Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2022ko abenduaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5610

1786/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Mikrobiologoa-Parasitologoa kategorian (Mikrobiologiako eta Parasitologiako FEMT lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartu dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko deitutako hautaketa-prozesu hauetako oinarri orokorrak: 2020ko, 2021eko eta 2022ko urteetakoak eta egonkortzeko prozesukoak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.

Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuetarako deia egitea.

Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Mikrobiologo-Parasitologoa kategorian (Mikrobiologiako eta Parasitologiako FEMT lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez onartzea bloke bakoitzean (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) eskainitako destinoen zerrenda.

Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea (baremo bera da oposizio-lehiaketako blokerako eta lehiaketako blokerako).

Bosgarrena.– Lehiaketa-oposizioko blokeko gai-zerrenda onartzea, Ebazpen honen IV. eranskinean jasotakoa.

Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2023ko otsailaren 21etik 2023ko martxoaren 20ko 14:00ak artekoa izango da, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren 9.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO MIKROBIOLOGOA-PARASITOLOGOA KATEGORIARAKO (MIKROBIOLOGIAKO ETA PARASITOLOGIAKO FEMT LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO

1.– Deialdiaren xede diren destinoak.

1.1.– Deialdi honen xede izango dira Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Mikrobiologoa-Parasitologoa kategoriako (Mikrobiologiako eta Parasitologiako FEMT lanpostu funtzionala) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.

1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 1.3 oinarrian ezarritako banaketaren arabera.

2.– Izangaiek bete beharreko eskakizunak.

Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan ezarritako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak ere bete beharko dituzte, eta horiek kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dira:

a) Oinarri orokorretako 6.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, Medikuntzako, Farmaziako, Biologiako, Kimikako edo Biokimikako Lizentzia edo titulu baliokidea izatea eta Mikrobiologia eta Parasitologiako espezialitateko titulua izatea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren eskakizunak betetzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun betetzea ere.

c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:

A1 taldea (A talde zaharra): 25 euro.

3.– Prozesua nola garatuko den:

3.1.– Lehiaketa-oposizioko blokearen eta lehiaketako blokearen lehiaketa-fase bateratua:

3.1.1.– Eskakizunen eta merezimenduen egiaztapena. Dokumentazioa aurkeztea.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartuta dauden izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute –onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen den egunaren hurrengotik hasita– deialdian parte hartzeko eskatzen diren eskakizunen eta merezimenduen alegazioa egiteko, bai eta horien inguruko egiaztagiriak aurkezteko ere, 12.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera baloratuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera (12.2 oinarria).

3.1.2.– Oinarri orokorretako 14.1.1 apartatuan (lehiaketa-oposizioko blokea) eta 14.2.1 apartatuan (lehiaketako blokea) zehaztutako puntuazio-hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren proposatutako izangaiek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentziako tituluaren edo baliokidearen eta lortu nahi den lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen den Angiologiako eta Kirurgia Baskularreko espezialitateren tituluaren fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

Izangai bat aldi berean lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean sartuta badago, dokumentazioa behin bakarrik aurkeztu beharko du, oinarri orokorretan ezarritakoaren arabera (14.1.2 oinarria).

3.2.– Lehiaketa-oposizioko blokeari dagokion oposizio-fasea:

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio proben edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu, eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.

Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan, bai probak prestatzeari dagokionez, bai lehiaketa-fasean. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.

Epaimahaiak kanpoko erakunde aholkularietara jotzea ere eskatu ahal izango dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari, bai probak prestatzeko, bai oposizio-fasean probekin zerikusia duten gai guztietarako.

Oposizio-fasean, ariketa hauek egin beharko dira:

a) Lehenengo ariketa: Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.

1.– Gai-zerrenda komunari buruzko galderak Osakidetzaren webgunean argitaratutako galdera sortatik aterako dira.

2.– Gai-zerrenda orokorrari buruzko galderak prestatzeko bibliografia ere eranskin berean emango da.

b) Bigarren ariketa: epaimahaiak proposatzen dituen ariketa praktikoak egin beharko dira. Horretarako, aukerako erantzunak dituen galdera sorta bat erantzun beharko da.

Ariketak destinoen funtzio espezifikoekin lotuta egongo dira, eta haien helburua izango da izangaiek destino horietan aritzeko dituzten gaitasunak, abileziak, ezagutzak eta ahalmen profesionala baloratzea.

Oposizio-fasean, bi ariketa egingo dira proba berean; ariketa teoriko bat eta praktiko bat. Biak ala biak eskainitako destinoen funtzio espezifikoekin lotuta egongo dira. Probaren azken emaitza bi ariketen batezbesteko haztatua izango da, % 65 proba teorikoarena eta % 35 ariketa praktikoarena. Horretarako, formula honen arabera lortuko da batezbesteko haztatua:

(Ikus .PDF)

Oposizio-fasea gainditutzat emateko, bi ariketen batezbesteko haztatuak 100 puntutik 50 puntukoa izan beharko du gutxienez.

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio gai-zerrenda komuneko galderak hautatzea eta gai-zerrenda orokorreko galderak hautatzeari buruzko erabakiak hartzea. Epaimahaiak galdera horiekin guztiekin osatuko du, hain zuzen ere, ariketa teorikoa. Era berean, epaimahai kalifikatzaileari dagokio ariketa praktikoa egitea eta kalifikatzea.

3.3.– Lanpostuez jabetzea.

Oinarri orokorretako 17. oinarrian aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:

– Elkargokide-ziurtagiria.

II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA KATEGORIA HONETAN: MEDIKUA, LANPOSTU FUNTZIONALA: FAK. ESP. MIKROBIOLOGIA ETA PARASITOLOGIAKO MEDIKU-TEKNIKARIA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 1. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:

1.– Lehiaketa-oposizio blokea:

a) Txanda askeko deialdia: 15 destino.

Sarbide orokorra: 14.

Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 1.

– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.

– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa: 1.

2.– Lehiaketako blokea:

Sarbide orokorra: 4 destino.

Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak (adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa) ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek desgaitasunen bat duten langileentzako erreserba-kupoan gehituko dira (bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa).

Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.

Oinarri orokorretako 2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoak, lehiaketa-oposizioko blokekoak zein lehiaketako blokekoak, zehaztuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko uneko zikloko destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren, deialdiaren xede diren kategoriak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2018-2019ko EPEko behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren. Bi horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira.

III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO MIKROBIOLOGOA-PARASITOLOGOA KATEGORIARAKO (MIKROBIOLOGIAKO ETA PARASITOLOGIAKO FEMT LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO

1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko 20 urteetan izangaiei aitortu zaien zerbitzaldia hartuko da kontuan.

Dagokion espezialitateko etengabeko arretako behin-behineko izendapen batean egindako zerbitzuen puntuazioari zerbitzu horiengatik normalean ematen den puntuazioaren % 50 aplikatuko zaio.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

Zerga, administrazio eta gizarte neurriei eta ordena sozialari buruzko abenduaren 23ko 62/2003 Legean xedatutakoaren arabera eta deialdiak ezarri bezala, titulua irailaren 24ko 1497/1999 Errege Dekretuaren babesean eskuratu dutenen espezialista gisako antzinatasuna baloratzeko, aintzat hartuko da interesdunak espezialitatearen berezko eta berariazko eremuan egindako lan profesional eraginkor osoa. Nolanahi ere, jardute horretatik –eta hasierako alditik– kendu egingo da Espainian espezialitate horretarako ezarritako prestakuntza-aldiaren % 170. Kenketa hori ez zaie aplikatuko espezialista-titulua 1497/1999 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera lortu dutenei.

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan kategoria eta espezialitate berean edo arlo medikoko kudeaketako lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,30 puntu.

2.– Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan kategoria eta espezialitate berean edo arlo medikoko kudeaketa-lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,075 puntu.

3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan kupoko eta zonako mediku gisa espezialitate berean emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,12 puntu.

4.– Aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan kupoko edo zonako mediku gisa espezialitate berean emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,03 puntu.

5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan eta autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioetan edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako ikerketa-zentro ofizialetan edo erakundeetan ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,055 puntu.

6.– Aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,0138 puntu.

7.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan kudeaketa-arloan eta zerbitzu orokorren arloan goi-mailako kudeaketa lanpostuetan egindako hilabete bakoitzeko: 0,05 puntu.

Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:

a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,02 puntu hilabete bakoitzeko.

b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,03 puntu hilabete bakoitzeko.

c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,04 puntu hilabete bakoitzeko.

d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.

e) A taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.

f) Lortu nahi den lanpostu berean emandako zerbitzuak:

f.1) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan: 0,30 puntu hilabete bakoitzeko.

f.2) Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan: 0,15 puntu hilabete bakoitzeko.

Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.

Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.

2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).

A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:

a) Graduaurreko prestakuntza:

Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:

(Ikus .PDF)

Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako eta hizkuntzetako ikasgaien kalifikazioak, ez lanpostu funtzionala eskuratzeko eskatzen den tituluaren ikasketen berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.

b) Graduondoko prestakuntza:

– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.

– Doktore-titulua: 9 puntu.

– Graduondoko masterra: 6 puntu.

– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.

– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.

– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.

– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.

Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.

c) Prestakuntza espezializatua:

1.– Kategorian sartzeko eskatutakoak ez diren legez aitortutako espezialitate bateko edo batzuetako tituluak dituzten izangaiak, betiere titulu horiek ofizialki onartutako fakultatiboen prestakuntza espezializatuko programa egoiliar gisa bete ondoren lortu badituzte: 2 puntu.

2.– Kategorian sartzeko eskatutakoa ez den espezialista-tituluak dituzten izangaiak (BAME bidezkoak ez direnak): 1 puntu.

d) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu):

– Ingelesa: gehienez, 1,5 puntu.

– Frantsesa: gehienez, 1,5 puntu.

– Alemana: gehienez, 1,5 puntu.

e) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).

B) Apartatu honetan, eskaerak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan amaitu den prestakuntza baloratuko da, eta honela egiaztatuko da:

a) Etengabeko prestakuntza:

Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:

– 9 ordura arte: 0,25 puntu.

– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.

– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.

– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.

– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.

– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.

– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.

– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.

Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:

– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.

– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.

Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

b) Irakaskuntza-jarduerak:

– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.

– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.

c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:

Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren:

– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.

– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.

Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.

3) Euskara:

– 2. HE: 18 puntu.

– 1. HE: 9 puntu.

IV. ERANSKINA
MIKROBIOLOGIA ETA PARASITOLOGIAKO FAK. ESP. MEDIKO-TEKNIKOA

I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA

1.– Mikrobiologia klinikoaren hastapenak.

1.1.– Edukia eta kontzeptua.

1.2.– Mikroorganismoen biologia orokorra.

1.3.– Mikrobio-patogenotasuna.

1.4.– Mikrobio-taxonomia: irizpideak, metodoak eta mikroorganismoen sailkapena.

2.– Ostalariaren eta parasitoaren arteko harremanak.

2.1.– Aparatuen eta sistemen eta horien funtzioen mikrobiota normala.

2.2.– Infekzioa eta gaixotasun infekziosoak.

2.3.– Kolonizazio- eta eraso-mekanismo mikrobianoak. Birulentzia-faktoreak. Toxinak.

2.4.– Antigeno mikrobianoak.

2.5.– Ostalariaren erantzuna bakterio-, birus-, onddo- eta parasito-infekzioen aurrean.

2.6.– Infekzioarekiko erresistentzia ez-espezifikoa.

2.7.– Erantzun immunitarioa.

2.8.– Immunodepresioa.

3.– Diagnostiko mikrobiologiko zuzena (I).

3.1.– Lagin klinikoak: indikazioak, bilketa, garraioa eta kontserbazioa.

3.2.– Laginak onartzeko eta baztertzeko irizpideak.

3.3.– Mikroskopia: kontzeptua, metodoak eta aplikazioak.

3.4.– Lagin klinikoen bidez mikroorganismoak haztea eta isolatzea.

3.5.– Lagin klinikoetako mikroorganismo kutsakorrak.

3.6.– Hazkuntza-inguruneak, tindaketak eta erreaktiboak.

3.7.– Eskuz eta automatikoki ereiteko eta inkubatzeko metodoak.

3.8.– Mikroorganismoak eta laginak kontserbatzea eta artxibatzea.

4.– Diagnostiko mikrobiologiko zuzena (II).

4.1.– Antigenoak eta metabolitoak hautematea.

4.2.– Masa-espektometriaren bidez mikroorganismoak identifikatzea.

4.3.– Diagnostiko-teknika azkarrak.

4.4.– Diagnostiko-metodo molekularrak: Alderdi orokorrak. Zunda bidezko hibridazioa. 4.5.-eko teknikak. Anplifikazioa. Mikroarrayak. Sekuentziazioa.

4.5.– Mikrobiologia molekularreko eta masa-espektometriako teknika berriak aplikatzea gaixotasun infekziosoen diagnostikoan, tratamenduan eta kontrol epidemiologikoan.

5.– Diagnostiko mikrobiologiko ez-zuzena (immunologia mikrobianoa).

5.1.– Azterketa immunomikrobiologikoen oinarriak, metodoak eta erabilera.

5.2.– Proba serologiko bat hautatzea: sentikortasuna, espezifikotasuna, balio-igarleak eta beste parametro batzuk.

5.3.– Diagnostiko-teknika azkarrak.

5.4.– Automatizazioa.

5.5.– IGRA saiakuntzak.

5.6.– Emaitzen interpretazioa.

5.7.– Profil serologikoak.

6.– Ingurugiro-mikrobiologia: airearen kontrol mikrobiologikoa, uraren eta gainazalen kontrol mikrobiologikoak, pazienteen zaintzan erabilitako tresnak eta objektuak.

7.– Eragile fisikoen eta kimikoen eragina mikroorganismoetan.

7.1.– Esterilizazioa: edukia, metodoak, aplikazioak eta kontrolak.

7.2.– Antiseptikoak eta desinfektatzaileak: sailkapena, ekintza-mekanismoak, indikazioak, ebaluazio-metodoak, erresistentzia-mekanismoak, gomendioak eta erabilera-kontrola.

8.– Bakteriologia klinikoa.

8.1.– Bakteriologia orokorra.

8.1.1.– Bakterioen sailkapena eta taxonomia.

8.1.2.– Morfologia eta egitura.

8.1.3.– Fisiologia eta metabolismoa.

8.1.4.– Bakterioen genetika.

8.1.5.– Aldaketa fenotipikoak eta genotipikoak. Mutazioak.

8.1.6.– Gene-transferentziaren mekanismoak.

8.2.– Bakterio-kontrakoak.

8.2.1.– Kontzeptu orokorrak eta sailkapena.

8.2.2.– Ekintza-mekanismoak.

8.2.3.– Farmakozinetika eta farmakodinamia.

8.2.4.– Bakterio-kontrakoekiko erresistentzia: oinarri genetikoak eta biokimikoak. Erresistentzien garrantzia eta egungo egoera. Erresistentzia-mekanismoak.

8.2.5.– Bakterio-kontrakoen erabileraren eragin klinikoa: bakterio-kontrako tratamenduaren ebaluazioa eta kontrola, erresistentziaren epidemiologia, ospitale- eta komunitate-esparruko erabilera-politika.

8.3.– Mikrobio-kontrakoekiko sentikortasuna aztertzeko oinarrizko metodoak eta metodo bereziak.

8.3.1.– Antibiogramak: diluzio- eta difusio-metodoak diskoan, mikrodiluzio-metodoak saldan, gradiente antibiotikoaren metodoak zerrendan, eskuzko beste metodo batzuk, sistema automatikoak eta erdiautomatikoak.

8.3.2.– Erresistentziak detektatzeko metodo fenotipiko eta molekularrak.

8.3.3.– Antibiogramaren interpretazio klinikoa.

8.3.4.– EUCAST eta CLSI araudiak.

8.4.– Estafilokoko generoa eta beste koko Gram-positibo katalasa-positibo batzuk.

8.5.– Estreptokokoak, enterokokoak eta beste koko Gram-positibo katalasa-negatibo batzuk.

8.6.– Haemophilus, Neisseria eta Moraxella.

8.7.– Bordetella, Legionella, Brucella, Pasteurella, Francisella, Bartonella eta beste bazilo nahiz kokobazilo Gram-negatibo batzuk, nutrizio-eskakizun handikoak.

8.8.– Enterobacteriaceae. Enterobakterio oportunista eta enteropatogenoak.

8.9.– Vibrio, Aeromonas eta Plesiomonas.

8.10.– Campylobacter, Helicobacter eta beste bazilo Gram-negatibo kurbatu batzuk.

8.11.– Pseudomonas eta Acinetobacter eta beste bazilo Gram-negatibo ez-hartzitzaile batzuk.

8.12.– Corynebacterium, Listeria eta Erysipelothrix. Beste korineforme batzuk.

8.13.– Baziloak eta beste bakterio aerobiko espora-ekoizle batzuk. Interes klinikoko aktinomizetalak.

8.14.– Mycobacterium. Mikobakterio patogeno primarioak eta oportunistak. Nocardia eta kideko generoak.

8.15.– Koko eta bazilo Gram-positibo anaerobikoak. Clostridium difficile. Koko eta bazilo Gram-negatibo anaerobikoak.

8.16.– Spirochaetales-en ordena. Sifilia eta trepanomatosi endemikoak.

8.17.– Borrelia: sukar itzulkorrak eta Lyme-ren gaixotasuna. Leptospira: Mikoplasmen, Rickettsien eta klamidien ordenak. Coxiella, Ehrlichia eta beste zelula barneko bakterio hertsi batzuk.

9.– Birologia klinikoa.

9.1.– Birologia orokorra.

9.1.1.– Birusen taxonomia eta sailkapena.

9.1.2.– Birus-gaixotasunen ezaugarri orokorrak.

9.1.3.– Diagnostiko birologikorako metodoak eta teknikak.

9.1.4.– Birusak hauteman eta identifikatzeko algoritmoak.

9.1.5.– Birus-kontrako farmakoak: sailkapena, ekintza-mekanismoak eta birus-kontrakoekiko erresistentzia.

9.1.6.– Sentikortasuna aztertzeko eta birus-kontrakoekiko erresistentzien hautemate molekularreko metodoak.

9.2.– Herpesviridae familia.

9.3.– Poxviridae, Parvoviridae eta Papovaviridae familiak.

9.4.– Gripearen birusa, arnas-birus sintzitiala eta beste arnas birus batzuk.

9.5.– Arnas sindrome akutu larriak (SARS eta MERS) sortzen dituzten koronabirusak.

9.6.– Hepatitisaren birusa.

9.7.– Urdail-hesteetako infekzioak eragiten dituzten birusak.

9.8.– Enterobirusa eta Parechovirus-a.

9.9.– Retroviridae familia.

9.10.– Filoviridae, Arenaviridae, Bunyaviridae familiak eta beste RNA birus batzuk.

9.11.– Prioiek eragindako gaixotasunak.

9.12.– Prioiek eragindako gaixotasunak.

10.– Mikologia klinikoa.

10.1.– Mikologia orokorra.

10.1.1.– Onddoen ezaugarriak eta sailkapena.

10.1.2.– Gaixotasun mikotikoen ezaugarri orokorrak.

10.1.3.– Diagnostiko mikologikorako metodoak.

10.1.4.– Onddo-kontrakoak: sailkapena eta ekintza-mekanismoak.

10.1.5.– Erresistentzia-mekanismoak.

10.1.6.– Onddo-kontrakoekiko sentikortasun-probak.

10.2.– Mikosiak, azalean, larruazalean eta larruazalpean.

10.3.– Mikosi sistematikoak eta oportunistak.

11.– Parasitologia klinikoa.

11.1.– Parasitologia orokorra.

11.1.1.– Garrantzi medikoko parasitoen ezaugarriak eta sailkapena.

11.1.2.– Parasito-gaixotasunen ezaugarri orokorrak.

11.1.3.– Diagnostiko parasitologikoa.

11.1.4.– Parasito-kontrakoak: sailkapena, ekintza-mekanismoak, erresistentzia-mekanismoak eta sentikortasun-probak.

11.2.– Odoleko eta ehuneko protozooak.

11.3.– Hesteetako, urogenitaletako eta bestelako protozooak.

11.4.– Heste-helminteak.

11.5.– Ehun-helminteak.

11.6.– Medikuntzan garrantzia duten artropodoak.

12.– Mikrobio-kontrako terapeutikaren kontzeptu orokorrak.

12.1.– Tratamendu enpirikoa.

12.2.– Tratamendu etiologikoa.

12.3.– Arau orokorrak.

12.4.– Lehen aukerako tratamenduak infekzio-patologiako sindrome handietan.

13.– Infekzio-gaixotasunak.

13.1.– Jatorri ezezaguneko sukarra (JES).

13.2.– Bakteriemia, sepsia eta shock septikoa.

13.3.– Infekzio-endokartitisa. Miokarditisa. Perikarditisa. Beste hodi-barneko infekzio batzuk.

13.4.– Gailu protesikoekin loturiko infekzioak. Hodi-barneko kateterrei loturiko infekzioak.

13.5.– Nerbio-sistemako infekzioak.

13.6.– Begiko, begi inguruko, orbitako eta orbita inguruko infekzioak.

13.7.– Aho-barrunbeko infekzioak.

13.8.– Arnasbide altuetako infekzioak eta arnas egituretakoak.

13.9.– Infekzio bronkial eta pleuropulmonarrak.

13.10.– Gernu-traktuko infekzioak.

13.11.– Urdail-hesteetako infekzioak eta elikadurak eragindako toxoinfekzioak. Antibiotikoek eragindako beherakoa.

13.12.– Azaleko eta ehun bigunetako infekzioak.

13.13.– Infekzio exantematikoak.

13.14.– Hezur eta artikulazioetako infekzioak. Hezur- eta artikulazio-protesiekin lotutako infekzioak.

13.15.– Sexu-transmisiozko infekzioak (STI).

13.16.– Infekzio obstetrikoak eta perinatalak. Haurdunaldiko kontrol mikrobiologikoa.

13.17.– Paziente immunodeprimituen infekzioak. Paziente neutropenikoen, transplantatuen eta erredura handiak dituztenen infekzioak.

13.18.– Hartutako immunoeskasiaren sindromea. Loturiko infekzio oportunistak.

13.19.– Inportatutako infekzioak eta bidaia-infekzioak.

14.– Gaixotasun infekziosoen epidemiologia.

14.1.– Ospitaleko eta komunitateko infekzioak.

14.2.– Eragina eta prebalentzia: kontzeptua eta aplikazioak.

14.3.– Ikerlan epidemiologikoen eta azterlan estatistikoen motak.

14.4.– Transmisiozko gaixotasunen prebentzioa eta kontrola: infekzio-iturrien gaineko neurriak, transmisio-mekanismoak eta biztanle talde kalteberak.

14.5.– Txertaketak.

14.6.– Epidemiologia molekularra.

14.7.– Zaintza mikrobiologikoaren sistema. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasun infekziosoak.

15.– Infekzio nosokomialak.

15.1.– Sarrera eta kontzeptuak.

15.2.– Infekzio nosokomial nagusiak.

15.3.– Infekzio moten definizioak.

15.4.– Epidemiologia.

15.5.– Tipifikazio molekularrerako metodoak.

15.6.– Infekzio nosokomial nagusien zaintza-sistemak eta adierazleak.

15.7.– Infekzio nosokomialak ikertzeko eta kontrolatzeko egitura eta bitartekoak.

15.8.– Ospitaleko mikroorganismoen agerraldiak ikertzea eta ospitale-erresistentziak kontrolatzea.

15.9.– Infekzioen Batzordea: osaera eta funtzioak.

16.– Biosegurtasuna.

16.1.– Lege- eta araubide-xedapenak.

16.2.– Arrisku biologikoa objektibatzea.

16.3.– Eragile biologiko nagusiak eta horien arrisku-sailkapena.

16.4.– Biosegurtasun-mailak.

16.5.– Instalazioak diseinatzea eta laborategiko osasun-materialak eta -produktuak egokitzea.

16.6.– Hondakinen kudeaketa.

16.7.– Lagin biologikoen garraioa, biltegiratzea eta bidalketa.

16.8.– Emergentzia-planak.

17.– Bioterrorismoa.

17.1.– Erabil daitezkeen eragile biologikoak.

17.2.– Ezaugarri kliniko eta epidemiologikoak.

17.3.– Laginak bildu eta prestatzea diagnostikoa egiteko.

17.4.– Pazienteak isolatzeko metodoak eta sistema.

17.5.– Bioterrorismo-ekintzaren susmoa dagoenean informazioa emateko, jakinarazteko eta jarduteko mekanismoak.

17.6.– Tratamendua eta kimioprofilaxia.

18.– Antolaketa, kudeaketa eta informazioa.

18.1.– Zerbitzu baten organigrama.

18.2.– Zerbitzu-zorroa.

18.3.– Produktuen katalogoa.

18.4.– Jarduera eta kostuak kontrolatzeko neurriak.

18.5.– Laborategien informazio-sistemak.

18.6.– Informazioa transmititzea.

18.7.– Informazioaren tratamendu estatistikoa.

19.– Kalitatea kudeatzeko sistema.

19.1.– Kalitate-kudeaketaren metodologia.

19.2.– Kalitate-sistema ereduak eta araudiak.

19.3.– Kalitate-, ziurtapen- eta egiaztapen-kontrolak.

19.4.– Mikrobiologia-laborategiaren dokumentazioa kudeatzea. Prozeduren gidaliburua. Lan-prozedura normalizatuak.

19.5.– Erregistro, neurketa, hautemate, aginte-mahai eta adierazle-sistemak.

19.6.– Etengabeko hobekuntzaren ebaluazio-sistemak.

20.– Ospitale-ingeniaritza eta mikrobiologia-laborategi bat diseinatzea.

20.1.– Mikrobiologia-laborategi motak.

20.2.– Arlo orokorrak eta espezifikoak. Gutxieneko azalerak. Ekipamendua.

20.3.– Mikrobiologia-laborategia automatizatzea.

20.4.– Arrisku biologikoko eremuetarako plangintza.

20.5.– Airea girotzea.

20.6.– Esperimentu- eta ikerketa-eremuak.

20.7.– Mantentze-lanak.

21.– Mikrobiologiaren eta Parasitologia Klinikoaren irakasletza. Prestakuntza-plana. Saio klinikoak eta bibliografikoak.

22.– Mikrobiologia klinikoko ikerketa. Ikerketa kliniko-mikrobiologikoen proiektuak. Proiektuak diseinatzea. Ikerketa-jarduera ebaluatzea.

GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA

1.– Espainiako Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Elkartearen (SEIMC) zientzia-idatziak.

https://www.seimc.org/documentos-cientificos

2.– John Bennett, Raphael Dolin, Martin J. Blaser. Mandell, Douglas and Bennett’s Infectious Disease Essentials (1. edizioa). Filadelfia: Elsevier. 2017.

3.– John Bennett, Raphael Dolin, Martin J. Blaser. Mandell, Douglas and Bennett’s Principles and Practice of Infectious Diseases (9. edizioa). Filadelfia: Elsevier Saunders. 2019.

4.– Manual of Clinical Microbiology (1. eta 2. liburukiak; 12. edizioa). Errektore-buruak: James H. Jorgensen eta Michael A. Pfaller. Liburukien idazleak: Karen C. Carroll, Marie Louise Landry, Guido Funke, Sandra S. Richter eta David W. Warnock. American Society for Microbiology. Washington, DC: ASM Press. 2019.

5.– David H Persing, Fred C Tenover, Randall T Hayden, Greet Ieven, Melissa B Miller, Frederick S Nolte. Molecular Microbiology: Diagnostic Principles and Practice (3. edizioa). American Society for Microbiology. Washington, DC: ASM Press, 2016.

II.– GAI-ZERRENDA KOMUNA

1.– Osasun-lanbideen araudia.

2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitatea.

3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua.

4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioa.

5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoa.

6.– Osakidetzako paziente eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

7.– Pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan.

8.– Osasunaren arloko aurretiazko borondateak.

9.– Datu Pertsonalak Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea.

10.– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

11.– Marko Estrategikoa.

12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak.

13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan.

14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia.

15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana.

GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA

1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.

2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.

3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena.

4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.

5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.

6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.

7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.

8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun-arloko aurretiazko borondateena.

9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

10.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, martxoaren 3ko 1/2022 Legearen bigarren aldaketa barne.

11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/marco_estrategico_2021_2024/eu_def/adjuntos/Marco-Estrategikoa-Osasun-Saila-2021-2024.pdf

12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.

http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/osasun_plana_2013_2020.pdf

13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/cinfo_estrategia_seg_paciente/eu_def/adjuntos/ESTRATEGIA2020_eu.pdf

14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia (2021-2024).

https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/doc_sosa_soziosanitario_estrat/eu_def/adjuntos/estrategia_sociosanitara_187x280_eu_web.pdf

15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana 2022-2028.

https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_trbg_planes_programas/eu_def/adjuntos/Osakidetzan-Euskararen-Erabilera-Normalizatzeko-III-Plana-2022-2028.pdf


Azterketa dokumentala