247. zk., 2022ko abenduaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5687
154/2022 DEKRETUA, abenduaren 13koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko Dekretua bigarrenez aldatzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen berariazko organo aholku-emailea, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 2. artikuluarekin lotuta 26.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Dekretuaren aplikazio-eremu subjektiboaren ondorioz, Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen Batzorde Iraunkorraren eginkizunen artean ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen ez duten entitateek kontratazio publikoaren alorrean Aholku Batzordeari irizpena eskatzen dioten gaiei buruz informatzea, eta entitate horien artean daude toki-erakundeak (30.2.c artikulua).
Bestalde, Espainiako ekonomiaren desindexazioari buruzko martxoaren 30eko 2/2015 Legea garatzen duen otsailaren 3ko 55/2017 Errege Dekretuaren 9.7 artikuluaren arabera («Administrazio publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko hornidura-kontratuak eta obra-kontratuak ez diren sektore publikoko kontratuen prezioen aldizkako eta aurrez araututako berrikuspena»), toki-entitateetako kontratazio-organoak behartuta daude kontratazio-espedienteetan «kostuen egiturari buruzko nahitaezko balioespen-txostena» sartzera, baldin eta artikulu horretan aipatutako kontratuen prezioa bost milioi eurokoa edo handiagoa bada. Apartatu berean ezartzen denez, nahitaezko txosten hori «kontratazio publikoaren arloko kontsulta-organo autonomikoari eskatu ahal izango zaio, halakorik balego. Bestela, Estatuko Kontratuen Prezioen Batzorde Nagusiari eskatu beharko zaio».
Hala ere, aipatutako 9.7 artikuluan toki-erakundeei eskainitako aukerak ez du bat egiten 116/2016 Dekretuaren 26.1 artikuluarekin («Izaera, xedea eta atxikipena»). Horren arabera, Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea da «Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen berariazko organo aholku-emailea, eta dekretu honen 2. artikuluan adierazitako eremu subjektiboa hartzen du».
Berriki gertatutako zenbait kasutan, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek kostuen egiturari buruzko nahitaezko balioespen-txostena eskatu diote Estatuko Kontratuen Prezioen Batzorde Nagusiari. Batzorde Nagusi hori aurka agertu da eta ez duela eskumenik adierazi du, Autonomia Erkidego honetan kontratazio publikoaren arloko organo autonomiko aholku-emaile bat badagoela alegatuz, eta organo hori dela aipatutako nahitaezko txostena egiteko eskumena duena.
Hori dela eta, aldatu egin behar da 116/2016 Dekretua, toki-erakundeen eta haien mendeko organismo eta entitateen araubide juridiko espezifikoa jasotzeko, Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari nahitaezko txosten hori eskatzeari dagokionez. Horretarako, xedapen gehigarri bat gehitzen zaio dekretuari.
Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 13an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretua bigarrenez aldatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuari hamabigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio, eta honela idatzita gelditzen da:
«HAMABIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Espainiako ekonomiaren desindexazioari buruzko martxoaren 30eko 2/2015 Legea garatzen duen otsailaren 3ko 55/2017 Errege Dekretuaren 9.7 artikuluaren araberako nahitaezko txostena, toki-erakundeek eta haien mendeko organismo eta entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari eskatutakoa.
Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen Batzorde Iraunkorrari dagokio Espainiako ekonomiaren desindexazioari buruzko martxoaren 30eko 2/2015 Legea garatzen duen otsailaren 3ko 55/2017 Errege Dekretuaren 9.7 artikuluaren araberako nahitaezko txostena egitea. Horretarako, hogei eguneko epea izango du, toki-erakundearen, haren mendeko organismoaren edo entitatearen txosten-eskaera jaso eta hurrengo egunetik aurrera.
Txosten hori egiteko, dagokion kontratazio-organoak jardueraren kostuen egituraren proposamena egin eta Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari igorri beharko dio, aipatutako 9.7 artikuluan xedatutakoarekin bat».
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 13an.
El Lehendakari,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.