215. zk., 2022ko azaroaren 10a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (180 KB - 5 orri.)
- EPUB (277 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4852
AGINDUA, 2022ko urriaren 25eko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022ko maiatzaren 24ko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak ebazten dituena. Agindu horren bidez, dirulaguntzak emateko erregimena ezartzen da 2022an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa hauetan parte hartzeko: nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan.
AURREKARIAK
1.– 2022ko ekainaren 10ean EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko maiatzaren 24ko Agindua, zeinaren bidez ezartzen baita dirulaguntzak emateko erregimena 2022an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko; zehazki, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan.
2.– 2022ko maiatzaren 24ko Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorriz, Balorazio Batzordeak, 2022ko urriaren 4an egindako bileran, aurkeztutako eskabideei buruzko agindu-proposamena egin zuen deitutako dirulaguntzen lerrorako, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari bidali zitzaion, honek eskaerak ebazteko.
Azaldutakoagatik, Balorazio Batzordeak egindako agindu-proposamena ikusita, eta aginduaren 13. artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– I. eranskinean zerrendatutako entitateei dagozkien dirulaguntzak ematea, zehazten diren zenbatekoen arabera.
Bigarrena.– II. eranskineko eskabideak ez onartzea bertan agertzen den arrazoia dela eta.
Hirugarrena.– 2022ko maiatzaren 24ko Aginduan arautako dirulaguntzak jasotzen dituztenek, testuaren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.
Laugarrena.– Dirulaguntza bi ordainketetan pagatuko da; lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarrari dagokiona, eta esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste berrogeita hamarrari dagokiona, 2023ko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2023ko martxoaren 1a baino lehenago burutu beharko baita.
Hori horrela izateko, emandako dirulaguntza onartu egin beharko da. Dirulaguntza ematen zaiela jakinarazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek ez badiote dirulaguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.
Bosgarrena.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek 2023ko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte jarraian zehazten diren agiriak, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta -ren bitartez:
a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko memoria zehatza, zer jarduera egin diren eta zer emaitza lortu diren adierazita.
b) Jatorrizko fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.
Faktura eta egiaztagiri guztiak, eskaneatu eta gero, espedientera igo behar dira. Aurkezten diren fakturak dirulaguntzan emandako kopurua justifikatu behar dute.
c) Dirulaguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa izan dutela berariaz adierazten duten dokumentu guztien aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).
d) Jarduera-gastuen zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da gastu-zerrendan.
e) Ekitaldian parte hartzeak eragindako kostu-kontuen aurrekontu gauzatuta; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazi behar dira bertan. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, eskabideak aurkezteko unean haiek eskuratuko ote ziren jakiterik ez bazegoen.
Seigarrena.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko.
Zazpigarrena.– Honako hauek hartuko dira ez-betetzetzat:
a) Jasotako dirulaguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2022ko maiatzaren 24ko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) 2022ko maiatzaren 24ko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.
d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez-betetzea.
Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
Zortzigarrena.– Interesdun guztiei agindu honen berri emango zaie banan-banan. Nolanahi ere, EHAAn ere argitaratuko da.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala adierazten baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 25a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.