Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5775

4/2022 FORU DEKRETU-ARAUA, abenduaren 13koa, zeinaren bidez saiheste fiskaleko praktiken kontrako zerga aldaketak onesten baitira, Kontseiluaren 2016/1164/EB eta 2017/952/EB Zuzentarauekin bat etorriz (ATAD 1 eta 2).

Kontseiluaren 2016ko uztailaren 12ko 2016/1164/EB Zuzentarauak, barne merkatuaren funtzionamenduan zuzeneko eragina duten saiheste fiskaleko praktiken aurkako arauak ezartzen dituenak, asimetria hibridoen aurka borrokatzeko xedapenak sartu zituen hasiera batean, Kontseiluaren maiatzaren 29ko 2017/952/EB Zuzentarauak geroago zabaldu dituenak. Izan ere, azken horrek neurriak ezarri ditu asimetria hibridoak modu globalago batean neutralizatzeko, hirugarren herrialdeak inplikatzen dituztenak barne.

Kontseiluaren maiatzaren 29ko 2017/952/EB Zuzentarauak asimetria hibrido batzuk jasotzen ditu ELGAren BEPS proiektuaren 2. ekintzari buruzko azken txostenean jasotakoan oinarrituta, eta behar diren erregelak ezartzen ditu horiek ezabatzeko. Horrela, bi agindu ezartzen ditu: lehen agindu bat, asimetria hibrido bakoitza neutralizatzeko irtenbide egokientzat jotzen dena, eta bigarren agindu bat, zeina aplikatuko baita baldin eta kasuan kasuko jurisdikzioan lehen agindu hori ez bada aplikatzen Zuzentarauaren transposizioan desadostasunen bat dagoelako edo asimetriak defentsa neurririk onetsita ez daukan hirugarren estatu bati eragiten diolako.

Urtarrilaren 19ko 1/2021 Foru Dekretu-Arauak, Kontseiluaren 2016/1164/EB Zuzentaraua hirugarren herrialdeekiko asimetria hibridoei dagokienez aldatzen duen maiatzaren 29ko 2017/952/EB Zuzentarauaren transposizioari buruzkoak (Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2021eko otsailaren 3ko Ebazpenaren bidez baliozkotu zuten), Kontseiluaren maiatzaren 29ko 2017/952/EB Zuzentarauan jasotako erregelak ekarri zituen Gipuzkoako zerga ordenamendura, eta bi foru arau hauetan sartu zituen: Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauan.

Urtarrilaren 19ko 1/2021 Foru Dekretu-Arauaren zioen azalpenean islatzen zen bezala, lehen une batean ez zen beharrezkotzat iritzi inolako arau espezifikorik sartzea Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 29ko 2017/952/EB Zuzentarauaren bidez sartutako 9 bis artikuluan jasotako aginduari dagokionez, gure zerga ordenamenduak jada hura jasotzen zuelakoan. Une hauetan, ordea, beharrezkotzat jotzen da behar diren aldaketak egitea artikulu horretan ezarritakoa betetzeko, eta, horretarako, bi foru arau aldatzen dira, Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua. Horrekin, azkena ematen zaio Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 29ko 2017/952/EB Zuzentarauaren transposizioari.

2016/1164/EB Zuzentarauaren 9 bis artikuluak, 2017/952/EB Zuzentarauak hirugarren herrialdeekiko asimetria hibridoei dagokienez emandako idazkeran, alderantzizko asimetria hibridoen kasua arautzen du esanez estatu kideak behartuta egongo direla fiskalki gardenak diren entitateak zerga ikuspegitik egoiliartzat hartzera partaide gehienen egoitza herrialdeko legeriak errentaren gaineko zerga pertsonalaren mendeko entitatetzat hartzen dituenean. Horrekin saihestu nahi da asimetria hibridoko egoerak gertatzea, zeinetan errenta jakin batzuk ez baitira inongo herrialde edo lurraldetan zergapetzen.

Horrela, foru dekretu-arau honen bidez, gure zerga ordenamendura ekartzen da 2016/1164/EB Zuzentarauaren 9 bis artikuluko agindua, zeinaren helburua baita errentak esleitzeko araubidean dauden entitateek ez sortzea aurreko paragrafoan adierazitako asimetria hibridoa, eta, propio ezarrita dauden baldintzak betez gero, sozietateen gaineko zergaren zergadun bihurtzea; horrelakoetan, gainera, beren errentak zehazteko metodoari dagozkion kontabilitate eta erregistro betebeharrak izango dituzte.

Horrez gain, aldaketak sartzen dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 25 bis artikuluan, haren edukia aipatutako 2016/1164/EB Zuzentarauan interes kengarriak mugatzeari dagokionez jasotzen den erregela Europako Batzordeak berriki egin duen interpretaziora egokitzeko. Izan ere, zuzentarau horrek, duela gutxi Luxenburgora bidalitako irizpen arrazoituaren argitan, izaera exhaustiboa ematen die 2016/1164/EB Zuzentarauan definitzen diren eta aipatutako mugaren aplikaziotik kanpo gera daitezkeen «finantza sozietateei».

Esandako arau aldaketek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izan behar dituzte ondorioak, Europako Batzordeak halaxe eskatu baitu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 258. artikuluko lehen paragrafoan xedatutakoari jarraituz, eta horrek justifikatu egiten du aldaketa horiek urgentziaz onestea.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Bat.– 10. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.– Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateek ez dute zerga honengatik tributatuko, foru arau honen 31 bis artikuluko 11. apartatuan xedatutakoan izan ezik.»

Bi.– 25 bis artikuluaren 6. apartatuko a) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«a) Kreditu entitateei eta aseguru etxeei.»

Hiru.– 31 bis artikuluari beste apartatu bat gehitzen zaio, 11.a, ondoren zehazten den edukiarekin, eta 11. eta 12. apartatuak 12. eta 13. apartatu bihurtzen dira, hurrenez hurren:

«11.– Entitate batek edo artikulu honen 12. apartatuan jasotako zentzuan elkarri lotutako batzuek, urteko edozein egunetan, ehuneko 50eko edo hortik gorako portzentajean parte hartzen badute, zuzenean edo zeharka, errentak esleitzeko araubidean dagoen entitate baten kapitalean, funts propioetan, emaitzetan edo haren boto eskubideetan, eta entitate horiek egoiliartuta badaude errentak esleitzen dituen entitatea errentaren gaineko zerga pertsonal baten zergaduntzat hartzen duten herrialde edo lurraldeetan, entitate partaidetuak ondoren aipatzen diren errenta positiboak direla eta tributatuko du zergadun gisa (errentak esleitzen dituen entitatea errentaren gaineko zerga pertsonal baten zergaduntzat hartzen duen herrialde edo lurraldean egoiliartutako partaideetako edozeini egotzi beharreko errenta positiboak):

– Espainiako lurraldean lortutako errentak, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari lotuta eta hartatik salbuetsita daudenean.

– Atzerriko errentak, haien ordaintzailearen edo ordaintzaileen herrialdeak edo lurraldeak exijitutako zerga bati lotu gabe edo hartatik salbuetsita daudenean, baldin eta errenta horiek ez badute beste modu batera tributatzen beste edozein jurisdikziotako zerga legeriaren arabera.

Zergaldia errenta horiek lortzen diren urte naturala izango da.

Errentak esleitzeko araubidean dagoen entitateak lortzen dituen gainerako errentak bazkideei, jaraunsleei, erkideei edo partaideei egotziko zaizkie, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren IV. tituluaren VI. kapituluko 2. sekzioan edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren VI. kapituluan xedatutakoaren arabera tributatuko dute.»

Lau.– Aldaketak sartzen dira 54. artikuluaren 11. apartatuko bigarren paragrafoan, eta honela geratzen da idatzita:

«Apartatu honi dagokionez, aplikatzekoa izango da foru arau honetako 31 bis artikuluaren 1. apartatuko bigarren, hirugarren eta laugarren paragrafoetan eta 8. eta 12. apartatuetan jasotakoa.»

Bost.– Aldaketak sartzen dira 54. artikuluaren 12. apartatuko bigarren paragrafoan, eta honela geratzen da idatzita:

«Apartatu honi dagokionez, aplikatzekoa izango da foru arau honetako 31 bis artikuluaren 1. apartatuko bigarren, hirugarren eta laugarren paragrafoetan eta 8. eta 12. apartatuetan jasotakoa.»

2. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.

Aldaketak sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 11. artikuluko 3. apartatuan, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateak ez dira egongo sozietateen gaineko zergari lotuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 31 bis artikuluko 11. apartatuan xedatutakoa aplikatzekoa denean izan ezik.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Foru dekretu-arau honen bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sisteman txertatzen dira asimetria hibridoei dagokienez Kontseiluaren 2016ko uztailaren 12ko 2016/1164/EB Zuzentarauak, barne merkatuaren funtzionamenduan zuzeneko eragina duten saiheste fiskaleko praktiken kontrako arauak ezartzen dituenak, finkatu dituen arauak, betiere Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 29ko 2017/952/EB Zuzentarauak, 2016/1164/EB Zuzentaraua hirugarren herrialdeekiko asimetria hibridoei dagokienez aldatzen duenak, emandako idazkerari jarraituta. Horrez gain, kreditu eta aseguru entitateen kasuan, finantza gastuen kengarritasunak duen mugaren aplikazio eremu subjektiboa zehazten da, aipatutako 2016/1164/EB Zuzentarauarekin bat.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmenak.

Baimena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2022ko abenduaren 13a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala