246. zk., 2022ko abenduaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 17 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5616
1792/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Farmazialaria kategorian (Farmaziako FT), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartu dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko deitutako hautaketa-prozesu hauetako oinarri orokorrak: 2020ko, 2021eko eta 2022ko urteetakoak eta egonkortzeko prozesukoak.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuetarako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Farmazialaria kategorian (Farmaziako FT), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez onartzea bloke bakoitzean (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) eskainitako destinoen zerrenda.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea (baremo bera da oposizio-lehiaketaren blokerako eta lehiaketaren blokerako).
Bosgarrena.– Lehiaketa-oposizioko blokeko gai-zerrenda onartzea, Ebazpen honen IV. eranskinean jasotakoa.
Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2023ko otsailaren 21etik 2023ko martxoaren 20ko 14:00ak artekoa izango da, hala ezarri baita oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren 9.3 oinarrian.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK ONARTZEA FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO FARMAZIALARIA KATEGORIAN (FARMAZIAKO FT LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETAN.
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Farmazialaria kategoriako (Farmaziako FT lanpostu funtzionala) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 1.3 oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaiek bete beharreko eskakizunak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan ezarritako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak ere bete beharko dituzte, eta horiek kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dira:
a) Oinarri orokorretako 6.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, Farmaziako lizentzia edo titulu baliokidea izatea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun betetzea ere.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
A1 taldea (A talde zaharra): 25 euro.
3.– Prozesua nola garatuko den:
3.1.– Lehiaketa-oposizioko blokearen eta lehiaketako blokearen lehiaketa-fase bateratua.
3.1.1.– Eskakizunen eta merezimenduen egiaztapena. Dokumentazioa aurkeztea.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartuta dauden izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute –onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen den egunaren hurrengotik hasita– deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzen eta merezimenduen alegazioa egiteko, bai eta horien inguruko egiaztagiriak aurkezteko ere, 12.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera baloratuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera (12.2 oinarria).
3.1.2.– Oinarri orokorretako 14.1.1 apartatuan (lehiaketa-oposizioko blokea) eta 14.2.1 apartatuan (lehiaketako blokea) zehaztutako puntuazio-hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren proposatutako izangaiek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentziako tituluaren edo baliokidearen eta lortu nahi den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen den Angiologiako eta Kirurgia Baskularreko espezialitateren tituluaren fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
Izangai bat aldi berean lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean sartuta badago, dokumentazioa behin bakarrik aurkeztu beharko du, oinarri orokorretan ezarritakoaren arabera (14.1.2 oinarria).
3.2.– Lehiaketa-oposizioko blokeari dagokion oposizio-fasea:
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio proben edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan, bai proba prestatzeari dagokionez, bai lehiaketa-fasean. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari kanpoko erakunde aholkularietara jotzea ere eskatu ahal izango dio, probak prestatzeko eta oposizio-fasean probekin zerikusia duten gai guztietarako.
Oposizio-fasean ariketa hauek egin beharko dira:
a) Lehenengo ariketa: Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.
1.– Gai-zerrenda komunari buruzko galderak Osakidetzaren webgunean argitaratutako galdera-sortatik aterako dira.
2.– Gai-zerrenda orokorrari buruzko galderak prestatzeko bibliografia ere eranskin berean emango da.
b) Bigarren ariketa: epaimahaiak proposatzen dituen ariketa praktikoak egin beharko dira. Horretarako, aukerako erantzunak dituen galdera sorta bat erantzun beharko da.
Ariketak destinoen funtzio espezifikoekin lotuta egongo dira eta haien helburua izango da izangaiek destino horietan aritzeko dituzten gaitasunak, abileziak, ezagutzak eta ahalmen profesionala baloratzea.
Oposizio-fasean bi ariketa egingo dira proba berean; ariketa teoriko bat eta praktiko bat, biak eskainitako destino ezberdinetako funtzio espezifikoekin lotuta. Probaren azken emaitza bi ariketen batezbesteko haztatua izango da, % 65 proba teorikoarena eta % 35 ariketa praktikoarena. Horretarako, formula honen arabera lortuko da batezbesteko haztatua:
(Ikus .PDF)
Oposizio-fasea gainditutzat emateko, bi ariketen batezbesteko haztatuak 100 puntutik 50 puntukoa izan beharko du gutxienez.
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio gai-zerrenda komuneko galderak hautatzea eta gai-zerrenda orokorreko galderak hautatzeari buruzko erabakiak hartzea. Epaimahaiak galdera horiekin guztiekin osatuko du, hain zuzen ere, ariketa teorikoa. Era berean, epaimahai kalifikatzaileari dagokio ariketa praktikoa egitea eta kalifikatzea.
3.3.– Lanpostuaz jabetzea.
Oinarri orokorretako 17. oinarrian aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:
– Elkargokide-ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA KATEGORIA LANPOSTU FUNTZIONALA: FAK. FARMAZIALARI TEKNIKARIA
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 1. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
1.– Lehiaketa-oposizio blokea:
a) Txanda askeko deialdia: 5 destino.
Sarbide orokorra: 5.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 0.
– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa:0.
2.– Lehiaketako blokea:
Sarbide orokorra: 1 destino.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak (adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa) ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek desgaitasunen bat duten langileentzako erreserba-kupoan gehituko dira (bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa).
Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.
Oinarri orokorretako 2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoak, lehiaketa-oposizioko blokekoak zein lehiaketako blokekoak, zehaztuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko uneko zikloko destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren, deialdiaren xede diren kategoriak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2018-2019ko EPEko behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren. Bi horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO FARMAZIALARIA KATEGORIAN (FARMAZIAKO FT LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Eskabideak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko 20 urteetan izangaiei aitortu zaien zerbitzaldia hartuko da kontuan.
Dagokion espezialitateko etengabeko arretako behin-behineko izendapen batean egindako zerbitzuen puntuazioari zerbitzu horiengatik normalean ematen den puntuazioaren % 50 aplikatuko zaio.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan Lehen Mailako Arretako farmazialari gisa edo arlo medikoko kudeaketako farmazialari gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,30 puntu.
2.– Gizarte Segurantzako zerbitzu-erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Lehen Mailako Arretako farmazialari gisa edo arlo medikoko kudeaketako farmazialari gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,075 puntu.
3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetakoetan Ospitaleko farmazialari gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,12 puntu.
4.– Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Ospitaleko farmazialari gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,03 puntu.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetakoetan eta Insaluden Farmaziako ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,055 puntu.
6.– Aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Osasun Sailean, Osasun Ministerioan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoan Farmaziako ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,0138 puntu.
7.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan kudeaketa-arloan eta zerbitzu orokorren arloan goi-mailako kudeaketa lanpostuetan egindako hilabete bakoitzeko: 0,05 puntu.
Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:
a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,02 puntu hilabete bakoitzeko.
b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,03 puntu hilabete bakoitzeko.
c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,04 puntu hilabete bakoitzeko.
d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.
e) A taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.
f) Lortu nahi den lanpostu berean emandako zerbitzuak:
f.1) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan: 0,30 puntu hilabete bakoitzeko.
f.2) Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan: 0,15 puntu hilabete bakoitzeko.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
(Ikus .PDF)
Ez dira ebaluatuko eta, horrenbestez, ez dira zatitzailean agertuko ondorengo ikasgaiei dagozkien kalifikazioak edo baliozkotze ofizialaren helburu izan direnak: erlijioa, heziera politikoa, heziketa fisikoa, hizkuntzak eta deitutako lanpostu funtzionala eskuratzeko eskatzen den tituluaren ikasketen oinarrizko edukiarekin lotura nabarmenik ez duten beste ikasgai batzuk.
b) Graduondoko prestakuntza:
– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.
– Doktore-titulua: 9 puntu.
– Graduondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.
– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.
Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Prestakuntza espezializatua:
1.– Kategorian sartzeko eskatutakoak ez diren legez aitortutako espezialitate bateko edo batzuetako tituluak dituzten izangaiak, betiere titulu horiek ofizialki onartutako fakultatiboen prestakuntza espezializatuko programa egoiliar gisa bete ondoren lortu badituzte: 2 puntu.
2.– Kategorian sartzeko eskatutakoa ez den espezialista-tituluak dituzten izangaiak (BAME bidezkoak ez direnak): 1 puntu.
d) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu):
– Ingelesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Frantsesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Alemana: gehienez, 1,5 puntu.
e) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
B) Apartatu honetan, eskaerak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan amaitu den prestakuntza baloratuko da, eta honela egiaztatuko da:
a) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.
– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.
– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
b) Irakaskuntza-jarduerak:
– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.
3) Euskara:
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
FARMAZIAKO FT
I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA
1.– Sendagaien eta osasun-produktuen bermeei eta erabilera arrazionalari buruzko legea. Medikamentuen Europako Agentzia eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia. Antolaketa eta funtzioak. Medikamentuak eta osasun-produktuak erregistratzeko, baimentzeko eta finantzatzeko prozedurak.
2.– Industrialki fabrikatutako gizakientzako medikamentuak agintzea eta banatzea. Mediku-preskripzioa eta erizainen indikazioa Mediku-errezeta eta errezeta elektronikoa Estatuan eta Autonomia Erkidegoan. Preskripziorako sistema informatikoak eta vademecum korporatiboa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan. Erabaki klinikoak hartzen laguntzeko tresna informatikoak.
3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan medikamentuen administrazio-kontratazio publikoa egitea. Administrazio-kontratuen motak. Kontratazio-organo eskudunak. Medikamentuen kontratazio zentralizatuko administrazio-prozedurak: hasiera, balorazioa, esleipena, kontratuak, administrazio-errekurtsoak, luzapenen negoziazioa eta kontratuen aldaketak.
4.– Farmaziako erosketa-sistema integratu baten kudeaketa eta ezarpen ekonomiko-finantzarioa eta logistikoa.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eta Herri Kontuen Euskal Epaitegian esku hartzea, medikamentuen administrazio-kontratazio publikoaren arloan.
6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Farmazia Batzorde Korporatiboa.
7.– Medikamentuaren zentzuzko erabilpena. Kontzeptua. Oinarrizko printzipioak. Medikamentuak hautatzeko irizpideak. Medikamentuen erabilera ebaluatzeko informazio-sistemak eta preskripzioaren kalitate-adierazleak. Medikamentuak hautatzeko irizpideak. Medikamentu berriak ebaluatzea. Posizionamendu terapeutikoak. Autonomia Erkidegoan medikamentuen erabilera hobetzeko komiteak eta batzordeak.
8.– Farmakoterapia eta medikamentuen hautaketa pediatrian. Farmakoterapia eta medikamentuen hautaketa adineko pertsonei dagokionez. Medikazio-irizpide desegokiak.
9.– Medikamentuen erabilera egoera berezietan: haurdunaldia, edoskitzaroa, giltzurrun- eta gibel-gutxiegitasuna.
10.– Farmakoterapia eta medikamentuen hautaketa gaixotasun kardiobaskularra prebenitzeko: diabetesaren, hipertentsioaren eta hiperlipemien tratamendua.
11.– Farmakoterapia eta medikamentuen hautaketa kardiopatia iskemikoa, bihotz-gutxiegitasuna eta fibrilazio aurikularra tratatzeko.
12.– Farmakoterapia eta medikamentuen hautaketa digestio-gaixotasunak tratatzeko: hipersekrezio gastrikoa, Helicobacter pylori-k eragindako infekzioa eta digestio-aparatuaren mugikortasun-nahasmenduak.
13.– Farmakoterapia eta medikamentuen hautaketa gaixotasun psikiatriko eta neurologikoak tratatzeko: insomnioa, antsietatea eta depresioa, arreta-faltagatiko nahasmenduaren tratamendua, hiperaktibitatea, dementzia eta asaldura.
14.– Farmakoterapia eta medikamentuen hautaketa min akutua eta min kronikoa tratatzeko. Farmakoterapia eta pazienteak zainketa aringarrietan tratatzeko medikamentuen hautaketa.
15.– Farmakoterapia eta patologia muskulu eskeletiko-osteoartikularrerako medikamentuen hautaketa: osteoporosia, artrosia eta lunbalgia.
16.– Farmakoterapia eta arnas-patologiaren tratamendurako medikamentuen hautaketa: asma, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa eta inhalatzeko teknikak eta gailuak.
17.– Farmakoterapia eta medikamentuen hautaketa lehen mailako arretan infekzioak tratatzeko. Antiinfekziosoak zentzuz erabiltzea. Antibiotikoekiko erresistentzien aurkako Plan Nazionala (PRAN). Antibiotikoen erabilera optimizatzeko programa (PROA).
18.– Biobaliokidetasuna. Medikamentu generikoak. Medikamentu hibridoak. Medikamentu biosimilarrak.
19.– Medikazioari heltzea paziente kroniko polimedikatuan eta tratamendua egokitzea, kontziliazioa, tratamenduaren berrikusketa egituratua, despreskripzioa eta atxikidura.
20.– Txertoak eta txertaketa-programak. Txertaketen oinarrizko kontzeptuak: txerto motak, sailkapena. Txertaketa-egutegi sistematikoak. Txertaketa-kanpainak (gripea, COVID-19...). Txertaketa egoera berezietan. Garraioa, kontserbazioa eta biltegiratzea. Hotz-katea.
21.– Medikamentuei buruzko informazioa. Bilaketa eraginkorrerako iturriak eta estrategia. Komunikazio-trebetasunak eta informazioa osasun-arloko profesionalei hedatzeko estrategiak. Heziketa sanitarioa Medikamentuei buruzko herritarren informazioa (i-botika).
22.– Pazientearen segurtasuna. Medikamentuek eragindako kontrako ondorioak. Medikazio hutsegiteak. Farmakozaintza-sistema Euskal Autonomia Erkidegoan.
23.– Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Farmazeutikorako Legea. Lehen mailako arretako farmazialariaren zeregina lehen mailako arretako egituretan eta erakunde integratuetan. Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia, 2019. Lehen mailako arretako farmaziako zerbitzu-zorroa. Lehen mailako arretako farmaziaren eskumenen mapa. Kudeaketa farmakoterapeutiko integratua.
24.– Botikin-kudeaketa eta medikamentuen kontserbazioa lehen mailako arretan. Gelditze-orga. Etxeko larrialdietako maleta.
25.– Ebidentzian oinarritutako medikuntza (EOM). Ebidentziaren irakurketa kritikoa eta sintesia. Praktika klinikoko gidak. Ikerketa-metodologia.
GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 1/2015 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 24koa, Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategina onartzen duena.
2.– Sendagaien eta Osasun Gaien Espainiako Agentzia. Eskuragarri:
3.– 1718/2010 Errege Dekretua, abenduaren 17koa, mediku-errezetei eta banaketa-aginduei buruzkoa.
4.– 954/2015 Errege Dekretua, urriaren 23koa, erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatu, erabili eta banatzeko baimena izan dezaten arautzen duena.
5.– 1302/2018 Errege Dekretua, urriaren 22koa, honako hau aldatzen duena: 954/2015 Errege Dekretua, urriaren 23koa, Erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatu, erabili eta banatzeko baimena izan dezaten arautzen duena.
6.– Preskripzio-sistemak eta vademecum korporatiboa: kontzeptua, motak, eguneratzeak. Erabaki klinikoak hartzen laguntzeko tresnak. Eskuragarri Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean.
7.– 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora.
8.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
9.– Kontratazio publikoaren plataforma Euskadin. Eskuragarri:
https://www.contratacion.euskadi.eus/inicio/
10.– Medikamentuak hornitzeko arazoak. Eskuragarri:
https://www.aemps.gob.es/medicamentosUsoHumano/problemasSuministro/home.htm
11.– Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren. Eskuragarri:
12.– 2010eko ekainaren 16ko EHAA, 113. zenbakia. Erabakia, 2010eko maiatzaren 13koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Farmazia Batzorde Korporatiboa sortu eta horren eginkizunak izendatzen dituena.
https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2010/06/1003005a.shtml
13.– 11/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Farmazeutikoari buruzkoa.
14.– AEMPS. Posizionamendu terapeutikoko txostenak. Eskuragarri:
https://www.aemps.gob.es/medicamentos-de-uso-humano/informes-de-posicionamiento-terapeutico/
15.– AEMPS. Medikamentu ordezkaezinak. Eskuragarri:
https://www.aemps.gob.es/medicamentos-de-uso-humano/medicamentos-no-sustituibles/
16.– AEMPS. Medikamentuak egoera berezietan eskuratzea. Eskuragarri:
https://www.aemps.gob.es/medicamentos-de-uso-humano/acceso-a-medicamentos-en-situaciones-especiales/
17.– Medikamentu Berriak Ebaluatzeko Batzorde Mistoaren LPN. Eskuragarri:
18.– Medikamentuen Ebaluazio Batzordeak (CENM) egindako medikamentuen ebaluazioak. 2018-2022 urteak. Eskuragarri:
19.– INFAC Informazio Farmakoterapeutikoko Buletina.
https://www.euskadi.eus/informazioa/infac-buletina/web01-a2cevime/eu/
20.– Sendagaiak zentzuz erabiltzeko gomendioak. Eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/informazioa/sendagaiak-zentzuz-erabiltzeko-gomendioak/web01-a2farma/eu/
21.– UpToDate. Eskuragarri:
12.– Osasun Sistema Nazionalaren praktika klinikoari buruzko gidak. Eskuragarri:
https://portal.guiasalud.es/gpc/
23.– Gida klinikoak. Fisterra ataria. Eskuragarri:
24.– Improving drug prescribing in the elderly: a new edition of STOPP/START criteria. Rev Esp Geriatr Gerontol. 2015(2):89-96.
25.– Menopausia osteko osteoporosiari buruzko EAEko adostasuna. 2015eko urtarrila. Eskuragarri:
26.– Antibiotikoekiko Erresistentziaren Plan Nazionala (PRAN). Antibiotikoen erabilera optimizatzeko programa (PROA). Antibiotikoen erabileraren adierazleak. Eskuragarri:
https://www.resistenciaantibioticos.es/es
27.– SEFAP argitalpena. Paziente kronikoaren medikazioa lantzeko oinarrizko elementuak: pazienteari informazioa ematea, bateratzea, berrikustea eta atxikitzea. Eskuragarri:
https://www.sefap.org/wp-content/uploads/2020/03/Elementos-básicos-del-abordaje...completo.pdf
28.– SEFAP posizionamendua pertsona ardatz duen medikazioaren berrikusketan. Eskuragarri:
https://www.sefap.org/wp-content/uploads/2022/06/POSICIONAMIENTO-REVISION-MEDICACIÓN.pdf
29.– Medikamentuaren erabilera zuhurra: paziente polimedikatuen abordatze integrala. Eskuragarri Osakidetzako web-orrian.
30.– Txertoak. Eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/informazioa/txertaketen-eskuliburura/web01-a2gaixo/eu/
31.– AEMPS. Segurtasunari buruzko informazio-oharrak. 2018-2022 urteak. Eskuragarri:
https://www.aemps.gob.es/informa/notasInformativas/medicamentosUsoHumano/seguridad/home.htm
32.– I-botika: sendagaiei buruzko informazio-fitxak. Eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/medikamentuen-informazioa-ibotika/
33.– Euskal Autonomia Erkidegoko farmakozaintza-sistema. Eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/farmakojagoletza/hasiera/
34.– 577/2013 Errege Dekretua, uztailaren 26koa, giza erabilerarako medikamentuen farmakozaintza arautzen duena. 2013ko uztailaren 27ko EHAA 179. zk.
35.– Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia, 2019.
36.– Lehen mailako arretako farmazialariaren zerbitzu-zorroa.
37.– Lehen mailako arretako farmazialariaren eskumenen mapa.
38.– Kudeaketa farmakoterapeutiko integratua.
https://www.sefap.org/media/upload/arxius/SEFAP-POSICIONAMIENTO-4.pdf
39.– Lehen mailako arretako farmazia-eskuliburua.
https://www.sefap.org/media/upload/arxius/area-conocimiento/SEFAP_Manual_complet.pdf
40.– Sendagaien erabilera segururako Institutua.
II.– GAI-ZERRENDA KOMUNA
1.– Osasun-lanbideen araudia.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitatea.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioa.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoa.
6.– Osakidetzako paziente eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
7.– Pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan.
8.– Osasunaren arloko aurretiazko borondateak.
9.– Datu Pertsonalak Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea.
10.– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.
11.– Marko Estrategikoa.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan.
14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia.
15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana.
GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.
2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.
3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena.
4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.
7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.
8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun-arloko aurretiazko borondateena.
9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
10.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, martxoaren 3ko 1/2022 Legearen bigarren aldaketa barne.
11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.
14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia (2021-2024).
15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana 2022-2028.