243. zk., 2022ko abenduaren 22a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (163 KB - 6 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
5483
AGINDUA, 2022ko abenduaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa onartzen duen 185/2010 Dekretuaren 60. artikuluan aurreikusten den partzialki ordaindutako baimena eskuratzeko baldintzak ezartzen dira.
2004ko urtarrilaren 7ko Aginduaren bidez (2004ko urtarrilaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren 60. artikuluan aurreikusitako partzialki ordaindutako baimenaz gozatzeko baldintzak ezarri ziren.
Agindu horrek, aurrekarietan jasotzen denaren arabera, Jaurlaritzaren konpromisoetako bati erantzuten zion, hau da, Euskal Administrazio Publikoko irakasle funtzionarioen familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko pizgarriari. Era berean, beti ulertu izan da euskal hezkuntza-sistemarako neurri positiboa dela eta horrek irakaskuntzaren kalitatea hobetuko lukeela. Ildo horretan, partzialki ordaindutako urtebeteko baimena hartzea planteatu zen. Hori irakasleen kolektiboaren nahi irrikatsua zen, behin eta berriz eskatzen baitzuten; esparru horretan, urte sabatiko deitu izan zaio.
Urte hauetan, irakasle funtzionarioak arautzen dituzten akordioek baimen horri buruzko erreferentziaren bat jaso dute jada. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 60. artikulua da baimen horren erreferentea, eta berariaz aipatzen du orain aldatu nahi den agindua.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorraren ondorioak amaitzearen ondorioz, komeni da 2004ko Agindua eguneratzea, kontuan hartuta, batetik, urte horietan izandako esperientzia, eta, bestetik, baimen hori eskuratzeko eskatutako baldintza batzuen birtualtasuna galdu izana, hala nola borondatezko erretiroa hartzeko bost urte baino gutxiago falta ez izatea.
Aurreko guztiagatik, 2004ko urtarrilaren 7ko Agindua (2004ko urtarrilaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua) aldatzea planteatzen da. Agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 60. artikuluan aurreikusitako partzialki ordaindutako baimena baliatzeko baldintzak ezarri zituen.
Agindu berri hori eguneratuz, bere garaian hura ezartzeko funtsezkoak izan ziren printzipioak berretsi nahi dira eta, batez ere, egungo egoeran enplegua sustatzeko neurri gisa duen balioa azpimarratu nahi da, nahitaezko erretiroa hartu aurreko urtera arte baimen hori baliatzeko aukeraren berrikuntza txertatuz.
Proposatzen den testu berri horrek honako aldaketa hauek planteatzen ditu:
Berritasun gisa, baimena baliatzen den bosgarren urtean lan egiten ez bada ere, interesdunak azken urte hori luzatzeko aukera izango du, baldin eta azken urtean bi hilabete baino gehiago jarraian aldi baterako ezintasuna izan badu. Neurri hori hartu da interesdunek eta sindikatuek eskatuta, kasuak eman direlako, non, baimenaren azken urtean ezin izan den baimena baliatu, aldi baterako ezintasuna eragin duen eragozpenen bat jasan izateagatik.
Gaur egun, eskaera aurkezteko epea luzeegia da; izan ere, egun bost hilabeteko epea dago (urtarriletik maiatzera), eta horregatik proposatzen da hiru hilabetera arte murriztea (urtarriletik martxora). Kudeaketaren ikuspegitik, baimena emateko behin betiko ebazpena oporraldi osoan edo eskola-garaitik kanpo ematen da, eta, kudeaketaren ikuspegitik, ikasturte hasierako prozesu guztiak prestatu behar dira (lekualdatze-lehiaketa, lan-eskaintza publikoa, esleipenak, zerbitzu-eginkizunen luzapena, zerbitzu-eginkizunen deialdiak, osasun-zerbitzuen eginkizunak, etab.). Ildo horretan, azken urteotan, urtero irakaskuntzan errepikatzen diren jardueren kronograman, ikasturtearen hasierari dagokionez, posible denean, prozesu batzuk aurreratu egin dira, gehiegizko lan-pilaketa eta kolapso-egoerak saihesteko, langileen oporraldi arruntarekin bat datorren urteko sasoian.
Hori guztia dela eta, antolaketa- eta efizientzia-arrazoiengatik egiten da aldaketa-planteamendu bat, baina horrek ez die kalterik eragingo epe luzea izaten jarraituko duten eskatzaileei.
Eskatzaileen betekizunei dagokienez, honi dagokion atala aldatzea proposatzen da: «Borondatezko erretiroa eskatzeko bost urte baino gutxiago falta ez izatea». Ildo horretan, adierazi behar da abuztuaren 31n amaitu dela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren Bigarren Xedapen Iragankorraren indarraldia. Xedapen horrek aukera ematen zien Gizarte Segurantzaren babes-araubideko nahiz Klase Pasiboen Araubideko irakasle funtzionarioei 60 urtetik aurrera borondatezko erretiroa hartzeko. Data horretatik aurrera, borondatezko erretiroa 60 urtetik aurrera hartu ahal izango dute soilik Klase Pasiboetako langileek, baldin eta araudi horrek ezartzen dituen baldintza orokorrak betetzen badituzte.
Are gehiago, borondatezko erretiroa adierazitako baldintzetan hartzerik izan ez duten eta «urte sabatikoa» izeneko baimena eskatu duten langileek erreklamazioak aurkeztu dituzte. Baimena hori ukatu egin zaie, partzialki ordaindutako baimena arautzen duen aginduan ezarritako baldintzak aplikatuta, eta epaitegietara jo dute, baimena ukatu ondoren, partzialki ordaindutako baimena arautzen duen Aginduan ezarritako baldintzak aplikatuta, auzitegietara jo dute. Bertan ondorioztatzen denez, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko karrerako funtzionarioek 60 urterekin soilik har dezakete erretiroa, baldin eta mutualistak badira 1967ko urtarrilaren 1ean, eta errekurtsogileak adin horretan borondatez erretiroa hartzerik ez badu, aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituela ulertu behar da; hortaz, onetsi egin dira erreklamazioak. Horregatik guztiagatik, uste dugu aldatu egin behar dela betekizunari buruz egin izan den interpretazioa, eta, horrela, erraztu egin behar da baimena eskuratzea, baita erretiroa hartu aurreko urtera arte ere.
Testuak azken xedapen bat du, Langileak Kudeatzeko zuzendariari ahalmena ematen diona agindu hori garatzeko jarraibideak eman ditzan.
Hori guztia dela eta, honako hau
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, partzialki ordaindutako baimenaz baliatzeko baldintzak arautzen dira. Baimen hori Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzeko akordioa onesten duen uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuko 60. artikuluan aurreikusita dago.
2. artikulua.– Eremu subjektiboa.
Partzialki ordaindutako baimena eskatu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan diharduten irakasleen kidego ezberdinetako karrerako funtzionarioek.
3. artikulua.– Baimenaren iraupena eta ordainsariak.
1.– Partzialki ordaindutako baimenak bost urte jarraian hartzen ditu. Horietatik lau lanaldi osoan egingo dira eta, 8. artikuluan aurreikusten den bezala, bateragarriak izango dira beste mota batzuetako baimen eta lizentziekin; bosgarren urtean, ostera, baimena baliatu ahal izango da, zerbitzurik eman gabe.
Baimenak ez du inola ere bost urteko epe hori gaindituko. Salbuespen gisa, interesdunak baimenaren bosgarren urtea luzatu ahal izango du, baldin eta baimenaren bosgarren urtean bi hilabetetik gorako aldian gaixotasun larriren bat izan badu; betiere, interesdunak aldez aurretik hala eskatuta, eta zerbitzu aktiboan etengabe bajan egon den denboraren aldi berdinean. Horretarako, ezinbestekoa izango da denbora eta modu egokian jakinaraztea aldi baterako ezintasun-egoeraren hasiera eta amaiera. Interesdunak paragrafo honetan araututako salbuespenari heltzen badio, artikulu honetako bigarren paragrafoan ezarritako ordainsariak jasoko ditu.
2.– Baimenak irauten duen bost urteko epe horretan zehar, funtzionarioak lanaldi osoan jarduteagatik legozkiokeen ordainsarien % 84 jasoko du, baldin eta ez badira 8. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren kenkariak aplikatzen.
3.– Agindu honetan aurreikusitako ondoreetarako, urte bat diogunean ikasturte oso batez ari gara.
4. artikulua.– Eskabidea egiteko epea eta modua.
Partzialki ordaindutako baimenaz baliatzeko eskabideak Agindu honen eranskin gisa emandako ereduan beteko dira. Urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra arte aurkeztu beharko dira horretarako prestatutako bide telematikoen bidez eta, onartuak izanez gero, hurrengo ikasturtearen hasieratik aurrera sortuko dituzte ondorioak.
5. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
1.– Partzialki ordaindutako baimenaz baliatzeko, eskatzaileek honako betekizunak bete beharko dituzte:
a) Zerbitzu aktiboko egoeran egotea.
b) Hutsegite astun edo oso astunagatik diziplina-espedienterik hasita ez izatea edo halako espediente baten ondoriozko zehapena betetzen ez aritzea.
c) Ezgaitasun-espedienterik hasita ez izatea.
d) Nahitaezko erretiroa eskatzeko bost urte falta izatea, gutxienez.
2.– Lehenengo atalean zerrendatutako baldintzak baimena hasten den unean bete behar dira, baita baimena gozatzen den aldi osoan ere.
6. artikulua.– Eskabideen ebazpena.
1.– Egindako eskabidea ikusita, eta 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea eragozten duen inguruabarrik ez dagoela egiaztatu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak hiru hilabeteko epea izango du eskatutako baimena onartu edo ukatzen duen ebazpena eman eta jakinarazteko.
2.– Interesdunak baimenaz baliatzeko betekizunak betetzen ez dituen kasuez gain, baimena ukatu ahal izango da aurrekontuan baliabide nahikorik ez dagoenean edo hezkuntza-plangintzagatik hala egitea beharrezkoa denean, betiere behar bezala arrazoituta badago.
3.– Epe horretan ebazpenik emango ez balu eta, ondorioz, ezer jakinaraziko ez balitz, eskabidea onartutzat joko da.
7. artikulua.– Administrazio-egoera eta ondorioak.
1.– Partzialki ordaindutako baimenaz baliatzen diren funtzionarioek zerbitzu aktiboko egoeran jarraituko dute baimenak iraun artean, behin betiko lanpostua eta destinoa gordeko zaizkie eta denbora hori konputagarria izango da antzinatasunaren eta eskubide pasiboen ondorioetarako.
2.– Partzialki ordaindutako baimenaren bosgarren urtean ezingo da ordaindutako inolako jarduerarik garatu.
8. artikulua.– Bateragarritasuna beste lizentzia edo baimen batzuekin, eszedentziekin edo lanaldi-murrizketekin.
1.– Partzialki ordaindutako baimena bateragarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioan aurreikusitako lizentzia eta baimenekin, baita indarreko arautegian ezarritako bestelako lizentzia eta baimenekin ere.
Era berean, baimen horrekin batera mota guztietako lanaldi-murrizketak eskatu ahal izango dira, baita zerbitzu aktiboaren pareko administrazio-egoera dakarten eszedentziak ere, baina inoiz ez bi ikasturte baino gehiagotan zehar.
2.– Hala ere, ordainsariak kentzea edo murriztea beharrezkoa denean, baimen edo lizentziak batera eskatuz gero, bosgarren urtean jaso beharreko ordainsari guztiak ere proportzionalki murriztuko dira.
9. artikulua.– Baimena kentzea eta horri uko egitea: zenbait egoera.
1.– Baimena ofizioz kendu ahal izango du hura eman zuen organoak, honelakoren bat gertatuz gero:
a) Interesdunaren heriotza edo funtzionario-izaera galtzea.
b) Onuradun den funtzionarioak ezgaitasun-espedientea hasita izatea eta bertan ezgaitasunagatiko erretiroaren aldeko proposamena edo irizpena ematen bada.
c) Lekualdatze-lehiaketaren bidez destinoa beste autonomia-erkidego batera aldatu bada.
d) Zerbitzu berezien egoerara aldatu bada.
e) Hutsegite astun edo oso astunagatik ezarritako diziplina-zehapena.
f) Enplegu-harremana eten bada.
g) Beste administrazio batentzat zerbitzuak ematera pasatzea.
2.– Baimenaren onuradun den funtzionarioak horri uko egin ahal izango dio lehenengo lau urteetan zehar, jarraian aipatzen diren inguruabarretakoren bat sortuko balitzaio eta baimenari eusteak kalte larriak eragin baditzake berarengan, familian, lanean edo lanbidean:
a) Ezkontidearen/Izatezko bikotearen edo semearen/alabaren heriotza.
b) Interesdunaren edo bere ardurapean dagoen senitartekoaren gaixotasun larria.
c) Ezgaitasun-espedientea hasita izatea.
d) Adin txikiko semea/alaba zaintzeko eszedentzian egotea.
e) Indarreko arautegian aurreikusten diren beste mota bateko eszedentziak.
f) Interesdunaren dibortzioa, ezkontza-deuseztasuna edo legezko banantzea.
g) Galera ekonomiko larria familia-unitatean. Galera ekonomikoaren zenbatekoa zehazteko, familia-unitateko kideen urteko diru-sarrera gordinei hurrengo paragrafoan adierazten den ehunekoa aplikatuko zaie. Horretarako, eskaerarekin batera, ezkontideari dagozkion diru-sarreren ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da, edo, hala badagokio, dagokion Foru Ogasunak edo Zerga Agentziak emandako diru-sarrerarik jaso ez izanaren ziurtagiria.
Ordainsariak: Galera.
35.000 euro baino gutxiago: % 4.
35.000,01 eurotik 45.000 eurora: % 5.
45.000,01 eurotik 55.000 eurora: % 6.
55.000,01 euro baino gehiago: % 7.
3.– Baimena ematen duen organoak hiru hilabete izango ditu uko egitea onartzeko edo ez onartzeko; epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, uko egitea onartutzat joko da.
4.– Uko egitea ez da onartuko artikulu honetan aurreikusita ez dauden beste arrazoi batzuengatik eskatu bada.
Halaber, ezingo zaio baimenari uko egin bosgarren urtea hasita dagoela eskatzen bada.
10. artikulua.– Baimena kentzearen eta horri uko egitearen ondorioak.
1.– Baimena kentzen bada, edo horri uko egitea onartzen bada, baimena iraungi egingo da eta, beraz, erregularizatu egin beharko dira baimena hasi zenetik sortutako ordainsariak, eta horien ziozko gizarte-kotizazioak eta zerga-atxikipenak.
2.– Baimenari uko egitea onartzen ez bada, funtzionarioak baimen-egoeran jarraituko du geratzen den denboran eta agindu honetan aurreikusitako baldintzen arabera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2004ko urtarrilaren 7ko Agindua. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 73. artikuluan aurreikusitako partzialki ordaindutako baimena baliatzeko baldintzak ezarri ziren.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Agindu hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren jarraibide guztiak emateko baimena ematen zaio Langileak Kudeatzeko zuzendariari.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 7a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.