Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2022ko abenduaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5432

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 17koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinen bidez esleitzen baitira Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 7ko Aginduan deitutako dirulaguntzak, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko.

2022ko ekainaren 17an, Hezkuntzako sailburuaren Agindua argitaratu zen. Haren bidez, makineria edo ekipamendua erostetik edo errentan hartzetik eta makineria edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzak emateko prozeduraren deialdia egin zen, bi jarduketa-eremuren arabera:

– 1. eremua: aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat, heziketa-zikloak emateko beharrezko makineria edo ekipamendua eguneratzeko, II. kapituluan adierazitakoaren arabera.

– 2. eremua: aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuentzat, 4.0 inguruneen erronkei erantzungo dieten eta lanbide-heziketaren eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak ezarriko dituzten proiektuei heltzeko, III. kapituluan ezarritakoaren arabera.

Deialdi honen bidez iragartzen diren dirulaguntzen zenbatekoa bi milioi berrehun eta hamazazpi mila laurehun eta laurogeita zazpi eurokoa da (2.217.487).

1. eremuari dagokionez, 21.4 artikuluak ezartzen du azkenean ematen den zenbatekoa ezingo dela izan diruz lagungarritzat onartutako inbertsioaren % 100 baino handiagoa. Irizpide horiek aplikatuta ateratako kopurua diruz lagungarritzat onartutako kopurua baino handiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da horren parera, eta soberako kopurua proportzionalki banatuko da, deskribatutako sistemaren arabera, egoera horretan ez dauden eskabideen artean eta irizpide guztiak aplikatu eta gero lortutako azken emaitzaren arabera. Banaketa-irizpide guztiak aplikatu ondoren, hainbat eskabideren kopurua handiagoa izan da diruz laguntzeko moduko zenbateko osoa baino; beraz, soberakina adierazitako moduan banatu da.

Bestalde, aginduaren 27.3 artikuluak ezartzen duenez, 2. eremuan onuradun bakoitzeko eman beharreko zenbatekoa ez da 18.000 eurotik beherakoa izango, ez eta 150.000 eurotik gorakoa ere.

Halaber, 27.4 artikuluak adierazten du prozedura eta artikulu honetan ezarritako mugak aplikatu ondoren, banatu gabeko zuzkidurarik geratzen bada, lehentasun-hurrenkeran hurrengo postuan sailkatuta dagoenaren inbertsio diruz lagungarriaren % 100era iristen ez delako, geratzen den zuzkiduraren zenbatekoa esleituko zaiola, betiere diruz lagungarri gisa onartutako inbertsioaren % 85 gutxienez estaltzen badu. Bestela, puntuazio handiena duen hurrengo sailkatuari esleituko zaio laguntza, baldin eta gainerako zuzkiduraren zenbatekoak diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 85 estaltzen badu, gutxienez.

Eskabideak baloratu eta 2. eremurako zenbatekoak esleitu ondoren, 23.701,82 euroko soberakina geratu da. Zenbateko horrek ez du betetzen eskatzaile bakar bati ere diruz lagun dakiokeen zenbatekoaren % 85; beraz, Aginduaren 3.3 artikulua aplikatuz, 1. eremuari esleitutako zenbatekoari aipatutako zenbatekoa gehitu zaio.

2022ko ekainaren 7ko Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta jarduketa guztietan kontuan hartuta dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ezarritako prozedura, bai oinarri arautzaileetan, bai indarreko araudian, Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatu zituen. Batzorde hori artikulu horren arabera izendatu zen, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egin zuen, behar bezala arrazoituta. Hau, pertsona onuradunei 2022ko urriaren 4an jakinarazi zitzaien bitarteko elektronikoen bidez, eta, era berean, 10 egun naturaleko epea eman zitzaien, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

Jakinarazpena egin eta alegazioak aurkezteko epea amaitu ondoren, honako erakunde hauek aurkeztu dituzte alegazioak:

– Centro de Formación de Administración y Hostelería, SL

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena onartu zuen, eta Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egilea den aldetik, Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi zion, 2022ko urriaren 17ko aktan jasota dagoen bezala.

Proposamena Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi ondoren, eta Aginduaren 9. artikuluan xedatzen den bezala, sailburuordeari berari dagokio aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena ematea eta erakunde interesdunei jakinaraztea.

Adierazitakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 7ko Aginduaren 22. artikuluan ezarritako irizpideen eta 21.4 artikuluan ezarritako mugaren arabera, eta Balorazio Batzordeak proposatuta, dirulaguntzak ematea aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, heziketa-zikloak emateko beharrezko makineria edo ekipamendua eguneratzeko (1. eremua), I. eranskinean zerrendatzen diren erakunde onuradunei, bertan zehazten diren zenbatekoen arabera.

2. artikulua.– Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 7ko Aginduaren 28. artikuluan ezarritako irizpideen eta 27.3 artikuluan ezarritako mugen arabera, eta Balorazio Batzordeak proposatuta, dirulaguntzak ematea aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuei, 4.0 inguruneen erronkei erantzungo dieten eta lanbide-heziketaren eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak ezarriko dituzten proiektuei heltzeko (2. eremua), II. eranskinean zerrendatzen diren erakunde onuradunei, bertan zehazten diren zenbatekoen arabera.

3. artikulua.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Gainerako baldintzetarako, kontuan hartuko da Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 7ko Aginduan xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau erakunde onuradunei jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 17a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala