txostena aurkeztu beharko du (RED sistemaren bidezkoa) enpresak, eta Lanbidek egiaztatu beharko du kontratatutako langileak enpresan segitzen duela.

Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz. Inprimakia honako helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa. Haren formularioa, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan ezagutaraziko da.

Dirulaguntzaren xede den jarduera Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira zerga arautzen duen araudia aplikatuz legokiekeen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Langileen egonkortasuna bermatzea. Jasotako dirulaguntzak itzuli beharko dira langilearen kontratua amaituz gero edo, lantoki mugikor edo ibiltaririk ez duten enpresetan, autonomia-erkidegotik kanpoko lantokiren batera aldatuz gero, eta eraginpeko langilea ordezkatzen ez bada 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituen beste langile baten aldibereko kontratazioaren bidez. Kontratazio berri honek ez du sorraraziko beste dirulaguntzarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak enplegua sustatzeko dituen arauetan programatutakoetatik.

b) Diruz lagundutako kontratazioak hasten diren unean Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan dagoen langileria finkoaren enplegu-mailari eustea, txanda-kontratua egin osteko 20 hiletan. Ondorio horietarako, kasu hauetan ez da ulertuko betebeharra ez dela bete: lan-kontratuak azkentzea erretiroengatik, bidezko deklaratutako kaleratzeengatik, dimisioagatik, heriotzagatik, langileen ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik, edo probaldian zeharreko ebazpenagatik. Hala ere, enpresak bere langileria finkoaren lanpostuen % 65i eutsi beharko dio edozein kasutan ere. Enplegu-mailei eusteko betebeharra bete ezean, dirulaguntza itzuli beharko da.

Betebehar hori bete egin dela egiaztatzeko, enpresa onuradunak aurkeztu behar du, erreferentziako 20 hilen buruan, Gizarte Segurantzaren altako langileen txostena (RED sistemaren bidezkoa), enpresa horren EAEko lantokiei buruzkoa.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea langile txanda-hartzailearen lan-kontratua mugagabe bihurtu dela.

d) Langileen legezko ordezkaritzari edo, halakorik ez badago, langileei beraiei jakinaraztea zer-nolako neurriak garatu nahi dituen enpresak deialdi honetako dirulaguntza izan dezaketen jarduketen gainean; berariaz zehaztu beharko du zer pertsonari eragiten dion eta zer kontratazio aurreikusten diren, erretiro partzialeko baldintzekin batera.

e) Kontabilitate-kodifikazio egoki bat izatea, jasotako dirulaguntzei eta euren trazabilitateari loturiko transakzio horiek modu argian identifikatzeko modua ematen duena.

f) Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk laguntzaren bat edo dirulaguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragin diezaiokeen gertaera ororen berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Horretaz gain, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen jardunean eskatzen duten informazio guztia ematea, arau honen oinarrien arabera eskuratutako dirulaguntzei buruzkoa.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei eta finantza-kontrolei baiezkoa ematea eta eskatutako informazio oro ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

i) Gordetzea eta zaintzea diruz lagundutako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa, inoiz egiazta baitaiteke deialdi honen arabera bete beharreko konpromiso eta betebehar guztiak bete direla.

l) Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du artikulu honetako betebeharrak betetzen direla.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Deialdi honetan ezarritako kontratazio-laguntzak ezin izango dira bateratu beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta kontratazio bererako badira, erakunde honek zein beste erakunde publikoren batek eman arren, eta ez badira Gizarte Segurantzako kotizazioetarako.

12. artikulua.– «De minimis» araua.

1.– Deialdi honetan adierazitako laguntzak de minimis arauari lotuko zaizkio; Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (Europar Batasuna) dago xedatuta arau hori, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko erregelamendua izanik. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako «de minimis» laguntzen guztizko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitalditan.

2.– Laguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak 2021, 2022 eta 2023an jasotako «de minimis» laguntza horien gaineko aitorpena egin beharko du, «de minimis» laguntza berriak Erregelamendu horretan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela zehazteko.

13. artikulua.– Ez-betetzeak

Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta aplikagarriak diren berandutze interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Lan Aktibazioko zuzendaria abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio enpresa onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Lan Aktibazioko zuzendaria ebazpen bat emango du. Hamabi hilekoa izango da itzultzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea.

3.– Ebazpenak arauren bat urratu dela iritziz gero eta dirulaguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-zenbatekoak, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

4.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

15. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

16. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).


Azterketa dokumentala