Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2022ko abenduaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5423

1736/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2020/2021/2022 urteetako eta Egonkortzeko deialdietan sartutako hautaketa-prozesuak arautzen dituzten oinarri orokorrak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2020ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez, Ente Publikoaren 2020ko ekitaldirako enplegu publikoaren eskaintza onartu zen (2021eko otsailaren 2ko EHAA 23. zk.). Erabaki horretan, txanda irekiko 1.002 lanpostu sartu ziren estatutupeko langile finko izateko deialdian. Horrez gainera, aipatutako erabakian adierazi zen estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo zirela, lehiaketa-oposizioaren sistemaren bidez.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2021eko abenduaren 13ko Erabakiaren bidez, estatutupeko langile finko izateko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 2021eko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdia onartu zen (2022ko urtarrilaren 5eko EHAA 3. zk.). Erabaki horretan, txanda irekiko 1.273 lanpostu sartu ziren estatutupeko langile finko izateko deialdian. Horrez gainera, aipatutako erabakian adierazi zen estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo zirela, lehiaketa-oposizioaren sisteman.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 17ko Erabakiaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Enplegu Publikoaren Eskaintzaren 2022ko deialdia onartu zen (2022ko maiatzaren 30eko EHAA 103. zk.). Erabaki horrek aldi baterako enplegua egonkortzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko prozesuak arautzen ditu, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoaren arabera. Erabaki horretan, guztira txanda irekiko 3.723 lanposturako deialdia egin zen. Horietatik, 2.166 lanpostu lehiaketa-oposizioko sisteman sartu ziren, eta gainerakoak, 1.557 alegia, salbuespen gisa eta behin bakarrik, lehiaketa-sistemaren bidez.

Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2022ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdian onartzen diren plazak sartuko dira.

2022. urtean, Osasuneko Mahai Sektorialak negoziazio-prozesuari ekin zion Ente Publikoan egin beharreko Enplegu Publikoaren Eskaintza berria onartzeko. Prozesu horrek hainbat bilera ekarri zituen, baina alderdiak ez ziren ados jarri.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2020ko abenduaren 18ko Erabakiaren zazpigarren apartatuan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari eman zitzaion iragarritako hautaketa-prozesuak oinarri orokorren eta espezifikoen arabera kudeatzeko ardura, eta, aldi berean, ahalmena eman zitzaion deialdiak gauzatzeko beharrezko ebazpenak emateko, barne hartuta deialdietako lanpostuak zehazteko, epaimahai kalifikatzaileak izendatzeko, eta deialdiak ebatzi eta destinoak esleitzeko ahalmena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2021eko abenduaren 13ko Erabakiaren zazpigarren apartatuan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari eman zitzaion iragarritako hautaketa-prozesuak oinarri orokorren eta espezifikoen arabera kudeatzeko ardura, eta, aldi berean, ahalmena eman zitzaion deialdiak gauzatzeko beharrezko ebazpenak emateko, barne hartuta deialdietako lanpostuak zehazteko, epaimahai kalifikatzaileak izendatzeko, eta deialdiak ebatzi eta destinoak esleitzeko ahalmena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 17ko Erabakiaren seigarren apartatuan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari eman zitzaion iragarritako egonkortzeko hautaketa-prozesuak oinarri orokorren eta espezifikoen arabera kudeatzeko ardura, eta, aldi berean, ahalmena eman zitzaion deialdiak gauzatzeko beharrezko ebazpenak emateko, barne hartuta deialdietako lanpostuak zehazteko, epaimahai kalifikatzaileak izendatzeko, eta deialdiak ebatzi eta destinoak esleitzeko ahalmena.

Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinetan jasotzen dira.

Bigarrena.– Kontuan izanik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan jasotakoak, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, azaroaren 24a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI OROKORRAK. LEHIAKETA-OPOSIZIOKO BLOKEA ETA LEHIAKETAKO BLOKEA
1.– XEDEA

1.1.– Oinarri hauen xedea da 2020ko EPEan, 2021eko EPEan, 2022ko EPEan eta Egonkortzeko EPEan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langileen kategorietan eskainitako destinoak betetzeko arau orokorrak ezartzea.

Lehiaketa-oposizioko sistemaren bidez hautatuko dira enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen 2.1 artikuluko irizpideak betetzen dituzten 2020ko EPEan, 2021eko EPEan, 2022ko EPEan, eta Egonkortzeko EPEan Osakidetzako estatutupeko langileen kategorietan eskainitako destinoak (Lehiaketa-oposizioko blokea).

Salbuespen gisa eta behin bakarrik, lehiaketa-sistemaren bidez hautatuko dira 20/2021 Legearen 6. eta 8. xedapen gehigarrietan zehaztutako irizpideak betetzen dituzten Egonkortzeko EPEan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langileen kategorietan eskainitako destinoak (Lehiaketako blokea).

1.2.– Estatutupeko langile izateko 7.639 lanpostu eskaintzen dira. Horietatik, lehiaketa-oposizio sistemaren bidez 6.082 lanpostu eskaintzen dira eta lehiaketa-sistemaren bidez 1.557 lanpostu, salbuespen gisa eta behin bakarrik, Egonkortzeko Enplegu Publikoaren Eskaintzari dagozkionak.

Aurreko paragrafoan adierazitako lehiaketa-oposizio sistemako lanpostu guztietatik, 196 lanpostu gordeko dira barne-sustapen bidez betetzeko; lanpostu horiek dira birjartze-tasari dagozkionak. Barne-sustapeneko txandarako gordetako destinoak ezin badira bete, destino horiek lehiaketa-oposizio blokeko txanda irekiari gehituko zaizkio.

Oinarri espezifikoetan adieraziko da bloke bakoitzean deitutako lanpostu kopurua zein den, eta horren barruan, txanda bakoitzeko lanpostu kopurua eta, hala badagokio, desgaitasunen bat dutenek betetzeko gordetako lanpostu kopurua ere.

1.3.– Lehiaketa-oposizioko blokean, prozesu bakoitzean (txanda irekian eta barne-sustapenean) eskainitako destinoen % 7 erreserbatzen da % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat. Pertsona horiek destino horiek beteko dituzte, baldin eta probak gainditzen badituzte eta aipatutako desgaitasun-maila eta dagozkion zereginak egiteko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte.

Gutxienez erreserbatutako % 7 horren barruan, eskainitako lanpostuen % 2 gutxienez adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat izango dira, eta gainerako lanpostuak beste edozein desgaitasun mota egiaztatzen duten pertsonentzat (horiei adimen-desgaitasunaren kupoa eta bestelako desgaitasunen kupoa deituko zaie).

Adimen-desgaitasuna edo bestelako desgaitasunen bat duten pertsonentzat erreserbatutako lanpostuen deialdia (adimen-desgaitasunaren kupoa eta bestelako desgaitasunen kupoa) sarbide orokorreko lanpostuenarekin batera edo deialdi horretatik bereizita egin ahal izango da.

Desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako destinoak zenbatzean, deialdiaren xede den kategoria profesional bakoitzeko eskaintzen diren destinoen guztizko kopurua hartuko da kontuan. Horrenbestez, destino bat erreserbatuko da eskainitako hamalau lanpostuko. Kategoriaren batean ez badira guztira hamalau destino eskaintzen, erreserbatu beharreko lanpostuen portzentajea lanbide-talde bakoitzaren arabera doituko da. Adimen-desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonentzako % 2ko kupoaren erreserba benetan egin dadin, erreserba-kupo hori kategoria jakin batzuetan sartu ahalko da. Nolanahi ere, bai barne-sustapeneko deialdian, bai txanda irekikoan % 7ko erreserba errespetatuko da.

Lehiaketa-oposizioko blokeko hautaketa-probek eduki bera izango dute izangai guztientzat, oinarri hauetan aurreikusitako egokitzapenak edozein direla ere, salbu eta adimen-desgaitasunaren erreserba-kupoan parte hartzen duten eta desgaitasun-modalitate hori egiaztatzen duten pertsonen kasuan, haientzat probak espezifikoak izan baitaitezke. Prozesua amaitzean, lehiaketa-oposizioko blokeko zerrenda bakar bat egingo da, eta zerrenda horretan sartuko dira hautaketa-proba guztiak gainditu dituzten hautagai guztiak, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta, parte hartu duten txanda bakoitzeko modalitatea edozein dela ere.

Lehiaketa-oposizioko blokean, honako hauek izango dira txandak, kupoak eta modalitateak:

a) Txanda irekia:

– Sarbide orokorra.

– Desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-kupoa: adimen-desgaitasunaren kupoa edo bestelako desgaitasunen kupoa.

b) Barne-sustapeneko txanda:

– Sarbide orokorra.

– Desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-kupoa: adimen-desgaitasunaren kupoa edo bestelako desgaitasunen kupoa.

Lehiaketako blokean, lehiaketa-sistema hau salbuespenezkoa denez, hauek izango dira txandak, kupoak eta modalitateak:

Txanda irekia: sarbide orokorra.

1.4.– Izangaiek bi txandetako batean soilik parte hartu ahal izango dute (txanda irekia ala barne-sustapena), desgaitasun-kupoa erabil dezaketen ala ez alde batera utzita, horretarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Desgaitasunaren kupoan parte hartu nahi duten izangaiek, dagokion kategorian kupo hori baldin badago, adimen-desgaitasunaren edo bestelako desgaitasunen erreserba-kupoan eman beharko dute izena. Izen-emate hori desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-kupo bakoitzean eskainitako kategoria bakoitzeko oinarri espezifikoetan zehaztutako destino kopurua edozein dela ere egin ahal izango da. Izangaiek gero egiaztatu beharko dute desgaitasuna, oinarri hauetako 7. atalean eta 12.1 atalean xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, desgaitasun-kupoan bi modalitate hauetako batean parte hartu ahalko dute izangaiek: a) adimen-desgaitasunaren kupoa, b) bestelako desgaitasunen kupoa (adimenekoa ez den beste edozein desgaitasun). Hala ere, desgaitasun-kupoan izena emateko, desgaitasunaren kupoa eta adimen-desgaitasunaren edota bestelako desgaitasunen kupoa egon behar da dagokion kategorian.

Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa. Adimen-desgaitasunaren kuporako lanpostuak erreserbatuta dauzkaten kategorietan parte hartu nahi duten pertsonek, baldintzak betetzen badituzte, eskabidean adierazi beharko dute modalitate horretan parte hartu nahi dutela. Horrez gain, dokumentu bidez egiaztatu beharko dute adimen-desgaitasuna aitortu zaiela 7. oinarrian aurreikusitako moduan, eta egiaztapen hori hautaketa-prozesuan izena emateko epean egin beharko dute, edota, salbuespen gisa, epe hori amaitu eta hurrengo hilabetean.

Izangai batek adimen-desgaitasunaren kupo bidezko hautaketa-prozesuan izena emateko eskabidea egin badu, baina aurkeztu duen dokumentazioa ikustean ondorioztatzen bada ez duela aurreko paragrafoan ezarritako epean egiaztatu modalitate horretan sartzen dela 7. oinarrian xedatutakoaren arabera, bestelako desgaitasunen kupora pasako da bere eskabidea, baldin eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera horretarako baldintzak betetzen baditu. Aldiz, ez baditu baldintza horiek betetzen, sarbide orokorreko modalitatera pasako da.

Bestelako desgaitasunen kupoa (adimen-desgaitasuna ez den beste edozein desgaitasun). Bestelako desgaitasunen kuporako lanpostuak erreserbatuta dauzkaten kategorietan parte hartu nahi duten pertsonek, baldintzak betetzen badituzte, eskabidean adierazi beharko dute modalitate horretan parte hartu nahi dutela. Horrez gain, dokumentu bidez egiaztatu beharko dute desgaitasuna aitortu zaiela 7. oinarrian aurreikusitako moduan, eta egiaztapen hori 12.1 oinarrian ezarritako epean egin beharko dute.

Izangai batek bestelako desgaitasunen kupoan ematen badu izena eta ez badu desgaitasuna egiaztatzen 7. apartatuaren arabera edota oinarri hauetako 12.1 apartatuan ezarritako epean, sarbide orokorreko modalitatera pasako da, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.

1.5.– Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak ez badira betetzen izangai nahikorik ez duelako gainditu hautaketa-prozesua, destino horiek desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupora gehituko dira.

Desgaitasuna duten langileentzat erreserbatutako destinoak ez badira betetzen izangai nahikorik ez duelako gainditu hautaketa-prozesua, destino horiek dagokion txandako (barne-sustapena edo txanda irekia) sarbide orokorreko lanpostuetara gehituko dira.

Hala ere, desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako eta haiek betetako lanpostuak ez badira iristen deialdiko lanpostuen % 3ko tasara, bete gabeko lanpostuak hurrengo enplegu publikoaren eskaintzaren % 7ko kupoari gehituko zaizkio, % 10eko gehieneko mugarekin, Desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikoan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

1.6.– Lehiaketa-oposizioko blokean desgaitasuna duten pertsonentzako kupoan (adimen-desgaitasunaren kupoa eta bestelako desgaitasunen kupoa) parte hartzen duten izangaiek ere parte hartuko dute lehiaketako blokeko txanda ireki orokorrean, eta lehiaketako blokeko sailkapenean sartuko dira, merezimenduen baremoan lortutako puntuazioa soilik kontuan hartuta.

2.– DESTINOEN EZAUGARRIAK

Deialdiko kategoriak zehaztu ondoren xedatuko dira deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak, haiei dagozkien kategoria eta lanpostu funtzionala eta haiek betetzeko eskatzen den titulazioa, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data (halakorik izanez gero) eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoaren araberako gainerako eskakizunak, bai lehiaketa-oposizioko blokeari dagozkionak, bai lehiaketako blokeari dagozkionak. Hala, destinoak ez dira zehaztuko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko zikloari dagozkion destinoen behin betiko esleipena eta 2018-2019ko EPEaren behin betiko esleipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arte. Esleipen-ebazpen horiek Osakidetzaren webgunean argitaratuko dira.

3.– HAUTAKETAREN ARAU OROKORRAK

Deialdiak eta bere oinarriak lotesleak dira deialdia egin duen administrazioarentzat, oposizio-lehiaketa epaitzeko ardura duen epaimahaiarentzat eta lehiaketa horretan parte hartzen dutenentzat. Oinarri hauetan xedatuta ez dagoena arau aplikagarriek arautuko dute.

4.– LAN-HARREMANAREN IZAERA JURIDIKOA

Oposizio-lehiaketa bidez (lehiaketa-oposizioko blokea) edo lehiaketa bidez (lehiaketako blokea) destino hutsak lortzen dituzten izangaien eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arteko harremanaren izaera juridikoa estatutupekoa izango da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen arabera.

5.– LAN-BALDINTZAK

Ebazpen honetan ezarritako prozeduraren bidez destinoa betetzen hasten diren langileei hauek aplikatuko zaizkie: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legea eta horretatik sortzen diren garapen-arauak, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko indarrean dagoen akordioa. Era berean, esleituko zaien destinoko zerbitzu sanitarioetako erakundean indarrean dauden lan-baldintzen menpe jardungo dute langileek, eta dagozkion ordainsariak jasoko dituzte.

Kupoko eta zonako langileei dagozkien hautaketa-prozesuetan sartutako lanpostuak dagozkien arreta espezializatuko zerbitzuetan integratuko dira, hautaketa-prozesua amaitu ondoren. Destino horien esleipendunek estatutupeko langile finkoen izaera hartuko dute, eta aurreko paragrafoan aipatutako araudia aplikatuko zaie.

6.– IZANGAIEK BETE BEHARREKO ESKAKIZUNAK

6.1.– Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarrietan aurreikusitako salbuespenak kenduta, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte zehaztutako eskakizunak, eta, gainera, eskakizun horiek kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dituzte.

6.2.– Honako hauek dira lehiaketa-oposizioaren (lehiaketa-oposizioko blokea) eta lehiaketaren (lehiaketako blokea) deialdietako destinoak lortzeko eskakizunak:

a) Nazionalitatea: Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak egindako eta Espainiako Estatuak berretsitako Nazioarteko Itunaren arabera langileen joan-etorri askea aplika dakiokeen Estaturen bateko nazionalitatea izatea.

Era berean, onartuak izan daitezke aurreko paragrafoan aipatzen diren nazionalen ezkontideak, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta izangaiaren eta bere ezkontidearen ondorengoak ere, baldin eta bi ezkontideak ez badaude zuzenbidez bananduta, ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanda ere euren kargu bizi badira.

b) Adina: 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko adina ez gainditzea.

c) Titulazioa: deialdian eskatzen den titulazioa izatea edo titulu hori jasotzeko eskubideak ordainduta izatea eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki behar da, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, edo titulua ondorio profesionaletarako aitortuta eduki behar da, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (otsailaren 21eko 103/2014 Errege Dekretuak aldatu zuen errege-dekretu hori).

Homologazio- edo aitorpen-prozesuaren ondoren lortutako titulazioak geroago aurkeztea onartuko da, betiere homologazio- edo aitorpen-eskabidea hautaketa-prozesu honetan izena emateko epea amaitu baino lehen egin bada. Egoera horretan dauden eta destinoa lortzeko aukera duten izangaiek destinoak aukeratzeko epea amaitu baino lehen egiaztatu beharko dute eskatutako titulazioa.

d) Gaitasun psikofisikoa. Destinoan normaltasunez jarduteko behar den gaitasun psikofisikoa izatea. Gaitasun hori egiaztatzeko, lehiaketa-oposizioko blokean hautaketa-prozesua gainditu ondoren edo lehiaketako blokean destinorako aukera izanik, izangaiak azterketa medikoa egin beharko du horretarako zehaztuko den zentroan. Ezinbestekoa izango da eskakizun hau betetzea lanpostuaz jabetu ahal izateko.

e) Diziplina-espediente bidez osasun-zerbitzu edo administrazio publiko batetik bereizita ez egotea, enplegu edo kargu publikoetarako erabateko desgaikuntzarik edo desgaikuntza berezi irmorik ez izatea, eta adingabeekin lanbidean jardutea eragozten duen kausaren batean ez egotea, Haurrak eta nerabeak indarkeriatik osorik babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan xedatutakoaren arabera eta Osakidetzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenean ezartzen denaren arabera, zeinaren bidez Osakidetzako adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duten lanpostuetan sartzeko eta jarduteko betekizunari buruzko jarraibide osagarriak onartzen baitira.

Bestalde, Osakidetzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenarekin bat etorriz, a) paragrafoan aipatutako beste estatu batzuetako nazionalitatea duten pertsonek edota Espainiakoaz gain beste nazionalitate bat dutenek, gainera, ezin dute egon desgaituta edo egoera baliokidean, ezin dute izan jatorrizko herrialdean edo nazionalitatea duten herrialdean funtzio publikoan sartzea eragozten duen diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eta ezin dute egon Haurrak eta nerabeak indarkeriatik osorik babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan aipatzen diren eta adingabeekin lan egitea eragozten dien delituengatik epai irmo bidez kondenatuta beren jatorrizko herrialdean edota nazionalitatea duten herrialdean.

f) Esleitutako destinoan lanean hasteko unean izangaia ezin da egon indarreko araudiaren araberako ezintasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta; hala ere, ez da eragozpen izango interesdunak aukera egin dezan.

Esleitutako destinoaz jabetu aurretik agintaritza eskudunak izangaiak izena eman duen kategoriarekin/lanpostu funtzionalarekin bat datorren ohiko lanbideari dagokion ezintasun iraunkor absolutua edo ezintasun iraunkorra aitortzen badio izangaiari, ez da beteko apartatu honetan ezarritako eskakizuna. Egoera horretan dagoen pertsonak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio egoera hori, ezintasun iraunkorra aitortzeko jakinarazpena jasotakoan.

g) Jabetzan lanposturik ez izatea estatutupeko langile finko gisa lortu nahi den kategoria berean, edozein dela ere haren administrazio-egoera.

Oinarri hauetan arautzen den prozesuak dirauen bitartean izangaiak Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batean hartzen badu lanpostu bat jabetzan hautagai den kategoria bereko estatutupeko langile finko gisa, hala jakinarazi beharko dio Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari lanpostua lortutakoan.

h) Inskripzio-eskubideak ordaintzea: dagokion kategoriarako eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu izana inskripzio-eskubideak.

i) Sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeen galbideratzea, bai eta gizakien salerosketa ere) epai irmo bidez kondenatuta ez egotea, Haurrak eta nerabeak indarkeriatik osorik babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan ezarrita dagoenari jarraikiz.

j) Oinarri espezifikoetan ezarritako gainerako eskakizunak betetzea, hizkuntza-eskakizuna barne hura lanpostura sartzeko baldintza den kasuetan.

7.– DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK

Lehiaketa-oposizioko blokean desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako destinoetara aurkezten direnek aitortuta izan beharko dute izaera hori, eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izan beharko dute, eskabideak aurkezteko epearen azken egunetik aurrerako ondorioekin. Egoera hori egiaztatzeko, administrazioaren organo eskudunak (foru-aldundien sail eskudunak, IMSERSOk edo baliokideak) emandako desgaitasuneko aitorpen-ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

Akreditazio-epeari dagokionez, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako destinoetara aurkezten direnek hautaketa-prozesuan izena emateko epean aurkeztu beharko dute dokumentu bidezko aitorpena, eta, salbuespen gisa, epe hori amaitu eta hurrengo hilabetean. Bestalde, bestelako desgaitasunen kupoan dauden pertsonentzat erreserbatutako destinoetan parte hartzen dutenek (adimen-desgaitasuna ez den bestelako desgaitasuna) 12.1 oinarrian ezarritako epean aurkeztu beharko dute aitorpena, dokumentu bidez.

Desgaitasuna legez aitortuta duten pertsonak gainerako izangaien baldintza berdinetan onartuko dira lehiaketa-oposizioko blokearen hautaketa-prozesuan.

8.– BARNE-SUSTAPENEKO TXANDA

8.1.– Lehiaketa-oposizioko blokearen hautaketa-prozesuetan barne-sustapeneko txanda mugatu bidez parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da, 6.2 oinarrian jasotako eskakizun orokorrak betetzeaz gain, eskakizun hauek betetzea:

a) Langile finkoa izatea eta zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egotea aukeratu duen kategoria ez den beste kategoria eta lanpostu funtzional batean egotea, betiere lanpostua lortzeko eskatzen den titulua jatorrizko kategoriaren kategoria berekoa edo goragokoa bada, eta egoera horretan jarraitzea esleitzen zaion destinoaz jabetu arte.

Kategoria desberdintzat hartzen dira titulazio akademiko edo espezialitate jakin bat izatea eskatzen ez dutenak eta hautaketa-prozesu bereizien bidez atzitzen direnak edo espezialitate bera eskatu arren eremu asistentzial desberdinetakoak direnak (Lehen Mailako Arreta edo arreta espezializatua).

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko jatorrizko kategorian eta lanpostu funtzionalean bi urteko zerbitzua bete izana langile finko gisa.

Ezin izango dute txanda honetan parte hartu kategoria eta lanpostu funtzional bereko langile finkoak diren izangaiek.

Izangaiak ez baditu betetzen txanda honetan parte hartzeko eskakizunak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean, bere eskabidea txanda librean sartuko da automatikoki.

8.2.– Lehiaketa-oposizioko blokearen barne-sustapeneko txandan parte hartzen duten izangaiek lehiaketako blokearen txanda ireki orokorrean ere parte hartuko dute, eta lehiaketako blokeko sailkapenean sartuko dira, merezimenduen baremoan lortutako puntuazioa soilik kontuan hartuta.

9.– ESKABIDEAK

9.1.– Eskabideak aurkezteko lekua eta modua.

Hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi dutenek Interneten bidez egin beharko dute eskabidea, Osakidetzaren webgunean dagoen eskabidea betez. Hauxe da horretarako helbidea: www.osakidetza.euskadi.eus

Salbuespenez, ondoko tokietan eskabideak aurkezteko egokituko diren lekuetara joanda egin ahal izango da:

– Bilbao.

– Donostia.

– Vitoria-Gasteiz.

Komunikabideetan eta Osakidetzaren webgunean jakinaraziko da toki horiek zehatz-mehatz non dauden.

Eskabidea Internet bidez betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren KZgunea zentro publikoak erabili ahal izango dira, eta zentroen zerrenda helbide honetan kontsultatu ahal izango da: www.kzgunea.eus/

Prozesuan onartua izateko, eskabideak epe barruan eta behar den eran aurkeztu behar dira, eta inskripzio-eskubideak ordaindu behar dira, aurreikusitako bi modalitateetako edozeinetan.

9.2.– Inskripzio-eskubideak ordaintzea.

Deialdi honen 6.2.h) oinarrian aurreikusitako eskakizuna betetzeko, eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira inskripzio-eskubideak, honako erakunde laguntzaile hauetan: Kutxabank, Euskadi Kutxa/Caja Laboral, La Caixa eta BBVA. Erakunde horien sukurtsaletan ordaindu nahi izanez gero, eskabide-orria aurkeztu beharko da finantza-erakunde laguntzailean, eta erakunde horrek, dirua sartu ondoren, mekanikoki baliozkotuko du ordainketa.

Internet bidez ordaintzea aukeratuz gero, eskabidean inskripzio-eskubideak ordaintzeko aurreikusitako atalak bete beharko dira.

Eskabidea osatzeko, inskripzio-eskubideari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoak jasotzen dituen ebazpenean xedatutakoaren arabera eta arlo horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.

Inskripzio-eskubideak eskabideak aurkezteko epearen barnean ordaindu ezean, izangaia prozesutik kanpo geratuko da. Aurrekoa gorabehera, izangaiak 11.1 oinarrian aurreikusitako onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen duen ebazpenaren aurkako erreklamazioak aurkezteko epearen azken egunera arte zuzendu ahal izango du ordaindutako zenbatekoan egindako akatsa.

9.3.– Epea.

Izangaiek hilabeteko epea izango dute eskabidea 9.1 oinarrian ezarritakoaren arabera aurkeztu eta inskripzio-eskubideak ordaintzeko, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori deialdiaren azken eguneko 14:00etan amaituko da. Salbuespen gisa, deialdiaren inguruabarrek hala eskatzen dutenean, hilabeteko epea ezarri edo luzatu ahal izango da oinarri espezifikoak jasotzen dituen ebazpenak ezartzen duen epean.

9.4.– Egokitzapen teknikoak.

Desgaitasuna legez aitortuta duten pertsonek eskabidean adierazi beharko dituzte lehiaketa-oposizioko blokearen hautaketa-probak egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten egokitzapen teknikoak, eta ekainaren 9ko PRE/1822/2006 Aginduaren eranskinean jasotako aurreikuspenak aplikatu ahal izango dira (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikora sartzeko hautaketa-prozesuetan denbora gehigarria egokitzeko irizpide orokorrak ezartzen dira), betiere desgaitasuna zuzenean lotuta badago egin beharreko probarekin.

Osakidetzak lehiaketa-oposizioko blokeko hautaketa-probak egiteko eskatzen diren egokitzapen teknikoak balora ditzan, desgaitasuna legez aitortuta dutenek administrazioko organo eskudunak jaulki duen eta desgaitasuna aitortzen dion ebazpenaren fotokopia aurkeztu beharko dute, bai eta egokitzapen teknikoak baloratzeko beharrezkoak iruditzen zaizkien txosten mediko guztiak ere.

9.5.– Oposizio-fasea zein hizkuntza ofizialetan egin nahi den aukeratzea.

Izangaiek eskabidean adierazi beharko dute lehiaketa-oposizioko blokeko oposizio-faseko probak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituzten, eta aukera hori loteslea izango da. Hautagaiak ez badu atal hori betetzen, probak gaztelaniaz egin nahi dituela ulertuko da.

9.6.– Eskabidean adierazitako jakinarazpenetarako eta harremanetarako baliabideak.

Eskabidean ageri den helbidea bakarrik hartuko da kontuan jakinarazpenetarako.

Eskabidean helbide elektronikoa edo telefono mugikorreko zenbakia adierazten duten izangaiek baimena ematen diote Osakidetzari hura erabiltzeko, hautaketa-prozesuetan zehar egin beharreko jakinarazpenetarako.

Adierazitako helbidean, helbide elektronikoan eta telefono-zenbakian akatsak badaude, izangaiarena izango da erantzukizuna, eta, datu horiek aldatzen badira, berarena ere izango da aldaketa hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinarazteko ardura.

9.7.– Datu pertsonalak babestu eta kudeatzea.

Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuetan parte hartzeak berekin dakar eskabidean jasotako eta eskatzaileak prozesuaren askotariko faseetan adierazitako datu pertsonalak tratatu eta egiaztatzea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzake eskatzaileak adierazitako datu pertsonalak zuzenak direla egiaztatzeko, izangaiak deialdietan parte hartzeko eskakizunak betetzen dituela zehazteko eta nortasun-datuak, prestakuntza-maila eta euskara-maila egiaztatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

Eskatzaileak aukera du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari baimenik ez emateko deialdiko oinarri orokorretan eta espezifikoetan eta aplikatu beharreko bestelako araudietan ezarritako eskakizunak betetzen dituen egiaztatzeko datuak eta dokumentuak kontsultatzeko, eta uko hori eskabidean adierazi beharko du. Halakoetan, gainera, izangaiak egiaztatu beharreko eskakizunen frogagiriak aurkeztu beharko ditu, oinarrietan ezarritako moduan eta epean. Uko eginez gero, komeni da interesdunak aurka egiteko arrazoiak justifikatzea (Datuak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduaren (EB) 21. artikulua).

Bestalde, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskubidea izango du interesdunari eskatzeko oinarrietan eta aplikatzekoak diren beste arau batzuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, baldin eta ezinezkoa izan bada bitarteko elektronikoen bidez kontsultatzea.

Hautaketa-prozesuen faseen behin-behineko eta behin betiko emaitzen jakinarazpena aldizkari ofizialetan eta webgunean argitaratuko da. Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuak publizitatearen printzipioaren bidez arautzen dira.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoa betez, informazio hau ematen da oinarriotan aipatzen diren hautaketa-proben esparruan tratatzen diren datu pertsonalen inguruan,

Tratamenduaren izena «Selección y Provisión de Puestos de Trabajo» da.

Tratamenduaren arduraduna hau da: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua/Giza Baliabideen Zuzendaritza, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz.

Osakidetzako Datuak Babesteko ordezkariaren harremanetarako datuak hauek dira: Araba Kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz, DBO-DPD@osakidetza.eus

Tratamenduaren helburua da lanpostuen hautaketa eta horniketa kudeatzea.

Datuak gordetzeko epea iraunkorra da.

Tratamenduaren oinarri juridikoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

Hartzaileak dira beren erregistroetan izangaiek eskabidean eta prozesuaren askotariko faseetan adierazitako datu pertsonalen zehaztasuna egiazta dezaketen administrazioak. Egiaztapen hori deialdietan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez zehazteko egiten da.

Interesdunak datuetara sartzeko, haiek zuzendu edo ezabatzeko eta haien tratamendua mugatzeko edo tratamendu horri uko egiteko eskubideak baliatu ahal izango ditu idazki bat bidalita helbide honetara: Osakidetza-Giza Baliabideen Zuzendaritza, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Idazkiarekin batera, NANaren edo beste nortasun-dokumentu baliokide baten kopia bidali beharko du.

Datu pertsonalak biltzen zaizkien pertsonek Datuak Babesteko ordezkariarengana jo dezakete, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan organo arduradunaren edo tratamenduaren arduradunari erreklamazio bat aurkeztu aurretik.

Interesdunak, halaber, eskubidea du Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean erreklamazioa aurkezteko.

Webgune honetan dago Osakidetza Ente Publikoak egiten duen datuen tratamendu horri eta datu pertsonalen babesari buruzko bestelako informazio interesgarria:

http://www.osakidetza.euskadi.eus/protecciondatos/

http://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa/

10.– PROZEDURATIK BAZTERTZEKO KASUAK

Eskabidean edo aurkezten den dokumentazioan datu faltsuak ematen badira, edo lehiaketa-oposizioko blokearen oposizio- edo lehiaketa-fasean edo lehiaketako blokearen lehiaketa-fasean aurreikusitako probak baliogabetzen dituen edozein jarduketa bidegabe egiten bada, zigorra ezarriko zaio interesdunari, kontraesaneko espedientea ostean. Hain zuzen, zigor gisa, dagozkion bestelako legezko neurriei kalterik egin gabe, izangaia baztertua izango da izena eman duen deialdi honetako hautaketa-prozesu guztietatik eta eskaintza honetatik eratorritako aldi baterako kontratazioko zerrendetatik, eta parte hartu duen faseetako edozeinetan lortutako emaitzak baliogabeak izango dira. Era berean, izangaiak bere osasun-egoerari buruzko gezurrezko informazioa ematen badu lanean hasteko azterketa medikoan eta informazio horrek izangaiaren azken gaitasun-ziurtagiria baldintza badezake, gerora sortutako baztertze-kasutzat hartuko da.

11.– HAUTAKETA-PROZESUETAN ONARTUTAKO ETA BAZTERTUTAKO IZANGAIEN ZERRENDAK

11.1.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak ebazpen bat emango du, eta, bertan, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia adieraziko da, bai eta izangai bakoitzak zer txanda eta lehiaketa-oposizioko faseko oposizio-fasea egiteko zer hizkuntza ofizial aukeratu duen ere. Ebazpenak hamar egun balioduneko epea emango du erreklamazioak aurkeztu eta eskabideak zuzentzeko. Ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

11.2.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak ebazpen bat emango du, eta, bertan, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartuko du, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia adieraziko da, bai eta izangai bakoitzak zer txanda aukeratu duen ere. Ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

12.– LEHIAKETA-OPOSIZIOKO BLOKEAREN ETA LEHIAKETAKO BLOKEAREN LEHIAKETA-FASE BATERATUA

12.1.– Eskakizunen eta merezimenduen egiaztapena. Dokumentazioa aurkeztea.

12.1.1.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartutako izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda jasotzen duen ebazpena argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa eta balora daitezkeen merezimenduak aurkezteko, oinarri hauetan, oinarri espezifikoetan eta kategoria bakoitzean onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jasotzen duen ebazpenean zehaztutako baldintzetan, 11.2 oinarrian arautzen den bezala.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartutako izangaiek ez dute aurkeztu beharko Osakidetzaren webgunean gainditutakoen zerrendarekin batera eskuragarri izango duten informazio elektronikoan jasotako eskakizunak eta merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, Osakidetzaren webgunean interesdunen esku jarriko dira, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendaz gain, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan agertzen diren izangaiek Osakidetzan emandako zerbitzu-aldiak, Osakidetzak jada erregistratutako beste administrazio batzuetan emandako zerbitzu-aldiak, Osakidetzaren esku dauden hizkuntza-eskakizunei buruzko datuak eta IT Txartelaren bidez egiazta daitezkeen informatika-ezagutzei dagozkien datuak. Datu horiek oinarri honetan ezarritako dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epean erreklamatu ahal izango dira.

Lehiaketa-oposizioko blokearen barne-sustapeneko txandan parte hartzeari dagokionez, txanda horretan parte hartzen dutenak salbuetsita daude 8. oinarrian eskatutako eskakizunei buruzko dokumentazioa egiaztatzetik, baina txanda hori aukeratu nahi dutela adierazi beharko dute hautaketa-prozesuan izena emateko eskabidean.

Modalitate hauetakoren baten bidez parte hartzen dutenek zein modalitate aukeratu duten bakarrik adierazi beharko dute hautapen-prozesuan izena emateko eskabidean:

a) 1984a baino lehenagoko goi-mailako teknikarien eginkizunetan diharduten erizaintzako laguntzaileen modalitatea, Teknikari Espezialista Sanitarioen deialdietan.

b) Osasun mentaleko lanpostu funtzionala betetzen duen titulazioa duen erizainaren modalitatea, Osasun Mentaleko Erizainaren deialdian.

Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako baten batean aurkeztu beharko da. Beste hizkuntza batean idatzitako dokumenturen bat kontuan hartzea nahi bada, zinpeko itzulpenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da dokumentuarekin batera.

Izangaiek oinarri espezifikoetan eta kategoria bakoitzean onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda jasotzen duen ebazpenean adierazitako moduan alegatu eta egiaztatu beharko dituzte Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak lehen paragrafoan adierazitako epean onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartuta daudenen eskura jarritako informazioan jasota ez dauden eskakizunak eta merezimenduak; honela, hain zuzen:

Fotokopia soil baten bidez aurkeztu beharko dute NANa, pasaportea edo gidabaimena edo dokumentu baliokidea Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea dutenek, edo Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalek.

Parte hartzeko eskubidea izanik Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentuaren fotokopia konpultsatua aurkeztu behar dute, eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen norbaitekiko ahaidetasun-lotura izan edo haren kontura biziz gero, lotura hori dutela egiaztatzen duten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, zuzenbidez bananduta ez daudela adierazteko, eta, hala badagokio, izangaia bere kontura bizi dela edo bere kargura dagoela adierazteko.

c) Titulazioa. Erregistro informatiko bidez aurkeztu beharko dira, www.osakidetza.euskadi.eus helbide elektronikoan adierazten den aplikazioan, kategoria/lanpostu funtzional bakoitzean sartzeko eskatzen diren titulazioak, oinarri espezifikoetan eskatzen denaren arabera, edo, bestela, hautaketa-prozesu honetan kategoriaren/lanpostu funtzionalaren eskabideak aurkezteko epearen barruan titulazio horiek emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, betiere titulazio horiek Osakidetzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartuta dauden izangaien eskura jarritako informazioan jasota ez badaude.

Bestalde, 6.2.c) oinarrian ezarritakoaren arabera titulua ondorio profesionaletarako homologatzeko edo aitortzeko prozesuan dauden pertsonek homologazio- edo aitortze-eskaeraren fotokopia sinplea aurkeztu beharko dute, homologatzeko edo aitortzeko eskaera hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin zela frogatzeko.

d) Desgaitasuna. Bestelako desgaitasunen kupoan (adimen-desgaitasuna ez den beste edozein desgaitasun) parte hartzen duten pertsonek fotokopia konpultsatuaren bidez aurkeztu beharko dute desgaitasuna aitortzen duen ebazpena.

Izangai batek bestelako desgaitasunen kupoaren bidezko hautaketa-prozesuan izena emateko eskabidea egin badu baina aurkeztu duen dokumentaziotik ondorioztatzen bada ez duela egiaztatu desgaitasuna, bere eskabidea sarbide orokorreko modalitatera pasako da, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.

e) Hizkuntza-eskakizuna. Hizkuntza-eskakizuna www.osakidetza.euskadi.eus helbide elektronikoan adierazten den aplikazioan erregistro informatikoan erregistratuta egon behar du.

Hizkuntza-eskakizuna honela tratatuko da hautaketa-prozesuan:

– Merezimendua. Oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzetan baloratuko da. Merezimendu gisa baloratuko da dagokion deialdian onartutakoen eta baztertutakoen pertsonen behin betiko zerrenda jasotzen duen ebazpenean ezarritako epean behar bezala egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

– Eskakizuna. Derrigortasun-data iraungita duten lanpostuak eskuratzeko baldintzatzat hartuko da, eta 14. oinarrian zehaztutako destinoak aukeratzeko epea amaitu arte aurkeztu ahal izango da.

Ikasketa ofizialak euskaraz egin dituztela eta euskararen ezagutza egiaztatzetik salbuetsita daudela alegatzen dutenek, salbuespen-ziurtagiriaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, euskaraz eginiko ikasketa ofizialak aitortzen dituen 47/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Euskara-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasun-araubidea eta euskararen ezagutza egiaztatzetik salbuesteko kasuak honako hauek dira: 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena; 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; 187/2017 Dekretua, uztailaren 4koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko Dekretua aldatzen duena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

f) Beste eskakizun batzuk. Erregistro informatiko bidez (www.osakidetza.euskadi.eus helbide elektronikoan adierazten den aplikazioan) edo fotokopia soil baten bidez aurkeztu beharko dira parte hartzen den kategoria/lanpostu funtzionala betetzeko oinarrietan edo indarreko araudian eskatzen diren gainerako eskakizunak.

g) Laneko esperientzia. Jatorrizko egiaztagiria edo notarioak emandako jatorrizko kopia aurkeztu behar da. Egiaztagiriak zehaztapen hauek jaso beharko ditu: kategoria, lotura juridikoa, taldea, lan egindako aldien hasiera (eguna, hila, urtea) eta amaiera (eguna, hila, urtea). Egiaztagiriak kasuan kasuko zerbitzu sanitarioetako erakundeak edo organo eskudunek emandakoa izan beharko du, Ebazpenaren II. eranskineko ereduari jarraituz edo dagokion Administrazio Publikoak horretarako duen ereduaren arabera, eta betiere arestian ezarri den bezala xehaturik eduki beharko ditu lan egindako aldien hasiera eta amaierak. Bestalde, dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako batean egin ez denean, dagokion zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15. artikuluarekin bat etorriz.

Osakidetzatik kanpo emandako zerbitzuen kasuan, ziurtagirian baliatu nahi diren kategoriaz/lanpostu funtzionalaz bestelako lanpostu batean egindako zerbitzuak agertzen badira, izangaiek egiaztatu beharko dute lanpostu hori baliatu nahi duten kategoriaren/lanpostu funtzionalaren baliokidea dela. Horretarako, izangaiek erakunde eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hurrengo paragrafoetan adierazitako baldintzetan.

Erakundeko organo eskudunak ziurtatu beharko du ziurtagirian agertzen den lanpostua izangaiak baliatu nahi duen kategoriaren/lanpostu funtzionalaren baliokidea dela, ziurtagiria ematen duen erakundeko lanpostuen zerrendan izen bereko lanpostu bat dagoen kasuetan. Era berean, ziurtagiri horretan, bertan aipatzen den lanpostuan aritzeko eskatzen diren titulazioak jasoko dira, baita bertan betetzen diren funtzioak eta zereginak ere.

Ziurtagiria ematen duen administrazioko lanpostuen zerrendan ez badago izangaiak baliatu nahi duen kategoriaren/lanpostu funtzionalaren izen bereko lanposturik, organo eskudunak emandako ziurtagirian jasoko da inguruabar hori, eta adieraziko da zer titulazio-eskakizun eskatzen diren ziurtagirian agertzen den lanpostuan aritzeko, bai eta zer funtzio eta zeregin betetzen diren ere.

Autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileek Osakidetzatik kanpo emandako zerbitzuen kasuan, kontuan hartuko dira osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen lanbide-kategorien baliokidetasunen katalogo homogeneoa arautzen duen martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretuan jasotako kategorien baliokidetasunak.

Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan emandako zerbitzuak baloratzeko, erakunde horretako organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta, ziurtagiri horretan, zerbitzu sanitarioetako erakundea osasun-sistema publikokoa dela jaso behar da.

Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluan sartzen ez diren erakundeetako lan-legepeko kontratudun langileek emandako zerbitzuak baloratzeko –aipatutako Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen dira–, erakundeko organo eskudunak jaulkitako ziurtagiria aurkeztu beharko da, erakundea Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko sektore publikoko erakunde gisa kalifikatzen duen araudi espezifikoa aipatuta, eta erakundeak urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52., 53., 54., 55. eta 59. artikuluetan jasotako printzipioak aplikatzen dituela egiaztatuta.

h) Eskabide bidez aurkeztu behar da laneko esperientziaren lotura, 12.2.1 oinarrian xedatutakoaren arabera.

i) Oinarri espezifikoetan jasotako baremoen arabera balora daitezkeen gainerako merezimenduak fotokopia soil bidez aurkeztu behar dira.

Informatikako ezagutzekin lotuta, ez dute informatikako ezagutzekin lotutako dokumentazioa aurkeztu beharko horien ziurtagiria Informazioaren Gizarteko Euskadiko Planean jasotako edozein KZguneren bidez lortu duten izangaiek. Halaber, sistema horren beraren bidez lortutako informatika-ezagutzak eskakizuntzat jotzen diren kategorietan, salbuespen hori bera aplikatuko da. Bi kasu horietan, parte hartzeko eskabidea betetzean, ulertzen da dagokion kategoriako hautaketa-prozesua gainditu duten izangai guztiek Osakidetzari berariazko baimena ematen diotela dagozkien erregistroetara sartzeko.

12.1.2.– Kategoria bakoitzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda jasotzen duen ebazpenean berariaz ezarriko da 12.1.1 apartatuan adierazitako eskakizunak eta merezimenduak aurkezteko modua. Hala zehazten den deialdietan, lehiaketako blokean eta lehiaketa-oposizioko blokean parte hartu nahi duten izangai onartuek Curriculum Vitae aplikazioan erregistratu eta egiaztatu beharko dituzte eskakizun eta merezimenduak, dokumentazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen, gero Osakidetzak baliozkotu ditzan.

12.1.3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritzak eta epaimahai kalifikatzaileek alegatutako eskakizunak eta merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio osagarria eskatu ahalko diete izangaiei hautaketa-prozesuaren edozein unetan.

12.2.– Lehiaketa-fasearen balorazioa, lehiaketa-oposizioko blokerako eta lehiaketako blokerako komuna:

Egiaztatutako merezimenduak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoekin batera doan baremoaren baldintzen eta mugen arabera baloratuko dira, honako irizpide orokor hauekin bat:

12.2.1.– Laneko esperientzia.

Oro har, izangaiak parte hartzen duen kategoria/lanpostu funtzional berean egindako zerbitzuak baloratuko dira, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetako laneko esperientziako baremoan ezarritakoaren arabera.

Osakidetza ez diren beste administrazio publikoetan emandako zerbitzuen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako lanpostuak ez diren horietan emandako zerbitzuak baloratuko dira, baldin eta oinarri hauetako 12.1.1 f) apartatuan ezarritako moduan eta epean egiaztatzen bada lanpostu hori lortu nahi den kategorian/lanpostu funtzionalean sartzen dela edo horren baliokidea dela.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetako laneko esperientziaren baremoan ezarritakoaren arabera baloratuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko eta Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetako edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileek, funtzionarioek eta lan-legepeko kontratudun langileek emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandako zerbitzuak ere.

Osasun Sistema Nazionala osatzen duten osasun-zerbitzuetako erakundetzat hartuko dira Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren osasun-zerbitzuetako zentro eta erakunde sanitarioak.

Zerbitzuak Europar Batasuneko gainerako estatu kideetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan eman badira, oinarri hauetako 12.1.1 f) apartatuan ezarritako moduan eta epean egiaztatu beharko da esperientzia.

Administrazio publikoko funtzionarioek eta lan-legepeko kontratudun langileek emandako zerbitzuak deialdi bakoitzaren lan-esperientziaren baremoan ezarritakoaren arabera baloratuko dira. Ondorio horietarako, administrazio publikotzat hartuko dira Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren erakundeak. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak ere administrazio publikotzat joko dira.

Era berean, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluan sartuta ez dauden erakundeetako lan-legepeko kontratudun langileek emandako zerbitzuak baloratuko dira, baldin eta egiaztatzen bada, oinarri hauen 12.5.2 f) apartatuan ezarritako moduan eta epean, Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko sektore publikokoak direla, eta erakundeko langileen hautaketa-prozesuei buruzko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52., 53., 54., 55. eta 59. artikuluetan jasotako printzipioak aplikatzen direla.

Dena delako kategorian/lanpostu funtzionalean sartzeko eskatzen den titulazioa lortzen den egunetik aurrera egin diren zerbitzuak baino ez dira baloratuko.

Salbuespen gisa, Osakidetzan arau-aldaketaren bat izan duen kategoria batean emandako zerbitzuen kasuan, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Zerbitzuak eman diren kategoria titulazio bera eskatzen duen beste batean integratu bada, horiek guztiak kategoria/lanpostu funtzional berrian eman izan balira bezala zenbatuko dira.

b) Izangai batek kategoria jakin batean eman baditu zerbitzuak, eta ezin badu kategoria horretan izena eman arauak aldatzearen ondorioz kategoria hori desagertu delako edo kategorian jarduteko titulazioa gerora lortu ez duelako, izangaiak berariaz eta modu loteslean aukeratu beharko du zein kategoriatan/lanpostu funtzionaletan baloratu behar zaizkion zerbitzu horiek, baldin eta aukeratutako kategoria lanbide-talde berekoa edo beheragoko hurrengo taldekoa bada eta zerbitzu horietan sartzeko behar besteko titulazioa badu. Laneko esperientzia hori % 75ean zenbatuko da.

c) Hainbat kategoriatan zatitu den kategoria batean emandako zerbitzuen kasuan, izangaiak aukeratuko du zein kategoriatan/lanpostu funtzionalean zenbatu behar zaizkion zerbitzu horiek, betiere hartan sartzeko behar besteko titulazioa badu.

Hala, b) eta c) apartatuetan aipatzen den izangaiaren hautua loteslea izango da enplegu-eskaintza honetatik eratorritako etorkizuneko prozesuetarako, hurrengo aldi baterako kontratazioko zerrendak barne. Atxikipen-hautu hori 12.1 oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epean egin beharko da, oinarri hauetan, oinarri espezifikoetan eta kategoria bakoitzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda jasotzen duen ebazpenean zehaztutako baldintzetan.

12.2.2.– Prestakuntza.

Hala zehazten den kategorietan, prozesuko izangaiek alegatutako prestakuntza-merezimenduak autobarematu ahal izango dituzte, horretarako gaitzen den aplikazio informatikoaren bidez.

Merezimenduok deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira:

a) Graduaurreko prestakuntza.

Oinarri espezifikoek hala xedatzen duten deialdietan, espediente akademikoa baloratuko da.

b) Graduondoko prestakuntza.

Oinarri espezifikoek hala xedatzen duten deialdietan, apartatu honen barruan baloratuko da honako honen arabera egiaztatutako prestakuntza:

– Cum laude doktorea.

– Doktorea.

– Graduondoko masterra.

– Unibertsitate-aditua.

– Unibertsitate-espezialista.

– Ikertzeko nahikotasuna/Diploma ikasketa aurreratuetan.

– Doktoretza-ikastaroak.

– Lizentzia-gradua (bikaina edo ohorezko matrikula).

Era berean, oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera, maila akademiko bereko beste titulazio batzuk ere baloratu ahal izango ditu epaimahaiak, baldin eta bete beharreko lanpostuaren eginkizunekin eta zereginekin zerikusia badute.

c) Prestakuntza espezializatua.

d) Etengabeko prestakuntza.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

e) Irakaskuntza-jarduera.

f) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena.

g) Hizkuntzak (ingelesa, frantsesa eta alemana). Oinarri espezifikoek hala aurreikusten duten deialdietan baloratuko dira, horietan ezartzen den puntuazioaren arabera. Hizkuntza bakoitzeko 1,5 puntu lortu ahal izango dira, eta gehienez ere 3 puntu lortu ahal izango dira.

Merezimendu hori hizkuntza-eskolaren edo erakunde baliokideren baten ziurtagiria aurkeztuz akreditatuko da.

l) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta baliokideen C-2 eta C-1 mailetako tituluengatik 1,5 puntu emango dira.

II) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta baliokideen B-2 mailetako tituluengatik 1 puntu emango da.

III) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta baliokideen B-1 mailako tituluengatik 0,5 puntu emango dira.

IV) Ingeles, frantses eta alemaniar filologiako lizentziei dagokien hizkuntzari esleitutako gehieneko gaitasuna emango zaie.

Ebazpen honen III. eranskinean aurreikusitako tituluak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-2, C-1, B-2 eta B-1 mailen baliokidetzat joko dira.

Hizkuntzari berari dagozkion hainbat titulu akreditatzen badira, maila handienekoa bakarrik baloratuko da.

h) Informatikako ezagutzak:

Oinarri espezifikoek hala xedatzen duten kategorietan, oposizio-faseko ariketatzat hartzeaz gain, merezimendutzat hartuko da informatika-maila jakin bat egiaztatzea, Euskadi Informazioaren Gizartean Planak KZgunea zentro publikoetan eskaintzen dituen moduluak lortzeko proba gaindituta, honela:

(Ikus .PDF)

Modulu horiek gainditu izana IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko da. Modulu baten bertsio eta/edo maila desberdinak egiaztatzen badira, bakarra puntuatuko da, puntuaziorik handiena duena alegia. Moduluak ez dira merezimendutzat baloratuko oinarri espezifikoetan moduluak eskakizun gisa jasotzen dituzten kategorietan.

Era berean, eta eskakizuna den kategorietarako izan ezik, merezimendu hori egiaztatzeko baliozkoak izango dira erakunde ofizialek eta ikastetxe publikoek aplikazio horiei buruz emandako ikastaroak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak, baremo honen arabera:

(Ikus .PDF)

Merezimendu honekin 2 puntu lor daitezke gehienez ere.

12.2.3.– Euskara. Oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzen arabera baloratuko da. Hala, 12.1 oinarrian aurreikusitako epearen barruan behar bezala egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna merezimendu gisa baloratuko da.

12.3.– Hizkuntza-eskakizunak baloratzeko arauak.

Euskararen ezagutza eskakizuna ez den lanpostuetarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira deialdian eskainitako lanpostuek izango dituzten hizkuntza-eskakizunak.

Hizkuntza-eskakizun horien balorazioari dagozkion puntuak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitako ehunekoak izango dira, prozesuaren gainerakoan lor daitekeen gehieneko puntuazioari dagokionez.

Era berean, dagokion lanbide-taldeari ezarritako hizkuntza-eskakizunetik beherako egiaztapenak aurreko paragrafoaren arabera dagokion ehunekoarekin baloratuko dira.

Edonola ere, euskararen ezagutzaren balorazioak dagokion lanpostu funtzionalari ematen zaion portzentajea izango du muga, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Hizkuntza-eskakizun horien baliokidetza-erregimena apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 41. artikuluan jasotakoa izango da, bai eta azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuan eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan jasotzen dena ere.

Oinarri hauen 12.1 apartatuan ezarritakoaren arabera derrigorrezkoa den kasuetan, izangaiek tituluaren edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute, prozesua arautzen duten oinarrietan aurreikusitako moduan.

Goian xedatutakoaren babespean dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duten izangaiei dagokien puntuazioa emango zaie.

12.4.– Oinarri espezifikoetako baremoei buruzko eranskinetan jasotako merezimenduak baloratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izangaiak 9.3 oinarrian ezarritako eskabideak aurkezteko epearen barruan jaulkitako agirien bidez egiaztatzea merezimendu horiek, hurrengo paragrafoan zehaztutako salbuespenean izan ezik.

Merezimendu gisa baloratuko da 12.1 oinarrian aurreikusitako dokumentazioa aurkezteko epearen azken eguna baino lehen lortutako hizkuntza-eskakizuna.

12.5.– Hautaketa-prozesua bizkortzeko, deialdiko destinoen kopurua eta parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta, epaimahai kalifikatzaileak mugatu ahal izango du prestakuntza-atala zenbat izangairi baloratzen zaion, bai lehiaketa-oposizioko blokerako, bai lehiaketako blokerako. Nolanahi ere, laneko esperientziaren eta euskararen atalei dagokien puntuazioa argitaratu egingo da.

13.– LEHIAKETA-OPOSIZIOKO BLOKEKO OPOSIZIO-FASEA

13.1.– Hautaketa-probak egitea.

Lehiaketa-oposizioko blokearen hautaketa-probak egiteko deialdia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean eta hedapen handiena duten komunikabideetan argitaratuko da, eta bertan eguna, ordua eta tokia adieraziko dira. Deialdi bakarra egingo da hautaketa-probak egiteko. Epaimahai kalifikatzaileak, aukera eta tratu berdintasuna bermatzeko hautaketa-probetan, proben deialdiaren baldintzak egokitu ahalko ditu probara haurdun daudelako, erditu direlako, eriondoan daudelako edo bestelako osasun-eragozpen larriak dituztelako joan ezin diren pertsonentzat. Izangaiek proba egin aurretik jakinarazi beharko diote epaimahaiari egoera hori, eta egiaztagiri mediko baten bidez frogatu beharko dute.

Onartuen eta baztertuen behin betiko ebazpenaren arabera prozesuan onartutakoen artean agertzen diren izangaiak joan ahal izango dira probetara, bai eta baztertutakoen artean egon arren probaren egunean gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela egiaztatzen dutenak ere, aurkaratzearen ebazpen irmoan zehazten denaren zain.

Gora jotzeko errekurtso horrekin batera, eskabidearen kopia eta inskripzio-eskubideengatiko ordainketa gisa egindako diru-sarreraren frogagiria aurkeztu beharko dira.

Izangairen bat onartutakoen eta baztertutakoen zerrendan azaltzen ez bada, eskabidearen ale bikoiztuaren kopia eta inskripzio-eskubideengatik egindako diru-sarreraren ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko ditu errekurtsoarekin batera.

Identifikatzeko, hautagaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute.

13.2.– Lehiaketa-oposizioko blokeko oposizio-fasearen edukia.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan lehiaketa-oposizioko blokerako jasotako ariketek osatuko dute oposizio-fasea. Oinarri espezifikoetan, oposizio-faseko probaren funtsa izango diren gai-zerrenda eta bibliografia jasoko dira.

Barne-sustapeneko sistemaren bidezko oposizio-faseak txanda irekiko sistemaren bidezko hautaketa-proben oposizio-fasearen eduki bera izango du.

13.3.– Lehiaketa-oposizioko blokeko oposizio-fasearen balorazioa.

13.3.1.– Oposizio-faseko balorazio orokorra.

Ariketa baztertzailea izango da, eta 0 eta 100 puntu arteko balioa izango du. Gutxienez, 5 puntu lortu beharko dira gainditzeko.

Aukerako erantzunak dituzten galderei erantzuteko probetan, okerreko erantzunek ez dute zigorrik jasoko.

Lehiaketa-oposizioko blokean, lehiaketa-fasean lortutako puntuazioa ezin izango da aplikatu oposizio-fasea gainditzeko. Hautaketa-probak derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango dira.

13.3.2.– Oinarri espezifikoetan ariketa teorikoa eta praktikoa dituzten deialdien oposizio-fasearen balorazioa.

Kategoria/Lanpostu funtzional baten oinarri espezifikoetan zehazten bada oposizio-faseko probak eskainitako destinoen funtzio espezifikoei lotutako bi ariketa izango dituela (bata teorikoa eta beste praktikoa), probaren azken puntuazioa bi ariketen arteko batezbesteko haztatuarena izango da; hain zuzen, puntuazioaren % 65 ariketa teorikoarena izango da, eta % 35 ariketa praktikoarena.

Horretarako, formula honen arabera lortuko da batezbesteko haztatua:

(Ikus .PDF)

Lehiaketa-oposizioko blokeko oposizio-fasea gainditutzat emateko, bi ariketen batezbesteko haztatuak 100 puntutik 50 puntukoa izan beharko du gutxienez.

Ariketa praktikoan, galdera sorta bati erantzun beharko zaio. Galderek kasu praktiko bat edo batzuk azalduko dituzte eta aukerako erantzunak izango dituzte. Ariketa teorikoan bezala, erantzun okerrengatik ez da zigorrik ezarriko.

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio erabakitzea ariketa teorikoa eta praktikoa ekitaldi berean edo elkarren segidako bi ekitalditan egingo diren.

13.4.– Lehiaketa-oposizioko blokeko hautaketa-proben emaitzak argitaratzea.

Ariketa bakarra edo bi ariketak egin eta epaimahai kalifikatzaileak zuzendu ostean, Giza Baliabideen Zuzendaritzak Osakidetzaren webgunean argitaratuko ditu izangaien emaitzak.

13.5.– Lehiaketa-oposizioko blokeko oposizio-fasea gainditu dutenen zerrenda.

13.5.1.– Argitaratzea.

Hautaketa-probak egin ondoren, epaimahaiak lehiaketa-oposizioko blokeko fase hau gainditu dutenen puntuazioaren araberako zerrenda sortu eta onartuko du. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak zerrenda hori Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du.

13.5.2.– Izangai interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko Giza Baliabideen zuzendariari zuzendutako idazki baten bidez. Epaimahai kalifikatzaileak nahitaezko txostena eman ondoren, Giza Baliabideen zuzendariak ebatziko ditu erreklamazioak.

Erreklamazio horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez ebatziko dira. Ebazpen horrek izangaien azken puntuazioaren araberako behin-behineko zerrendaren ebazpena argitaratzeko aginduko du, eta zerrenda horrek lehiaketa-oposizioko blokeko lehiaketa- eta oposizio-faseetan lortutako puntuazioak izango ditu bereizita.

Lehiaketa-oposizioko blokeko eta lehiaketako blokeko gai komunei buruzko erreklamazioek bi blokeei eragingo diete.

14.– IZANGAIEN BEHIN-BEHINEKO ZERRENDA, PUNTUAZIOAREN ARABERA

14.1.– Izangaien behin-behineko zerrenda, puntuazioaren arabera: lehiaketa-oposizioko blokea.

14.1.1.– Argitaratzea.

Epaimahaiak hautagaien azken puntuazioaren araberako behin-behineko zerrenda egin eta onartuko du, lehiaketa-fasean eta oposizio-fasean lortutako puntuazioak bereizita.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa lehiaketa-fasean eta oposizio-fasean lortutako kalifikazioen batura izango da.

Hautaketa-prozesua bizkortzeko, deialdiko destinoen kopurua eta oposizio-fasea gainditu duten parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta, epaimahai kalifikatzaileak mugatu ahal izango du prestakuntza-atala zenbat izangairi baloratzen zaion. Nolanahi ere, laneko esperientziaren eta euskararen atalei dagokien puntuazioa argitaratu egingo da.

Izangaien artean berdinketa egonez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna dagozkien kategoria eta lanpostu funtzionaletan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera (martxoaren 3ko 1/2022 Legeak emandako izendapen berria). Berdinketak irauten badu, oposizio-fasean punturik gehien lortu duenaren alde erabakiko da. Berdin jarraituz gero, laneko esperientziagatik lortutako puntuei begiratuko zaie. Berdinketak jarraitzen badu, oinarri espezifikoetan zerrendatutako merezimenduen baremoko atal bakoitzean guztizko puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da, atal horietan adierazitako hurrenkeraren arabera. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ez bada berdinketa desegin, dagokion kategorian eta lanpostu funtzionalean lehenago lanean hasi zen izangaiaren alde erabakiko da, haren lan-harremana edozein dela ere. Azkenik, aurreko irizpideak aplikatuta berdinketa ez bada desegin, lehenago jaio den izangaiaren alde erabakiko da.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak izangaien behin-behineko zerrendaren ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen bakoitzak lau eranskin izango ditu lehiaketa-oposizioko blokean. Hain zuzen ere, I. eranskina hautaketa-prozesua gainditu duten eta destinoa lortzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrenda izango da; II. eranskina I. eranskinean ez dauden baina hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda izango da; III. eranskinak prozesutik kanpo geratu diren pertsonen zerrenda jasoko du, baztertzeko arrazoia adierazita, eta IV. eranskinak deialdiaren xede diren destinoen zerrenda jasoko du.

Eskainitako destino guztiak benetan bete ahal izateko, eskainitako lanpostuak baino izangai gehiago sartu ahal izango dira I. eranskinean, baina ezin izango dira, inola ere, deialdian zehaztutako destinoak baino gehiago esleitu.

Lehiaketa-oposizioko blokeko izangaiek 15 egun izango dituzte, ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak jartzeko. Horretarako, epaimahai kalifikatzaileko buruari zuzendutako idazkia baliatuko dute. Eta erreklamazio horiek izangaien behin betiko ebazpena argitaratzearekin bat onartu edo baztertuko dira. Halaber, hamabost eguneko epe horretan, eskakizunei eta merezimenduei buruzko dokumentazioa zuzendu ahal izango da, baldin eta aldez aurretik oinarri hauetan ezarritako epean aurkeztu bada.

Giza Baliabideen Zuzendaritzak beharrezko baliabide teknikoak gaituko ditu eta epaimahai kalifikatzailearen agiriak, akordioak edo akta-laburpenak emango ditu interesdunek alegatutako merezimenduen balorazioaren xehetasunak ezagutu ahal izan ditzaten.

Epe berean, I. eranskinean agertzen diren izangaiek lehiaketa-oposizioko blokean eskainitako destinoa aukeratu beharko dute. Horretarako, Osakidetzaren webgunean eskura izango duten eskabide-eredua bete beharko dute.

Lehiaketa-oposizioko blokean eskainitako destinoetan, I. eranskineko izangaiek aukeratu ahal izango dituztenetan, informazio hau behintzat eman beharko da: kategoria, lanpostu funtzionala, zerbitzu-erakundea, zerbitzu-erakundeko atxikipen-zentroa, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data. Osakidetzak lehiaketa-oposizioko blokean eskainitako destinoak beteko direla bermatuko du, betiere hautaketa-prozesua gainditu duten eta lanpostua lortzeko eskakizunak betetzen dituzten hautagaiak badaude.

Izangai bera bloke bietako I. eranskinean agertzen bada (hau da, lehiaketa-oposizioko blokean hautaketa-prozesua gainditu duten eta destinoa lortzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrendaren I. eranskinean eta lehiaketako blokean destinoa lortzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrendaren I. eranskinean agertzen bada), bloke bietan eskainitako destino guztien artean zer lehentasun duen adierazi beharko du; horretarako, Osakidetzaren webgunean eskura izango duen lehentasun-eredua bete beharko du.

14.1.2.– Dokumentazioa ez aurkeztearen ondorioak.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan onartutakoen artean, ez dira ezein ondoriotarako kontuan hartuko deialdian parte hartzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa eta merezimendu baloragarriak 12.1 oinarrian zehaztutako denboran eta moduan aurkeztu ez dituzten izangaiak.

Izangai bera lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean badago, behin bakarrik aurkeztu beharko du dokumentazioa.

14.1.3.– Azterketa medikoa.

Lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean jasotako izangaiek destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzen duen azterketa medikoa egin beharko dute, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuan. Horretarako, zita eskatu beharko dute Giza Baliabideen Zuzendaritzak zehazten duen zerbitzu-erakundean, 14.1.1 oinarrian aurreikusitako 15 egun balioduneko epean.

Izangai bera lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean sartuta badago, azterketa mediko bakarra egingo zaio eta haren emaitza bloke bietan hartuko da kontuan.

14.1.4.– Desgaitasun-kupoan sartzen diren izangaiak.

Bi txandetako edozeinetan 7. oinarrian jasotako desgaitasun-kupoaren bidez parte hartzen duten izangaiek destinoa aukeratu ahal izango dute lehiaketa-fasearen kalifikazioa jaso ondoren, baldin eta oposizio-fasean eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badute:

Puntuazio-ordenaren arabera dagokien lekuan, horretarako lanpostua betetzen badute.

Kupoko gainerako plazak agortu aurretik, bere lanpostua azpitik badago.

Hori barne-sustapeneko txandan edo txanda irekian aplikatuko da, langile horientzat erreserbatutako destinoen kupo osoa bete arte.

Desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako kupoa agortu ondoren kupo horretan parte-hartzaile gehiago badaude, puntuazioak ematen dien lanpostua beteko dute dagokien txandan, eta sarbide orokorreko sisteman eskainitako gainerakoen artean lortu ahal izango dute destinoa.

14.2.– Izangaien behin-behineko zerrenda, puntuazioaren arabera: lehiaketako blokea.

14.2.1.– Argitaratzea.

Epaimahaiak hautagaien azken puntuazioaren araberako behin-behineko zerrenda egin eta onartuko du, lehiaketa-fasean lortutako puntuazioak bereizita.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa lehiaketa-fasean lortutako kalifikazioen batura izango da.

Hautaketa-prozesua bizkortzeko, deialdiko destinoen kopurua eta parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta, epaimahai kalifikatzaileak mugatu ahal izango du prestakuntza-atala zenbat izangairi baloratzen zaion. Nolanahi ere, laneko esperientziaren eta euskararen atalei dagokien puntuazioa argitaratu egingo da.

Izangaien artean berdinketa egonez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna dagozkien kategoria eta lanpostu funtzionaletan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera (martxoaren 3ko 1/2022 Legeak emandako izendapen berria). Berdin jarraituz gero, laneko esperientziagatik lortutako puntuei begiratuko zaie. Berdinketak jarraitzen badu, oinarri espezifikoetan zerrendatutako merezimenduen baremoko atal bakoitzean guztizko puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da, atal horietan adierazitako hurrenkeraren arabera. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ez bada berdinketa desegin, dagokion kategorian eta lanpostu funtzionalean lehenago lanean hasi den izangaiaren alde erabakiko da, haren lan-harremana edozein dela ere. Azkenik, aurreko irizpideak aplikatuta berdinketa ez bada desegin, lehenago jaio den izangaiaren alde erabakiko da.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak behin-behineko ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen bakoitzak lau eranskin izango ditu lehiaketako blokean. Hain zuzen ere, I. eranskina destinoa lortzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrenda izango da; II. eranskina I. eranskinean ez dauden pertsonen zerrenda izango da; III. eranskinak prozesutik kanpo geratu diren pertsonen zerrenda jasoko du, baztertzeko arrazoia adierazita, eta IV. eranskinak deialdiaren xede diren destinoen zerrenda jasoko du.

Eskainitako destino guztiak benetan bete ahal izateko, eskainitako lanpostuak baino izangai gehiago sartu ahal izango dira lehiaketako blokaren I. eranskinean, baina ezin izango dira, inola ere, deialdian zehaztutako destinoak baino gehiago esleitu.

Lehiaketako blokeko izangaiek 15 egun izango dituzte, ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak jartzeko. Horretarako, epaimahai kalifikatzaileko buruari zuzendutako idazkia baliatuko dute. Erreklamazio horiek lehiaketako blokeko izangaien behin betiko ebazpena argitaratzearekin bat onartu edo baztertuko dira. Halaber, hamabost eguneko epe horretan, eskakizunei eta merezimenduei buruzko dokumentazioa zuzendu ahal izango da, baldin eta aldez aurretik oinarri hauetan ezarritako epean aurkeztu bada.

Giza Baliabideen Zuzendaritzak beharrezko baliabide teknikoak gaituko ditu eta epaimahai kalifikatzailearen agiriak, akordioak edo akta-laburpenak emango ditu interesdunek alegatutako merezimenduen balorazioaren xehetasunak ezagutu ahal izan ditzaten.

Epe berean, lehiaketako blokeko I. eranskinean agertzen diren izangaiek lehiaketako blokean eskainitako destinoa aukeratu beharko dute. Horretarako, Osakidetzaren webgunean eskura izango duten eskabide-eredua bete beharko dute.

Lehiaketako blokean eskainitako destinoetan, lehiaketako blokean I. eranskineko izangaiek aukeratu ahal izango dituztenetan, informazio hau behintzat eman beharko da: kategoria, lanpostu funtzionala, zerbitzu-erakundea, zerbitzu-erakundeko atxikipen-zentroa, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data. Osakidetzak lehiaketako blokean eskainitako destinoak beteko direla bermatuko du, betiere hautaketa-prozesua gainditu duten eta lanpostua lortzeko eskakizunak betetzen dituzten hautagaiak badaude.

Izangai bera bloke bietako I. eranskinean agertzen bada (hau da, lehiaketa-oposizioko blokean hautaketa-prozesua gainditu duten eta destinoa lortzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrendaren I. eranskinean eta lehiaketako blokean destinoa lortzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrendaren I. eranskinean agertzen bada), bloke bietan eskainitako destino guztien artean zer lehentasun duen adierazi beharko du; horretarako, Osakidetzaren webgunean eskura izango duen lehentasun-eredua bete beharko du.

14.2.2.– Dokumentazioa ez aurkeztearen ondorioak.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan onartutakoen artean, ez dira kontuan hartuko ezein ondoriotarako deialdian parte hartzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa eta merezimendu baloragarriak 12.1 oinarrian zehaztutako denboran eta moduan aurkeztu ez dituzten izangaiak.

Izangai bera lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean badago, behin bakarrik aurkeztu beharko du dokumentazioa.

14.2.3.– Azterketa medikoa.

Lehiaketako blokeko I. eranskinean jasotako izangaiek destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzen duen azterketa medikoa egin beharko dute, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuan. Horretarako, zita eskatu beharko dute Giza Baliabideen Zuzendaritzak zehazten duen zerbitzu-erakundean, 14.2.1 oinarrian aurreikusitako 15 egun balioduneko epean.

Izangai bera lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean sartuta badago, azterketa mediko bakarra egingo zaio eta haren emaitza bloke bietan hartuko da kontuan.

15.– LANPOSTUAN JARDUTEKO GAITASUNA BALORATZEA

Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan dauden Oinarrizko Prebentzio Unitateek egingo dute lehiaketa-oposizioko blokean edo lehiaketako blokean lanpostua lor dezaketen izangaiek lanean hasi aurretik egin behar duten azterketa medikoa, hautagaiek haien lanpostuko zereginak normaltasunez egiteko gaitasun psikofisikoak dituztela egiaztatzeko egin beharrekoa.

Azterketa medikoa Osakidetzako prebentzioa kudeatzeko sistemaren protokolo espezifikoetan oinarrituta egingo da, eta gaitasun-txosten bat jaulkiko da izangaiak destinorako eskubidea duen kategoria bakoitzerako. Osasun-azterketa horretan, xeheki jasoko da interesdunak lanpostu funtzionalari eta lortu ahal dituen destinoei esleitutako funtsezko eginkizunak betetzeko duen gaitasuna baloratzeko behar den informazioa.

Informazioa aztertu ondoren, eta langileak osasunaren ikuspuntutik eragozpenik ez badu, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak gaitasun-ziurtagiria jaulkiko du, bloke bakoitzean eskainitako edozein destino aukeratu ahal izan dezan eta txosten hori lanpostuaz jabetzean aurkeztu ahal izan dezan.

Gaitasun-ziurtagirian, izangaiak lortu nahi duen lanbide-kategoriarako beharrezkotzat jotzen dituen oharrak edo murrizketak zehaztu ahal izango ditu azterketa medikoa egiten duen medikuak, betiere ohar edo murrizketa horiek kategoriaren funtsezko zereginei eragiten ez badiete.

Informazioaren analisiak erakusten badu langilea jarraian jasotako egoeraren batean dagoela, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak Prebentzio Zerbitzu Korporatiboari helaraziko dio espedientea, eta hark behin betiko erabakia hartuko du, lanpostua betetzeko Gaitasuna Baloratzeko Batzordearen bidez.

Prebentzioko Oinarrizko Unitateak honako egoera hauen berri emango dio Prebentzio Zerbitzu Korporatiboari:

a) Gutxienez % 33ko desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako lanpostuetan aurkezten den izangaia.

b) POUren iritziz eskainitako lanposturen baterako murrizketa partzial, aldi baterako edo behin betikoren bat duen izangaia.

c) Lanak egiteko egokitzapenen bat behar duen izangaia.

Desgaitasuna duen izangaiaren azterketa medikoak egiaztatu beharko du izangaiak baduela parte hartzen duen kategoriako/lanpostu funtzionaleko eginkizunak betetzeko gaitasuna, eta, hala badagokio, lanpostuari egin beharreko egokitzapenak adierazi beharko ditu. Dagokion Lan Osasuneko Unitateak azterketa medikoa egin ondoren, lanpostuan jarduteko Gaitasuna Balioesteko Batzordeak erabakiko du izangaia lanpostua betetzeko gai den ala ez, lanpostuaren, urritasunaren eta desgaitasun-mailaren arabera.

Lanpostuan jarduteko Gaitasuna Baloratzeko Batzordeak izangaiak lanpostuaz jabetu aurretik probaldi bat egitea eska dezake, behin betiko ondorioak jaulki ahal izateko.

16.– IZANGAIEN BEHIN BETIKO ZERRENDA ETA DESTINOEN ESLEIPENA. IZENDAPENA

16.1.– Izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena. Izendapena: lehiaketa-oposizioko blokea.

16.1.1.– Erreklamazioak ebatzi ondoren, Osakidetzaren webgunean argitaratuko dira lehiaketa-oposizioko blokean eskakizunak egiaztatu dituztenen artean hautatutako izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena, Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek, lehiaketa-oposizioko blokean, hiru eranskin izango ditu: I. eranskinean, destino baten esleipena lortu duten pertsonen zerrenda egongo da; II. eranskinean, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda agertuko da, zeinean bereiz egongo baitira destinoa hautatzeko aukera dutenak eta ez dutenak, eta, III. eranskinean, berriz, baztertutako hautagaiak jasoko dira, baztertzeko arrazoiarekin batera.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluarekin bat etorriz, epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan zuzendu ahalko ditu, bai ofizioz bai interesdunek hala eskatuta, beren egintzetako akats materialak edo aritmetikoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ebatzitako erreklamazioetatik ondorioztatutako puntuazio-aldaketak kontuan hartuta, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak behin-behineko ebazpen bat eman ahalko du zuzendari nagusiak izangai hautatuen behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena adierazten dituen ebazpena eman baino lehen. Hala, behin-behineko ebazpen horren bidez, oposizioa-faseko eta lehiaketa-faseko emaitzak argitaratuko dira, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko da interesdunek alegazioak aurkez ditzaten. Ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren esleipendunak estatutupeko langile finko izendatuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

16.1.2.– Destino hutsak betetzeko beharra. Txanda irekiko deialdiko destino guztiak bete egingo dira, baldin eta hautagaiek oinarri hauetan jasotako eskakizunak betetzen badituzte eta hautaketa-prozesua gainditu badute.

16.1.3.– Destinoak izangaien eskaeraren eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira hautagaien artean.

16.1.4.– Aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera garaiz eta behar bezala destinoa eskatzen ez duten izangaiek galdu egingo dituzte hautaketa-probetan parte hartzeagatik dagozkien eskubideak. Era berean, izangai batek lanpostu jakin batzuetarako eskakizunak betetzen bazituen baina lanpostu horiek guztiak ez hautatzeagatik destinorik lortzen ez badu, galdu egingo ditu hautaketa-probetan parte hartzeagatik dagozkion eskubideak.

16.1.5.– Destino hutsak puntuazio-ordena zorrotzaren arabera esleituko dira, eta 1. oinarrian azaldutako irizpideen arabera eskainitako destino guztiak esleituko dira.

16.1.6.– Lehiaketa-oposizioko blokeko ondoriozko fasea. Behar adina esleipen-fase egingo dira deitutako lanpostuak titular batek edo lanpostua gordetzeko eskubidea duen titular batek bete ditzan, baldin eta eskakizunak betetzen dituen eta hautaketa-prozesua gainditu duen hautagairik badago.

Destinoaren esleipendunen zerrenda jasotzen duen I. eranskineko pertsonek ez dute eskubiderik esleipen-emaitzen hurrengo faseetan parte hartzeko.

Era berean, ezin izango zaie apartatu honetan eskainitako destinorik esleitu eskakizunak bete arren destino guztiak ez hautatzeagatik aurreko fasean destinorik lortu ez dutenei.

Bestalde, pertsona bati destino bat esleitzen bazaio lehiaketa-oposizioko zein lehiaketako blokean, pertsona horrek ez du eskubiderik izango bloke horietako ondoriozko faseetan parte hartzeko.

16.1.6.1.– Lehiaketa-oposizioko blokeko barne-sustapeneko txandan lanpostuaz jabetzeko epea amaitu ondoren, txanda horretako II. eranskinean oposizio-lehiaketako blokeko hautagairen bat badago, destino hauek eskainiko dira:

– Esleitu ez diren destinoak.

– Esleitu eta aurreikusitako epean izendatutako hautagaiek jabetzan hartu ez dituzten destinoak.

– Lanpostuaz jabetu arren esleipenduna benetan lanean hasi ez bada destinoan eta ez badu lanpostua gordetzeko eskubidea ematen dion egoeraren batean, destino horiek.

16.1.6.2.– Era berean, lehiaketa-oposizioko blokeko txanda irekiko izangaiei, txanda horretako II. eranskinean lehiaketa-oposizioko blokeko hautagairen bat badago, honako destino hauek eskainiko zaizkie:

– Esleitu ez diren destinoak.

– Esleitu eta aurreikusitako epean izendatutako hautagaiek jabetzan hartu ez dituzten destinoak.

– Lanpostuaz jabetu arren esleipenduna benetan lanean hasi ez bada destinoan eta ez badu lanpostua gordetzeko eskubidea ematen dion egoeraren batean, destino horiek.

16.2.– Izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena. izendapena: lehiaketako blokea.

16.2.1.– Erreklamazioak ebatzi ondoren, Osakidetzaren webgunean argitaratuko dira lehiaketako blokean eskakizunak egiaztatu dituztenen artean hautatutako izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena, Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek, lehiaketako blokean, hiru eranskin izango ditu: I. eranskinean, destino baten esleipena lortu duten pertsonen zerrenda egongo da; II. eranskinean, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda agertuko, zeinean bereiz egongo baitira destinoa hautatzeko aukera dutenak eta ez dutenak, eta, III. eranskinean, berriz, baztertutako hautagaiak jasoko dira, baztertzeko arrazoiarekin batera.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluarekin bat etorriz, epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan zuzendu ahalko ditu, bai ofizioz bai interesdunek hala eskatuta, beren egintzetako akats materialak edo aritmetikoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ebatzitako erreklamazioetatik ondorioztatutako puntuazio-aldaketak kontuan hartuta, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak behin-behineko ebazpen bat eman ahalko du zuzendari nagusiak izangai hautatuen behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena adierazten dituen ebazpena eman baino lehen. Hala, behin-behineko ebazpen horren bidez, oposizioa-faseko eta lehiaketa-faseko emaitzak argitaratuko dira, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko da interesdunek alegazioak aurkez ditzaten. Ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren esleipendunak estatutupeko langile finko izendatuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

16.2.2.– Destino hutsak betetzeko beharra. Txanda irekiko deialdiko destino guztiak bete egingo dira, baldin eta hautagaiek oinarri hauetan jasotako eskakizunak betetzen badituzte.

16.2.3.– Destinoak izangaien eskaeraren eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira hautagaien artean.

16.2.4.– Aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera garaiz eta behar bezala destinoa eskatzen ez duten izangaiek galdu egingo dituzte hautaketa-probetan parte hartzeagatik dagozkien eskubideak.

Era berean, izangai batek lanpostu jakin batzuetarako eskakizunak betetzen bazituen baina lanpostu horiek guztiak ez hautatzeagatik destinorik lortzen ez badu, galdu egingo ditu hautaketa-probetan parte hartzeagatik dagozkion eskubideak.

16.2.5.– Destino hutsak puntuazio-ordena zorrotzaren arabera esleituko dira, eta 1. oinarrian azaldutako irizpideen arabera eskainitako destino guztiak esleituko dira.

16.2.6.– Lehiaketako blokeko ondoriozko fasea. Behar adina esleipen-fase egingo dira deitutako lanpostuak titular batek edo lanpostua gordetzeko eskubidea duen titular batek bete ditzan, baldin eta eskakizunak betetzen dituen hautagairik badago.

Destinoaren esleipendunen zerrenda jasotzen duen I. eranskineko pertsonek ez dute eskubiderik esleipen-emaitzen hurrengo faseetan parte hartzeko.

Era berean, ezin izango zaie apartatu honetan eskainitako destinorik esleitu eskakizunak bete arren destino guztiak ez hautatzeagatik aurreko fasean destinorik lortu ez dutenei.

Bestalde, pertsona bati destino bat esleitzen bazaio blokeetako edozeinetan, pertsona horrek ez du eskubiderik izango bloke horietako ondoriozko faseetan parte hartzeko.

Lehiaketako blokeko txanda irekiko txandaz jabetzeko epea amaitu ondoren, txanda horretako II. eranskinean lehiaketako blokeko hautagairen bat badago, destino hauek eskainiko dira:

– Esleitu ez diren destinoak.

– Esleitu eta aurreikusitako epean izendatutako hautagaiek jabetzan hartu ez dituzten destinoak.

– Lanpostuaz jabetu arren esleipenduna benetan lanean hasi ez bada destinoan eta ez badu lanpostua gordetzeko eskubidea ematen dion egoeraren batean, destino horiek.

17.– LANPOSTUEZ JABETZEA

Esleipendunek hilabeteko epea izango dute dagokien destinoaz jabetzeko, izendapenen ebazpenak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian hartu beharko da destinoa jabetzan (egoitza zentrala, Vitoria-Gasteiz); horretarako, hautagaiak hitzordua eskatu beharko du. Salbuespen gisa, zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Osakidetzako beste zerbitzu-erakunde batzuk gaitu ahal izango dira esleitutako destinoaz jabetzeko. Lanpostuaz jabetzeko unean agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– NANa, pasaportea edo gidabaimena edo dokumentu baliokidea Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea dutenek, edo Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalek.

Parte hartzeko eskubidea izanik Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu behar dute, eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen norbaitekiko ahaidetasun-lotura izan edo haren kontura biziz gero, lotura hori dutela egiaztatzen duten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, zuzenbidez bananduta ez daudela adierazteko, eta, hala badagokio, izangaia bere kontura bizi dela edo bere kargura dagoela adierazteko.

– Elkargoko kide izatearen egiaztagiria, deialdiko oinarri espezifikoetan hala eskatzen denean.

– Diziplina-espediente bidez hautagaia administrazio publikoetako zerbitzuetatik kanporatuta ez dagoela eta eginkizun publikoetarako ezgaituta ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena edo hitzematea.

Espainiako nazionalitatea ez duten hautagaiek, Espainiako Estatuari buruzko deklarazioaz gain, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu behar dute, esanez ez daudela eginkizun publikoetarako desgaituta edo antzeko egoera batean, eta orobat ez dutela haien Estatuan, baldintza beretan, funtzio publikora sartzea eragozteko moduko diziplina-zehapen edo baliokiderik.

– Destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzen duen azterketa medikoaren agiria, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak emana.

– Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Osorik Babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikulua betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eta Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiria lortzeko baimena, Osakidetzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenean xedatutakoaren arabera.

Atzerritarrek, edo espainolaz gain beste nazionalitate bat dutenek, Sexu-gaizkileen Erregistro Zentralaren ziurtagiritik aparte, jatorrizko herrialdeko zigor-aurrekarien egiaztagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, nazioarteko hitzarmenen arabera itzulita eta legeztatuta. Horretarako, 57.1 artikuluan jasotako delituak baino ez dira baloratuko.

Zigor-aurrekarien erregistrorik ez duten herrialdeetako atzerritarrek, egiazkotasuna egiaztatzeko Osakidetzari berariazko baimena ematen dion adierazpenaz gain, jokabide onaren kontsul-ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.

Emandako epe horretan izangaiak ez badira bertaratzen aipatu agiriekin edo agiri horiek aztertuta detektatzen bada betebeharren bat betetzen ez dutela, hautagaiak ezingo dira jabetu estatutupeko langile gisa esleitu zaien destinoaz. Ondorioz, deuseztatuta geratuko dira jarduerak, eta hasierako eskabidea faltsutzeagatik egon daitekeen erantzukizuna eskatu ahalko zaie.

Horrez gain, interesdunak lanpostuaz jabetzeko ekitaldira dagokien epearen barruan aurkeztu ezean (edo, hala badagokio, emandako luzapenean), galdu egingo dituzte hautaketa-probei buruzko ebazpenetan aitortu zitzaizkien eskubideak.

Lanpostua esleituta duten esleipendunen lanpostu-jabetze hori bertan behera geldituko da, haien eginkizunetan 18 urte baino gutxiago dituzten adingabekoekin ohiko harremana izan behar badute eta oinarri hauetako 6.2.e) apartatuan ezarritako eskakizunak betetzen ez badituzte, Osakidetzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 ebazpenaren bigarren instrukzioan ezarritakoarekin bat etorriz.

Orain arte adierazitakoari jarraituz, izangaiak, lanpostuaz jabetzen badira, egin beharreko eginbideak gauzatu eta hurrengo egunean hasiko dira lanean, esleitu zaien zerbitzu sanitarioetako erakundean.

18.– EPAIMAHAI KALIFIKATZAILEA

18.1.– Izendapena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak hautaketa-prozesua kalifikatuko duten epaimahaiak izendatuko ditu. Hautaketa-prozesu bakoitzeko epaimahai bat izendatuko da.

18.2.– Osaera.

Epaimahai bakoitzak 6 kide titular izango ditu. Ordezko kide kopuru bera izendatuko da.

Epaimahaikide guztiek administrazio publikoetako edo osasun-zerbitzuetako karrerako funtzionarioak edo estatutupeko finkoak edo, bestela, Osasun Sistema Nazionalari lotutako zentroetako lan-kontratuko langileak izan beharko dute, eta haien lanpostuan edo kategorian jarduteko hautaketa-prozesuko kategorian sartzeko eskatzen den maila akademiko bera edo goragokoa eduki beharko dute.

Epaimahai kalifikatzailearen kide guztiek maila indibidualean jokatuko dute.

Idazkaria eginkizun administratiboak eta goi-mailako titulazioa dituzten Osakidetzako langile finkoen artetik izendatuko da, edo, beharrezkoa balitz, beste administrazio publiko bateko langileen artetik. Idazkaria epaimahaikide izango da, eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango ditu.

Epaimahaiaren osaketan, gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia duten gizonezko eta emakumezkoen arteko ordezkapen orekatua bermatuko da, eta epaimahaikideek inpartzialtasun- eta profesionaltasun-printzipioak beteko dituzte.

Zuzendari nagusiak ebazpen bidez jakinaraziko du epaimahaia nork osatuko duten. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

Epaimahaiak Osakidetzari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan, bai probak prestatzen, bai lehiaketa-fasean. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.

Epaimahaiak kanpoko erakunde aholkularietara jo ahal izango du probak eta oposizio-fasean probekin zerikusia duten gai guztiak prestatzeko. Horretarako, Osakidetzak behar diren neurriak hartuko ditu kanpoko erakunde aholkularien parte-hartzea gauzatzeko. Ez bada lortzen kanpoko erakunde aholkulariren batek parte hartzea, epaimahaiari egokituko zaio oposizio-faseko ariketa sortzea.

Parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta edo hautaketa-prozesuak hala eskatzen duenean, epaimahai laguntzaileak eratu ahal izango dira. Epaimahai laguntzaileetako kideak ere zozketa bidez hautatuko dira, eta epaimahaikoek dituzten baldintza berberak bete beharko dituzte. Epaimahai laguntzaileek laguntza eman beharko dute 13.2.2 oinarrian (Prestakuntza) adierazitako merezimenduak baloratzeko epaimahaiek eskuordetzen dizkieten lanetan. Epaimahai laguntzaileek epaimahaiek zehaztutako irizpideak aplikatuko dituzte beren jardunean, eta haien mende jardungo dute hierarkikoki.

18.3.– Abstenitzea eta errekusatzea.

Epaimahaikideek abstenitu egin beharko dute, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. artikuluan jasotako kasuren batean badaude, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote. Kasu horietan ere, interesdunek edozein unean eman ahalko dute errekusatzea, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

18.4.– Jarduteko arauak.

Epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 24.era bitarteko artikuluetan ezarritako arauetara egokituko du bere jarduna.

Epaimahaia presidentearen aginduz bilduko da, idazkariak deituta, eta, eratu ahal izateko, presidenteak eta idazkariak, edo horien ordezkoek, eta gutxienez kideen erdiak bertaratu beharko dute.

Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Epaimahaikide guztiek, idazkariak barne, hitza eta botoa izango dute.

18.5.– Eskumenak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta horren objektibotasuna bermatzeko arduraz.

Epaimahaiak oinarriok aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta oinarriotan aurreikusi ez diren kasuekin lotuta hartu beharko diren irizpideak ezarriko.

18.6.– Zerbitzuagatiko kalte-ordaina.

Epaimahaikideek zerbitzua dela-eta dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, asistentziagatikoak barne, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan araututakoarekin bat etorriz. Era berean, epaimahaiari aholkuak emanez edo zaintza lanetan arituko direnek ere jasoko dituzte kalte-ordain horiek.

19.– PUBLIZITATEA

Deialdi hau eta prozesua garatzeko ematen diren ebazpenak EHAAn argitaratuko dira, eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzaren webgunean jarriko dira, oinarri hauen eta onartzen diren oinarri espezifikoen arabera.

20.– EGOITZA

Ondorio guztietarako eta hautaketa-prozesu honen ondoriozko jarduketa guztietarako, eskumen jurisdikzionala esleitzekoa barne, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia hartuko da egoitzatzat (helbidea: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).

21.– ERREKURTSOEN ARAUBIDEA

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera, errekurtsoen araubide hau ezartzen da:

21.1.– Giza Baliabideen zuzendariak emandako behin betiko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zuzendari nagusiak emandako ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

21.2.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala