240. zk., 2022ko abenduaren 19a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 2 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5430
148/2022 DEKRETUA, abenduaren 7koa, baimen hauek ematen dituena: SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematen zaio Parque Tecnológico de Álava - Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen zaie sozietate horren estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak, 2022ko martxoaren 31n egindako bilkuran, erabaki zuen Eusko Jaurlaritzarengana jotzea baimena eman ziezaion SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Parque Tecnológico de Álava - Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Parte-hartze hori, guztira, 1.894.477 eurokoa izango litzateke, hau da, % 70,24koa. Eskaera hori, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko aurrekontuak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 13. xedapen gehigarriaren 5. paragrafoaren c) letraren babespean egin zen (13. xedapen gehigarriaren bidez, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzen da, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa). Eragiketa horren ostean, % 71,91koa izango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren partaidetza.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Kapitala adierazten duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskurapena ez baldin bada behinik behin, nahitaez adieraziko du zein den sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Parkea SA sozietatearen helburuak honako hauek dira: inbertsio eta ekimen industriala sustatu eta bultzatzea, industria-pabiloien konplexu bat eraikiz, eta horiek, errentamendu-formulen, jabetza-transferentzien edo beste molde batzuen bidez kudeatuz –adibidez, prekarioan emanez–, lokalen eta zerbitzuen promozioa eta komertzializazioa eginez, eta haietan instalatu nahi diren enpresak gonbidatu eta hautatuz; enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak burutu beharko dituzte, bereziki elektronikaren edo informatikaren arloan (hardware eta software); hori guztia produktu, prozesu eta zerbitzuei aplikatuz, eta halako instalazioetan obligaziozko diren zerbitzuen ustiapen eta kudeaketa iraunkorrarekin aurrera eginez; zerbitzuok honakoa hauek lirateke: testuen prozesaketa, telexa, ordenagailu bidezko marrazketa, datu-baseekiko konexioa, ordenagailuen eta bulegoko makineriaren alokairua, batzar-aretoak eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua.
Kapital-zabalkuntzaren arrazoia da merkataritza-sozietateari behar duen finantza-egonkortasuna ematea.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak batera proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 7ko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari Parque Tecnológico de Álava –Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Milioi bat zortziehun eta laurogeita hamalau mila laurehun eta hirurogeita hamazazpi (1.894.477 euro) eurokoa izango da parte hartzea, hau da, zabalkuntzaren % 70,24. Eragiketa horren ostean, % 71,91koa izango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.
2. artikulua.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematea, kapital-zabalkuntzaren ondorioz, Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutu sozialen 2. artikulua aldatzeko adostasuna eman dezaten; honela idatzita geratuko da artikulu hori:
«Kapital soziala hirurogeita sei milioi hirurehun eta hogeita hemeretzi mila bostehun eta hamahiru (66.339.513) eurokoa izango da, eta 1.087.533 akzio izendunek osatuko dute. Akzio bakoitzak hirurogeita bat (61,00) euroko balio nominala izango du, 1etik 1.087.533 eurora (biak barne) zenbakituta egongo dira, eta erabat harpidetuta eta ordainduta egongo dira».
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 7an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.