247. zk., 2022ko abenduaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (270 KB - 23 orri.)
- EPUB (298 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5698
AGINDUA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta iragartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeentzako 2023ko ekitaldiko laguntzak.
EAEko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeentzako laguntzak euskal enpresen lehiakortasuna lankidetzaren bidez handitzeko helburu estrategikoaren barruan kokatzen dira, hau da, euskal industriak dituen erronkei erantzuteko oinarrizko estrategietako baten barruan.
Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeek, klusterren lehiakortasuna hobetzea helburu hartuta, klusterreko kideen arteko lankidetza errazten dute, batez ere berrikuntza-sistemako eragileen eta enpresa txiki eta ertainen artean.
Laguntzen erakunde onuradunak klusterrak dinamizatzen diharduten erakundeak izango dira, aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak, bai banaka bai taldeka edo federatuta.
Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeak laguntzeko programa «Euskadi martxan» gobernu-programako (2020-2024) «Oparotasuna» ardatzaren barruan dago: ekonomia eta enplegua suspertzea, industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarritutako estrategia baten bidez. Bertan, konpromiso gisa jasotzen da Industria Garapeneko eta Nazioartekotzeko Plana (2021-2024) onartzea, eta, hain zuzen ere, planaren ekimenetako bat da kluster politika bultzatzea.
Era berean, aipatu laguntza-programa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntzen plan estrategikoan jasotzen da (sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako, eta, ondoren, 2021eko ekainaren 30eko, 2022ko otsailaren 16ko eta 2022ko irailaren 7ko aginduen bidez aldatu zen).
Agindu honi Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua aplikatuko zaio (aurrerantzean, salbuespen-erregelamendua), EBko Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat etorriz laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeari buruzkoa (AO, L 187 seriea, 2014ko ekainaren 26koa), enpresa talde berritzaileentzako laguntzei dagokienez, 27. artikuluan deskribatzen den moduan.
Jarraibideon arabera, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. tituluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeei bideratutako 2023ko ekitaldiko laguntzak arautzea eta iragartzea, enpresa txiki eta ertainen eta oro har euskal ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko.
2.– Honako hauek hartuko dira Klusterrak Dinamizatzeko Erakundetzat:
– Berezko nortasun juridikoa duten irabazi asmorik gabeko elkarteak (aurrerantzean, elkartea), edo
– Berezko nortasun juridikoa duten elkarteen federazioak (aurrerantzean, federazioa), eta,
– Elkarteen taldeak (aurrerantzean, taldea), berezko nortasun juridikoa izan edo ez.
3.– Klusterrak Dinamizatzeko Erakunde batek enpresa bultzatzaileak, enpresa txiki eta ertainak, eragile zientifiko-teknologikoak eta hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak biltzen ditu.
Klusterrak Dinamizatzeko Erakundearen egitekoa honako hau da:
– Lankidetzaren bidez klusterraren lehiakortasuna hobetzea, batez ere enpresa txiki eta ertainena.
– Klusterreko kideen erronka komunak identifikatzen laguntzea eta baterako jarduerak sustatzea RIS3 estrategiaren lehentasunekin lerrokatuta dauden arloetan: estrategia, nazioartekotzea, enpresa-berrikuntza, teknologia eta I+G.
– Interes taldeen beharrei erantzutea.
– Eusko Jaurlaritzaren politiken eskaerei erantzutea.
4.– Agindu honen ondorioetarako, ulertzen da klusterrak enpresak (handiak, ertainak eta txikiak), eragile zientifiko-teknologikoak, hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak, erakunde publikoak eta beraien elkarteak bezalako erakundeak biltzen dituzten taldeak direla, betiere, erakundeok hurbileko eremu geografiko batean jardutea eta honako ezaugarri hauek partekatzea ezaugarri izanik:
– Balio-kate bateko edo produkzio- eta zerbitzu-eremu bateko kide izatea.
– Ezagutza- edo teknologia-kidetasuna.
– Azken merkatu berera edo merkatu horren segmentu berera bideratuta egotea.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Beren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten 1.2 artikuluan deskribatutako Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeak izan daitezke onuradun, betiere, ondoren aipatuko baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Zenbait urtetarako Klusterraren Plan Estrategiko eguneratua izatea. Plana erakunde onuradunen gobernu-organoek onartu behar dute eta www.euskadi.eus atarian argitaratutako Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren arabera garatu behar da.
b) Klusterraren Jarduketa Plana izatea, urtekoa eta zehatz-mehatz jasoko dituena Klusterraren Plan Estrategikoa inplementatzeko egin beharreko ekintzak, bideratu beharreko baliabideak eta lortu nahi diren emaitzak. Egonez gero, urteko nazioartekotze-proiektua ere identifikatu beharko du.
c) Masa kritiko nahikoa izatea:
– Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeari kuota ordaintzen dioten enpresa elkartuen kopurua 30 baino handiagoa izan behar da.
– Enpresa elkartuen fakturazioen batura Euskal Autonomia Erkidegoko barne-produktu gordinaren % 1 baino handiagoa izan behar da.
d) Enpresa txiki eta ertainen partaidetza izatea: gutxienez enpresa elkartuen % 60 izan behar dira enpresa txiki eta ertainak.
Honako baldintza hauek betetzen dituztenak hartuko dira enpresa txiki eta ertaintzat:
– 250 langile baino gutxiago izatea.
– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.
Enpresa elkartuen kasuan, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoa kontuan hartuta egingo da langileen eta mugen zenbaketa.
e) Bere kideen artean alderdi interesdun guztien eta klusterra osatzen duten balio-kateen ordezkaritza izatea: enpresa bultzatzaileak edo integratzaileak, hornitzaile ertain eta txikiak, eragile zientifiko-teknologikoak, prestakuntza-zentroak, unibertsitateak, eta abar.
f) Nazioartekotze-poltsan sartuz gero, nazioartekotze-batzordea, nazioartekotze-taldea edo antzeko egitura espezializatuak izatea.
g) Jarduera-eremua, lurraldeari dagokionez, gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.
h) Klusterraren Plan Estrategikoak, Klusterraren Jarduketa Planak eta lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna sustatzeko egiten diren jarduketek bat egin dezatela Eusko Jaurlaritzaren Lehiakortasun, Teknologia eta Berrikuntza Estrategiarekin eta XII. Legealdiko Industria eta Nazioartekotze Planarekin, eta lagun dezatela berauen ezarpenean.
i) Taldeen kasuan, gainera, elkartutako erakundeak ordezkatzen dituen zuzendaritza batzorde bat izan behar dute. Zuzendaritza batzordeak bere gain hartuko du proposatutako jarduerak Klusterraren Plan Estrategikoarekin bat etorriz gauzatzeko erantzukizuna.
j) Urteko Klusterraren Jarduketa Plana koordinatzeko eta gauzatzeko erantzukizun betearazlerik handiena izango duen pertsona bat izatea. Pertsona horrek lanaldi osoko kudeatzaile gisa kontratatuta egon beharko du.
Federazioen eta taldeen kasuan, apartatu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, kide diren elkarte guztien magnitudeen batura hartuko da kontuan.
2.– Onuraduna talde bat bada, eskatzailea bertako kide den elkarteetako bat izango da. Eta bere gain hartuko du:
– Ekintzen gauzatzea koordinatzeko erantzukizuna.
– Taldearen ordezkaritza Administrazioarekin izan beharreko elkarrizketa eta harremanetan.
Taldeak ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu behar du, elkartutako Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalmen nahikoa izango duena, eta ez du Klusterrak Dinamizatzeko Erakundea desegingo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.
Onuraduna federazio bat bada, erakunde eskatzailea federazioa bera izango da, bai eta ordezkaritza eta ekintzen gauzatzea koordinatzeko erantzukizuna bere gain hartuko dituena ere.
Eskaeran berariaz jaso beharko dira federazioa edo taldea osatzen duten elkarteetako bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak.
Baldin badaude, federazioak eta taldeak osatzen dituzten elkarte guztiek era solidarioan bete beharko dituzte itzultze-obligazioak, betiere Dirulaguntzei buruzko Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak honako hauek bakarrik eskuratu ahalko dituzte:
– Eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituzten erakundeak.
– Elkarteen erregistro publikoan inskribatutako erakundeak, elkarteak, federazioak edo taldeak, bai eta azken bi horietako kideak ere.
– Azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duten erakundeak.
4.– Honako hauek ezingo dituzte dirulaguntzak eskuratu:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dieten zehapen penal edo administratiboak jaso dituzten erakundeak.
b) Dirulaguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen edozein motako legezko debekuren bat jaso duten erakundeak, berdintasuneko araudia ez betetzeagatik edo gardentasuneko eta lansari-berdintasuneko printzipioa ez betetzeagatik sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak dituztenek barne, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolamendurako Printzipioen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.
c) Laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela deklaratu duen Europako Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, oraindik ere bete gabe dagoen berreskuratze-agindu baten mende dauden erakundeak.
d) Krisian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuren batean dauden erakundeak.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (3.818.000,00 euro zehazki).
Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kopurutik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.
Deialdi hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.
1.– Laguntza jaso dezaketen jarduketatzat onuradunek 2023ko ekitaldian egiten dituztenak hartuko dira.
Laguntza jaso dezaketen jardueratzat hartuko dira lankidetzaren bidez enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu dutenak.
Jarduerak 2023ko ekitaldian egingo dira, eta laguntza-eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko dira.
2.– Klusterraren Plan Estrategikoa garatzeko jarduerak lagundu ahal izango dira. Jarduera horiek Klusterrak Dinamizatzeko Erakundearen urteko Klusterraren Jarduketa Planean jasoko dira.
Agindu honen I. eranskinean deskribatzen diren jarduerak jarduketa estrategikoko arloetan kokatu beharko dira: Nazioartekotzea, Teknologia, Berrikuntza eta Estrategia, eta Agenda 2030 (Garapen Jasangarrirako Helburuak gehitzea).
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeek aurreko artikuluan aipatzen diren jarduerak garatzeko ordaindu beharrekoak joko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, izan barneko gastuak (soldatak, gizarte-segurantza eta egiturazko ohiko gastuak) ala kanpoko gastuak (azterketak edo bestelako zerbitzuak azpikontratatzea).
1.– Barneko gastuak.
a) Aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak diren Klusterrak Dinamizatzeko Erakundearen pertsonal-gastuak; soldatak nahiz gizarte-segurantzako gastuak hartuko dira aintzat. Pertsonal-gastuak benetako zenbatekoaren arabera zehaztuko dira, eta, hala balegokio, baita justifikatu ere (soldata gordina eta enpresaren gizarte-segurantzako gastuak).
b) Klusterrak Dinamizatzeko Erakundearen egiturazko gastuak; pertsonal-gastuen ehuneko finko gisa kalkulatuko dira (soldata-kostua gehi gizarte-segurantzako kuotak) eta ez dira dokumentu bidez justifikatu beharko. Ehuneko hori % 15 izango da.
c) Pertsonako ordu-tasa kalkulatzeko, elkartea arautzen duen hitzarmenean ezarritako urteko lanaldi erreala hartuko da kontuan. Horrenbestez, honela kalkulatuko da ordu-tasa: pertsonal-gastuak eta egiturazko gastuak batu eta emaitza hitzarmeneko urteko lanaldiko ordu kopuruagatik zatituko da.
Diruz lagundu daitekeen ordu-tasaren muga 68,35 eurokoa izango da.
2.– Kanpoko gastuak. Aurkeztutako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak emateko, aholkularitzako, hainbat formatutako promozio-ekintzetarako (formatu birtualak barne), nazioartean laguntzeko ekintzetarako eta abarretako kontratazio-gastuak eskatu ahal izango dira. Era berean, justifikazioko kontuaren auditoriaren kostua ere diruz lagundu ahal izango da, 1.500 euroko mugaraino.
3.– Ez da onartuko administrazio instituzionaleko edo sektore publikoko erakundeek egindako gasturik, ez eta Basque Trade & Investment sareko bulegoek emandako zerbitzuei dagozkienak ere.
4.– Diruz lagundutako jardueren azpikontratazioak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa bete behar du.
Onuradunak azpikontratatu egin duela ulertuko da hirugarren batzuekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera guztia edo haren zati bat haiek egitea. Onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da horretarako egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Proiektuaren zati baten gauzatzea azpikontratatzen denean, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.
Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.
Azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.
Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murriztu eta aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak ez betetzeko.
Kontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta hark hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.
Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, beste horrek ere dirulaguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.
Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeekin.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.
c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
d) Erakunde onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:
– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.
– Aldez aurretik erakunde emailearen baimena lortzea oinarri arautzaileetan finkatutako baldintzetan.
e) Deialdi edo programa berean dirulaguntza eskatu duten baina betekizunak ez betetzeagatik edo behar den balorazioa ez lortzeagatik laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.
5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean (15.000 euro BEZa gabe zerbitzu eta horniduretarako), onuradunak erakunde hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada izan ezik.
6. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli ezingo diren dirulaguntzak dira eta honako laguntza-muga hauek dituzte:
a) Laguntza-zerbitzuak eta nazioartekotze-jarduketak:
– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40ra arte.
Basque Trade & Investment sarearekin elkarlanean egindako proiektuak eta jarduketak izanez gero, onartutako gastuen % 50era arte handituko da.
– Onartutako kanpoko gastuetarako, honako muga hauek aplikatuko dira jarduera-tipologiaren arabera:
• Zuzeneko merkataritza-misioak: helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50era arte (II. eranskinean dago zerrenda), misioko 50.000 euroko mugarekin.
• Alderantzizko merkataritza-misioak: beharrezko gastuen % 50era arte, misioko 50.000 euroko mugarekin.
• Misioan parte hartzen duten pertsonen joan-etorrietarako, egonaldietarako eta mantenurako gastuak jatorriko herrialdeari dagokion bidaia-poltsaren zenbatekora mugatzen dira (II. eranskinean dago zerrenda).
• Nazioarteko feriak: standak eta dekorazioak eragindako gastuen eta helmugako herrialderako ezarritako bidaia-poltsen zenbatekoaren % 50era arte (II. eranskinean dago zerrenda).
• Nazioarteko sustapen- eta hedapen-elementuak: proiektu bakoitzaren zenbatekoaren % 50era arte.
– Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeentzako dirulaguntzentzat 180.000,00 euroko muga deialdian aurkeztutako nazioarteko laguntza-jarduera guztietarako.
b) Enpresek proiektuetan parte hartzeko eta haiei laguntzeko zerbitzuak (nazioartekotze arlokoak salbu): onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 40ra arte.
c) Zaintza-, informazio-, benchmarking- eta estrategia-zerbitzuak: onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 40ra arte.
d) Hedapeneko jarduerak, jardunaldiak, topaketak eta ekitaldiak (nazioartekoak salbu).
– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40ra arte.
– Onartutako kanpo-gastuetarako, % 50era arte, eskaerako 8.000,00 euroko laguntza-mugarekin.
e) Kluster sustapeneko eta garapeneko jarduerak, bazkideak erakartzea, komunikazioa (webguneak, buletinak eta abar):
– Onartutako barneko eta kanpoko gastu guztietarako, % 40ra arte.
– Onartutako kanpo-gastuetarako, % 50era arte, eskaerako 8.000,00 euroko laguntza-mugarekin.
f) Foroak dinamizatzeko zerbitzuak jarduketa-ildoak eta lankidetza-proiektuak definitzeko: onartutako barneko eta kanpoko gastuen % 50era arte.
g) Erronka partekatuko proiektu-taldeak dinamizatzeko zerbitzuak –aurretik e) hizkian landua–: onartutako barneko eta kanpoko gastu guztien % 50era arte.
h) Elkarteko talde teknikoaren gaitasunak garatzea: onartutako barneko eta kanpoko gastu guztien % 40ra arte.
i) Ekintza-pilotuak: onartutako barneko eta kanpoko gastu guztien % 50era arte.
2.– Deialdi honetako baliabide ekonomikoak honako zuzkidura hauek dituzten lau poltsatan banatzen dira:
– Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuak gehitzeko jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 150.000 euro.
– Nazioarteko laguntza-jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 950.000 euro.
– Teknologiako eta trantsizioko jarduketetarako poltsa. Zuzkidura: 1.700.000 euro.
– Berrikuntzako eta Estrategiako jarduketetarako poltsa. Zuzkidura. 1.068.000 euro.
a) Klusterrak Dinamizatzeko Erakunde bakoitzak poltsa bakoitzetik jasoko duen dirulaguntza finkatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:
– Alde batetik, poltsa bakoitzaren zuzkidura Klusterrak Dinamizatzeko Erakunde eskatzaileen artean banatzea. Banaketa horretarako, III. eranskinean ezarritako parametroen ehunekoak aplikatuko dira. Poltsa bakoitzaren parametroak Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeei aplikatuko zaizkie, poltsa horrekin bat egiten duten jarduerak egiten badituzte.
– Bestalde, kontuan hartuko dira Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeek proposatutako jarduerak. Diruz lagundu daitezkeen jardueron gastuak honako irizpide hauen arabera finkatuko dira:
• Poltsa bakoitzerako aurkeztutako jardueretan onartutako gastuak.
• Artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako laguntzen mugak.
• Eskaeran zehaztutako jarduketen lehentasun-hurrenkera.
b) Poltsa bakoitzeko zuzkiduren banaketa eta Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeek proposatutako jarduerak kontuan hartu ondoren, bi egoera hauetako bat sortuko da:
– III. eranskineko parametroak aplikatu ondoren poltsa jakin batean Klusterrak Dinamizatzeko Erakunde bati dagokion diru-kopurua, poltsa horrekin bat egiten duten jarduera onartuen gastura iristen da. Egoera horretan, Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeari poltsa horrekin bat egiten duten jarduera onartuen zenbateko osoa emango zaio.
– III. eranskineko parametroak aplikatu ondoren poltsa jakin batean Klusterrak Dinamizatzeko Erakunde bati dagokion diru-kopurua, ez da iristen poltsa horrekin bat egiten duten jarduera onartuen gastura. Egoera horretan, esleitutako zuzkidura emango zaio Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeari.
c) Poltsa baten zuzkidura esleitu ondoren soberakin bat sortzen bada, soberakin hori bigarren txanda batean banatuko da hasiera batean poltsa horretan onartutako jarduketen gastu osoa ordaindu ez zaien Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeen artean. Kasu horretan, ondoz ondoko txandetan eta irizpide berberen arabera, soberakina egoera horretan dauden Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeen artean banatuko da.
d) Soberakina agortzen ez bada, Berrikuntza eta Estrategiako poltsan sartuko da, zeina azken lekuan banatuko den.
Klusterrak Dinamizatzeko Erakunde bakoitzari emango zaion dirulaguntza esleipen-txanden amaieran poltsa bakoitzean esleitutako kopuruen batura izango da.
3.– Onuradun bakoitzak 450.000,00 euroko laguntza jaso ahal izango du gehienez.
7. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere guztira jasotako dirulaguntzek onartutako gastu guztien % 60 gainditzen ez badute. Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, Agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko eta eskabideak aurkezteko epea.
1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira dirulaguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira prozedura bakar batean.
2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengoan hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2023ko otsailaren 15ean amaituko da.
9. artikulua.– Eskabideak.
1.– Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeek, elkarte, federazio edo talde izan, Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte, eskabide bat aurkeztu beharko dute baliabide elektronikoen bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor daude jasota tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10129101
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, zeina helbide honetan dagoen: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Halaber, eskatzaileak hirugarrenen erregistro elektronikoan alta eman edo aldatu beharko ditu bere datuak, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak helbidean.
3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskaera –bakarra izango da erakunde eskatzaileak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.
4.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, dirulaguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiri horiek zer datatan eta zer organo, egoitza edo sailetan aurkeztu ziren.
6.– Dirulaguntza eskaera bat aurkeztearekin baimena ematen dio eskatzaileak organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, baimen hori beren-beregi ukatu ahal izango du eskatzaileak; hori bai, halakorik eginez gero, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.
7.– Orobat, dirulaguntza jasotzeko eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura dezan Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza konkurrenteen egiaztapena, bai eta laguntzok justifikatzeko agiriak.
10. artikulua.– Eskabideen edukia.
1.– Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
a) Klusterraren Plan Estrategikoa: erronka komunak identifikatuko ditu eta erantzunak lankidetzatik planteatu. Plan Estrategikoa:
– Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidako jarraibideak kontuan hartuta egingo da.
– Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeak ezarritako lehentasunekiko duen jarrera eta egindako ekarpenak islatuko ditu, bai eta Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasuneko eta teknologiako estrategiaren ezarpena ere.
b) Urteko Klusterraren Jarduketa Plana: aurreko puntuan deskribatutako Klusterraren Plan Estrategikotik eratorritako da eta honako hauek jasoko ditu:
– 2023ko ekitaldian egiteko aurreikusitako jarduketen zehaztapena.
– Ekintza, gastu eta finantzaketa-iturrien xehakapena jasotzen dituen aurrekontua.
– Ekintzetan parte hartzen duten langileen zerrenda.
c) Aurreikusitako finantza-egoerak eta ikuskatutako azkenak.
d) Parametro sozioekonomikoen ziurtagiria, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emana, erakunde dinamizatzaile eskatzaileko enpresa elkartuek enpresa txiki eta ertain izaera betetzen dutela egiaztatzeko.
Ziurtagiriak honako hauek zehaztuko ditu:
– Eskubide osoz elkartutako eta elkarte-kuota sortzen duten enpresen kopurua.
– Euskal Autonomia Erkidegokoak diren enpresen kopurua.
– Euskal Autonomia Erkidegokoak diren eta enpresa txiki eta ertainak diren enpresen kopurua, Agindu honen 2.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.
– Elkartze-kuotengatiko diru-sarrerak.
– Ekintza Planari egindako ekarpenengatiko diru-sarrerak.
e) Identifikazio Fiskaleko Txartela.
f) Eskatzailearen ordezkatze-ahalordea, izan elkarte, federazio edo talde. Taldeek ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, eta nahiko ahal izan behar du taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko.
g) Eskritura edo eratze-akta eta ondorengo aldaketak, bai eta dagozkion erregistroetan inskripzioak ere.
h) Sozietateen gaineko zergaren azken aitorpena.
i) Eskatzailearekin elkartutako klusterreko enpresen eta kideen zerrenda, ordaindutako kuotekin eta parametro sozioekonomikoekin lotutako informazioaren zehaztapenarekin (langile kopurua, fakturazioa, esportazioen ehunekoak, I+G, eta abar).
j) Eskatzailea federazio edo talde bat bada, Klusterraren Plan Estrategikoan sinergien aprobetxamendua justifikatu beharko da, baita kideen osagarritasuna ere urteko Klusterraren Jarduketa Plana gauzatzeko.
Era berean, taldeetan, kideek elkarteetako bat izendatuko dute antolakunde koordinatzaile gisa eta, programaren ondoreetarako, elkarte hori arduratuko da taldeak aurkeztutako proposamena gauzatzeaz, bai eta programari dagozkion kudeaketa-organoekiko harreman eta elkarrizketez ere.
k) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, izan elkartea, federazioa eta kideak, edo taldea eta kideak.
Adierazpena indarreko zehapen-araubide administratibo eta penalaren mende geratuko da honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzko datu-faltsutzerik gertatuz gero:
– Penalki edo administratiboki dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta izatea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean izatea, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat.
– Europako Batzordeak legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jotako laguntzarik jaso izana, edo, jaso izanez gero, laguntza itzuli izana edo itzuli ez izana.
– Krisian dauden enpresak izatea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.
– Laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan izana, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpena edo hirigintza-delitua.
– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratua izan izana, konkurtsoan deklaratuta egotea –salbu eta bertan hitzarmen bat eraginkor bihurtu den–, eta esku-hartze judizialaren pean edota desgaitua egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe izanik.
– Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa eragin izana, suntsiarazpen horren errudun deklaratua izanik.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
– Dirulaguntzak jasotzeko debekua izatea. Debeku horrek zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla susma daitekeen enpresei ere eragiten die.
– Merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean izatea: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Lanaldi osoko gerente bat izatea, bai eta elkartutako enpresa-kopuruarekin eta dinamizatzea proposatzen diren jarduketekin bat datorren langile kualifikatuz osatutako lantalde bat ere.
l) Erakunde publiko edo pribatuei helburu bererako eskatutako eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda.
2.– Eskatzailea talde bat bada, taldea osatzen duten erakundeek sinatutako akordioa ere aurkeztu beharko du. Akordioak erakunde koordinatzaile gisa nork jardungo duen eta zeintzuk diren sinatu dituzten ekintzak jaso beharko du.
Eskatzailea federazio bat bada, federazioak lider gisa jardungo du eta federazio gisa egingo dituen ekintzak aurkeztuko ditu, bai eta federazioa osatzen duen elkarte bakoitzak egingo dituenak ere.
3.– Eskatzaileak edo haren partaideek baimena ukatzen badute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak zuzenean betetzen dituztela egiaztatzeko, betebehar horiek betetzea egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera, bai eta eskatzen zaien bakoitzean ere.
4.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari bitarteko elektronikoen bidez hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
5.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
11. artikulua.– Eskabideak balioestea.
1.– Horretarako sortutako Ebaluazio Organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere.
2.– Ebaluazio Organoaren osaera:
Lehendakaria: Rosa M.ª Murillas Maza, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako arduraduna (Ordezkoa: Agustín García Pérez, zuzendaritza horretako arduraduna).
Kideak:
Juan Domingo Olabarri, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Klusterrak Dinamizatzeko arduraduna (Ordezkoa: Mikel Oregui, Sprilur-eko teknikari arduraduna).
Maite Subiñas, Basque Trade & Investment sareko Zerbitzu eta Programen arduraduna (Ordezkoa: Azucena Castro, Basque Trade & Investment sareko arduraduna).
Idazkaria: David Fernández, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren arduraduna (Ordezkoa: Susana Larrea, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren arduraduna).
3.– Ebaluazio Organoak eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du. Agindu honen 15. artikuluak zehaztu bezala, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak txosten tekniko bat egingo du, eta, nazioartekotze-jarduketa espezifikoetarako, Basque Trade & Investment sarearen balorazio teknikoa izango du.
4.– Ebaluazio Organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
5.– Aurkeztutako jarduketen proiektuen analisian honako alderdi hauek kontuan hartuko dira:
a) Urteko Jarduketa Planean proposatutako jarduketak 4.2 artikuluan ezarritako eremuetan kokatu eta hautatu ahal izatea (I. eranskinean dago jasota jarduketon zehaztapena).
b) Jarduketen eta Klusterraren Plan Estrategikoaren artean koherentzia izatea, baita Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasuneko eta teknologiako estrategiarekin bat egitea eta estrategiari ekarpena egitea ere.
c) Aurreikusitako gastuak jarduketetara egokitzea eta, beren izaera kontuan hartuta, hautagarriak izatea, baita Agindu honetan ezarritako zenbatekoak, ehunekoak eta mugak errespetatzea ere.
d) Eskatzaileak proposatutako ekintzen lehentasun-ordena egokia izatea, honako hauek kontuan hartuta: ekintza plan estrategikoarekin bat etortzea, aurreikusitako eragina, enpresen parte-hartzearen maila eta kalitatea, eta beharrezko baliabideen eta proposatutako finantzaketaren arteko oreka.
12. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena, Ebaluazio Organoak proposatuta, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari dagokio, zuzendaritza hori izango baita laguntzak kudeatuko dituen organoa.
Laguntzak Agindu honen 5. eta 6. artikuluetako mugak errespetatuz emango dira, deialdi honen 3. artikuluan esleitutako kreditua agortu arte.
2.– Hartuko den ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren, eta honako hauek zehaztuko dira:
– Dirulaguntza eman zaien onuradunen zerrenda. Honako hauek identifikatuko dira:
• Eskatzailearen izena eta kide guztiak (taldeak edo federazioak badira).
• Eskatzaile eta kide bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa (taldeak edo federazioak badira).
Onuradun bakoitzari honako hauek erantsiko zaizkio: babestutako jarduketa-plana, plan horretako partaidetza eta jarduera bakoitzean esleitutako zenbatekoa.
– Dirulaguntza ukatu zaien erakundeen zerrenda. Horietako bakoitzaren izena adieraziko da, baita dirulaguntza ukatzeko arrazoiak ere.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari, betiere alde batera utzi gabe esleipendunen zerrenda bat eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako laguntzen zenbatekoak urtero argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, hala, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean baldin eta esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahalko da errekurtsoa, bi hilabeteko epean esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.
13. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1.– Dirulaguntza ordaintzeko, 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea arautzen duenak, xedaturikoa bete beharko da.
Organo kudeatzaileak aginduko du erakunde onuradun bakoitzari (elkarteak, federazioak, taldeak eta azken bi horietako kideak) ordainketa egitea. Honela egingo da ordainketa:
a) Lehen ordainketa batean emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da; berariaz uko egin ezean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hamar eguneko epea igarota egingo da ordainketa.
b) Bigarren ordainketan, behin diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren egingo dena, dirulaguntzaren gainerakoa ordainduko da. Hori bai, honako agiri hauek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuta justifikatu beharko da jarduera egin izana:
– Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete izana justifikatzen duen jarduketen memoria; onuradun bakoitzak egindako jarduerak eta lortutako emaitzak jaso behar dira bertan.
– Onuradun bakoitzaren memoria ekonomiko laburtua; bertan, diruz lagundutako jarduerak aurrera eramateko egindako gastuen egoera-orri adierazgarri bat jaso behar da, gastuak behar bezala taldekatuta, eta, hala badagokio, hasiera batean aurrekontuan aurreikusitako kopuruak eta izandako desbideratzeak zehaztuta.
– Justifikazioko kontuaren auditoretza-txostena, Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuaren mendeko Kontu Ikuskarien Erregistro Ofizialean jardule gisa inskribatutako auditore batek egina eta sinatua. Txosten horrek egindako jarduketak berrikusi beharko ditu, maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindu horrek kontu-ikuskariek jarduteko araua onesten du Estatuko sektore publikoaren esparruan dirulaguntzak justifikatzen dituzten kontuak berrikusteko lanak egitean, zeinak uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Legearen 74. artikuluan aurreikusita dauden), baita jarduketon kostua ere (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72.2 artikuluaren arabera).
Dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera emango diren jarraibideen arabera egingo du txostena elkarte onuradun bakoitzak, eta honako hauek egiaztatu beharko ditu:
a) Onuradunak egindako gastuak diruz laguntzeko modukoak direla bai Agindu arautzaile honetan ezarritakoaren arabera, bai Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera.
b) Aurkeztutako gastuen kontzeptuak bat datozela diruz lagundutako jarduerekin.
c) Fakturetan eta gastuen gainerako egiaztagirietan jasotako gastuak benetan gauzatu eta ordaindu direla.
Berrikusitako faktura guztien zerrenda jaso beharko dute, eta, hala badagokio, diruz lagundu ezin diren gertakari edo zenbateko partzialak edo guztizkoak adierazi beharko dituzte.
d) Aurkeztutako gastuen faktura eta egiaztagiri guztiak bat datozela aplikatzekoa den zerga- eta gizarte-legeriarekin, honako hauek adierazita: zenbatekoa, BEZaren banakapena, hala badagokio, data, kontzeptua, zenbakia eta hornitzailea.
e) Hirugarren pertsonei eta/edo erakunde hornitzaileei azpikontratatutako jarduerak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera egin direla.
f) Eskatzaileak jatorrizko fakturak dituela, eta horiek egindako gastuak egiaztatzen dituztela eta onuradunaren kontabilitate-erregistroetan jasota daudela.
g) Bidaia-poltsetan jasotako jardueren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin dituzten joan-etorri guztiek dagozkien egiaztagiriak dituztela.
h) Langileen gastuek dagozkien egiaztagiriak dituztela, gizarte-segurantzari ordaintzekoak barne hartuta, egindako jarduketetan emandako denboragatik horietara bideratutako orduak adierazita.
i) Justifikatutako jarduketa guztiak eskabidea aurkezten denetik 2023ko abenduaren 31ra arte egin direla.
Justifikatzeko aldia 2024ko otsailaren 28an bukatuko da. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
Onuradun guztien justifikazioak onartuko dira, bai elkarteek norberaren izenean aurkeztuak, bai federazioenak eta horien kideenak, bai taldeenak eta horien kideenak.
2.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak –aurreko paragrafoan zehaztuetako edozeinek– ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada. Onuraduna federazio edo talde bat bada, ezin izango da dirulaguntzaren ordainketa egin bertako kide guzti-guztiek betebehar horiek egunean izan arte.
Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistroan alta eman beharko du, edo bere datuak aldatu beharko ditu, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
3.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake edozein momentutan, onuradunak aurkeztutako agirien eta datuen egiatasuna frogatze aldera.
14. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzen eta dirulaguntzaren aldaketa.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, dirulaguntzaren Aginduak onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira. Horrelakoetan, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egoera berrira egokitzeko.
2.– Jarduketek, nahitaez, 2023ko ekitaldirako dirulaguntza emateko ebazpenean jasotakoak hartuko dituzte barnean. Hala ere, jarduketen exekuzioan aldaketarik gertatuz gero, onartu ahal izango dira, baldin eta onuradunak zuzendaritza kudeatzaileari aldaketa horien justifikazioaren berri eman badio eta zuzendaritzaren onespena lortu badu, laguntza ematea ebatzi ez bada ere.
3.– Aldaketek kasuan kasuko egokitzapena ekarriko dute jarduketei eta emandako dirulaguntzari dagokienez, eta horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea.
15. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– Agindu honen ondorioetarako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakunde laguntzaile deklaratzen da, Bermeei eta Itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera. Eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira, Agindu honetan eta sinatuko den lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin.
2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:
a) Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeak aurkeztutako Klusterraren Plan Estrategikoa aztertzea. Kontuan izango ditu Plana Klusterren Plan Estrategikoak Egiteko Gidaren araberakoa den, XII. Legealdiko Industria, Teknologia eta Nazioartekotze Estrategiarekin bat datorren eta zer ekarpen egiten dion, eta proposatzen den Klusterraren Jarduketa Planaren eta plan estrategikoarekin arteko koherentzia.
b) Ebaluazio Organoari bidaltzeko txosten tekniko bat egitea garrantzitsuak diren azterketa indibidualekin eta erantsiekin, betiere Agindu arautzaile honetako 11. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.
c) Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeekin lotura-lanak egitea.
d) Diruz lagundutako jarduerak egin direla egiaztatzea bigarren ordainketa egin aurretik, eta aipatu ordainketa egiteko proposamena aurkeztea zuzendaritza kudeatzaileari.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Onuradunak hamar egun izango ditu laguntza onartzeko edo uko egiteko, egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
2.– Laguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.
3.– Elkartutako enpresek modu eraginkorrean, ordezkatzailean, askean eta informatuan parte hartuko dutela bermatzea, lankidetzan eta lehentasunez ekin beharreko erronka komunak zehaztuz, bai Klusterraren Plan Estrategikoa definitzean, bai berau inplementatzeko jarduerak egiterakoan. Jarduera horiek urteko Klusterraren Jarduketa Plana osatu behar dute.
4.– Urteko Klusterraren Jarduketa Plana eta dirulaguntzak jaso dituzten jarduketak betetzea eta gauzatu direla justifikatzea. Jarduketak gauzatzen diren bitartean, erakunde onuradunak urteko Klusterraren Jarduketa Planaren aurrerapen mailari eta gauzatze aurreikuspenari buruzko informazioa eman ahal izango dio kudeaketako organoari, hark jarduketok egiten ari direla frogatzeko eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean beharrezko aldaketak egiteko.
5.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak eskatzen duen informazioa ematea, jasotako dirulaguntzen erabilerari, ekintzetan parte hartzen dutenei, jasotako emaitzei eta abarri dagokionez. Horrela, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, dirulaguntzak jaso dituzten ekintzak eta plana garatzeari eta betetzeari dagokionez.
6.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.
7.– Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, edo eskatuz gero, horren berri ematea.
7.– Jarduketa Planarekin eta bertako ekintzekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku mantentzea 5 urtez.
8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
10.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, eta horretarako, ageriko toki batean diruz lagundutako ekintzak direla aipatzea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logotipo korporatiboa jasota. Taldeen kasuan, zatiketa saihestuko da, alegia, partaide bakoitzaren irudi korporatiboen erabilera; horrenbestez, irudi korporatibo komun bat hartuko da, estrategia partekatu baten eta kluster kohesionatu baten isla gisa.
11.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta horien garapen-arauetan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu Agindu honetan ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikulukoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, organo eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikulua. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Federazio edo taldeen kasuan, federazio edo talde horiek osatzen dituzten kide guztiek solidarioki erantzungo diote itzultze-betebeharrari.
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.