Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2022ko abenduaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
5685

12/2022 LEGEA, abenduaren 15ekoa, kable bidezko garraioarena.

Eusko Legebiltzarrak 12/2022 Legea, abenduaren 15ekoa, kable bidezko garraioarena, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Pertsonak kable bidez garraiatzeak berezitasun batzuk ditu, lurreko ohiko garraiobideekin alderatuta. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan mota horretako hainbat instalazio estatuko lege-esparru baten mende egon dira, eta honako arau hauek ezarri dute esparru hori: 16/1987 Legea, uztailaren 30ekoa, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzkoa; eta zehazkiago, 4/1964 Legea, apirilaren 29koa, Teleferikoen Emakidari buruzkoa; eta, 673/1966 Dekretua, martxoaren 10ekoa, haren erregelamendua onartu zuena. Esparru hori, gaur egun, ez da nahikoa, garraio-sistema horrek azken urteetan izan dituen berrikuntza teknologikoak direla eta. Berrikuntza horiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko martxoaren 9ko 2016/424 (EB) Erregelamenduan jaso dira, pertsonak kable bidez garraiatzeko instalazioei buruzkoa eta 2000/9/EE Zuzentaraua indargabetzen duena.

Egoera horrek justifikatzen du beharrezkoa dela Euskadin pertsonak kable bidez garraiatzeko instalazioen eraikuntza eta ustiapena arautzen duen lege-mailako arau bat izatea, oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoan igarotzen diren kable bidezko garraioen arloko eskumen esklusiboa esleitzearen babesean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.32 artikuluan aurreikusitakoaren eta hura gauzatzearen arabera, Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Nagusiari Herrizaingoaren, Turismoaren, Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen, eta Garraioari buruzko eskumenak transferitzeari buruzko abuztuaren 25eko 2488/1978 Errege Dekretuaren 13. artikuluak ezarritakoarekin bat. Arau horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Nagusiari eskualdatu zitzaizkion «apirilaren 29ko 4/1964 Legeak eta hura garatzeko xedapenek araututako kable bidezko garraio-zerbitzu publiko zein pribatuak eman, baimendu, ustiatu eta ikuskatzeko» eskumenak.

Ildo horretatik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak aipatzen dituen subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioei jarraikiz, berrogeita hamar mila biztanletik gorako udalei esleitzen zaizkie hiri-eremuko kable bidezko garraio-instalazioak ezarri, antolatu, kudeatu, ikuskatu eta zehatzeko ahalmenak.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat instalazio-mota daude, konfigurazio juridikoari eta aplikatu beharreko araudi teknikoari dagokienez bereizten direnak. Alde batetik, funikularrak daude. Haiek, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen eta hura garatzeko erregelamenduaren arabera, trenbideko garraioari buruzko araudiari heltzen zioten, baina trakzioari dagokionez kable bidezko garraioaren araudia aplikatzen zitzaien, 2016ko martxoaren 9ko 2016/424 (EB) Erregelamenduak osatua. Euskadin dauden funikular batzuek balio kulturala eta historikoa dute; hori dela eta, babesa merezi dute funikular horiek, eta arreta berezia ere behar dute segurtasunari eta irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudira egokitzeko orduan.

Bestalde, zerbitzu publikoko igogailu batzuk daude, emakida-erregimenean ustiatzen direnak. Emakida hori joan den mendearen erdialdean eman zen, obra publikoei buruzko legeriaren arabera. Igogailuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/33/EB Zuzentarauak eta haren transposizioa egiten duen igogailuak eta igogailuetarako segurtasun-osagaiak merkaturatzeko funtsezko segurtasun-betekizunak ezartzen dituen maiatzaren 20ko 203/2016 Errege Dekretuak osatzen dute haien araudi teknikoa. Indarrean dagoen araudiaren arabera kable bidezko garraio-azpiegiturak ez badira ere, ustiapen-araubideari dagokionez, apirilaren 29ko 4/1964 Legea eta hura garatzeko xedapenak aplikatu zaizkie. Zerbitzu publikoko igogailu horiei erabilera publikoko beste igogailu batzuk gehitu behar zaizkie; azken horiek udalek hiri-hausturako eremuetan instalatu dituzte, erabiltzaileen irisgarritasuna errazteko. Era berean, lehen aipatutako igogailuen araudi teknikoari atxikita daude. Igogailu horiek hiri-izaerako premiei erantzuten diete; beraz, beren udal-mugarteko mugikortasuna eta udalerri horietan bizi diren pertsonen mugikortasun-beharrak ikuspegi integral batetik ezagutzen eta kudeatzen dituzten udalen erantzukizuna izan behar dute. Igogailu horiek ez ditu lege honek arautzen, lehenengo xedapen gehigarrian jasotzen den berariazko aipamenaren kasuan izan ezik. Hala, aplikatu beharreko araudi teknikoaren irizpideari jarraituz, igogailuak ez dira kable bidezko garraio-instalazioak.

Horretarako, lege hau lau kapitulutan banatzen da; kapitulu horien bidez, kable bidezko garraio-instalazioei aplikatu beharreko araubidearen hainbat alderdi artikulatzen dira.

I. kapituluak, «Xedapen orokorrak» izenburupean, legearen xedea, aplikazio-eremua, helburuak eta instalazioen sailkapena arautzen ditu, honako hauen arabera: ematen duten zerbitzuaren izaera, lurralde-eremua, eskumen-araubidea, instalazioek bete behar dituzten segurtasun-baldintzak, erregistroa eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

II. kapitulua, «Instalatzeko eta ustiatzeko administrazio-araubidea» izenburupean, hiru ataletan banatuta dago. 1. atalak zerbitzu publikoaren izaera duten garraio publikoko instalazioak arautzen ditu. Horretarako, haiek ezartzeko eta zerbitzuan jartzeko prozedura ezartzen du, aurretiazko proiektu bat eta ustiapen-araubidea onartzea eskatzen duena. Ildo horretatik, kontratuaren araubide juridikoari dagokionez, sektore publikoko kontratazioa arautzen duen legerian xedatutakoari lotzen zaio. 2. atala zerbitzu publikoaren izaera ez duten garraio publikoko instalazioei buruzkoa da, eta haien ezarpena eta ustiapena arautzen ditu; horretarako, aldez aurreko administrazio-baimena lortu beharko da. 3. atalak garraio pribatuko instalazioak arautzen ditu, eta aurreko atalean ezarritako prozedurari lotzen zaio, dagozkion aldaketekin.

III. kapituluak, «Instalazioak ikuskatzea eta kontrolatzea» izenburupean, legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena duten administrazio-organoek gauzatuko duten ikuskapen-araubidea arautzen du. Haren arabera, instalazioetan arauzko berrikuspenak eta probak egiten direla egiaztatzeko behar diren jarduketak egingo dira, instalazioen kontserbazioari eta mantentze-lanei dagokienez, bai eta ustiapen-baldintzak eta zerbitzuak emateko baldintzak kontrolatzeko ere.

IV. kapituluak honako hauek jasotzen ditu: legearen arau-hausteak, tipifikazioa, erantzukizuna eskatzeko administrazio-prozedura, eta, hala badagokio, ezar daitezkeen zehapenak. Zehapen-prozedurari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehapen-ahala arautzen duen legerian xedatutakora jotzen du.

Azkenik, legearen azken zatian bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor eta bi azken xedapen jasotzen dira.

Haien artean, lehenengo xedapen gehigarria azpimarra dezakegu, gaur egun dauden zerbitzu publikoko eta hiri-eremuko igogailuei buruzkoa, administrazio-emakida bidez ustiatu direnak. Aipatutako xedapen gehigarriak igogailu horiek kokatuta dauden udalerriko udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erakunde emaile gisa duen posizioan subrogatzea ezartzen du. Hori gertatzen da ematen duten zerbitzua erabat hirikoa delako. Irizpide hori bigarren xedapen gehigarrian ere jasotzen da, hau da, gaur egun zerbitzu publikoko funikularrak diren, 50.000 biztanletik gorako udalerrietan kokatuta dauden eta administrazio-emakida bidez ustiatu izan diren horietan. Aipatutako xedapen gehigarriak ezartzen du udalak subrogatu egingo direla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erakunde emaile gisa duen posizioan eta emakida horiek lege honetan ezarritako araubide juridikoaren mende geratuko direla.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Lege honen xedea da pertsonak kable bidez garraiatzeko instalazioen proiekzioa, eraikuntza, zerbitzuan jartzea eta ustiapena arautzea, instalazio horiek oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen badira.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Lege honek kable bidezko honako garraio-instalazio hauek arautzen ditu:

a) Funikularrak. Kable batek edo gehiagok herrestan eramaten dituzte ibilgailuak errailetan zehar, lurrean ezarri daitezkeenak edo egitura finkoen gainean.

b) Teleferikoak. Ibilgailuak zintzilik daude eta kable batek edo gehiagok propultsatzen dituzte; baita telekabinak eta teleaulkiak ere.

c) Teleskiak. Horretarako prestatutako pista batetik herrestan eramaten ditu behar bezala hornitutako pertsonak.

2.– Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira honako hauek:

a) igogailuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/33/EB Zuzentarauak emandako definizioaren arabera,

b) nekazaritzarako edo basogintzarako sortutako instalazioak,

c) mendiko aterpeen edo etxolen zerbitzura kable bidez garraiatzeko instalazioak, baldin eta soilik salgaiak eta horretarako berariaz izendatutako pertsonak garraiatzeko erabiltzen badira,

d) in situ ekipamenduak edo ekipo mugikorrak, aisia eta olgetarako bakarrik diseinatuak, eta ez pertsonak garraiatzeko,

e) industria-jardueretarako in situ erabiltzen diren meatze-instalazioak edo bestelako industria-instalazioak, eta

f) erabiltzaileak edo ibilgailuak uretan mugitzen diren instalazioak.

3.– Salgaiak kable bidez garraiatzeko bakarrik erabiltzen diren instalazioak haien araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, lege hau osagarri gisa aplikatzeari kalterik egin gabe.

3. artikulua.– Helburuak.

Lege honen berariazko helburuak honako hauek dira:

a) Kable bidezko garraio-instalazioetan pertsona guztien segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea.

b) Kable bidezko garraio-instalazioen erabiltzaileen eskubideak babestea.

c) Kable bidezko garraio-instalazioen eraikuntza eta ustiapena, ibilgailuak barne, ingurumenarekiko errespetuarekin bateragarri egitea.

4. artikulua.– Instalazioen sailkapena.

1.– Kable bidezko garraio-instalazioak garraio publikokoak edo pribatukoak izan daitezke:

a) Kable bidezko garraio publikoko instalazioak dira ordainsari ekonomiko bidezko besteren konturako garraiorako erabiltzen direnak.

b) Garraio pribatuko instalazioak dira norberaren konturako garraiorako erabiltzen direnak, bai erabilera partikularreko beharrei erantzuteko erabiltzen direnak, bai instalazioaren titularrek egindako beste jarduera nagusi batzuen osagarri direnak.

2.– Kable bidezko garraio publikoko instalazioak, ematen duten zerbitzuaren izaera dela eta, honelakoak izan daitezke:

a) Zerbitzu publikoko instalazioak: pertsonen lekualdaketa-beharrak asetzera bideratzen dira, mugikortasunerako eskubidea bermatuz, eta zerbitzua modu jarraituan ematen dute, administrazio eskudunak onartutako egutegien eta, hala badagokio, tarifa eta ordutegien arabera.

b) Zerbitzu publikokotzat hartzen ez direnak, hau da, normalean kirol- edo aisia-jarduera bat egiteko pertsonak garraiatzen dituzten instalazioak.

3.– Kable bidezko garraio-instalazioak, haien eremuaren arabera, honela bereiz daitezke:

a) Hiri-eremuko instalazioak, oso-osorik udalerri berean daudenak.

b) Hiriarteko instalazioak, hau da, udalerri batean baino gehiagotan kokatutakoak.

5. artikulua.– Eskumen-araubidea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokio legea arau bidez garatzeko eta kable bidezko garraioen plangintza orokorra eta koordinazioa egiteko eskumenak gauzatzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena izango du zerbitzu hauek ezarri, antolatu, kudeatu, ikuskatu eta zehatzeko:

a) Hiriarteko instalazioak.

b) 50.000 biztanle edo gutxiago dituzten udalerrietako hiri-eremuko instalazioak.

Halaber, dagozkion gaikuntza-tituluak emango ditu, zerbitzuaren tarifak ezarriko ditu, hala badagokio, eta enpresa ustiatzaileak instalazio horiei dagokienez dituen betebeharrak betetzen direla kontrolatuko du.

3.– 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, udalek eskumena dute hiri-eremuko kable bidezko garraio-instalazioei dagozkien zerbitzuak ezarri, kudeatu, ikuskatu eta zehatzeko, dagozkien gaikuntza-tituluak emateko, hala badagokio, zerbitzu horien tarifa-araubidea finkatzeko, baita enpresa ustiatzaileak instalazio horiei dagokienez dituen betebeharrak betetzen direla kontrolatzeko ere, betiere horri buruz aplikatzekoa den legerian xedatutakoari jarraikiz.

6. artikulua.– Sektoreko legeriara egokitzea.

Kable bidezko garraio-instalazioak eraikitzeak, zerbitzuan jartzeak eta ustiatzeak, lege honetan xedatutakoaz gain, honako arlo hauetan indarrean dauden xedapenetatik eratorritako betebehar guztiak bete beharko dituzte: eraikuntza eta eraikingintza, makineriaren instalazioa eta funtzionamendua, segurtasuna, suteak prebenitzeko sistemak, ingurumenaren babesa, baita eragiten dien sektoreko beste edozein xedapen ere, eta, bereziki, irisgarritasunari dagokionez.

7. artikulua.– Instalazioen segurtasuna.

1.– Kable bidezko garraio-instalazioek eta haien azpiegiturek, azpisistemek eta segurtasun-osagaiek pertsonen segurtasuna bermatu behar dute. Horretarako, Europar Batasuneko araudiak eta aplikatzekoak diren gainerako arauek ezarritako zehaztapen teknikoak bete beharko dituzte haien eraikuntzak eta ustiapenak.

2.– Kable bidezko garraio-instalazio batean funtsezko edozein aldaketa egiteko, administrazio eskudunaren baimena beharko da. Gainerako aldaketak egiteko, administrazio eskudunari jakinarazi beharko zaio aldez aurretik; hari baino ez.

Ondorio horietarako, funtsezko aldaketatzat hartuko da instalazio horien segurtasun-ezaugarri, -azpisistema edo -osagai garrantzitsuei eragiten diena, pertsonak kable bidez garraiatzeko instalazioei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko martxoaren 9ko 2016/424 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

3.– Kable bidezko garraio-instalazio baten erakunde ustiatzaileak, haren segurtasuna bermatzeko, urtero egiaztatu beharko die ikuskapen-zerbitzuei instalazioak nahitaezko kontrolak eta berrikuspenak gainditu dituela.

4.– Kable bidezko garraio-instalazioek segurtasun-elementuak eta -neurriak egokitu behar dituzte arlo horretako ezagutzen eta teknikaren bilakaeraren ondorioz onartzen diren arauetara. Horretarako, administrazio eskudunak instalazioak ustiatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei eskatu ahal izango die beharrezkotzat jotzen dituen hobekuntzak, aldaketak, berrikuspenak eta saiakuntzak egiteko.

5.– Kable bidezko garraio-instalazioak ustiatzen dituzten erakundeek berehala jakinarazi beharko diote administrazio eskudunari instalazio horien inguruan gertatzen den edozein istripu edo gorabehera, hargatik eragotzi gabe gainerako administrazio eskudunek informazioa emateko eska diezazkieketen betebeharrak.

6.– Halaber, kable bidezko garraio-instalazioen erakunde ustiatzaileek autobabeserako eta ebakuaziorako plan bat izan beharko dute, jarduerak sortutako arrisku guztien kontrola bermatzeko, gerta daitezkeen larrialdiak aurreikusteko, eta egoera horietan hartu beharreko neurriak aurreikusteko, hori guztia babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko legerian xedatutakoaren arabera.

7.– Kable bidezko garraio-instalazioen erakunde ustiatzaileek bidaiarien nahitaezko aseguru bat sinatu beharko dute, baita erakunde ustiatzaileak itundu behar duen beste edozein aseguru ere, aplikatzekoa den araudi sektorialean xedatutakoaren arabera.

8. artikulua.– Kable bidezko garraio-instalazioen erregistroa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kable bidezko garraio-instalazioen erregistro bat sortu ahal izango du erregelamendu bidez. Lege honen eremuan sartzen diren kable bidezko garraio-instalazioak inskribatuko dira bertan, bai lehendik daudenak, bai instalazio berriak (dagokien gaikuntza-titulua ematen zaienean). Inskripzioan instalazioaren eta titular edo ustiapenaren ardura duten pertsonen ezaugarri nagusiak jasoko dira, erregistroaren arau erregulatzaileak xedatutakoaren arabera.

2.– Aurrekoa administrazio eskudun bakoitzak ezar ditzakeen erregistroei kalterik egin gabe ulertuko da; erregistro horiek kable bidezko garraio-instalazioen erregistroarekin koordinatu beharko dira beti.

9. artikulua.– Babes-eremua.

1.– Eraikuntza-proiektua onartzeko ebazpenean ezartzen den babes-eremuak instalazioaren funtzionaltasuna eta erabiltzaileen eta hirugarrenen segurtasuna bermatu behar ditu.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, babes-eremutzat hartuko da instalazioak funtzionatzen duenean hartzen duen azalera eta beharrezkoak diren segurtasun-tarteak, aplikatu beharreko arau teknikoek ezartzen dutenaren arabera.

3.– Babes-eremua instalazioa eraikitzeko eta kontserbatzeko eta pertsonak salbatzeko legezko zortasunaren mende egongo da.

4.– Kable bidezko garraio-instalazio baten babes-eremuan kokatutako lurretan obrak egiteko, instalazioaren ustiapenari eragin badiezaiokete, aldez aurretik administrazio eskudunaren administrazio-baimena beharko da. Baimen hori ukatu egingo da, obrak instalazioaren edo erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jartzen badu.

10. artikulua.– Erabiltzaileen eskubideak.

1.– Kable bidezko garraio-instalazioen erabiltzaileek kontsumitzaile eta erabiltzaileei buruzko legerian aurreikusitako eskubideak dituzte. Alde horretatik, eskubidea dute, garraio-titulua eskuratu ondoren, kable bidezko garraio publikoko instalazioak erabiltzeko.

2.– Garraio-kontratuek kontsumitzaile eta erabiltzaileei buruzko legerian xedatutakoa bete behar dute. Zerbitzuaren erabiltzaileei eragiten dieten kontratazio-baldintza orokorrak aldez aurretik baimendu behar ditu zerbitzu horren gainean eskumena duen administrazioak, zerbitzua ustiatzen duen erakundeak hala eskatuta.

3.– Kable bidezko garraio-instalazio baten erabiltzaileen eta erakunde ustiatzailearen artean zerbitzua emateari dagokionez sor daitezkeen eztabaidak dagokion Garraioko Arbitraje Batzordearen mende jarri behar dira, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako baldintzetan.

4.– Kable bidezko garraio-zerbitzua ustiatzen duen erakundeak erreklamazio-liburua edo -orriak izan beharko ditu erabiltzaileen eskura, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera, eta liburu edo orri horien berri eman beharko du erabiltzaileek erraz irakurtzeko eta ikusteko moduko leku batean.

5.– Kable bidezko garraio publikoaren zerbitzua ustiatzen duen erakundeak behar diren neurriak hartu beharko ditu desgaitasuna duten pertsonak zerbitzu horretara sarbidea izatea bermatzeko, gai horri buruzko araudi espezifikoarekin bat etorriz.

6.– Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren instalazioetan, herritarrei oro har zuzendutako inprimaki, komunikazio eta gainerako dokumentuetan euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatuko da, betiere indarrean dagoen araudian ezarritako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak errespetatuz.

11. artikulua.– Erabiltzaileen betebeharrak eta debekuak.

Kable bidezko garraio-zerbitzuen erabiltzaileek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Garraio-zerbitzua erabiltzeko eska daitekeen eta behar bezala baliozkotuta dagoen garraio-titulua izatea; titulu hori instalazioen barruan dauden bitartean gorde beharko dute, eta zerbitzuko langileei erakutsi beharko diete hala eskatzen dietenean.

b) Administrazioak instalazioak erabiltzeko onartutako edo baimendutako arauak errespetatzea, langileek zerbitzua erabiltzeari eta segurtasunari buruz ematen dizkieten jarraibideak betetzea, eta begi-bistan jarritako kartelak eta osagarriak dituzten jarraibideak betetzea, baita ustiapenaren titularrari ikusten dituzten anomalien berri ematea ere.

c) Gainerako erabiltzaileekin eta zerbitzuko langileekin jokabide zuzena eta errespetuzkoa edukitzea, eta instalazioak hondatzea edo gaizki tratatzea ekar dezaketen ekintzak saihestea.

II. KAPITULUA
INSTALATZEKO ETA USTIATZEKO ADMINISTRAZIO-ARAUBIDEA
1. ATALA
ZERBITZU PUBLIKOKO GARRAIO PUBLIKOKO INSTALAZIOAK

12. artikulua.– Prestatzeko jarduerak.

1.– Lege honetako 4. artikuluaren arabera zerbitzu publikokotzat hartzen diren kable bidezko garraio publikoko instalazio berriak ezartzeko ekimena administrazio publiko eskudunei dagokie. Nolanahi ere, instalazio horien titulartasuna publikoa izan behar da.

2.– Espedientea izapidetu aurretik, bideragarritasun-azterketa egin beharko da, sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian aurreikusitako moduan.

3.– Ekimen pribatua onartuko da balizko emakiden bideragarritasun-azterketak aurkeztean, sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian aurreikusitako moduan.

13. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Aurreko artikuluan aipatutako instalazioak ezartzeko, aldez aurretik ustiapen-proiektuaren onespena beharko da, atal honetan araututako prozeduraren arabera.

14. artikulua.– Zerbitzua eta beharrezko diren obrak ustiatzeko proiektua.

1.– Zerbitzu publikokotzat jotzen diren kable bidezko garraio publikoko instalazioak ezartzeko proiektuak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Instalazioaren beharraren justifikazioa.

b) Instalazioak ingurumenaren babesaren, lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dauden zehaztapenetara egokitzea.

c) Babes-eremuaren esparrua.

d) Eraikuntza-proiektua, hala badagokio, teknikari fakultatibo eskudunak idatzi eta izenpetua; gutxienez, indarrean dagoen legeria teknikoan xedatutako dokumentazioa jaso beharko du.

e) Segurtasun-analisia eta dagokion segurtasun-txostena.

f) Segurtasun-azpisistemen eta -osagaien deskribapena, baita haiei buruzko EB adostasun-adierazpena eta adostasunari buruzko gainerako dokumentuak ere.

g) Instalazioaren erabilera- eta ustiapen-araubideari buruzko azterlana, finantzatzeko modua eta zerbitzua ematerakoan erabiliko den tarifa-araubidea adierazita.

h) Ustiapen-erregelamendua, barne hartuta larrialdi-egoeretarako autobabes-plana eta instalazioa mantentzeko, zaintzeko, doitzeko eta kontserbatzeko jarraibide osoak.

i) Aplikatzekoa den beste araudi batek eskatzen duen gainerako dokumentazioa.

2.– Kable bidezko garraio-instalazioei aplikatu beharreko berariazko araudi teknikoko xedapenekin bat etorri beharko du proiektu horrek.

3.– Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, nahitaezkoa den kasuetan, aplikatzekoa den ingurumen-araudian ezarritako prozeduraren arabera egingo da.

15. artikulua.– Jendaurreko informazioa eta txostenak.

1.– Zerbitzu publikokotzat hartzen diren kable bidezko garraio publikoko instalazioak ezartzeko proiektua hilabeteko epean jendaurrean jarriko dira.

2.– Jendaurreko informazioaldi horrekin batera, administrazio eskudunak beste erakunde eta administrazio eskudun batzuen txostenak eskatuko ditu, instalazioak eragina izan badezake haietan. Hilabeteko epean ez badira eskatutako txostenak jasotzen, prozedura izapidetzen jarraitu ahal izango da, kontratazio publikoaren araudian aurreikusitakoari kalterik egin gabe.

16. artikulua.– Ustiapen-proiektua onartzea eta onura publikoaren deklarazioa.

Administrazio eskudunak 14. artikuluan aipatzen den proiektua onartuko du, egindako alegazioak kontuan hartuta eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren preskripzioak txertatuta. Horrek guztiak berekin dakar obraren onura publikoa aitortzea, nahitaezko desjabetzeari buruzko legerian aurreikusitako ondorioetarako.

17. artikulua.– Eraikuntza eta ustiapena.

1.– Zerbitzu publikoko kable bidezko garraio-instalazioen eraikuntza edo ustiapena zuzenean egin ahal izango du administrazioak, edo zeharka, dagokion kontratua esleitu zaien pertsonen bitartez.

2.– Zerbitzu publikoko kable bidezko garraio-instalazioen eraikuntzari edo ustiapenari buruzko kontratuen esleipena instalazio horiek ezartzeko eta kudeatzeko eskumena duen administrazioak egin behar du, sektore publikoko kontratazioari buruzko legeriak zehazten dituen prozeduren arabera.

3.– Obrak amaitzean, eta kontratistak kontratua behar bezala betetzen duela egiaztatzeko, egiaztapen-akta egingo du administrazio emakida-emaileak. Egiaztapen-akta administrazio-klausula zehatzen agirian ezarritakoaren arabera egin beharko da, eta bertan adierazitakoa jaso beharko da.

4.– Administrazioaren emakida-emailearen organoak obrak egiaztatzeko akta onartzeak berekin dakar obrak erabilera publikorako irekitzeko baimena. Une horretatik aurrera hasiko da obraren berme-epea, obra kontratistaz bestelako hirugarrenek egin dutenean, eta baita ustiapen-fasea ere.

5.– Zerbitzu publikokotzat jotzen diren kable bidezko garraio publikoko instalazioak enbargaezinak dira.

18. artikulua.– Kontratuen baldintzak.

1.– Kontratuek, bai eraikuntzakoak eta ustiapenekoak, bai kable bidezko garraio-instalazioak ustiatzekoak soilik badira, kontratazioa arautzen duten baldintzak, eta alderdien eskubideak eta betebeharrak finkatu behar dituzte, baita kontratuaren ekonomia- eta finantza-araubidea ere, betiere sektore publikoko kontratazioari buruzko legeriak ezarritakoa aplikatuz.

2.– Kable bidezko garraio-instalazioak eraikitzeko edo ustiatzeko sinatutako kontratuak ezin izango dira eskualdatu administrazio eskudunaren aldez aurreko eta berariazko baimenik gabe, sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian ezarritakoari jarraikiz.

19. artikulua.– Kontratuen indarraldia eta azkentzea.

1.– Kable bidezko garraio-instalazioen ustiapenak, nolanahi ere, aldi baterako izaera du, eta kontratuan iraupen-epea zehaztu beharko da, proiektuan aurreikusitako eta administrazio eskudunak onartutako amortizazio-epeen arabera; dena dela, epe horiek ezin izango du gainditu sektore publikoko kontratazioari buruzko legeriak ezarritako gehieneko epea.

2.– Sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian ezarritako kasuetan luzatu ahal izango dira kontratuak, eta ezin izango da urratu sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian ezarritako gehieneko epea.

3.– Kable bidezko garraio-instalazioen eraikuntzari edo ustiapenari buruzko kontratuak azkentzeko arrazoiak izango dira, sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian ezarritako kasuez gain, hasieran ezarritako epea amaitzea edo, hala badagokio, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera adostutako luzapenaren ondoriozkoa amaitzea, edo kontratua suntsiaraztea.

4.– Kontratuaren indarraldia edozein arrazoirengatik azkentzen denean, administrazio eskudunak kable bidezko garraio-instalazio hori ustiatzeko xedea duen kontratu berri bat esleituko du, sektore publikoko kontratazioari buruzko legeriarekin bat etorriz, salbu eta zuzenean ustiatzea erabakitzen bada edo hura bertan behera uztea gomendatzen duten arrazoiak badaude.

5.– Kable bidezko garraio-instalazioen eraikuntza edo ustiapenari buruzko kontratuak suntsiarazteko arrazoiak dira sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian ezarritakoak.

6.– Kontratuak suntsiaraztearen ondorioei dagokienez, sektore publikoko kontratazioaren legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ATALA
ZERBITZU PUBLIKOKOAK EZ DIREN GARRAIO PUBLIKOKO INSTALAZIOAK

20. artikulua.– Prozedura eta dokumentazioa.

1.– Zerbitzu publikokotzat hartzen ez diren kable bidezko garraio publikoko instalazioak ezartzeko ekimena administrazio publiko eskudunei edo gaitasun legal, tekniko eta ekonomiko nahikoa duela egiaztatzen duen edozein pertsona fisikori edo juridikori dagokio. Ekimena publikoa bada, sektore publikoko kontratazioari buruzko legeria aplikatuko da.

2.– Lege honetako 4. artikuluaren arabera zerbitzu publikokotzat hartzen ez diren kable bidezko garraio publikoko instalazioak eraikitzeko edo ustiatzeko, dagokion proiektua onartu eta ustiapenerako administrazio-baimena beharko da, lege honetan ezarritako prozeduraren arabera.

3.– Prozedura hasi nahi duten pertsonek edo erakundeek administrazio eskudunean aurkeztu behar dute eskaera. Eskaerarekin batera, dagokion proiektua aurkeztu behar da, lege honen 14. artikuluan xedatutakoa betez.

4.– Proiektua, hala badagokio, jendaurrean jarri behar da hilabeteko epean. Aldi berean, administrazio eskudunak instalazioaren eraginpean egon daitezkeen erakunde eta administrazio publikoen txostenak eskatuko ditu. Hilabeteko epean ez badira eskatutako txostenak jaso, prozedura izapidetzen jarraitu ahal izango da.

21. artikulua.– Proiektua onartzea.

1.– Administrazio eskudunak sei hilabeteko gehieneko epean eman behar du ebazpena, proiektuaren onespenari buruz, aurreko artikuluan aipatutako dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita, emandako txostenen edukia eta proiektua aplikatzekoa den araudira egokitzen dela kontuan hartuta. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, interesdunak ulertu ahal izango du bere eskaera ezetsi egin dela.

2.– Proiektua onartzeak ahalmena emango du instalazioa eraikitzeko lanak hasteko; nolanahi ere, sustatzaileak nahitaezko gainerako baimenak edo lizentziak ere izan beharko ditu.

3.– Obrak egiten diren bitartean, administrazio eskudunaren zerbitzu teknikoek ahalmena izango dute obrak onartutako proiektuaren arabera egiten direla egiaztatzeko behar diren ikuskapenak egiteko, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen dituzten agiriak aurkezteko eskatu ahal izango dute.

22. artikulua.– Ustiapenerako administrazio-baimena.

1.– Zerbitzu publikokotzat jotzen ez den kable bidezko garraio-instalazio publiko baten obrak amaitu ondoren, interesdunak administrazio eskudunari baimena eskatu behar dio instalazio hori ustiatzen has dadin. Ildo horretatik, eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar ditu:

a) Obraren amaierako ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudunak sinatua; bertan, eraikitako instalazioa onartutako eraikuntza-proiektura egokitzen dela eta obra indarrean dagoen araudi teknikora egokituta egin dela adieraziko da.

b) Instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz sor daitezkeen kalteak estaliko dituen bidaiarien nahitaezko asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua sinatu izanaren justifikazioa.

c) Instalazioaren baldintza teknikoak erregulatzen dituzten arauek ezartzen dituzten gainerako agiriak.

2.– Administrazio eskudunak ustiapenerako administrazio-baimena emango du, zerbitzu teknikoek instalazioa onartutako proiektura egokitzen dela eta behar bezala funtzionatzen duela egiaztatu ondoren. Horretarako, dagokion akta egingo dute eta aplikatu beharreko araudi teknikoan xedatutako proben emaitzak aurkeztu direla egiaztatuko dute.

23. artikulua.– Baimenaren baldintzak.

1.– Aurreko artikuluan araututako ustiapenerako administrazio-baimenak erakunde titularren eskubideak eta betebeharrak finkatu behar ditu, baita instalazioaren ustiapena arautzen duten baldintzak ere.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako baimenaren indarraldia urtero berritu beharko da. Berritze horretan, baimenaren titular diren erakundeei hasieran eskatutako baldintzak betetzen jarraitzen dela egiaztatu beharko da, baita instalazioak arau tekniko aplikagarriek agindutako ikuskapenak gainditu dituela ere; hala, indarrean dagoen araudiak eskatutako segurtasun-baldintzak betetzen jarraituko da.

24. artikulua.– Instalazioak aldatzea eta eskualdatzea.

1.– Zerbitzu publikokotzat jotzen ez den kable bidezko garraio publikoko instalazio batean edo ustiapen-baldintzetan funtsezko edozein aldaketa egiteko, administrazio eskudunaren baimena beharko da. Gainerako aldaketetarako, bakarrik organo eskudunari aldez aurretik egindako jakinarazpena onartu ahal izango da.

2.– Zerbitzu publikokotzat jotzen ez den kable bidezko garraio-instalazio publiko baten titulartasuna eskualdatzeko, administrazio eskudunaren ebazpen bidez baimendu behar da.

3. ATALA
GARRAIO PRIBATUKO INSTALAZIOAK

25. artikulua.– Araubide juridikoa.

Pertsonak kable bidez garraiatzeko instalazio pribatuak ezartzeko, aldez aurretik eraikuntza-proiektuaren onespena eta ustiapenerako administrazio-baimena lortu beharko dira. Baimen horiek kapitulu honetako 2. atalean ezarritako prozeduraren arabera emango dira, betiere, ezaugarri bereziek zehazten dituzten aldaketekin.

III. KAPITULUA
INSTALAZIOAK IKUSKATZEA ETA KONTROLATZEA

26. artikulua.– Ikuskapen-araubidea.

1.– Administrazio-organo eskudunek ikuskatuko dituzte lege honetan araututako zerbitzuak, 5. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ikuskapen-lanak egiten dituzten teknikariak edo administrariak, ikuskapen-lanetan ari direnean, agintari publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta independentzia osoa izango dute beren jardunean, eta, behar izanez gero, dagokien segurtasun-indar eta -kidegoen beharrezko den laguntza eskatu ahal izango dute, beren eginkizuna eraginkortasunez betetzeko.

2.– Ustiapenaren erakunde titularrek, enpresa horietako langileek, erabiltzaileek eta, oro har, lege honetan araututako zerbitzuak ematen parte hartzen dutenek edo lege honen aginduek eragiten dietenek ikuskapen-eginkizuna esleituta dutenei ibilgailu eta instalazioetarako sarbidea emateko betebeharra dute, baita nahitaezko dokumentaziorako sarbidea ere.

Erabiltzaileei dagokienez, beren burua identifikatu eta garraio-titulua erakutsi beharko dute, ikuskatzaileek hala eskatuz gero.

3.– Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den ikuskapen-eginkizuna ofizioz gauzatu daiteke, edo erakunde, organismo edo pertsona fisiko edo juridiko batek egindako salaketa baten ondorioz.

4.– Kable bidezko garraioaren arloan ikuskapen-lanak betetzen dituzten langileei dagokie hurrengo jarduerak egitea: instalazioetan kontserbazioari eta mantentze-lanei buruzko arauzko azterketak eta probak egiten direla egiaztatzea, ustiapenaren eta zerbitzu-ematearen baldintzak kontrolatzea, eta, hala badagokio, dagozkion salaketak egitea.

5.– Ikuskapen-zerbitzuen akta eta txostenetan jasotako egitateek froga-balioa izango dute, hargatik eragotzi gabe interesdunek beren eskubide edo interesen defentsan adierazi edo aurkez ditzaketen frogak.

6.– Indarreko araudiak eskatutako ustiapen- eta segurtasun-baldintzak betetzean desbideratzeak antzeman direnean, administrazio eskudunak instalazioaren titularrari eskatuko dio zuzendu beharreko akatsen izaerarekin bat datorren epean zuzen ditzala akats horiek, dagokion zehapen-prozedura irekitzeko aukeraren kalterik gabe.

7.– Segurtasunerako arrisku larria eta berehalakoa dagoela egiaztatuz gero, ikuskapen-lanak egiten dituzten langileek agindu ahal izango dute zerbitzuaren kautelazko geldiaraztea. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehapen-ahala arautzen duen legeriak kautela-neurriak salbuespenez hartzeari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

8.– Kable bidezko garraio-zerbitzu publikoa ustiatzen duten enpresei esleitu ahal izango zaizkie ikuskatzeko ahalak, erabiltzaileek eta, oro har, hirugarrenek lege honetan eta lege hau garatzeko araudian ezarritako arauak betetzen dituztela berehala zaintzeari dagokionez. Eginkizun horiek betetzen dituzten langileak, beren zerbitzu-egintzetan edo eginkizun horien ondorioz, agintaritzaren agentetzat hartuko dira. Langile horiek gertakariak jasotzen dituen akta bidali beharko diote administrazio eskudunari, dagokion zehapen-espedienteari hasiera eman diezaion.

27. artikulua.– Kontrol-dokumentazioa.

Lege honetan aurreikusitako zerbitzuak eta jarduerak egiten dituzten pertsonek zehazten den dokumentazio administratiboa edo estatistikoa bete eta mantendu beharko dute beren enpresa-egoitzan. Dokumentazio horretan, honako datu hauek jasoko dira beti: emandako zerbitzuak, jasotako tarifak, garraiatutako pertsonen kopurua eta jasotako erreklamazioen kopurua, baita segurtasunarekin lotutako arazo edo gertakari oro ere.

IV. KAPITULUA
ZEHAPEN-ARAUBIDEA

28. artikulua.– Erantzukizuna.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehapen-ahala arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera, lege honen bidez zehazten da arau-hausteengatiko administrazio-erantzukizuna honako hauei dagokiela:

a) Administrazio-emakida edo -baimena behar duten garraioak edo jarduerak egitean egindako arau-hausteetan, emakidaren edo baimenaren titularra den pertsona fisikoari edo juridikoari.

b) Nahitaezko administrazio-titulu gaitzailearen estaldurarik gabe egindako garraioak edo jarduerak direla-eta egindako arau-hausteetan, instalazioaren jabea edo errentaria den pertsona fisikoari edo juridikoari edo garraio-zerbitzua emateko arduradunari.

c) Instalazioen erabiltzaileei, 31. artikuluaren l) eta m) letretan eta 32. artikuluaren d), e), f) eta g) letretan tipifikatutako arau-hausteen kasuan.

2.– Artikulu honetako 1. paragrafoko a) eta b) letretan adierazitako administrazio-erantzukizuna paragrafo horretan aipatutako pertsona fisiko edo juridikoei eskatuko zaie, alde batera utzita erantzukizun horren ondorio diren egite edo ez-egiteak pertsona horiek edo enpresako langileek materialki gauzatu dituzten, hargatik eragotzi gabe arau-hausteak materialki egotz dakizkiekeen pertsonen aurka beren ustez bidezkoak diren ekintzak bideratzea.

29. artikulua.– Arau-hausteen definizioa eta sailkapena.

1.– Arau-hauste administratiboak dira erantzuleen egite edo ez-egiteak, lege honen arabera tipifikatuta eta zehatuta badaude.

2.– Kable bidezko garraioa arautzen duten arauen hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

30. artikulua.– Arau-hauste oso larriak.

Lege honen ondorioetarako, honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Garraio-zerbitzua nahitaezko gaikuntza-titulua eduki gabe ematea.

b) Garraio-zerbitzua pertsonen segurtasunari eragin diezaioketen baldintzetan ematea, arrisku larri eta zuzena dakarten neurrian, eta, bereziki:

1) Zerbitzua ematea gaikuntza-tituluan, ustiapen-erregelamenduan edo aplika daitezkeen beste arau tekniko batzuetan instalazioa berrikusteari eta mantentze-lanei buruz ezarritako segurtasun-baldintzak bete gabe.

2) Baimendutako pertsonak baino gehiago garraiatzea.

3) Pertsonen segurtasuna bermatzeko administrazio eskudunak agindutako hobekuntzak edo aldaketak instalazioan ez egitea.

c) Ikuskapen-zerbitzuen jardunari uko egitea edo jarduera hori oztopatzea, haien eginkizunak betetzea eragotziz edo atzeratuz, baita ikuskapen-zerbitzuen jarraibide edo eskakizunei guztiz edo partzialki jaramonik ez egitea ere, eginkizun horiek gauzatzean.

d) Lege honek edo beste xedapen aplikagarri batzuek agindutako nahitaezko aseguruak indarrean ez edukitzea, egitate hori arau-hauste penala ez denean.

e) Kontratuaren enpresa titularrak berak zerbitzua ez ustiatzea.

f) Instalazioak eraikitzea edo aldatzea, dagokion proiektua onartu gabe.

g) Arau-hauste larrietako edozeinetan berrerortzea, aurretik egindako arau-haustearen preskripzio-epea amaitu ez bada.

31. artikulua.– Arau-hauste larriak.

Lege honen ondorioetarako, honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Gaikuntza-tituluaren funtsezko baldintzak ez betetzea, salbu eta arau-hauste oso larritzat kalifikatu behar denean. Lege honen ondorioetarako, funtsezkotzat jotzen dira zerbitzuaren izaera eratzen duten baldintzak eta hura baimentzeko eskatutako betekizunei eustea, baita, edozein kasutan, gaitzen duen tituluaren baldintza-agirian berariaz jasota daudenak ere.

b) Nahitaezko berrikuspenak egin ez izana, salbu eta, 30.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, arau-hauste oso larritzat kalifikatu behar denean.

c) Tarifa-araubidea ez betetzea.

d) Ikuskapen-zerbitzuen jardunari uko egitea edo oztopatzea, salbu eta, 30.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, arau-hauste oso larritzat kalifikatu behar denean.

e) Instalazioan izandako matxurak edo gorabeherak edo erabiltzaileei edo hirugarrenei eragindako kalteak administrazio eskudunari jakinarazteko betebeharra ez betetzea.

f) Erreklamazio-libururik edo -orririk ez izatea instalazioaren erabiltzaileen eskura, edo erreklamazioak edo kexak administrazio-organo eskudunari ez jakinaraztea, ezarritako moduan eta epean.

g) Lege honetako 30. artikuluan tipifikatutako edozein arau-hauste egitea, baldin eta, tartean diren inguruabarrak kontuan hartuta, arau-hauste oso larritzat kalifikatu behar ez bada.

h) Arau-hauste arinetako edozeinetan berrerortzea, aurretik egindako arau-haustearen preskripzio-epea amaitu ez bada.

i) Emakida uztea edo zerbitzuak geldiaraztea justifikatutako arrazoirik gabe, administrazio eskudunaren berariazko baimenik gabe.

j) Ezarritako espedizioen edo zerbitzuen egutegia ez betetzea, emakida bertan behera uztea ez badakar.

k) Zerbitzua ematen duen enpresak nahitaez eraman behar duen edozein kontabilitate-, estatistika- edo kontrol-agiri edo dokumentu faltsutzea, edo dokumentu horietan ageri diren datuak faltsutzea.

l) Garraioaren, erabiltzaileen edo instalazioen segurtasunerako arrisku larria ekar dezakeen edozein ekintza egitea, arau-hauste oso larritzat kalifikatzen ez bada.

m) Edozein obra edo instalazio, obra edo instalazio horien elementu funtzionalak edo, oro har, zerbitzuaren edozein elementu, edo zirkulazioaren antolamendu, orientazio eta segurtasunarekin zuzenean lotutako azpiegituraren edozein elementu suntsitzea, hondatzea, eraldatzea edo aldatzea.

32. artikulua.– Arau-hauste arinak.

Lege honen ondorioetarako, honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Erabiltzaileen eskura ez jartzea instalazioa erabiltzeko arauak.

b) Nahitaezko liburu, erregistro edo estatistikak egunean ez izatea aplikatzekoak diren arauetan ezarritakoaren arabera.

c) Garraio-zerbitzua behar bezala emango dela bermatzeko behar diren garbitasun- eta kontserbazio-baldintzetan ez edukitzea instalazioak, salbu eta, pertsonen segurtasunari eragiten dion neurrian, arau-hauste larritzat edo oso larritzat kalifikatu behar bada.

d) Garraio-zerbitzua erabiltzeko behar besteko garraio-titulurik ez eramatea eta hura behar bezala ez baliozkotzea, eta erabiltzailea instalazioen barruan dagoen bitartean ez gordetzea, edo zerbitzuko langileei ez erakustea hala eskatzen diotenean.

e) Zerbitzuaren erabilerari eta segurtasunari buruz enplegatuek ematen dituzten oharrei jaramonik ez egitea, baita instalazioa erabiltzeko arauetan, karteletan eta begi-bistan jarritako osagarrietan jasotzen direnei ere.

f) Zerbitzuari eragin diezaiokeen jokabide desegokia eta errespeturik gabea izatea, eta instalazioak hondatzea edo gaizki tratatzea ekar dezaketen ekintzak egitea. Edozein obra edo instalazio finko edo mugikor edo zerbitzuaren edozein elementu funtzional manipulatzea, suntsitzea edo hondatzea.

g) Ibilgailuan sartzea edo ibilgailua uztea ezarritako geralekuetatik kanpo edo mugitzen ari denean. Ibilgailuen ateak irekitzeko edo ixteko mekanismoak oztopatzea edo behartzea, eta ibilgailuak, eskailerak edo igogailuak larrialdietan gelditzeko mekanismoak behar bezala ez erabiltzea.

h) 31. artikuluan tipifikatutako edozein arau-hauste egitea, baldin eta, tartean diren inguruabarrak kontuan hartuta, arau-hauste larritzat kalifikatu behar ez bada.

33. artikulua.– Kautelazko neurriak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehapen-ahala arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera, zehapen-ahala gauzatzeko eskumena duen organoak prozeduraren edozein unetan, beharrezko diren kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu, interesdunei entzun ondoren eta arrazoitutako erabakiaren bidez, eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, edo prozeduraren oztopatzea saihesteko, edo epaitutako egitateak edo antzeko esanahia duten beste batzuk errepikatzea saihesteko, edo haiek eragindako kalteen mantentzea ekiditeko edo arintzeko.

2.– Aipatutako neurriak, 30. artikuluaren a) eta b) letretan tipifikatutako arau-hausteen kasuan, zerbitzuaren kautelazko geldiaraztea edo instalazioaren kautelazko ixtea izan daitezke; kasu horretan, beharrezko diren neurriak hartu behar dira erabiltzaileek ahalik eta eragozpen gutxien jasan dezaten.

3.– Kautelazko neurriak hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehapen-ahala arautzen duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

34. artikulua.– Zehapenak.

1.– Lege honek tipifikatutako arau-hausteei honako zehapen hauek egokituko zaizkie:

a) arinak direnean, ohartarazpen bat edo 600 eurora arteko isuna, edo biak; adierazitako gehieneko zenbatekoa 300 eurora murriztuko da zerbitzuaren erabiltzaileek egindako arau-hausteen kasuan;

b) larriak direnean, 601 eta 30.000 euro bitarteko isuna;

c) oso larriak direnean, 30.001 eta 150.000 euro bitarteko isuna.

2.– Isunen zenbatekoa mailakatu egin behar da arau-haustea ekarri duen egitatearen larritasunaren arabera, kontuan hartuta sortutako arriskuak, eragindako kalte-galerak, intentzionalitatea eta berrerortzea.

3.– Berrerortzea gertatuko da baldin eta ebazpen irmo bidez zehatutako arau-haustearen erantzuleak izaera bereko beste bat egiten badu, lehenengoaren preskripzio-epearen barruan.

4.– Isunaren graduazioaren inguruabar aringarritzat jotzen da arau-haustea zehapen-prozedura ebatzi aurretik zuzendu izana.

5.– Kasuan kasuko zehapenak ezartzeak ez du zerikusirik izango eragindako kalte-galerak ordaintzeko balizko betebeharrarekin.

35. artikulua.– Neurri osagarriak.

1.– Arau-hauste oso larriek edo larriek, dagokien diru-zehapenaz gain, emakida-kontratua suntsiarazteko edo administrazio-baimena ezeztatzeko espedientea irekitzea ekar dezakete, ezarritako prozeduraren arabera. Espediente hau nahitaez hasi behar da baldin eta arau-haustearen erantzule den pertsona fisikoa edo juridikoa bide administratibotik ebazpen irmo bidez zehatu badute azken hamabi hilabeteetan beste bi arau-hauste oso larri egiteagatik.

2.– Era berean, kontratistaren ez-betetzetik zerbitzu publikoan nahasmendu larria edo beste bitarteko batzuen bidez konpondu ezin dena sortzen bada eta Administrazioak kontratua suntsiaraztea erabakitzen ez badu, hark zerbitzua esku hartzea erabaki dezake, harik eta kontratua desagertu arte.

36. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen preskripzio-epea.

Lege honetan jasotako arau-hausteen eta zehapenen preskripzio-epea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehapen-ahala arautzen duen legerian xedatutakoa da.

37. artikulua.– Organo eskudunak.

Lege honetan aurreikusitako zehapenak administrazio-organo eskudunek ezarriko dituzte, 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Nolanahi ere, baimena eman zuen administrazioak ezeztatu beharko du baimena.

38. artikulua.– Zehapen-prozedura.

1.– Kapitulu honetan ezarritako zehapenak ezartzeko prozedurak bat etorri behar du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehapen-ahala arautzen duen legeriak xedatutakoarekin.

2.– Zehapen-prozedura hasi eta sei hilabeteko epean ebazpenik jakinarazi ez bada, espedientea iraungitzat jo behar da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren posizioan subrogatuko dira erakunde emaile gisa, baldin eta udalerri horietan hiri-eremuko zerbitzu publikoko igogailuak administrazio-emakiden mende badaude edo egon badira. Subrogazio horren baldintzak, betiere, inplikatutako administrazioen arteko hitzarmen baten bidez zehaztuko dira.

2.– Emakida horiek indarrean jarraituko dute emakida-kontratuan ezarritako baldintzetan, eta administrazio-kontratazioa arautzen duen legeria eta lege honen III. eta IV. kapituluetan ezarritako ikuskapen- eta zehapen-araubidea bete beharko dituzte.

3.– Araudi teknikoa eta segurtasunekoa igogailuei aplikatu beharreko legeria sektorialean ezarritakoa izango da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren posizioan subrogatuko dira erakunde emaile gisa, baldin eta udalerri horietan hiri-eremuko kable bidezko garraio-instalazioak administrazio-emakiden mende badaude edo egon badira eta lege honetako 2.1 artikuluan jasota badaude.

2.– Emakida horiek indarrean jarraituko dute ezarritako epean, lege honetan ezarritako araubide juridikoaren mende.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau erregelamendu bidez garatzen ez den bitartean, arlo honetan indarrean dauden arauak aplikatuko dira, lege honen aurka ez doan guztian.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau indarrean sartzean izapidetzen ari diren baimen- eta emakida-espedienteak lege honetan xedatutakoaren arabera ebatziko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez eta garraioaren arloan eskumena duen sailak proposatuta, zehapenen diru-zenbatekoa egokitu ahal izango da kontsumoko prezioen indizearen bilakaeraren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 16a.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala