247. zk., 2022ko abenduaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (240 KB - 17 orri.)
- EPUB (130 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
5691
EBAZPENA, 2022ko abenduaren 14koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian langile lan-kontratudun finko izateko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak eta espezifikoak.
Kontseilu Errektoreak, 2022ko abenduaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2022rako enplegu publikoaren eskaintza onartu zuen.
Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak seigarren xedapen gehigarrian ezartzen ditu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdiak arautu behar dituzten irizpideak. Horrela, xedapen horrek ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta bat etorriz Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 61.6 eta 7. artikuluetan aurreikusitakoarekin, deialdi batean eskainiko dituztela, lehiaketa-sistemaren bidez, 2.1 artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon diren plazak.
Aurreikuspen horri aipatutako legearen zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitu behar zaio, honela dioena: seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek deialdien barnean hartuko dituzte, gainera, egiturazko aldi baterako plaza hutsak, baldin eta aldi baterako langileek aldi baterako okupatuta badaude 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.
Horregatik, ebazpen honen bidez onartzen dira oinarri orokorrak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen deialdiei aplikatu beharreko araudia jasotzen dutenak, izendatzaile komun gisa, enplegu publikoa behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoaren eskaintzari buruzko iragarkian jasotako lanpostuetarako (iragarki hori 2022ko abenduaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen), eta horiek homogeneizatzen dira.
Era berean, oinarri espezifikoak onartu dira Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako administrari orokorraren bi lanpostu, informatikako teknikariaren lanpostu bat eta lankidetzako teknikariaren lanpostu bat finkatzeko salbuespenezko prozesuetarako.
Horiek horrela, bat etorriz aipatutako lege-arauetan eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak langileak hautatzeari buruz 23. artikuluan eta II. tituluaren IV. kapituluan ezartzen duenarekin, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuetarako deialdia egitea, honako taula honetan adierazitako plazetarako:
(Ikus .PDF)
Ebazpen honetan deitzen diren salbuespenezko prozesuak ebazpen honetan onartzen diren oinarri orokorretan eta oinarri espezifikoetan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira.
Bigarren artikulua.– Onartzea, I. eranskin gisa, ebazpen honen lehenengo artikuluan adierazitako lanpostuetan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak, ebazpen honen eranskinetan jasotzen direnak.
Hirugarren artikulua.– Onartzea agindu honen I., II. eta III. eranskinetan adierazitako oinarri espezifikoak.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 14a.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
I. ERANSKINA
OINARRI OROKORRAK, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAN ALDI BATERAKO ENPLEGUA MEREZIMENDU-LEHIAKETAREN BIDEZ EGONKORTZEKO SALBUESPENEZKO DEIALDIAREN BIDEZ LANGILE LAN-KONTRATUDUN FINKO IZATEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTZEN DUTENAK
1.– Xedea.
1.1.– Oinarri hauen xedea da arau orokorrak ezartzea aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuan lanpostuak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren –Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa– zerbitzuko langile lan-kontratudun finko gisa betetzeko, bat etorriz Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan ezarritakoarekin.
Kontseilu Errektorearen 2022ko abenduaren 5eko erabakiaren bidez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2022rako enplegu publikoaren eskaintza onartu da. Hona xehetasunak: Erabaki horrek barne hartzen du txanda irekiko 4 plaza eskaintzen dituen eskaintza publikoa.
1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan arautuko dira.
1.3.– Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa-sistemaren bidez gauzatuko da, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan jasotako aurreikuspenen babesean. Txanda ireki bakarra aurreikusten da, sarbide orokorreko modalitatearekin.
Lehiaketa-prozesua prozesuan onartutakoek alegatutako merezimenduak aztertu eta baloratzean datza. Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira baloratuko diren merezimenduak eta baloratzeko baremoak. Oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak epaimahaiak.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta oinarri hauek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web orrian ere egongo dira eskuragai (www.elankidetza.euskadi.eus)
2.– Hautaketa arau orokorrak.
Deialdia eta oinarriak lotetsi egiten dituzte deialdia egin duen erakundea, lehiaketa epaitzeko ardura duen epaimahaia eta lehiaketako parte-hartzaileak. Arau horiek arautzen ez duten orotan, aplikatzekoak diren arau-xedapenek arautuko dute.
3.– Lan-harremanaren izaera juridikoa.
Merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez lanpostu hutsak lortzen dituzten izangaien izaera juridikoa lan-kontratukoa izango da.
4.– Enplegu-baldintzak.
Xedapen honetan ezarritako prozeduraren bidez hautatuko diren eta lanpostu bat beteko duten langileei Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua, Langileen Estatutua eta horietatik eratortzen diren garapen-arauak aplikatuko zaizkie, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan-kontratudunen Kolektiboentzako indarreko Hitzarmen Kolektiboa ere.
5.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.
5.1.– Parte hartzeko baldintza orokorrak.
Hautaketa-prozesuetan onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Europar Batasuneko kide den estatu bateko nazionalitatea edukitzea. Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, zeinahi nazionalitate dutela ere eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira.
Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta tratatu horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.
b) Gaitasun funtzionala izatea sartu nahi den kategoriako zereginak betetzeko.
c) 16 urte beteta edukitzea eta nahitaezko erretiro-adina beteta ez izatea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean.
d) Diziplina-espediente batez ez bereizita egotea ezein administrazio publiko edo autonomia-erkidegoko organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutatik, eta, halaber, ez izatea ebazpen judizialaren arabera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza erabatekoa edo berezia, funtzionarioen kidegora edo eskalara iristeko edo langile lan-kontratudunen kasuan, bereiziak edo desgaituak izan diren lanpostuaren antzeko eginkizunak betetzeko. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, desgaikuntza-egoeran edo egoera baliokideren batean ez egotea, eta ez izatea diziplina-zehapen irmorik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza berberetan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.
e) Oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
f) Ez sartuta egotea desgaitasun edo bateraezintasuneko legezko ezein kausatan, indarrean dagoen araudiaren arabera.
g) Langileak hautatzeko deialdietako inskripzio-tasa ordainduta izatea, parte hartu nahi den prozesu eta postuaren araberakoa, zeinaren diru-zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko baita.
h) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako langile lan-kontratudun finkoa ez izatea, lortu nahi den kategoria berean, zeinahi dela ere haien egoera.
i) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste baldintza oro.
5.2.– Parte hartzeko baldintza orokorrak.
Baldintza horiek kategoria bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira. Baldintza espezifikoak baztertzaileak izango dira, kasu guztietan.
5.3.– Parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko merezimenduak eta baldintzak betetzeko erreferentzia-datak.
Alegatzen diren merezimenduen jabe izateko eta baldintzak betetzeko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da.
6.– Eskabideak aurkeztea.
6.1.– Prozesuan onartua izatea.
Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute, parte hartu nahi duten kategoria bakoitzeko, nahiz eta kategoria berekoak izan. Onartuak izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Eskabidearen atal guztiak betetzea eta sinatzea.
2.– Epe barruan aurkeztea.
3.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasak ordaintzea.
6.2.– Eskabideak aurkezteko epea, eta langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatiko tasa ordaintzea.
Deialdietan parte hartzeko eskabideak hogei egun balioduneko epean aurkeztuko dira, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.3.– Eskabideak aurkezteko modua.
Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea Eusko Jaurlaritzaren erregistro elektroniko orokorrean aurkeztuko da SOILIK: https://www.euskadi.eus/registro/registro-electronico-general/web01-tramite/es/
Prozesuan onartua izateko, aurkezteko epearen barruan eta behar bezala bete beharko da dagokion eskabidea.
6.4.– Eskabidea eta hari erantsi beharreko dokumentazioa.
Izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte aurreikusitako epearen barruan:
1.– Eskabide-orria, zeinetan izangaiak adieraziko baitu betetzen dituela deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintza guztiak (eskabide-eredua Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean dago, www.elankidetza.euskadi.eus)
2.– NANaren edo agiri baliokidearen kopia soila.
3.– Lortu nahi den kategorian sartzeko eskatzen den titulazio ofizialaren kopia soila.
4.– Derrigortasun-data igarota duten lanpostuetarako euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea:
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB) kontsulta eginez egiaztatuko dira euskararen hizkuntza-eskakizunak. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat joko dira, baldin eta erregistro horretan inskribatuta badaude, eskabide-epeak amaitu baino lehenagoko egiaztatze-data dutela.
Erregistro horretan jasota ez dauden euskara-ziurtagiri edo -tituluak dituztenek egiaztagiria aurkeztu beharko dute, eskabide-epeak amaitu baino lehenagoko egiaztatze-data dutela.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokide diren ziurtagiri eta tituluak dekretu hauetan zehaztuta daude: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.
5.– Lortu nahi den lanpostuan egindako zerbitzuen ziurtagiria, dagokion administrazio publikoko organo eskudunak emana. Bertan, beren-beregi adierazi beharko dira lanpostuaren izena, kokapen-maila, eta zerbitzuak ematen hasteko eta amaitzeko datak. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian lortu nahi den lanpostuan bertan eman badira zerbitzuak, nahikoa izango da eskabidean alegatzea, ofizioz egiaztatuko baitira.
6.– Beste merezimendu batzuk egiaztatzea, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan jasotakoaren arabera:
– Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea derrigortasun-data igarota ez duen kategoriarako, apartatu honetako 4. puntuan ezarritako moduan.
– Beste hizkuntza batzuetako titulazioaren kopia soila:
Ingelesa eta frantsesari dagokionez, honako xedapen hauetan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako tituluak eta ziurtagiriak soilik baloratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako tituluen eta hizkuntza-ziurtagirien baliokidetasunari buruzko ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuaren eranskinean jasotakoak, eta Zenbait ikasketa planetan araututako araubide bereziko hizkuntza-ikasketen eta errege-dekretu honetakoen arteko baliokidetzak oinarrizko izaeraz ezartzen dituen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan jasotakoak.
Portugesari dagokionez, hizkuntza-eskola ofizialek eta erakunde aztertzaile ofizialek emandako tituluak eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.
– Merezimendu gisa balora daitezkeen beste titulazio ofizial batzuen kopia soila, oinarri espezifikoetan zehaztutakoaren arabera.
– IT Txartelaren kasuan, izangaiek horien ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte edo, bestela, eskabidean «gako publikoa» adierazi beharko dute, ziurtagiri horiek ematen dituen erakundearen webgunean informazio hori online kontsultatzeko aukera ematen duena.
7.– Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, 6.5 puntuan zehaztutakoaren arabera.
6.5.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak ordaintzeko modua.
Zenbatekoa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren kontu korrontean (ES60 2095 0611 0710 9097 0400) eskudirutan edo transferentziaz ordainduko da, eta frogagirian izangaiaren nortasuna eta lortu nahi den kategoriaren identifikazioa agertu beharko dira.
6.6.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez dituena prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzen dezan.
Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzea ez da inola ere nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, oinarri honetako aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraituz.
Eskabidea aurkezteak esan nahi du beren-beregi onartzen direla deialdi honen oinarriak.
7.– Eskabideak egiaztatzea.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta baloratuta, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da.
Zuzentzeko modukoak diren hutsak zuzentzeko, 5 egun balioduneko epea egongo da, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunetik aurrera.
Onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian argitaratuko da (www.elankidetza.euskadi.eus)
8.– Azken kalifikazioa.
8.1.– Hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa merezimenduen balorazioan eta euskararen ezagutzan lortutako puntuazioen batura izango da, oinarri espezifikoetan zehazten diren kasuetan eta baldintzetan.
8.2.– Lehentasun-klausula. Bat etorriz Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin, gaikuntza berdinketa gertatuz gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den kategorietan. Salbuespena izango da beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak izatea –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuagatiko diskriminaziorik–; esate baterako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Ondorio horietarako, gaikuntzari dagokionez hautagaien arteko berdinketa dagoela iritziko da, baldin eta puntu-berdinketa badago hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, merezimenduak gehitu ondoren. Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko den ala ez, dagokion kategorian emakumeek duten ordezkaritzaren arabera.
8.3.– Berdinketak hausteko irizpideak. Berdinketarik egonez gero, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ezarriko da hurrenkera:
– Esperientzia espezifiko gisa baloratzeko moduko esperientzia-egun gehien duenaren alde.
– Esperientzia orokor gisa baloratzeko moduko esperientzia-egun gehien duenaren alde.
9.– Izangaien zerrenda, puntuazioaren arabera.
Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak izangai guztien zerrenda egingo du, puntuazioaren arabera, baloratutako atal bakoitzean lortutako puntuazioekin eta prozesuko hurrenkera-zenbakiarekin. Zerrenda hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian argitaratuko da (www.elankidetza.euskadi.eus)
Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 5 egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.
Deitutako prozesu bakoitzean erreklamaziok egiteko epea amaituta, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean (www.elankidetza.euskadi.eus) argitaratuko dira deitutako plazen hizkuntza-eskakizunaren araberako azken kalifikazioen behin betiko zerrendak. Zerrenda horietan, izangai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera adieraziko da, lortutako puntuazioaren arabera, eta, hala badagokio, lehentasun-klausula eta berdinketa hausteko irizpideak aplikatuz.
10.– Epaimahaia.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak horretarako izendatutako epaimahai batek ebaluatuko du prozedura.
Epaimahaia espezialitatearen, inpartzialtasunaren eta profesionaltasunaren printzipioen arabera osatuko da.
Epaimahaiak kide kopuru bakoitia izango du; horietako bat epaimahaiburu izango da, eta besteak bokal. Bokaletako bat idazkari izendatuko da. Epaimahaia osatzen duten guztiek ordezkoa izango dute.
Izendapenak egiteko garaian, kideen egokitasuna eta kualifikazioa bermatuko dira.
Epaimahaiak aholkulari espezialistak sartu ahal izango ditu bere lanetan; horiek hitza izango dute, baina botorik ez, eta beren lan bakarra izango da epaimahaiari laguntzea espezialitate teknikoetan.
Hautaketa-organoko kideek ez dute jardungo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren batean daudenean. Kasu horietan beretan, interesdunek errekusatzea sustatu ahal izango dute ezein unetan, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean zehaztutako arauetara egokitu beharko da epaimahaiaren jarduna.
11.– Lanpostuak hautatzea.
Hautagaiek lanpostua aukeratuko dute, lanpostu bat baino gehiago izanez gero, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.
Hautaketa hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari jakinaraziko zaio, izangaien puntuazioaren araberako behin betiko emaitza argitaratu eta 3 egun balioduneko epean.
11.1.– Parte-hartzaileak eta eskainitako lanpostuak.
9. oinarrian xedatutakoaren arabera argitaratzeaz gain, zerrenda horietan dauden pertsonek SMS edo mezu elektroniko bidez jasoko dute abisua, baldin eta telefono mugikorreko zenbaki bat edo helbide elektronikoko bat eman badute.
Oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera lanpostua epe barruan eta modu egokian hautatzen ez dutenek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan parte hartzetik eratorritako eskubideak.
Honako hauek adieraziko dira hautaketa-prozesu bakoitzerako eskainitako lanpostuen zerrendan: taldea, lanpostuaren izena, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data.
Lanpostuak bide elektronikoz aukeratzeko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da (www.elankidetza.euskadi.eus)
Hautagaia Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako langile lan-kontratudunen lanpostu baten esleipendun soilik izan ahal izango da.
11.2.– Aukeratutako lanpostuen hurrenkera.
Lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutako pertsonek lanpostu-zerrenda bakarra egingo dute, eta, hor, beren lehentasunekin bat etorriz ordenatuko dituzte hizkuntza-eskakizunaren arabera eta, hala badagokio, lanpostuen baldintza espezifikoen arabera aukeratu ditzaketen lanpostuak; horretarako, aukera izango dute deialdi bateko eta besteko plazak tartekatzeko.
11.3.– Lanpostuak esleitzeko baldintzak.
Epaimahaiak ezin izango du proposatu deialdiko plaza-kopurua baino handiagoa den gainditu-kopuru bati dagokion beste lan-kontratu egiteko, kasu hauetan izan ezik:
a) Egoera hauetako bat gertatzen bada:
– Hautatutako pertsonek uko egitea, kontratua sinatu aurretik, edo
– Izangaiek eskatzen zaien dokumentazioa ez aurkeztea 12. oinarrian xedatutakoaren arabera, edo aurkeztutakotik ondorioztatzen bada 5. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela, edo ez dutela zereginak betetzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa.
b) Kontratua sinatzeko unean lanpostua gorde gabeko eszedentzia eskatzen bada, horrela hutsik geratu diren lanpostuak esleitu egingo dira.
c) Deialdi honetako plazak esleitu eta urtebeteko epean deialdiko lanposturen bat hutsik geratzen denean.
11.4.– Hautatutakoen zerrenda.
Lanpostuak aukeratzeko epea amaitutakoan, hautatutakoen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrenda egingo da, kontuan hartuta eskatutako baldintzak betetzen diren, izangai bakoitzak zer puntuazio-ordena duen eta zer lehentasun adierazi dituen.
Derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak betetzeak erabateko lehentasuna izango du; beraz, hizkuntza-eskakizuna eskatzen duten lanpostuak esleituko dira lehenengo. Derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak ezin izango dituzte inola ere eskakizun hori egiaztatu ez duten izangaiek bete.
Hautatutakoen behin-behineko zerrenda hori 9. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko da, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko da, izangaiek eskatutako lanpostuen baldintza espezifikoen gainean zuzenketak egiteko eta erreklamazioak aurkezteko.
Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, 9. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko dira hautatutako pertsonen eta esleitu beharreko lanpostuen behin betiko zerrendak.
12.– Hautaprobak amaitutakoan aurkeztu behar den dokumentazioa.
Hautagaien aukeraketa interesdunei jakinaraziko zaie, eta horiek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara joan beharko dute kontratua egin aurreko 10 egun balioduneko epean, 6.4 puntuan jasotako parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriekin, konpultsa egiteko originalak erakutsiz, aurretik aurkeztutako dokumentazioa osatu arte:
– Prestakuntza akademikoa egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak edo diplomak, eta horiek eskuratzeko tasak ordaindu izanaren frogagiria.
Atzerriko tituluak dituzten izangaiek baliozkotzearen edo homologazioaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
– Hizkuntza-ziurtagiriak.
– Zinpeko deklarazioa edo hitzematea, non izangaiak adieraziko baitu ez dagoela diziplinazko espediente baten bidez bereizita ezein administrazio publikoren edo autonomia-erkidegoetako organo konstituzional edo estatutupekoren zerbitzutik, eta ez duela ezarrita ebazpen judizial irmo baten bidez enplegu edo kargu publikorako erabateko desgaikuntzarik edo desgaikuntza berezirik. Halaber, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu behar dute, adierazteko ez daudela sartuta desgaitasun edo bateraezintasuneko legezko ezein kausatan. Espainiako nazionalitatea ez dutenek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu behar dute, esateko beren estatuan ez daudela desgaituta edo egoera baliokide batean eta ez dutela ezarrita enplegu publikorako sarbidea eragozten duen diziplina-zehapen irmorik edo neurri baliokiderik.
Baldintza hori egiaztatzeko, eredu normalizatu bat jarriko da izangai hautatuen eskura.
– Esleitutako lanpostuan aritzeko eskatu diren bestelako baldintza espezifikoen egiaztagiriak, hala badagokio.
Eskatutako dokumentazioa adierazitako epean aurkezten ez duten hautagaiak prozesutik kanpo geratuko dira, eta Garapeneko Lankidetzarako Euskal Agentziak gai kalifikatu den hurrengo hautagaia kontratatu ahal izango du, betiere prozeduraren amaierako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz.
13.– Datuen babesa.
Interesdunari jakinarazten zaio Uraren Euskal Agentziak bere datu pertsonalak tratatuko dituela (Garapeneko Lankidetzarako Euskal Agentzia; Gaztelako atea 15, 01007 Vitoria-Gasteiz). «HAUTAKETA-PROZESUAK» tratamenduaren helburua da lanpostuak betetzeko pertsonal-hautaketen prozedurak egitea, tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen arabera (Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legea eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua). Datuak zertarako bildu ziren, helburu hori betetzeko beharrezkoa den denboran gordeko dira datuak, bai eta helburu horren ondorioz eta datuen tratamenduaren ondorioz sor litezkeen erantzukizunak zehazteko behar den denboran ere. Datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, legeak hala behartu ezean. Datuetan sartzeko, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien tratamendua mugatzeko edo tratamenduaren aurka egiteko eskubidea du interesdunak. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dio tratamenduaren arduradunari, eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Halaber, eskubidea du ezein erreklamazio jartzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoari, edo aldez aurretik erreklamazioa jar diezaiokezu datuak babesteko ordezkariari. Informazio gehiago, web-orri honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/10842
14.– Lan-poltsak.
Prozedura honetatik ez da lan-poltsarik sortuko.
15.– Deialdiaren prozesuari buruzko jakinarazpenak.
Deialdiaren prozesuaren argitalpen oro telematikoki jakinaraziko zaie izangaiei. Eskabidean helbide elektroniko edo mugikor bat ematen duten izangaiek baimena ematen dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak prozesuan zehar egin ditzakeen komunikazioetarako erabiltzeko. Eskatzailearena bakarrik izango da helbide elektronikoan eta telefono-zenbakian egindako akatsen erantzukizuna.
II. ERANSKINA
OINARRI ESPEZIFIKOAK, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAKO ADMINISTRARI LANPOSTUEN ALDI BATERAKO ENPLEGUA MEREZIMENDU-LEHIAKETAREN BIDEZ EGONKORTZEKO SALBUESPENEZKO DEIALDIAREN BIDEZ LANGILE LAN-KONTRATUDUN FINKO IZATEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTZEN DUTENAK
1.– Deialdiko plazak.
Lanpostu hauek eskaintzen dira txanda irekian, sarbide orokorreko modalitatean, eta honela banatuta:
(Ikus .PDF)
2.– Eskabideak aurkeztea.
Oinarri hauek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian daude eskuragai (www.elankidetza.euskadi.eus)
2.1.– Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea deialdi honen I. eranskinean jasotako oinarri orokorren 6.2 apartatuan zehaztutakoa izango da.
2.2.– Aurkezteko modua.
Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea Eusko Jaurlaritzaren erregistro elektroniko orokorrean aurkeztuko da soilik: https://www.euskadi.eus/registro/registro-electronico-general/web01-tramite/es/
3.– Parte hartzeko baldintzak.
3.1.– Plazak eskuratu nahi dituztenek oinarri orokorretako 5 apartatuan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte.
3.2.– Deialdi honen prozesu bakoitzean izena emateko tasa 15,64 euro da.
3.3.– Oinarri orokorretako 5.1.e) apartatuan ezarritakoari dagokionez, Batxilergoa, teknikari-titulua edo titulu baliokidea eskatzen da oinarri hauen xede diren plazetan sartzeko.
4.– Lanpostuak esleitzeko baldintza espezifikoak.
Deialdi honetako lanpostuetan, euskararen hizkuntza-eskakizuna bete behar da.
5.– Hautaketa-prozesua.
Lehiaketa izango da hautatzeko sistema, eta, prozesuaren kalifikazioa zehazteko, baremo honen arabera emandako puntuak batuko dira:
a) Esperientzia orokorra.
Esperientzia orokortzat hartzen dira ezein administrazio publikotan emandako zerbitzuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak barne–, zerbitzuok funtzionario-harremanetakoak nahiz lan-kontratuko harremanetakoak izan.
Esperientzia horri gehienez 15 puntu emango zaizkio. Zehazki, hauxe da erabiliko den baremoa:
– 0,083 puntu emango dira administrari-plazetan lan egindako hilabete bakoitzeko.
Esperientzia orokorragatiko puntuak zenbatzeko, eskatutako baldintzak betetzen dituzten azken 15 urteetako lan-aldiak batuko dira, hilabetetik beherako zatikiak kenduta. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.
b) Esperientzia espezifikoa.
Beren-beregi baloratuko dira, esperientzia orokorraren baloraziotik bereizita eta haren osagarri, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia administrari gisa emandako zerbitzu hauek:
Esperientzia hori gehienez 45 punturekin baloratuko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian emandako zerbitzuengatik, baremo honen arabera:
– Deialdi honen aurre-aurreko 5 urteetan, 0,525 puntu emango dira administrari-lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko. Gainerakoa baloratzeko, 0,161 puntu emango dira administrari-lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko.
Kasu guztietan, esperientzia-mota bakoitzerako eskatutako baldintzak betetzen dituzten azken 12 urteetako lan-aldiak batuko dira, hilabetetik beherako zatikiak kenduta. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.
c) Tituluak.
Deialdian sartzeko erabilitakoaz bestelako titulu ofizialak baloratuko dira. Gehienez 10 puntu lor daitezke.
c.1.– Titulazioak, gehienez 10 puntu.
– Titulu bakoitzeko 10 puntu emango dira. Hauek dira baloratuko diren tituluak:
• Nazioarteko Merkataritzako goi-mailako teknikaria.
• Plataforma Anitzeko Aplikazioak Garatzeko goi-mailako teknikaria.
• Sareko Informatika Sistemen Administrazioko goi-mailako teknikaria.
• Garraio eta Logistikako goi-mailako teknikaria.
• Kontsumitzailearentzako Zerbitzuetako goi-mailako teknikaria.
• Zuzendaritzari Laguntzeko goi-mailako teknikaria.
• Administrazio eta Finantzetako goi-mailako teknikaria.
• Salmentak eta Merkataritza Espazioak Kudeatzeko goi-mailako teknikaria.
• Kudeaketa eta Administrazio Publikoko diploma.
c.2.– 10 puntu tituluko, titulu hauengatik:
• Lanbide-heziketako goi-mailako teknikaria, aurreko apartatuan aipatu ez diren espezialitateetan.
• Aurreko apartatuan aipatu ez den gradu, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko oro.
Ikasketa berbereko hainbat ziklo gainditu izana ziurtatzen duenari horien artetik maila goreneko zikloaren titulua besterik ez zaio baloratuko.
d) Karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko hautaprobak gainditu izana, eta lan-poltsetan egotea.
d.1.– Gehienez 10 puntu emango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Administrazio Kudeaketako Kidegoko karrerako funtzionario izateko 2000. urtetik aurrera –urte hori barne– egin diren hautaprobak gainditzeagatik.
d.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Administrarien Kidegoko lan-poltsetan egoteagatik, 9 puntu emango dira.
e) Informatika-arloko ezagutzak.
Informatika-ezagutzak gehienez 8 punturekin baloratuko dira, 4 puntu ziurtagiri hauetako bakoitzeko:
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizkoa.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizkoa.
– Internet oinarrizkoa.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizkoa.
– Microsoft Outlook XP/2003/2010.
– Microsoft PowerPoint 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra.
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 aurreratua.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 aurreratua.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 aurreratua.
– Internet aurreratua.
Modulu berean bertsio bat baino gehiago egiaztatzen bada, bakarra baloratuko da.
Deialdi honen ondorioetarako, modulu bereko maila aurreratua eta oinarrizkoa egiaztatzen dutenei horietako bat bakarrik baloratuko zaie.
f) Hizkuntzak jakitea.
Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailetako ingelesa, frantsesa eta alemana baloratuko dira. Gehienez 3 puntu lortu ahal izango dira, baremo honen arabera:
– B2 maila edo handiagoa: 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– B1 maila: 1 puntu hizkuntza bakoitzeko.
6.– Lehentasunaren klausula ez aplikatzea. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikulua betetze aldera, ez da aplikatuko artikulu horretan aurreikusitako berdinketa hausteko klausula, emakumeak ez baitaude gutxiegi ordezkatuta Administrarien Eskalan, eta ez zaie lehentasunik emango.
III. ERANSKINA
OINARRI ESPEZIFIKOAK, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAKO TEKNIKARI LANPOSTUEN ALDI BATERAKO MEREZIMENDU-LEHIAKETAREN BIDEZ ENPLEGUA EGONKORTZEKO SALBUESPENEZKO DEIALDIAREN BIDEZ LANGILE LAN-KONTRATUDUN FINKO IZATEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTZEN DUTENAK
1.– Deialdiko plazak.
(Ikus .PDF)
2.– Eskabideak aurkeztea.
Oinarri hauek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian daude eskuragai (www.elankidetza.euskadi.eus)
2.1.– Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea deialdi honen I. eranskinean jasotako oinarri orokorren 6.2 apartatuan zehaztutakoa izango da.
2.2.– Aurkezteko modua.
Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea Eusko Jaurlaritzaren erregistro elektroniko orokorrean aurkeztuko da SOILIK: https://www.euskadi.eus/registro/registro-electronico-general/web01-tramite/es/
3.– Parte hartzeko baldintzak.
3.1.– Plazak eskuratu nahi dituztenek oinarri orokorretako 5 apartatuan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte.
3.2.– Deialdi honen prozesu bakoitzean izena emateko tasa 23,49 euro da.
3.3.– Oinarri orokorren 5.1.e) apartatuan xedatutakoaren arabera, hauek dira deitutako lanpostuetan sartzeko eskatzen diren tituluak:
– Informatikako teknikariaren lanpostura sartzeko, ezinbestekoa da gradu-, lizentzia- edo ingeniaritza-titulua izatea ikasketa-eremu hauetakoren batean:
• Datu-baseen diseinua eta administrazioa.
• Softwarearen eta aplikazioen garapena.
• Adimen artifiziala.
• Informatika.
• Konputagailuen ingeniaritza.
• Telekomunikazio-ingeniaritza.
• Soinuaren eta irudiaren ingeniaritza.
• Ingeniaritza elektronikoa.
• Matematikak.
– Lankidetzako teknikariaren lanpostura sartzeko, ezinbestekoa da gradu-, lizentzia- edo ingeniaritza-titulu bat izatea ezein ikasketa-eremutan:
4.– Lanpostuak esleitzeko baldintza espezifikoak.
Deialdi honetako lanpostuetan, euskararen 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna izatea baldintza izan daiteke lanpostua betetzeko. Euskara jakitea baldintza da derrigortasun-data igarota daukaten lanpostuetan.
5.– Hautaketa-prozesua.
Lehiaketa izango da hautatzeko sistema, eta, prozesuaren kalifikazioa zehazteko, baremo honen arabera emandako puntuak batuko dira:
a) Esperientzia orokorra.
– Informatikako teknikariaren lanposturako:
Gehienez 20 puntu emango dira ezein administrazio publikotan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, haren erakunde autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak barne– informatika eta informazio-sistemen arloan emandako zerbitzuengatik, baremo honen arabera: 0,111 puntu emango dira, informatika eta informazio-sistemen arloko teknikari gisa lan egindako hilabete bakoitzeko.
– Lankidetzako teknikariaren lanposturako:
Gehienez 20 puntu emango dira ezein administrazio publikotan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, haren erakunde autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak barne – lankidetzaren arloan emandako zerbitzuengatik, baremo honen arabera: 0,111 puntu emango dira, lankidetzaren arloan teknikari gisa lan egindako hilabete bakoitzeko.
Kasu guztietan, eskatutako baldintzak betetzen dituzten azken 15 urteetako lan-aldiak batuko dira, hilabetetik beherako zatikiak kenduta. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.
b) Esperientzia espezifikoa.
– Informatikako teknikariaren lanposturako:
Gehienez 60 punturekin baloratuko da, beren-beregi, esperientzia orokorraren baloraziotik bereizita eta haren osagarri, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian emandako zerbitzuengatik –behar bezala egiaztatuak–, baremo honen arabera:
– Deialdi honen aurre-aurreko 5 urteetan, 0,700 puntu emango dira informatikako teknikariaren lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko. Gainerakoa baloratzeko, 0,214 puntu emango dira informatikako teknikariaren lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko.
– Lankidetzako teknikariaren lanposturako:
Gehienez 60 punturekin baloratuko da, beren-beregi, esperientzia orokorraren baloraziotik bereizita eta haren osagarri, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian emandako zerbitzuengatik –behar bezala egiaztatuak–, baremo honen arabera:
– Deialdi honen aurre-aurreko 5 urteetan, 0,700 puntu emango dira lankidetzako teknikariaren lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko. 0,214 puntu emango dira, lankidetzako teknikariaren lanpostuetan lan egindako hilabete bakoitzeko.
Kasu guztietan, esperientzia-mota bakoitzerako eskatutako baldintzak betetzen dituzten azken 12 urteetako lan-aldiak batuko dira, hilabetetik beherako zatikiak kenduta. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.
c) Tituluak.
Deialdian sartzeko erabilitakoaz bestelako titulu ofizialak baloratuko dira; titulu bakoitzeko 5 puntu emango dira, 5 puntu gehienez.
d) Probak gainditu izana karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.
d.1.– Informatikako teknikariaren lanpostuari dagokionez, 6 puntu emango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Informatikako Fakultatiboen Goi-mailako Kidegoko langile lan-kontratudun finko izateko 2000. urtetik aurrera –urte hori barne– egin diren hautaprobak gainditzeagatik:
Lankidetzako teknikariaren lanpostuari dagokionez, 6 puntu emango dira Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetzako teknikari gisa langile lan-kontratudun finko izateko 2011. urtetik aurrera –urte hori barne– egin diren hautaprobak gainditzeagatik.
d.2.– Informatikako teknikariaren lanpostuari dagokionez, 4 puntu emango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Informazio Sistemetako Eskalako lan-poltsetan egoteagatik. Azpiapartatu honetan, gehienez puntuazio hori lortu ahal izango da.
Informatikako teknikariaren lanpostuari dagokionez, 4 puntu emango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Informazio Sistemetako Eskalako lan-poltsetan egoteagatik. Azpiapartatu honetan, gehienez puntuazio hori lortu ahal izango da.
e) Informatika-arloko ezagutzak.
Informatika-ezagutzak gehienez 2 punturekin baloratuko dira, puntu 1 ziurtagiri hauetako bakoitzeko:
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizkoa.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizkoa.
– Internet oinarrizkoa.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizkoa.
– Microsoft Outlook XP/2003/2010.
– Microsoft PowerPoint 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra.
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 aurreratua.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 aurreratua.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 aurreratua.
Internet aurreratua.
Modulu berean bertsio bat baino gehiago egiaztatzen bada, bakarra baloratuko da.
Deialdi honen ondorioetarako, modulu bereko maila aurreratua eta oinarrizkoa egiaztatzen dutenei horietako bat bakarrik baloratuko zaie.
f) Hizkuntzak jakitea.
Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailetako ingelesa, frantsesa eta alemana baloratuko dira. Gehienez 3 puntu lortu ahal izango dira, baremo honen arabera:
– C1 maila edo handiagoa: 3 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– B2 maila: 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– B1 maila: 1 puntu hizkuntza bakoitzeko.
g) Euskararen ezagutza.
Hizkuntza-eskakizunek derrigortasun-data igarota ez dutelako euskara jakitea baldintza gisa eskatzen ez den lanpostuetan bakarrik baloratuko da. Baremo honen arabera baloratuko da euskara jakitea:
– 1. hizkuntza-eskakizuna: 6 puntu.
– 2. hizkuntza-eskakizuna: 9 puntu.
– 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna: 11 puntu.
5.– Lehentasunaren klausula aplikatzea.
Informatikako teknikariaren lanpostuari dagokionez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikulua aplikatuko da artikulu horretan aurreikusitako berdinketa gertatuz gero, emakumeak gutxiegi ordezkatuta baitaude, eta lehentasuna emango zaie.
Lankidetzako teknikariaren lanpostuari dagokionez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikulua aplikatuko da berdinketa gertatuz gero, emakumeak gutxiegi ordezkatuta baitaude.