Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2022ko abenduaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

OSATEK A.B.
5719

IRAGARKIA, Osatek SAko zuzendari-gerentearen xedapenari buruzkoa. Xedapen horren bidez onartzen dira lanbide-kategorien banaketa eta Osatekeko aldi baterako enplegua egonkortzeko merezimendu-lehiaketaren aparteko deialdiaren bitartez lan-kontratuko langile finko izateko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri orokorrak.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak seigarren Xedapen Gehigarrian ezartzen ditu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdietan jarraitu beharreko irizpideak. Hala, ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta EPOETBren 61.6 eta 7. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, lehiaketa-sistemaren bidez deituko dituztela 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren plazak, 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak. Aurreikuspen horri lege beraren zortzigarren Xedapen Gehigarrian jasotakoa gehitzen zaio, eta, gainera, adierazten da seigarren Xedapen Gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek beren deialdietan sartuko dituztela 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen izaera horretako harremana duten langileek aldi baterako okupatutako egiturazko plaza hutsak.

Administrazio Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 5eko Erabakiaren bidez, Osateken 2022ko ekitaldirako lan-eskaintza publikoa onartu zen. Erabaki horrek txanda irekiko 106 lanpostu eskaintzen ditu.

Akordio horren bigarren apartatuak ezartzen du eskaintza publiko horretako plantillako langile finko izateko prozesuak lehiaketa-sistemaren arabera garatuko direla, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan deskribatutako kasuetan.

2022an, negoziazio-prozesu bat hasi zen Enpresa Batzordearekin, prozesuaren oinarri orokorrak onartzeko eta abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren Xedapen Gehigarrietan sartzen diren lanbide-kategorien araberako plazak zehazteko. Prozesu hori hainbat bileratan garatu da, adostuta.

Azaldutakoaren arabera, Osatek, S.A.-ren Estatutu Sozialetako 18. artikuluaren arabera, zuzendari-gerenteak

XEDATZEN DU:

Lehenengoa.– Lan-kontratuko langile finko izateko hautaketa-prozesua arautzeko oinarri orokorrak onartzea, Osatek, S.A.-n aldi baterako enplegua merezimenduen lehiaketaren bidez egonkortzeko aparteko deialdiaren bidez. Oinarri horiek erabaki honen I. eranskinean daude jasota.

Bigarrena.– Erabaki honen II. eranskinean jasotzen den merezimendu-lehiaketaren sistemaren arabera garatuko da plantillako langile finko izateko prozesua, lanpostuak lanbide-kategorien arabera banatuta.

Hirugarrena.– Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Aurka egiteko, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian.

Bilbao, 2022ko abenduaren 13a.

Zuzendari-gerentea,

JOSU XABIER LLANO HERNAIZ.

I. ERANSKINA
OSATEK, S.A.-N ALDI BATERAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO APARTEKO DEIALDIAREN BIDEZ LAN-KONTRATU FINKOKO LANGILE IZATEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTZEN DUTEN OINARRI OROKORRAK, MEREZIMENDU-LEHIAKETAREN BIDEZ

1.– DEIALDIAREN XEDEA.

Deialdiaren xedea da aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osatek, S.A. sozietate publikoaren zerbitzura dauden lan-kontratudun langile finko gisa lanpostuak betetzeko prozedura arautzea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak arautzen dituen abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren, zazpigarren eta zortzigarren Xedapen Gehigarrietan ezarritakoaren arabera.

Merezimendu-lehiaketa bidez lan-kontratudun langile finko izateko, I. eranskinean zerrendatutako 62 lanpostu eskaintzen dira guztira.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta oinarriak Osatek, S.A.-ren web-orrian egongo dira eskuragarri.

2.– HAUTATZEKO ARAU OROKORRAK.

Deialdia eta oinarriak lotesleak dira enpresa deitzailearentzat, lehiaketa epaitzeko ardura duen epaimahaiarentzat eta lehiaketan parte hartzen dutenentzat. Arau horiek arautzen ez dituzten gaietan, aplikatzekoak diren arau-xedapenek arautuko dute.

3.– LAN-HARREMANAREN IZAERA JURIDIKOA.

Merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez lanpostu hutsak lortzen dituzten izangaien izaera juridikoa lan-kontratukoa izango da.

4.– ENPLEGU-BALDINTZAK.

Xedapen honetan ezarritako prozeduraren bidez hautatzen diren eta lanpostu bat betetzen duten langileei Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua, Langileen Estatutua eta arau horietatik eratorritako garapen-arauak eta Osatek, S.A.-ren indarreko hitzarmen kolektiboa aplikatuko zaizkie.

5.– IZANGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK.

Izangaiek oinarri orokorrak EHAAn argitaratzen diren egunean bete beharko dituzte baldintzak, oinarrietan aurreikusten diren salbuespenetan izan ezik.

BALDINTZA OROKORRAK.

a) Nazionalitatea: Europar Batasuneko estaturen bateko herritartasuna izatea, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritartasuna izatea.

Era berean, onartuak izan daitezke aurreko lerrokadan aipatutako herritartasuna dutenen ezkontideak, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, eta haien eta ezkontidearen ondorengoak, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak adin horretatik gorakoak badira.

Aurreko paragrafoetan jasota ez dauden baina legezko bizilekua Espainian duten atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute.

b) Adina: hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina ez gainditzea.

c) Titulazioa: eskatutako titulazioa izatea edo titulua emateko eskubideak ordainduta izatea eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, dagokion baliozkotzea edo, hala badagokio, homologazioa edo aitorpena egiaztatzen duen egiaztagiria eduki beharko da, betiere homologazio- edo aitorpen-eskaera hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin bada. Egoera horretan gainditu duten izangaiek eskatutako titulazioa egiaztatu beharko dute destinoa aukeratzeko aldia amaitu baino lehen.

Azken baldintza hori ez zaie aplikatuko Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen babesean araututako lanbideen eremuan lanbide-kualifikazioaren aitorpena lortu duten izangaiei. Izangaiei dagokie aitorpen hori egiaztatzea.

d) Gaikuntza: diziplina-espediente bidez edozein administrazio publikoren edo autonomia-erkidegoetako organo konstituzionalen edo estatutarioen zerbitzutik bereizita ez egotea, eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia ez izatea. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, desgaituta edo egoera baliokidean ez egotea, eta diziplina-zehapenik edo baliokiderik ez izatea, bere estatuan baldintza berberetan enplegu publikora iristea eragozten duenik.

e) Aurrekari penalak: ondarearen, ordena sozioekonomikoaren, Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako dolozko delituengatik, Administrazio Publikoaren aurkako delituengatik eta faltsukeriengatik ezereztu gabeko eta ezerezta daitezkeen aurrekari penalik ez izatea, ezta apirilaren 28ko 10/2010 Legea hausteagatik administrazio-ebazpen irmo baten bidez kargua etetea edo kargutik kentzea dakarren zehapenik ere (Kapitalak zuritzea eta terrorismoa finantzatzea prebenitzeko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 5eko 304/2014 Errege Dekretuaren 40. artikulua).

f) Lanpostuan lanean hasteko unean indarrean dagoen araudiaren arabera, ezintasun, desgaikuntza edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta ez egotea.

g) Lanpostuan normaltasunez jarduteko behar den gaitasun psikofisikoa izatea. Gaitasun hori hautaketa-prozesua gainditu ondoren egiaztatuko da, horretarako zehaztuko den zentroan egingo den azterketa medikoaren bidez. Kontratua baldintza hori betetzearen mende egongo da.

h) Lanpostua esleitzen den egunean ez edukitzea lanposturik jabetzan, langile finko gisa, lortu nahi den kategoria berean, haren egoera edozein izanik ere.

i) Sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik epai irmo bidez kondenatua ez izatea, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

j) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein baldintza betetzea, hizkuntza-eskakizuna barne, sartzeko baldintza den kasuetan.

6.– LANPOSTUAK ESLEITZEKO BALDINTZA OROKORRAK.

Hautaketa-organoak ezin izango du proposatu, kasuan kasuko lan-kontratuak formalizatzeko, deitutako lanpostuak baino gainditu-kopuru handiagorik.

7.– ESKABIDEAK AURKEZTEA.

Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea egiteko, deialdiari erantsitako eredua bete beharko da, atal guztiak beteta, eta, ondoren, Osatek, S.A.-ren Zuzendaritza-Gerentziara bidali (Urkixo zumarkalea 36, 5. solairua, 48011 Bilbao), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietako batean.

Eskabideak bide elektronikoz ere aurkeztu ahal izango dira. Eskabidea bide horretatik aurkezteko, emango den helbide elektronikoa erabiliko da, eta bertan adieraziko dira eskabidea betetzeko jarraibideak.

Prozesuan onartua izateko, dagokion eskabidea garaiz eta behar bezala bete beharko da, aurkezteko epearen barruan.

Eskabideak aurkezteko epea zazpi egun baliodunekoa izango da, eta deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira izena emateko datak.

Eskabide-ereduak honako atal hauek izan beharko ditu:

– Prozesua behar bezala kudeatzeko eskatutako datu pertsonalak.

– Zein lan-kategoriatara aurkezten den.

– Hautagaiak komunikazioak zein hizkuntzatan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi dituen.

– Titulazio akademikoa.

– Egiaztatutako euskara-eskakizuna.

Eskabidean agertzen den helbidea izango da jakinarazpenak egiteko balioko duen bakarra. Eskabidean helbide elektroniko edo mugikor bat ematen duten parte-hartzaileek baimena ematen dute Osatekek prozesuan zehar egin ditzakeen komunikazioetarako erabiltzeko. Eskatzailearen erantzukizun esklusiboa izango da helbidea, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia gaizki jarriz gero, bai eta Osateki akats horien berri ematea ere.

Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz onartzen direla deialdi hau arautzen duten oinarriak.

8.– BETEKIZUNAK ETA MEREZIMENDUAK. ERREFERENTZIA-DATAK, ETA ALEGAZIOA AKREDITATZEA.

Alegatzen diren merezimenduak eta baldintzak eskuratzeko erreferentzia-data oinarri orokorrak EHAAn argitaratzen diren eguna izango da, honako kasu honetan izan ezik:

– Lanbide arautu bati dagozkion eginkizunak betetzen diren lanpostu zehatzen kasuan, kontratua sinatzeko unean egiaztatu beharko da dagokion elkargo profesionaleko kide dela.

Hautagaiek honako hauek alegatu beharko dituzte: parte hartzeko baldintza orokorrak eta espezifikoak, lanpostuen betekizun espezifikoak, hala badagokio, eta merezimenduak. Alegazio hori egiteko, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena egingo du, eta, hala badagokio, justifikazio-agirien kopia sinple bat aurkeztuko du. Betekizun orokorrak eskabideak aurkezteko epean alegatuko dira.

Merezimenduak horretarako ezarritako epean alegatuko dira.

Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko, EAEko Administrazio Orokorreko erregistroak kontsultatuko dira, salbu eta eskatzailea aurka dagoela jasota badago. Hala ere, kontratua sinatu aurretik, aurreko paragrafoan aipatutako egiaztapena egin ezin izan den betekizunei eta merezimenduei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo egiaztapena egitearen aurka agertu direnena. Kasu horietan, jatorrizko dokumentua aurkeztu beharko da.

Hala ere, enpresak prozeduraren aurreko edozein unetan eska dezake dokumentazio hori aurkezteko.

Esperientzia:

– Osateken egindako zerbitzuak ofizioz alegatu eta zenbatu beharko dira.

– Beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak jatorrizko ziurtagiri bat aurkeztuz alegatu beharko dira. Dokumentu horrek, administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduan, lan egindako aldiak banakatu beharko ditu, kategoria eta emandako zerbitzuak erresonantzia magnetikoko arlo/unitate/sailetan eman direla zehaztuz.

9.– ESKABIDEAK EGIAZTATZEA.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Osateken webgunean, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia ere adieraziko da.

Bost egun balioduneko epea emango da zuzendu daitezkeen akatsak zuzentzeko, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aurrera.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda Osatek, S.A.-ren webgunean argitaratuko da.

Sartzeko baldintzak ez betetzeagatik behin betiko baztertutako pertsonen zerrenda eta horren arrazoia interesdunei jakinaraziko zaizkie, eskabidean adierazitako helbidearen bitartez.

10.– HAUTAKETA-PROZEDURA.

Hautaketa-prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak argitaratu ondoren, haien arau espezifikoen arabera garatuko dira. Merezimendu-lehiaketaren kasuan, behar bezala egiaztatutako merezimenduen balorazioa egingo da, kategoria bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzen dituen xedapenean, hamar eguneko epea irekiko da izangaiek baloratzeko nahi dituzten merezimenduak alegatu eta egiaztatu ahal izan ditzaten.

11.– HAUTAKETA-ORGANOA.

Osatek, S.A.-ko zuzendari-gerenteak berariaz izendatutako epaimahai batek ebaluatuko du prozedura. Epaimahai hori osatzerakoan, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 60. artikuluan xedatutakoa.

Gutxienez bost kidek osatuko dute epaimahaia, eta kide bakoitzak bere izenean jardungo du. Epaimahaiaren osaerak trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua bermatuko du, eta inpartzialtasun- eta profesionaltasun-printzipioetara egokituko da.

a) Epaimahaikideek dagokien kategorian sartzeko eskatzen den maila akademiko bereko edo goragoko titulazioa izan beharko dute.

b) Hitza bai, baina botorik ez dutela izango irizten zaien aholkulariek ere parte hartu ahal izango dute. Epaimahaiari bere espezialitate teknikoetan lagunduko diote, baina epaimahaikideei eskatzen zaien titulazioa izan beharko dute.

c) Hautaketa-epaimahai honen saio guztietara Enpresa Batzordean ordezkaritza duen sindikatu bakoitzeko kide bat ere joan ahal izango da, prozesuaren behatzaile gisa, hitzik eta botorik gabe.

d) Abstentzioa eta errekusazioa: epaimahaiko kideek abstenitu egin beharko dute, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada. Kasu horietan beretan, interesdunek errefusatzea sustatu ahal izango dute edozein unetan, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Jarduteko arauak: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 24. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak.

f) Idazkariak deituta bilduko da, presidentearen aginduz, eta behar bezala eratzeko beharrezkoa izango da presidentea eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez kideen erdiak bertaratzea.

g) Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketak lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko ditu. Hautaketa-organoko kide guztiek hitza eta botoa izango dituzte, baita idazkariak ere.

h) Epaimahaiburua ez badago, kanpoan edo gaixorik badago, edo beste arrazoiren bat gertatzen bada, antzinatasun eta adin handieneko epaimahaikideak ordezkatuko du, hurrenkera horretan.

i) Aurreko lerrokadako kasu berberetan, epaimahaiko beste edozein kidek ordeztuko du idazkaria, haren gehiengoak hala erabakita.

j) Ahalmenak: Epaimahaiak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozedura legezkoa dela zainduko du eta haren objektibotasuna bermatzeko erantzukizuna izango du. Era berean, oinarriak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetan hartu beharreko irizpideak ezarriko ditu.

k) Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Osatek, S.A.-ren egoitza nagusian egongo da (Bizkaia Plaza eraikina, Urkixo zumarkalea 36, 5. solairua, 48011 Bilbao).

12.– HAUTAGAIA HAUTATZEA.

Balorazioa amaitu ondoren, hautaketa-organoak hautagai guztien behin-behineko zerrenda argitaratuko du, puntuazio-ordenaren arabera, baloratutako atal bakoitzean lortutako puntuazioekin eta prozesuko hurrenkera-zenbakiarekin. Zerrenda hori Osatek, S.A.-ren webgunean argitaratuko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bost egun baliodunekoa izango da, puntuazioaren behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aurrera.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko zerrenda egingo da, eta Osatek, S.A.-ren webgunean argitaratuko da.

13.– LANPOSTUAK AUKERATZEA ETA SARTZEA.

Lanpostuak puntuazio-ordenaren arabera esleituko zaizkie izangaiei, eta hamar egun balioduneko epea ezarriko da hautaketa hori egiteko. Beraz, puntuazio handiena lortzen duena izango da destinoa aukeratzen lehena, eta horrela hurrenez hurren. Aurreikusitako epean lanpostua aukeratzen ez dutenek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesu honetatik eratorritako eskubideak.

Aukeratutako lanpostura hilabeteko epe luzaezinean itzuli beharko da.

Eskainitako lanpostuen zerrendak honako hauek jaso beharko ditu: lanpostuaren izena, zentroa, destinoko herria, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data, hala badagokio.

Berdinketa gertatzen den egoeretan, berdinketa hausteko irizpideak honako hauek izango dira:

– emandako zerbitzu espezifikoen atalean puntuaziorik handiena lortu duena.

– emandako zerbitzu espezifikoen atalean egun gehien daramatzana.

– emandako zerbitzu orokorren atalean puntuaziorik handiena lortu duena.

Gorago adierazitako baldintza guztietan berdinketa gertatuz gero, enpresak eskainitako plazen % 10eko marjina gehigarria erabiliko du, indarrean dagoen legeriak ezartzen duen bezala, eragindako pertsona bakoitzari plaza bat esleitzeko.

14.– HAUTAPROBAK AMAITZEAN AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA.

Pertsona interesdunei jakinaraziko zaie hautatuak izan direla, eta, kontratazioa egin baino 10 egun baliodun lehenago, Osatek, S.A.-n aurkeztu beharko dituzte 2. oinarrian jasotako parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak. Horretarako, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte, aurretik aurkeztutako dokumentazioa osatu arte.

– Eskabidean adierazitako prestakuntza akademikoa egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiri edo diplomen kopia kautotua, edo horiek emateko tasak ordaindu izanaren egiaztagiria.

Atzerrian lortutako titulazioak dituzten izangaiek homologazioaren edo baliozkotzearen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Araututako lanbideen eremuan, Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide-kualifikazioaren aitorpena lortu duten izangaiek aitorpen hori egiaztatu beharko dute.

– Ziurtagiriaren kopia kautotua edo fotokopia (hizkuntzak), konpultsatzeko.

– Diziplina-espediente bidez autonomia-erkidegoetako organo konstituzionaletako edo estatutarioetako edozein administrazio publikotako zerbitzutik bereizita ez dagoela eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia ez duela adierazten duen zinpeko aitorpena edo hitzematea. Halaber, zinpeko aitorpena edo hitzematea, ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta ez dagoela adierazteko. Espainiako nazionalitatea ez duenak zinpeko adierazpen bat edo hitzemate bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez dagoela desgaituta edo antzeko egoera batean, eta ez duela bere estatuan enplegu publikora iristea eragozten dion diziplina-zehapenik edo baliokiderik.

Baldintza hori egiaztatzeko, eredu normalizatu bat jarriko da hautatuen eskura.

– Hala badagokio, esleitutako lanpostua betetzeko eskatzen diren beste baldintza espezifiko batzuk betetzen direla egiaztatzeko agiriak.

Proposatutako hautagairen batek eskatutako dokumentazioa ezarritako epean aurkezten ez badu, prozesutik kanpo geratuko da, eta Osatek, S.A.-k egokitzat jotako hurrengo izangaia kontratatu ahal izango du, prozeduraren amaierako puntuazio-ordenari jarraikiz.

15.– DATUEN BABESA.

Osatek, S.A.-k konpromisoa hartzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua betetzeko –datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena–, bai eta datu horiek konfidentzialtasunez tratatzeko ere. Jarraian, deialdian parte hartu duenari honako puntu hauen berri eman zaio:

1.– Hauxe da tratamenduaren arduradunaren identitatea:

– Identitatea: Osatek, S.A.

– Posta-helbidea: Urkixo zumarkalea 36, 5; 48011 Bilbao; Bizkaia.

– Telefonoa: 94 400 71 12.

– Posta elektronikoa: informacion@osatek.eus

– Datuak babesteko ordezkariarekin harremanetan jartzea: dpd@osatek.eus

2.– Helburuak:

Parte hartzeko eskabidean aipatzen den hautaketa-prozesuko onarpena, parte-hartzea eta emaitzak, behin-behinekoak zein behin betikoak, kudeatzea, deialdi hau arautzen duten oinarrien arabera.

3.– Datuak gordetzeko epea:

Deialdia benetan amaitu arte gordeko dira datuak. Epe hori igarota, datuak blokeatu eta atxiki egingo dira kasu bakoitzean aplikatu beharreko legezko epean, parte-hartzaileen langileen espedienteei lotuta.

4.– Legitimazioa:

Aurreko atalean adierazitako helburuei dagokien lege-oinarria deialdi honetan parte hartzen duenak eskabide sinatu hau entregatzean emandako berariazko eta idatzizko adostasuna da.

5.– Hartzaileak:

Ez da aurreikusten deialdi honetan parte hartzeko eskaerari buruzko datuak lagatzea, deialdi honetako oinarrien arabera aurreikusitakoak eta legezko betebeharra duten kasuak izan ezik.

6.– Eskubideak:

Deialdian parte hartzen duen pertsonak Osatek, S.A.-n berari dagozkion datu pertsonalak tratatzen ari diren ala ez baieztatzeko eskubidea du. Era berean, parte-hartzaileak eskubidea du bere datu pertsonaletara sartzeko, baita datu okerrak zuzentzeko eskatzeko edo, hala badagokio, ezabatzeko eskatzeko ere, besteak beste eta hala badagokio, bildutako helburuetarako datuak jada beharrezkoak ez direnean.

Egoera jakin batzuetan, parte-hartzaileak bere datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango du. Kasu horretan, Osatek, S.A.-k erreklamazioak egiteko edo defendatzeko, babes judizial eraginkorrerako edo bete beharreko legezko betebehar eta xedapen guztietarako baino ez ditu gordeko datu horiek.

Gainera, egoera jakin batzuetan eta deialdian parte hartzen duen pertsonaren egoera bereziarekin zerikusia duten arrazoiengatik, parte-hartzaileak bere datuen tratamenduaren aurka egin ahal izango du. Osatek, S.A.-k datuak tratatzeari utziko dio, premiazko arrazoi legitimoak daudenean izan ezik, edo balizko erreklamazioak, babes judizial eraginkorra edo bete beharreko legezko betebehar eta xedapenak gauzatu edo defendatzeari.

Halaber, parte-hartzaileak, hala badagokio, datuen eramangarritasunerako eskubidea erabili ahal izango du, bai eta emandako baimenak edozein unetan kendu ere, baina horrek ez du eraginik izango datuak kendu aurreko baimenean oinarritutako tratamenduaren zilegitasunean.

Deialdiko parte-hartzaileak bere eskubideetako edozein erabili nahi badu, Osatek, S.A.-ra jo dezake 1. puntuan (Identitatea) emandako mezu elektronikoen bidez (Datuak Babesteko ordezkariaren kontaktua), Osatek, S.A.-ren intranetean eskura dituen ereduak erabiliz, edo, bestela, 1. puntuan emandako Osatek, S.A.-ren egoitza sozialera joanda (hitzordu bat hitzartu aurretik).

Azkenik, adierazi behar da parte-hartzaileak Datuak Babesteko Espainiako Agentziara eta gainerako erakunde publiko eskudunetara jo dezakeela bere datu pertsonalen tratamenduaren ondoriozko edozein erreklamazio eta/edo eskubideen babeserako.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala