Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2022ko abenduaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5699

AGINDUA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta iragartzen baitira oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko 2023ko ekitaldirako laguntza itzulgarriak. Gauzatu Industria programa.

2020-2024 aldiko Gobernu Programak ekonomia suspertzearen, enplegua berreskuratzearen eta kalitatea hobetzearen alde egiten du, hazkundearen bideari berriz ekiteko eta langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea lortzeko.

Estrategia horrek oinarritzat ditu industria aurreratua, inbertsioa, berrikuntza eta nazioartekotzea, honako helburu hauek betetzeko: EAE industriaren eta teknologikoaren erreferente bihurtzea; eraldaketa energetiko-ekologikoaren erronkei ekitea (ekonomiaren deskarbonizazioan aurre egiteko); eraldaketa digital-teknologikoa, aukera-hobia den aldetik (aurrera egitea adimen artifizialean, big datan, gauzen Interneten, 5Gn, sistema ziberfisikoetan eta zibersegurtasunean, besteak beste); gure industria- eta ekonomia-ehunaren erresilientzia indartzeko beharra; enpresa-kultura berrian –inklusibo eta parte-hartzaileagoan– aurrera egitea, enpresen berrikuntza-faktore gisa.

Hori guztia Europar Batasunaren lurralde- eta gizarte-kohesioaren arloko zuzentarauen arabera, gizarte-politiken aldeko apustu irmoa eginez eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak defendatuz, desorekak murrizte aldera (genero-arrakala eta soldata-arrakala, besteak beste).

Ildo horretatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko konpromisoa du, eta batez ere, finantzaketa eskura dezaten errazteko konpromisoa; izan ere, hori faktore bakarra ez bada ere, mugatzen die, halere, hazi ahal izateko aukera eta lehiakortasuna hobetzen dieten jarduerak abian jartzekoa, bai eta, halaber, ahalegina oinarri teknologikoa edo berritzailea duten proiektuetan paratu dezaten ere. Horretarako, 2021eko martxoaren 17ko Aginduak onartutako –eta 2021eko ekainaren 30eko, 2022ko otsailaren 16ko eta 2022ko irailaren 7ko Aginduen bidez aldatutako– 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak Gauzatu-Industria programa barne hartzen du, hots, oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren ETEak sortzeko eta garatzeko aurrerakin itzulgarrien programa.

Agindu honi Europar Batasuneko honako erregelamendu hauek aplikagarri zaizkio:

– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua. Horren arabera bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua (ETEen aldeko inbertsiorako laguntzak), Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua, L 187, 2014ko ekainaren 26an) (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra); haren aplikazioa 2023-12-31ra luzatu da.

– Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horren bidez, bateragarri jotzen dira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; haren aplikazioa 2022-12-31ra luzatu da.

– Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horren bidez, bateragarri jotzen dira arrantzaren eta akuikulturaren produktuak sortu, eraldatu eta merkaturatzen dituzten enpresentzako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; haren aplikazioa 2022-12-31ra luzatu da.

Hala, araututako laguntzek erregelamendu horietan xedatutakoa betetzen badute, dagokien baimena lortzeko, Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita geldituko dira, eta aski izango da kasu bakoitzean aurreikusitako epearen barruan jakinaraztea.

Jarraibide horien arabera, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2023ko ekitaldi honetarako arautu eta iragartzea oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko aurrerakin itzulgarriak.

Deialdi honen babesean 2023an ematen diren laguntzei aplikatuko zaizkie agindu honetan jasotzen diren xedapenak, harik eta horiek erabat likidatu arte.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

Itzuli beharrik gabeko aurrerakinak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

3. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honen xede diren laguntzei honako hauek aplikatuko zaizkie:

1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz (EBAO, L 187, 2014-06-26), aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra. ETEen aldeko inbertsio-laguntzei buruzko 17. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.

Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez, bateragarritzat jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO, L 193, 2014-07-01). Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzei buruzko 17. artikuluaren barruan daude laguntza horiek.

Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. (EBAO, L 369 L, 2014-12-24). Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzei buruzko 42. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.

2.– Subsidiarioki, laguntza sektorialei buruzko araudiaren mende egongo dira, Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategorien esklusioa betetzen bada betiere.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen legean zehaztutako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira (28.000.000,00 euro, zehazki).

Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

Agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Onuradun izan daitezke enpresa txiki eta ertainak (ETEak), erauzketako industriakoak, eraldatzaileak, produktiboak eta lotutako zerbitzuetakoak (industriako produktu-prozesuari lotuta) badira, bai eta jarduera nagusia industria-enpresetan (Zibersegurtasun Euskal Zentroa – BCSCren zibersegurtasuneko katalogoan erregistratutakoak) IT/ OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako zibererasoen aurrean babesteko sistemak bateratzea eta integratzea duten enpresak badira, baldin eta oinarri teknologiko edo berritzailekotzat jotzen badira.

Enpresa txiki eta ertainak (ETEak) honako hauek izango dira: 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

Enpresa txikitzat joko da 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez duena.

Enpresa elkartu edo lotuei dagokienez, langileak eta mugak zenbatzeko orduan, honako artikulu hauek beteko dira: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 Erregelamenduetako (EB) bakoitzaren 4., 5. eta 6. artikuluak.

2.– ETEek ekoizpen-zentro bat edo batzuk eduki beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, eta zentro horietan kokatuko dira laguntza jaso dezaketen inbertsioak; gutxienez hiru urtez atxikiko dituzte, halaber.

3.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren teknologia-ikerketako erakundeek.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.

1.– Honako hauek ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu:

a) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak; besteak beste, egoera hauetan:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

– Ordainduta ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal bat izatea, edota horretarako legezko debeku bat.

b) Krisialdian dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresen salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoarekin bat etorriz (2014-07-31ko AO, C 249).

e) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe dauden enpresak, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela erabaki ondoren.

2.– Aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.

7. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresak.

Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresen izaera balioesteko orduan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.– Teknologikoak, gehienez 70 puntu lortu ahalko dituzte.

a) Funtsezko irizpideak; 0-10 puntu bakoitzean.

1.– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea (INE irizpidearen arabera); energia garbienek, industria adimentsuak eta osasun pertsonalizatuak izango dute lehentasuna, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2030 Planean (RIS3 – Espezializazio Adimentsua) xedatutakoa betez. Enpresak zer sektoretan jarduten duen hartuko da kontuan, baita hari lotuta zer sektore dauden ere (bezeroak eta hornitzaileak).

– Intentsitate teknologiko handiko sektoreetako enpresak (8-10 puntu).

– Intentsitate teknologiko ertaineko sektoreetako enpresak (4-7 puntu).

– Intentsitate teknologiko txikiko sektoreetako enpresak (1-3 puntu).

2.– I+G+B inbertsioen maila altua izatea. I+G+Bra eta berrikuntza teknologikora bideratzen diren baliabideak izango dira kontuan (aurrekontua, lantaldea, eskarmentua, tresneria eta abar).

– Enpresak ehuneko handia bideratzen du (sektoreko batezbestekoari dagokionez) I+Gra bere salmenta-zifretatik (8-10 puntu).

– Enpresak ehuneko adierazgarria bideratzen du I+Gra (4-7 puntu).

– Enpresak baliabide gutxi bideratzen ditu edo ez du baliabiderik bideratzen I+Gra (1-3 puntu).

3.– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa. Bere sektoreko ezagutza teknologikoa hartuko da kontuan (enpresak aurrez izan dituen kasuak eta adibideak deskribatuz).

– Enpresak, ezagutza teknologiko «esklusiboa» izateaz gain, modu egokian industrializatzen du ezagutza hori (8-10 puntu).

– Enpresak ezagutza teknologiko berritzailea du (produktu eta prozesu berriei buruz) bere sektorearen batezbestekoari dagokionez, eta ezagutza hori merkaturatuz, nolabaiteko desberdintasunaz lehiatzeko aukera ematen dio (4-7 puntu).

– Enpresak ez du ezagutza teknologiko bereizgarririk bere sektorean (1-3 puntu).

b) Euskarri irizpideak; 0-10 puntu izango ditu bakoitzak.

1.– I+G+Bko proiektuak ustiatzea. Bere I+G produktu edo prozesu berriak garatzera bideratuta egotea balioetsiko da.

– Enpresak merkaturatzen dituen produktu edo prozesu berriak garatzera edo hobetzera bideratzen du bere I+G (8-10 puntu).

– Noizean behin, enpresak barne-garapenak edo I+G arlokoak ustiatzen ditu lankidetzan (4-7 puntu).

– Enpresak ez du I+G ustiatzen eta atzerapena du bere sektoreko produktuetan eta prozesuen maila teknologikoan. (1-3 puntu).

2.– Norbere teknologia babestua izatea, desberdintzea ahalbidetuko diona. Enpresak dituen patenteak, markak, erregistratutako modeloak eta know-howa zehaztu behar dira.

– Enpresak bere patenteak edo teknologia-maila handia ditu (8-10 puntu).

– Enpresak emandako lizentziak edo nolabaiteko teknologia-maila ditu (4-7 puntu).

– Enpresak ez du patenterik edo lizentziarik, eta bere ezaguerak eta baliabide teknologikoek ez diote aukerarik ematen sektorean besteetatik bereizteko (1-3 puntu).

c) Bigarren mailako irizpideak; 0-10 puntu izango ditu bakoitzak.

1.– Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua. Berrikuntza teknologikoko profilaren arabera egokiak diren balioetsiko da.

– Enpresa parke teknologiko batean dago, berrikuntza teknologikoko bere profilarekin bat etorriz. Edo enpresa berria BIC batean eratu da, eta harekin elkarlanean aritu da bere negozio-plana osorik garatzen eta gauzatzen (8-10 puntu).

– Enpresa parke teknologiko edo BIC batean zegoen hasieran, baina lekuz aldatu da gero. Edo nolabaiteko harremana izan du BIC batekin (5-7 puntu).

– Enpresa edo enpresa berria ez da inoiz egon parke batean eta ez du harremanik izan BIC batekin (ez zaio punturik ematen).

2.– Harremana eta irisgarritasuna. Lankidetzak Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko eskaintza teknologikoarekin (unibertsitate-sailak, zentro teknologikoak, laborategiak eta abar), eta teknologiaren edo berrikuntza irekiaren arloko beste lankidetza-hitzarmen batzuk bezeroekin, hornitzaileekin, klusterrekin edo berrikuntza-sareekin.

– Enpresak unibertsitateak, zentro teknologikoak eta laborategiak ezagutzen ditu eta horiekin elkarlanean aritzen da aldizka, horiek EAEkoak, estatukoak nahiz nazioartekoak izan. Gainera, hitzarmenak ditu horietako batekin edo batzuekin (8-10 puntu).

– Enpresa elkarlanean aritzen da eskaintzaren zentroren batekin, edo lankidetza teknologikoko edo elkarrekin garatzeko hitzarmenak egiten ditu bezeroekin, hornitzaileekin edo sektoreko beste enpresa batzuekin. Edo klusterrekin (4-7 puntu).

– Enpresak ez du lan egiten eskaintza teknologikoarekin, eta ez du lankidetza tekniko edo teknologikorik beste enpresa batzuekin (0-3 puntu).

Enpresak oinarri teknologikoa duela ulertuko da baldin eta ebaluazioan lortutako guztizko nota a) apartatuko gehieneko notaren % 50 edo handiagoa bada, eta irizpideen tipologia bakoitzean lortutako guztizko nota:

– a.1. apartatuko irizpideei dagokien gehieneko notaren % 50 edo handiagoa bada.

– a.2. eta a.3. apartatuetako irizpideei dagokien gehieneko notaren % 40 edo handiagoa bada.

Proiektu teknologikoa berritzailetzat joko da automatikoki, eta 30 puntu lortuko ditu.

2.– Berritzaileek 30 puntu izango dituzte gehienez.

1.– Irizpide hauek 3 puntu lortuko dituzte irizpide bakoitzeko, i) irizpidearen kasuan salbu, hark 6 puntu izango baititu:

a) Oro har, etengabeko prestakuntzaren, kudeaketako berrikuntzaren eta kalitate-ziurtagiriak lortzearen aldeko apustua. Abian jarritako apustuen deskribapena hartuko da kontuan.

b) Enpleguan, esportazioetan, merkatu-kuotan, produktu berrien merkaturatzean eta abarretan kudeaketa egokia ezartzearen emaitza positiboen azterketa.

c) Inbertsio-proiektuaren xedea eta garatu nahi diren produktu berriekin edo jorratu nahi diren merkatu berriekin duen harremana.

d) Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.

e) Berdintasun-plana izatea edo emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko erakunde kolaboratzaileen ziurtagiriak edukitzea, bai eta jazarpen sexistaren aurkako protokoloak, lan- eta familia-bizitza adiskidetzeko neurriak eta abarrak ere, betiere nahitaezkoak ez badira enpresaren ezaugarriak direla eta (hau da, 51 langiletik gorako enpresak, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua).

f) Jardunean honako enpresa- eta berrikuntza-zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta eta/edo tutelatuta hasiak izatea: Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Araba), Ezkerraldeko Enpresa Garapeneko Zentroa (BIC Bizkaia Ezkerraldea), Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa (BEAZ), Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Gipuzkoa).

g) Enpresa-berrikuntzak nazioarteko kateetako berrikuntzari dagokionez duen dimentsio osoa kontuan izatea.

h) Enpresak bat egitea ingurumenaren, energia-efizientziaren, emisioen murrizketaren aldeko apustuarekin, eta garapen jasangarrirako helburuak (GJH) betetzen laguntzea (Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agendan onetsi ziren).

i) IKTen esparruan (informazioaren teknologiak, komunikazioak eta Internet), digitalizazioaren, IoTen, 4.0 Industriaren eta abarren arloan estrategia edo ezarpena izatea jarduera eta negozio-eredua garatzeko.

Enpresak izaera berritzailea duela ulertuko da, baldin eta irizpide berritzaileen puntuaziotik gutxienez % 50 lortzen baditu.

2.– Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat jo ahal izango dira enpresa sortu berriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko programen babesean egindako ikerketa edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria badute.

3.– Lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira laguntzak. Hala, artikulu honetan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-ordenari jarraituz, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat jo direnei emango zaizkie 13. artikuluan aurreikusitako laguntzak, puntuazio-ordenari jarraituz, harik eta deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortzen den arte.

8. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honi jarraikiz, erakunde laguntzailetzat hartzen dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua, betiere zenbait xedapenetan ezarritako baldintzetan –zehazki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. eta 46. artikuluetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan–, eta arau honetan jasotako zehaztasunekin. Ondorio horietarako, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetu beharko da.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Hauek hartzea: laguntzaren eskabideak eta laguntzari uko egiteko idazkiak, egin beharreko jarduketak egiteko epearen luzapen-eskabideak eta inbertsioen aitorpena, ezarritako bitarteko telematikoen bidez. Halaber, beharrezkoa bada, hutsak zuzentzeko errekerimendua ere egin beharko da.

b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak sailkatzea.

c) Inbertsioen eta bideragarritasun-planaren analisi teknikoak eta ebaluazioa egitea.

d) Inbertsioen eta enpleguaren txosten teknikoa egitea, eta hura ebaluazio-batzordeari bidaltzea.

e) Egiaztagiriak eta ikuskapen-errekerimenduak jasotzea.

f) Ordainketa-proposamena.

3.– Finantzen Euskal Institutuak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Beharrezkoa den finantzaketa ematea, Agindu honetan onartutako laguntza-neurriek eboluzio eta garapen egokia izan dezaten.

b) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak emandako ordainketa-ebazpenetan adierazitako zehaztapenen eta baldintzen arabera.

c) Aurrerakin itzulgarriei lotutako eragiketak espezifikoki kontabilizatzea.

d) Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuan islatzea.

e) Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari jakinaraztea laguntzen kudeaketari dagokionez egoki diren kontu guztiak, alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmenean zehaztutako kudeaketa-datuak, hiru hilean behin, bidaliz. Datu horien artean honako hauek egongo dira:

1.– Eragiketa hauen balantzea, erregistro-eguna zehaztuta:

– Onuradunei egindako ordainketak.

– Eusko Jaurlaritzaren ordainketen kobrantzak.

– Onuradunen itzultzeen kobrantzak.

– Aurreko eragiketa bakoitzaren ondorengo saldoa.

2.– Deialdiaren finantza-zorpetzearen bidez sortutako interesen likidazioaren kalkulua.

3.– Deialdiaren kudeaketa dela-eta sortutako komisioen likidazioaren kalkulua.

4.– Onuradun bakoitzeko, hauen erregistro banakatua: ordainketen, itzulketen eta gorabeheren datena, batez ere, onuradunek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoena.

5.– Hitzarmen honen hirugarren klausulan definitutako jarraipen-batzordeak erabakitako beste edozein informazio.

f) Aurreko apartatuarekin lotutako kudeaketa-datu nabarmenenak jasoko dituen urteko likidazioa egitea.

g) Itzulitako zenbatekoak eta –hala dagokionean– haien interesak jasotzea, eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira transferitzea urtero, Finantzen Euskal Institutuak Gauzatu Industria 2021 programa gauzatzeko bere gain hartutako zorpetzea ezereztutakoan.

h) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Eusko Jaurlaritzako organo egokiek (Ekonomia Kontroleko Bulegoa eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila) laguntzen kudeaketaren gainean egiaztapen-ekintzarik eginez gero, horiei men egitea.

9. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako laguntza onartzea. Ildo horretatik, baldin eta enpresa onuradunek ez badiote horri berariaz, eta idatziz, uko egiten, onartutzat hartuko da; halere, laguntzari uko egin ahal izango diote inbertsioa amaitu aurreko edozein unetan, betiere Administrazioak ez badu oraindik ordainketarik egin.

2.– Eman duten xederako erabiltzea laguntza, eta hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorrera egin dela bete eta justifikatzea.

3.– Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, eskatzen dien informazio osagarri oro igortzea organo kudeatzaileari, bai eta gertatzen diren aldaketak ere, Administrazioak inbertsioen garapen eta gauzatzeari dagokionez egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan.

4.– Inbertsioei lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan edukitzea, bost urtez.

5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, programa honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

6.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

7.– Enpresak laguntza bidegaberen bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

8.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, eta horretarako, ageriko toki batean diruz lagundutako inbertsioa dela aipatzea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logo korporatiboa jasota.

9.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko Xedapen Gehigarri Bakarrean aurreikusitako enteekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, haien bidezkotasunari buruzko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

10.– Enpresak deslokalizaziorik ez egitea 10 urteko denbora-tartean, laguntza emateko ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita; alegia, enpresak deslokalizaziorik ez duela egin kontsideratuko da baldin eta ekoizpena osorik edo partzialki Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ez badu eraman.

11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

10. artikulua.– Zer inbertsio lagundu daitezkeen diruz.

1.– Diruz lagunduko dira 2023ko ekitaldian hasten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren inbertsioak.

Eskabidea aurkezten den unetik aurrera egiten diren inbertsioak baino ez dira diruz lagunduko, ez dira inola ere kontuan hartuko 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitakoak.

Diruz lagundutako inbertsioak gauzatzeko epea, gehienez ere, 24 hilabetekoa izango da, inbertsioak gauzatzen hasten direnetik aurrera.

2.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiborako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta honako betekizun hauek betetzen badira:

a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) epigrafe hauetako definizioaren arabera:

203. Jabetza industriala eta patenteak.

206. Informatika-aplikazioak.

210. Lurrak eta ondasun naturalak.

211. Eraikuntzak.

212. Instalazio teknikoak.

213. Makinak.

214. Tresneria.

215. Bestelako instalazioak.

217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, gehiegizko inbertsioa ez da diruz lagun daitekeen inbertsiotzat hartuko, baina bai inbertsio onartutzat, ordea, Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzeko.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekiko.

Aktiboen preziotzat haien balio «netoa» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

b) Lehendabizikoz erabiliak izatea edo jardueran hastea, lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak eskuratzeari dagokionez izan ezik, horiek berritzat hartuko dira eta.

Diruz laguntzeko modukotzat hartuko da, halaber, konkurtso-prozedura fasean dagoen establezimendu baten aktiboak eskuratzea, edo aktibo horiek eskuratu ez balira fase horretan sartuko zen establezimenduaren aktiboak eskuratzea. Loturarik gabeko hirugarren pertsonei eskuratuko zaizkie aktiboak, eta eragiketa merkatuko baldintzetan egingo da.

c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta gutxienez hiru urte irautea enpresaren aktiboan.

d) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.

e) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

f) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).

g) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira dirulaguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez hiru urtez egongo dira enpresaren aktiboan.

3.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi Industria Sailari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an Salbuespenei buruz emandako 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta, bestalde, kanpo-auditoretzetan oinarrituta baloratuko dira.

4.– Honako inbertsio hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenak.

b) Ordezkapen-inbertsioa.

c) Laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik hasitako inbertsioak.

5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua) 83. artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira diruz lagundu daitezkeen inbertsioetako gastuak.

Haiek azpikontratatzen badira, lege horren 29. artikuluan eta haren Erregelamenduaren 68. artikuluan agindutakoaren arabera arautuko dira.

11. artikulua.– Kontuan hartu beharreko enplegua.

1.– Enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea termino garbietan neurtuko da, oinarritzat hartuta Gizarte Segurantzak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena edo «Mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria».

2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, honako datu hauetatik handiena hartuko da abiapuntu gisa:

a) Deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteei dagokien datua.

b) Deialdia argitaratu aurreko 36 hilabeteei dagokien datua, betiere enplegu-galera nabarmenak egiaztatzen badira.

Bi kasuetan, plantillari buruzko datua «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean ageri dena izango da, edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, «Mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria»n ageri dena.

3.– Laguntza emateko ebazpenean ezarritako denbora-muga amaitzen denean justifikatuko da hasierako plantillari eutsi izana edo sortutako enplegua, eta, hala egingo da, inbertsioen azken adierazpena aurkeztearekin batera.

4.– Hasierako plantillari zein sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaie enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea (luzapenak barne) amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren gaineko jarraipena eta, egoki bada, hasierako plantillari eusteko jarraipena batez besteko aritmetikoen bitartez justifikatu ahal izango dira, oinarritzat hiru urteko epea harturik, erakunde onuradunarekin betebeharrak eta eskubideak dauden bitartean.

12. artikulua.– Laguntza itzulgarrien ezaugarriak.

1.– Eskabidean adierazitako aldian egin beharreko inbertsioen araberako aurrerakin itzulgarriak izango dira laguntzak, betiere 2023an hasiak badira.

2.– Laguntzak oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresentzat badira, baldin eta 5. eta 7. artikuluetako betekizunak betetzen badituzte, eta, gutxienez, 120.000,00 euroko inbertsio onartua aurkezten badute (10.2 artikuluan ezarritako kontabilitate-epigrafeen arabera neurtuko da), eta inbertsio horrek, gainera, enpleguari eustea eta/edo enplegua sortzea badakar, 24 hilabeteko gehieneko aldian inbertsioak hasten direnetik.

3.– Laguntzak itzultzeari buruzko 21. artikuluan ezarritakoaren arabera itzuliko dituzte laguntzak.

4.– Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 35 izango dira gehienez, 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Aurrerakinak 200.000,00 euro izango dira gehienez sortutako enpleguagatik, eta 150.000,00 euro gehienez enplegua eusteari dagokionez. Ezin izango dira, inola ere, 1.500.000,00 euro gainditu.

13. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

Enpresaren tamaina eta oinarri teknologikoko gisa eta/edo berritzaile gisa sailkatuta dagoen aintzat hartuta, diruz lagundu daitekeen inbertsioari honako intentsitate hauek aplikatzearen emaitza izango dira laguntza itzulgarriak:

(Ikus .PDF)

14. artikulua.– Laguntzen bateragarritasunak eta laguntzak metatzea.

1.– Deialdi honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiek, batera, ez badute gainditzen Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 Erregelamendu Orokorren 8. artikuluetan ezarritako muga. Laguntza horien berri eman beharko zaio Industria eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.

2.– Programa honetako laguntzak bateraezinak dira nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntza-programetako dirulaguntzekin, zeinak ematen baitzaizkie erregelamendu hauetan zerrendatutako sektoreetako enpresei: Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua eta Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua.

15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Ebaluazio-batzorde bat sortzen da, eginkizun hauek izango dituena: aurkeztutako eskabideak baloratzea; oinarri teknologikoko enpresa eta/edo enpresa berritzailea izateko edo ez izateko puntuazioa zehaztea, 7. artikuluko irizpideen arabera; laguntzak emateko proposamena egitea, eta organo eskudunari helaraztea, horiek eman ala ez ebazteko.

Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da, bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) bertan badaude, edo urrutitik parte hartzen badute, eta, gutxienez, gainerako kideetako batek ere parte hartzen badu.

Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

2.– Batzordeko kideak honako hauek izango dira:

Batzordeburua:

Rosa M.ª Murillas Maza, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako arduraduna. Ordezkoa: Agustín García Pérez, zuzendaritza horretako arduraduna.

Batzordekideak:

Alberto Fernández González, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra. Ordezkoa: Natividad Niño Bartolomé, zuzendaritza horretako arduraduna.

Cristina Oyón Echevarría, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko titularra. Ordezkoa: Amaia Martínez Muro, SPRI Taldeko arlo bereko arduraduna.

Aitor Cobanera Rodriguez, SPRI Taldeko Enpresa Sustapeneko titularra. Ordezkoa: Laura Izaguirre Lafuente, SPRI Taldeko arlo bereko arduraduna.

Idazkaria:

Imanol Cuétara Camiruaga, SPRI Taldeko Ekintzailetza Saileko arduraduna. Ordezkoa: Cristina Amezaga Antepara, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria.

16. artikulua.– Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabide bat aurkeztu beharko dute, bitarteko elektronikoen bidez, bai eta hurrengo artikuluko dokumentazioa ere.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabidea egiteko inprimakira) honako helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091211. Helbide horretan bertan egingo dira, halaber, gero egin beharreko izapide guztiak (jakinarazpenak eta justifikazioak barne).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskatzaileak, gainera, alta eman edo bere datuak aldatu beharko ditu, hirugarrenen erregistro elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskabidea –bakarra izango da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

4.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, dirulaguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiri horiek zer datatan eta zer organo, egoitza edo sailetan aurkeztu ziren.

6.– Laguntzarako eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori, eta, halakorik gertatzen bada, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaion guztietan.

7.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu, haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

8.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2023ko apirilaren 17an bukatuko da.

17. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, bitarteko elektronikoen bidez, honako hauek jasota:

a) Eskatzaileak egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza, plan industriala, ekonomiko-finantzarioa eta laborala eta hura gauzatzeko epeak jasotzen dituena. Era berean, oinarri teknologiko edo berritzailea duen enpresa dela frogatzen duten agiriak erantsi beharko dira.

b) Enpresako plantillari buruzko informazio-agiria, lanbide-kategoriaren eta sexuaren arabera bereizita. Agiri hori deialdi hau argitaratu aurreko azken ekitaldiaren itxierakoa izango da.

c) Gizarte Segurantzak emandako «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» buruzko txostena edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria. Ziurtagiri horrek deialdia argitaratu aurreko 3 urteetakoa izan beharko du.

d) Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.

e) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ahalordea, salbu eta agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada. Kasu horretan, eskabidean behar bezala adieraziko da zein egunetan eta zein bulego eta/edo sailetan aurkeztu ziren (ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

f) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota (laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak).

g) Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egoteari buruzko dokumentua.

h) Erantzukizunpeko adierazpena –datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal– alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

– Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-aginduan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

– Inbertsio berberetarako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu zaizkien eta/edo haiengandik jaso diren laguntzak adierazi dituela.

– Enpresa eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren eraginpean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batasuneko jarraibideen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).

– Egoera erregularizatua duela Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituela.

18. artikulua.– Eskabideak aztertzea.

1.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, erakunde laguntzaileei buruzko 8. artikuluak esleitzen dizkion funtzioen arabera.

2.– Eskabidean akatsak badaude, behar bezala beteta ez badago edo harekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretik, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak ebazpena emango du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (39/2015, urriaren 1ekoan) xedatutakoa betez.

3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako hauek ebaluatuko ditu: egin beharreko inbertsioak eta enplegua, negozio-plana eta, egoki bada, oinarri teknologikoa duen eta/edo berritzailea den.

4.– Eskabideak aztertu ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak inbertsioei eta enpleguari buruzko txosten tekniko bat egingo du, eta gero ebaluazio-batzordeari igorriko dio; azken horrek, txostena ikusita, dirulaguntza emateko proposamena igorriko dio Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari.

19. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.

1.– Agindu honetako baldintzak betetzen dituzten eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari dagokio horiek ebaztea.

Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emango dira, agindu honetako 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz, harik eta deialdi honetako 4. artikuluan esleitutako kreditua agortzen den arte. Erakunde batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, espedientea osatu zen egunak ezarriko du esleipen-ordena.

2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren, eta honako hauek zehaztuko dira:

– Onuradunen zerrenda, honako hauek adierazita: erakunde eskatzailearen izena, aurkeztutako inbertsioaren zenbatekoa, diruz lagundu daitekeen inbertsioarena eta emandako laguntzarena.

– Ukatutako eskabideen zerrenda, zergatia adierazita.

Bi kasuetan, eranskin indibidualizatu bat erantsiko zaie, honako hauek berariaz jasota:

Onuradunen kasuan: onartutako inbertsioa, diruz lagundu daitekeen inbertsioa, sortuko diren enpleguak, emandako laguntzaren zenbatekoa eta «Gauzatu-Industria 2023 programako prozeduraren jarraibideak» izeneko dokumentua.

Ukatutakoen kasuan: ukatu izanaren arrazoiak.

3.– Bitarteko elektroniko bidez eman eta jakinaraziko da ebazpena, 6 hilabeteko epean, gehienez ere, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Laguntzak emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epean, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

5.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake, Industriako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Egintza espresa ez balitz, eskatzaileak eta balizko interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute edonoiz, administrazio-isiltasunaren ondoreak indarrean jartzen diren egunaren hurrengotik hasita, araudi espezifikoaren arabera.

6.– Eskatzaileei ebazpena jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

20. artikulua.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.

1.– Administrazioak aurrerakin itzulgarrien ordainketa egin ahal izateko, onuradunak administrazio honen «Hirugarrenen erregistro elektroniko» egokian jasota egon beharko du.

2.– Enpresa onuradunak honako dokumentu hauek bete eta aurkeztu beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren helbide elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091211):

a) Egin diren inbertsioen aitorpena; horretan berariaz adieraziko da, halaber, laguntza eman ondoren, ez duela berreskuratzeko agindurik, laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen Europar Batasuneko Batzordearen erabaki baten ondorioz.

b) Inbertsioen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunen eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data.

c) Eskatzailea kooperatiba bat bada, Lagun Aro BGAErekin ordainketa egina duela egiaztatzen duen ziurtagiria eta mutualisten zerrenda.

d) Laguntza ordaintzeko eskaera egin den egunean Gizarte Segurantzak igorrita zituen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenak. Eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, data berean.

e) Leasinga badago, kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.

f) Azken bi ekitaldietako sozietateen gaineko zerga edo PFEZ, edo, horrelakorik ez izanez gero, azken ekitaldiko auditoretza-txostena.

g) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza, haien zenbatekoa eta jatorria adierazita.

h) Itzultzeko betebeharra dela-eta egindako diru-sarreren ordainketa-gutuna, halakorik balego.

Administrazioak zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotearen egiaztagiriak zuzenean bildu ahal izango ditu. Hala ere, onuradunak baimenari berariaz uko egin badio, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, modu digitalean sinatuta.

3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaritzei eskatuko die aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuska ditzaten.

Enpresa onuradunak honako hau jarriko du ikuskapen-zerbitzuaren esku:

– Egin eta aurkeztutako inbertsioak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, enpresa hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita.

– Leasinga badago, aurreko puntuan eskatutako agiriak: kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koaren) 30. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzeko araudietan xedatutakoa betetze aldera behar diren agiriak eta informazio osagarria eskatu ahal izango dira.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapenaren ziurtagiria jasotakoan, enpresak aurreko puntuan aipatutako alderdiak betetzen dituela egiaztatuko du, aurrerakin itzulgarriaren ordainketa likidatzeko proposamenari buruzko txostena egingo du, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari igorriko dio.

4.– Enpresa onuradunak hiru hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko, inbertsioak egiteko ezarritako denbora-horizontearen epea amaitzen denetik hasita.

Epe hori amaitu ondoren, aitorpen hori aurkeztu ezean, ordura arte aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuskatzeko eskatuko dio SPRIk Saileko dagokion Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzari.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapena egindakoan, dagokion lurralde-ordezkaritzak aurreko apartatuan aipatutako inbertsioak ikuskatuta, justifikatu eta ikuskatutako inbertsioei dagokien laguntza itzulgarriaren azken likidazioaren proposamen-txostena egingo du, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari igorriko dio.

5.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, laguntzen organo kudeatzaile gisa, egokiak diren aurrerakin itzulgarriak (guztia edo zati bat) ordaintzeko ebazpenak emango ditu.

Aurrerakin itzulgarriak, oro har, urtean bitan ordainduko dira, justifikatutakoaren arabera, eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela eta ez duela itzultzeko ebazpen baten ondoriozko zorrik egiaztatu ondoren. Itzultzeko prozedura dela eta zordun izanez gero, ez da inolako ordainketarik egingo.

6.– Ordainketa-ebazpena Finantzen Euskal Institutuari igorriko zaio, azken horrek, Agindu honen 8. artikuluan esleituta dituen eginkizunen barruan, aurrerakin itzulgarriaren finantzaketa antola dezan eta bertan adierazitako zenbatekoa ordain dezan. Ebazpena enpresa onuradunari jakinaraziko zaio, halaber.

7.– Programa honen barruan emandako laguntzaren ordainketa ez da gauzatuko, baldin eta enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu. Ez-betetzeari eta dagokion itzulketari buruzko espedientea hastea ekarriko du egoera horrek.

21. artikulua.– Laguntzen itzulketak.

1.– Aurrerakinen itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian itzuliko dira Finantzen Euskal Institutuaren kontu batean, ondoz ondoko bost urtean.

2.– Itzulketak honela egingo dira:

a) Dirulaguntza emateko ebazpenean inbertsioak egiteko ezarritako denbora-horizontearen epea amaitu ondoren, urtebeteko gabealdia izango dute enpresek itzulketak egiten hasi aurretik.

b) Gabealdiaren ondoren egingo da lehen itzulketa; hau da, dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako denbora-horizontea amaitzen den ekitaldiaren ondorengo 2. urtean.

c) Gainerako itzulketak ondoz ondo egingo dira, bosgarren urtea bete arte.

3.– Urtean, bi itzulketa egingo dira, otsailean eta uztailean, bost urtez. Itzulketa bakoitzaren zenbatekoa jasotako laguntzaren hamarrena izango da.

4.– Zuzendaritza kudeatzaileak likidazio-txosten bat egingo du urtero, ekitaldi bakoitza amaitzean, eta Administrazioaren alde edo kontra dauden aldeak jasoko ditu bertan, bai eta, hala badagokio, dagozkion interesak ere.

Sortutako hurrengo itzulketan erregularizatuko dira aldeak.

Azken likidazioan atzemandako aldeak hiru hilabeteko epean erregularizatuko dira, itzulketa ezegokia egiten den egunetik kontatzen hasita.

Hori guztia, dekretu honetan xedatutakoaren arabera: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

5.– Edonola ere, ordaintzeko dagoen laguntza osoa aurrez itzultzea onartuko da.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean (hala badagokio) ezarritako baldintza eta beharkizunen bat betetzen ez badu, organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesdunari entzun ondoren, interesdunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du administrazio-ebazpen bidez eta, hala badagokio, interesdunak jasotako laguntzak itzuli beharko dizkio Finantzen Euskal Institutuari. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak guztiz eta nabarmenki ez betetzea –jarraipen- eta kontrol-baliabideen bidez zehaztuko da hori– laguntza oso-osorik itzularazteko kausa izango da, eta horrela badagokio, jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea eta laguntzaren onuradun izaera bera ere galduko dira.

Ez-betetzeen artean honako hauek daude:

a) Ez gauzatzea agindu honetako 10. eta 11. artikuluetan ezarritako minimoak; enpleguari eta inbertsioei buruzkoak dira artikulua horiek.

b) Urteko bakoitzean sortutako itzulketak ez egitea.

c) Inbertsioak beste eraren batean desbideratzea, edo ez betetzea laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.

d) Programa honek babestutako inbertsioen deslokalizazioa.

e) Laguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa ez aurkeztea.

3.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak partzialki ez betetzeak dagokion dirulaguntzaren zatia itzularaztea eragingo du, interesak barne, baita jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere.

4.– Ez da ez-betetzeari buruzko espedienterik hasiko, baina aldatzeko espedientea bai, eta, egokia bada, dagokiona itzultzeko espedientea, honako kasu hauetan:

a) Inbertsioak egiten ari diren bitartean enpresak ETEa izateari uzten badio, likidazio bat egingo da, eta ETEa izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez ditu kontuan hartuko likidazio horrek. Une horretatik aurrera proiektua amaitutzat emango da, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzeko prozedurak aplikatuko dira, laguntzak itzultzeari buruzko 21. artikuluan adierazitako eran.

b) Agindu honen babesean sortutako enpleguari 3 urtez eutsi ezean, deialdiaren dirulaguntza garbi baliokidea galtzea ekarriko du horrek, enplegu-sorrerari dagokion zatiari aplikatuta.

c) Hasierako plantillari eutsi ezean, dirulaguntza garbi baliokidea itzultzea eragingo du horrek. Aurreko artikuluan xedatutako azken itzulketaren ondoren egingo da itzulketa hori, seigarren urteko otsailaren azken eguna baino lehen beti.

5.– Jasotako zenbatekoak eta egoki diren berandutza-interesak itzuli behar izango dira, halaber, honako hauetan ezartzen diren kasuetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko Legearen (38/2003, azaroaren 17koaren) 37. artikulua.

6.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze espedienteak.

7.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean baldin badago, Administrazioak lehentasuna izango du –kasuan-kasuan aplika daitezkeen xedapenek aitortzen diotena– eman dituen laguntza itzulgarriak berreskuratzeko.

23. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, Agindu honek ezarritako betekizunak bete behar dira.

2.– Ondorio horietarako, aldaketak baimendu ahal izango ditu Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, lortu nahi diren helburuak eta haien izaera alde batera utzi ezean betiere, baldin eta erakunde onuradunak aldaketa horiek Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari eta/edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari aurretik eskatu badizkio eta guztiz arrazoitu baditu gauzatzeko epea amaitu baino lehen.

Horretarako, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak egokitzeko.

3.– Ildo horretatik, laguntzak eman zituen administrazio-organoak honako hau eman ahal izango du:

a) Egin beharreko inbertsioak gauzatzeko luzapena, enpresa onuradunak aurretik eskatu eta arrazoitu ondoren. Gauzatzeko epea, gehienez ere, gabealdiko urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da, itzulketak hasi aurretik. Dagokion laguntzaren ordainketa atzeratzea ekarriko du horrek, betiere enpresak alegatutako arrazoiek horrela justifikatzen badute.

b) Enplegua sortzeko eta, hala badagokio, plantillari eusteko luzapena, enpresak proposatuta (ezarritako denbora-horizontea amaitu aurretik) edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta. Gauzatzeko epea, gehienez ere, itzulketen bigarren urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

4.– Aldaketa horiek ez dute ekarriko, baina, emandako laguntza itzulgarriaren zenbatekoa handitzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala