246. zk., 2022ko abenduaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 9 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5640
1820/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri espezifikoak, Erdi Mailako Teknikarien lanbide-taldeko Erdi Mailako Tituludunen kategorian, Euskararen Normalizazioko Erdi Mailako Teknikarien lanpostu funtzionalean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeetako lanpostuak betetzeko.
Osakidetzako zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren bidez, onartu egin dira Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2020ko, 2021eko eta 2022ko urteetarako eta Egonkortzeko prozesurako iragarritako hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuetarako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-proba arautuko duten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, Erdi Mailako Teknikarien lanbide-taldeko Erdi Mailako Tituludunen kategorian, Euskararen Normalizazioko Erdi Mailako Teknikarien lanpostu funtzionalean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeetako lanpostuak betetzeko.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez onartzea lehiaketako blokean eskainitako destinoen zerrenda.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.
Bosgarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2023ko otsailaren 21etik 2023ko martxoaren 20ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren 9.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Seigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOEN ERAKUNDEETAKO LANPOSTUETAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROBAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK, ERDI MAILAKO TEKNIKARIEN LANBIDE-TALDEKO ERDI MAILAKO TITULUDUNEN KATEGORIAKOAK, EUSKARAREN NORMALIZAZIOKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIEN LANPOSTU FUNTZIONALEKOAK
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira II. eranskinean jasotako destinoak, Erdi Mailako Teknikarien lanbide-taldeko Erdi Mailako Tituludunen kategoriakoak, Euskararen Normalizazioko Erdi Mailako Teknikarien lanpostu funtzionalekoak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeetakoak.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 1.3 oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaiek bete beharreko eskakizunak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan ezarritako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak ere bete beharko dituzte, eta horiek esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dira:
a) Oinarri orokorretako 6.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, unibertsitate-diploma edo titulu baliokideren bat izatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, lortu nahi den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen dena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoaren arabera.
b) 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta edukitzea edo oinarri orokorretan aurreikusitako epeetan eta moduan eskuratzeko moduan egotea.
c) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun betetzea ere.
d) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
A2 taldea (B2 talde zaharra): 20 euro.
3.– Lehiaketako blokea nola garatuko den:
3.1.– Lehiaketa-fase:
3.1.1.– Merezimenduen eskakizunak egiaztatzea. Dokumentazioa aurkeztea.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartuta dauden izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute –onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendaren Ebazpena argitaratzen den egunaren hurrengotik hasita– deialdian parte hartzeko eskatzen diren merezimenduen alegazioa egiteko, 12.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera baloratuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera (12.2 oinarria).
3.1.2.– Oinarri orokorretako 14.2.1 apartatuan (lehiaketako blokea) zehaztutako puntuazio-hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean proposatuta agertzen diren izangaiek honako hau aurkeztu beharko dute:
– Lortu nahi den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen den eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ematen duen unibertsitate-diplomaren edota titulu baliokide baten fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betetzeko.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA KATEGORIA HONETAN: EUSKARAREN NORMALIZAZIOKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIA
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 1. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
1.– Lehiaketako blokea:
Sarbide orokorra: 1 destino.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak (adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa) ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek desgaitasunen bat duten langileentzako erreserba-kupoan gehituko dira (bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa).
Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.
Oinarri orokorretako 2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoak, zehaztuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko uneko zikloko destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren, deialdiaren xede diren kategoriak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2018-2019ko EPEko behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren. Bi horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA, ERDI MAILAKO TEKNIKARIEN LANBIDE-TALDEKO ERDI MAILAKO TITULUDUNEN KATEGORIAN, EUSKARAREN NORMALIZAZIOKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIEN LANPOSTU FUNTZIONALEAN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOEN ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Eskabideak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko 20 urteetan izangaiei aitortu zaien zerbitzaldia hartuko da kontuan.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan Euskararen Normalizazioko Erdi Mailako Teknikari gisa eta/edo kudeaketa-arloko eta zerbitzu orokorretako kudeaketa lanpostuetan emandako zerbitzuengatik, hilabete bakoitzeko 0,23 puntu.
2.– Aurreko puntuan aipatu ez diren beste administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Euskararen Normalizazioko Erdi Mailako Teknikari gisa eta/edo kudeaketa-arloko eta zerbitzu orokorretako kudeaketa lanpostuetan emandako zerbitzuengatik, hilabete bakoitzeko 0,0575 puntu.
Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:
a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,02 puntu hilabete bakoitzeko.
b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,03 puntu hilabete bakoitzeko.
c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,04 puntu hilabete bakoitzeko.
d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.
e) Lortu nahi den lanpostu berean emandako zerbitzuak:
e.1) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan: 0,23 puntu hilabete bakoitzeko.
e.2) Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan: 0,115 puntu hilabete bakoitzeko.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
(Ikus .PDF)
Ez dira ebaluatuko eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako eta hizkuntzetako ikasgaien kalifikazioak, ezta deialdiko lanpostu funtzionalean sartzeko eskatzen den tituluaren ikasketen berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak ere.
b) Graduondoko prestakuntza:
– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.
– Doktore-titulua: 9 puntu.
– Graduondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.
– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.
Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu):
– Ingelesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Frantsesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Alemana: gehienez, 1,5 puntu.
d) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
B) Apartatu honetan, eskaerak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan amaitu den prestakuntza baloratuko da, eta honela egiaztatuko da:
a) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.
– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.
– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inola ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
b) Irakaskuntza-jarduerak:
– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.