248. zk., 2022ko abenduaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (207 KB - 9 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5751
EBAZPENA, 2022ko abenduaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Donostia International Physics Centerren kokalekua den Donostiako (Gipuzkoa) Ibaeta auzoko 10-Berio HEko «g.00» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten den.
AURREKARIAK
Donostiako Udalak, 2022ko irailaren 27an, eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Donostia International Physics Centerren kokalekua den Donostiako Ibaeta auzoko 10-Berio HEko «g.00» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko urriaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.
Erantzuteko legezko epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Donostia International Physics Centerren kokalekua den Donostiako Ibaeta auzoko 10-Berio HEko g.00 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluak bildutako kasuen artean sartzen da; bertan, aurreikusten da zein diren ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak, zehazteko planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edota plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostia International Physics Centerren kokalekua den Donostiako Ibaeta auzoko 10-Berio HEko «g.00» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, eduki honekin:
– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Donostia International Physics Centerren (aurrerantzean, DIPC) kokalekua den Donostiako Ibaeta auzoko 10-Berio HEko «g.00» lurzatiaren antolaketa xehatua aldatzea eta eraikigarritasuna handitzea da Plan Bereziaren helburua.
Eremuan indarrean dagoen hirigintza-araubidea Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritakoa da (GAO, 222. zk., 2010-11-19). Ildo horretan, lurzorua hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta dago eta komunitate-ekipamenduetara zuzendua. Kalifikazio orokorrari dagokionez, lursaila «A.40 Garapen txikiko bizitegi eremuak» tipologiako eremuan sartzen da. Era berean, zehaztapen horiek eremuaren Plan Bereziarekin osatzen dira (2017an onartu zen behin betiko), zeinean 4.221,36 m2-ko (t) eraikigarritasun fisikoa ezartzen baita eremurako.
Lurzatia urbanizatuta eta eraikita dago, unibertsitate-eremuari lotua, hirigunearen hego-mendebaldean kokatua, eta 10.468 m2-ko azalera du.
DIPCk lurzatiaren eraikigarritasun fisikoa handitzeko asmoa du, bere jardueraren hazkunde-beharrei erantzuteko. Horretarako, indarrean dagoen plangintzak baimendutako sestra gaineko eraikigarritasunaz (4.221,31 m2 (t)) eta sestrapekoaz gain, sestra gainean gehienez beste 7.000 m2(t)-ko eraikigarritasuna izatea proposatu du.
Egindako hautuak honako hau ahalbidetzen du, besteak beste:
• Lehendik zeuden eraikinak eraitsi behar ez izatea.
• Egungo eraikinek irisgarritasun unibertsalera egokitzea, energia-efizientzia hobetzea, eta abar erraztuko duten eranskinak izatea.
• Lurzatia mendebaldetik mugatzen duen ibarbideko zuhaitzei (nagusiki, lizarrak) eragin behar ez izatea, ezta lurzatiaren ekialdean, Manuel Lardizabal pasealekuaren aurrean dauden zuhaitz apaingarriei ere (tamaina handiko ezkiak belardian).
• Programa sestra gainean garatzea (beheko solairuren bat «erdisotoa» izatea gorabehera), eta, horrela, lur-mugimendu esanguratsuak saihestea; funtsean, gaur egun aparkaleku gisa erabiltzen den espazio urbanizatuaren sestra aldatzera mugatuko lirateke lur-mugimenduak, azalera zehatz horretatik kanpo hedatzea eragotzi gabe.
• Instalazioak handitzeak ez eragoztea lehendik dauden eraikinetan jarduera garatzea.
Dagoen desnibela gainditzen duten eraikuntza berriko solairuak «erdisototzat» har daitezke. + 15,00 m-ko kotaren gainean dauden solairuetan, hiru solairu gehigarri posible antolatu dira, eraikuntzaren teilatu-hegalen gehieneko altuera 30,00 m-tik beherakoa izateko moduan; hau da, gaur egungo eraikinak baino altuera handiagoa izango lukete, egungoa +15,00 m-ko kotan bermatuta baitago (22,50 m gutxi gorabehera). Gehieneko kota horren gainean, tarteren batean altuagoa izan ahalko da eraikina, gehienez 140 m2-ko azaleran eta gehienez 5 metro altuagoa izan ahalko da. Horrez gain, eraikinaren + 26,00 m-ko kotatik gorako okupazioa 2.000 m2-ko gehieneko azalera batera mugatuko da. Eraikinaren estalkiek landaredia eduki ahal izango dute, baita eguzki-panelak edo bestelako instalazioak ere.
Idatzi beharreko Plan Bereziaren dokumentuan, aparkalekuan ibilgailu mota bakoitzerako izango den zuzkidura zehaztuko da: bizikleta, auto eta bestelakoetarako. Ibilgailuak lurzatira sartzeko egungo bidea finkatzea proposatu da, eta, halaber, zerbitzuetarako sarbide-ibi berri bat antolatzea. Egindako hautuak, gainera, Manuel Lardizabal pasealekuko +6,00 eta +23,50 kotak lotzeko bide bat antolatzea aurreikusten du eta hegal hori espazio libre gisa erabiltzea (764 m2).
Plana dagokion eraikuntza-proiektuaren eta espazio libreen urbanizazio-obren bidez garatuko da zuzenean.
Planean hiru antolamendu-aukera aipatzen dira: 0 alternatiba –indarrean dagoen plangintzari dagokio–, 1. alternatiba eta 2. alternatiba –Planaren azken proposamena–.
• 0 alternatiba inolako hirigintza eraldaketarik egin ez eta eremuaren egungo egoerari eustean datza. 2017ko Plan Berezian ezarri eta orain arte osorik gauzatu ez den eraikigarritasuna osatzea bakarrik ahalbidetuko luke (700 m2 (t) baino gutxiago). Aukera horrek ez lieke erantzungo DIPCren beharrei eta behar horiengatik idatzi da, hain zuzen, Plan hau. Ezetsi egin da.
• 1. alternatiban, gutxieneko ubide-atzeratze baldintzak eta eraikinerako gehieneko altuera –teilatu-hegalak gehienez 30 metroko kota izatea– baino ez dira ezarri. Horrela, gehieneko inguratzaileak DIPCren beharrei erantzuteko behar besteko eraikigarritasuna izatea ahalbidetuko luke. Horrez gain, ibarbidean, lurzatiaren eta UPV/EHUren lurren arteko mugan, bidezidor bat antolatzea proposatzen da. Lurzoru hori ekipamendu-lurzatitik kanpo geratuko litzateke (9.704 m2) eta espazio libreetarako erabiliko litzateke (764 m2). Unibertsitateko campusaren eta Berioko mendi-hegalean dagoen eskola-horniduraren arteko lotura erraztea da horren helburua.
• 2. alternatibak 1. alternatibak bezalako eraikigarritasun-handitzea proposatzen du,baita ibarbidean bidezidor bat antolatzea ere, baina eraikigarritasunaren handitzea okupazio jakin batera mugatzen du, eta, horretarako, ubide-atzeratze baldintza zorrotzagoak ezartzen ditu eta horrek zuhaitzak gehiago babestea ahalbidetuko luke.
«1. alternatibak» eraikitzeko baldintza zabalagoak eskaintzen baditu ere, Planaren zirriborroan «2. alternatiba» aukeratu da; izan ere, DIPCren eraikuntza-premiei behar bezala erantzuteaz gain, lehendik dagoen eraikina finkatzearen alde egiten du, zuhaitzek babes handiagoa izatea bermatzen du eta eraikuntzaren gehieneko altuera ere neurri handiagoan mugatzen du.
– Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako agirien arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne hartuta: Plan Bereziaren antolamendu-eremua hiri-lurzoru finkatuko lurzati bat da, 10.468 m2-koa. Ez du ez lurzoruaren sailkapena, ez kalifikazioa aldatzea eragiten, baina lurzatiaren eraikigarritasun osoa 7.000 m2 (t) handiagoa izatea dakar, dagoen jarduera-handitzearen premiei erantzuteko. Eraikin berriaren gehieneko inguratzaile bat definitzen du, ondoko zuhaitzen gaineko eragina mugatuz, eta, a priori, lehendik daudenen handitze gisa garatuko da. Gainera, eremuaren barruan, 764 m2-ko lurzati bat espazio libre gisa antolatu da, pasealeku berri bat egongo da, lehendik dauden zuhaitzak mantenduko dira eta irisgarritasuna hobetuko da. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan bereziki garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua hiriko unibertsitate-campusaren ondoan dagoen Ibaeta auzoko «Berio HE»ren parte da. Azalera 10.468 m2-koa da eta Manuel Lardizabal pasealekua du mugakide alde guztietatik; ia guztiz inguratzen du, ipar-mendebaldean izan ezik, non lurzatiak UPV/EHUren campusarekin muga egiten duen (Zuzenbideko fakultatea eta ikasleen egoitza), ibarbide txiki bat partekatuz.
Topografiari dagokionez, eremuak desnibel handia du + 6,00 kotatik + 23,50 kotara; sestra-kotaren gehieneko aldea 17,50 metrokoa da, 100 metro baino pixka bat gehiagoko oinplano-distantzian. Horrez gain, ibarbide-gunean bidezidor bat dago eta horren trazadura bi sestrak eskailera-maila batzuen bidez zuzenean lotuz sortzen da.
Lurzatiak DIPCk oso-osorik okupatutako lau eraikin ditu. Lehen eskoletarako ziren bi eraikin, hasieran eskolaurrerako pentsatu zen hirugarren bat eta aurretik irakasleen etxebizitzetarako zen laugarren bat birgaitzearen eta berrerabiltzearen emaitza dira eraikin horiek. Denak erabiltzen dira; bulegoak, laborategiak, informatika-zentroa eta abar daude.
Eraikin horiek 4.000 m2 (t) inguruko eraikigarritasuna dute eta azalera handi bat liberatzen dute. Gaur egun, azalera horretan lur gaineko aparkalekua, lau eraikinak lotzen dituen bide-sare bat, lorategiak eta zuhaitz-eremuak daude.
Beste alde batetik, udalerriko hiri-bilbearen barruan dagoenez, eremuak, bere inguruan, bertan aurreikusitako hirigintza-garapenerako beharrezkoak diren hiri-zerbitzuen azpiegiturak ditu (saneamendu-sareak, ur-hornidura, energia elektrikoa, argiteria publikoa, telekomunikazioak, gas-hornidura, etab.), hobetu eta osatzea eragotzi gabe.
Tokia artifizializatuta dagoenez eta hiri-lurzorua denez, ez da hauteman ingurumen-balio bereziki garrantzitsurik, berdeguneen eta zuhaitz helduen presentziaz haratago; horiek, nagusiki, ibarbidean eta lurzatiaren ekialdean daude, eraikinen artean, eta dentsitate txikiko hiri-eremu bat eratzen dute. Ez dago ez Natura 2000 Sareko gunerik, ezta naturagune babesturik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Eremuan ez da hauteman ez espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.
Eremua Urumea unitate hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eskumen-eremuaren barruan. Ez dago jasota lurzatian hezegunerik edo ur-ibilgurik dagoenik; gertukoena Igara errekastoa da, lurzatiaren ekialdetik 170 m ingurura kokatua. Lurzatia Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan (EBE) sartuta dago, hegoaldeko igelaren (Hyla meridionalis) Kudeaketa Planaren aplikazio-eremuaren barruan dagoelako –Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1999ko azaroaren 10eko Aginduaren bidez onartu zen–. Planaren eremuan ez da espezie horrentzako habitat egokirik hauteman.
Hidrogeologikoki, eremua ipar antiklinorioko jabarian dago; zehazki, Zumaia-Irun lurpeko ur-masan. Eremuan, interes hidrogeologikoko gune baten zati bat dago. Lurzatiaren erdialdetik iparraldera akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun txikia dago; gainerakoan, berriz, oso kalteberatasun txikia. Ez da interes geologikoko gune edo ingururik aurkitu eremu horretan.
Ez dago kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik.
Eremua Ondarretako ikus-arroan dago eta hori ez da EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (PBAK) sartzen. Paisaia oso ohikoa da eta, nagusiki, hirikoa.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzatiaren iparraldean 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arrisku gune batekin egiten du muga, baina lurzati ia osoa eta urbanizazio- edo eraikuntza-jarduketak planteatzen diren azalera guztia uholde-arriskua duen eremutik kanpo dago.
Beste arrisku batzuei dagokienez, eremuan ez da detektatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik. Higadura-arrisku adierazgarririk ere ez da antzeman.
Egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoan (aurrerantzean, IDE), Planaren eremuaren inpaktu akustikoaren azterketa bat jasotzen da, zeinetan zarata-fokuak identifikatzen diren eta egoera akustikoa baloratzen den. Eremuari eragiten dion emisio-iturri nagusia inguruko kaleetako bideko trafikoa da, batez ere Maria de Maeztu kalekoa eta Manuel Lardizabal eta Tolosa etorbideetakoa. IDEk emandako datuen arabera, indarrean dagoen HAPOak Planaren eremua «osasun- eta irakaskuntza-erabilera (e)» tipologiako eremu akustiko batean sartzen du. 2017. urtean, Donostiako Udalak «Antigua» Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatu zuen, Planaren eremua barne hartuta, eta dagokion Zonako Plana onartu zuen. IDEan adierazten denez, aipatutako udalak egindako zarata-mapa estrategikoen arabera, Planaren eremuan bete egiten dira esandako irakaskuntza-tipologiarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH), Manuel Lardizabal etorbidearen mugakide den zati zehatz batean izan ezik, baina ez-betetze horrek partzelaren perimetroko banda bati bakarrik eragingo lioke, gune oso txiki batean, 3 m baino gutxiagoko sakonerakoan, beraz, ez luke eraginik izango eraikinen fatxadetan, ez planteatutako 1. alternatiban, ezta 2. alternatiban ere.
Deskribatutakoa aintzat hartuta, Plana garatzearen ondoriozko efektu posibleak urbanizazio-obra osagarriak egin eta eraikin berriak eraikitzearekin lotuta daude. Obra horiek honako ondorio hauek ekar ditzakete: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eta abar. Hori guztia, hiri-eremu batean. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Zaratari dagokionez, aurkeztutako analisi akustikoaren emaitzak kontuan hartuta, eta kontuan hartuta Planaren eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu baten barruan dagoela, zeinak Planaren eremuan aplikatu beharreko Zonako Plan bat duen, ez da aurreikusten proposatzen diren jarduketen ondorioz ingurumen-eragin esanguratsurik izango denik eremuaren kalitate akustikoan, betiere aipatutako Zonako Planaren zehaztapenak garatzen badira eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasotako barneko espazioetarako kalitate akustikoko helburuak (hezkuntza- edo kultura-erabilera) betetzea bermatzen bada.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Donostia International Physics Centerren kokalekua den Donostiako Ibaeta auzoko 10-Berio HEko «g.00» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Aplikatzeko neurrien artean, Plana gauzatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.
– Intereseko landaredia babesteko neurriak:
• Eremuaren mendebaldeko ibarbideko landarediari (lizardia) eragitea saihestuko da, eta gune horretako jarduketek landaredia kontserbazio-egoera egokian mantentzea izango dute helburu.
• Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ahal dela ez da landarerik moztuko, ez garbituko.
• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareen kasuan, landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
• Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira, haltzadi kantauriarraren ezaugarriak lehenetsita.
– Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:
• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak hartuko ditu barnean, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-etxolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, iragazgaiztu gabeko eremuetan ez da egingo makineria mantentzeko lanik.
• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, lanetan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrak egunez egingo dira.
• Ustiatzeko zarata: kanpoko eta barneko inguruneetarako aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.
• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostia International Physics Centerren kokalekua den Donostiako Ibaeta auzoko 10-Berio HEko «g.00» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostia International Physics Centerren kokalekua den Donostiako Ibaeta auzoko 10-Berio HEko «g.00» lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, non eta ez zaion ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarriko den moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 9a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.