249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (414 KB - 18 orri.)
- EPUB (584 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
5780
EBAZPENA, 2022ko abenduaren 5ekoa, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, zeinaren bidez onetsi eta argitaratzen baita Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agentearen eta agente lehenaren kategorietako zein ikuskapen eskalako ofizialordearen eta ofizialaren kategorietako lanpostuak –merezimendu lehiaketa orokorraren sistemaren bidez (C250) bete beharrekoak– hornitzeko lehiaketa.
Ertzaintzaren egitura eta gaur egun indarrean dauden lanpostuen zerrenda ikusita, eta dauden langile-beharrak kontuan hartuta, izendapen askearen eta merezimendu lehiaketaren sistemen bidez bete beharreko lanpostuak betetzeko deialdia egiten da, izan ere, Ertzaintzaren egituran hutsik dauden lanpostuak dira eta aurrekontu-zuzkidura dute.
Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 9. artikuluak Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari esleitzen dizkion eskumenen babesean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 125. artikuluan aurreikusitako Mahaia 2022ko azaroaren 29ko bilkuran negoziatu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea eta argitaratzea Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako zenbait lanpostu, merezimendu lehiaketa orokorraren sistemaren bidez (C250), behin betiko betetzeko deialdia, 1. eranskinean jasota dauden oinarriak aintzat hartuta.
Bigarrena.– 1.– Deialdi honen bidez beteko diren lanpostuak honako hauek dira:
a) Bigarren jarduerako administrazio-egoeran hornitu daitezkeen Ertzaintzaren egiturako zenbait lanpostu, honen 2. eranskinean zerrendatuta daudenak.
b) Merezimenduen lehiaketaren sistemaren bidez hornitu behar diren Ertzaintzaren egiturako zenbait lanpostu, espezialitate betekizuna izan zein ez, honen 3. eranskinean zerrendatuta daudenak.
c) Esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak eta esleipen-proposamena egin arte sortzen direnak, bai eta aipatutako eranskinetan izartxoarekin (*) identifikatzen diren kodeetan hutsik geratzen direnak ere.
2.– Bigarren jarduerako administrazio egoeran hornitu daitezkeen lanpostuetatik betetzen ez direnek 3. eranskinean deitutakoen kopurua handituko dute neurri berean.
Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik egin gabe.
2.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuko da, behin betiko atxikipenen ebazpena Gurenet atarian noiz jarri den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak zehaztuko du zein izango den balizko aurkaratzeak edo errekurtsoak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.
Laugarrena.– 1.– Hautapen-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira.
2.– Datu pertsonalen tratamenduek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
3.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinean (Segurtasun-neurriak) aurreikusitakoekin.
Bosgarrena.– Aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, horren aurka eta eranskinen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 5a.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,
MIREN GOITIA GABIOLA.
1. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskatutako baldintza orokorrak eta, eskainitako lanpostuetan aritze aldera, lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituzten Ertzaintzaren karrerako funtzionario guztiek. Horrez gain, hauetako egoeraren batean egon beharko dute: zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 86. artikuluan aurreikusitako eszedentzian. Halaber, parte hartu ahal izango dute lege horren 92. artikuluan aurreikusitako eran zerbitzu aktibora itzultzen diren funtzionarioek.
2.– Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako prozeduren bitartez zerbitzu aktibora itzuliz hauek ere parte ahal izango dute: nahitaezko eszedentzia egoeran daudenek edo beste herri-administrazio batzuetan zerbitzuan ari direnek, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoaren arabera birgaitutakoek, sei hilabetetik gorako etendura-egoeran daudenek eta gainerako borondatezko eszedentziadunek, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraute-denbora bete badute.
3.– Bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden Ertzaintzaren karrerako funtzionarioek ebazpen honen 2. eranskinean zerrendatutako lanpostuak soilik eskatu ahalko dituzte.
4.– Deialdi honetan parte hartu behar dute eta merezimenduen lehiaketaren bidez hornitzen diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera hornitu ahal badituzte, honako Ertzaintzaren karrerako funtzionario hauek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 98. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzari buruzko Araudia onartzen duen 315/1994 Dekretuaren 54.2 artikuluan xedatutako irizpide eta baldintzen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitutako edo/eta emandako espezialitate-ikastaroa gainditu duten (eskainitako lanpostuak bete ahal izateko betekizunetako bat izanik), espezialitate horretan gutxieneko iraute denbora bete ez duten eta ikastaro hori espezialitate-betekizun moduan xedatuta duen lanpostu bat behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzaren karrerako funtzionarioek.
Betebehar hori betetzen ez dutenak behin betiko, eta derrigorrez, atxiki ahalko dira dagokion espezialitatearekin hutsik geratzen diren lanpostuei, eta ez dute inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.
Funtzionarioren batek espezialitate bat baino gehiago badu, aurreko ataletan xedatutako betebeharra lortutako azken espezialitateari buruzkoa dela ulertuko da.
Gutxieneko iraute-denboraren zenbaketa hasi egingo da funtzionarioak okupatuko duen lanpostuari exijitzen zaion espezialitatea egiaztatuta duen unetik aurrera, non eta Segurtasun sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Agindua, lanpostu zerrenda aldatzen duena, indarrean jarri aurretik ez badu beteta.
Zenbaketa horretan sartuko dira unitate barruko goragoko kategoriako eginkizunetan egindako aldiak, nahiz eta lanpostu horiek espezialitate-betekizunik ez izan.
b) Lanpostu bati behin-behinean atxikita dauden Ertzaintzaren karrerako funtzionarioek. Betebehar hori betetzen ez dutenak behin betiko, eta derrigorrez, atxiki ahalko dira hutsik geratzen diren lanpostuei, eta ez dute inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.
5.– Hurrengo hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan:
a) Arau-hauste larria edo oso larria egin izanagatik eginkizun-gabetze irmoaren administrazio-egoeran daudenek, egoera horretan dauden bitartean.
b) Lekualdaketaren bidez zigortu direnek, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araudiaren 15. artikuluan jasotakoari jarraituz.
c) Interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzia egoeran daudenek, baldin eta ez badute egoera horretan eman indarrean dagoen araudiak eskatutako gutxieneko denbora.
d) Gutxieneko iraute denbora berezia eskatzen duen lanpostu baten behin betiko esleipendunek, baldin eta ez badute epe hori bete (inguruabar hori lanpostuari uko egin eta organo eskudunak onartu izanaren ondoriozkoa denean izan ezik), bestearen iraute denbora eta izaera berberak dituen beste lanpostu batzuk lortzeko asmoa baldin badute, edo barne-sustapen bidez lanpostua galtzea dakarren beste kategoria batera igo badira, kategoria berrian iraute denbora eta izaera berberak dituzten lanpostu hutsak daudenean izan ezik; azken kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudiaren 5.3 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da.
e) Deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetu direnek bakarrik parte hartu ahal izango dute izendapen askearen sistemaren bidez hornitu beharreko plazak eskatuz.
Muga hori ez zaie ezarriko deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetu direnen artean gaur egun behin-behinean atxikita dauden pertsonei, salbu eta atxikipen modu hau lanpostuari uko egitetik (organo eskudunak onartuta) ondorioztatzen bada.
f) Eskuratu nahi duten lanpostuan gehieneko iraute-denbora bete dutenek, lanpostu-zerrendan ezarritakoaren arabera. Gehieneko iraute-denboraren betearazpena Segurtasuneko sailburuaren lanpostu zerrenda aldatzeari buruzko 2015eko martxoaren 12ko Aginduan eta harekin lotuta dagoen 2018ko urriaren 11ko Aginduan ezarritako aurreikuspenen arabera egingo da, baita hurrengo arau hauen arabera ere:
Babes eta Segurtasun, Esku-hartze eta Brigada Mugikorraren Unitateetan lanpostuak bete nahi izatekotan, lanpostu bakoitzerako eta unitate horietako bakoitzerako gehieneko iraute denboraren zenbaketa hasi egingo da funtzionarioak okupatuko duen lanpostuari exijitutako espezialitatea egiaztatuta daukan unetik aurrera, atxikipen modua edozein dela ere, espezialitatea lortzeko prestakuntza prozesuko praktikaldia salbu.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatzeko, Babes eta Segurtasun, Esku-hartze eta Brigada Mugikorraren Unitateei atxikitako lanpostuak, gehieneko iraute denbora dutenak, betetzeko aukera denean, unitate bereko Agente, Agente Lehen eta Ofizialorde kategorietarako gordetako lanpostuetan egindako jarduna zenbatuko da, lanpostu bakoitzerako.
Egitura organikoan eta lanpostu-zerrendan egindako moldaketen ondorioz lanpostuen identifikazio kodeak aldatu izan direla kontuan hartuta, lanpostu berberatzat hartuko dira haiek betetzeko kategoria eta espezialitate berberak eskatzen dituztenak, eta zenbatu egingo dira lehenengo lanpostu-zerrenda indarrean jarri zenetik aurrera, hau da, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Zenbaketa horretan sartuko dira unitate arteko goragoko kategoriako eginkizunetan egindako epealdiak, aipatutako unitateetako lanpostu horiek gehieneko iraute denbora ezarrita dutenean.
Brigada Mugikorraren Unitatearen kasuan, ez dira kontuan hartuko, ondorio hauetarako, Laguntza Atalean nahiz Indartze Brigadan eginkizunak gauzatzen edo lanpostuak betetzen egindako epealdiak.
Zaintza eta Erreskate Unitatean lanpostu bat eskuratu nahi izatekotan, gehieneko iraute denboraren zenbaketa hasi egingo da lanpostu horietako batean atxikipena gauzatzen den egunean.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Legearen testu bateginaren 104.2 artikuluan xedatutakoak lehentasunezko eskubidea aitortzen dien Ertzaintzaren karrerako funtzionarioek deialdi honetan eta behin bakarrik erabili ahal izango dute eskubide hori, udalerri berberean dauden kategoria berberako lanpostu hutsak kontuan harturik.
7.– Eskainitako lanpostuak betetzeko behar diren espezialitate-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emanak edo baliozkotuak izan beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzari buruzko Araudian xedatutakoaren arabera.
8.– Merezimenduak eskabideak aurkezteko epearen amaiera-dataren arabera baloratuko dira, eta data hori izango da, halaber, eskatutako baldintzak betetzeko erreferentzia-data.
9.– Parte hartzeko baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatuko da, eta merezimendu orokorrak ere ofizioz baloratuko dira, Segurtasun Sailak kudeatzen dituen langileen datu-baseetan dauden datuetan oinarrituta.
Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2023ko otsailaren 10era arte (egun hori barne) aurkeztu beharko dituzte eskabideak.
2.– Deialdi honetan parte hartzea eskatzeko, 4. eranskin gisa honekin batera doan eskabide-orri normalizatuaren eredua erabiliko da. Bertan, eskatzen diren lanpostuak zehaztuko dira eta, lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, baita lanpostu horien lehentasun-hurrenkera ere.
3.– Eskaerak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaerak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.
Hirugarrena.– Prozeduraren balorazioa.
1.– Merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornituko diren lanpostuak esleitzeko prozedura merezimendu orokorren balorazioan datza.
2.– Merezimendu orokorrak baloratzeko, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2022ko abenduaren 5eko Aginduan, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategoriak, ikuskapen-eskalako ofizialorde eta ofizial kategoriak, eta betearazpen-eskalako komisariorde kategorietako lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko merezimendu-baremo erkide eta bateratua onartzen duenean, ezarritako merezimendu baremoa aplikatuko da.
3.– Lehiaketako merezimenduen balorazioan lorturiko puntuaziorik handienak ezarriko du ertzainak zein hurrenkeratan baliatu ahal izango diren lehentasunezko eskubideaz, eskubide hori aitortuta dutenen artean.
Laugarrena.– Lanpostuak behin betiko betetzeko prozedurako esleipen faseak.
1.– Deialdi honen xede diren lanpostuen esleipena egiteko faseak bata bestearen atzetik joango dira eta preklusiboak izango dira. Hurrenkera hauxe izango da:
1.1.– Lehenik eta behin, bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ditzaketen lanpostuak esleituko dira. Lehenengo azpifasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenek. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako hautagaiek parte hartuko dute.
1.2.– Ondoren, merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuen esleipena egingo da, eskainitako lanpostuak betetzeko behar den espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan izanik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Legean jasotako eta deialdi honetako onartuen eta baztertuen ebazpenean aitortutako lehentasun-eskubideak kontuan izanik. Lehenengo azpifasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenek. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako hautagaiek parte hartuko dute.
Era berean, betekizun berberekin eta jada egindako esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak esleituko dira.
1.3.– Azkenik, behin-behineko atxikipenaz lanposturik esleitu ez zaien Ertzaintzaren karrerako funtzionarioei behin betiko eta derrigorrez esleitu egingo zaizkie esleitu gabe geratzen diren lanpostuak, merezimenduen lehiaketaren sistemaren bidez hornitu beharrekoak, lanpostuen zerrendan azaldutako hurrenkera betez. Esleipen horrek ez du sorraraziko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik.
2.– Fase batean esleitzen diren lanpostuak ez dira hurrengo faseetan hornituko. Hala, fase batean lanpostu baten esleipendun direnek ezin izango diote esleitutako lanpostuari uko egin, ezta deialdiko lanpostuen esleipen prozesuan jarraitu ere. Horregatik, ulertu beharko da, hurrengo faseetan lanposturen baten esleipendun suertatzen baldin badira, eskaerei uko egiten dietela.
3.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data igarota duten zuzkidurak betekizun hori egiaztatuta duten interesdunei esleituko zaizkie.
4.– Ertzaintzaren karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, izendapen askearen eta berariazko merezimendu lehiaketaren sistemen bidez hornitu beharrekoak, betetzeko Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2022ko abenduaren 23ko baterako ebazpenaren bidez deitutako prozesuetan lanpostu baten behin betiko esleipendun direnek deialdi honetan parte hartzeari uko egiten diotela ulertuko da.
Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.
1.– Berariazko merezimendu lehiaketa baloratzeko, hainbat Balorazio Batzorde eratuko dira, eta batzorde horien osaeran Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean Administrazioaren kide anitzeko organoei buruz eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritakoa beteko da, baita inpartzialtasun- eta espezialitate-printzipioak ere.
2.– Balorazio Batzordeak baloratuko ditu prozedura honetako merezimendu orokorrak, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Prozedura objektiboa dela ziurtatzeko ardura duenez gero, bermatu behar du deialdiaren oinarriak betetzen direla, eta gainera beharrezko akordioak hartu behar ditu dagokionean arauetan dauden hutsuneei aurre egiteko, eta haiek aplikatzean nabari azaltzen diren kontraesanei erantzun egokia emateko.
b) Merezimendu orokorrak baloratu behar ditu, edo lan hori beste norbaiti egokitu. Horretarako, dagozkion behin-behineko akordioak hartuko ditu, Gurenet atarian argitaratuko direnak. Interesdunek akordio horiek aurkaratu ditzakete bost (5) egun balioduneko epean, eta Batzordeak berak ebatziko ditu aurkaratze horiek.
c) Puntuazio handiena atera duten izangaiak proposatu behar ditu, eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari helarazi behar dio puntuazio handiena lortu dutenei lanpostuak esleitzeko proposamena, deialdiko lanpostu kopuruaren barruan eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera proposamen horien ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuen kopuruaren barruan; Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako lehentasun-eskubideei kalterik egin gabe.
3.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez, Balorazio Batzordeko kideak eta haien ordezkoak izendatuko dira. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da izendapen horiek Gurenet atarian noiz argitaratu diren adierazten duen iragarkia. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak zehaztuko du zein izango den balizko aurkaratzeak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.
4.– Balorazio Batzordeko kideek ez dute parte hartuko, organo eskudunari jakinarazita, eta izangaiek kideak errefusatu ditzakete, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako kasuetan.
5.– Balorazio Batzordearen erabakiak bertaratutakoen gehiengoaren botoekin hartuko dira eta, berdinketa gertatuz gero, presidente gisa ari denak ebatziko du. Ordea, presidentea edo haren ordezkoa ez badago, adinez nagusia den kidea izango da ebatziko duena.
6.– Balorazio Batzordea ezingo da eratu, eta ezingo du jardun, kideen erdia baino gehiago bertaratu ezean, idazkaria barne, eta deituko duen agintaritzari adituak izendatzea eskatu ahal izango dio. Adituok aholkulari lanak egingo dituzte, eta hitza izango dute, baina botorik ez.
7.– Balorazio Batzordean parte hartuz gero, legez aurreikusitako kalte-ordainak jasoko dira.
Seigarrena.– Izendapenak eta lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura ebaztea.
1.– Merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez bete beharreko lanpostuak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira, eta ebazpen hori prozedura honetan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.
Unitate jakinetan dauden langile premiak kontuan harturik, erabaki ahalko da unitate horietan Ertzaintzaren gainerako unitate eta zerbitzuetan baino lehenago lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura eraginkor bihurtzea eta gauzatzea.
2.– Lanpostu horien esleipendun gertatzen diren funtzionarioek ezin izango diete uko egin, eta ezin izango dute parte hartu azken behin betiko destinoa eskuratu zuen lehiaketa prozeduraren deialdiari buruzko ebazpenaren egunaren hurrengo bi urteetan deitzen diren lehiaketetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Legearen testu bateginaren 97.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudiaren 14.2 artikuluan ezarritako salbuespenarekin. Esleipen horiek borondatezkotzat joko dira, eta, ondorioz, ez dute eskubiderik sortuko ezein kontzepturengatik kalte-ordaina jasotzeko.
3.– Lehiaketa-prozeduraren bidez lanpostu bat lortzen duten funtzionarioak mugiarazi ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Legearen testu bateginaren 103.4 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudiaren 15. artikuluan ezarritako baldintzetan.
Zazpigarrena.– Deialdia ebazteko epea.
Deialdi hau ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, baina epe hori luzatu ahal da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Zortzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.
Deialdi honen bidez betetzekoak diren lanpostuez jabetzea berori ebatziko duen ebazpen bidez arautuko da, eta ez du ez baimenik ez lizentziarik sorraraziko.