Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2022ko abenduaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
5686

13/2022 LEGEA, abenduaren 15ekoa, kiroleko dopinaren aurkako legea bigarren aldiz aldatzekoa.

Eusko Legebiltzarrak 13/2022 Legea, abenduaren 15ekoa, kiroleko dopinaren aurkako legea bigarren aldiz aldatzeko onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN ADIERAZPENA

2012. urtean, Eusko Legebiltzarrak Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea onartu zuen, eta, horretarako, kiroleko dopinaren aurkako borrokan nazioartean aurreratuen dauden erakundeek onartutako printzipioak hartu zituen oinarritzat. Lehiaketa-kirolaren egitura piramidala denez, eta lurralde-eremu eta -maila batzuetako eta besteetako kirol-lehiaketak elkarren artean lotuta daudenez, esparru juridiko komuna behar da kiroleko dopinaren aurka borrokatzeko.

Hori dela eta, 2003. urtean, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak Dopinaren aurkako Mundu Kodea idatzi zuen, eta kode horren osagarri diren nazioarteko estandarrak ere zehaztu zituen. Testu horiek nazioarteko kirol-mugimenduak derrigor bete beharreko arau eta jarraibideen multzoa dira, eta, horrekin batera, baita beharrezko erreferentzia ere dopinaren aurkako borrokan esku hartzen ari diren erakunde publikoentzat. Ekimen horien ondorioz, Unescok Kiroleko Dopinaren aurkako Nazioarteko Konbentzioa onartu zuen, 2005eko urriaren 19an izandako bileran. Espainiak ere berretsi egin du konbentzio hori (2007ko otsailaren 16ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), eta gure ordenamendu juridikoaren zati da, Konstituzioaren 96. artikuluan xedatutakoaren arabera. Nahiz eta Dopinaren aurkako Mundu Kodea ez izan konbentzioaren zati, konbentzioak dio sinatzaileak behartuta daudela kodean azaltzen diren printzipioak errespetatzera, kiroleko dopinaren aurkako borroka-moldeak koordinatzeko, Estatuan eta nazioartean.

Aipatu beharra dago Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea jada aldatu zela behin, 2018ko ekainaren 7ko 1/2018 Legearen bitartez (2018ko ekainaren 13ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria). Orduan, ekainaren 7ko 1/2018 Legearen bidez, Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea Dopinaren aurkako Mundu Kodera egokitu zen; mundu-kode hori Johannesburgen (Hegoafrika) onartu zen, 2013ko azaroaren 12tik 15era bitartean egindako Dopinaren aurkako IV. Mundu Konferentzian, zenbait kirol-erakunde eta estaturen parte-hartzearekin.

2019ko azaroaren 7an, Dopinaren aurkako V. Mundu Konferentzia egin zen Katowice-n (Polonia), zenbait kirol-erakunderen eta estaturen ordezkarien parte-hartzearekin, eta Dopinaren aurkako Mundu Kodea onartu zen. Bada, mundu-kode hori 2021eko urtarrilaren 1ean jarri da indarrean.

Hona kode berriak dakartzan aldaketa esanguratsuenak:

– Legea interpretatzean, Dopinaren aurkako Mundu Kodean jasotako arauak eta irizpideak hartu behar dira oinarritzat, barnean direla Dopinaren aurkako Mundu Agentziak onartutako eta argitaratutako nazioarteko estandarrak, baita entitate horrek unean-unean ezarriak dituen dokumentu teknikoak ere.

– Kirolariak zenbait motatakoak izan daitezke, aintzat hartuta, batetik, kirol-maila batean ala bestean aritzen diren (hots, nazioarteko kirolariak diren ala ez), eta, bestetik, federatuak diren ala ez. Hain zuzen ere, kirolariei betebehar edo erantzukizun jakin batzuk exijitzeko, kirolaria zein motatakoa den hartzen da kontuan.

– Dopinaren alorrean legez kontrakotzat hartzen diren jokabideen katalogoan ageri diren arau-hauste jakin batzuk aldatu egiten dira, eta, halaber, beste batzuk gehitzen dira.

– Dopin-kontroletan kirolariei hartutako laginak bitan banatzeko aukera ematen da, lagin horiek berriz ere analizatu ahal izateko balizko arau-hausteen preskripzio-epearen barruan.

– Pasaporte biologikoaren bideragarritasuna indartzen da, dopinaren alorreko arau-hauste jakin batzuk egin ote diren zehazteko tresna baliozkoa eta onargarria delakoan.

– Ezartzen da dopatzaileen zerrendan badirela substantzia batzuk abusuzkotzat jotzen direnak. Substantzia horiek gizarte-eremu jakin batzuetan erabiltzen dira, aldizka, baina kirol-errendimendua hobetzeko asmorik gabe.

– Ezartzen da berariazko zehapen-tratamendu bat aplikatuko dela kasu batzuetan, baldin eta arau-hausleak dopinaren aurkako agintaritzak proposatutako zehapena onartzen badu.

Horiek horrela, Euskadik nahitaez egokitu beharra dauka, berriro ere eta lehenbailehen, gaur egun indarrean dagoen Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea Dopinaren aurkako Mundu Kode berrira. Euskadik bere araudia egokitu behar du, gainerako kirol-erakundeek, estatuek edo herrialdeek xede edo helburu berarekin beren araudiak egokitu dituzten edo egokitzen ari diren modu berean.

Azkenik, legea erreformatuko dela baliatuta, Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea datu pertsonalen babesaren alorrean izan diren aldaketetara egokitu behar da, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduaren ondoriozko aldaketetara (Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren ondoriozko aldaketetara.

Artikulu bakarra.– Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea, eta honela geratzen da idatzita:

Bat.– 7. eta 8. apartatuak eransten zaizkio 1. artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«7.– Lege honen ondorioetarako, kirolariak maila hauetan sailkatzen dira:

a) Nazioarte-mailako kirolari federatuak: federatuta dauden eta, horrez gain, lortu dituzten emaitzak edo maila direla-eta, unean uneko nazioarteko federazioak –entitate horrek zehaztutako irizpideen arabera– federatutzat jotzen dituen pertsonak.

b) Nazioarte-mailakoak ez diren kirolari federatuak: federatuta egon arren nazioarte-mailakotzat jotzen ez diren pertsonak. Era berean, halakotzat hartuko dira federazio-lizentziaren indarraldia amaitu zaiela-eta une jakin batean federatuta ez egon arren berriro federatuta egongo direla eta kirol-jarduera garatzen jarraituko dutela aurreikusten diren pertsonak.

c) Amateurrak: federatuta ez egon arren lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren kirol-lehiaketa edo -jardueretan parte hartzen duten pertsonak, haietan erregulartasun handiagoz edo txikiagoz parte hartzen dutela ere.

d) Babestuak: jarraian adierazitako egoeretako batean dauden pertsonak:

(I) Dopinaren aurkako araudia haustean hamasei urte beteak ez dituztenak.

(II) Dopinaren aurkako araudia haustean hemezortzi urte beteak ez dituztenak, baldin eta kontrol-talde erregistratu batean sartuta ez badaude eta ez badira inoiz lehiatu kategoria irekiko edo absolutuko nazioarteko ekitaldi batean.

(III) Adina ez den beste arrazoi bat dela-eta indarrean dagoen legeriaren arabera gaitasun juridikorik ez dutenak.

8.– Lege honetako arauak eta definizioak interpretatzeko orduan, kontuan hartuko dira, batetik, Dopinaren aurkako Mundu Kodean jasotako arauak eta irizpideak; bestetik, nazioarteko estandarretakoak; eta, azkenik, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak onartutako Dopinaren aurkako Munduko Programa osatzen duten arau edo dokumentu teknikoetan bildutakoak. Dokumentu horiek publiko egin direla joko da Dopinaren aurkako Euskal Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratze hutsarekin».

Bi.– i), j), k), l) eta m) letrak eransten zaizkio 3. artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«i) Lehiaketara itzultzea Dopinaren aurkako Mundu Kodean espresuki aurreikusitako irizpideen arabera kirol-jarduna utzi ondoren, aintzat hartu gabe dopinaren alorreko arauak hausteagatik ezarritako etete- edo desgaikuntza-zehapen bat bete bitartean utzi zen ala ez.

j) Pertsona bati dopinaren alorreko arau-hauste bat egiteagatik zigor-, diziplina- edo administrazio-zehapen bat ezarri zaionean, ez jasotzea hark emandako kirol-zerbitzurik, araudiaren arabera hala egitea debekatuta dagoen aldietan; kirolariek erantzukizun hori izango dute, halaber, kirolarekin lotutako zerbitzu-prestazio edo lan-harreman orotan, ordainpekoak izan ala ez, baldin eta lotura bat ezartzeko eta aholkua, tratamendua edo laguntza jasotzeko erabil badaitezke.

k) Ez izatea kirol-erakundeetan kirol-alorreko edo bestelako ardurarik dopin-arauak hausteagatiko zehapenen betetze-aldian.

l) Dopin-arauak hausteagatiko zehapenen betetze-aldian, ez egitea komunikazio-lanik kirol-ekitaldietan; adibidez, esatari, aurkezle edo antzeko lanak, non eta ez den dopinaren aurka borrokatzeko agintari eskudunek ezarri dituzten prebentzio-programen barruan egindako lankidetza bat.

m) Dopin-arauak hausteagatiko zehapenen betetze-aldian, ez aritzea edo parte hartzea komunikabideetan komentarista edo kolaboratzaile gisa, edo antzeko lanetan, kirol-ekitaldiak emititzen edo ematen ari diren bitartean edo edonolako zabalkundea egiten ari den bitartean, non eta ez den dopinaren aurka borrokatzeko agintari eskudunek ezarri dituzten prebentzio-programen barruan egindako lankidetza bat».

Hiru.– j) letra eransten zaio 4. artikuluaren 1. apartatuari, eta honela geratzen da idatzita:

«j) Pertsona bati dopinaren alorreko arau-hauste bat egiteagatik zigor-, diziplina- edo administrazio-zehapen bat ezarri zaionean, ez jasotzea hark emandako kirol-zerbitzurik, araudiaren arabera hala egitea debekatuta dagoen aldietan; kirolarien laguntzaileek eta kirol-lehiaketetan parte hartzen duten animalien laguntzaileek erantzukizun hori izango dute, halaber, kirolarekin lotutako zerbitzu-prestazio edo lan-harreman orotan, ordainpekoak izan ala ez, baldin eta lotura bat ezartzeko eta aholkua, tratamendua edo laguntza jasotzeko erabil badaitezke».

Lau.– o) letra eransten zaio 6. artikuluaren 1. apartatuari, eta honela geratzen da idatzita:

«o) Pertsona bati dopinaren alorreko arau-hauste bat egiteagatik zigor-, diziplina- edo administrazio-zehapen bat ezarri zaionean, ez jasotzea hark emandako kirol-zerbitzurik, araudiaren arabera hala egitea debekatuta dagoen aldietan; kirol-erakundeek erantzukizun hori izango dute, halaber, kirolarekin lotutako zerbitzu-prestazio edo lan-harreman orotan, ordainpekoak izan ala ez, baldin eta lotura bat ezartzeko eta aholkua, tratamendua edo laguntza jasotzeko erabil badaitezke».

Bost.– ń) letra eransten zaio 7. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«ń) Pertsona bati dopinaren alorreko arau-hauste bat egiteagatik zigor-, diziplina- edo administrazio-zehapen bat ezarri zaionean, ez jasotzea hark emandako kirol-zerbitzurik, araudiaren arabera hala egitea debekatuta dagoen aldietan; kirol-ekitaldiak antolatzen dituzten pertsona eta erakundeek erantzukizun hori izango dute, halaber, kirolarekin lotutako zerbitzu-prestazio edo lan-harreman orotan, ordainpekoak izan ala ez, baldin eta lotura bat ezartzeko eta aholkua, tratamendua edo laguntza jasotzeko erabil badaitezke».

Sei.– Aldatu egiten da 13. artikuluaren 6. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«Kirolariei dopin-kontrolari dagokionez zer eskubide eta betebehar dituzten esango zaie, kontrola egingo zaiela jakinarazten zaienean, eta, hala badagokio, baita lagina hartu aurretik ere; eta, halaber, prozeduraren funtsezko izapideen eta horien ondorio nagusien berri ere emango zaie, bai eta lege honek datuen tratamenduari eta datuak lagatzeari buruz zer xedatzen duen ere. Horrez gain, jakinaraziko zaie aukera dutela datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta eramateko, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere. Eskubide horiek datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen legerian ezarrita daude».

Zazpi.– 14. apartatua eransten zaio 13. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«Dopinaren aurkako organoak A edo B lagina bitan banatu ahal izango du, eta lehen flaskoa A laginaren lehen analisia egiteko erabili, eta bigarren flaskoa, berriz, emaitza berresteko analisia egiteko. Kasu horretan, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak unean-unean ezarritako eta argitaratutako nazioarteko estandarrak bete beharko dira.

Horrelakoetan, kirolariari horren berri emango zaio aldez aurretik, lagina irekitzen denean presente egoteko eskubidea egikaritzeko aukera izan dezan».

Zortzi.– Aldatu egiten da 13. artikuluaren 12. apartatuko c) letra, eta honela geratzen da idatzita:

«c) Kirolariaren B lagina bi flaskotan banatzen bada eta bigarren flaskoaren analisiak berresten badu lehenengo flaskoan agertu diren substantzia debekatua edo haren metabolitoak edo markatzaileak agertzen direla, edo, bestela, kirolariak uko egiten badio banatutako lagina berresteko flaskoa analizatzeari».

Bederatzi.– Aldatu egiten da 13. artikuluaren 13. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«Dopinaren aurkako organoaren betebeharra izango da dopinaren aurkako araudia urratu dela frogatzea. Eginkizun horretan, balio zientifikoa aitortuko zaie Dopinaren aurkako Mundu Agentziak onartutako metodo analitikoei edo erabakitzeko mugei, baldin eta kanpo-berrikusketa batek aztertzen baditu eta komunitate zientifikoaren irizpean jartzen badira.

Pasaporte biologikoan emaitza txarra lortzea aditu-frogatzat joko da, eta balio zientifikoa aitortuko zaio, lege honen 23.1.b) artikuluan aurreikusitako arau-haustea egin dela jotzeko. Horrelakoetan, hau da, pasaporte biologikoaren ondorioz dopinari buruzko arauak hausten direnean, emaitzak kudeatzeari buruzko, kontrolei eta ikerketei buruzko eta Dopinaren aurkako Mundu Agentziaren laborategiei buruzko nazioarteko arauak kontuan hartuko eta errespetatuko dira».

Hamar.– 15. eta 16. apartatuak eransten zaizkio 13. artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«15.– Nazioarteko estandarrak edo araudian jasotako beste alderdi batzuk urratzearen ondorioz ez dira baliogabetuko analisien emaitzak edo dopinaren aurkako arau bat urratu izanaren frogak. Horrelakoetan, eraginpeko pertsonak egiaztatzen baldin badu nazioarteko estandarretan edo araudian adierazitako xedapenen bat ez betetzeak analisiaren emaitza txarra izatea edo lokalizazioak huts egitea ekar dezakeela era arrazoitu batean, dopinaren aurkako erakundeak frogatu beharko du ez-betetze horrek ez duela eragin analisiaren emaitza txarra izatea edo lokalizazioak huts egitea. Horrelakoetan, Dopinaren aurkako Mundu Kodearen 3.2.3 artikuluan espresuki aurreikusitakoa bete beharko du dopinaren aurkako erakundeak.

16.– Dopina kontrolatzeko eta emaitzak kudeatzeko prozedurak lege honetan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira, eta Dopinaren aurkako Mundu Agentziak unean-unean ezarritako eta argitaratutako nazioarteko estandarrak eta dokumentu teknikoak aplikatuko dira. Dokumentu horiek publiko egin direla joko da Dopinaren aurkako Euskal Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratze hutsarekin».

Hamaika.– Aldatu egiten da 14. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak osatu edo ordeztu egin ahal izango du erregistro-liburu hori datu-baseen prozedura zentralizatuen bidez, informazioaren teknologia berriak eta identifikazio elektronikoa erabiliz; esate baterako, sinadura elektronikoaren eta historia elektroniko bakar eta zentralizatuko sistemen bidez. Halakoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egongo da sistema erabilgarri».

Hamabi.– Aldatu egiten dira 14. artikuluaren 8. eta 9. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

«8.– Beste autonomia-erkidego bateko, Estatuko edo nazioarteko entitate edo organismo batek emandako erabilera terapeutikoko baimenen baliozkotasunari, indarraldiari eta eraginkortasunari dagokienez, Dopinaren aurkako Mundu Kodearen 4.4 artikuluan eta nazioarteko estandarretan aurreikusitakoa aplikatuko da. Nazioarte-mailako kirolari federatuen kasuan, erabilera terapeutikoko baimenak nazioarteko federazioak emango ditu, bere arauen arabera. Lege honen aplikazio-eremuaren barruan dopin-kontrol bat egiten zaion edozein pertsonak indarrean dituen erabilera terapeutikoko baimenen berri eman beharko du, nahitaez, dopin-kontrola egitean.

9.– Euskadiko dopinaren aurkako organoek eta diziplina- edo zehapen-organoek ezingo dituzte aurreko apartatuan aipatutako erabilera terapeutikoko baimenak edo adierazpenak baliozkotzat hartu, horiek ez badaude behar bezala erregistratuta Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordean, ez eta Dopinaren aurkako Mundu Kodean eta nazioarteko estandarretan aurreikusitakoaren arabera baliozkoak ez diren baimenak edo adierazpenak ere. Era berean, baimenak edo adierazpenak ez dira baliozkotzat hartuko erregistratuta egonda ere iruzur eginez lortu badira, edo dosien baldintzak, emateko moduak edo tratamendu-epea ez badira betetzen. Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordean izapidetu diren erabilera terapeutikoko baimenak eskatzeko, ebaluatzeko, ebazteko eta berrikusteko prozeduretan, lege honetan aurreikusitakoaren arabera, Kiroleko Dopinaren Aurkako Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskina eta Dopinaren aurkako Mundu Agentziak unean-unean ezarritako eta argitaratutako nazioarteko estandarrak aplikatuko dira».

Hamahiru.– 8. apartatua eransten zaio 16. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«8.– Laborategi batek jakinarazten badu dopin-kontrol baten emaitza negatiboa dela edo emaitzak ez duela ekarri dopin-arauak urratzeaz akusatzea, lagina gorde eta berriz ere analizatu ahalko da, edo analisi gehigarriak egin ahalko dira, edozein unetan, baldin eta dopinaren aurkako kontrola daraman erakundeak edo Dopinaren aurkako Mundu Agentziak hala egiteko eskatzen badute. Horretarako, zehazten da laginak gehienez ere hamar urtez gordeko direla, jasotzen diren egunetik aurrera, horixe baita balizko arau-hausteen preskripzio-epea. Horrelakoetan, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak unean-unean ezarritako eta argitaratutako nazioarteko estandarretan aurreikusitakoaren arabera jokatu beharko da».

Hamalau.– Aldatu egiten da 18. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«Kirolariei lege honen aplikazio-eremuan egindako dopin-kontroletan, laginen analisiak Dopinaren aurkako Mundu Agentziaren nazioarteko akreditazioa duten laborategietan egin beharko dira, hau da, Estatuak edo Euskal Autonomia Erkidegoak homologatutakoetan, edo agentzia horrek berak onartutakoetan, indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

Dopinaren aurkako agintaritzek akreditatu edo homologatutakoez bestelako laborategiek egindako auzitegi-kontrol fidagarrien bidez egiaztatu ahalko dira dopinaren alorreko arau-hausteekin lotutako egitateak. Era berean, dopinaren alorreko arau-hausteekin lotutako egitateak auzitegi-azterketen bidez egiaztatu ahalko dira, edo, bestela, kirolariaren gernuan, odolean edo bestelako matrizeetan –Dopinaren aurkako Mundu Agentziak baimendu eta onartutakoetan– agertzen diren parametro esanguratsuen bidez».

Hamabost.– 7. apartatua eransten zaio 18. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«7.– Kirolariak hamar urtez lagako dizkio dopin-kontroletan eskuratutako laginak haiek hartzen dituen dopinaren aurkako agintaritzari. Lagin horiek behar bezala kontserbatu beharko dira, eta jaso eta berehala aztertu ahalko dira, edo, bestela, jaso ondorengo edozein unetan, baldin eta hala egiteko eskatzen badu edo laginok hartu zituen dopin-agintaritzak, edo Dopinaren aurkako Mundu Agentziak, edo dopinaren aurkako beste agintaritza batek –bidezko arrazoiren bat dagoela egiaztatuz gero–, dela substantzia eta metodo debekatuak detektatzeko, dela kirolariaren parametro biologikoen profila osatzeko».

Hamasei.– Aldatu egiten da 19. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Nazioarteko konpromisoen eta obligazioen esparruan, Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen saileko titularrak aginduko du kirolean debekatuta dauden substantzien eta metodoen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, eta Estatuaren Administrazio Orokorrak, berriz, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Gainera, zerrendan aldaketak egiten diren aldiro, berriz ere argitaratuko da hura. Dopinaren alorreko arauak haustea ekar dezaketen substantziak eta metodoak jasoko dira, hain zuzen ere, kirolean debekatuta dauden substantzien eta metodoen zerrendan».

Hamazazpi.– 3. eta 4. apartatuak eransten zaizkio 19. artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«3.– Unean-unean indarrean dagoen zerrendan sartuta dauden substantzia eta metodo debekatuak espezifikoak edo ez-espezifikoak izan daitezke. Substantzia eta metodo espezifikotzat hartuko dira unean-unean argitaratutako zerrendan halakotzat hartu eta kirol-errendimendua hobetzearekin zerikusi zuzenik ez duten helburuetarako erabil daitezkeenak.

4.– Abusuzko substantziatzat hartuko dira unean-unean indarrean dagoen substantzia debekatuen zerrendan berariaz halakotzat jotzen direnak. Substantzia bat, dopinaren aurkako araudiaren ondorioetarako, abusuzko substantziatzat hartzeko, kontuan hartuko da gizartean gehiegi erabiltzen ote den, maiz, kirolaz bestelako testuinguruetan».

Hemezortzi.– 6. apartatua eransten zaio 22 bis artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«6.– Behin-behineko edozein etete onartu ahalko da, borondatez eta norberaren ekimenez, epe hauetako azkena amaitu aurretik:

a) Hamar egun, B laginaren analisiaren emaitzak jakinarazten direnetik edo kontraanalisia egiteari uko egiten zaionetik aurrera, edo, bestela, hamar egun, dopinaren aurkako beste edozein arau hautsi dela jakinarazten denetik.

b) Jakinarazpena egin ondoren, kirolaria lehiatzen den lehenengo eguna.

Kirolariak ez diren beste pertsona batzuek ere, borondatez eta norberaren ekimenez, behin-behineko etetea onar dezakete, hamar eguneko epean, ustez dopinaren aurkako araua urratu izana jakinarazten zaienetik.

Borondatez onartutako behin-behineko etetearen ondorioak eta tratamendua bat etorriko dira dopinaren aurkako erakundeak hala erabakitako kasuetan lege honetan aurreikusitakoaren arabera ezartzen diren eteteen ondorioekin eta tratamenduarekin. Borondatezko onarpenaren ondorengo edozein unetan ukitutako pertsonak onarpenari uko egiten badio edo bertan behera uzten badu, ezingo zaizkio aplikatu lege honetan behin-behineko eteteetarako aurreikusitako ondorioak».

Hemeretzi.– Aldatu egiten da 23. artikuluaren 1. apartatuko m) letra, eta honela geratzen da idatzita:

«m) Pertsona bati dopinaren alorreko arau-hauste bat egiteagatik zigor-, diziplina- edo administrazio-zehapen bat ezarri zaionean, hark emandako kirol-zerbitzuak jasotzea, harekiko lan-harremana hastea edo harreman horri eustea, araudiaren arabera hala egitea debekatuta dagoen aldietan; oso arau-hauste larritzat joko da, halaber, kirolarekin lotutako zerbitzu-prestazio edo lan-harreman oro, ordainpekoa izan ala ez, baldin eta lotura bat ezartzeko eta aholkua, tratamendua edo laguntza jasotzeko erabil badaiteke. Arau-hauste honetan sartzen da, halaber, norbaitek emandako kirol-zerbitzuak jasotzerik, harekin lan-harremana hasterik edo harreman horri eusterik ez dagoen kasuetan pertsona horren estaltzaile izatea edo haren bitartekari diren pertsonekin lotura izatea».

Hogei.– n) letra eransten zaio 23. artikuluaren 1. apartatuari, eta honela geratzen da idatzita:

«n) Edozein motatako mehatxu edo larderia-egintza bideratzea, dopinaren aurkako arauekin, Dopinaren aurkako Mundu Kodean aurreikusitakoarekin edo lege honekin lotutako ustezko arau-hauste edo ez-betetze bati buruzko informazioa jakinarazteko asmoa kentzeko, baita dopinaren aurkako erakunde edo alor horretako agintaritza eskudun bati fede onez informazioa eman dionaren aurkako errepresaliak hartzea ere. Era berean, edozein motatako mehatxu edo larderia-egintza bideratzea, dopinaren aurkako erakunde bateko kide gisa dopinaren alorreko arau-hausteak ikertzen ari den edozein pertsonaren aurka».

Hogeita bat.– 4. apartatua eransten zaio 23. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«4.– Arau-haustetzat hartzen dira artikulu honen 1. apartatuko b), f), h), i) eta k) letretan adierazitako jokabideak, saialdi sinpleko graduan egin direnean, are gauzatu ez badira ere».

Hogeita bi.– Aldatu egiten da 24. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«23.1 artikuluaren c) eta f) letretan jasotzen diren arau-hausteetan, etenaldia lau urte izango da, salbu eta laginik hartzen ez bada eta kirolariak frogatzen badu dopinaren aurkako arauak intentziorik gabe urratu zituela, orduan etenaldia bi urte izango baita.

Manu horietan aurreikusita dauden gainerako kasuetan, zehapena bi eta lau urte bitartekoa izango da, kirolariak egiaztatutako salbuespenezko inguruabarrak zein diren aintzat hartuta, batik bat arau-hauslearen erruduntasun- edo zabarkeria-mailari erreparatuta.

Apartatu honetan aurreikusitako arau-hausteak kirolari amateur batek egiten baditu, gehienez ere bi urteko zehapen-aldia ezarriko zaio.

Kirolari amateurren kasuan, arau-hauslearen erruduntasun- edo zabarkeria-maila kontuan hartuta zehaztuko da zehapenaren iraupena.

Dopinaren aurkako arau-haustea ez bada izan abusuzko substantzia bat erabiltzea edo kontsumitzea eta kirolari amateur batek egin badu eta hark egiazta badezake erruduntasun- edo zabarkeria-maila ez dela larria izan, zehapena, gutxienez, etenaldirik gabeko kargu-hartzea izango da, eta, gehienez, bi urteko etetea.

Lege honetan kirolari amateurrentzat aurreikusten den zehapen-araubidea kirolari babestuei ere aplikatuko zaie».

Hogeita hiru.– 8. eta 9. apartatuak eransten zaizkio 24. artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«8.– Abusuzko substantzien erabileraren edo kontsumoaren ondorioz urratu badira dopinaren aurkako arauak, eta arau-hausleak frogatu badezake substantzia horiek lehiaketatik kanpo hartu zituela eta ez dutela zerikusirik kirol-errendimenduarekin, etenaldia edo desgaikuntza-aldia hiru hilabete izango da. Zehapen-aldia hilabetera murriztu ahalko da, frogatzen baldin bada ukitutako pertsonak dopinaren aurkako agintaritzek ezarritako substantzien erabilera desegokiaren aurkako programa batean parte hartu duela. Kirolariak abusuzko substantziak lehiaketan hartu, erabili edo eduki bazituen ere, frogatzen baldin badu horiek hartu, erabili edo eduki zituen testuinguruak ez zuela zerikusirik izan kirol-errendimenduarekin, intentziorik gabeko egintzatzat edo jokabidetzat hartuko da zehapena ezartzeari begira.

9.– Lege honen 23.1.n) artikuluan aurreikusitako arau-haustea egiteagatik, federazio-lizentzia etetea, kentzea edo ezin eskuratzea izango da zehapena, eta gutxienez bi urte eta gehienez biziartean iraungo du, arau-haustearen astuntasuna eta inguruabarrak zein diren».

Hogeita lau.– Aldatu egiten da 24 bis artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Dopinaren aurkako arauak bigarren aldiz urratuz gero, honako hauetatik luzeena den etenaldia ezarriko da:

a) Sei hilabeteko etenaldia edo desgaikuntza-aldia.

b) Edo, bestela, honako iraupen hau duen etenaldia edo desgaikuntza-aldia:

(I) Hauen batura: dopinaren alorreko lehen arau-hausteagatik ezarritako etenaldia edo desgaikuntza-aldia gehi bigarren arau-haustea lehen arau-haustetzat hartuz gero aplikatu beharko litzatekeen aldia.

(II) Bigarren arau-hausteari, lehenengo arau-haustea izango balitz, aplikatu beharko litzaiokeen etenaldia edo desgaikuntza-aldia halako bi; zehapen-aldi horren iraupena zehazteko, inguruabar guztiak eta arau-hausleak bigarren arau-haustearekiko duen erruduntasun-maila hartuko dira kontuan».

Hogeita bost.– 8. eta 9. apartatuak eransten zaizkio 24 bis artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«8.– Lege honen 35. artikuluan aurreikusitako kasuan, zehapena ezarri ondoren murriztu ahalko da artikulu honen lehenengo bi apartatuetan aurreikusitakoaren arabera ezarritako etenaldia edo desgaikuntza-aldia.

9.– Dopinaren alorreko arau-hauste bat baino gehiago egiten bada, Dopinaren aurkako Mundu Kodearen 10.9.3 artikuluan aurreikusitako irizpideak aplikatuko dira».

Hogeita sei.– 6. apartatua eransten zaio 26. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«6.– Lege honen 23.1.n) artikuluan aurreikusitako arau-haustea egiteagatik, federazio-lizentzia etetea, kentzea edo ezin eskuratzea izango da zehapena, eta gutxienez bi urte eta gehienez biziartean iraungo du, arau-haustearen astuntasuna eta inguruabarrak zein diren».

Hogeita zazpi.– 7. apartatua eransten zaio 27. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«7.– Lege honen 23.1.n) artikuluan aurreikusitako arau-haustea egiteagatik, federazio-lizentzia etetea, kentzea edo ezin eskuratzea izango da zehapena, eta gutxienez bi urte eta gehienez biziartean iraungo du, arau-haustearen astuntasuna eta inguruabarrak zein diren».

Hogeita zortzi.– 12, 13 eta 14. apartatuak eransten zaizkio 28. artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«12.– Hala egitea justifikatzen duten inguruabar astungarriak daudenean, etetearen edo desgaikuntzaren iraupena beste bi urtez luzatu ahalko da, salbu eta eraginpeko pertsonak egiaztatzen badu ez zuela izan arau-haustea egiteko asmorik. Apartatu honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko lege honen 21. artikuluko h), i), k) eta n) letretan aurreikusitako arau-hausteei.

13.– Legean aurreikusitakoaren arabera etete- edo desgaikuntza-zehapenak ezarri behar badira, eta zehapen horien iraupena lau urte edo gehiago bada, aldi hori urtebetez murriztu ahalko da, baldin eta tartean den pertsonak arau-haustea egin duela aitortzen badu eta proposatutako zehapen-aldia onartzen badu; hori espresuki adierazi behar du, gehienez ere hogei eguneko epean, arau-haustea egin duela jakinarazten zaionetik aurrera. Horrelakoetan, ezingo zaio beste murrizketarik ezarri zehapen-aldiari, legean aurreikusitako inguruabarrekin bat.

14.– Pertsona batek arau-haustea egin duela aitortu eta dopinaren aurkako erakundeak proposatutako zehapena onartzen badu, murriztu ahalko da etenaldia edo desgaikuntza-aldia, legean aurreikusitako irizpideen arabera. Horrelakoetan, alderdi hauek hartuko dira kontuan: arau-haustearen astuntasuna, arau-hauslearen erruduntasun-maila eta pertsona horrek arau-haustea egin duela laster aitortu duen ala ez. Horrez gain, halakoetan, batzuetan, arau-haustea egin dela jotzea eragin duen dopin-kontrolaren egunetik aurrera zenbatuko da zehapena-aldia, eta, beste batzuetan, berriz, arau-haustea egin den egunetik aurrera. Nolanahi ere, artikulu honen apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, zehatutako pertsonak ezarri zaion zehapen-aldiaren erdia bete beharko du gutxienez, zehapen bat ezartzea onartu duen egunetik aurrera edo behin-behineko eteteari men egin dion egunetik aurrera –bietako zein gertatu zen lehenengo, hari erreparatuko zaio–. Apartatu honetan aurreikusitakoarekin bat zehapen-aldia murrizten den kasuetan, zehatutako pertsonak ezingo du errekurtsorik aurkeztu».

Hogeita bederatzi.– 6. apartatua eransten zaio 30. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«6.– Dopinaren aurkako erakunde batek dopinaren aurkako arauak hautsiz lortu den sari ekonomiko bat berreskuratzen badu, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu sari hori banatzeko lehiaketen emaitzak aldatu izan ez balira horretarako eskubidea izango zuketen pertsonen edo entitateen artean. Arau-hausleen emaitzak baliogabetu ondoren aplikatuko da adierazitakoa».

Hogeita hamar.– 5. eta 6. apartatuak eransten zaizkio 31 bis artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«5.– Zehatutako pertsona kirolari bat bada, zehapena betetzen ari den bitartean, lehiaketatik kanpoko dopin-kontrolak egin ahalko zaizkio, eta kontrol horiek egitera bideratutako zenbait betebehar betetzeko eskatu ahalko zaio; esate baterako, zenbait datu eskatu ahalko zaizkio non dagoen jakiteko.

6.– Zehatutako pertsonak ez badu betetzen ezarri dioten etenaldian edo desgaikuntza-aldian lehiaketa edo jarduera debekatuetan ez parte hartzeko eginbeharra, lortu dituen emaitzak baliogabetu egingo dira. Horrelakoetan, jatorrizko zehapen-aldiaren amaieran beste etenaldi edo desgaikuntza-aldi bat gehituko da, jatorrizko aldiaren edo hasieran ezarritako aldiaren iraupen berekoa».

Hogeita hamaika.– Aldatu egiten da 38. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«Behin lege honetan aurreikusitako preskripzio-epea betetzen denean, edo kasuan kasuko zehapen-prozeduran, diziplina-prozeduran edo auzi kriminalean ebazpen irmoa ematen denean, dopina kontrolatzeko laborategiek ezingo dute gorde pertsona identifikagarri bati lotutako laginik. Laginak suntsitu egin beharko dira, salbu eta ikerketarako erabili behar badira, orduan disoziatuta gordeko baitira, baina betiere kirolariak bere oniritzia eman badu espresuki.

Dopin-kontrolen bidez eskuratutako laginak kontserbatzeari eta erabiltzeari dagokionez, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak unean-unean ezarritako eta argitaratutako nazioarteko estandarretan espresuki aurreikusitakoa aplikatuko da».

Hogeita hamabi.– Aldatu egiten da 38 bis artikuluaren 4. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«Artikulu honetan aurreikusitako zabalkundea ez da egingo baldin eta zehapena jaso duen pertsona kirolari amateurra edo babestua bada, salbu eta, kasuan kasuko inguruabarrei erreparatuta, zehapenak argitaratzea komeni dela jotzen bada».

Hogeita hamahiru.– 10. apartatua eransten zaio 42. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«10.– Laga ahalko zaizkie kiroleko dopinaren aurkako borrokan parte hartzen duten nazioarteko organismo publiko eta pribatuei, datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen legeriarekin bat».

Hogeita hamalau.– Definizioen eranskin bat gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

(Ikus .PDF)
XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean jarri aurretik dopinaren alorrean egin diren arau-hausteak aurreko araudiaren mende egongo dira, salbu eta arau berrian aurreikusitako erregulazioa onuragarriagoa bada espedientea ireki zaienentzat.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen egokitzapen terminologikoa.

Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen euskarazko bertsioan, «datuak eman» eta «datuak utzi» terminoak «datuak laga» terminoarekin ordezkatzen dira, euskarazko hizkera teknikoa gaurkotu eta gaztelaniazko «cesión de datos» termino analogoarekin bateratzeko, eta, hala, segurtasun juridikoa eta legearen hizkuntza-bertsioen arteko baliokidetza terminologikoa bermatzeko. Eragindako xedapenak honako hauek dira: 13.6, 42.9, 45.9, 46.2, 46.3 eta 47.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 16a.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala