246. zk., 2022ko abenduaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (211 KB - 13 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5629
1807/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak Diplomadun Sanitarioak lanbide-taldeko Optikan eta Optometrian Diplomaduna kategorian, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartu dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko deitutako hautaketa-prozesu hauetako oinarri orokorrak: 2020ko, 2021eko eta 2022ko urteetakoak eta egonkortzeko prozesukoak.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuetarako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, Diplomadun Sanitarioak lanbide-taldeko Optikan eta Optometrian Diplomaduna kategorian, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez onartzea bloke bakoitzean (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) eskainitako destinoen zerrenda.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea (baremo bera da oposizio-lehiaketaren blokerako eta lehiaketaren blokerako).
Bosgarrena.– Lehiaketa-oposizioko blokeko gai-zerrenda onartzea, Ebazpen honen IV. eranskinean jasotakoa.
Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2023ko otsailaren 21etik 2023ko martxoaren 20ko 14:00ak artekoa izango da, hala ezarri baita oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren 9.3 oinarrian.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK ONARTZEA DIPLOMADUN SANITARIOAK LANBIDE-TALDEKO OPTIKAN ETA OPTOMETRIAN DIPLOMADUNA KATEGORIAN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETAN
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira Diplomadun Sanitarioak lanbide-taldeko Optikan eta Optometrian Diplomaduna kategoriako Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak, II. eranskinean jasota daudenak alegia.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 1.3 oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaiek bete beharreko eskakizunak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan ezarritako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak ere bete beharko dituzte, eta horiek kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dira:
a) Oinarri orokorretako 6.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, Optikako eta Optometriako Diploma edo Optikako eta Optometriako Gradua izatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun betetzea ere.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
A2 taldea (lehen B taldea): 20 euro.
3.– Prozesua nola garatuko den:
3.1.– Lehiaketa-oposizioko blokearen eta lehiaketako blokearen lehiaketa-fase bateratua:
3.1.1.– Eskakizunen eta merezimenduen egiaztapena. Dokumentazioa aurkeztea.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartuta dauden izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute –onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen den egunaren hurrengotik hasita– deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzen eta merezimenduen alegazioa egiteko, bai eta horien inguruko egiaztagiriak aurkezteko ere, 12.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera baloratuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera (12.2 oinarria).
3.1.2.– Oinarri orokorretako 14.1.1 apartatuan (lehiaketa-oposizioko blokea) eta 14.2.1 apartatuan (lehiaketako blokea) zehaztutako puntuazio-hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren proposatutako izangaiek honako dokumentu hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, 14.1.2 oinarrian (lehiaketa-oposizioko blokea) eta 14.2.2 oinarrian (lehiaketako blokea) zerrendatzen den dokumentazioaz gain:
– Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako Optikako eta Optometriako Diplomaren edo Optikako eta Optometriako Graduaren tituluaren fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
Izangai bat aldi berean lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean sartuta badago, dokumentazioa behin bakarrik aurkeztu beharko du, oinarri orokorretan ezarritakoaren arabera (14.1.2 oinarria).
3.2.– Lehiaketa-oposizioko blokeari dagokion oposizio-fasea:
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan, bai proba prestatzeari dagokionez, bai lehiaketa-fasean. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari kanpoko erakunde aholkularietara jotzea ere eskatu ahal izango dio, probak prestatzeko eta oposizio-fasean probekin zerikusia duten gai guztietarako.
Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.
Gai-zerrenda komunari buruzko galderak Osakidetzaren webgunean argitaratutako galdera-sortatik aterako dira.
Gai-zerrenda komunari buruzko galdera horiek prestatzeko bibliografia ere eranskin berean emango da.
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio gai-zerrenda komuneko galderak hautatzea eta gai-zerrenda orokorreko galderak hautatzeari buruzko erabakiak hartzea. Epaimahaiak galdera horiekin guztiekin osatuko du, hain zuzen ere, ariketa teorikoa.
3.3.– Lanpostuaz jabetzea.
Oinarri orokorretako 17. oinarrian aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:
– Elkargokide-ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA KATEGORIA HONETAN: OPTIKAN ETA OPTOMETRIAN DIPLOMADUNA
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 1. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
1.– Lehiaketa-oposizio blokea:
Txanda askeko deialdia: 14 destino.
Sarbide orokorra: 13.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 1.
– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa: 1.
2.– Lehiaketako blokea:
Sarbide orokorra: 5 destino.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak (adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa) ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek desgaitasunen bat duten langileentzako erreserba-kupoan gehituko dira (bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa).
Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.
Oinarri orokorretako 2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoak, lehiaketa-oposizioko blokekoak zein lehiaketako blokekoak, zehaztuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko uneko zikloko destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren, deialdiaren xede diren kategoriak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2018-2019ko EPEko behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren. Bi horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA DIPLOMADUN SANITARIOAK LANBIDE-TALDEKO OPTIKAN ETA OPTOMETRIAN DIPLOMADUNA KATEGORIAN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Eskabideak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko 20 urteetan izangaiei aitortu zaien zerbitzaldia hartuko da kontuan.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan Optikan eta Optometrian Diplomadun gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,23 puntu.
2.– Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Optikan eta Optometrian Diplomadun gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,0575 puntu.
Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:
a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.
b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,07 puntu hilabete bakoitzeko.
c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,09 puntu hilabete bakoitzeko.
d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.
e) Lehiatzen den lanpostu berean B taldean emandako zerbitzuak:
e.1) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan: 0,23 puntu hilabete bakoitzeko.
e.2) Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan: 0,115 puntu hilabete bakoitzeko.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
(Ikus .PDF)
Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako, hizkuntzetako, etxeko lanetako, autopsia mediko-legalaren nozioetako ikasgaien kalifikazioak, ez Optikako eta Optometriako Diploma edo Optikako eta Optometriako Graduko ikasketen berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.
b) Graduondoko prestakuntza:
– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.
– Doktore-titulua: 9 puntu.
– Graduondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.
– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.
Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu):
– Ingelesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Frantsesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Alemana: gehienez, 1,5 puntu.
d) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
B) Apartatu honetan, eskaerak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan amaitu den prestakuntza baloratuko da, eta honela egiaztatuko da:
a) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,20 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.
– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.
– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,20 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
b) Irakaskuntza-jarduerak:
– Unibertsitateko fakultateko irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,75 puntu.
– Dedikazio partzialeko irakaslea Optikako eta Optometriako Unibertsitate Eskolan (8 orduko): 0,050 puntu.
– Praktika klinikoko irakasle-tutorea, venia docendi delakoarekin (urteko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.
3) Euskara:
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
OPTIKAN ETA OPTOMETRIAN DIPLOMADUNA
I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA
1.– Optika geometrikoaren printzipioak. Optika fisikoa. Optika fisiologikoa. Optika instrumentala. Teknologia optikoa.
2.– Begiaren anatomia eta histologia. Begiaren eta begi-anexuen anatomia makro eta mikroskopikoa.
3.– Neuroanatomia. Ikusmenari lotutako nerbio-sistemaren ezaugarriak.
4.– Ikusmenaren neurofisiologia. Fotorrezepzioa, argiaren intentsitatearen pertzepzioa, kontrastearen pertzepzioa, formaren eta mugimenduaren pertzepzioa, sakoneraren eta distantziaren pertzepzioa, pertzepzio kromatikoa.
5.– Ikusmen binokularra. Begi-mugimenduak, ikusmen binokularraren alderdi sentsorialak.
6.– Optometria:
6.1.– Hauen gaineko azterketa objektiboak eta subjektiboak: errefrakzioa, egokitzapena, akats errefraktiboak, ikusmen binokularra.
6.2.– Ikusmen binokularraren eta trebetasun okulomotorren azterketa, egokitzapenaren ebaluazioa, ametropien tratamendu klinikoa.
6.3.– Preskripzio-irizpideak, konbergentzia-anomaliak, egokitzapen-anomaliak, desbideratze bertikalak, mugitzeko trebetasunen desbideratzeak, estrabismoak eta anbliopiak.
6.4.– Historia klinikoa, begien osasuna, optometria geriatrikoa, pediatrikoa, baldintza bereziak (nistagmoa, ikusmen txikia, begi bakarreko diplopia, plantak egiten ari diren pazienteak).
7.– Kontaktologia. Ukipen-lenteak erabiltzeari lotutako alderdi fisiologikoak, aurretiazko prozedura klinikoak, ukipen-lenteen optika.
8.– Arraildura-lanpara bidezko azterketa: argiztapen- eta behaketa-sistemak eta miaketa-teknikak.
9.– Ikusmen txikiko osagarriak. Azterketa klinikoa, handipenen kalkuluak, handipenak lortzea, ikusmen-laguntza optikoak, ikusmen-laguntza ez-optikoak. Pronostikoa laguntza optikoen preskripzioan.
10.– Topografia eta aberrazio optikoak. Kanpimetria. Tonometria. Pakimetría. Koherentzia optikoko tomografia. Kolore-testa. Hess Lancaster. Elektrofisiologia-probak.
11.– Begi barruko lentearen biometria eta kalkulua. Biometria ultrasonikoa. Biometria interferometria bidez. Ohiko formulen oinarriak. Lenteek potentzia egoera berezietan: begi laburrak, luzeak, aurretiko kirurgia errefraktiboa eta bigarren mailako ezarpenak. Sorpresa errefraktiboaren atzera begirako azterketa.
12.– Begi-patologiaren oinarriak. Begietako zeinuen eta sintomen diagnostiko diferentziala. Traumatismoa Larrialdiak. Korneako, konjuntibako eta esklerako patologia. Betazala, orbita eta malko-bidea. Glaukoma. Kristalinoaren patologia. Neurooftalmologia. Haurren begietako patologia. Beirakarako eta erretinako gaixotasunak. Ubeitisa. Tumoreak.
13.– Estrabismoak. Heteroforien eta heterotropien etiologia. Paziente estrabikoaren ebaluazio klinikoa: alderdi motorrak eta sentsorialak. Endodesbideratzeak, exodesbideratzeak, desbideratze ziklobertikalak, begietako desbideratzeak patroi alfabetikoekin. Monofinkapen-sindromea eta mikrotropiak.
14.– Ikusmen-terapiak. Ikusmen-terapiako programa baten diseinu orokorra. Ikusmen-terapiak binokularitatearen disfuntzioetan, egokitzapenaren disfuntzioetan, desbideratze bertikaletan, begien mugikortasunaren trebetasunaren disfuntzioetan.
15.– Begien farmakologiaren oinarriak: farmakozinetika eta forma farmazeutikoak. Emateko bideak. Farmako miotikoak, midriatikoak eta zikloplegikoak. Glaukomaren farmakologia. Hanturaren farmakologia. Infekzioaren farmakologia. Farmako antiangiogenikoak. Farmako sistemikoek begietan eragiten dituzten kalteak. Begietako farmakoen kontrako efektu sistemikoak.
16.– Begi-kirurgiaren printzipioak. Kornea, kirurgia errefraktiboa, katarata-kirurgia, beirakara-erretinako kirurgia, erretina-askatzeagatiko kirurgia, betzuloko kirurgia. Begi-protesiak.
GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA
1.– Oftalmología. Sergio Rojas y Adriana Sauce Castilloa. ISBN: 9786074468142. 2019.
2.– Neurobiología de la visión. César Urtubia. Editorial Universidad Politécnica de Cataluña. Barcelona. 1999.
3.– Tecnología óptica. Lentes oftálmicas, diseño y adaptación. Joan Salvadó Arqués. Marta Fransoy Bel. Universidad Politécnica de Cataluña. 2004.
4.– Óptica geométrica. María Sagrario Millán. Ariel. 2004.
5.– Óptica fisiológica. El sistema del ojo y la visión binocular. Cinta Puell Martín. Universidad Complutense de Madrid. ISBN versión Digital: 1-4135-6363-5.
6.– Optometría. Principios básicos y aplicación clínica. Robert Montes Mico. Elservier. 2011.
7.– Manual de optometría. Raúl Martín Herranz, Gerardo Vecilla Antolínez. Editorial Médica Panamericana. 2. edizioa.
8.– Kanski. Oftalmología clínica. 9. edizioa. 2021. Elsevier.
9.– Superficie ocular y lentes de contacto. González Meijome-César Villar Collar. ISBN: 978-84-939656-9-3.
10.– Contactología aplicada. Raúl Martín Herranz. ISBN: 9788493356958. 2005. Editorial:ICM.
11.– Manual de biometría ocular y cálculo de lentes intraoculares. Calvache. Ed. Saera. 2017.
12.– Apuntes sobre rehabilitación visual. ONCE. Madrid. ISBN: 84-87277-45-4.
13.– Farmacología ocular. Baños JE, March M. Ediciones UPC. Bartzelona 2012.
14.– Temas de optometría hospitalaria y comunitaria. Consejo General de Ópticos Optometristas. ISBN: 978-84-09-28118-3. 2021.
II.– GAI-ZERRENDA KOMUNA
1.– Osasun-lanbideen araudia.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitatea.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioa.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoa.
6.– Osakidetzako paziente eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
7.– Pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan.
8.– Osasunaren arloko aurretiazko borondateak.
9.– Datu Pertsonalak Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea.
10.– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.
11.– Marko Estrategikoa.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan.
14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia.
15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana.
GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.
2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.
3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena.
4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.
7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.
8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun-arloko aurretiazko borondateena.
9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
10.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, martxoaren 3ko 1/2022 Legearen bigarren aldaketa barne.
11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.
14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia (2021-2024).
15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana 2022-2028.