Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HAURRESKOLAK
5788

05/12-2022 ERABAKIA, 2022ko abenduaren 22koa, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearena, zeinaren bidez onartzen baitira Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa alorreko lanpostuetan enplegua egonkortzeko salbuespenezko hautaketa prozesuak zuzenduko dituzten oinarri orokorrak.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak seigarren xedapen gehigarrian ezartzen ditu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdiak arautu behar dituzten irizpideak. Lege beraren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez, egonkortze prozesu horiek Sektore Publikoko partzuergoetan ere bete behar dira. Ildo horretatik, xedapen horrek ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta EPOELTBren 61. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, deialdi batean eskainiko dituztela, lehiaketa-sistemaren bidez, 2.1 artikuluak ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon diren plazak. Aurreikuspen horri aipatutako legearen zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitu behar zaio, honela dioena: seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek deialdien barnean hartuko dituzte, gainera, egiturazko aldi baterako plaza hutsak, baldin eta aldi baterako langileek aldi baterako okupatuta badaude 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 61.7 artikuluak aukera ematen du merezimenduak baloratzeko lehiaketa erabiltzeko langile lan-kontratudun finkoak aukeratzeko sistema gisa. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.1 artikuluan xedatutakoak mugatzen du gaikuntza hori, xedatzen baitu sistema hori erabili ahal izango dela soil-soilik, lanpostuen ezaugarri bereziak direla-eta, merezimendu jakin batzuk, esperientzia-maila zehatzak edo ezagutza-proba objektiboen bidez egiaztatu ezin diren baldintzak dituzten langileek bete beharreko lanpostuetan.

Erabaki honen bidez onartzen diren oinarri orokorrek Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa alorreko lanpostuetan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen deialdiei aplikatu beharreko araudia jasotzen dute, izendatzaile komun gisa, eta, hartara, homogeneizatu egiten dituzte prozesu horiek.

Horiek horrela, aipatutako lege-arauetan eta Haurreskolak Partzuergoko Estatutuen 32 artikuluan langileen erregimen juridikoaren gainean ezarritakoa betez, eta langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, Estatutu horien 18. artikuluak Zuzendaritza Batzordeari ematen dizkion ahalmenak baliatuz, honako hau

ERABAKI DU:

Artikulu bakarra.– Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa alorreko lanpostuetan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzea, zeinak erabaki honen eranskinean baitaude.

AZKEN XEDAPENA

Erabaki honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hileko epean, betiere bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin.

Eibar, 2022ko abenduaren 22a.

Haurreskolak Partzuergoko gerentea,

ELENA AIZPURU SEGUROLA.

ERANSKINA
HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA ALORREKO LANPOSTUETAN ENPLEGUA EGONKORTZEKO SALBUESPENEZKO PROZESUEN OINARRI OROKORRAK

1.– Helburua.

1.1.– Administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeari jarraituz eta enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuen esparruan, oinarri hauen helburua da Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketa arloko lanpostuetan sartzeko deialdien oinarri orokorrak ezartzea.

1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoen bidez arautuko dira, eta, betiere, honako hauek jaso beharko dituzte:

– Zenbat plaza eskainiko diren.

– Eskabideak aurkezteko epea.

– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateko tasaren diru-zenbatekoa.

– Sartzeko gutxieneko titulazioak.

– Deialdiko lanpostuen betekizun espezifikoak.

– Zer merezimendu baloratuko den eta zer baremo aplikatuko zaien.

2.– Enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuen arauak.

2.1.– Prozesu motak.

2.1.1.– Talde bakoitzeko prozesu mota bakarra iragarriko da: enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesua. Prozesu horretan, sartzeko txanda bakarra aurreikusten da: txanda irekia.

2.1.2.– Enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa-sistemaren bidez gauzatuko da, bi lege hauetan jasotako aurreikuspenen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarrian, eta Administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren, zazpigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan.

2.2.– Parte hartzeko betekizunak.

2.2.1.– Betekizunak betetzeko datak.

Hautagaiek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago bete beharko dituzte oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako betekizunak eta betekizun horiek betetzen jarraitu beharko dute plaza jabetzan hartzean ere.

2.2.2.– Betekizunak noiz eta nola egiaztatu behar diren.

Oinarri orokor hauen 2.7, 2.8 eta 2.9 ataletan ezartzen dira betekizunak noiz eta nola egiaztatu behar diren.

2.2.3.– Parte hartzeko betekizun orokorrak.

Iragarritako hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira:

a) Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea.

Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearenek, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta itun horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

Aurreko paragrafoetan aipatu ez, eta Espainiako Estatuan bizi diren atzerritarrek parte hartu ahal izango dute. Kontratuak zehazten duen jarduera betetzeko administrazioaren baimena badutela egiaztatu beharko dute horretarako.

b) Hamasei (16) urte beteta izatea eta nahitaezko erretirorako ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Gaitasun funtzionala izatea sartu nahi den kidegoko zereginak betetzeko. Gaitasun hori behin hautaketa-prozesua gainditu ondoren egiaztatuko da, Haurreskolak Partzuergoko Prebentzio Zerbitzuak egindako mediku azterketaren bidez. Baldintza hau bete beharrekoa izango da onartua izateko.

d) Diziplina-espediente bidez zerbitzutik aparte geratu ez izana Administrazio publiko edo autonomia-erkidegoko organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik bereizita egoteko; ezta, ebazpen judizialaren arabera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza erabatekoa edo berezia izatea ere, funtzionarioen kidegora edo eskalara iristeko edo, langile lan-kontratudunen kasuan, bereizteari edo desgaikuntzari lotutako lanpostuaren antzeko eginkizunak betetzeko. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, hautagaia ezin izango da desgaikuntza-egoeran edo egoera baliokideren batean egon, eta ezin izango du ezarrita izan diziplina-zigorrik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza berberetan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.

e) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

f) Oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

g) Euskararen ezagutza C1 edo gorakoko maila egiaztatzea ezinbesteko baldintza da eskainitako lanpostu guztietarako.

h) Langileak hautatzeko deialdietako inskripzio-tasa ordainduta izatea, zeina parte hartu nahi den prozesuaren araberakoa izango baita eta zeinaren diru-zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko baita.

i) Oinarri espezifikoetan eskatzen diren beste betekizun guztiak.

2.3.– Hautaketa egiteko baldintza orokorrak.

Betekizun espezifikoren bat ezarrita duten lanpostuak betetzeko, hautagaiek ezinbestean egiaztatu beharko dute betekizun horiek betetzen dituztela.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan, deialdiko lanpostuei esleitutako betekizun espezifikoak zerrendatuko dira.

2.4.– Lanpostuak esleitzeko baldintza orokorrak.

Epaimahaiak ezin izango du proposatu deialdiko plaza-kopurua baino handiagoko kopuru bati dagokion beste lan-kontratu egiteko, kasu hauetan izan ezik:

– Hautatutako pertsonek uko egitea, kontratua sinatu aurretik, edo

– Hautagaiek eskatzen zaien dokumentazioa ez aurkeztea 2.25. oinarrian xedatutakoaren arabera, edo aurkeztutakotik ondorioztatzen bada 3. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutela, edo ez dutela zereginak betetzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa.

– Kontratua sinatzen den unean lanpostua gorde gabeko eszedentzia eskatzen bada, horrela hutsik geratu diren lanpostuak esleitu egingo dira.

Kasu horietan, epaimahaiak izendapen-proposamen osagarri bat egingo du dagokien hautagaien alde, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz eta, betiere, aipatutako inguruabarrengatik hutsik geratu diren lanpostuak bezainbeste hautagai hautatuz.

2.5.– Argitaratzeko lekuak eta iragarki-taulak.

Hautaketa-prozesuetarako deialdiak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gain, Haurreskolak Partzuergoaren web orrian argitaratuko dira.

Hautaketa-prozesuan zehar, Haurreskolak Partzuergoaren web orrian argitaratuko da prozesuaren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako.

Halaber, informazio hori Haurreskolak Partzuergoko bulegoetan egongo da eskuragarri, helbide honetan:

– Otaola Etorbidea 29, Jaizkibel eraikina, 1 – 20600 Eibar.

2.6.– Eskabideak aurkeztea.

2.6.1.– Prozesuan onartua izatea.

Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten hautaketa-prozesu bakoitzeko.

Onartuak izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskabidearen atal guztiak bete behar dituzte.

b) Eskabidea epe barruan aurkeztu, eta

c) Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasak ordaindu behar dituzte.

Halaber, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskatutako betekizun guzti-guztiak beteta izan beharko dituzte.

2.6.2.– Eskabideak aurkezteko modua.

Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira. Haurreskolak Partzuergoko web orrian horretarako gaitutako ataria erabiliko da eskabidea bete ahala adierazten diren argibideei jarraituz. Horretarako, nork bere burua identifikatu beharko du.

Eskabide elektronikoa Eusko Jaurlaritzako KZgune izeneko zentro publikoetan ere egin ahal izango da.

Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, Haurreskolak Partzuergoan lan eskaintza publikoaren atarian horretarako adieraziko diren telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango da.

2.6.3.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasa ordaintzeko modua.

Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legean eta hura eguneratzen duen abenduaren 23ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren 11/2021 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, parte hartzeko izangaiek prozesu bakoitzeko oinarri espezifikoetan ezarritako tasa ordaindu beharko dute.

Ordainketa egin ahal izango da:

a) Online: Euskal Administrazioaren ordainketa-pasabidearen bidez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideei jarraituz, eskaera betetzean. Ordainketa mota horren bitartez, edozein ordutan eta banketxera joan beharrik gabe egin ahal da ordainketa.

b) Off-line: Ordainketa-gutuna inprimatuta izanda, banku-erakunde hauetako edozein sukurtsaletara joan daiteke ordaintzera: Laboral Kutxa, Kutxabank, edo Nafarroako Rural Kutxa.

Ez da beharrezkoa ordainagiria administrazioari bidaltzea, finantza-erakundeek automatikoki bidaliko baitituzte ordainketa-datuak.

2.6.4.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasak eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez dituena prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzen dezan.

Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, oinarri honetako aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraituz.

2.7.– Betekizunak eta merezimenduak. Erreferentzia-datak.

Parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko alegatzen diren merezimenduak eta betekizunak betetzeko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera artekoa izango da.

2.8.– Betekizunak eta merezimenduak alegatzea.

Hautagaiek eskabidea egiterakoan alegatu behar dituzte parte hartzeko betekizun orokorrak, betekizun espezifikoak eta merezimenduak.

2.9.– Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzea.

Dokumentazioak oinarri hauetako 2.26.1 apartatuan ezarritako betekizunak bete beharko ditu.

2.10.– Esperientzia.

Sektore Publikoko Erakundeetan egindako zerbitzuengatik izandako esperientzia aldi bakoitza talde edo kategoria bakar batean sartzeko baloratuko da, eta hortaz, ezin izango da kategoria batean baino gehiagotan aldi berean baloratu.

– Haurreskolak Partzuergoan emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, eta ofizioz zenbatuko dira.

– Gainerako Sektore Publikoko Erakundeetan emandako zerbitzuak egiaztatzeko, egiaztagiriaren kopia arrunta aurkeztu beharko da. Egiaztagiri hori administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduaren arabera aurkeztuko da, eta, han, lan egindako aldiak banakatuta agertu beharko dira, honako hauek zehaztuta: taldea, kidegoa, aukera, eskala, mota edo kategoria eta lanpostuaren izena.

2.11.– Titulazioak.

Tituluak egiaztatzeko tituluaren kopia arrunta aurkeztu beharko da, eta atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen agiriarena ere aurkeztu behar da.

2.12.– Hizkuntzak.

Honako xedapen hauetan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako titulu eta ziurtagiriak bakarrik baloratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako tituluen eta hizkuntza-ziurtagirien baliokidetasunari buruzko ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuaren eranskinean jasotakoak, bai eta zenbait ikasketa planetan araututako araubide bereziko hizkuntza-ikasketen eta errege-dekretu honetakoen arteko baliokidetzak oinarrizko izaeraz ezartzen dituen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan jasotakoak ere.

– Hizkuntza-eskola ofizialek nahiz beste entitate batzuek emandako titulu eta ziurtagiriak merezimenduak alegatzeko epean alegatu beharko dira.

– Merezimenduak egiaztatzeko izapidean titulu eta ziurtagiri horien egiaztagirien kopia arrunta eman beharko da.

2.13.– Informatikako ezagutzak.

Informatikako ezagutzak IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko dira. Hauek ere merezimenduak alegatzeko epean alegatu beharko dira eta egiaztatzeko, egiaztagiria aurkeztu beharko da.

2.14.– Lan-poltsetan egotea.

Haurreskolak Partzuergoko teknikari edo administrarien lan-poltsetan egotea merezimenduak alegatzeko izapidean deklaratuz alegatuko dira, eta ofizioz baloratuko, dagozkien oinarri espezifikoetan ezartzen diren baldintzetan.

2.15.– Euskararen C1 maila edo goragokoa egiaztatzea.

Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB) kontsulta eginez egiaztatuko dira euskararen hizkuntza-eskakizunak. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat joko dira, baldin eta erregistro horretan inskribatuta badaude, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen den data baino lehenagoko egiaztatze-data dutela. Ondorio horietarako hautaketa-prozesuan parte hartzeak Haurreskolak Partzuergoari datu horiek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan kontsultatzeko adostasuna ematen zaiola dakar, izangaiak espresuki horren kontra egin ezean.

Erregistro horretan jasota ez dauden euskara-ziurtagiri edo -tituluak dituztenek egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokide diren ziurtagiri eta tituluak dekretu hauetan zehaztuta daude: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

2.16.– Lanpostuen betekizun espezifikoak.

Lanpostuen zerrendan betekizun espezifikoak ezarrita dituen lanpostu bat eskuratu ahal izateko, hautagaiek merezimenduak alegatzeko ezarritako epean alegatu beharko dituzte betekizun horiek, oinarri espezifikoetan horietako bakoitzarentzat zehazten den moduan.

2.17.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak agindua emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeko 2.5. oinarrian adierazitako lekuetan. Zerrenda horietan, hautagaiak baztertzeko arrazoia zein den adieraziko da, hala dagokionean.

10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabideetako akatsak zuzentzeko, aipatutako erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, Haurreskolak Partzuergoko Gerentziaren erabaki bidez argitaratuko dira onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak. Zerrenda horiek ikusgai egongo dira 2.5. oinarrian zehaztutako lekuetan.

Interesdunek gorako helegitea jarri ahal izango dute erabaki horren aurka Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen aurrean. Hilabeteko epea izango dute horretarako, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.18.– Hautaketa-prozesuen garapena.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartzen dituen Haurreskolak Partzuergoko Gerentziaren erabakiak enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautagaiek merezimenduak egiazta ditzaten epea ere adieraziko du.

Ebazpen hori eman ondoren, hautaketa-prozesuak oinarri orokor hauetan bildutako arau espezifikoen arabera garatuko dira, harik eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak beste erabaki bat argitara eman arte, zeinaren bidez aginduko baita hautagaien azken kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko eta lanpostuak aukeratzeko epea zabaltzeko. Azken ebazpen hori 2.5. oinarrian adierazitako tokietan argitaratuko da.

Salbuespenezko hautaketa prozesu honetatik ez da inolako ordezkapen zerrendarik eratuko.

2.19.– Lanpostuak aukeratzea.

Deialdi bakoitzean hautagaien behin betiko kalifikazioa egin ondoren, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen ebazpen baten bidez argitaratuko da, eta hamar egun balioduneko epea irekiko da lanpostuak aukeratzeko.

2.20.– Parte-hartzaileak.

Lanpostuak aukeratzeko prozesu honetan parte hartzeko dei egingo zaie, hain zuzen ere, epaimahaiak deialdi bakoitzerako zehazten duen zenbakiaren lehentasun-hurrenkera bera edo txikiagoa dutenei. Zenbaki horrek ziurtatu egin beharko du hautatuko diren plaza guztiak esleituko direla.

Prozesu honetan parte hartzeko dei egiten zaien pertsonen izen-zerrendak Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak behin betiko kalifikazioei buruz emango duen ebazpenean jasoko dira, eta 2.5. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko.

Oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera lanpostua epe barruan eta modu egokian hautatzen ez dutenek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan parte hartzetik eratorritako eskubideak.

2.21.– Eskainitako lanpostuen zerrenda.

Hautaketa-prozesu bakoitzerako eskainitako lanpostuen zerrendan honako hauek adieraziko dira: lanpostuaren izena, zentro organikoa eta destinoko herria, esleitutako ordainsari-maila, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data eta lanpostuaren betekizun espezifikoak.

2.22.– Lanpostuak aukeratzeko eskabideak.

Lanpostuak bide elektronikoz aukeratzeko, Haurreskolak Partzuergoaren web orrian eskuragarri jarritako inprimakia bete beharko da.

2.23.– Aukeratutako lanpostuen hurrenkera.

Lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutako pertsonek beren lehentasunekin bat etorriz ordenatuko dituzte, lanpostuen betekizun espezifikoen arabera bete ditzaketen lanpostuak.

2.24.– Lanpostuak esleitzea.

Kategoria bakoitzeko zerrenda bat egingo da parte-hartzaileek prozesuan lortutako puntuazio osoaren arabera, handienetik txikienera. Zerrenda horren ordena erabakigarria izango da lanpostuak esleitzeko.

2.25.– Hautatutakoen zerrenda.

Lanpostuak aukeratzeko epea amaitutakoan, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrenda egingo da, kontuan hartuta eskatutako betekizunak betetzen diren, hautagai bakoitzak zer puntuazio-ordena duen eta zer lehentasun adierazi dituen. Zerrenda hori Haurreskolak Partzuergoko Gerentziaren erabaki bidez argitaratuko da, 2.5. oinarrian adierazitako lekuetan, eta, ebazpen horretan, 10 egun balioduneko epea ezarriko da, hautagaiek eskatutako lanpostuen betekizun espezifikoen gainean zuzenketak egiteko eta erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak hautatutako pertsonen eta esleitutako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko erabakia emango du 2.5 oinarrian adierazitako lekuetan egongo direlarik ikusgai.

Interesdunek gorako helegitea jarri ahal izango dute erabaki horren aurka Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen aurrean. Hilabeteko epea izango dute horretarako, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.26.– Dokumentazioa aurkeztea.

Hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, pertsona horiek Haurreskolak Partzuergoak eskatzen dizkien dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Prozeduran zehar modu frogagarrian egiaztatu ez den dokumentazioa baino ez da aurkeztu beharko, edo eskatzaileek prozedura osoan bete beharreko baldintza pertsonalei buruzkoa, hala nola desgaikuntzarako, ezintasunerako edo bateraezintasunerako inguruabarrik eza.

2.26.1.– Dokumentuek bete beharreko baldintzak.

Aurkeztu beharreko dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa duten dokumentuak, hau da, dokumentu aldaezinak.

Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Dokumenturen bat beste hizkuntza batean idatzita badago, zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio dokumentu horri.

Eskatutako dokumentu guztiak aurkeztu ezina behar bezala arrazoitzen bada, hautagaiak zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabili ahal izango du deialdiko baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

2.26.2.– Dokumentazioa aurkezteko lekua eta epea.

Dokumentuak Haurreskolak Partzuergoan aurkeztuko dira, 20 egun balioduneko epean, hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.26.3.– Dokumentuak aurkeztu ez izanaren ondorioak.

Ez dute aukerarik izango langile lan-kontratudun finko izateko adierazitako epearen barruan dokumentuak aurkezten ez dituztenek, ezinbesteko kasua gertatu ezean, ezta, aurkeztutako dokumentuen azterketaren arabera, 2.2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutenek, edo lanpostuaren zereginetan aritzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa ez dutenek ere. Kasu horietako baten bat gertatuz gero, egindako jarduketa guztiak deuseztatuko dira, eta gainera, baliteke eskabidea faltsutzeagatik hautagaiek erantzukizuna izatea.

Gaitasun fisikoa edo psikikoa dutela egiaztatzeko, Haurreskolak Partzuergoko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuan osasun-azterketa egiteko hitzordua emango zaie. Gaikuntza hori zehazteko, erreferentziatzat hartuko da Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren balorazio profesionalerako gida, zeinak zeregin eta eskakizun psikofisikoak definitzen baititu. Azterketa horren emaitza izango da «gai» edo «ez-gai» eta Zuzendaritza Batzordera eramango da.

2.27.– Langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzea.

Dokumentazioa aurkezteko epea amaituta, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen erabaki bidez aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuei dei egingo zaie Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzurako lan-kontratuak formalizatzeko.

Aukeratutako pertsonek erabaki horretan ezarritako egunean sinatu beharko dute lan-kontratua.

Ezarritako egunean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratua sinatzen ez duenak galdu egingo ditu Haurreskolak Partzuergoko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak, deialditik eratorriak, hain zuzen.

Halakoetan eta plazaren bat esleitu gabe gelditzen denerako, epaimahaiak deialdi honetako 2.4 atalaren arabera kontratazio-proposamen osagarria egingo du; esleitu gabe gelditu diren plaza-kopuru zenbat, hainbat izangai emango ditu aukeratutzat.

2.28.– Probaldia.

Lan-kontratuetan sei hilabeteko probaldia erabakiko da, baldin eta kontratatutako pertsonak aurrez probaldirik ez badu pasa Haurreskolak Partzuergoan eginkizun beretan.

Hautatutako norbaitek ez balu probaldi hori gaindituko, hautaketa-prozesuan onartutakoen behin betiko zerrenda hartu eta puntuazio-hurrenkeraren arabera dagokion hautagaiaren alde kontratazio-proposamen osagarria egingo du Epaimahaiak. Horretarako, aurreko paragrafoan adierazitako arrazoiak direla medio hutsik geratu diren plaza-kopurua zenbat, hainbat izangai emango ditu aukeratutzat deialdi honetako 10.5 artikuluaren arabera.

2.29.– Epaimahaia.

2.29.1.– Osaera.

Epaimahaiak kide hauek izango ditu: epaimahaiburua, hiru bokal eta idazkaria eta horien ordezkoak.

Epaimahaiaren edo epaimahaien izendapenean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin bermatuko da, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, 20.1.b) eta 20.3 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak aukeratuko du libreki epaimahai bakoitzeko presidentea.

Gainerako lau kideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen edo Euskadiko Udalen Elkartearen proposamenez izendatuko ditu Zuzendaritza Batzordeak. Horietatik gazteenak idazkari lanak egingo ditu.

Epaimahaiak, komeni dela uste badu, aukera izango du adituei aholkua eskatzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoaren alorreko aholkularitza eman besterik ez dute egingo, epaimahaiarekin lankidetzan aritzen direnean.

Epaimahaikide-lana modu indibidualean egingo da beti, eta ezin izango da inoren izenean edo inoren ordezkari gisa aritu.

2.29.2.– Izendapena.

Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak izendatuko ditu epaimahaikideak. Izendapenak eta onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda aldi berean argitaratuko dira Haurreskolak Partzuergoaren web orrian.

2.29.3.– Abstenitzea eta errekusatzea.

Epaimahaiko kideek ezin izango dute prozesuan parte hartu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritako kasuetan; eta halakoetan, horren berri jakinarazi beharko diote Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari.

Aurreko kasuren bat gertatzen denean ere, interesdunek noiznahi aukera izango dute epaimahaikideak errekusatzeko, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.29.4.– Jarduteko arauak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak. Betiere, epaimahaiburuak aginduta eta idazkariak bilerarako deia eginda bilduko da epaimahaia. Balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da epaimahaiburua eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkoak) eta gutxienez bi bokal bertaratzea.

Epaimahaikide guztiek izango dituzte hitza eta botoa.

Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Epaimahaiburuaren kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira berdinketak.

Epaimahaiburua ordezkatzea Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak baimenduko du, eta kideak ordezkatzea berriz, Epaimahaiburuak, baina izendatu dituen erabakian ordezko gisara ageri direnetako bat izan beharko du beti ere.

2.29.5.– Ahalmenak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta bera izango da prozeduraren gardentasun eta objektibotasunaren, eta konfidentzialtasunaren eta deialdiko oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.

Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, batetik, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu; eta, azkenik, oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako, behar diren irizpideak ezarriko ditu.

2.29.6.– Egoitza.

Erreklamazioak bide elektronikoz aurkeztuko zaizkio epaimahaiari, eta, horretarako, Haurreskolak Partzuergoko web orrian, eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da.

Era berean, 2.5. oinarrian adierazitako Partzuergoko bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bulegoetako edozeinetan.

Jakinarazpenetarako eta bestelako kontuetarako, epaimahaiak Haurreskolak Partzuergoaren egoitza nagusian izango du helbidea: Otaola 29 Etorbidea, Jaizkibel Eraikina, 1. Solairua, 20600 Eibar.

2.29.7.– Egindako zerbitzuagatik jaso beharreko kalte-ordainak.

Epaimahaikideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo honetako indarreko araudiarekin bat etorriz.

Dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, era berean, epaimahaiari aholkularitza ematen dioten pertsonek.

3.– Hautaketa-prozesuko datuen babesa eta kudeaketa.

Parte hartzen dutenek aurkeztutako datuak hautaketa-prozedura hauetan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoan ezarritakoan xedatutakoari jarraituz (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294 zk).

Fitxategiaren erabilera eta funtzionamendua bat etorriko dira aipatutako Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenekin.

Eskatzaileek aurkeztutako izaera pertsonaleko datuak datu pertsonalen fitxategi automatizatu baten parte izango dira, bere helburua hautaketa prozesuaren kudeaketa izango delarik. Fitxategi honen arduraduna Haurreskolen Partzuergoa izango da eta bere aurrean sarbide, zuzenketa, deuseztapen eta aurkatze eskubideak egikaritu ahalko dira.

Eskatzaileek berariaz onartzen dute bere izaera pertsonaleko datuak oinarrietan ezartzen den moduan tratatuak izatea, eta Haurreskolen Partzuergoko web orrian argitaratzea, betiere hautaketa prozesu honetako berezko tramiteekin loturik.

4.– Interpretazioa.

Euskarazko bertsioaren eta erdarazkoaren artean desadostasunik bada, euskarazkoak izango du balio osoa.


Azterketa dokumentala