240. zk., 2022ko abenduaren 19a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
INDARGABETUTAKO XEDAPENA
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
5421
145/2022 DEKRETUA, azaroaren 29koa, Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituen eta horiek emateko baldintzak ezartzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena.
2011ko martxoaren 26an jarri zen indarrean 35/2011 Dekretua, martxoaren 15ekoa, Batxilergoko Sari Bereziak arautu eta horiek emateko baldintzak ezartzen dituena.
Dekretua indarrean jarri zenetik, ordura arte urteroko deialdietan araututakoaren aldi baterako araudia ezarri zen.
2013ko otsailaren 27an argitaratu zen otsailaren 19ko 166/2013 Dekretua, 35/2011 Dekretuaren zenbait artikulu aldatu zituena; horien artean, 8.1 artikulua, sarien edukiari buruzkoa, zuzkidura ekonomikoa kenduz; beraz, gaur egun, sariaren edukiak berekin dakar Hezkuntza Sailak antolatzen duen bidaia-programan parte hartzeko aukera, saria lortu den ikasturtearen ondorengo udan hizkuntza-ikastaroak egiteko atzerrian; hau da, sarituek gradu-ikasketen edo goi-mailako ikasketen lehenengo maila amaitu dutenean.
Egiaztatu da data hori ez dela egokia; izan ere, ikasle askok EAEtik kanpo hasten dituzte goi-mailako ikasketak, bai Estatuan, bai atzerrian, eta, beraz, saritutako ikasleek ez dute sariaren zati horretaz gozatzeko aukerarik. Horregatik, 1.200 euroko dirulaguntza gordina emango zaie, beren hezkuntza-prozesuan tresna gisa balioko dien gailu digital bat edo bi eskuratzeko.
Ebaluazio haztatu baten ondoren, arau erregulatzaile hori aldatzeko aukera eta komenigarritasuna nabarmendu dira. Hain zuzen ere, aldaketa hau justifikatzen dute inplikatutako sektore akademikoen hainbat iradokizunek, hura eraginkorragoa egingo duten antolamendu-izaerako inguruabarretara egokitu beharrak eta aurrekontu-egoera aldakorren eskuragarritasunera egokitu beharrak.
Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Batxilergoko Sari Bereziak arautu eta horiek emateko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuaren bigarren aldaketa.
Batxilergoko Sari Bereziak arautu eta horiek emateko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua honela aldatzen da:
Bat.– Honela geratzen da idatzita 8. artikuluaren lehenengo paragrafoa:
Batxilergoko Sari Berezia lortzen dutenek sari hori egiaztatzen duen ziurtagiria jasoko dute. Gainera, 1.200 euroko dirulaguntza gordina emango zaie gailu digitalak erosteko. Zenbateko hori urteko deialdiaren aginduan eguneratu ahal izango da, urte arteko Kontsumoko Prezioen Indizearen mugarekin, eta arlo horretan eskumena duen zuzendaritzako titularrak kudeatuko du.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko azaroaren 29an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.