Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2022ko abenduaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
5689

67/2022 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakariarena, lehiaketa sistema bidez enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzeko dena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak, 2022ko maiatzaren 3an, erakundean aldi baterako enplegua egonkortzeko ezohiko lan-eskaintza publikoa onartu zuen. Erabaki hori joan den maiatzaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (103. zk.).

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, seigarren xedapen gehigarrian, iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdietan buru egingo duten irizpideak ezartzen ditu. Honela, bada, ezartzen du, salbuespen gisa, lehiaketa-sistemaren bidez deituko direla 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen etenik gabe aldi baterako okupatuta egon diren plazak.

Aurreikuspen horri lege beraren zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitzen zaio, eta, adierazten da, gainera, seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek beren deialdietan jasoko dituztela 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako lan-harremana duten langileek aldi baterako betetzen dituzten egiturazko izaera duten plaza hutsak. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du, lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoari kalterik egin gabe, administrazio publikoek enplegua finkatzeko prozesuak deitu ahal izango dituztela euskal funtzio publikoan lehiaketa-sistemaren bidez sartzeko, enplegu publikoari buruzko Estatuko oinarrizko legerian xedatutakoaren esparruan.

Egonkortzeko salbuespenezko prozesu horiek dira Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko legearen aipatutako xedapenetan jasotako agindua betearazteko tresna.

Ebazpen honen bitartez, Herri Kontuen Euskal Epaitegian enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzen dira.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 1/1988 Legearen 19.3.f artikuluak Lehendakaritza honi aitortzen dizkion eskumenen indarrez,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen eranskinean ageri diren eta HKEEn enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzea, 2022ko ezohiko lan-eskaintza publikoari dagozkionak.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzea.

Ebazpen honen aurka, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko 1/1988 Legearen 27.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek erregu-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote HKEEren Osoko Bilkurari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 30a.

HKEEko lehendakaria,

ANA HELGUERA LÍBANO.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIKO LANPOSTU HUTSAK BEHIN BETIKO BETETZEKO SALBUESPENEZKO EGONKORTZE-PROZESUA ARAUTUKO DUTEN OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Herri Kontuen Euskal Epaitegian hutsik dauden lanpostuak jabetzan betetzeko enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesua arautuko duten arau orokorrak ezartzea.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2022ko maiatzaren 3an onartutako eta 2022ko maiatzaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (103. zk.) argitaratutako ezohiko lan-eskaintza publikoak egonkortze-prozesuen mende dauden hainbat lanpostu jasotzen ditu, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen arabera (aurrerantzean, 20/2021 Legea).

Sektore publikoan behin-behinekotasuna murrizteko helburuarekin, 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriek ezartzen dute behin bakarrik deituko direla, salbuespen gisa eta lehiaketa-sistemaren bidez, lege horren 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren plazak.

Oinarri hauetan deskribatutako hautaketa-prozesuetan deialdi hauen xede diren plazak betetzen ari d(ir)en pertsonak edo pertsonek parte hartzen ez badu(te), ezinezkoa izango da plaza horiek eskuratzea, eta ez da kalte-ordainik edo konpentsazio ekonomikorik emango, 20/2021 Legearen 2.6 artikuluak xedatzen duena betez.

Bigarrena.– Araudi aplikagarria.

Honako araudi hau aplikatuko da:

– 1/1988 Legeak, otsailaren 5ekoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzkoak.

– 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa (aurrerantzean 20/2021 Legea).

– 7/2021 Legea, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoena eta eskalena (aurrerantzean, 7/2021 Legea).

– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren legearen testu bategina onesten duena (aurrerantzean EPOETB).

– 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa.

– 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena.

– 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena (aurrerantzean 39/2015 Legea).

– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore publikoaren araubide juridikoarena.

– 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoa.

– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoa, gaur egun indarrean dagoen idazkerarekin.

– 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.

– 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa.

Egonkortzeko salbuespenezko prozesuak oinarri orokor horien arabera arautuko dira.

Oro har, arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Hirugarrena.– Printzipioak.

20/2021 Legearen 17. xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, hautaketa-prozesu honen antolaketak lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak beteko direla bermatzen du, eta, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 6. eta 9. artikuluen arabera, tratu-berdintasunaren printzipioa beteko du, eta ezin izango da inolako diskriminaziorik egin jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bestelako zeinahi egoera pertsonal edo sozialengatik, baldin eta arau batek babesten ez badu tratu bereizia kasu justifikatu, proportzional eta kongruenteetan.

Laugarrena.– Egonkortze-prozesuaren deskribapena.

Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan arautuko dira, eta, nolanahi ere, honako hauek jaso beharko dituzte:

– Deitutako plazen kopurua eta hizkuntza-eskakizunen araberako banaketa.

– Eskabideak aurkezteko epea.

– Sartzeko titulazioa.

– Baloratuko diren merezimenduak eta horien baremoa.

– Deitutako plazei dagozkien lanpostuen betekizun espezifikoak.

Enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuak lehiaketa-sistemaren bidez gauzatuko dira, 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan jasotako aurreikuspenen esparruan.

Bosgarrena.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Betekizun orokorrak.

Deitutako plazak eskuratu nahi dituztenek parte hartzeko honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte, bai eta deialdiaren oinarri espezifikoetan adierazitakoak ere, deialdia argitaratzen den egunean; eta horiek betetzen jarraitu beharko dute karrerako funtzionario gisa lanpostuaz jabetu arte:

a) Nazionalitatea. Espainiako nazionalitatea izatea.

Zuzenean edo zeharka botere publikoaren egikaritzapenean edo Estatuaren eta Administrazio Publikoen interes orokorrak babesteko parte hartzea dakarten lanpostuetan izan ezik, espainiarren baldintza berberetan parte hartu ahalko dute:

a.1) Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalitatea dutenek.

a.2) Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu batzuetako herritarren ezkontideak, ezkontide horien nazionalitatea edozein delarik ere, betiere bananduta ez badaude zuzenbidearen arabera. Era berean, baldintza berberekin, bien ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute hogeita bat urtetik beherakoak direnean edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, mendekoak direnek.

Halaber, parte hartu ahal izango dute Europar Batasunak hitzartu eta Espainiak berretsi dituen eta langileen joan-etorri librea aplikagarria zaien nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartzen direnek ere.

b) Gaitasuna: eginbeharrak betetzeko gaitasun funtzionala edukitzea; gaitasun psikofisiko zehatza eduki beharko du, eta haren gaitasunak edo desgaitasunak bateragarria izan beharko du deitutako lanpostuei dagozkien betekizunak eta zereginak normaltasunez burutzearekin, alde batera utzita lan-arriskuen prebentzioari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera lanpostuan egin beharreko egokitzapenak, baldin eta beharrezkoak balira pertsonak lanaren ondoriozko arriskuetatik babesteko.

c) Adina: hamasei urte beteta edukitzea eta, edozelan ere, nahitaez erretiroa hartu behar izateko adina ez gainditzea.

d) Gaikuntza: diziplina-espediente bidez autonomia-erkidegoetako administrazio publikoetako edo organismo konstituzionaletako edo organismo estatutarioetako zerbitzutik bereizita ez egotea, eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia ez izatea, funtzionarioen kidegoetan edo eskaletan sartzeko.

Beste Estatu bateko herritarra izanez gero, desgaituta edo egoera baliokidean ez egotea, eta diziplina-zehapenik edo baliokiderik ez edukitzea, baldintza berberetan bere Estatuan enplegu publikora sartu ahal izatea eragotziko dionik.

e) Titulazioa: eskatutako titulazioa, kasuan kasuko oinarri espezifikoetan adieraziko dena, edukitzea edo haren agiriak jaso ahal izateko eskubideak ordainduta izatea.

Atzerrian eskuratutako titulazioak dituzten izangaiek egiaztatu beharko dute haiei dagokien baliozkotzea edo, hala izanez gero, haien homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria, badutela.

f) Administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunen arloan indarrean dagoen araudian aurreikusitako ezintasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta ez egotea, eta bereziki Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren zerbitzupeko langileentzat Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 1/1988 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ezein kasutan; hori, gainera, bateraezina izango da haien inpartzialtasun edo independentzia profesionalari kalte egiten dion edozein jarduerarekin, edo Euskal Sektore Publikokoak ez izan arren, Epaitegi horrek fiskalizatu beharreko funts publikoak erabiltzen dituzten erakundeekin harremana duen edozein jarduerarekin; hori guztia kargu publiko bat edo jarduera pribatu bateraezin bat betetzen dutenek aipatutako lege-arauetan adierazitako aukera-eskubidea baliatzea kaltetu gabe.

g) Deitutako plazan Herri Kontuen Euskal Epaitegiko karrerako funtzionarioa ez izatea.

h) Oinarri espezifikoetan finkatzen diren gainerakoak.

Deialdian parte hartu nahi dutenek eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte deialdia argitaratzen den egunean. Era berean, horiek guztiak eduki beharko dira hautaketa-prozedura osoan zehar, karrerako funtzionario izendatu arte.

Lanposturen batek betetzeko baldintza orokorrak nahiz espezifikoak atxikita baldin baditu plazaren batean, ezingo da inola ere bete baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatu ez dutenek.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zerrendatuko dira, deitutako plazei dagozkien lanpostuei esleitutako betebehar espezifikoak.

Aurrekoa gorabehera, prozeduraren edozein unetan epaimahaiak jakingo balu izangairen batek ez dituela betetzen deialdian eskatutako baldintzak, deialditik kanpo utziko du, interesdunak dioena entzun ondoren, eta egun berean jakinaraziko dio hautaketa-prozesua deitu duen agintariari.

2.– Datuen babesa.

a) Oinarri hauen xede den hautaketa-prozesurako jasotako datu pertsonalak, hala nola izen-abizenak, NANa eta prestakuntza-maila, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak tratatuko ditu, honako helburu hauekin:

Oinarri hauen xede den hautaketa-prozesuan parte hartzeko, eta datuak aldizkari, iragarki-taula, web-orri eta, oro har, hautaketa-prozesuaren emaitza partzialak edo behin betikoak jakinarazteko erabiltzen den edozein bitartekotan argitaratzeko; bai eta IVAPek edo erakunde eskudunak euskararen edo beste edozein hizkuntzaren ezagutza-maila egiaztatzeko ere, eta, oro har, epaimahaiak berak, edo epaimahaiak agindutako erakundeak edo enpresak hautaketa-prozesuari dagozkion probak behar bezala prestatzeko eta gauzatzeko behar diren datuak egiaztatzeko. Baita ere, osasun-langile eskudunek egiazta dezaten izangaiak gaitasun funtzionaleko baldintzetara egokitzen direla.

Tratamendu horiek Herri Kontuen Euskal Epaitegiari tratamenduaren arduraduna den heinean esleitutako botere publikoen jardunean oinarritzen dira.

Ez zaie daturik jakinaraziko hirugarrenei, legezko betebeharrekoak edo titularrek baimendutakoak ez badira. Ez da nazioarteko datu-transferentziarik egiten. Datu-kategoria bereziak tratatzen dira; zehazki, osasun-langile eskudunek izangaiak gaitasun funtzionaleko baldintzetara egokitzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren osasun-datuak.

b) Publikotasun-printzipioak arautzen du oinarri hauen xede den hautaketa-prozesua eta, beraz, ez da eskabiderik onartuko izangaiak ez badu baimentzen bere datuak aurreko paragrafoan adierazitako edukiarekin eta helburuetarako erabiltzea.

c) Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, tratamendua mugatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, eta hartarako, honako helbide honetara idatzi beharko dute: Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Tomas Zumarraga Dohatsua 69, 01008, Vitoria-Gasteiz edo elektronikoki, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren web-orriaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario orokorraren bidez. https://tvcp.eus

d) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituen datu pertsonalen tratamenduei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, erakundearen tratamendu-jardueren erregistroa kontsultagarri dago web-helbide honetan:

https://tvcp.eus/2019/03/18/registro-de-tratamientos/

Seigarrena.– Eskabideak eta onarpena.

1.– Eskabideak bete eta aurkeztea.

a) Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute, parte hartu nahi duten hautaketa-prozesu bakoitzeko. Eskabidea erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da.

Onartua izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, honako hauek egin beharko dira:

1) Eskabidearen/erantzukizunpeko adierazpenaren atal guzti-guztiak bete.

2) Epe barruan aurkeztu.

Ahal izanez gero, eskabideak bide telematikoz aurkeztuko dira.

Eskabide telematikoak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira, web-orri honen bidez: https://tvcp.eus

Eskabide telematikoak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira, web-orri honen bidez: Baldintzak eta alegatutako merezimenduak betetzen direla adierazteko, behar bezala zerrendatuta eta identifikazio nahikoarekin adierazi behar dira hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean, eta ez da haien egiaztagirien kopiarik aurkeztu beharko eskabidearekin batera; izan ere, parte hartzeko baldintzak eta, hala behar izanez gero, alegatutako merezimendu horiek epaimahaiak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiko Idazkaritza Nagusiak hala eskatzen dien unean egiaztatu beharko dira.

Eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean, alegatutako merezimenduen zerrenda jaso beharko da. Ez da baloratuko bertan alegatutako merezimenduez bestelakorik, eta deialdia argitaratu baino lehen lortutakoak izan beharko dute horiek. Kalifikazio-epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko eskatzen direnean agiri bidez egiaztatzen ez diren alegatutako merezimenduak.

Alegatutako merezimenduen zerrenda eskabidearekin/erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkezten ez bada, ezingo da hutsegitea zuzendu.

Paperean egindako eskabideak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aintzat hartzen dituen lekuetan aurkeztu ahalko dira. Horretarako, oinarri hauei atxikita doakie eskabide/erantzukizunpeko adierazpenaren eredu ofiziala.

Eskabideak/erantzukizunpeko adierazpena 20 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Era berean, eskabidea/erantzukizunpeko adierazpena aurkeztean izangaiek oinarri hauetan eskatutako baldintzak ontzat ematen dituzte, eta, aldi berean, eskabidea/erantzukizunpeko adierazpena formalizatzean, baimena eman ahalko dute eskabidea betetzeko behar den dokumentazioa telematikoki kontsultatu dadin, esate baterako: NANa, titulazio akademiko ofizialak, hizkuntza-eskakizunak eta abar. Baimena ematen bada, ez da beharrezkoa izango dokumentazio hori aurkeztea, baldin eta kontsulta egin badaiteke elkarreragingarritasun informatikoaren bidez.

Eskabidea/erantzukizunpeko adierazpena garaiz eta behar bezala aurkezten ez bada, eskabidea/erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko epearen barruan, hautagaia hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.

b) Euskara. Nahitaezko hizkuntza-eskakizuna duten plazetarako euskararen jakite-maila egiaztatzen dutenek, lanpostu horiek nahiz baldintza hori ez dutenak aukeratu ahal izango dituzte.

c) Baldintzak eta merezimenduak. Eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean adierazi beharko da deialdiaren oinarrietan agertzen diren baldintza guztiak, orokorrak zein espezifikoak, betetzen diren.

Era berean, merezimenduak eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean behar bezala zerrendatu eta identifikatu beharko dira, eskabideak aurkezteko epean.

Deialdiaren oinarriak aurkezten diren eguna izango da alegatzen diren baldintzak eta merezimenduak betetzeko erreferentziazko data.

d) Eskabidea/erantzukizunpeko adierazpena zuzentzea. Urriaren 1eko 39/2015 Legeak –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak– xedatzen duenari jarraikiz, eskabidean zuzendu daitezkeen akatsak badaude, interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epea duela haiek zuzentzeko, eta berariaz adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

2.– Eskatzaileak onartzea.

a) Eskabidea aurkezteko epea amaitutakoan, Lehendakaritzak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du ebazpen bidez. Zerrenda horietan izangaien izena eta bi abizenak, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia eta, hala badagokio, ez onartzeko arrazoia agertuko dira.

b) Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren iragarki-taulan eta Interneteko https://tvcp.eus helbidean jarriko da eta 10 eguneko epea emango da kanporatze horren aurka erreklamatzeko eta baztertzea eragin duten akatsak edo dokumentuak zuzentzeko. Akatsak zuzentzeko epea igarota, aurkeztu diren erreklamazioak ebatzi eta onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onartuko da; erreklamaziorik ez balego, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ezingo da zuzenketa-epea erabili eskabidea hobetzeko, eskabideak aurkezteko epean alegatu ez ziren merezimendu berriak gehituta.

c) Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenaren aurka, erreguzko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da HKEEren Osoko Bilkuraren aurrean hilabeteko epean, zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

d) Aurkeztutako errekurtsoa ebatzi ez bada konkurtso-fasea egin behar den egunerako, haren eraginpean dauden izangaiak kautelaz baloratu ahal izango dira.

3.– Jakinarazpenak. Onartuen eta/edo baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera, hautaketa-prozesuan zehar egin beharreko iragapen guztiak Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren iragarki-taulan eta https://tvcp.eus web helbidean argitaratuko dira. Banakako jakinarazpenetarako, eskabidean adierazitakoa hartuko da helbidetzat, ez bazaio gerora beste helbide bat beren-beregi eta modu frogagarrian jakinarazten deialdia egin duen organoari.

Zazpigarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Osaera.

a) Deitutako hautaketa-prozesuko epaimahai kalifikatzailea eratuko da honako hauetan xedatutakoa betez: 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, urriaren 30ekoak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, 60. artikuluan; 6/1989 Legeak, uztailaren 6koak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 31. artikuluan; eta 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta gizonen berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoak, 20.1 b) artikuluan, gaur egun indarrean dagoen idazkeran.

b) Epaimahaiak epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru bokal izango ditu, eta horien artean nahitaez egongo da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak proposatutako pertsona bat, eta epaimahaikideak ezingo dira bost baino gutxiago izan. Epaimahaiaren osaera teknikoa izango da gehienbat, eta espezialitate-printzipioak gidatuko du; beraz, haren kide guztiek deialdiko plazetara sartu ahal izateko eskatzen den maila akademiko bereko edo goragoko titulazioa eduki beharko dute, eta kideen erdiek, gutxienez, bete beharreko lanpostuen jakintza-arlo berekoak izan beharko dute.

Egokitzat jotzen diren beste neurri batzuk ere bazterretsi gabe, hautaketa-epaimahaietan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatuko da. Ondorio horietarako, ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean.

c) Orokortasunez, pertsona berberek osatuko dituzte enplegua egonkortzeko ohiz kanpoko prozesuetako epaimahaiak.

d) Epaimahaikide-tasuna norberaren izenean egingo da beti, eta ezingo da beste inoren ordezkari gisa edo kontura aritu. Epaimahaiko kide guztiek hitza eta botoa izango dute, idazkariak izan ezik, hark ez baitu botorik izango. Epaimahaiaren erabakiak bertan daudenen botoen gehiengoz hartuko dira, eta berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburu denaren botoak ebatziko du.

e) Urriaren 1eko 40/2015 Legeak –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak– 23. artikuluan aurreikusten dituen inguruabarren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideak abstenitu egin behar dira eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakariari jakinarazi beharko diote, eta izangaiek errekusatu ahal izango dituzte epaimahaikideak, arestian aipatu den Legearen 24. artikuluan aurreikusten denaren arabera haren aurreko artikuluan aipatzen den zioren bat gertatzen denean.

f) Epaimahaia osatzen duten titularren eta ordezkoen izenen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hautaketa-prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen zerrendekin batera, Lehendakaritzako ebazpen bitartez haiek izendatu ondoren.

g) Epaimahai kalifikatzailean parte hartzeak zerbitzuagatiko kalte-ordainei buruzko araudian legez aurreikusten diren kalte-ordainak jasotzea ekarriko du. Era berean, epaimahaiari aholkuak ematen dizkiotenek edo hautaketa-prozesua garatzen laguntzen dutenek ere dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte.

2.– Eraketa.

a) Epaimahaia ezingo da eratu, eta ezingo du jardun ere, gutxienez mahaiburua (titularra nahiz ordezkoa) eta idazkaria, eta gainerako kideen erdia bertan ez bada.

b) Epaimahaiburuko karguak betetzen dituztenak ez baleude, kargu horren titularra denak bere ordezkoa izendatuko du boto-eskubidea duten kideen artean eta, halako izendapenik ez balego, antzinatasun eta adin handieneko kideak ordezkatuko du, hurrenkera horretan.

Idazkaria eta haren ordezkoa ez baleude, epaimahaiak gehiengoz hautatutako kideak ordezkatuko lituzke.

c) Presidenteak koordinatuko du hautaketa-prozesua, eta bere kalitate-botoarekin ebatziko ditu bozketetan gerta litezkeen balizko berdinketak. Epaimahaiko kide guztiek hitza eta botoa izango dute, idazkariak izan ezik, honek hitza izango baitu, baina botorik ez.

d) Izangaien kopuruak hala eskatzen duenean, epaimahai kalifikatzaileak behar beste administrari eta zerbitzuetako kolaboratzaile laguntzaile izendatu ahal izango ditu, idazkariak gainbegiratuta, hautaketa-prozesua behar bezala garatzen dela bermatu ahal izateko, eta zerbitzuagatiko kalte-ordainen araudi erregulatzailean haientzat aurreikusten diren laguntzak jasoko dituzte.

e) Epaimahaikideek eta hautaketa-prozesuan parte hartzen duten aholkulariek edo espezialistek, beren egitekoak betetzean, intimitaterako eskubidea eta izangaiekiko errespetua eta begirunea bermatu beharko dituzte, eta haietako bakoitzari buruz jasotako informazioa behar bezala tratatzen dela zaindu beharko dute.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta prozeduraren gardentasunaren eta objektibotasunaren, proben edukiaren eta konfidentzialtasunaren, eta deialdiaren oinarriak zorrotz betetzearen erantzule izango da.

f) Epaimahaiak ahalmena izango du hautaketa-prozesua behar bezala antolatzeko eta garatzeko behar diren erabakiak hartzeko, deialdia arautzen duten oinarrietan aurreikusi ez den guztian, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak ebazteko, bai eta bere funtzioak betetzeko sortzen diren haiek ere. Ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, ebazpenean bertan ezartzen den epean.

g) Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Gasteizen izango du egoitza, Tomas Zumarraga Dohatsua, 69 kalean.

Zortzigarrena.– Dokumentuak aurkeztea.

a) Dokumentuen zerrenda.– Funtzionario-tasuna lor dezaten proposatutako pertsonek deialdiaren oinarrietan hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte Herri Kontuen Euskal Epaitegiko Idazkaritza Nagusian, 20 eguneko epean, hautaketa gainditu dutenen zerrenda argitaratzen denetik zenbatzen hasita:

1.– Nortasun Agiri Nazionalaren edo dagokion Erregistro Zibilak emandako jaiotza-ziurtagiriaren fotokopia, behar bezala konpultsatua.

2.– Kargu publikoak betetzeko desgaituta ez egotearen eta diziplina-espediente bidez Administrazio Publikoaren zerbitzutik kanporatuta ez izanaren adierazpena.

3.– 53/1984 Legeak, abenduaren 26koak, Administrazio publikoetako langileen bateraezintasun-egoerei buruzkoak, aurreikusten dituen bateraezintasun zioren batean barne hartuta ez dagoela dioen adierazpena, ez eta 1/1988 Legeak, otsailaren 5ekoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzkoak, 26. artikuluan aurreikusitakoren batean.

4.– Mediku-ziurtagiria, eginkizunak normaltasunez betetzea eragozten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

5.– Lanpostua eskuratzeko eskatzen den titulua, tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 43. artikuluari men eginez, oinarri hauen eranskinean zehazten dena.

6.– Oinarrien zati espezifikoan eskatzen diren gainerako betekizun espezifikoen frogagiriak.

b) Funtzionarioak. Edozein Administrazio publikotako funtzionario-tasuna dutenek ez dituzte agiri bidez justifikatu beharko beren aurretiazko izendapena lortzeko egiaztatutako betekizunak eta beren tasuna eta zerbitzu-orrian agertzen diren inguruabar guztiak egiaztatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

c) Epea ez betetzea. Baldin eta, adierazitako epearen barruan, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako pertsonek ez badute aurkezten deialdian parte hartzeko eskatzen diren betekizunak eta baldintzak betetzeari buruzko dokumentazioa, edo, dokumentazioa aztertuta edo osasun-azterketa eginda, ondorioztatzen bada ez dutela betetzen eskatutako baldintzaren bat edo ez dituztela betetzen eskatutako betekizunak, horrek berez eta besterik gabe baztertzea ekarriko du, eta ezin izango dira izendatu, eta beren jarduketa guztiak baliogabetuta geratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatuz egindako eskabidea faltsutzeagatik izan lezaketen erantzukizuna ezetsi gabe. Kasu horretan, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakariak hautaketa-prozesua gainditu eta aipatutako baliogabetzearen ondorioz deitutako plaza kopuruan tokia duten haien aldeko izendapen proposamena egingo du.

Bederatzigarrena.– Hautatzeko prozedura. Lehiaketa.

1.– Izangaiak hautatzeko prozedura.

Izangaiak aukeratzeko prozedura lehiaketa izango da, deialdiaren oinarri espezifikoetan zehazten denaren arabera.

2.– Fase bakarra: lehiaketa.

a) Arau orokorrak.

Lehiaketa-fasearen egitekoa eskabidean adierazitako merezimenduak aztertu eta balioestea izango da; erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da eskabidea, eta ez da baztertuko behin-behineko kalifikazioan puntuaziorik handiena lortu duten izangaiek alegatutako merezimenduak, behin betiko kalifikazioaren aurretik, egiaztatu eta ziurtatu behar izatea, eskainitako plaza-kopurua osatu arte.

Merezimendu guztiak eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean behar bezala zerrendatu eta identifikatu beharko dira, eskabideak aurkezteko epean.

Merezimenduak lortzeko azken eguna deialdia argitaratzen den eguna izango da.

b) Fase horretan, honela balioetsiko dira merezimenduak:

b.1) Esperientzia profesionala: orokorra eta espezifikoa. Deialdiaren oinarri espezifikoetan zehaztutako ezaugarrien eta balioespenaren arabera zerbitzuak egitea. Bazterturik geratzen dira zerbitzu zibil edo merkataritzakoen errentamendu-kontratuen, beken eta praktika profesionalen bidez emandako zerbitzuak. Atal honetan, azken 20 urteetan egindako zerbitzuak baloratuko dira.

Esperientzia profesional orokorra administrazio publikotzat hartzen diren erakunde eta organismoetan egindako zerbitzuena izango da soilik, deitutako plazek dituzten egiteko berdinak dituzten postuetan, eta organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira.

Esperientzia profesional espezifikoari dagokionez, deitutako lanpostuei atxikitako egitekoak betetzen Herri Kontuen Euskal Epaitegian egindako zerbitzuak balioetsiko dira.

Ez dira balioetsiko esperientziarekin zerikusia duten merezimenduak, honako hauek beren-beregi adierazten ez badira:

– betetako lanpostuaren izena eta lanbide-kategoria eta horren lanpostu-mailako osagarria.

– zerbitzu-aldien hasiera-data eta amaiera-data.

– egiteko xehakatuak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaz besteko erakundeetan betetako lanpostuak direnean.

Deialdiaren oinarri espezifikoetan adierazitako datari edo datei dagozkien aldiak bakarrik zenbatetsiko dira, baina inola ere ezingo dira aintzat hartuko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren emandako zerbitzuak. Zenbaketaren ondorioetarako, prestazioa lanaldi arruntean egikaritu bada, erabili beharreko formula honako hau izango da: lan egindako urte oso bakoitza 365 egunekoa izango da, eta lan egindako hilabete oso bakoitza 30 egunekoa. Lanaldi partzialeko erregimeneko edo lanaldi-murrizketa duten dedikazio-aldiak dauden kasuetan, zenbaketa benetan emandako dedikazio-denboraren proportzioan egingo da eta, betiere indarrean dagoen araudiak ahalbidetzen badu, murrizketa hori bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurriak aplikatzearen ondorioz eman bada, denbora hori lanaldi osokoa izan balitz bezala zenbatuko zaio onuradunari. Seme-alabak edo senitartekoak zaintzeko eszedentzia-aldian egindako denbora zerbitzu aktibo modura zenbatuko da.

b.2) Beste merezimendu batzuk: deialdiaren oinarri espezifikoetan xedatzen denaren arabera balioetsiko dira.

3.– Derrigorrezko hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak dituzten plazak.

a) Euskararen ezagutza-maila deialdia argitaratu baino lehen egiaztatu beharko da.

b) Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB) egingo zaio kontsulta. Erregistro horretan inskribatutako hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat joko dira.

Erregistro horretan agertzen ez diren euskararen ezagutza-mailaren ziurtagiriak edo tituluak dituztenek haien egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokideak diren ziurtagiriak eta tituluak zehazten dira 297/2010 Dekretuan, azaroaren 9koan, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzen dituena; eta 47/2012 Dekretuan, apirilaren 3koan, euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeari eta euskarazko hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteari buruzkoan.

d) Derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuei dagozkien plazak betetzeak lehentasuna izango du, beraz, kalifikaziorik onenak lortu dituztelako eta eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dutelako karrerako funtzionario izendatzeko proposatzen diren izangaien artean egingo da.

e) Derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak lortu nahi dituzten eta eskakizun hori egiaztatzen ez dutenek, edo, egiaztatu arren, era horretako plazak eskuratzeko aukerarik ez dutenek, mota horretako lanpostuena baino handiagoa delako hartarako gaituen kopurua, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna ez duten lanpostuetan jarraitu ahal izango dute hautaketa-prozedurarekin; kasu horretan, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeari dagokion balioespena merezimendu gisa zenbatuko da.

f) Edonola ere, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak dituzten plazak ezingo dituzte inoiz bete oinarri hauetan aurreikusitako moduan bete dituztela egiaztatu ez duten izangaiek.

g) Euskararen ezagutza-maila merezimendu gisa soil-soilik balioetsiko da derrigortasun-datarik gabeko lanpostuak dituzten plazetan edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean derrigortasun-data iraungi ez denetan.

6/1989 Legeak, uztailaren 6koak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 98. artikuluan, eta 86/1997 Dekretuak, apirilaren 15ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak, 1.4, 2 d) eta 31. artikuluetan xedatzen dutenaren babesean, merezimendu horri gehienez eman dakiokeen puntuazioa ezingo da izan hautaketa-prozesuaren gainerako zatiei emandako gehienezko puntuazioaren % 5 baino txikiagoa ezta % 20 baino handiagoa ere.

Zehazki, hizkuntza-eskakizuna duten eta derrigortasuna iraungita ez duten plazetarako euskararen merezimendu-balioespena honako hau izango da:

1 HE: 6 puntu.

2. HE: 9 puntu.

3. HE: 13 puntu.

4. HE: 18 puntu.

Ez dira balioetsiko kasuan kasuko lanposturako eskatutako hizkuntza-eskakizunak gainditzen dituzten egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak.

Hamargarrena.– Hautaketa-prozeduraren garapena. Behin-behineko balioespena eta behin betiko zerrenda.

1.– Argitalpena. Onartuen eta/edo baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera, merezimenduen behin-behineko balioespena egingo da, eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean alegatutako betekizun eta merezimenduen arabera. Ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legeak -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak- 68. artikuluan xedatzen duenari jarraikiz, 10 egun balioduneko epea emango da balioetsi ez diren eta eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean alegatu diren merezimenduak zuzentzeko, behin-behineko lehentasun-hurrenkera lortze aldera. Epe hori ezingo da inola ere erabili eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean alegatu ez diren merezimendu berriak gehitzeko.

Zuzenketa-fasea amaituta, beste epe bat emango da behin-behineko kalifikazioan puntuaziorik handiena lortu duten izangaiek alegatutako merezimenduak eta betekizunak egiaztatu eta ziurtatu ditzaten, eskainitako plaza-kopurua osatu arte.

Inoiz ere ez dira balioetsiko eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean adierazi ez diren merezimenduak.

Alegatutako merezimenduak horretarako emandako epean egiaztatu beharko dira, salbu eta izangaiak Herri Kontuen Euskal Epaitegian zerbitzuak egin dituen eta horko erregistroetan jasoak dauden, kasu horretan, ofizioz egiaztatuko baita ziurtapena.

2.– Behin-behineko kalifikazioei buruzko erreklamazioak. Izangaiei bost egun balioduneko epea emango zaie, epaimahaiaren ebazpena argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, kalifikazioei buruzko erreklamazioak aurkezteko. Hori guztia, zazpigarren oinarrian epaimahaiaren jarduera aurkaratzeari buruz ezarri denari uko egin gabe.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahai kalifikatzaileak plaza lortu duten izangaien behin betiko zerrenda onetsiko du, lortu duten puntuazio-hurrenkeraren arabera; zerrenda hori iragarki-taulan eta https://tvcp.eus helbidean argitaratuko da.

3.– Azken kalifikazioa eta lehentasun-ordena.

a) Azken kalifikazioa lehiaketa-fasean lortutako puntuazioen batuketaren bidez eskuratuko da (egiaztatu eta ziurtatutako merezimendu bakoitzaren puntuazioen batura), eta hark ebatziko du lanpostuak lortu nahi dituztenen lehentasun-hurrenkera.

b) 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 27.2 artikuluan, eta 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta gizonen berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoak, 20.1 a) artikuluan, gaur egun indarrean dagoen idazkeran, xedatzen dutena aplikatuz, lehentasuna emango zaie emakumeei kasuan kasuko lanpostuetan horien ordezkaritza % 40tik beherakoa denean, baldin eta beste hautagaiari dagokionez ez badago, sexuagatik diskriminatzaileak izan gabe, neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duen ziorik, hau da, laneratzeko eta lanbidean igotzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

c) Berdinketak jarraituz gero, hurrenez hurren honako irizpide hauek erabiliz ezarriko da hurrenkera:

– lehenik, deitutako plazari dagozkion Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lanpostuetan lanegun gehien bete dituenaren alde.

– bigarrenik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko karrerako funtzionario izateko azken hautaketa-prozesuan posturik onena lortu duenaren alde, deitutako lanpostuan.

– hirugarrenik, deitutako lanpostuan antzinatasun handiena duenaren alde.

Hautaketa-prozesua osatzen duten merezimenduen kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak hautatuen zerrenda argitaratuko du, puntuazio-hurrenkeraren arabera, eta zerrendak ezingo du gainditu deitutako plaza guztien kopurua, 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 32. artikuluan xedatzen duenari men eginez; epaimahaiak dagokion izendapen-proposamena egingo du, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari zerrenda hori bidalita. Aldi berean, azken bilkuraren akta helaraziko dio agintari horri eta bertan, deitutako plaza-kopurua gainditzen duten izangai guztiek agertu beharko dute, puntuazio-ordenaren arabera; hori guztia, soil-soilik plaza lortu duen norbaitek hartaz jabetzeari uko egingo balio, betiere azken zerrenda horretan agertzeak ez duelarik bestelako eskubiderik edo itxaropenik eragiten.

Aurreko zerrenda horiek bereizirik osatu beharko dira, derrigortasunezko hizkuntza-eskakizuneko plazak diren edo ez.

4.– Epaimahaien ebazpenak. Epaimahai kalifikatzaileen ebazpenak lotesleak izango dira izendapena egitea dagokion organoarentzat, hargatik eragotzi gabe organo horrek ebazpena berrikusi ahal izatea, indarrean dagoen 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.

Hamaikagarrena.– Izendapena.

Izangaien behin betiko kalifikazioa eta lehentasun-ordena lehiaketan lortutako puntuazioak emango du; izendapen horiek Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren iragarki-oholean eta webgunean argitaratuko dira eta karrerako funtzionarioen izendapenak proposatuko dira.

Izendapenak lehendakariaren ebazpen bidez emango dira eta interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta iragarki-taulan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren webgunean argitaratuko dira: https://tvcp.eus

Hamabigarrena.– Lanpostuaz jabetzea eta haiei atxikitzea.

1.– Plazaz jabetzea.

Behin betiko izendatutako pertsonek karguz jabetu eta 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, urriaren 30ekoak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, 62.1.c) artikuluan agindutako betekizuna bete beharko dute, izendapena jakinarazi eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan.

Epe horretan arrazoi justifikaturik gabe lanpostuaz jabetzen ez direnak kargutik baztertuta geratuko dira, eta karguari uko egiten diotela ulertuko da, eskubide guztiak galduaz. Kasu horretan, HKEEko lehendakariak balorazio onena lortzen dutenen eta uko egite horren ondorioz bete gabe geratu diren plazen kopuruan sartzen direnen aldeko izendapen-proposamena egingo du.

Karrerako funtzionario izendatuek lanpostua jabetzan hartzean lanpostua gordetzeko eskubiderik gabeko eszedentzia eskatzen badute, haiek hutsik utzitako plazak esleitu ahalko dira. Horretarako, epaimahai kalifikatzaileak karrerako funtzionarioak izendatzeko egindako proposamen osagarria erabiliko da.

2.– Lanpostuak atxikitzea.

HKEEren Idazkaritza Nagusiak deitutako lanpostuak jabetzan hartu dituztenei atxikiko dizkie betetzeko gaitutako lanpostu hutsak, Lanpostuen Zerrendan lanpostu bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenen artean.

Hamahirugarrena.– Lan-poltsa ez sortzea.

Lehiaketa-prozeduraren bidez enplegua egonkortzeko ohiz kanpoko prozesu horiek ez dute lan-poltsarik sorraraziko.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala