249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (166 KB - 5 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
5778
AGINDUA, 2022ko abenduaren 5ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onetsi egiten baita merezimendu-baremo erkide eta bateratua merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko kategoria hauetako lanpostu hutsak: oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategoriak, ikuskapen-eskalako ofizialorde eta ofizial kategoriak, eta betearazpen-eskalako komisariorde kategoria, Ertzaintzan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 95. artikuluan xedatutakoaren arabera, lehiaketa da lanpostuak betetzeko ohiko sistema. Sistema horretan, dagokion deialdian ezarritako merezimenduak balioetsiko dira, eta edonola ere, aipatutako manuak ezartzen duen gutxieneko edukia jaso beharko du deialdiak.
Ildo berean, aurrekoa garatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeari buruzko erregelamenduak, abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren bidez onetsitakoak, 9. artikuluan ezartzen du eskaintzen diren lanpostuen ezaugarrietarako egokiak diren merezimenduak balioetsi beharko direla lehiaketetan, deialdi bakoitzak ezarritako eran, eta, zehazki, berariaz aipatutakoak, manu horretan adierazitako irizpideekin bat etorrita.
Dekretu hori, geroago, aldatu egin zuten martxoaren 6ko 42/2001 Dekretuak, otsailaren 3ko 20/2004 Dekretuak, 231/2009 Dekretuak eta maiatzaren 17ko 94/2011 Dekretuak. Ertzaintzako behe-mailako kategoria eta eskaletan, bereziki, oinarrizko lanpostuen konfigurazio bereizigabea dela-eta, mugikortasun horizontal edo geografikoaren ideia nagusitzen da kidegoko lanpostuen eskalako sustapenaren gainetik, eta, ondorioz, azken dekretu horrek aldatu egiten du erregelamenduaren lehen xedapen gehigarria. Horren egungo idazketak justifikatu egiten du hau.
Ondorioz, eta lehiaketa bidez lanpostu hutsak betetzeko etorkizuneko deialdiaren aurreko fase gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 125. artikuluan aurreikusitako Mahaiaren bilkuran nahitaez aztertu eta negoziatu ondoren 2022ko azaroaren 29an egin zen bilkuran, Ertzaintzaren Kontseilua entzunda data berean egindako bileran, eta bat etorriz 388/1998 Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak emandako gaikuntzarekin (94/2011 Dekretuak emandako idazketan) eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak emandako eskumenen arabera, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Merezimendu-baremoa onestea.
Onetsi egiten da agindu honetan jasota dagoen merezimendu-baremo erkide eta bateratua. Baremo hori aplikatuko da merezimendu-lehiaketaren bidez kategoria hauetako lanpostu hutsak betetzeko: oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategoriak, ikuskapen-eskalako ofizialorde eta ofizial kategoriak, eta betearazpen-eskalako komisariorde kategoria, Ertzaintzan. Hori guztia Euskal Autonomoa Erkidegoko kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko indarrean dagoen erregelamenduan ezarritako baldintzetan.
2. artikulua.– Baremoaren kontzeptu ezberdinen balio globala.
1.– Merezimendu-baremoaren kontzeptu ezberdinen balio globala 100 puntuk osatuko dute. Puntu horiek proportzio honetan banatuko dira, adierazten den gehieneko puntuazioarekin:
a) Antzinatasuna: 35 puntu.
b) Garapen profesionalaren maila: 10 puntu.
c) Egindako lana: 45 puntu.
d) Titulazio eta gradu akademikoak: 5 puntu.
e) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak: 3 puntu.
f) Kondekorazio eta aintzatespen profesionalak: 2 puntu.
2.– Euskararen ezagutza-maila balioestea. Euskararen ezagutza-maila merezimendu gisa balioetsiko da lanpostuaren betekizuntzat eskatzen ez denean. Balioespen hori honakoa izango da:
a) 1. hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetarako, 1. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izateagatik: 10 puntu.
b) 2. hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetarako, 2. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izateagatik: 20 puntu.
c) 2. hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetarako, 1. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izateagatik: 10 puntu.
3. artikulua.– Antzinatasuna.
1.– Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, zerbitzu aktiboko egoeran eta bigarren jarduerako egoeran emandako denbora hartzen da kontuan, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatzen da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian; ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzeko borondatezko eszedentzian; genero-indarkeriagatiko eszedentzian; nahitaezko eszedentzian; zerbitzu berezietan; eta beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuen administrazio-egoeran. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute antzinatasunaren zenbaketa eteten.
Ertzaintzako antzinatasunaren kontzeptua zenbatzen hasteko data hauxe izango da: izangaia Ertzaintzako karrerako funtzionario izatera iritsi den prozedura barruan, praktikaldiko funtzionarioaren izendapenaren ondore-datari dagokiona.
Hutsegite arinen ondoriozko eginkizun-gabetzeak ez du antzinatasunaren zenbaketa eteten.
Hutsegite astunen kasuan ere ez da antzinatasun-denbora murriztuko, baldin eta eginkizun-gabetzearen ondoriozko zehapena Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 146. artikuluko bosgarren apartatuan ezarritako modalitatearen bidez bete bada.
2.– Ertzaintzako antzinatasuna 35 punturekin balioetsiko da gehienez; honela: 0,08 puntu hilabete oso bakoitzeko.
4. artikulua.– Garapen profesionalaren maila.
1.– Garapen profesionaleko maila bat edukitzeagatik 10 puntu emango dira gehienez.
2.– Indarrean dagoen garapen profesional aitortuaren maila hartuko da kontuan, betiere lanpostuak betetzeko prozeduraren eskabideak aurkezteko epearen barnean.
3.– Aitortutako lanbide-garapeneko maila bakoitzeko 2,5 puntu emango dira:
1. maila: 2,5 puntu.
2. maila: 5 puntu.
3. maila: 7,5 puntu.
4. maila: 10 puntu.
5. artikulua.– Egindako lana.
1.– Eginiko lana balioesteko, dagokion kategorian karrerako funtzionarioaren izendapen-data hartuko da erreferentziatzat, hurrengo arauen arabera. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoeran eginiko lana balioetsiko da, bai eta seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia eta genero-indarkeriagatiko eszedentzia ere; eta, ondorioz, ez dira zenbatuko bestelako administrazio-egoeretan eginiko aldiak.
2.– Ez dira eginiko lantzat joko norberaren gauzetarako baimen gisa hartutako aldiak, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeretan.
3.– Lanpostuak betetzeko prozesuaren deialdiaren aurre-aurreko 25 urteetan Ertzaintzan eginiko lana balioetsiko da, gehienez ere 45 punturekin, baremo partzial honen arabera:
a) Lehiakideak gaur egun daukan kategorian eginiko lana; kategoria horrekin parte hartzen baitu lanpostuak betetzeko prozeduran: 0,15 puntu hilabete oso bakoitzeko.
b) Lehiakideak gaur egun daukan kategoria baino beheragoko mailako kategorietan eginiko lana; egungo kategoriarekin parte hartzen baitu lanpostuak betetzeko prozeduran: 0,08 puntu hilabete oso bakoitzeko.
c) Eskalarako gordetako lanpostuak eskatzen direnean, hilabete oso bakoitzeko 0,15 punturekin balioetsiko da eskala berean dauden kategorietako edozeinetan eginiko lana, gaur egun kategoria horietakoren bat izanez gero.
d) Eskalarako gordetako lanpostuak eskatzen direnean, hilabete oso bakoitzeko 0,08 punturekin balioetsiko da beheko eskalan dauden kategorietako edozeinetan eginiko lana, goiko eskalako kategoria batekoa izatera igaro bada.
e) Espezialitatea eskatzen duten lanpostuetarako, espezialitate-betekizun hori duten lanpostuetan eginiko lana bakarrik balioetsiko da, egiaztatu denetik aurrera, aurreko arauen arabera.
4.– Organo eskudunaren ebazpen baten bidez, norberarena baino kategoria handiagoko lanpostuetan eta/edo espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan egindako lanagatik, hilean 0,04 puntu gehituko zaizkie artikulu honen 3. zenbakiko apartatuetan aurreikusitako puntuazioei.
6. artikulua.– Titulazio eta gradu akademikoak:
1.– Titulazio akademiko ofiziala izatea edo/eta hizkuntzak jakitea gehienez 5 punturekin baloratuko da, eta bi kontzeptuengatiko kalifikazioen baturatik lortu ahal izango dira.
2.– Titulazio akademiko ofizialak izatea balioetsiko da, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparrua (MECES) ezartzen duen uztailaren 15eko 1027/2011 Errege Dekretuaren arabera.
Ez da balioetsiko norberaren kategorian sartzeko baldintza betetzeko balio izan zuen titulazio akademikoa.
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, erdi mailako unibertsitate titulazioaren baliokidetzat hartuko da lizentziaturako hiru maila oso gaindituta izatea.
Titulazio ofizial bakoitza, ezarritako gehienekora iritsi arte, hurrengo taulan xedatutakoaren arabera balioetsiko da, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruaren (MECES) arabera dagokion maila aintzat harturik:
Puntuazioa honela banatuko da:
a) 1. maila: goi-mailako teknikaria, 1 puntu.
b) 2. maila: diplomatura, 2 puntu.
c) 2. maila: gradua, 3 puntu.
d) 3. maila: masterra/lizentziatura, 4 puntu.
e) 4. maila: doktorea, 5 puntu.
3.– Europako Kontseiluak onetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko hizkuntza titulu edo ziurtagiri ofiziala edukitzea baloratuko da, baremo honen arabera:
a) B1 maila: 0,5 puntu.
b) B2 maila: 1 puntu.
c) C1 maila: 1,5 puntu.
d) C2 maila: 2 puntu.
Hizkuntza bati dagokionez egiaztatutako ezagutza-mailarik altuena bakarrik baloratuko da, eta hizkuntza bakoitzari emandako puntuazioa metatu ahal izango da, ezarritako mugaraino.
Eskakizun gisa 1. hizkuntza-eskakizuna eskatzen denean, 2. hizkuntza-eskakizuna izatea C1 maila gisa baloratuko da.
7. artikulua.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak.
1.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroei dagokienez, Segurtasun Sailak programatutako espezializazio-ikastaroak soilik baloratuko dira, hurrengo atalean ezarritakoaren arabera eta ikastaro bakoitzari emandako puntuazioa metatu ahal izango da, ezarritako gehienekora arte, eta inola ere ezin izango dira baloratu deialdian parte hartzeko ezinbesteko betekizun gisa eskatzen diren ikastaroak.
2.– Segurtasun Sailak programatutako espezializazio-ikastaro hauek baino ez dira balioetsiko, gehienez ere 3 puntu lortu arte, ondoko baremoa kontuan hartuta:
– Esku-hartze ikastaroa: 1 puntu.
– Brigada Mugikorreko ikastaroa: 1 puntu.
– Eskolten ikastaroa: 1 puntu.
– Lehergailuak indargabetzeko ikastaroa eta NEBK ikastaroa: 1 puntu.
– Txakur-gidarien ikastaroa: 1 puntu.
– OIKI I edo OIKI II edo IKI ikastaroa, edo haren aurreko IKOIak: 1 puntu.
– Bide-segurtasunari buruzko ikastaroa: 1 puntu.
– Helikoptero-pilotuen ikastaroa: 1 puntu.
8. artikulua.– Ertzaintzaren kondekorazio eta ohorezko sariak.
1.– 202/2012 Dekretuak, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko denak, kondekorazioak eta aintzatespen profesionalak arautzen ditu. Bada, gehienez 2 punturekin baloratuko dira, ondoren azaltzen denaren arabera:
a) 202/2012 Dekretuko bereizgarri gorridun domina eta polizia-lana aintzatesteko domina, 71/2004 Dekretuaren arabera emandakoa: 2 puntu.
b) 202/2012 Dekretuko bereizgarri berdedun domina eta zorion-adierazpena, 71/2004 Dekretuaren arabera emandakoa: 1,5 puntu.
c) Bereizgarri zuridun domina: 1 puntu.
d) Polizia-zerbitzuarengatiko bereizgarri gorridun diploma: 0,5 puntu.
e) Polizia-zerbitzuarengatiko bereizgarri zuridun diploma: 0,25 puntu.
9. artikulua.– Epeak zenbatzeko irizpidea.
Agindu honen bidez onesten diren baremoek nahitaez ezartzen dituzten hilabeteen zenbaketa guztiak formula honen arabera egingo dira:
(Ikus .PDF)
10. artikulua.– Berdinketa hausteko irizpideak.
Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, emakumezkoari lehentasuna emango zaio baldin eta dagokion lanpostu-kodean emakumezkoak % 40 baino gutxiago badira. Berdinketak irauten badu, adierazitako merezimenduei eman zaien puntuazioaren arabera ebatziko da, agertzen diren hurrenkeran. Horrelakorik ez badago, lehiatzen den kategorian karrerako funtzionario gisa hasitako eguna aplikatuko da; hori nahikoa ez bada, kategoria horretan sartzeko hautaketa-prozesuan izandako lehentasun-hurrenkera erabiliko da.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 5a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.