Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2022ko abenduaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

URAREN EUSKAL AGENTZIA
5672

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 15ekoa, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez oinarri orokorrak onartzen baitira Uraren Euskal Agentzian aldi baterako enplegua merezimendu lehiaketaz egonkortzeko salbuespenezko deialdiaren bidez lan-kontratu finkoko langile izateko hautaketa prozesua arautzeko.

Administrazio Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 26ko Erabakiaren bidez, Uraren Euskal Agentziaren 2022ko ekitaldiko enplegu publikoaren eskaintza onartu zen.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak seigarren xedapen gehigarrian ezartzen ditu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdiak arautu behar dituzten irizpideak.

Ildo horretatik, xedapen horrek ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta EPOELTBren 61.6 eta 7. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, deialdi batean eskainiko dituztela, lehiaketa sistemaren bidez, 2.1 artikuluak ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon diren plazak. Aurreikuspen horri aipatutako 20/2021 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitu behar zaio, honela baitio: seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek deialdien barnean hartuko dituzte, gainera, egiturazko aldi baterako plaza hutsak, baldin eta aldi baterako langileek aldi baterako okupatuta badaude 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

Ebazpen honen bidez onartzen diren oinarri orokorrek Uraren Euskal Agentziaren enplegua sendotzeko salbuespenezko prozesu guztien deialdiei izendatzaile komun gisa aplikatu beharreko araudia jasotzen dute.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 8.2 eta 8.4 artikuluetan (langileen sarbide-araubideari buruzkoak) eta Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen martxoaren 10eko 25/2015 Dekretuaren 14.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta aipatutako dekretuaren 7.2.m) artikuluan ematen zaizkidan eskumenak baliatuz (horren bidez ezartzen da Zuzendaritza Nagusiari dagokiola Agentziako lanpostuak betetzeko prozeduretarako deialdia egitea eta prozedura horiek ebaztea), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea Uraren Euskal Agentzian aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdiaren bidez lan-kontratudun langile finko izateko hautaketa-prozesua arautzen duten oinarri orokorrak, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak.

AZKEN XEDAPENA.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 15a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ANTONIO AIZ SALAZAR.

I. ERANSKINA

OINARRI OROKORRAK, URAREN EUSKAL AGENTZIAKO LANGILE LAN-KONTRATUDUN FINKO IZATEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTZEN DUTENAK, ALDI BATERAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO SALBUESPENEZKO DEIALDIAREN BIDEZ (MEREZIMENDU-LEHIAKETA).

1.– XEDEA.

1.1.– Oinarri hauen xedea da Uraren Euskal Agentziako langile lan-kontratudun finko izateko lanpostuak betetzeko arau orokorrak ezartzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren bidez, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak arautzen dituen abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren xedapen gehigarrian eta zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da Uraren Euskal Agentzia.

Administrazio Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 26ko Erabakiaren bidez, Uraren Euskal Agentziaren 2022ko ekitaldiko enplegu publikoaren eskaintza onartu zen. Erabaki horren bidez, 94 lanpostu eskaintzen dira txanda irekian.

1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan arautuko dira.

1.3.– Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa-sistemaren bidez gauzatuko da, bi lege hauetan jasotako aurreikuspenen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarrian, eta Administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan. Txanda ireki bakarra izango da, sarbide orokorreko modalitatekoa.

Lehiaketa-sisteman, prozesuan onartutakoek alegatutako merezimenduak aztertu eta baloratzen dira. Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira zer merezimendu baloratuko diren eta baloratzeko baremo erabiliko den. Esperientzia, titulazioak, hizkuntzak eta abar balora daitezke. Oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak epaimahaiak.

Deialdia EHAAn argitaratuko da, eta oinarriak Agentziaren web-orrian (www.uragentzia.euskadi.eus) eta kanpoko aholkularitza-enpresaren web-orrian eskuratu daitezke, dagokion oinarri espezifikoetan zehazten denaren arabera.

2.– HAUTAKETAKO ARAU OROKORRAK.

Deialdia eta oinarriak lotesleak dira deialdia egin duen erakundearentzat, lehiaketa epaitu behar duen epaimahaiarentzat eta lehiaketan parte hartzen dutenentzat. Arau hauetan jasotzen ez den guztirako, aplikatzekoa den arau-xedapenetan jasotakoa aplikatuko da.

3.– ENPLEGU-HARREMANAREN IZAERA JURIDIKOA.

Merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez lanpostu hutsak lortzen dituzten izangaien izaera juridikoa lan-kontratukoa izango da.

4.– LAN-BALDINTZAK.

Xedapen honetan ezarritako prozeduraren bidez hautatzen diren eta lanpostu bat beteko duten langileei Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua, Langileen Estatutua eta horietatik eratorritako garapen-arauak aplikatuko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako indarrean dagoen hitzarmen-akordioa ere.

5.– IZANGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK.

5.1.– Parte hartzeko betekizun orokorrak.

Iragarritako hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea. Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearenek, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta tratatu horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

b) Gaitasun funtzionala izatea, sartu nahi den kategoriako zereginak betetzeko.

c) 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiro-adina beteta ez izatea.

d) Diziplina-espediente batez edozein administrazio publikotako edo autonomia-erkidegotako organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik bereizita ez egotea; ezta, ebazpen judizial baten ondorioz, enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia izatea ere, bereizi edo desgaitu duten funtzionario-kidegoan edo eskalan sartzeko. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, izangaia ezin izango da desgaikuntza-egoeran edo egoera baliokideren batean egon, eta ezin izango du ezarrita izan diziplina-zehapenik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza beretan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.

e) Oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

Azken baldintza hori ez zaie aplikatuko araututako lanbideen eremuko lanbide-kualifikazioa Europar Batasuneko Zuzenbideko xedapenekin bat aitortua dutenei. Izangaien betebeharra da aitorpen hori egiaztatzea.

f) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezintasuneko edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

g) Langileak hautatzeko deialdietako inskripzio-tasa ordainduta izatea, zeina parte hartu nahi den prozesuaren eta lanpostuari dagokiona izango baita eta zeinaren diru-zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko baita.

h) Lan-kontratudun langile finkoa ez izatea lortu nahi den kategoria berean, egoera edozein dela ere.

i) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein betekizun.

5.2.– Parte hartzeko betekizun espezifikoak.

Betekizun hauek kategoria bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira. Betekizun espezifikoak baztertzaileak izango dira, kasu guztietan.

5.3.– Parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko merezimenduak eta betekizunak betetzeko erreferentzia-datak.

Alegatzen diren merezimenduen jabe izateko eta betekizunak betetzeko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da.

6.– ESKABIDEAK AURKEZTEA.

6.1.– Prozesuan onartua izatea.

Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten lanpostu bakoitzeko, nahiz eta kategoria berekoak izan. Onartuak izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1) Eskabidearen atal guztiak betetzea.

2) Epe barruan aurkeztea.

3) Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak ordaintzea.

6.2.– Eskabideak aurkezteko epea eta langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzea.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak noiz arte aurkeztu daitezkeen (eguna eta ordua) deialdi bakoitza EHAAn argitaratzean zehaztuko dira.

6.3.– Eskabideak aurkezteko modua.

Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaerak kanpoko aholkularitza-enpresaren web-orrian SOILIK aurkeztuko dira, prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehazten denaren arabera.

Prozesuan onartua izateko, dagokion eskabidea behar den epean eta moduan bete beharko da.

6.4.– Eskabideen edukia.

Izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, betiere aurreikusitako epearen barruan:

1) «1. dokumentua. Eskabidea»: eskaera-orria, zeinean izangaiak adieraziko baitu betetzen dituela deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintza guztiak (eskaera-eredua kanpoko aholkularitza-enpresaren web-orriko Ur Agentziaren gunean dago).

2) NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia.

3) Deialdian parte hartzeko eskatu den titulu ofizialaren kopia.

– Titulazio akademiko ofizialaren kopia.

– Euskararen hizkuntza-eskakizunaren titulu ofizialaren kopia (hala badagokio).

– Eskatutako gidabaimenaren kopia, hala badagokio.

4) % 33ko edo hortik gorako desgaitasunaren ziurtagiria (halakorik izanez gero).

5) Lortu nahi den lanpostuan emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiria, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan jasotakoaren arabera.

6) Beste merezimendu batzuen egiaztagiriak, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan jasotakoaren arabera:

– Euskararen hizkuntza-eskakizunaren titulu ofizialaren kopia, derrigortasun-datarik ez duten lanpostuetarako.

– Beste hizkuntza batzuen titulu ofizialaren kopia.

– Oinarri espezifikoetan zehaztutakoaren arabera merezimendu gisa balora daitezkeen beste titulazio ofizial batzuen kopia.

7) Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, 6.5 puntuan zehaztutakoaren arabera.

6.5.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak ordaintzeko modua.

Diru-zenbatekoa ordainketa-pasabidearen bitartez ordainduko da, egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/nireordainketa

Ordainketa egiteko bi modu daude:

1.– Online ordainketa.

Ordainketa egiteko modalitate hau egunean 24 orduz egongo da erabilgarri, eta, ordainketa egiteko, ezinbestekoa izango da entitate hauetakoren baten banka elektronikoko bezero izatea: Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, Banco Santander, BBVA, Sabadell Guipuzcoano, Bankia, Bankoa, Rural Kutxa. Ordainketa edozein Visa edo Mastercard txartelen bidez ere egin daiteke.

2.– Offline ordainketa.

Ordainketa-gutuna inprimatuta izanda, edozein banku-sukurtsaletara jo daiteke bertan deskribatutako kontzeptuekin dagokion ordainketa egiteko. Ordainagiria gorde egin behar da ondoren justifikatzeko.

6.6.– Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasak eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez dituena prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio izangaiari akatsa zuzen dezan.

Langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, oinarri honetako aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraituz.

Eskaera aurkezteak esan nahi du berariaz onartzen direla deialdi honen oinarriak.

Eskabidean agertzen den helbidea izango da jakinarazpenak egiteko balioko duen bakarra. Eskabidean helbide elektroniko edo mugikor baten telefono-zenbaki bat ematen duten parte-hartzaileek baimena ematen dute Uraren Euskal Agentziak prozesuan zehar egin ditzakeen komunikazioetarako erabiltzeko. Eskatzailearen erantzukizuna izango da osorik, helbidea, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia oker idatzi edo ematea, bai eta Uraren Euskal Agentziari haien edozein aldaketa jakinaraztea ere.

7.– ESKABIDEAK EGIAZTATZEA.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta balioetsi ondoren, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da.

Zuzentzeko modukoak diren hutsak zuzentzeko, 10 egun balioduneko epea egongo da, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda URAren web-orrian (www.uragentzia.euskadi.eus) eta kanpoko aholkularitza-enpresaren web-orrian argitaratuko da.

8.– AZKEN KALIFIKAZIOA.

8.1.– Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa merezimenduen balorazioan eta euskararen ezagutzan lortutako puntuazioen batura izango da, oinarri espezifikoetan zehazten diren kasuetan eta baldintzetan.

8.2.– Lehentasun-klausula. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, gaikuntza bera izanez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den kategorietan. Salbuespena izango da beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak izatea –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuagatiko diskriminaziorik–; esate baterako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea. Ondorio horietarako, gaikuntzari dagokionez izangaien arteko berdinketa dagoela joko da, baldin eta puntu-berdinketa badago hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, merezimenduak gehitu ondoren. Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko den ala ez, dagokion kategorian emakumeek duten ordezkaritzaren arabera.

8.3.– Berdinketa hausteko irizpideak. Berdinketarik egonez gero, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ezarriko da hurrenkera:

– Esperientzia espezifiko gisa baloratzeko moduko esperientzia-egun gehien duenaren alde.

– Esperientzia orokor gisa baloratzeko moduko esperientzia-egun gehien duenaren alde.

9.– IZANGAIEN ZERRENDA, PUNTUAZIOAREN ARABERA.

Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak puntuazioaren arabera zerrendatuko ditu izangai guztiak; hor agertuko da baloratutako atal bakoitzean zenbat puntu lortu dituzten eta prozesuan zer hurrenkera-zenbaki duten. Zerrenda hori Uraren Euskal Agentziaren webgunean (www.uragentzia.euskadi.eus) eta kanpoko aholkularitza-enpresaren webgunean argitaratuko da.

Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan, deitutako prozesu bakoitzeko, Uraren Euskal Agentziaren web-orrian (www.uragentzia.euskadi.eus) eta kanpoko aholkularitza-enpresaren web-orrian argitaratuko dira azken kalifikazioen behin betiko zerrendak, deitutako lanpostuen hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta. Zerrenda horietan, izangai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera adieraziko da, lortutako puntuazioaren arabera eta, hala badagokio, lehentasun-klausula eta berdinketa hausteko irizpideak aplikatuta.

10.– EPAIMAHAIA.

Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak izendatutako epaimahai batek ebaluatuko du prozedura.

Epaimahaia nagusiki teknikoa izango da, eta, hura osatzeko, aintzat hartuko dira espezialitate-, inpartzialtasun- eta profesionaltasun-printzipioak eta emakumeen eta gizonen berdintasuna. Kasu guztietan honako hauetan xedatutakoa beteko da: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 60. artikulua (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina) eta Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 31. artikulua.

Epaimahaiak kide kopuru bakoitia izango du; horietako bat epaimahaiburu izango da, eta besteak epaimahaikide. Kideetako bat idazkari izendatuko da. Epaimahaia osatzen duten guztiek ordezkoa izango dute.

Izendapenak egiteko garaian, kideen egokitasuna eta kualifikazioa bermatuko dira.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak izenda ditzake eginbeharretan laguntzeko. Aholkulari espezialista horiek hitza izango dute, baina botorik ez, eta beren lan bakarra izango da epaimahaiari laguntzea espezialitate teknikoetan.

Hautaketa-organoko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren batean ikusten badute beren burua. Egoera berberetan, interesdunek errekusazioa bultzatu ahal izango dute, aipatutako lege-testu horren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardun beharko du epaimahaiak.

11.– LANPOSTUAK HAUTATZEA ETA LAN-POLTSAK SORTZEA.

Izangaiek lanpostua eta destinoko lurraldea aukeratuko dituzte, baldin eta lurralde historiko batean baino gehiagotan dauden lanpostuak bete behar badira, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

Zer aukera egin duten izangaien puntuazioaren araberako behin betiko emaitzak argitaratzen direnetik 3 egun balioduneko epean adierazi beharko diote Uraren Euskal Agentziari.

11.1.– Parte-hartzaileak eta eskainitako lanpostuak

Parte-hartzaileak 9. oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratzeaz gain, zerrenda horietan dauden pertsonek SMS edo mezu elektroniko bidez jasoko dute abisua, baldin eta telefono mugikorraren zenbaki bat edo helbide elektroniko bat eman badute.

Oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera lanpostua epe barruan eta modu egokian hautatzen ez dutenek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan parte hartzetik eratorritako eskubideak.

Hautaketa-prozesu bakoitzerako eskainitako lanpostuen zerrendan honako hauek adieraziko dira: lanpostuaren izena, arloko zuzendaritza, destinoko herria, esleitutako ordainsari-maila, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data eta lanpostuaren betekizun espezifikoak.

Lanpostu-aukeraketa elektronikoki egingo da, Uraren Euskal Agentziaren web-orrian (www.uragentzia.euskadi.eus) eta kanpoko aholkularitza-enpresaren web-orrian eskura egongo den inprimakia betez.

Izangaiari lanpostu bakarra esleituko zaio Uraren Euskal Agentziako lan-kontratudun langile finko gisa.

11.2.– Aukeratutako lanpostuen hurrenkera.

Lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutako pertsonek lanpostu-zerrenda bakarra egingo dute, eta, hor, beren lehentasunekin bat etorriz ordenatuko dituzte hizkuntza-eskakizunaren arabera eta, hala badagokio, lanpostuen betekizun espezifikoen arabera aukeratu ditzaketen lanpostuak; horretarako, aukera izango dute deialdi bateko eta besteko plazak tartekatzeko.

11.3.– Lan-poltsak.

Horretaz gainera, Epaimahaiak, aldi baterako beharrak estaltzeko lan-poltsa bat eratze aldera, zerrenda bat osatzeko proposamena egingo du, zeinean jasoko baitira guztizko puntuazio altuena duten izangai hauek.

Lanpostu bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehazten den gutxieneko puntuazioa lortzen duten langileek osatuko dute lanpostu bakoitzari dagokion lan-poltsa.

Ez dira prozesuen ondorioz sortuko diren lan-poltsetan sartuko kategoria bereko edo goragoko langile lan-kontratudun finkoak.

11.4.– Lanpostuak esleitzeko baldintzak.

Epaimahaiak ezin izango du deitutako plaza-kopurua baino gainditu-kopuru handiagoa proposatu lan-kontratuak egiteko, kasu hauetan izan ezik:

a) Hautatutako pertsonak aldi baterako lan-kontratua edo epai bidezko lan-kontratu mugagabea badaukate eta izendapen askeko sistemaren bidez esleitutako lanpostu bat betetzen ari badira, lanpostuak aukeratzeko izapidean, aukera izango dute betetzen ari diren lanpostuan destinoa eslei dakien, betiere lanpostuak horretarako aukera ematen badu eta, hortaz, enplegu publikoko eskaintzan sartutako lanposturik kontsumitzen ez badute. Hori gertatzen denean, gainditu duten hurrengo pertsonei esleituko zaizkie aukera hori egin ezean egokituko litzaizkiekeen plazak, lehentasun-hurrenkeraren arabera.

b) Egoera hauetako bat gertatzen bada:

• hautatutako pertsonek uko egitea, kontratua sinatu aurretik, edo

• izangaiek eskatzen zaien dokumentazioa ez aurkeztea 12. oinarrian xedatutakoaren arabera, edo aurkeztutakotik ondorioztatzen bada 5. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutela, edo ez badute zereginak betetzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa.

c) Kontratua sinatzeko unean lanpostua gorde gabeko eszedentzia eskatzen bada, horrela hutsik geratu diren lanpostuak esleitu egingo dira.

d) Deialdi honetako plazak esleitu eta urtebeteko epean deialdiko lanposturen bat hutsik geratzen bada.

Kasu horietan, lan-poltsako langileei dei egingo zaie lan-kontratu finkoko lanpostu hutsa betetzeko, lehentasun-ordena zorrotzean. Nolanahi ere, kontuan hartuko da deialdi honetarako egiaztatutako sarbide-baldintzak betetzen direla, ez geroagokoak, bai egiaztatutako esperientziari dagokionez, bai gainerako betekizun edo merezimenduei dagokienez. Lan-poltsaren lehentasun-hurrenkera ez da aldatuko argitaratu eta lehenengo urtean.

115.– Hautatutakoen zerrenda.

Lanpostuak aukeratzeko epea amaitutakoan, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrenda egingo da, kontuan hartuta eskatutako betekizunak betetzen diren, izangai bakoitzak zer puntuazio-ordena duen eta zer lehentasun adierazi dituen.

Erabateko lehentasuna izango du derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak betetzeak, eta, beraz, lehendabizi hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak esleituko dira. Derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak ezin izango dituzte inola ere bete deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan aurreikusitako moduan eskakizun hori egiaztatu ez duten izangaiek.

Hautatutako pertsonen behin-behineko zerrenda hori 9. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko da, eta, ebazpen horretan, 10 egun balioduneko epea ezarriko da, izangaiek eskatutako lanpostuen betekizun espezifikoen gainean zuzenketak egiteko eta erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, hautatutako pertsonen eta esleitutako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira 9. oinarrian adierazitako lekuetan.

12.– HAUTAPROBAK AMAITUTAKOAN AURKEZTU BEHAR DEN DOKUMENTAZIOA.

Interesdunei jakinaraziko zaie zer izangai hautatu diren, eta pertsona horiek Uraren Euskal Agentzian aurkeztu beharko dituzte 6.4 puntuan jasota dauden parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, kontratua sinatu baino 10 egun baliodun lehenago. Horretarako, aurretik adierazitako dokumentazio guztiaren jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak aurkeztu behar dituzte:

– Curriculumean adierazitako prestakuntza akademikoa egiaztatzen duten titulu, ziurtagiri edo diplomen kopia autentifikatua edo ziurtagirien kopia, konpultsa egin ahal izateko edo halakoak eskuratzeko tasak ordaindu izanaren frogagiria.

Atzerriko tituluak dituzten izangaiek baliozkotzearen edo homologazioaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Araututako lanbideen eremuko lanbide-kualifikazioa Europar Batasuneko Zuzenbideko xedapenekin bat aitortua dutenek agiri bidez egiaztatu behar dute egoera hori.

– Hizkuntzen ziurtagirien kopia autentifikatua edo fotokopia, konpultsatzeko.

– Zinpeko deklarazioa edo hitzematea, non izangaiak adieraziko baitu ez dagoela diziplinazko espediente baten bidez bereizita administrazio publikoen edo autonomia-erkidegoetako organo konstituzional edo estatutupekoen zerbitzutik, eta ez duela ezarrita ebazpen judizial baten bidez enplegu edo kargu publikorako erabateko desgaikuntzarik edo desgaikuntza berezirik. Halaber, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu behar dute, adierazteko ez daudela nahasita desgaitasuneko edo bateraezintasuneko legezko ezein kausatan. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu behar dute, esateko beren estatuan ez daudela desgaituta edo egoera baliokide batean eta ez dutela ezarrita enplegu publikorako sarbidea eragozten duen diziplina-zehapenik edo neurri baliokiderik.

Betekizun hori egiaztatzeko, eredu normalizatu bat jarriko da izangai hautatuen eskura.

– Esleitutako lanpostuan aritzeko eskatu diren bestelako baldintza espezifikoen jatorrizko egiaztagiriak edo fotokopiak gero konpultsatzeko, hala badagokio.

Eskatutako dokumentazioa adierazitako epean aurkezten ez duten izangaiak prozesutik kanpo geratuko dira, eta Uraren Euskal Agentziak gai kalifikatu den hurrengo izangaia kontratatu ahal izango du, betiere prozeduraren amaierako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz.

13.– DATUEN BABESA.

Interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak Uraren Euskal Agentziak tratatuko dituela (helbidea: Gamarrako Atea kalea, 1A, 11. solairua - 01013 Vitoria-Gasteiz). «HAUTAKETA-PROZESUAK» tratamenduaren helburua da lanpostuak betetzeko langile-hautaketen prozedurak egitea, tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen arabera (Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legea eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua). Datuak zertarako bildu ziren, helburu hori betetzeko beharrezkoa den denboran gordeko dira datuak, bai eta helburu horren ondorioz eta datuen tratamenduaren ondorioz sor litezkeen erantzukizunak zehazteko behar den denboran ere. Datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, legeak hala behartu ezean. Datuetan sartzeko, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien tratamendua mugatzeko edo tratamenduaren aurka egiteko eskubidea du interesdunak. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dio tratamendua, eskubideak gauzatzeko prozeduraren bidez. Halaber, eskubidea duzu erreklamazioak Datuak Babesteko Euskal Bulegoan aurkezteko, eta aukera duzu, baita ere, aurretik erreklamazioa jartzeko datuak babesteko ordezkariari. web-orri honetan duzu informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/servicios/10842

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek berariazko baimena eman beharko dute beren datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzea onartzeko, 14. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Datuen lagapen horren helburu bakarra da beste administrazio publiko batzuetatik enplegu-eskaintzak jaso ahal izatea, legez aurreikusitako baldintzetan. Izangaiaren onarpena berariaz jaso ezean, lagapenaren aurka dagoela ulertuko da.

14.– ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ARTEKO LANKIDETZA.

Uraren Euskal Agentziak, aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera, EAEko beste administrazio edo erakunde publiko batzuen esku jar dezake lan-poltsan sartu diren izangaien zerrenda, baldin eta administrazio edo erakunde horiek hala eskatzen badute eta izangaiek 13. oinarrian aipatutako esanbidezko adostasuna eman badute. Edonola ere, eskaerei benetan erantzuteko, bi baldintza hauek hartuko dira kontuan: lan-poltsako kideen prestasuna eta Uraren Euskal Agentziaren pertsonal-beharrak.


Azterketa dokumentala