246. zk., 2022ko abenduaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 19 orri.)
- EPUB (129 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5594
1770/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategorian (Obstetriziako eta Ginekologiako FEM lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartu dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko deitutako hautaketa-prozesu hauetako oinarri orokorrak: 2020ko, 2021eko eta 2022ko urteetakoak eta egonkortzeko prozesukoak.
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuetarako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategorian (Obstetriziako eta Ginekologiako FEM lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez onartzea bloke bakoitzean (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) eskainitako destinoen zerrenda.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea (baremo bera da oposizio-lehiaketaren blokerako eta lehiaketaren blokerako).
Bosgarrena.– Lehiaketa-oposizioko blokeko gai-zerrenda onartzea, Ebazpen honen IV. eranskinean jasotakoa.
Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2023ko otsailaren 21etik 2023ko martxoaren 20ko 14:00ak artekoa izango da, hala ezarri baita oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren 9.3 oinarrian.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK, FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO MEDIKUA KATEGORIARAKO (OBSTETRIZIAKO ETA GINEKOLOGIAKO FEM LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira Fakultatibo Medikoak eta Teknikoak lanbide-taldeko Medikua kategoriako (Obstetriziako eta Ginekologiako FEM lanpostu funtzionala) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 1.3 oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaiek bete beharreko eskakizunak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan ezarritako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak ere bete beharko dituzte, eta horiek kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dira:
a) Oinarri orokorretako 6.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentzia edo titulu baliokidea izatea eta Obstetrizia eta Ginekologia espezialitateko titulua izatea, beharrezkoa baita lanpostu funtzionalean aritzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun betetzea ere.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
A1 taldea (A talde zaharra): 25 euro.
3.– Prozesua nola garatuko den:
3.1.– Lehiaketa-oposizioko blokearen eta lehiaketako blokearen lehiaketa-fase bateratua:
3.1.1.– Eskakizunen eta merezimenduen egiaztapena. Dokumentazioa aurkeztea.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartuta dauden izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute –onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen den egunaren hurrengotik hasita– deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzen eta merezimenduen alegazioa egiteko, bai eta horien inguruko egiaztagiriak aurkezteko ere, 12.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera baloratuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera (12.2 oinarria).
3.1.2.– Oinarri orokorretako 14.1.1 apartatuan (lehiaketa-oposizioko blokea) eta 14.2.1 apartatuan (lehiaketako blokea) zehaztutako puntuazio-hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren proposatutako izangaiek honako hau aurkeztu beharko dute:
– Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentziaren edo titulu baliokidearen fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza, bai eta lortu nahi den lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen den Obstetriziako eta Ginekologiako espezialitatearena ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
Izangai bat aldi berean lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean sartuta badago, dokumentazioa behin bakarrik aurkeztu beharko du, oinarri orokorretan ezarritakoaren arabera (14.1.2 oinarria).
3.2.– Lehiaketa-oposizioko blokeari dagokion oposizio-fasea:
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio proben edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan, bai proba prestatzeari dagokionez, bai lehiaketa-fasean. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari kanpoko erakunde aholkularietara jotzea ere eskatu ahal izango dio, probak prestatzeko eta oposizio-fasean probekin zerikusia duten gai guztietarako.
Oposizio-fasean ariketa hauek egin beharko dituzte:
a) Lehenengo ariketa: Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira:
1.– Gai-zerrenda komunari buruzko galderak Osakidetzaren webgunean argitaratutako galdera-sortatik aterako dira.
2.– Gai-zerrenda orokorrari buruzko galdera horiek prestatzeko bibliografia ere eranskin berean emango da.
b) Bigarren ariketa: epaimahaiak proposatzen dituen ariketa praktikoak egin beharko dira. Horretarako, aukerako erantzunak dituen galdera sorta bat erantzun beharko da.
Ariketak destinoen funtzio espezifikoekin lotuta egongo dira eta haien helburua izango da izangaiek destino horietan aritzeko dituzten gaitasunak, abileziak, ezagutzak eta ahalmen profesionala baloratzea.
Oposizio-fasean bi ariketa egingo dira proba berean; ariketa teoriko bat eta praktiko bat, biak eskainitako destino ezberdinetako funtzio espezifikoekin lotuta. Probaren azken emaitza bi ariketen batezbesteko haztatua izango da, % 65 proba teorikoarena eta % 35 ariketa praktikoarena. Horretarako, formula honen arabera lortuko da batezbesteko haztatua:
(Ikus .PDF)
Oposizio-fasea gainditutzat emateko, bi ariketen batezbesteko haztatuak 100 puntutik 50 puntukoa izan beharko du gutxienez.
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio gai-zerrenda komuneko galderak hautatzea eta gai-zerrenda orokorreko galderak hautatzeari buruzko erabakiak hartzea. Epaimahaiak galdera horiekin guztiekin osatuko du, hain zuzen ere, ariketa teorikoa. Era berean, epaimahai kalifikatzaileari dagokio ariketa praktikoa egitea eta kalifikatzea.
3.3.– Lanpostuez jabetzea.
Oinarri orokorretako 17. oinarrian aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:
– Elkargokide-ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA KATEGORIA HONETAN:MEDIKUA, LANPOSTU FUNTZIONALA: FAK. ESP. OBSTETRIZIA ETA GINEKOLOGIAKO MEDIKUA
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 1. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
1.– Lehiaketa-oposizio blokea:
a) Txanda askeko deialdia: 34 destino.
Sarbide orokorra: 32.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 2.
– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.
– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa:2.
2.– Lehiaketako blokea:
Sarbide orokorra: 12 destino.
Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak (adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa) ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek desgaitasunen bat duten langileentzako erreserba-kupoan gehituko dira (bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa).
Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.
Oinarri orokorretako 2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoak, lehiaketa-oposizioko blokekoak zein lehiaketako blokekoak, zehaztuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko uneko zikloko destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren, deialdiaren xede diren kategoriak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2018-2019ko EPEko behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren. Bi horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO MEDIKUA KATEGORIAN (OBSTETRIZIAKO ETA GINEKOLOGIAKO FEM LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Eskabideak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko 20 urteetan izangaiei aitortu zaien zerbitzaldia hartuko da kontuan.
Dagokion espezialitateko etengabeko arretako behin-behineko izendapen batean egindako zerbitzuen puntuazioari zerbitzu horiengatik normalean ematen den puntuazioaren % 50 aplikatuko zaio.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
Zerga, administrazio eta gizarte neurriei eta ordena sozialari buruzko abenduaren 23ko 62/2003 Legean xedatutakoaren arabera eta deialdiak ezarri bezala, titulua irailaren 24ko 1497/1999 Errege Dekretuaren babesean eskuratu dutenek espezialista gisa daukaten antzinatasuna interesdunak espezialitatearen berezko eta berariazko eremuaren baitan gauzatutako lan profesional eraginkor osoaren arabera baloratuko da. Jardute horretatik kenduko da, hasierako aldian, Espainian espezialitate horretarako ezarritako prestakuntza aldiaren % 170. Kenketa hori ez zaie aplikatuko espezialista-titulua 1497/1999 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera lortu dutenei.
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan kategoria eta espezialitate berean edo arlo medikoko kudeaketako lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,30 puntu.
2.– Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan kategoria eta espezialitate berean edo arlo medikoko kudeaketa-lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,075 puntu.
3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan Kupoko eta Zonako Mediku gisa espezialitate berean emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,12 puntu.
4.– Aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Kupoko edo Zonako Mediku gisa espezialitate berean emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,03 puntu.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan eta autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioetan edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako ikerketa-zentro ofizialetan edo bestelako erakundeetan Mediku Orokor edo beste espezialitateetako mediku edo ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,055 puntu.
6.– Aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Mediku Orokor edo beste espezialitate batzuetako mediku edo ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,0138 puntu.
7.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan kudeaketa-arloan eta zerbitzu orokorren arloan goi-mailako kudeaketa lanpostuetan egindako hilabete bakoitzeko: 0,05 puntu.
Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:
a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,02 puntu hilabete bakoitzeko.
b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,03 puntu hilabete bakoitzeko.
c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,04 puntu hilabete bakoitzeko.
d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.
e) A taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.
f) Lortu nahi den lanpostu berean emandako zerbitzuak:
f.1) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan: 0,30 puntu hilabete bakoitzeko.
f.2) Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan: 0,15 puntu hilabete bakoitzeko.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
(Ikus .PDF)
Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako eta hizkuntzetako ikasgaien kalifikazioak, ez Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentziako ikasketen edo baliokideren berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.
b) Graduondoko prestakuntza:
– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.
– Doktore-titulua: 9 puntu.
– Graduondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.
– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.
Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Prestakuntza espezializatua:
1.– Kategorian sartzeko eskatutakoak ez diren legez aitortutako espezialitate bateko edo batzuetako tituluak dituzten izangaiak, betiere titulu horiek ofizialki onartutako fakultatiboen prestakuntza espezializatuko programa egoiliar gisa bete ondoren lortu badituzte: 2 puntu.
2.– Kategorian sartzeko eskatutakoa ez den espezialista-tituluak dituzten izangaiak (BAME bidezkoak ez direnak): 1 puntu.
d) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu):
– Ingelesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Frantsesa: gehienez, 1,5 puntu.
– Alemana: gehienez, 1,5 puntu.
e) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
B) Apartatu honetan, eskaerak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan amaitu den prestakuntza baloratuko da, eta honela egiaztatuko da:
a) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.
– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.
– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
b) Irakaskuntza-jarduerak:
– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.
3) Euskara:
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
OBSTETRIZIAKO ETA GINEKOLOGIAKO FEM
I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA.
1.– Emakumezkoen ugaltze-aparatuaren eta bularraren anatomia eta fisiologia. Ugaltze-funtzioaren erregulazio neurologikoa eta hormonala. Pubertaroaren eta klimaterioaren fisiologia. Sexua eskuratzea eta garapen enbriologikoa.
2.– Ernalketa, ezarpena eta enbrioiaren eta obulu-anexuen garapena haurdunaldiaren lehen faseetan.
3.– Anamnesia eta miaketa. Obstetriziako eta Ginekologiako anamnesiaren eta miaketaren alderdi espezifikoak.
4.– Proba histopatologikoak. Emakumezkoen ugaltze-aparatuko eta bularreko organoen biopsiaren eta zitologiaren oinarrizko funtsak.
5.– Ekografia. Ultrasoinuak Obstetrizian eta Ginekologian aplikatzearen oinarriak. Ultrasoinuen printzipio fisikoak eta ehunetan dituzten eraginak. Ultrasoinuen eta ekipamenduaren inguruko printzipio teknikoak. Doppler neurketa-sistemak: fluxuak, abiadurak, abiadura-indizeak, uhin espektralaren analisia. Irudiak biltegiratzea eta aztertzea.
6.– Emakumeen ugaltze-aparatuaren azterketari aplikatutako beste irudi-teknika batzuk. Emakumezkoen anatomia genital normala irudi-teknika diagnostikoetan (OTA, EMN, etab.). Histerosonosalpingografia. Bularraren azterketari aplikatutako irudi-teknikak. Estereotaxia teknikak.
7.– Emakumezkoen eta gizonezkoen ugaltze-aparatuaren miaketa funtzionalak.
8.– Emakumeen ugaltze-aparatuaren diagnostikoari eta tratamenduari aplikatutako endoskopia-teknikak. Kolposkopiaren eta bulboskopiaren oinarriak.
9.– Karenaren, mintzen eta zilbor-hestearen anatomia eta histologia. Unitate fetu-plazentarioaren fisiologia. Haurduntzaren immunologia. Likido amniotikoaren fisiologia eta erabilera klinikoa.
10.– Haurdunaldiaren diagnostiko klinikoa, biologikoa, immunologikoa eta ekografikoa. Ama haurduntzara egokitzea.
11.– Sortze aurreko eta haurdunaldiko prebentzio-neurriak. Haurduntza arruntaren kontrol medikoa, asistentzia-prozesu integratu gisa. Alterazio kromosomikoen, infekzioen eta beste gaixotasun batzuen baheketa haurduntzan.
12.– Erditzearen mekanismoa aurkezpen eta posizio desberdinetan. Aurkezpen eta posizio desberdinetako klinika eta asistentzia erditzean.
13.– Esku-hartzerik gabeko erditzearen kontzeptua. Erditzearen zuzendaritza medikoa.
14.– Analgesia obstetrikoa: motak, indikazioak, kontraindikazioak, albo-ondorioak eta konplikazioak.
15.– Jaiotzean fetua umetokitik kanpoko bizitzara egokitzeko mekanismoak. Jaioberriaren miaketa eta bizkortzea.
16.– Erditzeko kanal bigunaren eta perineoaren urradurak.
17.– Erdiberriaroaren fisiologia. Amaren organismoaren aldaketak. Amagandiko edoskitzea. Erdiberriaroko klinika eta asistentzia.
18.– Haurdunaldiaren, erditzearen eta erdiberriaroaren farmakologia.
19.– Haurdunaldian, erditzean eta erdiberriaroan eragina duten faktore psikosozialak, etnikoak eta kulturalak.
20.– Arrisku handiko haurdunaldiaren kontzeptua, identifikazioa, asistentzia-mailak eta arreta orokorra.
21.– Haurduntzako patologia lehen hiruhilekoan: epidemiologia, etiopatogenia, klinika, diagnostikoa, diagnostiko diferentziala, konplikazioak, tratamendua eta haurduntzako alterazioen prebentzioa. Berezko abortua. Haurduntza ektopikoa. Hiperemesi grabidikoa. Gaixotasun trofoblastikoa.
22.– Sortzetiko anomaliak. Teratologia-printzipioak. Agente teratogenoak.
23.– Polihidramnioak, oligohidramnioak eta amniosaren beste alterazio batzuk.
24.– Plazenta prebioa.
25.– Plazentaren askatze goiztiarra, normalean txertatua.
26.– Garai aurreko erditzearen mehatxua eta garai aurreko erditzea. Neurketa zerbikal ekografikoaren oinarriak.
27.– Mintzen haustura goiztiarra eta korioamnionitisa.
28.– Bikien haurduntza eta haurduntza anizkoitza.
29.– Umetoki barneko hazkunde mugatua.
30.– Aloinmunizazioa eta gaixotasun hemolitiko perinatala.
31.– Haurdunaldi kronologikoki luzea.
32.– Haurduntzako egoera hipertentsiboak.
33.– Haurdunaldiko diabetesa.
34.– Fetuaren heriotza umetoki barruan.
35.– Gaixotasunak haurdunaldian. Gaixotasunaren bilakaeran eta harduntzan dituen ondorioak, arreta obstetrikoa, konplikazioak eta tratamendua. Kardiopatiak. Arnas gaixotasunak. Gaixotasun tronboenbolikoa Giltzurrunetako gaixotasunak eta gaixotasun urologikoak. Gaixotasun digestiboak. Gaixotasun hematologikoak. Haurduntza aurreko diabetesa. Beste gaixotasun endokrino eta metaboliko batzuk, obesitatea barne. Ehun konektiboaren gaixotasunak eta sindrome antifosfolipidoa. Gaixotasun neurologikoak. Gaixotasun psikiatrikoak eta adikzioak. Larruazaleko gaixotasunak. Lokomozio-aparatuaren anomaliak. Neoplasia gaiztoak. Gaixotasun infekziosoak.
36.– Haurduntza egoera berezietan. Haurduntza nerabezaroan eta adin zaharrean. Behar beste kontrolatu gabeko haurduntza.
37.– Genetika- eta ugalketa-aholkuaren oinarriak. Haurdunaldian farmakoak eta erradiazio ionizatzaileak ematea.
38.– Erditzea eragitea eta heltze zerbikala: indikazioak, metodoak eta konplikazioak.
39.– Erditzearen kontrola, haurdunaldiko patologiaren bat duten haurdunen kasuan. Erditzearen kontrola haurdunaldian patologiaren bat duten emakumeen kasuan.
40.– Hipoxia fetala erditzean: fisiopatologia, diagnostikoa, konplikazioak eta tratamendua.
41.– Umetokiko dinamikaren alterazioak erditzean eta horien tratamenduan.
42.– Aurkezpen zefaliko deflexionatuen eta atzealdeko posizio okzipitala duen fetuen erditzea. Ipurdizko aurkezpenen erditzea. Erditze geldituaren diagnostikoa eta tratamendua. Sorbalden distozia. Bikien eta haurduntza anizkoitzen erditzea.
43.– Umetokia haustea.
44.– Erditze instrumentala eta zesarea. Indikazioak, teknikak eta konplikazioak.
45.– Jaioberriaren gaixotasunak eta lesioak, erditze-lanarekin zerikusia dutenak.
46.– Erditze ondoko odoljarioa, erdiberriaro goiztiarra eta berantiarra. Epidemiologia, etiopatogenia, klinika, diagnostikoa, konplikazioak eta tratamendua. Erdiberriaroko kontrola haurdunaldian patologiaren bat duten emakumeen kasuan. Erdiberriaroko infekzio motak. Erdiberriaroko patologia tronboenbolikoa. Edoskitzaroko patologia.
47.– Fetuaren egoeraren azterketa. Haurdunaldian fetuaren ongizatea kontrolatzeko metodoak. Haurdunaldian fetuaren hazkuntza kontrolatzeko metodoak. Amnioskopiaren oinarriak. Kardiotokografiaren oinarriak eta erditze aurreko eta erditu bitarteko fetu-egoera baloratzeko proben oinarriak.
48.– Jaio aurreko diagnostikorako erabiltzen diren teknika ez-ekografikoak. Prozedura diagnostikoak (amniozentesia, biopsia koriala, funikulozentesia, etab.) eta terapeutikoak (drainatzeak, herniak zuzentzea, fetu-fetu transfusioa zuzentzea, etab.). Endoskopia obstetrizian.
49.– Haurduntza goiztiarreko ekografia obstetrikoa.
50.– Haurduntza ektopikoa. Azterketa ekografikoa eta biokimikoa.
51.– Likido amniotikoaren eta plazentaren balorazio ekografikoa.
52.– Fetuaren anatomia normala 18. eta 20. asteen artean.
53.– Hurduntza anizkoitzaren eta korionizitatearen azterketa.
54.– Anomalia estrukturalak eta funtzionalak: epidemiologia-azterketa, diagnostiko diferentziala eta historia naturala, eta fetuaren anomalia morfologiko eta funtzionalen maneiua. Diagnostikoa eta tratamendua. Terapia inbaditzaileak.
55.– Fetuaren biometria. Fetuaren neurriak. Fetuaren garapenaren balorazioa. Test biofisikoak: interpretazioa. Mugak. Fetuaren tonua, mugimendu fetalak, fetuaren arnasketa. Bihotz-biriketako erritmoa.
56.– Fetuaren eta umetoki-plazentaren ebaluazio hemodinamikoa. Preeklampsiaren eta hazkuntza-atzerapenen iragarpena: aplikazio klinikoak eta mugak. Adin gestazionalerako txikiak diren fetuen monitorizazioa, isoinmunizazioa, diabetesa eta bihotz-arritmiak. Aplikazio klinikoak eta mugak.
57.– Semiologia ginekologikoa. Menstruazioaren alterazioak: sailkapena eta nomenklatura. Kausa organikodun odoljarioak. Pelbiseko mina: Motak. Sailkapena. Etiologia. Dismenorrea. Dispareunia. Pelbiseko mina, kausa organikoa duena. Diagnostikoa eta maneiua. Hilekoaren aurreko tentsioaren sindromea. Leukorrea. Motak. Etiologia. Diagnostiko etiologikoa. Maneiua. Bulbodinia. Bulbako pruritoa. Diagnostikoa. Maneiua. Mastodinia. Telorrea. Maneiua.
58.– Infekzio ginekologikoak. Beheko traktu genitalaren infekzioak: epidemiologia, etiologia, fisiopatologia, klinika, diagnostikoa, pronostikoa eta maneiua. Pelbiseko gaixotasun inflamatorioa. Aparatu genitalaren tuberkulosia. Endometritisa, mastitisa eta galaktoforitisa.
59.– Endometriosia.
60.– Emakumeen aparatu genitalaren sortzetiko anomaliak. Sailkapena. Ondorio klinikoak. Genital anbiguoak. Zulatu gabeko himena.
61.– Patologia organiko onbera bulban, introitoan, Batholino eta Skene guruinetan, baginan, zerbixean eta umetoki-gorputzean (miomak, adenomiosia, endometrioko hiperplasia, polipo endometrialak), Falopioren tronpetan (hidrosalpinxa eta beste anormaltasun tubariko batzuk), obulutegietan (kisteak, onberatasun- eta gaiztotasun-irizpideak, puntuazio ekografikoak, endometriosia, pelbis-masen diagnostiko diferentziala) eta bularretan (displasiak, kisteak, titiburuaren alterazio dermikoak, tumore onberak, Phyllodes tumorea).
62.– Pelbis-zorua. Emakumearen organo pelbikoen biomekanika eta mikzioaren fisiologia. Gernu-inkontinentzia: fisiopatologia. Sailkapena eta motak. Uzki-ondesteko fisiologia. Uzki-inkontinentziaren fisiopatologia. Pelbis-zoruaren disfuntzioen kontzeptua eta motak. Haurdunaldiaren eta erditze-lanaren inplikazioak pelbis-zoruaren patologian. Pelbis-zoruko muskuluen aldaketa fisiologikoak erditze baginalaren ondoren. Perineoko lesioen prebentzioa eta tratamendua erditzean. Pelbis-zoruaren errehabilitazioa erditzearen ostean.
63.– Pelbis-zoruaren patologiarako proba diagnostikoak. Pelbis-zoruaren akatsak eta esfortzuagatiko gernu-inkontinentzia zuzentzeko teknika kirurgikoak. Pelbis-zoruaren akatsen tratamendu medikoak eta errehabilitaziokoak. Gernu-aparatuko fistulen eta ondeste eta baginakoen diagnostikoa eta tratamendua.
64.– Endokrinologia. Egoera intersexualak: sexu-bereizketaren eta -determinazioaren alterazioak. Pseudohermafroditismoak. Hiperandrogenismoak. Hilekorik ez izateari lotutako alterazioak. Sailkapena. Amenorrea primarioak. Amenorrea sekundarioak. Hemorragia disfuntzionala. Pubertaroaren kronopatologia. Anobulazio kronikoa. Ginekologia pediatrikoa.
65.– Klimaterioa: klinikoa, diagnostikoa eta alternatiba terapeutikoak.
66.– Kontrazepzioa. Motak. Ekintza-mekanismoa Hautagarritasun-irizpideak. Argibide espezifikoak. Arriskuak eta onurak.
67.– Ernalezintasuna. Kontzeptuak, epidemiologia, etiologia, diagnostikoa. Obulutegiaren estimulazioa ugalketan. Tratamendu hormonalak ugalketan. Ugalketa lagundurako teknikak. Motak eta indikazioak. Ziklo espontaneoetako folikuluen monitorizazioa. Lagundutako ugalketako tekniken konplikazioak: haurdunaldi anizkoitza eta hiperestimulazio-sindromea. Hiperestimulazio-sindromearen diagnostikoa. Obulutegi polikistikoaren diagnostikoa.
68.– Onkologia ginekologikoa. Minbiziaren historia naturala: jatorria, garapena eta hedatzeko bideak. Epidemiologia. Arrisku-faktoreak. Minbiziaren oinarri molekularrak: onkogenesia. Paziente onkologikoaren diagnostikoaren eta jarraipenaren oinarri orokorrak. Tumore-markatzaileak. Estadifikazio-irizpide orokorrak. Faktore pronostikoak. Tratamendu antineoplasikoaren oinarri orokorrak: Kirurgia onkologiko erradikal-kontserbatzailea, kimioterapia adjubantea-neoadjubantea, erradioterapia eta haren aldaerak. Hormonoterapia, immunoterapia eta beste modalitate terapeutiko batzuk. Minbizi ginekologikoaren eta bularreko minbiziaren egoera terminala baloratzea eta lantzea.
69.– Bulbako minbizia. Epidemiologia. Arrisku-faktoreak. Bulbako lesio preinbaditzaileak: bulbako epitelio barneko neoplasia (VIN). Bulbako minbizi mota histologikoak, klinika, diagnostikoa eta prebentzioa. Tratamendua: kirurgikoa, erradioterapikoa, kimioterapikoa, beste tratamendu batzuk. Jarraipena. Errezidiba.
70.– Baginako minbizia. Epidemiologia. Arrisku-faktoreak. Baginako lesio preinbaditzaileak: Baginako epitelio barneko neoplasia (VAIN). Baginako minbizi mota histologikoak, klinika, diagnostikoa eta tratamendua.
71.– Umetoki-lepoko minbizia. Epidemiologia. Arrisku-faktoreak. Etiologia. Giza papilomaren birusa Lehen mailako prebentzioa. Zerbixeko epitelio barneko neoplasia (CIN)-epitelio barneko lesioak: diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena. Mota histologikoak, klinikoa, diagnostikoa eta tratamendua. Umetoki-lepoko minbiziaren bigarren mailako prebentzioa.
72.– Endometrioko minbizia. Epidemiologia, arrisku-faktoreak. Endometrioko hiperplasia. Mota histologikoak. Endometrioko minbiziaren klinika, diagnostikoa eta tratamendua. Tratamendua: kirurgikoa, erradioterapia, hormonoterapia kimioterapia, etab. Umetokiko sarkomak. Epidemiologia. Mota histologikoak. Klinika, diagnostikoa eta tratamendua.
73.– Tronpako kartzinoma. Epidemiologia. Mota histologikoak. Klinika, diagnostikoa eta tratamendua.
74.– Obulutegiko minbizia. Epidemiologia, arrisku-faktoreak. Sailkapena eta mota histologikoak. Klinika, diagnostikoa eta tratamendua.
75.– Bularreko minbizia. Historia naturala. Epidemiologia. Arrisku-faktoreak. Sailkapena. Klinika. Diagnostikoa. Estadiajea. Diagnostiko goiztiarra. Baheketa-programak. Lesio premalignoak eta arriskutsuak. Lesio ez-ukigarriak eta ukigarriak detektatzea. Maneiua. Pronostiko- eta iragarpen-faktoreak. Bularreko minbiziaren tratamendua: Diziplina anitzeko maneiua. Jarraipena. Tratamendu kirurgikoa. Kirurgia kontserbatzailea. Kirurgia erradikala. Kirurgia profilaktikoa. Linfadenektomia. Gongoil zelataria. Kirurgia berreraikitzailea. Konplikazioak eta ondorioak. Bularreko tratamendu neoadjubantea eta adjubantea. Beste modalitate terapeutiko batzuk: immunoterapia.
76.– Genitalen eta bularretako minbiziarekin lotutako beste alderdi batzuk. Emakumeen minbiziaren prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra. Minbizia eta haurdunaldia. Minbizia eta ugalkortasuna. Minbizia eta aholku genetikoa. Paziente onkologikoaren minaren maneiua.
77.– Kirurgia ginekologian. Emakumeen aparatu genitalaren eta bularren kirurgia irekian eta endoskopikoan maiz erabiltzen diren tresna kirurgikoen nomenklatura eta funtzioa. Aparatu genitalaren eta bularraren kirurgiako josturak. Kirurgiari heltzeko bide desberdinak. Teknika laparotomikoak. Histerektomia-teknikak. Linfadenektomia pelbikoaren teknikak, paraaortikoarenak, izterrondokoarenak eta besapekoarenak. Histeroskopiaren oinarriak eta teknika. Aurkikuntza histeroskopikoen interpretazioa. Laparoskopiaren oinarriak eta teknika. Aurkikuntza laparoskopikoen interpretazioa. Asepsiaren eta antisepsiaren printzipioak. Hemostasia-teknikak. Nutrizioaren, azido-base orekaren eta fluidoterapiaren maneiua. Zauri kirurgikoaren orbaintzea. Kirurgia ondoko konplikazio ohikoenen maneiua eta prebentzioa. Kirurgiaren konplikazio berantiarrak. Hemoterapiaren eta hemoderibatuen indikazioak, maneiua eta alderdi etikoak.
78.– Ekografia ginekologikoa. Anatomia pelbiko normalaren ezagutza. Umetokia: tamaina, posizioa, forma eta neurriak. Endometrioaren aldaketa ziklikoak. Endometrioaren lodiera neurtzea. Obuluak: tamaina, posizioa, forma eta neurriak. Aldaketa zikliko morfologikoak eta dinamikoak. Folikuluen eta gorputz luteoaren neurketa. Peritoneo-likidoaren balorazioa. Doppler-a ginekologian. Ernalezintasuneko eta tumore-patologiako aplikazioak.
79.– Prozedura inbaditzaileak. Obulutegiko kisteak ziztatzea eta xurgatzea. Abzesu pelbikoak drainatzea. Umetoki barneko gailuak erauztea. Bularreko patologian diagnostiko inbaditzaileak egiteko teknikak (irudi bidez zuzendutako biopsia). Mamotomoa.
GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA
1.– Tratado de Ginecología y Obstetricia. SEGO. Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkartea. Luis Cabero Roura, Eduardo Cabrillo Rodríguez.
2.– Fundamentos de Ginecología. SEGO. Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkartea. Bajo Arenas, J.M.
3.– Endocrinología ginecológica clínica y esterilidad. Fritz, Marc A., Speroff, L.
4.– Guía de práctica clínica sobre la atención al parto normal. Osasun Ministerioa.
Https://www.mscbs.gob.es/organizacion/sns/planCalidadSNS/pdf/equidad/guiaPracClinPartoCompleta.pdf
5.– Obstetricia y Medicina Materno-Fetal. Luis Cabero Roura, Donato Saldívar Rodríguez, Eduardo Cabrillo Rodríguez.
6.– Fundamentos de Obstetricia. SEGO. Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkartea. Bajo Arenas, J.M., Melchor Marcos, J.C. Mercé, L.T.
7.– Espainiako Patologia Zerbikalen eta Kolposkopien Elkartearen gida klinikoak (AEPCC).
Http://www.aepcc.org/aepcc-guias/
8.– Umetokiko umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko algoritmoak (AEPCC).
Http://www.aepcc-guias.org/algoritmos/
9.– Fundamentos de reproducción. SEGO. Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkartea. Bajo Arenas, J.M., Coroleu Lletget, B.
10.– Manual práctico de esterilidad y reproducción humana. Remohí, Bellver, Ferrando, Requena, Pellicer.
11.– Ginecología oncológica. Diniz, S., Almeida, E., Figueiredo, E., Monteiro, M., Ferreira, A.
12.– Ginecología oncológica. ESGOren protokoloak.
13.– Speroff (Endokrinologia ginekologikoa).
14.– Novak (Ginekologiako tratatua).
15.– Danforth (Obstetrizia eta ginekologia tratatua).
16.– Williams (Obstetrizia).
17.– Obstetrizia. Usandizaga & De La Fuente. ISBN: 9788471015457. 2016. Marbán.
II.– GAI-ZERRENDA KOMUNA
1.– Osasun-lanbideen araudia.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitatea.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioa.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoa.
6.– Osakidetzako paziente eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
7.– Pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan.
8.– Osasunaren arloko aurretiazko borondateak.
9.– Datu Pertsonalak Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea.
10.– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.
11.– Marko Estrategikoa.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan.
14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia.
15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana.
GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA
1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.
2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.
3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena.
4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.
5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.
7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.
8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun-arloko aurretiazko borondateena.
9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
10.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, martxoaren 3ko 1/2022 Legearen bigarren aldaketa barne.
11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.
12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.
13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.
14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia (2021-2024).
15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana 2022-2028.