Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5798

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez argitaratu egiten da langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean egiaztatu daitekeen prestakuntza-eskaintza 2023-2024 aldian finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

2022ko abenduaren 21ean hartutako erabaki baten bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak batez ere langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean egiaztatu daitekeen prestakuntza-eskaintza 2023-2024 aldian finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak finkatutako testua), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Hori guztia dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Batez ere langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean egiaztatu daitekeen prestakuntza-eskaintza 2023-2024 aldian finantzatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du 2022ko abenduaren 21ean hartutako erabaki baten bidez. Ebazpen honi eranskin gisara atxiki zaio.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
BATEZ ERE LANGABEENTZAT DEN ETA TELEPRESTAKUNTZAREN MODALITATEAN EGIAZTATU DAITEKEEN PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA 2023-2024 ALDIAN FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu) 2. artikuluan ezartzen du Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzute aldera. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntzen deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onetsitako organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barruan, pertsona langabeei zuzendutako prestakuntza dago.

Enplegu Plan Estrategikoa 2021–2024 delakoak adierazten duenez, «Trantsizio digital, energetiko-klimatiko eta sozio-demografiko hirukoitza gertatzen ari da, herrialdeen, negozioen, industrien, gizarteen eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna duena, baina enplegua sortzeko aukera ere izan daitekeena; horretarako, beharrezkoa da pertsona prestatuak izatea». «Kualifikazio handiko eskulan bat behar da, ondo prestatua eta moldagarria, eta biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta enpresen beharren arteko desorekak saihestea hiru trantsizioei lotutako profiletan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ezinbestekoa iruditu zaio aurrez aurreko modalitatearen alternatibak aurkitzea, Enplegu Plan Estrategikoak nabarmentzen duen eskulan kualifikatuaren beharra estaltzeko. Horrenbestez, kualifikazioa edo prestakuntza eman nahi zaie pertsonei ekoizpen-sarearen benetako beharrei eta teleprestakuntzaren modalitateko programaren diseinuari eta kudeaketari egokitutako eskumenak izan ditzaten, maila pertsonalean eta lan-arloan garatzeko aukerak eskainiz, modalitate honen bidez.

Osasun-krisiak agerian jarri du beharrezkoa dela aurrez aurrekoaren bestelako prestakuntza-modalitateak edukitzea, prestakuntzarekin jarraitu ahal izateko egoera konplikatuetan.

Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Horrenbestez, erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei teleprestakuntzaren modalitatean prestakuntza-eskaintza zabala emango zaie, eta, horrela, beren enplegagarritasuna hobetu ahal izango dute modu eraginkorrean, prestakuntza jaso ahalko baitute egunero lekuz aldatu behar izan gabe, eta jasotzen duten prestakuntza egiaztatu eta erregistratu ahalko dute, egiaztapen partzial metagarrien eta, hala badagokio, profesionaltasun-ziurtagirien bidez.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, 2022ko abenduaren 21ean hartutako erabaki baten bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak batez ere langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean egiaztatu daitekeen prestakuntza-eskaintza 2023-2024 aldian finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Hona deialdia:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea da 2023ko ekitaldian emango diren laguntzak arautzea, langabeentzat den eta teleprestakuntzaren modalitatean egiaztatu daitekeen prestakuntza finantzatzeko. Hartara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erantzuna eman nahi die, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, langabezian dauden pertsonen kualifikazio-beharrei, beren enplegagarritasuna igotze aldera. Prestakuntza hori 2023 eta 2024 ekitaldien artean gauzatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

2.– Deialdi hau finantzatzeko, 2.000.000 euro bideratu dira. Horietatik:

– 1.000.000 euro 2023ko ordainketa-kredituaren kargura eta

– 1.000.000 euro 2024ko konpromiso-kredituaren kontra.

Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua edo hori igotzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat eginez aurrekontu-aldaketak onartzen badira; eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.

3.– Teleprestakuntzaren modalitatean egiaztatu daitekeen prestakuntza-eskaintza 2023an eta 2024an finantzatzeko laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2023. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetu zen.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Prestakuntza-erakunde pribatuak edo publikoak izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradun, baldintza hauek betetzen dituzten heinean: ez egotea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mende edo horietara atxikita, eta deialdi hau argitaratu baino lehen teleprestakuntzaren modalitatean eskatzen diren profesionaltasun-ziurtagirietan akreditatuta egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia-erkidegoko enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistrotan edo Estatuko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan.

2.– Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-erakundeek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela, prestakuntza-jarduerak hasten direnerako. Ez dago baimendua prestakuntza-jarduera gauzatzeko azpikontratatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko tutore-prestatzaileak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, eta adierazpen horretan zehaztu beharko da zer instalazio dituen edo edukiko dituen erakundeak prestakuntza-ekintza bakoitza egiteko, bai eta instalazio horiek zer eskualde eta lurraldetan dauden ere.

Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku eduki beharko ditu adierazpen horretan bildutako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

3.– Ikasleen presentzia eskatzen duten jardueretan (tutoretzak eta ebaluazio-probak), profesionaltasun-ziurtagirien errege-dekretuetan ezarritako beharrezko baliabide guztiak eta instalazioak eduki beharko dituzte, beren zentroan bertan, baldin eta ordurako aurrez aurreko eskolak emateko egiaztapena badute, edo, bestela, aurrez aurreko eskolak emateko behar bezala egiaztatuta dauden erakunde edo zentroekin sinatutako akordio edo hitzarmen bidez.

Aurrez aurreko saioetarako zentro horiek EAEko lurralde-eremuan egon beharko dute, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagotik egon beharko dira baimenduta. Era berean, eskariaren unean altan egon beharko dira, eta, aurrez aurreko saioak egiteko, zenbat pertsonarentzako egiaztapena duten zehaztu beharko dute.

4.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direnez, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:

– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoak) edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak) ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo bidez.

d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, otsailaren 18ko 4/2005 Legean (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoan) aurreikusitakoak barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 4. atalean xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

3. artikulua.– Prestakuntza-plana eta diruz lagundu daitekeen jarduna.

1.– Prestakuntza-plana da parte hartzen duten langabeen kualifikazio-beharrei erantzuteko antolatzen diren prestakuntza-ekintzen multzoa, azken helburua haien enplegagarritasuna hobetzea edo areagotzea dela.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute kasuan kasuko espezialitateetarako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak jasotzen dituzten prestakuntza-planek, baldin eta prestakuntza-zentro eskatzaileek espezialitate horietarako egiaztapena badute deialdi hau argitaratu baino lehen eta aurrez aurreko saioetarako zentroak badituzte EAEn.

Ez da diruz lagunduko profesionaltasun-ziurtagiri hauen prestakuntza-modulurik: SSCB0209 – Haurren eta gazteen aisialdiko jardueren dinamizazioa, SSCB0211 – Haurren eta gazteen aisialdiko jardueren zuzendaritza eta koordinazioa, SEAD0112 – Zaintza, segurtasun pribatua eta pertsonak babestea eta SEAD0212 – Zaintza, segurtasun pribatua eta lehergailuak babestea.

Erakundeak prestakuntza-plan bakarra sortuko du, eta, bertan, programatu beharreko prestakuntza-ekintza guztiak sartuko ditu.

3.– Prestakuntza-ekintza programagarriek prestakuntza egiaztagarria izan beharko dute: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuak.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan (profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena) eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera egiaztatuko da.

Prestakuntza-erakundeek dagozkien ziurtagirietan egiaztatzeko ezarritako egokitasun-baldintzak bete beharko dituzte, eta baldintza horiek prestakuntza-jarduera gauzatzen den bitartean mantendu beharko dituzte.

Programazioa prestakuntza-moduluka eskatuko da. Prestakuntza-ekintza bakoitza dagokion profesionaltasun-ziurtagiriaren prestakuntza-modulu bat izango da. Espezialitatea jasotzen duten prestakuntza-modulu guztiak eskatu beharko dira. Hartara, partaideek profesionaltasun-ziurtagiria osatzeko erraztasunak emango dira.

Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

Egindako prestakuntzak beharrezko ebaluazio-prozesua jaso beharko du, ikaskuntzaren emaitzak egiaztatzeko eta, hala badagokio, lanbide-ezagutzak eta -gaitasunak eskuratu direla egiaztatzeko.

4.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman beharko dira.

Modalitate hori, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, gauzatutzat joko da prestakuntza-ekintzak osorik edo zati batean aurrez aurreko prestakuntzarekin garatzen direnean, modalitate horretarako ziurtagiri bakoitzean ezarritakoaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bitartez, beste leku batean kokatutako ikasleen, tutoreen eta prestatzaileen eta baliabideen elkarreragina ahalbidetuz, betiere ikaskuntza-prozesuan zehar etengabeko eta denbora errealeko jarraipena eta prozesu osoaren ebaluazioa ziurtatzen denean. Prestakuntza parte-hartzailearentzako ikaskuntza-prozesu sistematizatu bat ahalbidetzeko moduan antolatuko da, irakasteko modalitateari egokitutako metodologia batekin. Metodologia horrek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako irisgarritasun- eta diseinu-baldintzak bete beharko ditu, eta nahitaez tutoretza-laguntzarekin osatuko da.

Teleprestakuntzaren modalitatearen bidez garatzen den profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutako ikaskuntza-plataforma birtual baten bidez egin beharko da, edukien kudeaketa eta parte-hartzaileen jarraipena eta ebaluazioa ziurtatuz, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12.bis artikuluaren eta urriaren 10eko ESS 1897/2013 Aginduaren arabera.

Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen urriaren 10eko ESS 1897/2013 Aginduan xedatutakoaren arabera aurrez aurreko modalitatean eman beharreko aurrez aurreko saioak, ebaluazio-saioak eta, hala badagokio, tutoretzak, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria emateko aurrez aurreko modalitatean egiaztatuta dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko lurralderen bateko prestakuntza-zentroetan egingo dira.

«Online» prestakuntza-orduen, aurrez aurreko tutoretzen eta azken ebaluazioaren baturak bat etorri behar du dagokion ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan ezarritako moduluaren guztizko iraupenarekin.

5.– Deialdi honen babespean finantzatzen diren prestakuntza-planak dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena onuradunei jakinarazi eta hurrengo egunetik 2024ko urriaren 14ra bitartean gauzatu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne, egonez gero).

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2023ko ekitaldian hasi beharko da, eta, gehienez ere, dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabete igaro baino lehen.

6.– Prestakuntza-ekintzak onestean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide-kopurua 25 izango da, eta gutxienekoa 15. Beraz, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 15 parte-hartzaile baino gutxiagorekin.

Nolanahi ere, diruz lagunduko diren partaideez gain, beste 2 partaide sartzea onartuko da, partaide-kopuru horretarako egiaztagiria duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.

7.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz. Ez da diruz lagunduko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren prestakuntza-ekintzetan lehentasunarekin parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.

Horrez gain, lehentasunik gabe, lanean ari diren EAEko langileek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 gainditu gabe. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.

Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira honako hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin aritzen diren langileak, baldin eta euren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duen prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

2.– Prestakuntza-ekintzen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, eta 6 euroko modulu ekonomikoa aplikatuko da. Eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzeko guztizkoa 6 euro izango da x eskariko parte-hartzaileen kopurua x ekintzaren ordu-kopurua.

Dirulaguntzaren zenbatekoa = 6 euro * ordua * partaidea.

Ekintzak oso-osorik finantzatuko dira adierazitako modulu ekonomikoarekin, eta ezin izango da onartu beste erakunde publiko edo pribatu batzuen baterako finantzaketarik.

3.– Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-erakundeek.

Nolanahi ere, erakunde bakoitzari gehienez 200.000 euro esleitu ahal izango zaizkio.

Muga hori erakunde jakin bati aplikatu behar bazaio eta hainbat ekintzaren arteko puntuazioan berdinketa gertatzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Lanbide Heziketaren esparruan egindako 2022ko Prestakuntza Premien Diagnostikoaren ondoriozko balorazioa hartuko da kontuan, erakunde horri ekintza horiek esleitzeko irizpide gisa. Diagnostiko hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian argitaratu da (https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/prestakuntza-beharren-diagnostikoa/).

Erakunde bakoitzari esleitu beharreko zenbatekoaren gehieneko muga hori handitu ahal izango da aurrekontua 8.5 artikuluan aurreikusitako moduan agortzen ez bada.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/12219

2.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– Oro har, laguntza aplikatuko den prestakuntza-plana, emango diren prestakuntza-ekintzak adierazita.

2.2.– Gainera, 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak baloratze aldera, irizpide horiek egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da, salbu eta eskabidean bertan jasotakoak edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiazta ditzakeenak. Zehazki:

a) A atalean aurreikusitako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: artikulu horretan aipatzen diren aitorpen edo egiaztapen ofizialen kopia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erregistratuta dituen prestakuntza-erakundearen datuetan badaude, ez dago aurkeztu beharrik, eta eskabidean adierazi behar da.

b) B atalean aurreikusitako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: teleprestakuntzaren modalitatean egiaztatu daitekeen ekimen pribatuko ekintzak kudeatzen dituen eta enplegurako lanbide-heziketaren gaineko eskumena duen administrazioaren ziurtagiria, emandako prestakuntza-ekintzen kopurua egiaztatzen duena, I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera (LanF aplikaziotik ere atera daiteke).

c) Enpresa edo erakunde eskatzaileak 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak egiaztatzeko interesgarritzat jotzen duen beste edozein agiri.

3.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epealdian, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, hutsunea edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

4.– Eskabideak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 16an hasiko da, eta eta urte bereko otsailaren 16an amaituko.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzari banakako balorazioa egingo zaio.

3.– Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, batzorde teknikoa eratuko da. Batzordean honako kide hauek ariko dira: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria, eta zerbitzu horretako hiru teknikari. Ebaluazio-batzorde horretako kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta EHAAn argitaratuko da.

4.– Eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan ezartzen diren irizpideen arabera baloratuko ditu, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, 8. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, behin-behinean onartzea edo ukatzea proposatzen diren ekintzak adierazita.

Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 10 egun baliodun emango dira erakunde interesdunek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez du onuradun gisa proposatutako erakundeen aldeko inolako eskubiderik sortzen.

5.– Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

6.– Behin betiko ebazpenak dirulaguntza emango zaien prestakuntza-ekintzak eta horien zenbatekoa jasoko ditu, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere; hori guztia prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus). Erakundeek 10 egun balioduneko epea izango dute prestakuntza-plan osoa onartzeko edo ukatzeko, modu telematikoan, LanF aplikazioan. Epealdi horretan ezer adierazten ez badute, dirulaguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

7.– Behin betiko ebazpenean aurrekontu-kreditua falta delako ezetsi diren dirulaguntza-eskabideak ordenatuta agertuko dira, balorazio-irizpideak aplikatuz ateratzen den hurrenkeran. Hartara, prestakuntza-erakunde onuradun batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza hurrengoari emango zaio, laguntza zehazteko ezarritako irizpideen arabera, baldin eta kreditu nahikoa liberatu bada horri erantzuteko eta, sortzen den unean, zilegi bada hura gauzatzea, bat etorriz deialdian ezarritakoarekin eta aurrekontua gauzatzeko arauen arabera. Ukoen bitartez liberatutako kredituarekin emandako dirulaguntzak Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuz jakinaraziko zaizkie prestakuntza-erakunde interesdunei, eta 10 egun balioduneko epealdian onartu beharko dira; bestela, uko egiten diotela ulertuko da. Hartara, adjudikazio-prozedura amaitutzat emango da.

Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskabide bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskabide bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.

8.– Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epealdi horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

10.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasi diren eta oraindik izapidetzen ari diren itzulera- edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.

11.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6.3 artikuluan ezarritakoaren arabera zuzentzeko epealdia amaitutakoan prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta horrela eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da. Aurkeztutako ekintzen eskabideak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.

2.– Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 5. artikuluan jasotako modulu ekonomikoa aplikatuko da.

3.– Dirulaguntzak balorazio teknikoko fasearen ondoriozko ekintzen lehentasun-ordenari jarraituz emango dira, aurrekontua agortu arte.

4.– Berdinketa gertatuz gero, 9. artikuluan ezarritako D balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraituko balu, C balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna. Berdinketari eusten bazaio, lehentasuna izango du Enplegurako Lanbide Heziketako Sistemako Prestakuntza Erakundeen Erregistroan teleprestakuntzako modalitatean egiaztatutako zentroko espezialitatean antzinatasun handiena duenak.

5.– Prozesu osoan zehar kontuan izango da 5.3 artikuluan ezartzen den dirulaguntza-muga. Aurrekontua agortzen ez bada, soberakina hasiera batean finantzatu ez diren eta puntuaziorik handiena duten prestakuntza-ekintzei esleituko zaie, 5.3 artikuluan aurreikusitako dirulaguntzaren muga alde batera utzita. Nolanahi ere, erakunde bakoitzari gehienez 300.000 euro esleitu ahal izango zaizkio.

6.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan.

Balorazio-irizpide guztiak prestakuntza-erakundearen mailan aintzat hartzen dira, hau da, IFZ bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira.

A) Kalitatearekiko konpromisoa: Gehienez 5 puntu lor daitezke.

Erakunde eskatzaileek lortutako kalitate-arloko aintzatespenak baloratuko dira, hain zuzen ere batzordeak balorazioa egiten duen egunean indarrean daudenak. Kudeaketaren kalitatearen aintzatespenengatik 4 puntu lor daitezke gehienez, eta EFQM eredukoak, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sistemakoak eta ISO araukoak bakarrik baloratuko dira: EFQM +500 eta altuagoa eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, ISO 9001 eta Urrezko Q, Zilarrezko Q, eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma. Puntuaziorik handiena ematen duen ziurtagiria baino ez da baloratuko. Honela puntuatuko da:

– EFQM +500 eta goragokoa, eta Urrezko A, indarrean: 4.

– EFQM +400 eta Zilarrezko A, indarrean: 3.

– EFQM +300, Brontzezko A eta ISO 9001, indarrean, eta Urrezko Q: 2.

– Kudeaketa Aurreratuaren Diploma, indarrean, eta Zilarrezko Q: 1.

Puntu gehigarri bana lortu ahal izango da ziurtagiri hauek edukitzeagatik: ISO 14001 ziurtagiria (Ingurumen Kudeaketako Sistemak), ISO 45001 ziurtagiria (Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemak), eta OHSAS 18001 ziurtagiria ISO 45001 ziurtagiria lortzeko aldian.

B) Lanbide-arloko esperientzia 2021ean eta 2022an, eskatutako espezialitateko familiarako teleprestakuntzaren modalitatean egiaztatu daitekeen ekimen pribatuko ekintzak ematen: Gehienez 7 puntu lor daitezke.

Ondorio horietarako, teleprestakuntza-modalitatean egiazta daitezkeen ekimen pribatuko prestakuntza-ekintzak bakarrik hartuko dira kontuan, baldin eta Enplegurako Lanbide Heziketaren arloan eskumena duten administrazioek baimendu badituzte 2021-2022 urteetan, eta deialdi hau argitaratu baino lehen amaitu badira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako ekintzei dagokienez, datu hori beraren datu-basetik ateratzen da ofizioz. Beste administrazio publiko batzuek baimendutako ekintzei dagokienez, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 2.2 artikuluan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

– 1-5 ekintza: 5 puntu.

– 6-10 ekintza: 6 puntu.

– 11 ekintzatik gora: 7 puntu.

C) Prestakuntza-erakundeen espezializazioa: 15 puntu.

Puntuazioa emango da, baldin eta prestakuntza-erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan aurrez aurreko modalitatean alta emanda dagoela egiaztatzen duen zentro bat badu, gutxienez, eta zentro hori elkartuta badago eskatutako espezialitatea teleprestakuntzan emateko. Aurrez aurreko saioen zentro hori (AASZ) programatu beharreko prestakuntza-ekintzen aurrez aurreko saioak egingo diren AASZren artean egon beharko da.

D) Aurrez aurreko saioen zentroaren lurralde-banaketa eskatutako espezialitate bakoitzerako: Gehienez 10 puntu lor daitezke.

Erakundeak eskatutako ekintza bakoitzeko baloratuko da.

– Aurrez aurreko saioak Euskal Autonomia Erkidegoko 3 lurraldeetan, eskatutako espezialitaterako: 7 puntu.

– Aurrez aurreko saioak Euskal Autonomia Erkidegoko 2 lurraldetan, eskatutako espezialitaterako: 5 puntu.

EAEko lurralde bakoitzeko AASZ gehigarri bakoitzeko puntu bat emango da. Adibidez: erakunde batek aurrez aurreko saioak programatzen baditu Bizkaiko 2 zentrotan, bat Gipuzkoan eta bat Araban, 8 puntu esleituko zaizkio; 7 puntu hiru lurraldeetako AASZetan programatzeagatik, eta beste puntu bat Bizkaiko AASZ gehigarri batean programatzeagatik.

Aurrez aurreko saioak lehia-fasean puntuazioa lotu duten lurraldeetako zentroetan programatu beharko dira.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Hautagaiek honela parte har dezakete ikastaroan:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskabidea aurkeztu badute, edo eskabidea erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

2.– Pertsonek Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailetarako.

Era berean, teleprestakuntzako plataformaren bidez prestakuntza probetxuz jarraitu ahal izateko behar diren trebetasun informatikoak izan behar dituzte.

Horretarako, prestakuntza-zentroak edo -erakundeak ziurtatu beharko du ikasleek gaitasun digital nahikoak dituztela modalitate horretako prestakuntzari probetxuz jarraitzeko. Prestakuntza-ekintza hasi aurretik, aurrez hautatutako ikasleei plataforma birtualerako sarbidea eta horiek erabiltzeko jarraibideak emango zaizkie, eta prestakuntza probetxuz jarraitzeko tresna hori erabiltzeko gai direla egiaztatuko da.

Egiaztapen hori egiteko, oinarrizko jarduera batzuk egiteko eskatuko zaie ikasleei: fitxategiak deskargatzea eta bidaltzea, posta elektronikoa erabiltzea eta komunikazio-tresnetan parte hartzea. Jarduera horien bidez, ikasleek prestakuntza probetxuz jarraitzeko beharrezkoak diren konpetentzia digitalak betetzen dituztela ziurtatuko da.

Egiaztapen hori egitean lortutako emaitzak LanF kudeaketa-aplikazioan sartuko dira.

3.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar diren bermeekin.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaproba bat ere egingo da aurretik, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta ekintzen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, honako printzipio hauekin bat etorriz;

• Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.

• Beraren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.

• Aurrez aurreko saioen zentroetan ebaluazio-probak eta, hala badagokio, tutoretzak egiteko erabiliko diren instalazioetan egingo da. Inolaz ere ez da onartuko ezagutza-probatzat elkarrizketa egitea telefonoz edo prozedura telematiko baten bidez.

• Hautaketaren aurreko hautaproba ez da berez hautaketako prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 5. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.

• Ziurtagiri horretako konpetentziaren bat egiaztatua duten pertsonek ez dute egin beharko proba, eta maila bereko edo goragoko mailako lanbide-arlo bereko ziurtagiria dutenek ere ez.

• Proba hori LanF aplikazioaren atal egokian erantsiko da, prestakuntza-ekintzak burutzeko ematen diren jarraibideen arabera.

4.– Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, proba egiten bada, eta etengabeko ikaskuntza sustatze aldera, honela jokatuko da:

1.a Egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Pertsona horien artean, lehentasuna izango dute eskainitako prestakuntza-modulua soilik falta dutenek profesionaltasun-ziurtagiria lortu ahal izateko.

2.a Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira familia profesional hauetako prestakuntza-ekintzak: AFD, AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, QUI, SAN, SEA, TMV.

5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

1.a Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak:

– Kualifikazio-maila baxua duten pertsonak.

– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna duten pertsonak.

– Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradunak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.

– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

– Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak; horiek langabetzat joko dira ondorio horietarako.

– Aukeraberri programan (krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzeko) parte hartzen dutenak ere; programa 2021eko uztailaren 13ko bileran onartu zuen Lanbideko Administrazio Kontseiluak.

Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportziozkoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeak gutxienez % 55 izan behar dira, ahal dela.

2.a Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

3.a Landunek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langabe nahikorik ez badago.

6.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskabideak izanez gero.

7.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

8.– Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek plataforman, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez. Hor, zehaztuta egon behar du zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.

2.– Ikasleek estalita dute ekintzak gauzatzearen ondoriozko arriskua, bai eta teleprestakuntzaren modalitatean profesionaltasun-ziurtagiriak emateko araudiak eskatzen dituen aurrez arureko saioetara (tutoretzak eta ebaluazioa) bertaratzearen ondoriozkoa ere, eta, hala badagokio, enpresako prestakuntza praktikoaren ondoriozkoa, bai eta enpresara lekualdatzearen ondoriozkoa ere, Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu-poliza eta erantzukizun zibileko poliza baten bidez.

3.– Prestakuntza-ekintza hasi baino lehen, ikastaroaren eta prestakuntza-ekintzaren programaren egutegia jakinaraziko zaie parte-hartzaileei. Plataforman eskuragarri egongo da. Ikaslearen eskubideen eta betebeharren dokumentua jasoko dute, eta jaso dutela ziurtatzeko agiria sinatuko dute. Sinatu ondoren, prestakuntza-zentroek sinatutako dokumentua sartuko dute LanF kudeaketa-aplikazioan.

4.– Partaideek prestakuntza-ekintzei probetxua ateratzen jarraitu beharko dute. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute, aurrez aurreko saio bakoitzerako.

Tutoretza-sistema tutoretza birtualetan eta, hala badagokio, aurrez aurrekoetan oinarrituko da. Tutoretza horiek nahitaezkoak izango dira, eta prestakuntza-ekintzan zehar garatuko dira.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, baina salbuespena izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo gaixotasun edo istripuren bat sortzen bazaie, betiere behar bezala justifikatuta. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Prestakuntza-moduluetan programatutako aurrez aurreko tutoretzetara ez joatea, agindu honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera: ESS/1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua garatzen duena, eta hori aplikatzean ezartzen diren profesionaltasun-ziurtagiriak zehazten dituzten errege-dekretuak.

b) Prestakuntza-plataformara ez sartzea prestakuntza-ekintza hasi zenetik % 25ean.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Aurreko paragrafoko a) eta c) kasuetan, prestakuntza-zentroak Zerbitzu Zentraletako Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoiren bat dagoela, horretarako ezarritako eredua erabilita. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

Aurreko ataleko b) kasuan, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren onura jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, eta erakunde autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) baliatu beharko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), geroago aldaketak egon direla (gertatu eta berehala), eta ekintza amaitu dela. Halaber, parte-hartzaileen aurrez aurreko saioetarako asistentzia kontrolatuko du. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez 7 egun balioduneko epean egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aurretik Lanbidek ez badu LanF aplikazioan Hasierako komunikazioa baimentzen.

Prestakuntza antolatzeko, hilabete natural batean profesionaltasun-ziurtagiriaren prestakuntzako 50 ordu egin ahal izango dira gutxienez, eta 120 ordu, gehienez.

Tutore-prestatzaile bakoitzak 80 ikasle izango ditu gehienez, astean 40 orduko dedikazioa edo dagokion hitzarmenean ezarritako asteko ordu baliokideak baldin baditu. Lanaldi txikiagoetan, ikasleen gehieneko kopurua proportzionalki murriztuko da. Edonola ere, tutorearen gutxieneko dedikazioa astean 10 ordukoa izango da 20 ikasleko, aurrez aurreko tutoretzak barne.

Informazio hori guztia eskatuko da taldeari plataforma birtualean alta emateko.

2.– Beharrezkoa da deialdi honetan onartutako prestakuntza-plana benetan gauzatzea. Ildo horretan, prestakuntza-ekintza bat gutxienez 15 egunez zabaldu bada eta prestakuntzari hasiera emateko gutxieneko talde bat osatzeko pertsona interesdun nahikorik ez badago, familia bereko espezialitate bateko beste prestakuntza-ekintza batekin aldatzeko eskatu ahal izango du erakundeak. Prestakuntza-ekintza berriak ordezten duen ekintzaren kostu bera edo txikiagoa eduki beharko du.

Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez 10 egun balioduneko epealdiaren barruan ebatziko du prozedura. Epealdi horretan ebazpenik ematen ez bada, eskabidea baietsitzat jo ahal izango da.

Arrazoi horrengatik ordeztu daitezkeen prestakuntza-ekintzak inolaz ere ezin dira izan erakundeari onartutako prestakuntza-ekintzen % 30 baino gehiago.

3.– Erakundeak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat egiten duten pertsonei, baldin eta modulu horiekin profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen badute.

4.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.

5.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeen ekintzetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada. Baimena eman aurretik ikusiko da instalazio eta ekipamendu egokirik eta eskatutako parte-hartzaile kopururako egiaztapenik dagoen ala ez.

6.– Langile batek ezingo du prestakuntza-ekintzen aurrez aurreko saioetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horietan sartuko dira, hala dagokienean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagozkion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.

7.– Prestakuntza-erakundeak prestakuntza-ekintzen aurrez aurreko saioak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, batez ere pertsona kalteberentzat direnak, prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera eduki dezaten.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-erakundeak ezin izango du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

8.– Tutoretza-sistema tutoretza birtualetan eta, hala badagokio, presentzialetan oinarrituko da. Tutoretza horiek nahitaezkoak izango dira, eta prestakuntza-ekintzan zehar garatuko dira.

Tutore-prestatzaileek partaideen eskari eta zalantzak erantzun beharko dituzte, eta tutoretza-jarduera garatuko dute, plataforman dauden komunikazio-tresnen bidez (mezularitza, txata, foroa, bideokonferentzia edo antzekoak). Tutore-prestatzaileen jarduera hori erregistratuta geratuko da plataforman, kontrol-organoek egiazta dezaten.

Aurrez aurreko nahitaezko tutoretzek ESS/1897/2013 Aginduaren I. eranskinean agertzen diren ebaluazio-irizpideekin eta gaitasunekin lotutako ikaskuntza-jarduerak jasoko dituzte, eta bertan zehazten den iraupena izango dute.

9.– Erakunde onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– Eskuliburu elektroniko deskargagarri bat eta ohiko galderen sorta bat, azaltzeko nola sartu plataformara, oinarrizko zer eragiketa egin daitezkeen plataforman eta nola konpondu jardunean sortutako arazo tekniko batzuk.

– Erabiltzaileei laguntzeko zerbitzua (ELZ/CAU), telefono bidez zein posta elektroniko bidez laguntza teknikoa emateko eta azpiegitura teknologikoa mantentzeko, ikasleei jazotako gorabehera teknikoei arreta eta konponbidea eman dakien goiz eta arratsaldeko ordutegian, gehienez 48 orduko epean (egun baliodunetan).

– Ikaslearen gida, martxoaren 28ko TMS 369/2019 Aginduaren III. eranskinean xedatutakoaren arabera.

– Babes-elementuak emango zaizkie prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten ikasleei, aurrez aurreko saioak hasi baino lehen, baldin eta horietan elementuok erabili behar badira.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

10.– Ikasle batek prestakuntza-ekintza utzi duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-plataforman sartu ez bada hura hasi zen alditik % 25ean. Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, bere lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Ordezkapen hori onartuko da, betiere ez bada prestakuntza-proiektuan ezartzen diren ikaskuntzaren jarraipenerako aldizkako kontrolen % 25 gainditzen.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, hartara ikastaroa normaltasunez gauzatzea oztopatu gabe hari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.

11.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

12.– Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan zehar, honela egingo da ebaluazioa:

a) Plataforma birtualean banaka eta/edo elkarlanean egindako jardueren eta lanen balorazioan lortutako emaitzak, bai eta, hala badagokio, horren bidez aplikatzen diren beste ebaluazio-tresna batzuetan lortutakoak ere.

b) Ikasleen partaidetza-maila, ikaskuntzaren emaitzak lortzeko erabili beharreko komunikazio-tresnen bidez, hala nola foroak, txatak, eztabaidak eta abar.

c) Hala badagokio, aurrez aurreko tutoretzetan garatzen diren jarduera ebaluagarrietan lortutako emaitzak.

Moduluaren amaierako ebaluazioa amaierako proba teoriko-praktiko presentzial eta orokor baten bidez egingo da.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla adierazita.

Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan partaide bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dituzte prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.

Ikastaroa bukatutakoan gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien egiaztapen partzial metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta, hura osatu badute, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da.

Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen egiaztapen partzial metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

• Ikastaldia hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da).

– Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

– Prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipenerako aldizkako kontrolen planifikazioa, noiz egingo diren adierazita.

– Aurrez aurreko ebaluazio- eta tutoretza-saioak aurrez aurreko saioen zein zentrotan emango diren adierazi behar da, hala badagokio, eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzerako.

a) Aurrez aurreko saioak erakundearen beraren zentro presentzial batean egin behar direnean, instalazioak erabiltzeko eskubidea egiaztatzen duen agiri eguneratua erantsi behar da (alokairu-kontratua, jabetza-eskritura, etab.), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Eredu hori LanF aplikazio informatikoan emango da.

b) Aurrez aurreko saioak beste erakunde bateko aurrez aurreko zentro batean egingo direnean: aurrez aurreko saioetarako zentroa eskatzailearen teleprestakuntza-zentroarekin lotzeko akordio eguneratua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

• Prestakuntza-ekintzaren hasieran, hasierako saio bat egingo da, aurrez aurrekoa edo plataforma birtualaren bidezkoa, ekintza hori aurkezteko, parte-hartzaileei ikastaroaren funtzionamenduari, metodologiari, aurrez aurreko tutoretzei, egutegiari edo ebaluazio-sistemari buruzko informazioa emateko.

• Aurrez aurreko ebaluazio-saioa egin baino lehen:

– Modulu bakoitzaren hasiera- eta amaiera-daten artean, pertsona bakoitzak eduki birtualak eta ikaskuntza- eta ebaluazio-jarduerak zein mailatan osatu dituen egiaztatzen duen dokumentazioa.

Teleprestakuntzako modalitatean emandako modulu baten amaierako ebaluazio-probarako aurkeztu ahal izateko, parte-hartzaileak modulu horretarako ezarritako ikaskuntza-jarduera guztiak egin behar ditu. Horregatik, justifikazio hori ebaluazio-probaren data baino lehen aurkeztu behar da. Plataformaren bidez lortutako egiaztagirian, agiria plataformaren bidez atera den eguna eta ordua jaso behar dira.

Era berean, araudiak aurrez aurreko tutoretzak aurreikusten dituen prestakuntza-moduluetan, azken ebaluazio-probara aurkeztu ahal izateko, modulu guztietara joan beharko da.

• Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

– Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoan eskuratu ahal izango da).

– Parte-hartzaile bakoitzak betetako azken ebaluazio-probak.

– Ebaluazio-aktak betetzea.

13.– Dirulaguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.

14. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.

1.– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek nahikoak ez direla, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

– Prestakuntza-erakundeek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten eta profesional-ziurtagiria amaitzen duten ikasle guztientzat (salbuespenak: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak, 5.bis artikuluan xedatzen dituen salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).

– Lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi behar dira lanbide-praktikak. Epealdi hori 3.5 artikuluan ezartzen denak baldintzatzen du. Salbuespen gisa, parte-hartzaileak prestakuntza-espezialitatea osatzeko prestakuntza-modulua egiten duen aldi berean garatu ahal izango da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldez aurreko baimenarekin.

Espezialitateko prestakuntza-modulu guztietako ekintza guztiak emaitza positiboekin gainditu dituzten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien lan egoera administratiboa gorabehera (landuna zein langabea).

2.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.

3.– Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baimena eman ondoren.

4.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.

5.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

2.– Jarduera-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

3.– Prestakuntza emango duten erakundeek prestakuntza-jarraipenerako softwarera sartzeko helbide birtuala (URL) eman beharko dute, sartzeko kredentzialak adierazita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontrol-lanak egiten dituzten pertsonei sarbidea emateko eta, horrela, emandako prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko. Profil hori prestakuntza-ekintzako tutoreek duten maila berekoa izan beharko da gutxienez.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, amaierako azterketa egitean beteko da.

Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Prestakuntza-ekintza bakoitza amaitzen duten pertsonen % 67k, gutxienez, inkesta bete behar du. Ehuneko horretara iristen ez bada, jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, inkesta bete ez duten ikasleen kopuruaren arabera, eskatutako gutxieneko % 67ra iritsi arte.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Lehen ordainketa, 2023ko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 50, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.

– Bigarren ordainketa, 2024ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitutakoan, lanekoak ez diren praktikak barne, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Laguntzen likidazioa prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten pertsonen arabera egingo da. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko espezialitateko prestakuntza-modulu guztiak gainditu arren ezarritako epealdien barruan lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

Prestakuntza-ekintza amaitu duten parte-hartzaileen kopurua gehi hasi zutenen gaineko ehuneko 15eko desbideratzea kontuan hartuta likidatuko da.

Likidatu beharreko zenbatekoa = 6 euro * prestakuntza-ekintzako orduak * (ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen kopurua + hasitakoen % 15).

Pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 75 egin baditu, konexio-orduak gorabehera. Ondorio horietarako, lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar duten parte-hartzaileak ere amaitutzat joko dira, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileak ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-proiektuan ezarritako beren ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 25 egin badute, gutxienez.

Pertsona batek prestakuntza hasi duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 25 egin baditu.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko 5.2 artikuluan aurreikusitako modulu ekonomikoa amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

4.– Dirulaguntza jasotzen duen erakundeak LanF aplikazioan proposatutako likidazio-datuak egiaztatu beharko ditu, eta, ados badago, prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria ekonomikoa bidali beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-erakundeak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbidek baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez.

Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio-memoria ekonomikoak aurkezteko epealdia azken prestakuntza-ekintza amaitu ondoren 15 egun baliodun igarotakoan amaituko da, gehienez.

Ezarritako epealdietan beharrezko agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu izana, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

– Prozeduraren instrukzio-fasean, prestakuntza gauzatzean eta dirulaguntza justifikatzean eskatzen diren informazioa eta dokumentazioa aurkeztea, eta langileak prestakuntza-ekintzetara joan direla egiaztatzen duten agiriak eta haien ikaskuntza ebaluatzeko kontrolak eta egindako prestakuntza-jardueraren erregistroak kontrol-organo eskudunen eskura jartzea.

Halaber, ikasleen parte-hartzearen, ikaskuntzaren eta ebaluazioaren jarraipena egin beharko dute onuradunek. Ikaskuntza- eta ebaluazio-prozesuaren jarraipenaren aldizkako kontrolei dagokien dokumentazioa eta informazioa gorde beharko da, parte-hartzaile bakoitzari dagokionez, eta emandako prestakuntzari buruzko informazioa telematikoki eskuratzea ahalbidetzen duten gakoak eman beharko dira, teleprestakuntzako plataforman aurkeztutako prestakuntza-edukiak, jarduerak eta lanak eskuratzeko eta komunikazio-tresnetan parte hartzeko, bai tutoreen eta prestatzaileen artean, bai parte-hartzaileen artean.

– Gutxienez lanbide-orientazioko saio bat egitea, prestakuntzaren hartzaileen prestakuntza-ibilbideak edo ibilbide profesionalak sortzen laguntzeko.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

5.– Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, plana eskatzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

6.– Dirulaguntzaren onuradunak, gutxienez, lau urteko epean gorde beharko ditu honako hauek, kontuan hartuta, hala badagokio, emandako dirulaguntza aitortu edo likidatzeko administrazioak duen eskubidearen preskripzio-epea eten den: dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduera egin dela egiaztatzeko agiria, eta jasotako funtsak aplikatu izanaren frogagiriak, egiaztapen- eta kontrol-jardueren ondorioetarako. Epe hori onuradunak justifikazio hori aurkezteko ezarritako epea amaitzen den unetik aurrera zenbatuko da.

20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute erakundeek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera dirulaguntzen arloan ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera gauzatu dela egiaztatzeko betebeharrak ez betetzea, edota laguntza emateko zein laguntzaz gozatzeko zehaztutako baldintzak ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak betetzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, horiek honela neurtuta: prestakuntzaren ordu-kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua. Prestakuntza amaitu duten partaidetzat joko dira prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 75 gutxienez egin dutenak, lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi dutenak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileak ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-proiektuan ezarritako beren ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 25 egin badute, gutxienez.

b) Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.

Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

– Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxituko da bete gabe utzi den ehuneko berberean.

– Bete diren inkestetan ez bada lortzen eskatutako gutxieneko % 67a, 18. artikuluan adierazitako eran murriztuko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Era berean, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost egun balioduneko epealdia duela ere jakinaraziko dio.

4.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztu badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, behar denean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez bi hilabeteko epean, bidezko diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

25. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

1.– Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa), oinarrizko legeria baitira; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

2.– Deialdi honetan aurreikusi ez diren arloetan, honako hauek aplikatuko dira: irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; lege hori garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, zeinaren bitartez garatzen baita Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; eta irailaren 23ko EFP/942/2022 Agindua, administrazio eskudunek egindako lanbide-kualifikazioen katalogo nazionalari lotutako lan-eremuko lanbide-heziketako sistemako lan-eskaintza arautzen duena eta oinarriak eta finantzaketarako baldintzak ezartzen dituena.

Arau hauek ere aplikatuko dira: 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta ESS/1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza partikularrak ezartzen baitira.

26. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala