248. zk., 2022ko abenduaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (263 KB - 15 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5755
EBAZPENA, 2022ko abenduaren 14koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2023an dirulaguntzak emateko deialdia egin eta dirulaguntza horiek arautzen dituena.
Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideak eta emakumeen funtsezko askatasunak urratzen ditu. Horrek galarazten du emakumeek gizartean osotasunez parte hartzea eta gizaki legez duen ahalmena gauzatzea.
Era berean, indarkeria horren tamainak eta izaera ikusezinak gizartean harenganako tolerantzia-maila handia izatea indartzen du, eta tolerantzia hori oinarritzat hartzen du, baita indarkeriazko portaerei eusten dieten balio eta jarreren iraupena ere.
Gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria errotik desagerrarazteko, gizartean portaera jakin batzuk aldatu behar dira, eta hori ez da gertatuko ez badira balioak, jarrerak eta usteak aldatzen. Oro har, balio-aldaketa hori kontzientzia kolektiboan kokatu behar da, laneko eta etxeko eremuetan esleitutako zereginetan, baita helduaroan nahiz haurtzaroko eta nerabezaroko hezkuntzan berdintasunean hazitako pertsona proaktiboen sustapenean ere. Horregatik, beharrezkoa da herritarrei informazioa ematea eta sentsibilizazioa lantzea neurriei eta problematikei buruz, pertsonen, gizartearen, familien eta lan-arloaren esparru guztietan berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko.
Ildo horretan, funtsezkoa da sentsibilizazio-, informazio- eta prestakuntza-ekintzekin jarraitzea, emakumeen aurkako indarkeria mota desberdinak ikusarazteko, eta indarkeria hori emakumeek jasaten duten desberdinkeria- eta diskriminazio-egoera abiapuntutzat hartuz azaldu ahal izateko, egoera horien guztien prebentzioa sustatuz. Xede horrekin, ezinbestekoa da erantzun integrala eta diziplina anitzekoa ematea emakumearen aurkako indarkeriaren aurrean; erantzun horretan, gizarte-eragile guztien jardunak bateratu behar dira, koordinatuta.
Erakunde publikoek ez ezik, arlo honetan diharduten irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteek ere gauzatzen dituzte emakumeen aurkako indarkeriazko portaerez sentsibilizatzeko eta halakoak prebenitzeko abian jarritako programak. Hortaz, egoki da indarkeria horri buruz sentsibilizatzeko eta hura prebenitzeko proiektuak, programak, ekintzak edo estrategiak abiarazten dituzten erakundeei laguntzea.
Gainera, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.3 artikuluak ezartzen duenez, EAEko administrazio publikoek lege honetan aurreikusitako helburuak lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarte eta erakundeei lagunduko diete, eta erakunde horiekin –emakumeen etxeekin, esaterako– lankidetza publiko-pribaturako bideak sustatuko dituzte, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, emakumeen aurkako indarkeria matxistako kasuak hautemateko eta biktimei laguntzeko espazioak sustatzeko.
Ikuspegi horrekin, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2.q) artikuluak aurreikusten du, erakunde horren funtzioetako bat bezala, «nolako xedeak edo eginkizunak dituzten kontuan hartuta, Emakunderen helburuak lortzen lagundu dezaketen elkarte, fundazio eta enteekin harremanak ezartzea, bai eta haiekin lankidetzan aritzeko bideak ere».
Hori guztia dela medio, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, ebazpen honen bitartez, honako helburu hau duten dirulaguntzak arautu eta haietarako deialdia egiten du: emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haien inguruko sentsibilizazioa sustatzeko ekintzak garatzea.
Bestetik, deialdi hau 2023ko abenduaren 2an onartutako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babespean egiten da. Era berean, dirulaguntzetarako honako hauetan araututako araubideari lotuta dago: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.
Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2023ko Aurrekontu Orokorren kontura.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen helburua da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beherago zehazten den xedea duten erakunde, elkarte eta fundazioei –irabazte-asmorik bakoak badira– dirulaguntzak emateko deialdia egitea eta hura arautzea: emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haien inguruan sentsibilizatzeko proiektuak, programak edo egintza konkretuak gauzatzea, 2023. urtean zehar; betiere, aurrekontuan kontsignatutako kredituek ezartzen dituzten mugen barruan, eta Emakundearen xede eta helburuekin bat etorriz; bestek beste honako xede hauek: EAEko bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren arloetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoa eta eragingarria lortzea; sexuen arteko berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzea; erabateko berdintasuna egitez eta zuzenbidez galarazten duten eragozpenak ezeztatzea, eta Euskadin emakumearenganako diskriminazio-era guztiak desagerraraztea.
2.– Emakumeen aurkako indarkeria matxista dira bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkako indarkeria, familia barrukoa, sexu-indarkeria, feminizidioa, emakumeen eta neskatilen salerosketa, sexu-esplotazioa, emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak eta beste praktika tradizional kaltegarri batzuk, hertsapena edo askatasun-gabetze arbitrarioa, tortura, indarkeria instituzionala, jazarpena, genero-indarkeria politikoa, indarkeria digitala eta sare sozialetakoa, obstetrikoa, sexu- eta ugalketa-eskubideen urraketa, bai eta emakumeen eta neskatilen duintasuna, osotasuna edo askatasuna urratzen duen edo urra dezakeen beste edozein indarkeria-mota ere, nazioarteko tratatuetan, Espainiako Zigor Kodean edo estatuko edo autonomia-erkidegoko araudian aurreikusita badago. Hori guztia, edozein eremu publiko edo pribatutan gertatzen dela ere, honako esparru hauetara mugatzen ez bada ere: familia, lana, hezkuntza, osasuna, kirola eta komunitatea, komunikabideak, aisialdiko eta jaietako espazioak eta ingurune birtuala.
Indarkeria matxistatzat joko da, halaber, biktimei babesa ematen dieten pertsonen aurka egindakoa, bai eta emakumearen ingurune hurbilaren eta afektiboaren aurkakoa ere, bereziki seme-alaben eta beste senide batzuen aurkakoa, emakumea atsekabetzeko asmoz egindakoa, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoarekin.
3.– Ez dira diruz laguntzekoak izango indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzea xedetzat duten proiektu, programa eta jarduerak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako xedeetara bideratutako baliabide ekonomikoak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira. Guztira, hirurehun mila (300.000) euro esleitu dira.
2.– Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen da).
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak helburu orokorrak dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteek eska ditzakete, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako betekizunak betetzen badituzte, egoitza soziala EAEn badute, eta euren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen badute. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legeren aplikazio-eremukoak diren fundazioek eska ditzakete laguntzok. Euren izaera juridikoa edozein delarik ere, eskabidea egiten duen orok Erakundearen xede edo helbururen bat izan behar du (ebazpen honen 1.1 artikuluan jasota daude).
2.– Ez dira erakunde onuradun izango xede partikularrak dituzten federazio, erakunde eta elkarteak, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 5. artikuluan ezarritako sailkapenarekin bat etorriz.
3.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duen 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak emandako aldaketaren arabera.
4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.
1.– Laguntzak behin bakarrik esleituko dira, egintza bakarrean, eta, horretarako, norgehiagokaren lehiaketa-teknika erabiliko da.
Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. Artikulu honetan zehaztutako irizpide eta baremoei jarraikiz, onartzen den aurrekontuaren % 100 finantzatu daiteke, baina proiektu eta erakunde bakoitzak 12.000 euro jasoko ditu, gehienez ere. Hor, proiektuaren xede diren jarduera guztiak sartuko dira. Erakunde onuradun bakoitzeko bi jarduera lagundu daitezke, gehienez ere.
Ildo horretan, onartutako proiektutik ondorioztatzen den zenbatekoari dirulaguntzaren kalkulua aplikatuko zaio, artikulu honetan 5. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Eskabideak behar bezala baloratu ondoren, lehentasun-ordena ezarriko da, eta laguntzak esleituko dira puntuazio-ordenaren arabera, ebazpen honen 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, betiere proiektuen balioespen-prozesuan dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortu bada, hau da, 50 puntu edo gehiago.
Bi erakundek edo gehiagok proiektuen balioespen-fasean puntuazio bera lortu badute, eta erakunde guztientzako aurrekontu-krediturik ez badago, eskabide horiek aurkeztu diren dataren araberako lehentasun-ordenari jarraituko zaio.
3.– Aurkeztutako aurrekontua onartzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
Dirulaguntza kalkulatzeko erreferentziatzat hartuko den zenbateko maximoa 12.000 eurokoa izango da proiektuko, nahiz eta proiektuaren guztizko kostua edo Emakunderi eskatutako zenbatekoa kopuru hartatik gorakoa izan.
Gauzatu beharreko proiektuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, justifikatu beharreko zenbatekoak 12.000 euroko proiektuetarako ezarritako ehunekoetara egokitu beharko dira. Nolanahi ere, ehunekoak berregokitu egin beharko dira, benetan emandako zenbatekoaren arabera.
Deialdi honetan lehiatuko den entitate bakoitzak eskatutako zenbatekoa 12.000 eurotik beherakoa izan daiteke proiektuko; eta, kasu horretan, hautaketa-batzordeak zenbateko horri egotzitako gastuak onartzen baditu, zifra hori onartutako aurrekontutzat joko da.
Honako gastu hauek lagun daitezke diruz: aurrekontuaren exekuzioari ezinbestean loturik izanik, entitate eskatzaileak aurkeztu proiektuko aurrekontu zehaztu eta banakatuan jasotzen diren gastu arruntak, baldin eta hura garatzeari argiro lotuak badira. Halakoak dira, esate baterako: materialak, prestakuntza, inprimatze-lana, zabalkundea, laguntza teknikoa, joan-etorriak, aretoen alokairua, diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura duen telefonoa. Hau da, ez dira aintzat hartuko erakunde eskatzailearen funtzionamendu arruntetik eratorritako gastuak, esaterako: argiaren, gasaren eta telefonoaren kontsumoa, altzariak, ordenagailuak, etab. Gastu horiek ezingo dute gainditu proiektuko aurrekontuaren edo 12.000 euroko gehienekoaren % 10, proiektu bakoitzaren guztizko zenbatekoa kopuru hori baino handiagoa izan arren.
Langile-gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantza) soilik barne hartuko dira horiek jasotzen dituzten pertsonek diruz lagundutako proiektuaren garapenean esklusiboki dihardutenean.
Dietak zehazteko garaian, kontuan hartuko da otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa.
Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira zerbitzuak (profesionalak, independenteak...) azpikontratatzekoak, baldin eta proiektuko aurrekontuaren edo 12.000 euroko gehieneko zenbatekoaren % 20 gainditzen ez badute, proiektu bakoitzaren guztizko zenbatekoa kopuru hori baino handiagoa izan arren.
Errentamendu eta kanonei dagokienez, proiektuaren xede den jarduerarekin zuzenean eta esklusiboki lotuta badaude bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.
Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.
4.– Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honen arabera diruz lagundu ezinak diren gastuak agertzen badira, Hautaketa eta Jarraipen Batzordeak ez ditu zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua zehazterakoan; izan ere, aurrekontu hori hartuko da kontuan ebazpen-proposamenean dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.
5.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, baremo hauen arabera kalkulatuko da:
– Onartutako aurrekontuaren % 100 arte, esleipen-irizpideen arabera 91 eta 100 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 90 arte, esleipen-irizpideen arabera 81 eta 90 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 80 arte, esleipen-irizpideen arabera 71 eta 80 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 70 arte, esleipen-irizpideen arabera 61 eta 70 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 60 arte, esleipen-irizpideen arabera 51 eta 60 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 50 arte, esleipen-irizpideen arabera 50 puntuko puntuazioa lortzen dutenentzat.
6.– Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa, dagokion proiektuaren onartutako aurrekontuari lortu den puntuazioa aplikatzetik ondorioztatzen dena izango da, harik eta aurrekontua agortu arte.
7.– Ebazpen-proposamenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, eta erakunde bakoitzari diruz lagunduko zaizkion proiektuak eta bakoitzari emandako zenbatekoak zehaztuko dira. Horrez gain, ordezko erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko da, hurrenkeran, onuradunen batek uko egiten badu ere, betiere balorazioan 50 puntu edo gehiago lortu badituzte. Erakunde horiei dagokienez, ordezkotza-ordenaren arabera zerrendatuta, proiektuak identifikatuko dira, eta ukorik izanez gero laguntzak izango duen gehieneko zenbatekoa adieraziko da, zeina ez den inola ere uko egin duen erakunde onuradunari esleitutakoa baino handiagoa izango, ezta hautaketa-fasean lortutako puntuazio-irizpidearen aplikazioz eta deialdian behar adinako zuzkidura ekonomikoa izanez gero esleituko zitzaiona baino handiagoa ere.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta eskabideak nola aurkeztu eta egin.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 3an hasi eta otsailaren 3an amaituko da (egun biak barne).
2.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, oso-osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Hortaz, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082910
Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Erakunde bakoitzeko bi proiektu aurkeztuko balira, bakoitza eskabide batean aurkeztuko beharko litzateke.
3.– Bide elektronikoz egindako eskabidearen ondorengo izapideak, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
4.– Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematiko bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein egiaztagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako egiaztagiri elektronikoak esteka honen bidez kontsultatu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
5.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidearekin batera, erakunde interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Proiektuaren datuak, I. eranskinaren arabera.
b) 2023ko abenduaren 31 baino lehen egin behar diren jardueren proiektua eta programa, zeinak edukiak, kronograma eta metodologia jaso behar baititu, I. eranskinaren arabera. Proiektuaren aurrekontuan banakatuta eta berariaz adierazita utzi beharko dira dirulaguntza eskatzen duen erakunde bakoitzari egotz dakizkiokeen zenbatekoak, ehunekoak eta kontzeptuak, eta, era berean, justifikazio-fasean, proiektua diruz laguntzen duen administrazio bakoitzari egotz dakiokeen kontzeptu bakoitza zehaztu beharko da.
c) Baremazioa egiteko 9. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein dokumentazio.
2.– Gehienez ere bi proiektu edo bi programa ezberdin aurkeztu ahal izango ditu entitate bakoitzak.
3.– Laguntza eskatzen duen erakundeak, ondoren zehazten diren betebeharrak betetzen dituela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango du, eskabidean bertan ageri den ereduaren arabera:
a) Erakunde eskatzailea legez eratuta eta erregistratuta dago elkarteen edo fundazioen erregistroan.
b) Entitate eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo entitate pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari ote den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.
c) Erakunde eskatzaileak ez du dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
d) Erakunde eskatzaileak ez du administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaio debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.
e) Erakunde eskatzailea ez dago itzulketa-edo zehapen-prozeduraren batean sartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez, artean prozedura izapidetzen ari dela.
f) Egiazkoak dira eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak, eta deialdi honetako 3. artikuluan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen ditu.
4.– Aurreko paragrafoko a) apartatuan bilduta dagoen erantzukizunpeko adierazpenean biltzen diren puntuen egiazkotasuna egiaztatzeko, dokumentazio ordezkatua aurkeztu beharko da, eta hori kasuan kasuko laguntza edo dirulaguntza emateko prozeduraren ebazpena eman baino lehenago egin beharko dute entitate onuradun izateko aurkezten diren elkarte edo fundazioek.
5.– Dirulaguntza mota honi buruzko aurreko deialdietan parte hartu ez duten erakundeek edo aurkeztu ziren azken deialdiaz geroztik erakundean aldaketak izan dituztenek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.
b) Erakundearen estatutuen kopia.
c) Egiaztagiria, dagokion foru ogasunak egina, entitate eskatzailea BEZatik salbuetsita dagoela egiaztatzeko.
6.– Prestakuntza ematea helburu duten proiektuetan, erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du prestakuntza hori ematen dutenek badutela berdintasunaren alorreko eta/edo emakumeen aurkako indarkeriaren arloko prestakuntza, gutxienez 150 ordukoa, eta prestakuntza hori unibertsitate edo administrazio publiko batek ziurtatu beharko du.
Prestakuntza emateaz arduratuko diren pertsonek proiektua gauzatu aurretik kontratatuta egon beharko dute, edo, bestela, proiektua aurkezten den egunean ezagutzera eman beharko dute zein diren arlo horietan duten berariazko gaitasuna eta nortasuna. Ez dira diruz lagunduko prestakuntza hori ematen duen pertsonaren prestakuntza espezializatua jasota ez duten proiektuak, bai entitateko langileei berdintasunari edo emakumeen aurkako indarkeriari buruzko prestakuntza ematen bazaie, bai entitatetik kanpoko erabiltzaileei prestakuntza ematen bazaie.
Eman beharreko prestakuntzaren edukia eta kronograma, bai eta gainerako jarduerena ere, dirulaguntzara aurkezten den proiektuan jaso beharko dira, eta proiektua amaitutakoan justifikatu.
7.– Eusko Jaurlaritzan eta haren organismo autonomoetan dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.
8.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.
9.– Hautaketa eta segimendu batzordeak egoki deritzon informazio osagarria eska dezake, hain justu ere entitate eskatzaileek aurkeztutako datuak egiaztatu eta konprobatzeko.
10.– Laguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrean bete beharrekoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta erakundeek onarpena eman beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluak xedatzen duena aplikatuz, salbu eta eskatzaileak berariaz ukatzen badu egiaztapen elektronikoa egiteko baimena, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluaren arabera. Kasu horretan, interesdunak dokumentazioa aurkezteko konpromisoa hartzen du.
7. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira, edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio interesdunari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio interesdunari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
8. artikulua.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea.
1.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako dirulaguntzen jarraipena egiteko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du batzordeak, eta ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena hartzeko; gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.
2.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak:
Presidentea: Zuriñe Elordi Romero andrea, Idazkari nagusia.
Bokalak:
– M.ª Socorro Álvarez Fernández andrea, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko arduraduna.
– Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio eta Zerbitzuen Arloko arduraduna.
– Sorne Mirari Etxebarria Arrien andrea, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko teknikaria.
– Igor Palomo Lobato jauna, Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.
Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikariak beteko du eginkizun hori.
3.– Batzorde horrek erabakiak gehiengo soilez hartuko ditu, ebazpen honen 9. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/1992 Legeko 17. artikuluan xedatua kontuan izanik.
9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Proiektu bakoitzak lor dezakeen gehieneko balorazioa ehun (100) puntu dira, ondoren aipatzen diren irizpideen arabera banatzen direnak:
a) Proiektuaren kalitate teknikoa. 45 puntu, gehienez; honako era honetan banatuta:
– Intersekzionalitatearen ikuspegia: 5 puntu gehienez.
– Helburuak zehaztea, helburu horiek argi azaltzea eta helburuak egin nahi diren jarduerekin bat etortzea. 5 puntu gehienez.
– Proiektua egiteko eta jarduerak ebaluatzeko erabiliko den metodologia. 5 puntu gehienez.
– Proiektua garatu edo/eta inplementetzearen bideragarritasuna: egutegia, aurrekontua. 5 puntu gehienez
– Proiektuaren originaltasuna eta kreatibitatea. 5 puntu gehienez.
– Giza eskubideen alde egindako bidea: 5 puntu gehienez.
– Beste problematika batzuk ere badituzten emakumeekin lan egiten izandako esperientzia: 5 puntu gehienez
– Entitate eskatzaileen egitura eta kudeatze-gaitasuna, kontuan hartuta baliabide teknikoak, pertsonalak (jarduerak egingo dituen taldeak genero-ikuspegiaz duen prestakuntza teorikoa eta lanbide-profila) eta materialak. 5 puntu gehienez.
– Programako kolektibo onuradunak, askotariko bereizkeria duten kolektiboen artean: 5 puntu gehienez.
b) Proiektuaren onura soziala. 50 puntu gehienez; honako era honetan banatuta:
– Emakumeen kontrako indarkeria modu guztien biktimen elkarteek aurkeztutako proiektuak: 15 puntu gehienez.
– 21 urtetik beherako edo 65 urtetik gorako emakumeek gauzatutako proiektuak: 5 puntu gehienez.
– Hartzaileak (kopurua eta kolektiboa), lurralde-eremua eta gauzatzeko egutegia: 5 puntu gehienez.
– Kolektibo hartzaile zehatzean espero den oihartzun-maila: 5 puntu gehienez.
– Etorkizunean programarekin jarraitzearen egokitasuna: 5 puntu, gehienez.
– Beste elkarte/erakunde/fundazio batzuekin sarean lan egitea: 5 puntu gehienez.
– Proiektuaren aurrekariak eta kolektibo hartzailean izango duen eragina: 5 puntu gehienez.
– Hedapen-tresnak: 5 puntu gehienez.
c) Euskara eta gaztelania erabiltzea jardueraren publizitatean edo garapenean. 5 puntu gehienez.
3.– Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek berrogeita hamar (50) puntu lortu behar dituzte, gutxienez.
10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitateko prozedura.
1.– Deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, prozedura horren ebazpena Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari dagokio, Hautaketa eta Jarraipen Batzordearen proposamenaren arabera, eta interesdunek proposatutako arazo guztiak erabakiko dira bertan.
2.– Hartzen den ebazpenean, laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, laguntza jaso duen erakundearen izena edo izen soziala, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jardun-proiektua zehaztuko dira. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatze horren arrazoiak ere adieraziko dira.
3.– Ebazpenean, bestalde, entitateen erreserba-zerrenda jaso da, puntuazioko ordena korrelatiboaren arabera, eta kontuan izanik 4.7 artikuluan aurreikusitakoa.
4.– Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea ere.
5.– Ebazpena argitara emango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, eta iragarki-taula horretan argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Halaber, banan-banan jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-ondorioak izan ditzan.
6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion laguntzen deialdiaren ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta epe horretan ebazpenik adierazten ez bada, dirulaguntza eskabideari ezezkoa eman zaiola ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi –hau da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu– eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du. Dirulaguntza onartuz, Ebazpen honetan ezarritako arau guztiak onartzen dira, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako erlazio-bermeak eta itzulera eta zehapenen erregimena ere.
b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia bidaltzea, baldin eta lehenagoko dirulaguntzetan aurkeztu ez bada edo aldaketak izan baditu. Eranskin hori eskuratzeko: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.
c) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dauden jarduerak (proiektuaren eduki nagusia osatzen dutenak) kudeatu eta egitea, deialdi honetan ezarritako modua, baldintzak eta epea betez, dituzten ezaugarriak direla-eta azpikontratatu egin behar direnak izan ezik. Azpikontratatutako gastuek, betiere, ez dute diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren 100eko 20 gaindituko, beti ere diruz-lagundutako gehieneko zenbatekoa 12.000 eurokoa delarik, nahiz eta proiektuak aurrekontu handiago izan.
d) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jaso direla xede bereko dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.
e) Diruz lagundutako jarduera egin dela justifikatzea, jardueraren memoria xehatua aurkeztuz, eta horri diru-sarreren eta gastuen egikaritutako aurrekontua gaineratuz, ebazpen honen hurrengo artikuluak adierazten duen bezala.
f) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.
g) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.
h) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen marka instituzionala agerraraztea diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan marka inprimatu edo agerrarazi daitekeen guztietan-, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan deskribatutakoaren arabera (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.). Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren edukiak bere gain hartzen dituena elkarte, federazio edo fundazioa dela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.
i) Dirulaguntzaren helburu diren proiektuek giza baliabideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte; ondorioz, proiektu horiek ezingo dute herritarrentzat iraingarria den, haien duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik erabili.
j) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntza eskatu duten erakundeek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testu idatzietan hizkera ez-sexista erabiliko da. Orobat, bazter utzi beharko dituzte genero-estereotipoak, eta aktiboki sustatu emakumeen eta gizonen berdintasuna, egiten dituzten irudi, jakinarazpen, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.
k) EAEko bi hizkuntza ofizialetan egin beharko dute diruz lagundutako proiektuaren eta jardueren publizitatea, hala xedatuta baitago Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 39.2 eta 38.2 artikuluetan.
l) Nola edo hala dirulaguntzaren xedea osatzen duten material guztien ale bana ematea. Dirulaguntza jasotzeko aukera ematen duten materialak ezin izango dira salgai egon, ez eta merkaturatu ere.
13. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Dirulaguntzaren ordainketa zatika egingo da; dirulaguntzaren ehuneko hirurogeita hamabosta 12.d) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren ez bada ukorik egin, Elkarteen edo Fundazioen erregistroan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren. Gainerako ehuneko hogeita bosta, diruz lagundutako jarduerek sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren ordainduko zaie 2024ko ekitaldiko erakunde onuradunei, betiere 2024ko martxoaren 1era bitartean honako dokumentazio hau aurkezten badute:
– Jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira, proiektuan aurreikusitako egutegia kontuan izanda. Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da: zuzenekoak (elkartekoak, federaziokoak edo fundaziokoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (proiektua gauzatzeko kontratatu direnak edo proiektua aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko proiektuaren onurak jasoko dituztenak) (II. eranskina).
– Diruz lagundutako jardueraren balantze ekonomikoa, kontuan izanik diruz lagundu daitezkeen gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan jasotako betekizunak bete beharko dituztela. Egindako gastutzat joko da erakunde eskatzaileak 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean benetan ordaindu duena.
Gastuak kontzeptuka eta xehetasunez banakatuta aurkeztu beharko dira, Emakunderi egotzitako zenbatekoak eta ehunekoak adieraziz.
– Diruz lagundu den gastua benetan egin dela egiaztatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Fakturetako edo agirietako gastuaren data 2023ko abenduaren 31 izango da, gehien jota.
– Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak justifikatzeko agiriak.
– Funtzionamendu-gastu arrunten egiaztagiriak; gastu horiek erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan agertu behar dira, eta jardueraren garapenari lotuak egon behar dute ezbairik gabe.
– Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarte, erakunde edo fundazioek jarduerak bere gain hartu dituztela egiaztatzen duten frogagiriak.
2.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez (besteak beste, faktura eta ordainagirien bidez) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionalaren minorazioa egingo da dirulaguntzaren guztizko zenbatekoan. Horretarako, esleitutako zenbatekoaren araberako murrizketa proportzionalaren formula aplikatuko da, eta, horren ondorioz, beste dirulaguntza bat emango da, proiektuaren benetako kostuaren araberakoa. Nolanahi ere, memoria ekonomikoan justifikatu egin beharko da hasieran aurrekontuan sartutako zenbateko osoa.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, dirulaguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoa jaso ondoren, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatuko du; horrez gainera, hala badagokio, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du, eta, hartarako, dirua itzultzeko 15 eguneko epea emango du.
3.– Entitate onuradunak, salbuespen gisa, diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eska dezakete, baita jarduera gauzatzeko eta dagozkion gastuak justifikatzeko modua eta epeak ere, jardueraren garapena aldatu eta zailtzen dituzten gorabeherak azaltzen direnean, eta aldaketa horiek baimendu egin ahal izango dira, hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira. Diruz lagundutako jarduera exekutatzeko epea aldatzeari buruzkoa bada eskatutako aldaketa, aldaketa hori baimendu egingo da, baldin eta exekuziorako epe berria 2023ko ekitaldiaren barruan sartuz gero. Aldaketa egiteko eskaeretan behar beste arrazoitu beharko da zergatik aldatzen edo zailtzen den jardueraren garapena, eta eskaera horiek Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak agertu eta berehala eta, betiere, proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen.
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak aldaketa baimentzea bidezkoa den ala ez ebatziko du, eskabidea erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan; epe hori igarota ez bada esanbidezko ebazpenik eman edo jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da.
15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoez gain:
a) Jasotako dirulaguntza hasierako proiektuan azaltzen zen jarduerarako barik beste baterako erabiltzea osorik edo partez.
b) Aurkeztutako proiektuan aldaketak sartzea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak baimendutako aldaketen kasuan izan ezik, aurreko artikuluan ezarritakoa dela bide.
c) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzak onartutako kopurua osorik justifikatuta ez egotea.
d) Aurkeztutako eskaeran edo agirietan jaso eta dirulaguntza emateko balio izan duten datuak benetakoak ez izatea.
2.– Dirulaguntzaren onuradunak dirulaguntzak emateko ebazpenean edo ebazpen honetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako ez-betetzeren bat izan dela egiaztatzen bada, prozedura-izapide egokiak bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo partzialki galduko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak itzuli beharko dizkio, berandutze interesekin, bidezkoak izan daitezkeen gainerako egintzen kalterik gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu, eta, era berean, dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezartzen ditu– eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
3.– Deialdian jasotako betebeharrak partez bakarrik betetzen badira, eta konpromisoak betetzera bideratu badira, jasotako zenbatekoen zati bat itzuli behar izango da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.n) eta 37.2 artikuluekin bat etorriz. Graduazio-irizpide gisa ezartzen dira ondoren jasotako baldintza osagarrien ez-betetzeak; izan ere, emandako zenbateko osoaren % 20rainoko gutxitzea ekar dezakete, proportzionaltasun printzipioa errespetatuz, betiere:
a) Diruz lagundutako jardueretan egin nahi den edozein bariazio edo aldaketa ez jakinaraztea idatziz.
b) Diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza ez adieraztea (Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka jarrita).
c) Hizkuntza ez-sexista erabiltzea.
16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena), ezarritako baldintzak eta/edo betekizunak betetzen ez direnean, hau izango da emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura:
a) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.
17. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen datuen tratamendu batean –Bekak, laguntzak eta dirulaguntzak– sartuko dira. Tratamendu hori Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan araututakora eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakora lotuta dago.
Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datu horiek, botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. Hala nahi dutenek, legeak aurreikusten dituen eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, aurka egiteko, zein Erregelamenduan aurreikusitako eskubideak baliatu ahal izango dituzte. Datuak babestekoari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datuak-babesteko
Datu pertsonalak ez dira hirugarren herrialdeetara bidaliko, ezta hirugarren pertsonei emango ere, lege-eginbeharra betetzeko ez bada.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Oinarri hauetan aurreikusi ez diren prozedura-alderdi guztietan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 14a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.