Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
5794

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 15ekoa, Trafikoko zuzendariarena, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari honako eginkizun hau betetzeko kudeaketa-gomendioa emateko akordioa argitaratzea xedatzen duena: Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren 5.2 oinarrian jasotzen den prestakuntza-fasean, aurrez aurre jaso beharrekoan, irakaste-jarduna gauzatzea (ikastarorako deialdia 2021eko urtarrilaren 29ko Ebazpenaren bidez egin zen; otsailaren 24ko EHAA, 40. zk.).

Urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak xedatutakoaren babesean, Segurtasun Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak 17.4 a) artikuluan Trafiko Zuzendaritzari emandako eskumenekin bat etorriz, eta urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Erregelamenduak ematen dituen eskumenen arabera, Trafiko Zuzendaritzari dagokio, bere egitekoen artean, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenentzat ikastarorako deialdia egitea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren arabera, administrazio-organoek edo zuzenbide publikoko erakundeek aukera dute beren eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak gomendiotan emateko administrazio bereko edo beste bateko organoei edo erakundeei, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago. Gomendioak ez dakar, ordea, ez eskumenaren titulartasuna lagatzea ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.

Trafiko Zuzendaritzak ez dauka beharrezko baliabiderik Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroetan aurrez aurre jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak esperientzia zabala eta egiaztatua dauka herritarren segurtasunera bideratutako zerbitzu publikoak ematen dihardutenei behar duten prestakuntza profesionala ematen.

Hori dela eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari ematen diot Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko aurrez aurre jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko kudeaketa-gomendioa.

Herritar guztiek jakin dezaten, kudeaketa-gomendioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, ebazpen honen eranskin gisa.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 15a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.

ERANSKINA

AKORDIOA, SEGURTASUN SAILEKO TRAFIKO ZUZENDARITZAREN ETA POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ARTEKOA, EGINKIZUN HONEN KUDEAKETA MATERIALA GOMENDIOTAN EMATEKO DENA: BIDE PRESTAKUNTZAKO IRAKASLEAREN GAITASUN AGIRIA LORTZEKO IKASTARORAKO DEIALDIAREN 5.2 OINARRIARI DAGOKIONEZ, AURREZ AURRE JASO BEHARREKO PRESTAKUNTZAREN FASEKO IRAKASTE-JARDUNA GAUZATZEA (IKASTARORAKO DEIALDIA 2021EKO URTARRILAREN 29KO EBAZPENAREN BIDEZ EGIN ZEN).

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Sonia Diaz de Corcuera Ruiz de Oña andrea, Trafikoko zuzendaria.

Bestetik, Andres Zearreta Otazua jauna, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria. Honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Trafiko Zuzendaritzak –eraginkortasuna helburu– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eskatzen dio bere gain dezala Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroaren aurrez aurreko prestakuntza-faseko irakaste-jarduna, deialdiaren 5.2 oinarrian aurreikusitakoa (ikastarorako deialdia 2021eko urtarrilaren 29ko Ebazpenaren bidez egin zen; otsailaren 24ko EHAA, 40. zk). Horretarako, honako klausula hauek bete beharko dira:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Gehieneko ikasle-kopurua.

Ikastaroetara bertaratutako ikasleak talde eta txandatan banatuko dira, beharrezkoa balitz; eta, horrela, talde bakoitzean ez da ezein kasutan 24 ikasle baino gehiago izango.

Bigarrena.– Bertaratzeko fasearen iraupena.

Aurrez aurreko faseak 10 asteko iraupena izango du. Epe hori luzatu egingo da, baldin eta fase horretan herriko jairik, autonomia-erkidegokorik edo estatukorik egokitzen bada, jai horiek errekuperatu egin behar baitira.

Hirugarrena.– Emango diren ikasgaiak.

Honako ikasgai hauek irakatsiko dira aurrez aurreko fasean:

• Helduen prestakuntza eta irakasteko trebetasunak.

• Oinarrizko bizi-euskarria.

• Araudia, bide-segurtasuna eta garraioa.

• Giza faktorea bide segurtasunean.

• Bide-segurtasuna: ibilgailua eta bidea.

• Mekanika eta gidatze ekonomikoa.

• Gidatzen irakasteko praktikak.

• Errefortzuak edo errekuperazioak.

• Aurrez aurre egin beharreko tutoretza.

Laugarrena.– Esleitutako eginkizunak.

Hirugarren klausulan adierazitako gaiei buruzko prestakuntza eman beharraz gainera, eginkizun hauek esleitzen dira:

• Irizpide teknikoak eta pedagogikoak planifikatu, koordinatu eta bateratzea irakasleen artean; horretarako, gutxienez, hiru bilera egingo dira, aurrez aurreko fasean hasieran, erdian eta amaieran.

• Ikasleen bertaratzearen etengabeko jarraipena egitea, eta hura zorrotz zaintzea.

• Prozesuan zehar, parte-hartzaile bakoitzaren aprobetxamendua ebaluatzea, ikasle bakoitzari horren berri ematea, eta errefortzu- edo errekuperazio-saioetarako deitzea, baldin eta irakasle-taldearen iritziz horiek behar baditu. Aprobetxamendu-maila, orokorrean, ebidentzia-sistema baten bidez ebaluatuko da, eta, beharrezkoa bada, ezagutzen, trebetasunen eta jarreren globalizazioa eta integrazioa egiaztatzen duten proba objektiboen bidez.

• Trafiko Zuzendaritzari eskatzen duen informazio guztia ematea, prestakuntzari eta ikasleei dagokienez, eta, batik bat, haien aprobetxamendu- eta bertaratze-mailei dagokienez.

• Txanda bakoitza bukatu ondorengo astean, txosten bat idaztea eta Trafiko Zuzendaritzari jakinaraztea, alderdi hauen berri emanez:

– Ikasleen bertaratze-hutsen zerrenda, huts horiek erabat justifikatuta eta dokumentatuta direla.

– Aprobetxamendu-mailaren arabera, Kalifikazio Epaimahaiari gai edo ez-gai gisa deklaratzeko proposatzen zaizkion ikasleen zerrenda.

Bosgarrena.– Gastuak.

Aurrez aurre jaso beharreko prestakuntzaren fasean parte hartzen duten ikasleek zuzenean ordainduko dizkiote prestakuntza-gastuak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egiten duen Trafikoko zuzendariaren 2021eko urtarrilaren 29ko Ebazpenaren bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera (otsailaren 24ko EHAA, 40. zk.).

Seigarrena.– Indarraldia.

Kudeaketa-gomendioa indarrean izango da baliabide hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bigarren puntuan aipatutako bertaratze-fasea amaitu arte.

Agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, alderdi biek kudeaketa-gomendioa formalizatzeko baliabide hau sinatzen dute, eta, denek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dute.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 15a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.


Azterketa dokumentala