Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5795

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2023rako laguntza-deialdia. Lehen Aukera programa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko abenduaren 21ean egin zuen bileran hartutako Erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2023rako dirulaguntzen deialdia onartu du (Lehen Aukera programa). Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko n) apartatuan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea.

Hori guztia dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2023rako laguntzen deialdia (Lehen Aukera programa), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2023RAKO LAGUNTZA-DEIALDIA. LEHEN-AUKERA PROGRAMA.

Gazteak dira langabeziak gehien eragin dien biztanleria-taldeetako bat, eta horrek kolektibo horren egiturazko arazoa larriagotzen du, eta ekonomiaren hazkunde potentziala zailtzen epe luzera.

Hain zuzen ere, gazteen langabezia murriztea da gure gizartearen erronka nagusietako bat, eta erronka horri aurre egin behar diote bai erakunde publikoek bai enpresa pribatuek. Arazo honen konponbidean arrakasta, hein handi batean, inplikatutako erakunde eta sektore guztien laguntzaren eta koordinazioaren araberakoa eta ekimen pribatuak neurri egokiak diseinatu, hartu eta abiarazteko duen partaidetzaren araberakoa izango da.

Ildo horri jarraituz, lanik ez duten eta hezkuntza- zein prestakuntza-jardueretan parte hartzen ez duten gazteen kolektiboarentzako neurriak hartzeko beharrizana hauteman da, gazteak lan-munduratzeko eta lan-merkatuan kalitatezko enplegu batekin mantentzeko. Kolektibo hori heterogeneoa da, egoera pertsonal eta prestakuntza-maila oso desberdinak baitaude; horrenbestez, hezkuntzaren eta prestakuntzaren hobekuntzari heldu beharko diote neurriek, eta kontratazioa eta autoenplegua sustatu.

Gazteen Enpleguaren Ekimena, lanik ez duten gazte guztientzat eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan inolako jarduerarik egiten ez duten gazte guztientzat dena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren EB 1304/2013 Erregelamenduan, 2013ko abenduaren 17koan, araututa dago, eta kolektibo horretako langabeziaren egitura-arazoari aurre egiteko Europar Batasuneko ekimen enblematikoetako bat da. Ekimen horretan, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira eta, horregatik, Gazteen Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko tresna finantzarioetako bat da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin. Eta, hain zuzen ere estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategiak (2030) aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en estrategia-gakoetako bat da gazteei laguntza ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten. Horretarako, laneratzea ahalbidetuko dien programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte. Hala deialdi honen xedea da ikasketak amaitu berri dituzten gazteei lehen lan-aukera ematea, hezkuntza-bizitzatik bizitza profesionalera igarotzen laguntzeko.

Horrenbestez, deialdi honen xedea da titulua edo prestakuntza duten baina beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzea. Lan-kontratu mugagabea edo prestakuntza-kontratua egingo zaie, praktika profesionala eskuratu dezaten eta, horrela, haien enplegagarritasuna bultzatu eta laneratzea finkatzeko. Beraz, Lehen Aukera programa honen azken helburua da gazteen lan-aukerak bultzatzea eta hobetzea, euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea, eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea.

Eurostat erakundeak 2022ko bigarren hiruhilekoan emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 10,85ekoa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, EUSTATek 2022ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 14,83ko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 43,50ekoa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 69,67koa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden aldeak eta horien arteko desberdinkeria. Horrela, EUSTATen 2022ko bigarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen enplegu-tasa ia 7 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 66,34 da, eta, gizonezkoena, berriz, % 73,01). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko arrakala dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21ean onesten du euskal enpresetan gazteak kontratatzeko laguntzen deialdia (Lehen Aukera programa) 2023rako, zehaztapen hauen arabera:

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da titulua edo prestakuntza izanik beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak euskal enpresetan edo 4. eta 12. artikuluetan aurreikusitako bestelako erakundeetan kontratatzeko oinarriak ezartzea eta horretara bideratutako laguntzak arautzea, gazte horien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia lortuta eta haien laneratzea sendotuta.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketaa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 7.000.000 euro bideratu dira. Horietatik, 3.780.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.220.000 euro, 2024ko konpromiso-kredituari.

2.– Honela banatuko dira deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak:

a) 6.708.333 euro, lan-kontratu mugagabeak eta lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik, 3.488.333 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.220.000 euro 2024ko konpromiso-kredituari.

b) 291.667 euro 12. artikuluan adierazitako erakunde laguntzaileek lan-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzeko, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko ere, 2023ko ordainketa-kredituaren kontura.

3.– Lanbiderekin elkarlanean diharduten erakunde laguntzaileei lan-eskaintzak biltzeagatik, erregistratzeagatik eta kudeatzeagatik dirulaguntzak emateko, eta enpresei lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuak eta kontratu mugagabeak egiteagatik eta trantsizio-prozesuen kudeaketa eta jarraipena egiteagatik dirulaguntzak emateko, 2023ko ekitaldian, ezinbestekoa da kreditu nahikoa eta egokia izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urterako aurrekontu orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen da.

4.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

5.– Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua, edo hori handitzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat eginez aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, horren berri eman beharko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

II. KAPITULUA
GAZTE LANGABEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira EAEn dauden lan-zentroetako lanpostuetan jarduteko lan-kontratu mugagabeak eta lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuak, gutxienez 6 hilabeteko iraupena dutenak. Kontratu horiek guztiak kontratuaren hasieran 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten gazteei egin beharko zaizkie.

Kontratu horiek deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik 2023ko urriaren 31ra bitartean hasi beharko dira.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak Langileen Estatutuetako aurreikuspenetara egokitu beharko dira, baita aplika daitezkeen arauetara ere, eta kasu guztietan eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuko lanpostuek kontratatutako pertsonaren ikasketa- edo prestakuntza-mailaren araberakoak izan beharko dute.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte honako datu hauek: langilearen titulua, kontratua noiz hasi eta, halakorik balitz, noiz amaituko den, zenbat iraungo duen, lanaldia eta zein den bete beharreko lanpostua.

c) Urteko ordainsari gordinak kontratuan agertu beharko du, eta ezingo dira zenbateko hauek baino txikiagoak izan, titulu akademikoaren arabera:

(Ikus .PDF)

d) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

3.– Dirulaguntza izateko, kontratazio mugagabeek edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuek enplegua sorrarazi behar dute, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan, diruz lagunduko diren kontratuen xede diren langileak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan lantoki horietan dagoen batez besteko plantillaren gainean. Kontratu berriaren ondorioz, esandako batezbestekoak gora egin beharko du kontratazio-egunean.

Eskakizun hori betetzeko, ez dira kontuan hartuko arrazoi hauengatik amaitutako kontratuak: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, heriotza, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lanaldia borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

4.– Honako kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontideari, oinordekoei eta gainerako senideei (odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino) edo enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa gorabehera.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Deialdi honetan zehaztutako kontratu mugagabeak edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuak egiteagatik dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte bai enpresa pribatuek (edozein dela ere haien forma juridikoa), bai banakako enpresaburuek, bai ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, bai eta elkarte eta fundazioek ere, baldin eta 17. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta honako hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50 edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

c) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri ematea, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskaeran berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.

2.– Honako hauek ezingo dira izan lan-kontratu mugagabeak edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuak egiteko dirulaguntzen onuradun: erakunde autonomoak eta sozietate publikoak; administrazio publiko baten edo gehiagoren mendeko elkarteak edo erakundeak, eta enpleguak lagatzeko aldi baterako laneko enpresak.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honen xedea da 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago duten gazteak kontratatzea, eta, horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda eta alta-egoeran egotea, eta kontratua hasteko bezperan langabea izatea.

c) Honako multzo hauetakoren batean zehaztutako tituluren bat izatea:

– Lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo masterra (Bolonia plana)

– Unibertsitateko diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo unibertsitateko gradua (Bolonia plana)

– Lanbide Heziketa arautuko eta berariazko lanbide-heziketako goi-mailako edo erdi-mailako teknikaria. Teknikari laguntzailearen (LH I) eta teknikari espezialistaren (LH II) tituluak horien baliokideak izango dira.

– Oinarrizko Lanbide Heziketa.

– Ofizialki aurrekoen baliokidetzat hartutako beste titulazio batzuk.

– Profesionaltasun-ziurtagiria.

d) Tituluarekin lotutako enpleguetan gehienez 6 hilabeteko esperientzia izatea.

2.– Gazteen Bermerako Sisteman izena emanda egon behar dute:

a) Enpresak zuzenean egindako hautaketa-prozesuan –7.1.a) artikuluan arautua–, Gazteen Bermerako Sisteman izena emanda egon beharko dute kontratatutako gazteek, kontratua hasi bezperatik gutxienez, bat etorriz Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoarekin.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere bulegoen edo zentro laguntzaileen bidez, hautaketa-prozesua egitean –deialdi honen 7.1.b) artikuluan arautua–, lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudenei, bat etorriz Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoarekin.

3.– Gazteek prestakuntza duala egin duten enpresak zuzenean hautatutako gazteekin egiten diren kontratuek mugagabeak izan beharko dute, edo lanbide-praktika eskuratzeko 12 hilabeteko prestakuntza-kontratuak, baldin eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko egiten bada prestakuntza.

4.– Lehen Aukera programaren aurreko edizioren batean praktikaldia egiteko edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza jasotzeko kontratatu ziren pertsonak kontratu mugagabearen modalitatean soilik onar daitezke oraingo deialdian, edozein dela ere dagoeneko eskuratu duten lan-esperientzia, baldin eta kontratu mugagabea egiten duen enpresa ez bada praktiketako kontratua edo lanbide-praktika eskuratzekoa egin zuen enpresa berbera.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren arabera zehaztuko da, era honetara:

(Ikus .PDF)

2.– Aipatutako diruz lagundutako zenbateko guztiak % 10 handituko dira, emakumeak kontratatzen badira.

(Ikus .PDF)

3.– Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Programan parte hartuko duten gazteen hautaketa eskaera aurkeztu baino lehenago egingo da, honela:

a) Ikasketak amaitu dituzten prestakuntza-zentroaren bidez, enpresak zuzenean hautatuta, baldin eta enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen zentroren batean prestakuntza-aldia amaitu duten gazteak kontratatzen badira, bai prestakuntza dualaren formula baliatuta (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko prestakuntza bada), bai enpresetan prestakuntza-aldia egiteko bekak emateko Eusko Jaurlaritzaren programaren baten babesean (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko edo unibertsitate-esparrutik lan-esparrurako trantsizioa egiteko) 2022-2023 ikasturtean zehar. Titulua 2022an eskuratu duten gazteak kontratatu ahal izango dira.

Kontratatu aurretik, kontratatuko den pertsonak ikasketak egin dituen prestakuntza-zentrora jo beharko du enpresak, baldin eta trantsizio-prozesua kudeatzeko eta haren jarraipena egiteko erakunde laguntzailearen izaera lortu badu, zentroak egiazta dezan 5.1 eta 5.2.a) artikuluetan ezarritako eskakizunak betetzen direla eta 13.5 artikuluan deskribatutako gainerako inguruabarrak betetzen direla.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez edo haren laguntzaile den erakunde baten bitartez, aurreko atalean jasota ez dauden kasuetan.

Hautaketa mota horretarako, eskaintza kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskaera hori inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, IV. eranskinean ezarritako ereduaren arabera, eta datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazioaren kontu-kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresariaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

Lanbideen Sailkapena erreferentziatzat hartuta adieraziko da langintza. Sailkapen hori Lanbideren webgunean jarriko da (https://www.lanbide.euskadi.eus), deialdi hau argitaratzen den egunean berean.

Eskaintza kudeatzeko eskabide bakoitza jasotzen duen bulegoak edo erakunde laguntzaileak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geldituko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozedurei jarraikiz kudeatuko dira, eta lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sistemako datu-basean identifikatuta dauden pertsonei, 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako baldintzetan.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, eskaintzak biltzeko, erregistratzeko edo kudeatzeko edo trantsizio-prozesuaren jarraipena egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailetzat joko dira 12. artikuluan aurreikusitakoak, eta horien zerrenda webgune honetan argitaratuko da: https://www.lanbide.euskadi.eus.

3.– Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko era eta epea, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; horra iristeko, esteka bat egongo da, Lanbideren webgunean.

Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1015913

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira.

Eskabideak, halaber, ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa

2.– Lan-kontratuak egiteagatik dirulaguntza jasotzeko eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona juridiko eskatzailearen izenean eskabidea sinatzen duen legezko ordezkaritza egiaztatzeko dokumentua, baldin eta inskribatuta ez badago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistroan.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Enpresaren eratze-eskritura eguneratuen fotokopia edo, hala badagokio, erakundearen bestelako eratze-dokumentua.

d) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea jasotzen duen organo eskudunaren ziurtagiria. Jarduera hastearen ondoriozko atxikipen-tasa murriztua (jarduerak hasteko zergaldia eta hurrengo biak) aplikatzeko Bigarren eta Hirugarren ataletan sartuta badago, eskatzaileak inguruabar horren berri eman beharko dio Lanbideri, jakinarazpen sinatua aurkeztuz helbide honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.lanbide.euskadi.eus

e) Egindako kontratuaren kopia.

f) Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honen 3.4.a) artikuluan xedatutakoari jarraituz).

g) Bi txosten «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta egunari dagokiona.

Baldin eta bi txosten horiek alderatuta ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, dokumentuak aurkeztu beharko dira egiaztatzeko aurreko sei hilabeteetan zenbait kontratu amaitu dela, arrazoi hauek tarteko: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

h) Gainera,enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen zentroren batean prestakuntza-aldia amaitu duten gazteak izanez gero, bai prestakuntza dualaren formula baliatuta (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko prestakuntza baldin bada), bai enpresetan prestakuntza profesionala egiteko bekak emateko Eusko Jaurlaritzaren programaren baten babesean (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko edo unibertsitate-esparrutik lan-esparrurako trantsizioa egiteko) 2022-2023 ikasturtean zehar; hauek aurkeztuko dira.

Aurkeztutako kontratuan adierazitako titulua eskuratu izana egiaztatzen duen dokumentua.

Kontratua egin den enpresan prestakuntza-aldia egin izana egiaztatzen duen dokumentua (enpresa, lantokia, aldia, modalitatea eta abar adierazita).

3.– Aurreko ataleko b) eta d) letretan jasotakoa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, salbu eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. puntuan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 egun balioduneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola adieraziko du, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2023ko urriaren 31n amaituko da.

9. artikulua.– Lan-kontratua amaitzea.

1.– Funts publikoak efizientziaz erabiliko direla bermatzeko, lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuen kasuan, kontratuen gutxieneko iraupenak eskatutakoa edo diruz lagundutakoa izan beharko du, eta kontratu mugagabeen kasuan, berriz, 24 hilabetekoa izango da, gutxienez.

2.– Kontratazioa egin ondoren, kausa jakin batzuk direla-eta kontratua amaitzen bada (probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza) idatziz jakinarazi beharko dio enpresak Lanbideri, kontratua amaitu eta gehienez ere zazpi eguneko epean, Lanbidek azken dirulaguntza egokitu dezan kontratatutakoak benetan lan egindako aldiaren arabera.

3.– Kontratu-harremana aurreko paragrafoan aurreikusi ez den beste kausaren batengatik amaitu bada, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, nahitaez eskatu beharko du berriro dirulaguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera, betiere deialdian adierazitako epeen barruan baldin badago.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

a) Emandako dirulaguntzaren % 52 ordainduko da, 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, dirulaguntza ematen den unean.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela langilea eta plantilla handitu egin dela.

b) Bigarren ordainketan ordainduko da gainerakoa (% 48, edo diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren dagokion kopurua), 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2024ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura.

2.– Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: http://www.euskadi.eus/altaterceros

11. artikulua.– Kontratuak egiteagatiko dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

Kontratuak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko ditu enpresa onuradunak:

a) Egindako lanbide-praktika jasotzen duen memoria.

b) «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena», Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egina (RED sistemaren bidez eskuratua), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoa, eta diruz lagundutako kontratuen aldiari dagokiona (12 hilabete, kontratu mugagabeen kasuan).

Hori aurkezteko epea hau izango da:

a) Lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuen kasuan, kontratua amaitu eta hilabeteko epea.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, hasi eta urtebete igaro ondoren.

Kasu batean zein bestean, agiriak aurkezteko azken eguna 2024ko abenduaren 16a izango da, egun hori barnean dela.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeak gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko.

Halaber, 9.1 artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du. Hogeita lau hilabeteren buruan ondorioztatzen bada ez zaiola eutsi kontratazioari, enpresa onuradunak dirulaguntza itzuli beharko du, 9. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintzetan.

III. KAPITULUA
ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK

12. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Lan-eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko onuradun izan daitezke jarduketa horiek egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile direnak.

Baldintza hori betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2015eko urtarrilaren 23ko Ebazpenean aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio (2015eko otsailaren 2ko EHAA, 21. zk.), zeinean ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, bitartekaritza-zerbitzua emateko, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan soilik.

2.– Halaber, honako erakunde hauek izendatu ahalko dira erakunde laguntzaile, deialdi honi zehazki lotutako enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko, baldin eta egoitza EAEn badute:

a) Unibertsitateak.

b) Lanbide-heziketako ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak, bai eta ikastetxe horiek biltzen dituzten elkarteak ere.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaileak, 2022-2024 deialdiko lanerako prestakuntza emateko dirulaguntzen eta 2021-2023 deialdiko lanerako orientazioa emateko dirulaguntzen onuradun badira.

d) Udalak, mankomunitateak, kuadrillak, tokiko garapenerako agentziak eta Behargintzako zentroak.

3.– 13.5 artikuluan definitutako trantsizio-prozesuaren kudeaketa- eta jarraipen-jarduerak egiteko erakunde laguntzaile izan daitezke unibertsitateak, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak.

4.– Lehen Aukera programari lotutako lan-eskaintzak bildu eta erregistratzeko eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko erakunde laguntzaile izateko eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta erantzukizunpeko adierazpenak eskuragarri egongo dira honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1089904

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira.

Eskabideak, halaber, ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2023ko uztailaren 31n amaituko da.

5.– Erakunde laguntzaile bakoitzean, gehienez 3 lagunek izango dute baimena eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko.

6.– Erakunde laguntzailearen izendapena eraginkorra izateko, ezinbestekoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek ematen duten prestakuntza-ekintzetara joatea eta prestakuntza horri onura ateratzea, horretarako ezarritako egunetan, erakundeak eskatutako baimena eskuratuko duten pertsona guztiek. Horren aurretik, https://www.lanbide.euskadi.eus webgunean prestakuntza-ekintzen tokiak eta ordutegiak argitaratuko dira, baita ekintza horietan parte hartuko duten erakundeen zerrenda ere.

Aurreko puntuan aipatutako prestakuntza-ekintza egin beharrik ez dute izango Lehen Aukera programako aurreko urteetako laguntzen deialdietan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko laguntzaile izan ziren zentroek, baldin eta egiaztatzen badute prestakuntza jasotako eta, ondorioz, aipatutako deialdi horretan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko jarduerak egiteko baimendutako pertsona hori/horiek enpresako plantillan daudela orain ere.

7.– Prestakuntza-ekintzak bukatutakoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du erakunde laguntzaile izaera emateko adierazitako eskakizunak betetzen dituzten erakundeei, deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako.

13. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu ahal izango da 12. artikuluan araututako erakunde laguntzaileek lan-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egitea ere, prozesu horiek, azkenean, eta deialdi honen babesean, diruz lagun daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitzen badira.

2.– Lan-eskaintzen bilketa prozesu bat da, hain zuzen zenbait enplegu eskaintzailerekin harremanetan jartzeko, lanpostu bateko edo batzuetako estaldura-beharra identifikatzeko, eta identifikazio horretatik eskaintzen den profila duen horri dagokion kudeaketa-eskaera lortzeko.

3.– Lan-enplegu baten erregistroa da lan-eskaintzen bilketa-prozesuan lortutako datuak kodetzen diren prozesua. Datu horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen dira, eta, horrela, sisteman enplegu-eskaintza berri bat sortzen da.

4.– Lan-eskaintzen kudeaketa da prozesu hauek guztiak egitea:

a) Aldez aurretik Lanbideren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza bat aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko modu desberdinak erabilita.

c) Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako izangaien prestasuna egiaztatzea.

d) Izangai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Emaitza jasotzea da bidalitako izangaia bete beharreko lanpostura egokitu den ala ez jakiteko enpresak egiten duen balorazioa eta horren arrazoia jakitea.

5.– Trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena dira erakunde laguntzailearen jarduera hauek:

a) Enpresak zuzenenean hautatzen dituen gazteen lan-eskaerak berreskuratzea, berritzea, berrikustea eta aldatzea.

b) Egiaztatzea kontratatutako gazteak Gazteen Bermerako Sisteman izena emanda daudela, kontratua hasi bezperatik, gutxienez.

c) Enpresak zuzenean hautatzen dituen gazteek, kontratua sinatzeko unean, 5.1 artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituztela ziurtatzea eta bermatzea.

d) Egiaztatzea kontratatutako pertsonak egindako ikasketa- edo prestakuntza-mailari egokitutako lanbide-praktika lortzea ahalbidetuko duen lanpostu baterako dela kontratua.

e) Prestakuntza duala enpresan bukatu duten pertsonen kasuan, prestakuntza hori hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko bada, egiaztatzea kontratua mugagabea dela edo lanbide-praktika eskuratzeko gutxienez 12 hilabeteko prestakuntza-kontratua dela.

f) Kontratatutako pertsona Lanbideko informazio-sisteman identifikatzea Lehen Aukera programaren bidez sustatutako kontratu bati lotutako pertsona gisa.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Erakunde laguntzaileek, deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratu bakoitzeko, zenbateko hauek jasoko dituzte, eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko jardueren ondorio bada:

– 120 euro, eskaintza bildu eta erregistratu duen erakunde laguntzaileak.

– 80 euro, eskaintza kudeatu duen erakunde laguntzaileak.

Erakundeak % 10eko gehigarri bat jasoko du deialdi honen babesean diruz lagundutako 20 kontratuko, enplegu-eskaintzak hartu, erregistratu edo kudeatuko baditu.

– 120 euro, hezkuntza-esparrutik lan-esparrurako trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egin duen erakunde laguntzaileak.

15. artikulua.– Eskaerak aurkezteko era eta epea, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; horra iristeko, esteka bat egongo da, Lanbideren webgunean.

Izapidetzeko jarraibideak eta erantzukizunpeko adierazpenak helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1015914

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira.

Eskabideak, halaber, ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitu diren lan-eskaintzak kudeatu dituzten erakunde laguntzaileek, dirulaguntza-eskabidearekin batera, erregistratu, kudeatu eta/edo bildu dituzten lan-eskaintzen zerrenda bat aurkeztu beharko dute, eta, deialdi honen babesean, lan-eskaintza horietako bakoitzean kontratatutako pertsonek ere agertu beharko dute.

3.– Trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egin duten erakunde laguntzaileek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eskabidearekin batera, deialdi honen babesean kontratatutako pertsonen eta enpresa kontratatzaileen zerrenda.

4.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, organo eskudunaren ziurtagiria, ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea adierazten duena. Jarduera hastearen ondoriozko atxikipen-tasa murriztua (jarduerak hasteko zergaldia eta hurrengo biak) aplikatzeko Bigarren eta Hirugarren ataletan sartuta badago, eskatzaileak inguruabar horren berri eman beharko dio Lanbideri, jakinarazpen sinatua aurkeztuz helbide honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.lanbide.euskadi.eus.

5.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 1. puntuan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 egun balioduneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola adieraziko du, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.

6.– Eskabideak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 1etik 15era izango da.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Erakunde laguntzaileek ordainketa bakarrean jasoko dute dirulaguntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak laguntzak emateko ebazpena eman ondoren.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

IV. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

17. artikulua.– Dirulaguntzen enpresa eta erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen enpresa eta erakunde onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Erakunde eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen tratu- nahiz aukera-berdintasunaren printzipioaren araberakoak izatea.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik jaso ez izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

2.– Enpresa eta erakunde onuradunei dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

18. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria izango da prozedura izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua handitzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, bai eta www.lanbide.euskadi.eus web-orrian ere.

3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.

Dirulaguntza emateko ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa, hala badagokio.

4.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori amaitutakoan esanbidezko ebazpena ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda eta jasoko dituzten diru-zenbatekoak. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

19. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Kontratuak 7.1.a) artikuluan jasotako hautaketa-prozeduraren bidez egingo dituzten enpresek, kontratuak egin aurretik, kontratatuko den pertsonak ikasketak egin dituen prestakuntza-zentrora jo behar dute, ikastetxeak egiazta dezan 5.1 eta 5.2.a) artikuluetan ezarritako eskakizunak eta 13.5 artikuluan adierazitako kudeaketaren eta prozesuaren jarraipenaren gainerako xehetasunak betetzen direla.

b) Kontratuak 7.1.b) artikuluan jasotako hautaketa-prozeduraren bidez egingo dituzten enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo haren erakunde laguntzaile batean aurkeztu beharko dute enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabidea.

c) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

d) Plantillaren enplegu-mailari eustea 9. artikuluan adierazitako kontratuen gutxieneko iraunaldian. Eskakizun hori betetzeko, ez dira kontuan hartuko arrazoi hauengatik amaitutako kontratuak: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, heriotza, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lanaldia borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatzea laguntza jasotzeko eskakizunak eta baldintzak bete direla.

f) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko eskakizunak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

g) Helburu berberarekin administrazio honen bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gertakizun ere.

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, haien jarraipena egiteko eta kontrolatzeko.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

k) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa –EAEko EGIF 2021-2027 EGIF Plus Programaren esparruan– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze, edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.

Enpresa onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.

l) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautatzean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.

– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

m) Kontratatutako pertsonen adostasuna lortzea, haien datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura jartzeko, eskatutako dirulaguntza kudeatzeko soil-soilik, eta deialdi honen 24. artikuluan xedatutako edukiaren berri ematea kontratatuei.

2.– Era berean, lanbide-praktika egiteko prestakuntza-kontratu bat amaitzean bete beharko den betebehar espezifiko gisa, enpresa onuradunak ziurtagiri bat egin behar dio langileari, gutxienez honako hauek jasota:

– Kontratuaren iraupena.

– Betetako lanpostuak, eta bakoitzean egindako zeregin nagusiak.

20. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lan eta Enplegu Sailak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzeko eta kontratuen iraupena ezartzeko eskakizunak.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentu guztiak gorde eta zaindu beharko ditu enpresak, gutxienez 2028ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin; bateragarriak dira, ordea ,lan-kontratu mugagabeetarako edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuetarako legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.

23. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

5.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/065100-capa1-eu.shtml

25. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan gazteak kontratatzeagatik zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa) ezarritako «de minimis» arauarekin. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari de minimis laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

26. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinetan arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.


Azterketa dokumentala