243. zk., 2022ko abenduaren 22a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (208 KB - 8 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5499
EBAZPENA, 2022ko urriaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, oinarri espezifikoak argitaratzekoa hautaketarako ohiko prozesuaren barruan: administrazio eta zerbitzuetako karrerako funtzionarioak, C taldea.
UPV/EHUren Gobernu Kontseiluaren 2019ko abenduaren 12ko Erabakiaren bidez, administrazio eta zerbitzuetako langileen 2019ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2019ko abenduaren 24ko EHAA, 244. zk.). UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2020ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, 2020. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen (2020ko abenduaren 31ko EHAA, 262. zk.). Gobernu Kontseiluaren 2021eko abenduaren 16ko Erabakiaren bidez (2021eko abenduaren 24ko EHAA, 265. zk.), 2021. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen, eta Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez (2022ko maiatzaren 31ko EHAA, 104. zk.), administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2022. urteko lan eskaintza onartu eta 2019, 2020 eta 2021. urteetako lan eskaintzak aldatu ziren.
Deialdi espezifikoen kudeaketan ekonomia, eraginkortasuna eta efizientzia ezartze aldera, eskaintza guztiak prozesu bakar baten barruan sartu dira eta prozesu horren oinarri orokorrak onartuta daude UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 20ko Erabakiaren bidez.
Gobernu Kontseiluaren erabaki horretako hirugarren xedapenak ahalmena ematen dio errektoreari erabakia gauzatzeko behar diren erabakiak eman ditzan, bai eta, oinarriak argitaratu ondoren, akatsak zuzentzeko edo bestelako aldaketa formalak egiteko beharrezko izan daitezkeenak emateko ere.
UPV/EHUren Estatutuen 59., 60. eta 61. artikuluek ezarri bezala, eta kontuan izanik Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen Erabakia, 2022ko urriaren 27koa, ezartzen duena UPV/EHU itxita egongo dela 2023ko urtarrilaren 2tik 5era, eta aintzat harturik, halaber, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. eta 24. artikuluak eta II. tituluaren IV. kapitulua (langileak hautatzeari buruzkoa), Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren IV. tituluaren I. kapitulua, 2022ko ekainaren 30eko Akordio bateratua, AZPko lan kontratudun eta AZPko funtzionarioen negoziazio mahaiena (LEPetako sarrera prozesuetako deialdiak arautzeko gutxieneko irizpideei buruzkoa), AZPko funtzionarioen Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko Akordioa (ezartzen dituena irizpide orokorrak 2018ko birjartze tasari dagokion funtzionarioen lan eskaintza publikorako, eta funtzionarioen lekualdaketa lehiaketarako eta barne promoziorako), eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak deialdi hau behin onartuta 2022ko urriaren 20ko bileran,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Deialdia egitea ohiko prozesuaren barruan hautaketa prozesuak egin daitezen, lehiaketa-oposizio sistemaren bidez, 23 plaza betetzeko UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako karrerako funtzionarioen kolektiboan, C taldean, Administrarien eskalan. Plazak era honetara banatuta daude eta ezaugarri hauek dituzte:
– Hogeita bi (22) plaza txanda librean:
• Plaza bat (1) 3. HErekin eta derrigortasun data gaindituta.
• Hogei (20) plaza 2. HErekin eta derrigortasun data gaindituta; horietako plaza batek betebehar espezifikoa hau dauka: ingeleseko B2 maila; bi (2) plaza betebehar espezifiko honekin: ingeleseko C1 maila.
• Plaza bat (1) 2. HErekin eta derrigortasun data gainditu gabe; horietako batek betebehar espezifiko hau dauka: ingeleseko B2 maila.
– Plaza bat (1) desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan, 2. HErekin eta derrigortasun data gainditu gabe.
Plazen deialdi honek erantsita dauka generoaren eraginaren aurretiazko ebaluazio txostena, oinarri hartuta Bizkaiko Foru Aldundiaren azaroaren 19ko 141/2013 Foru Dekretua.
Bigarrena.– Eskariak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 9tik urtarrilaren 28ra artekoa izango da (bi egunak barne).
Hirugarrena.– Deialdian parte hartzeko baldintzak.
Oinarri orokorretako 4.2. atalean zehaztutako baldintzez gain, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte hautagaiek, uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 43. artikuluan zehaztutakoaren arabera:
a) Eskatutako titulazioa izatea: Batxilergoa, Batxilergo Bateratu Balioaniztuna, Lanbide Heziketako goi mailako teknikari edo teknikari espezialista titulua edo baliokidea, kasuan kasuko organo eskudunak emanak.
b) Kasuan kasuko lanpostuaren baldintzak betetzea, baita indarrean dagoen araudiak ezarritako beste edozein ere.
c) Eskariak aurkezteko ordaindu beharreko tasak:
Oinarri orokorretako 5.2.h) oinarrian zehaztutako baldintza betetzeko, tasak eskariak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira Kutxabank entitatean, oinarri horietako 5.1 puntuan adierazitakoari jarraikiz.
Eskaria UPV/EHUko webgunearen bidez aurkezten dutenek (5.1.a) oinarria) «ordainketa pasabidearen» bitartez ordaindu ahal izango dituzte tasak, sisteman bertan zehazten diren baldintzak betez. Bestela, ordainketa Kutxabanken egin ahal izango dute.
Tasa horien zenbatekoa 15,64 eurokoa da.
Laugarrena.– Lehiaketa-oposizio bidezko hautaketa sistema.
4.1.– Oposizio fasea: proba teoriko-praktiko bat egin beharko da.
Proba teoriko-praktikoan 20 puntu lortu ahal izango dira guztira, eta proba gainditzeko, 10 puntu beharko dira.
Ariketa bakarra idatzia izango da eta baztertzailea. Test motako galdetegi bat izango da: 60 galdera gehi erreserbako 20; bakoitzak lau erantzun aukeran eta bakar bat zuzena. Galderak aukeratuko dira gehienez 500 galdera izango dituen sorta batetik, eta erabaki honen eranskinean jasotako programako gaien (35 gai) eduki teorikoei edo praktikoei buruzkoak izango dira.
Probak 80 minutuko iraupena izango du. Ariketaren kalifikazioa 0tik 100era bitartekoa izango da.
Erantzun okerrek eta erantzun gabekoek ez dute penalizaziorik izango.
Oposizioaren gai zerrendaren edukia egokituko da deialdiaren datan «Estatuko Aldizkari Ofizialean» (BOE) argitaratutako araudira.
500 galderako galdera sorta argitaratuko da ariketa egin baino lau (4) hilabete lehenago gutxienez.
Azterketa egin ondoren epaimahaiak galdera bat edo gehiago baliogabetzea erabakitzen badu, erabaki horretan bertan ezarriko du baliogabetutako galderen ordez erreserbako beste horrenbeste galdera erabiliko dituela, kontuan izanik hurrenkera.
Fase hau gainditu ahal izango du plaza kopurua baino handiagoa izango den hautagai kopuru batek.
Nota gordetzea. Hautagaiak hurrengo deialdi batean oposizio faseko ariketak egiteaz salbuetsita geratuko dira, baldin eta oposizio fasean gehienez lor daitekeen puntuazioaren % 70etik gorako nota lortu badute, baina lehiaketa fasean merezimendu nahikorik ez izatearren eskalan plazarik lortu ez badute, eta, betiere, hurrengo deialdi horretan talde, eskala eta txanda berean aurkezten badira eta gai zerrendaren edukia, ariketak eta kalifikatzeko modua berberak badira. Hala ere, nota hobetu nahi izanez gero, aurkezteko aukera izango dute. Kasu horretan, hautagaiak lortutako nota txikiagoa bada edo oposizio fasea gainditzen ez badu, 2019-2020-2021-2022 LEPeko deialdiko nota gordeko zaio.
4.2.– Lehiaketa fasea (oposizio fasearen % 45): lehiaketa faseko kalifikazioa lortzeko, gehienez ere 9 puntu, batu egin beharko dira merezimenduetako puntu guztiak.
Merezimenduen baremoak atal hauek ditu:
A) merezimendu profesionalak.
B) merezimendu akademikoak.
Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango eta ez da kontuan hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.
Merezimenduak eskuratuta izan behar dira eskariak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Honako merezimendu hauek hartuko dira kontuan, baremo honen arabera:
A) Merezimendu profesionalak:
Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak deialdi bakoitzerako eskariak aurkezteko azken egunera arte. Emandako zerbitzutzat hartuko dira bitarteko funtzionario izendapenean azaltzen diren zerbitzu profesionalak. Zerbitzu betekizunetan emandako zerbitzuak baloratzean langileak orduan zeukan izendapeneko lanpostuan emandakotzat hartuko dira.
Atal honetan, 9 puntu lortuko dira gehienez, irizpide hauen arabera:
a) Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legearen laugarren xedapen iragankorrari jarraikiz, UPV/EHUn emandako zerbitzuak, deialdiko eskala berean: 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko; gehienez, 9 puntu.
b) Beste unibertsitate publiko batzuetan emandako zerbitzuak, deialdiari dagokionaren pareko eskalan: 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko; gehienez, 6 puntu.
c) Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak, deialdiari dagokionaren pareko eskalan: 0,1 puntu lan eginiko hilabete oso bakoitzeko; gehienez, 4,5 puntu.
Puntuak zenbatzeko, lan egindako aldien batuketa egingo da, eta azken baturan ez da kontuan izango 30 egun naturaletik beherako zatirik. Lanaldi partzialean emandako zerbitzu aldiak lanaldi osoan emandakotzat hartuko dira.
B) Merezimendu akademikoak.
B.1.– Titulazio akademikoak: Titulu akademikoei 1,5 puntu emango zaie gehienez, eskatutako lanpostuari dagokion sailkapen taldean sartzeko beharrezko tituluari izan ezik, modu honetara banatuta:
– Eskuratu nahi den lanpostuaren sailkapen taldean sartzeko eskatutakoen gainetik dagoen titulu bat edukitzea: 1,5 puntu.
– Eskuratu nahi den sailkapen taldean sartzeko eskatzen den tituluaz gain, maila bereko beste bat edukitzea: 0,75 puntu.
Titulu bat baloratzen denean ez dira baloratuko hori lortzeko behar diren beheragoko tituluak.
B.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak: gehienez ere 1,50 puntu emango da, betiere baremo honen arabera:
– Europako Marko Bateratuko B2 mailako edo maila goragoko frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: Puntu 1 hizkuntza bakoitzeko.
– Europako Marko Bateratuko B1 mailako frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: 0,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– Europako Marko Bateratuko A2 mailako frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: 0,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Kontuan hartuko da UPV/EHUko errektoreak 2012ko martxoaren 8an emandako Erabakia, hizkuntza ez-ofizialen baliokidetasunari buruzkoa (Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen 2017ko maiatzaren 22ko Erabakiaren bidez eguneratu zena), edo erabaki horren ordezko arautegia.
Puntuazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzen denean, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.
Bosgarrena.– Merezimenduak akreditatzea.
Merezimenduak akreditatu egin beharko dira, eta horretarako, ondorengo dokumentuak aurkeztu beharko dira oinarri orokorretan zehaztutako epe eta eran, ez da aurkeztu beharko, baina, UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzak jada bere esku daukan dokumenturik:
5.1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, baina ez dira akreditatu beharko. Administrazioak ofizioz zenbatuko ditu.
5.2.– Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak ziurtatzeko, administrazio bakoitzak horretarako duen eredua erabiliko da. Ez da ziurtagiri hori aurkeztu beharko UPV/EHUk hirurtekoetarako aitortuta dituen zerbitzuetarako. Nolanahi ere, banakatu egingo dira lan eginiko aldiak, eta aldi horiek zein talde eta eskalari dagozkien zehaztu. Horrez gain, lanpostuaren edo lanpostuen monografia edo eginkizunen ziurtagiria aurkeztu beharko da, langileen arloko zuzendaritza eskudunak emandakoa.
5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean, foru administrazioan eta toki administrazioan emandako zerbitzuak baliokidetzat hartuko dira, aintzat harturik uztailaren 30eko 208/1990 Dekretua, Euskal Administrazio Publikoetako kidegoen eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duena.
5.4.– Tituluak akreditatzeko, aurkeztu beharko da titulua, edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izatearen egiaztagiria, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria, edo tituluaren jabe izatea egiaztatzen duen dokumentua. Kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutako tituluak.
5.5.– Hizkuntzak akreditatzeko, titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ez da probarik egingo. Kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutakoak.
Seigarrena.– Euskara.
6.1.– Eskaintzen diren plaza guztiek gaindituta badaukate derrigortasun data deialdia egiten den egunean, «gai» kalifikazioa izango dute kasuan kasuko hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duten hautagaiek.
6.2.– Eskaintzen diren plazek ez badaukate gaindituta derrigortasun data deialdia egiten den egunean, honela baloratuko da euskara maila eta ezin izango da lortu bitarteko puntuaziorik:
2. HE duten lanpostuak, derrigortasun data gainditu gabe:
– 1. HE akreditatuz gero: 1,45 puntu.
– 2., 3. edo goragoko hizkuntza eskakizuna akreditatuz gero: 2,90 puntu.
Zazpigarrena.– Azken kalifikazioa.
7.1.– Hautagaien azken kalifikazioa izango da lortutako puntuen batura.
7.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak argitaratuko dira UPV/EHUren iragarki oholean eta www.ehu.eus helbidean.
Zortzigarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke zuzenean Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bi errekurtsoak ezin dira batera jarri.
Leioa, 2022ko urriaren 20a.
UPV/EHUko errektorea,
EVA FERREIRA.
ERANSKINA
GAI ZERRENDA: ADMINISTRARIEN ESKALA
1.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: ezaugarriak, egitura eta erreforma. Konstituzioko printzipioak. Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa. Espainiako Konstituzioaren balio gorenak. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak.
2.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: Gorte Nagusiak. Legeak egitea. Nazioarteko tratatuak. Gobernua eta Administrazioa. Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak. Estatuko Lurralde Antolamendua. Konstituzio Auzitegia.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutua: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskal Autonomia Erkidegoaren aginteak. Ogasuna eta Ondarea. Estatutuaren erreforma. 12/2002 Legea, maiatzaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duena.
4.– Europar Batasuneko Zuzenbidea. Erakundeen panorama laburra: Kontseilu Europarra, Europar Batasuneko Kontseilua, Batzordea, Parlamentua eta Auzitegia. Erregelamenduak eta Zuzentarauak.
5.– Administrazio Zuzenbidearen iturriak: Legea: kontzeptua eta motak. Lege indarra duten arautegiko xedapenak: Lege Dekretuak eta Legegintzako Dekretuak.
6.– Erregelamendua. Erregelamendu motak. Erregelamendu ahalaren oinarriak eta mugak. Legez kanpoko erregelamenduak. Lege erreserba eta erregelamendu erreserba.
7.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Eremu subjektiboa. Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera. Administrazio egintzak.
8.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio prozedura erkidea. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: administrazio-errekurtsoak. Legegintza ekimena eta erregelamenduak eta bestelako xedapenak emateko ahala
9.– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Xedapen Orokorrak. Administrazio Publikoetako organoak: Administrazio organoak, Eskumena, Administrazio Publikoetako kide anitzeko organoak, Abstenitzea eta errekusatzea.
10.– 6/2001 Legea, Unibertsitateena. Unibertsitateen eginkizunak eta autonomia. Unibertsitateen izaera, sorrera, aitortza eta araubide juridikoa. Unibertsitateen egitura. Unibertsitateen gobernua eta ordezkariak. Unibertsitateen arteko koordinazioa, lankidetza eta elkarlana. Ebaluazioa eta akreditazioa.
11.– 6/2001 Legea, Unibertsitateena. Ikasketak eta tituluak. Ikerketa unibertsitatean eta ezagutzaren transferentzia. Ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomikoa eta finantzarioa. Goi Mailako Hezkuntzaren Europar Esparrua.
12.– 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Euskal unibertsitate sistemaren printzipioak, helburuak eta eginkizunak. Unibertsitateen araubide juridikoa. Unibertsitatean erabiltzen diren hizkuntzak. Unibertsitateko kideak. Irakaskuntza, ikaskuntza eta ikerketa. Euskal unibertsitate sistemaren antolamendua. Kalitatea ebaluatzea eta egiaztatzea.
13.– UPV/EHUren Estatutuak: izaera eta helburuak. Unibertsitateko kideak. Unibertsitateko jarduera. Egitura. Gobernu organoak. Gizarte Kontseilua. Unibertsitateko Klaustroa. Gobernu Kontseilua. Campuseko Batzarra.
14.– UPV/EHUren Estatutuak: Kide bakarreko organoak. Administrazio zerbitzuen egitura. Unibertsitateko ikastegietako eta Sailetako gobernu organoak. Sailen esparru arautegia.
15.– Unibertsitateko irakasleak: motak eta araubide juridikoa. Aukeraketa, eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak eta bateraezintasun araubidea. UPV/EHUko irakasleen lan baldintzak arautzeko hitzarmen erregulatzailea.
16.– UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileak. Estatutuak, hitzarmen kolektiboa eta lan baldintzak arautzeko akordioa.
17.– 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa.
18.– 33/2003 Legea, azaroaren 3koa, Administrazio Publikoen Ondareari buruzkoa.
19.– 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena. Kontratu motak eta horietako bakoitzaren betekizun orokorrak eta espezifikoak. Administrazio kontratuaren elementu subjektiboak (aldeak). Kontratazio espedienteak. Administrazio kontratuen gestio ekonomikoa.
20.– Administrazioaren jabetzak: Motak. Elementuak eta araubide juridikoa. Prerrogatibak. Jabari publikoa erabiltzea.
21.– Berdintasunari eta Generoari buruzko araudia. Genero Berdintasuna: kontzeptu orokorrak. Genero indarkeria: kontzeptu orokorrak. Publizitate instituzionala eta irudi publiko ez-sexista. Genero Berdintasuna politika publikoetan: genero ikuspegiaren kontzeptua eta zeharkakotasuna.
22.– Aurrekontua: kontzeptua. Aurrekontuaren printzipioak. Aurrekontua programen arabera. Aurrekontu zikloa. Aurrekontuaren egitura. Aurrekontu kredituak sailkatzeko irizpideak. Aurrekontuko aldaketak. Kreditu zabalkuntzak. Kredituak sortzea. Kreditu transferentziak. Kreditu txertaketak.
23.– Gastuen aurrekontuak egikaritzea: prozedura orokorra, faseak, organo eskudunak eta kontabilitateko dokumentuak. Urte anitzeko gastuak, izapidetze aurreratuko espedienteak eta gastuak baliozkotzea. Ekitaldia ixteko eragiketak. Ordainketak: kontzeptua eta sailkapena.
24.– Euskal Autonomia Erkidegoaren finantza jarduera kontrolatzea. Kontzeptua eta motak. Barne kontrola: kontu hartzailetza eta haren modalitateak, finantza kontrola eta finantza kontrol iraunkorra. Kanpo kontrola.
25.– Nominak: egitura eta egiteko arauak. Egiteko prozedura: prestatzea, izapidetzea, onartzea, kontrolatzea, kontabilizatzea eta ordaintzea.
26.– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren legearen testu bateratua onartzen duena; eta 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal funtzio publikoarena.
27.– Espainiako Gizarte Segurantzaren sistema. Araubide orokorra. Langileen afiliazioa: altak, bajak, egiteko modua eta epeak. Kotizazioa: oinarriak eta motak. Kuotak biltzea. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen zerbitzupeko pertsonalaren gizarte aurreikuspeneko beste araubide batzuk.
28.– Komunikazioa. Komunikazioaren elementuak. Komunikazio motak: hitzezkoa; hitzik gabeko transmisio bideak. Jendaurreko arreta.
29.– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena.
30.– Herritarrek Administrazio Publikoarekin dituzten harremanak; informazio, eskaera eta partaidetza eskubideak. Harremanetarako bitarteko eta kanalak: herritarrei informazioa eta arreta emateko zerbitzuak, gardentasuna eta informazio publikoa eskuratzea. Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izatea. Iradokizunak eta erreklamazioak: jasotzea, erregistroa, izapidetzea eta kudeaketa.
31.– Dokumentuak kudeatzea. Jatorriko dokumentuak eta kopiak. Jatorrizko dokumentuen banakatzea eta espedienteak osatzea. Administrazio erregistroak: aurkezpena eta izapidetzea. Identitate korporatiboa.
32.– Artxiboa. Kontzeptua. Artxibo motak. Artxiboaren antolaketa. Artxiboa zentralizatzea edo deszentralizatzea. Artxiboen sarbideko eta segurtasuneko arauak. Artxibatze prozesua. Administrazio dokumentuak artxibatzea. UPV/EHUko kudeatzeko artxibo edo bulegoko artxiboari buruzko eskuliburua
33.– Biblioteka motak. Unibertsitateko bibliotekak. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko biblioteka. Funts bibliografikoak eskuratzea eta erregistratzea. Aldizkako argitalpenen kontrola. Sailkatze eta indexazio sistemak: SHUa. Funtsen antolaketa. Biblioteka zerbitzuak: maileguak, informazioa eta herritarren harrera. Zaintza, kontserbazioa eta erreprografia.
34.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedea, aplikazio eremua eta definizioak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea. Datuak babesteko agintaritzak. Zehapen araubidea. Eskubide digitalen bermea.
35.– Sistema eragileak: kontzeptu orokorrak. Fitxategi arakatzailea. Fitxategien formatuak. Bilatzeko eragiketak. Bulegotikako aplikazioak: ezaugarriak, funtzioak eta erabilgarritasunak. Datu gestioa. Nabigatzaileak eta posta elektronikoa. Segurtasun informatikoari buruzko oinarrizko kontzeptuak.