Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2022ko azaroaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4850

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 17koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bitartez berrikusi eta aldatzen baita Erandioko udalerrian (Bizkaia) pilak aldi baterako biltegiratzeko eta sailkatzeko, botoi-pilak eta merkurioa duten osagaiak destilazio-kondentsazio bidez berreskuratzeko tratamendurako eta lanparak diren TEEHak tratatzeko jarduerarako Recypilas SAri emandako ingurumen-baimen integratua.

EGITATEAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko azaroaren 3ko Ebazpenaren bidez (2018ko ekainaren 13ko, 2020ko uztailaren 23ko eta 2021eko otsailaren 9ko ebazpenek aldatua), ingurumen-baimen integratua eman zen pilak aldi baterako biltegiratzeko eta sailkatzeko, botoi-pilak eta merkurioa duten osagaiak destilazio-kondentsazio bidez berreskuratzeko tratamendurako eta lanparak diren TEEHak tratatzeko jarduerarako –Recypilas SAk sustatua Erandioko udalerrian (Bizkaia)–; 16-I-01-000000000396 baimen-zenbakia eman zitzaion.

2.– 2021eko ekainaren 22an, ingurumen-organoak URAri eta Erandioko Udalari eskatu zien, baimena berrikuste aldera, egoki iritzitako ohar guztien nahikotasun-txostena bidaltzeko, instalazioaren inguruan dituzten eskumenen esparruan.

3.– 2021eko uztailaren 13an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Recypilas SAri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

4.– 2021eko uztailaren 21ean, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Recypilas SAk.

5.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu eta gero, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko irailaren 10ean emandako Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, ingurumen-baimen integratua emateko Recypilas SAk egindako berrikuste-eskaera, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko; horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2021eko urriaren 6an.

6.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

7.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Erandioko Udalari, Uraren Euskal Agentziari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, 2021eko abenduaren 1ean.

8.– 2021eko abenduaren 9an, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak txostena egin zuen, eta espedientean jaso da txosten horren emaitza.

9.– 2022ko abuztuaren 11n, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Recypilas SAren esku utzi zen espediente osoa, bertan jasotako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– Nahiz eta Recypilas SAren jarduera ez dagoen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren aplikazio-eremuaren barruan, Indumetal Recycling SAren instalazioarekin lotura teknikoa dute haren instalazioek; horrenbestez, egokia da Recypilas SAri, instalazioaren zati gisa, ingurumen-baimen integratua berrikustea, haren jardueraren eraginpean dauden alderdiei dagokienez.

4.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industria-emisioei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat etorriz.

5.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

6.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko azaroaren 13ko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren hirugarren apartatuan ezarritakoari eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7.– Adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu hauen edukiak hartu dira aintzat: Biltegiratzeko BREF («Reference Document on Best Available Techniques on Emissions from Storage»), 2006ko uztailekoa; eta hondakinen tratamendurako TEO («Best available techniques conclusions for waste treatment»), 2018ko abuztukoa.

8.– 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian deskribatutako teknika erabilgarri onenei eta Recypilas, S.A. enpresaren jarduerari dagokienez, adierazi behar da IPPC Legeak 1. artikuluan ezartzen duela haren helburua atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea dela, edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori murriztu eta kontrolatzea, ingurumena ahalik eta gehien babesteko.

9.– Aipatutako IPPC Legearen 3. artikuluak honela definitzen ditu «teknika erabilgarri onenak»: jardueren eta isurien eta emisioen muga-balioak zein baimenaren beste baldintza batzuk (isurketak eta emisioak saihestea edo, hori ezin bada, murriztea, eta isurketek edo emisioek ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragina murriztea helburua dutenak) betetzeko teknika jakin batzuen gaitasun praktikoa frogatu dezaketen ustiapen moten garapen-fase eraginkorrena eta aurreratuena.

10.– Batzordearen 2018/1147/EB Betearazpen Erabakiak, 2018ko abuztuaren 10ekoak, gaur egungo azken aurrerapenak dakartzaten teknika erabilgarri onenak jasotzen ditu; betearazpen-erabaki horren bidez, hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dira, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

11.– Emisioen Erregelamenduaren 26. artikuluak, ingurumen-baimen integratua berrikusteari dagokionez, honako hau ezartzen du 4. apartatuan:

«Betiere, ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da honako kasu hauetan:

(...)

b) Isurketak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

(...)»

12.– Aipatutako testu bateginaren 22.5 artikuluak aurreikusten duenez, organo eskudunak TEOei buruzko ondorioetan deskribatu ez den teknika erabilgarri onenen batean oinarritutako baimen-baldintzak jartzen dituenean, honako hau bermatu beharko du:

a) Teknika hori 3. eranskinean azaltzen diren irizpideak bereziki aintzat hartuta zehaztu dela.

b) 7. artikuluko betekizunak betetzen direla.

13.– Era berean, 3. eranskinak –oro har kontuan hartu behar diren alderdiak edo kasu berezi batean kontuan hartu behar direnak, 3.12 artikuluan definitzen diren teknika erabilgarri onenak zehazten direnean, ekintza batek ekar ditzakeen kostuak eta onurak eta zuhurtasunaren eta prebentzioaren printzipioak aintzat harturik– hauek aipatzen ditu, besteak beste:

1) Hondakin gutxi sortzen dituzten teknikak erabiltzea.

2) Arrisku txikiagoko substantziak erabiltzea.

3) Prozesuan sortutako eta erabilitako substantziak –eta, hala behar denean, hondakinak– berreskuratzeko eta birziklatzeko teknikak garatzea.

4) Eskala industrialean emaitza positiboak eman dituzten prozesu, instalazio edo funtzionamendu-metodo konparagarriak.

5) Aurrerapen teknikoak eta ezagutza zientifikoen bilakaera.

6) Kasuan kasuko emisioen izaera, ondorioak eta bolumena.

7) Noiz hasi diren funtzionatzen instalazio berriak edo lehendik daudenak.

8) Teknika erabilgarri onen bat ezartzeko behar den epea.

9) Eraginkortasun energetikoko prozeduretan erabiltzen diren lehengaien (ura barne) kontsumoa eta izaera.

10) Emisioen inpaktu globala eta ingurumeneko arriskuak prebenitzeko edo haiek ahalik eta gehien murrizteko premia.

11) Istripu-arrisku oro prebenitzeko edo istripuek ingurumenean izan dezaketen eragina murrizteko premia.

12) Nazioarteko erakundeek argitaratutako informazioa.

14.– Hori guztia aintzat hartuta, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako baldintza teknikoak eska ditzake, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren teknika erabilgarri onenak baitira. Hori dela eta, instalazioaren baimena berrikusi behar da, horretarako eskakizunak txertatze aldera.

15.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluan, izapideen kontzentrazioari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioari jarraikiz, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

16.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, hauekin bat etorriz: Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan aurreikusitakoa.

17.– Aipatutako legeria eta oro har zein berariaz gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapenak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berrikustea Recypilas SAri emandako ingurumen-baimen integratua, Erandioko udalerrian (Bizkaia) pilak aldi baterako biltegiratzeko eta sailkatzeko, botoi-pilak eta merkurioa duten osagaiak destilazio-kondentsazio bidez berreskuratzeko tratamendurako eta lanparak diren TEEHak tratatzeko; baimen hori 2017ko azaroaren 13ko Ebazpenaren bidez eman zen, eta orain Indumetal Recycling SAren baimena berrikusteak haren jarduerari eragiten dion alderdietan berrikusi behar da, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako baldintzetan, bai eta instalazioan aplika daitekeen teknika erabilgarri onena dakartenetan ere.

Bigarrena.– Aldatzea Recypilas SAri emandako ingurumen-baimen integratua, 2017ko azaroaren 13ko Ebazpenaren bidez emana, honako jarduera hauek egiteko: pilak aldi baterako biltegiratzea eta sailkatzea, botoi-pilak eta merkurioa duten osagaiak destilazio-kondentsazio bidez berreskuratzeko tratamendua, eta lanparak diren TEEHen tratamendua. Ildo horretan, aipatutako ebazpenaren lehenengo, bigarren eta hirugarren apartatuak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«Lehenengoa.– Erandioko udalerriko (Bizkaia) Recypilas SA enpresari (egoitza soziala Kanterabideko 11. zenbakian eta A-48549422 zenbakidun IFK) ingurumen-baimen integratua ematea, Erandioko udalerrian pilak aldi baterako biltegiratzeko eta sailkatzeko jarduerarako, botoi-pilak eta merkurioa duten osagaiak destilazio-kondentsazio bidez berreskuratzeko tratamendurako eta lanparetako tresna elektriko eta elektronikoen hondakin trinkoen tratamendurako, Ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzei jarraituz.

Jarduera Indumetal Recycling SAren instalazioaren zati bat da; instalazio hori jasota dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskinean (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua).

Recypilas SAren instalazioak Asua-Erandion daude, 1.645 m2 inguruko pabiloi batean, lanparak eta pilak birziklatzeko eta hondakinak biltegiratzeko jardueren artean banatuta. Asua Berri industrialdean daude, Bilbotik 6 kilometrora.

Recypilas SA enpresaren ekoizpen-lerro orokorrak hauek dira: lanparak birziklatzea (deskargakoak eta HID), pilak sailkatu eta tratatzea eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko zentroa.

Hondakin arriskutsuak tratatzeko prozesuak:

– Deskargako lanparak birziklatzea (gaitasuna: 8 tona egunean).

– HID lanparak birziklatzea (gaitasuna: tona bat egunean).

– Pilak sailkatzea (gaitasuna: 20 tona egunean).

– Botoi-pilak eta merkurioa duten bestelako hondakinen merkurio-hondarrak destilatzea (gaitasuna: 0,2 tona egunean).

Arriskutsuak ez diren hondakinak tratatzeko prozesuak:

– Gatzezko pilak eta pila alkalinoak birrintzea (gaitasuna: 50 tona egunean).

Halaber, hondakinak transferitzeko zentroaren jarduera ere egiten du; 412 m2-ko azalera erabilgarria du beheko solairuan eta 377 m2-koa lehen solairuan, bai kudeatu beharreko hondakinak estalpean biltegiratzeko, bai tratamendu-prozesuaren ondoriozko hondakin bereiziak biltegiratzeko. Guztira, 1,5 tona hondakin ez-arriskutsu eta 135 tona hondakin arriskutsu biltegiratu ditzake.

Industriako isurpenen araudiko 5.1, 5.2, 5.4 eta 5.6 eragiketetarako biltegiratutako hondakinen edukiera ez da 50 tonatik gorakoa izango.

Lanpara fluoreszenteak, trinkoak eta LED motakoak Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, aplikatuz kudeatzen dituzte:

3.1.– Deskargako lanparak (Hg) eta lanpara fluoreszenteak.

3.2.– LED lanparak.

Pila eta metagailuei, eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatzen dituzte pilak.

Honako prozesu hauek garatzen dituzte:

Deskargako lanparak birziklatzea:

Deskargako lanparak birziklatzeko prozesua elikatze-zintan kargatzearekin batera hasten da, eta haiek hausteko eta hautsa biltzeko prozesuarekin bukatzen. Zorroek (metalezkoak eta plastikozkoak) prozesua jarraitzen dute edukiontzi batera iritsi arte.

Hauts-hondarrak dituen beira beste fase batera igarotzen da, eta bertan beste xurgaketa batez beiraren hauts fluoreszentea kentzen jarraitzen da. Hautsik gabeko beira, orduan, bereizgailu batetik igarotzen da, egon litezkeen burdin hondarrak bereizteko. Ondoren, beste metal-bereizgailu bat dago, beirak izan litzakeen burdina ez beste metalak kentzeko.

Sortzen diren hondakin ez-arriskutsuak karea duen beira arrunta, frakzio metaliko-plastiko bat eta berriz prozesatzen den beira misto bat dira; eta hondakin arriskutsuak, aldiz, lanparen merkuriodun hautsa eta zikloiko beirazko hautsa.

HID lanparak birziklatzea:

HID lanparen prozesuaren bitartez, HID lanparen merkuriodun kapsulak gainerako osagaietatik (beira eta metalak) bereizten dira.

HID lanparak tratatzeko lerroa edukiontzi baten barruan garatzen da. Merkurio-lanparak presio handian eta sodio-lanparak presio handi eta txikian sartzen dira, haien bolumena txikiagotzeko, frakzioak bereizteko eta merkurioz kutsatutako frakzioa merkurio-destilagailuan tratatzeko.

Xurgatzeko sistemak zikloi baterantz eta ikatz aktibozko iragazkietarantz bideratzen du barneko airea, hura atmosferara isuri aurretik.

Sortutako hondakin ez-arriskutsuak karea duen beira arrunta eta metalaren frakzio bat dira; eta hondakin arriskutsua, berriz, merkurioa duten HID kapsulak.

Pilak sailkatzea:

Ekoizleen pila-mix bat jaso, eta hainbat tipologiaren arabera (botoi-pilak, gatzezko pilak/alkalinoak, NiCd, NiMh, Li, Li-ion, Pb) sailkatu eta bereizten dira horiek; ondoren, metalak berreskuratzeko prozesu espezifikoak dituzten azken kudeatzaileei igortzen zaizkie.

Botoi-pilak eta merkurioa duten bestelako hondakinen merkurio-hondarrak destilatzea (EU2/37-97):

Prozesu horren zeregina merkurioa duten hondakinak destilatzea da, metal hori gainerako hondakinetatik bereizteko; hartarako, tenperatura 650-700.ş C-ra igotzen da, hondakinetan dagoen merkurioa askatzeko. Geroago, hozteko fasean, gas-merkurioa kondentsatzen eta merkurio metaliko likido bihurtzen da, zeina ontzi berezi batzuetan jasotzen baita. Destilagailuak ikatz aktibozko iragazki bidezko arazte-sistema bat du. Merkurioz kutsatutako urak ere lortzen dira prozesu horretan, eta azken kudeatzaileei bidaltzen zaizkie; horrez gain, frakzio metaliko bat ere lortzen da, metalurgia-lantegi espezializatu batzuetara bidaltzen dena.

Gatzezko pilak eta pila alkalinoak birrintzea (EUX/006/08):

Prozesu honen zeregina gatzezko pilak eta pila alkalinoak birrintzea da, burdinazko osagaiak gainerakoetatik bereizteko.

Pilak tobera batean kargatzen dira, eta horrek errota bat elikatzen du zinta baten bidez. Birrintzearen ondoriozko frakzioa bereizgailu elektromagnetiko (Overband) batetik igarotzen da, eta bertan burdinazko zatia gainerakotik bereizten da.

Hondakinak transferitzeko zentroa:

Jaso, egokitu, biltegiratu eta azken kudeatzaileei bidaltzeko moduko hondakinak dira.

Atmosferara isurtzeko bi foku daude honako hauen gasak tratatzeko: «MRT destilagailu-labea, fluoreszenteak birrintzeko makina eta MRT prozesadorea» eta «pila alkalinoen errota».

Recypilas SAk ur beltzak eta euri-urak baino ez ditu isurtzen.

Ur beltzak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera bidaltzen dira, Indumetal Recycling SAren urekin batera, haren ingurumen-baimen integratuko baldintzei jarraikiz betiere.

Instalazioak 1.077.136 kW inguruko kontsumo elektrikoa du orduko (funtsean pilak birrintzea eta birrintzeko makina –crusher–).

Recypilas SA enpresak erabiltzen dituen gainerako instalazio osagarriak Indumetal Recycling SArenak dira, eta enpresa horrek kudeatzen ditu zuzenean. Instalazio hauek dira, zehazki: eskorgetarako gasolio-biltegia, transformazio-zentroa eta kutsatuta egon daitezkeen euri-urak arazteko sistemak.

Hondakinak tratatzeko BREF agiria («Reference Document on Best Available Techniques in the Waste Treatments Industries», 2018ko abuztua) ez zaio aplikatu behar Recypilas SAren jarduerari. Hori horrela, organo honek eskagarritzat jo dituen teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko erregelamenduaren 26.4 artikuluaren arabera».

«Bigarrena.– Honako baldintza eta betekizun hauek ezartzea Recypilas SA enpresak Erandioko udalerrian sustatutako jarduera ustiatzeko; hain zuzen pilak aldi baterako biltegiratzeko eta botoi-pilak sailkatzeko, merkurioa duten osagaiak destilazio-kondentsazio bidez berreskuratzeko tratamendurako eta lanparak diren TEEHak tratatzeko:

A) Zazpiehun mila (700.000) euroko erantzukizun zibileko aseguru bat eduki beharko da, honako hauek estaliko dituena: batetik, hirugarren pertsonei edo haien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak; eta, bestetik, baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatuko den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

B) Hirurogeita hamasei mila eta laurogeita hamar (76.090) euroko fidantza jartzea, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 23. artikuluaren 5.b) apartatuan eta Hondakinen arloko finantza-bermeei buruzko martxoaren 22ko 208/2022 Errege Dekretuaren 3. artikuluko 1. apartatuan ezarritako baldintzetan. Fidantza horren zenbatekoa hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera zehazten da.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, ingurumen-organoak hala eskatuz gero, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezio indizearen arabera (KPI) handituta.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, harik eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte edo dagokionean jarduera uzteko finkatutako baldintzak bete arte; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betekizunak barne hartuko dituzte.

Halaber, Kosten uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 88.4 artikuluak xedatutakoa betez eta aipatu legearen 85. artikuluan eta hura garatzeko onartzen den araudian zehaztutako irizpideei jarraituz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak fidantza bat eratzeko eskatu ahal izango du, ezarritako isurketa-baldintzak beteko direla ziurtatzeko.

C) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik baldin badago, Recypilas SAk aldaketa horien berri emango du.

D) Sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala beteko dira babes- eta zuzenketa-neurriak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta honako apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Hondakinak onartu, hartu, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

a) Baimen honen D.1.1 atalean jasotako hondakinak onartu aurretik, Recypilas SA enpresak baimenaren xede diren instalazioetan hondakin horiek jaso eta balioztatzeko aukera dagoela egiaztatu beharko du.

b) Lantegian tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak kasuan kasuko tratamendu-kontratua igorri beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, eta, beharrezkoa izanez gero, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsiko da.

c) Hondakin zehatz bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, enpresak tratamendu-kontratua igorriko dio hondakinaren titularrari, onarpenaren baldintzak ezartzen dituena.

d) Edonolako jarduera abiatu aurretik, deskontaminazioaren ostean tresna elektriko eta elektronikoetatik erretiratutako hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratua izan beharko du Recypilas SA enpresak, baimendutako kudeatzaileak emandakoa.

e) Autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraikiz kudeatu beharko dituzte hondakin horiek.

f) Halaber, birziklatu edo balioztatu daitezkeen tresna elektriko eta elektronikoetatik bereizitako edo erretiratutako hondakinak helburu horietara bideratuko dira, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritakoa betez. Hori argi eta garbi azaldu behar da Recypilas SA enpresak bete beharreko tratamendu-kontratuetan.

g) Hondakina jaso aurretik, baldintza horiek betetzen direla egiaztatu beharko da, eta hondakin arriskutsuei dagokienez, jasotze hori formalizatuz egingo da hori. Horretarako, identifikaziorako agirian, edo haren baliokidea den agiri ofizialean, kudeatzaileari dagokion atala bete beharko da.

h) Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onespena, eta ebazpen honen I. apartatuan adierazitakoa betetzea.

i) Pieza eta osagai berrerabilgarriak helburu horretara zuzendu beharko dira lehentasunez, industria-segurtasuneko araudiaren arabera merkaturatuta.

j) Berrerabili ezin diren piezak eta osagaiak birziklatu egingo dira, frakzio metalikoak eta plastikoak eskuratuz eta, ondoren, xede horrekin, baimendutako hondakin-kudeatzaile bati emanez, edo, hala badagokio, dagokion hondakin motaren balioztatzaileei. Halaber, eguneratuta eta administrazioaren eskura egon beharko da Recypilas SAren eta enpresa balioztatzaileen artean dagoen kontratu-harremanaren kopia.

D.1.1.– Onar daitezkeen hondakinak.

Instalazioan, Europako zerrendan (Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiaren bitartez argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia) jasotako hondakin hauek tratatu ahal izango dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin, hurrengo epigrafearekin, bat etorriz. Betiere hondakin horiek atal honetan adierazitako onartzeko eskakizun espezifikoak eta organo honek baliozkoturiko onarpen-agirian ezarritako onartzeko eta jasotzeko irizpideak betetzen badituzte:

Pilak sailkatzeko prozesua:

(Ikus .PDF)

Botoi-pilak eta merkurioa duten beste hondakin batzuk destilatzeko prozesua:

(Ikus .PDF)

Aldi baterako biltegiratzea:

(Ikus .PDF)

Gatzezko pilen eta pila alkalinoen tratamendua:

(Ikus .PDF)

Era berean, tresna elektriko eta elektronikoen hondakin hauek kudeatuko dira, Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua betez:

Lanparen tratamendua (hodi fluoreszenteak eta lanpara trinkoak):

(Ikus .PDF)

HID lanparen tratamendua

(Ikus .PDF)

Aldi baterako biltegiratzea:

(Ikus .PDF)

Tratamendu-lerroen TEEHen tratamendu partzialeko gaitasunak eta instalazioaren tratamenduko guztizko gaitasuna (tona-kopurua egunean) honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

Sailkatzeko guztizko gaitasuna, 20 tona egunean.

Tratatzeko guztizko gaitasuna, 10 tona egunean.

Instalazioaren TEEHen gehieneko biltegiratze-gaitasuna (tonak eta metro kubikoak) eta tratamendu taldearen araberako gehieneko gaitasuna (tonak eta metro kubikoak) honako hau da:

(Ikus .PDF)

Biltegiratzeko gehieneko gaitasuna, 65 tona.

Nolanahi ere, baimen honetatik kanpo egongo dira kutsatuta dauden hondakinak edo ondorengo arriskugarritasun ezaugarriak egotz dakizkiekeen substantzien osagaiak edo hondakinak dituztenak:

– Hondakin arriskutsu leherkorrak.

– Hondakin arriskutsu infekziosoak.

– Substantzia erradioaktiboak dituzten hondakinak.

Recypilas SAk industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak soilik, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

D.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

a) Recypilas SA enpresak egiaztatu beharko du hondakin arriskutsuak Erandioko udalerrian kokatutako instalazioetaraino eramateko erabilitako garraioak ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena, betetzen duela. Garraioan antzemandako edozein gorabehera berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, egoki irizten dien behar beste neurri har ditzan.

b) Instalaziora tratatzera iristen diren hondakinak kontrolatu beharko dira, bermatzeko ezen hondakin horiek ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla instalazioan. Kontrol horretan, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena gauzatu beharko da.

c) Hondakin zehatz bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, enpresak onespenaren egiaztagiria igorriko dio hondakinaren titularrari, onarpenaren baldintzak zehaztuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planaren helburu estrategikoak beteko direla bermatze aldera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako tratamendu-kontratu baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du kontratu hori.

Recypilas SAk ezingo du kudeatu beharreko hondakinik jaso, organo honek aldez aurretik tratamendu-kontratua baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 egun naturaleko epean egin beharko da, kontratua jasotzen denetik hasita. Epe hori igarota, ez bada izan berariazko irizpenik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan, honako datu hauek jaso beharko dira, besteak beste: parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data.

d) Hondakin bat onartu ahal izateko parametro mugatzaileak betetzen ez direla eta lantegian hartu ezin bada, berehala jakinarazi beharko zaio jazoera Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Halaber, datu hauen berri eman beharko da: jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzearen arrazoia, onartu ez den hondakinaren helburua eta bestelako gorabeherak.

e) Aldez aurretik nolabaiteko manipulaziorik izan duten, hondaturik dauden edo osagairen bat kendu zaien tresnak hartuz gero, horren berri jaso beharko da, onartzeko baldintzak betetzen ez dituen partidaren jatorria zehaztuta, eta, hala badagokio, organo honen baimena aurretik eskatu beharko da hondakin horiek kudeatu ahal izateko. Jaso zirenetik 5 egun natural igaro ondoren ez bada horri buruzko berariazko irizpenik, hura aldekoa dela ulertuko da.

f) Instalazioak hondakinak pisatzeko baskula izango du.

g) Aurreko apartatuan adierazitako agiriak ingurumen-organoari bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.

D.1.3.– Zamalanak.

Zamalanak lurzoru estankodun eremuetan egingo dira. Eremu horrek beharrezko isurialdeak eta balizko isuriak biltzeko sareak izan beharko ditu, haiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz bideratzeko, bidean ibilgailuaren azpitik pasatu ez daitezen edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu ez daitezen.

D.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Hondakinak eremu itxietan, teilapean, biltegiratuko dira. Eremu horiek azalera iragazgaitzak ere izango dituzte, eta karga aurreikusgarri guztiak jasateko gauza izango dira. Horrez gain, isuriak biltzeko instalazioak ere izango dituzte.

b) Biltegiratutako ontzi guztiek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; gutxienez, dituen hondakinen identifikazio-kodea, ontziraketa-data eta hondakin horiek dakartzaten arrisku motak agertu beharko dira etiketan.

c) Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat baldin badago, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Erandioko Udalari.

d) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean jasotako eskakizun teknikoak bete beharko dituzte gutxienez, aldi baterako biltegiratzeari dagokionez.

e) Balioztatu beharreko hondakin ez-arriskutsuak biltegiratzeko gehieneko epea bi urtekoa izango da.

f) Balioztatu beharreko hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gehieneko epea sei hilekoa izango da.

g) Hondakinak biltzeko instalazioan, TEEHak frakzio eta tratamendu taldetan bereiziko dira, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taularen arabera: «GEEen kategorien, TEEHen bilketa-frakzioen eta EHZ-TEEH kodeen arteko baliokidetasunak». Halaber, TEEHak biltegiratzeko eremu berezi bat sortu beharko da, berrerabiltzeko prestatzeaz arduratzen diren eragileek ikuskatzeko baldintza egokiekin.

D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuak erregistratzea.

a) Recypilas SA enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak (lehenago onarpen-agiriak) eta identifikazio-agiriak (lehenago kontrolerako eta jarraipenerako agiriak), edo agiri ofizial baliokideak, 5 urtean gutxienez (apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa, 64. artikulua).

Agiri horien fiskalizazio egokia errazteko, Recypilas SA enpresak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz transmititu eta jasoko ditu agiriok.

Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Recypilas SA enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, gutxienez lege horren XV. eranskineko edukia barne hartu duena.

b) Recypilas SAk artxibategi telematiko bat izango du, hurrenkera kronologikoan honako datu hauek jasotzeko, gutxienez:

– Onartutako hondakin arriskutsuen jatorria.

– Partida bakoitzaren onarpen- eta jasotze-datak eta sortutako identifikazio-agiria.

– Baimendutako azken kudeatzaileari egin zaizkion bidalketen datak, eta kudeatzaile hori eta sortutako identifikazio-agiria identifikatzeko datuak.

– Halakorik bada, sortutako hondakinen kantitateak, jatorria, osaera eta identifikatzeko kodea, eta haiek nora eramatea aurreikusita dagoen; baimendutako kudeatzailearen berariazko onarpena izan beharko du.

– Sortutako hondakin arriskutsuak noiz bidali zaizkion kudeatzaileari, kudeatzaile hori eta sortutako identifikazio-agiria identifikatzeko datuak.

Halaber, kudeatu beharreko TEEHei dagokienez, artxibategi telematikoa bat etorriko da 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin. Bertan, hurrenkera kronologikoan honako datu hauek jasoko dira, gutxienez:

A) Sarrera.

a) TEEHa entregatzeko data.

b) TEEHa entregatu duen erabiltzailearen edo erakundearen identifikazioa (kasuan-kasuan aplikatutakoaren arabera): TEEHen partikular/banatzaile/garbigune/ekoizle-sare/ekoizle profesionala.

c) Izena (sozietate-izena), helbidea, autonomia-erkidegoa, IFZ, ingurumeneko identifikazio-zenbakia, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko inskripzio-zenbakia.

d) Garraiolaria (balego): Izena (sozietate-izena), IFZ, helbidea, autonomia-erkidegoa eta kudeatzailearen kodea.

e) Entregatutako tresna motak eta marka.

f) Pisua.

g) EHZ TEEH kodea.

h) Erabilera (etxekoa/profesionala).

i) Serie-zenbakia (ahal den guztietan).

j) TEEHaren etiketaren edo instalazioan TEEHak gordetzen diren edukiontziaren erreferentzia-zenbakia.

k) Oharrak eta gorabeherak; adibidez, funtzionamendu-egoerari, berriz erabiltzeko aukerari buruzkoak, osorik dagoen, etab.

Tresna txikiei eta lanparei dagokienez, sarrerari buruzko banako informazio hori ez da beharrezkoa izango; haren ordez, frakzio horretarako berariazko edukiontzien identifikazioa eman beharko da.

B) TEEHak edukiontzi edo kaioletan ateratzea.

a) Edukiontzia edo kaiola instalaziotik irteteko data.

b) EHZ-TEEH kodea.

c) Edukiontzi-erreferentzia, TEEHen irteera-pisua, edukiontzia.

d) Garraiolariaren identifikazioa.

e) Helmuga (hondakinak kudeatzeko instalazioaren datuak).

1) Helbidea eta autonomia-erkidegoa.

2) Mota: Berrerabiltzeko prestatzeko zentroa (BPZ), kargaren transferentzia- edo bilketa-zentroa, tratamendu espezifikorako instalazioa.

3) Ingurumeneko identifikazio-zenbakia.

4) IFZ.

5) Ekoizpen- eta kudeaketa-erregistroko inskripzio-zenbakia.

f) Bildu eta kudeatzen duen erakundeari buruzko informazioa (esleipen-bulegoa edo biltzeko instalazioak kontratatutako kudeatzailea).

g) Bilketaren erreferentzia-zenbakia, esleipen-bulegoarena.

h) Biltzeko instalaziotik bilketa finantzatzen duen erantzukizun hedatuko sistema.

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, nahitaez bete beharko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balioztatze- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Ustiaketarako baldintza teknikoak.

D.1 atalean adierazitako hondakinak jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzez eta kontrolez gain, Recypilas SA enpresak, tratamendu-lerroei dagokienez, honako baldintza orokor eta berezi hauek betetzen direla bermatu beharko du:

1.– Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.– Eremuan bildutako hondakinak biltegiratzeko instalazioak eta hondakin arriskutsuak sailkatu, egokitu eta berriz ontziratzeko instalazioak estaliak izan beharko dute, prezipitazio atmosferikoak sartzea eragozteko; gainera, lurzoru estankoak izango dituzte, aurreikus daitezkeen karga guztiak jasateko eta biltegiratuko diren hondakin arriskutsuen balizko ihesei eusteko modukoak.

3.– Kaiolak eta edukiontziak edukiko dituzte, eta TEEHak bereiz gordetzeko aukera ematen duten beste sistema baliokide batzuk, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taulan aurreikusitako frakzioekin eta tratamendu taldeekin bat etorriz.

Ez da inola ere baimenduko TEEHak instalazioko edukiontzietan botatzea.

4.– Neurri egokiko apalategiak, paletak eta edukiontziak edukiko dituzte berrerabil daitezen prestatzeko gordetako TEEHak gainerakoetatik bereizi ahal izateko, eta era horretan ekipoak haustea saihesteko.

5.– Teilapeko edukiontzi, palet edo apalategiak edukiko dituzte. Bilketa egiteko ohiko ibilgailuek garraiatzeko modukoak izan beharko dute horiek.

6.– Instalazioetarako sarbidea kontrolatzeko segurtasun-sistemak edukiko dituzte, bildutako TEEHak manipulatu edo lapur ditzaten ekiditeko. Egoki iritziz gero, edukiontziek diseinu egokia izango dute han gordetako TEEHak kontrolik gabe eskuratzea eragoztearren.

7.– Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak deskontaminatu egingo dira, Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretuaren, otsailaren 20koaren, XIII. eranskinean eta D.1.1 ataleko taulan adierazitako prozedura espezifikoei jarraikiz.

Deskontaminazioak, gutxienez ere, eranskin horretako G.8 atalean zehaztutako fluidoak, osagaiak, materialak, substantziak eta prestakinak gaika kentzea hartuko du barne, haien artean osagai bromatuak dituzten plastikoak jasota.

8.– Zatikatzeko eta sailkatzeko instalazioek isurtzeak biltzeko eta arazteko sistema izango dute.

9.– Tratamenduaren ondoren tresnetatik bereizitako hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoak izango dituzte. Beren egoera fisiko likido edo oretsua dela eta, edo beren inpregnazio-mailarengatik isurketak eragin edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakin arriskutsuetarako, ontzi edo bilketa-sistema egokiak jarriko dira izan litezkeen isuriak kanpora isurtzea saihesteko. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako. Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak, hala badagokio, aplikatu beharreko aginduak bete beharko ditu, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean den araudian ezarritakoari jarraituz.

10.– Indarraldiaren arabera, Recypilas SAren eta enpresa horrek igorritako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako onarpen-kontratu edo -gutunen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren aurrean.

11.– Berrerabili daitezkeen piezak leku egokian biltegiratzeko gune bereiziak izan beharko dituzte.

12.– Merkurioa duten lanparei dagokienez, honako neurri gehigarri hauek hartuko dituzte:

Lanpara horiek haustea saihesten duten edukiontzi berezi batzuetan baino ez dituzte bilduko. Aireztapenik gabeko toki batean biltegiratzen badituzte, edukiontziak beti estalita egongo dira, lanparak halabeharrez hausten badira merkurio-lurrunak kanporatu daitezen eragoztearren.

Edukiontziek lanpara trinkoak eta lanpara zuzenak gaika eta bereiz biltzea bermatuko dute, bi motak ez nahasteko moduan egin ere. Edukiontzi bereko konpartimentu ezberdinetan bildu ahal izango dituzte.

Merkurioa duten lanparen frakzioa kontrolatu eta egokituko dute, haiek hautsiz gero kutsadura eragoztearren. Laneko segurtasun- eta higiene-protokoloak ezarriko dituzte frakzio horrekin lan egiten duten langileak babesteko.

Neurri egokiak hartuko dituzte lanparak haustea eta merkurioa askatzea eragoztearren.

Jasotzeko orduan, ez da inola ere baimenduko garraiatzen dituen ibilgailuaren edukia iraultzea ibilgailuaren edukia husteko.

13.– 110/2015 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barruan jaso eta kudeatutako TEEHak identifikatzeko orduan, EHZ-TEEH kode konbinatua erabiliko da. Horretan, bi digitu gehitzen zaizkio EHZ kodeari, hondakinak jatorri duen tresnaren kategoria eta haren tratamendu mota espezifikoa adierazteko. EHZ-TEEH kodea plataforma elektronikoan, artxibo kronologikoan eta kudeatzaileen memorietan erabiliko da, baita 110/2015 Errege Dekretuaren ondoriozko TEEHen arloko informazio-betebeharretan ere.

110/2015 Errege Dekretuan aurreikusitako plataforma elektronikoa jardunean hasitakoan, VIII. eranskineko 1., 2. eta 4. bilketa-frakzioetako TEEHak egoki identifikatuko dira, elektronikoki irakurtzeko etiketak erabiliz edo haien trazabilitatea bermatzen duten antzeko tresnen bidez. 3., 5. eta 6. bilketa-frakzioetako TEEHei dagokienez, irakurketa elektronikoko identifikazioa aurreko kasuan bezala gauzatuko da, edota edukiontzien etiketen edo bildu eta garraiatzean erabilitako taldekatze-sistemen bitartez.

14.– Txatarra produktu gisa isurtzeko baldintzak.

Recypilas SA enpresak Kontseiluaren 2011ko martxoaren 31ko 333/2011 Erregelamenduaren (EB) 2. artikuluaren arabera halakorik isurtzen badu (artikulu horren bidez txatar mota jakin batzuk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera hondakin izateari noiz uzten dioten zehazteko irizpideak ezartzen dira), Recypilas SAk egiaztatu beharko du ezarritako baldintzak betetzen dituztela; horretarako, dagozkion adostasun-adierazpenak egingo dituzte arau horren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera. Adostasun-adierazpenak eskumena duten agintarien esku egongo dira, hala eskatzen dutenean. Jasotako adierazpenaren erregistro bat ere emango dute.

15.– Urtero, ingurumena zaintzeko programarekin batera 110/2015 Errege Dekretuan ezarritako balioztatzeko helburuen betetze-mailaren gaineko jarraipen-txostena ere igorriko dute. UNE-EN ISO/IEC 17020 arauaren arabera «TEEHak kudeatzeko instalazioak egiaztatzea» deritzon ikuskapen-eremurako egiaztatutako erakunde batek egingo du txosten hori.

D.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Recypilas SAren instalazioa ustiatzean bete beharreko baldintzak dira igorpen emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatua badago.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta haien ondoriozko efluenteek arriskurik izan ez dezaten giza osasunerako eta segurtasun publikorako. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantendu beharko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Proiektuan atmosfera-kutsaduraren inguruan adierazitako neurriak beti beteko dira; bereziki, hautsezko isuriak saihesteko direnak (bideak garbitzea, adibidez).

Instalazioaren titularrek abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte (278/2011 Dekretua, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta guneen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, baimen honetan ezarritako kutsatzaileen emisio-kontrolei buruzko IKE txostena bidali beharko da; ingurumen-kontroleko erakunde batek egin beharko du txosten hori. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak tarteko direla.

D.2.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Recypilas SAren instalazioak, pilak aldi baterako biltegiratzeko eta sailkatzeko, botoi-pilak eta merkurioa duten osagaiak destilazio-kondentsazio bidez berreskuratzeko eta lanparak diren TEEHak tratatzekoak, honako foku konfinatu hauek ditu, Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan jasotako B 09 10 09 06 jarduerari lotuta (txatarra edo gainerako hondakin metalikoak zatikatzeko edo birrintzeko makinak):

(Ikus .PDF)

Urte jakin batean foku sistematiko baterako funtzionamendu-baldintza egokirik ez badago, ez da beharrezkoa izango foku horren gaineko kontrolik egitea urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

D.2.2.3.– Isurketaren muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurtzeetan ez dira muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauetarako dira: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Partikulen parametroari dagokionez, aurreko emisioen muga-balioak errespetatzen direla joko da, baldin eta gutxienez 30 minutuko segidako hiru neurketen batez besteko balioak ez baditu isurketen muga-balioak gainditzen. Ondorio horietarako, laginketa-aldiko batez besteko balioa honela kalkulatuko da: gutxienez 30 minutuko ondoz ondoko hiru neurketaren batezbestekoa, neurketa bakoitzari baimen honetan zehaztutako metodoari dagokion konfiantza-tartea kenduta.

Nolanahi ere, neurtutako emaitza bakarraren % 95eko konfiantza-tarteen balioek ez dute gaindituko emisioen muga-balioen ehuneko hau: partikulak guztira % 30.

Gainerako parametroei dagokienez, igorpen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Isurketako muga-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

D.2.2.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondar-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko D.2.2.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta guneen segurtasuna eta zerbitzuak.

Isurtze barreiatuak murrizteko xedearekin, hautsezko materialak biltzeko tresna izango da, bereziki akaberako materialak garraiatzerakoan eta zamalanetako eragiketetan.

D.2.3.– Isurketak egiteko baldintzak.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: Txatarra eta metalaren hondakinak birziklatzea.

Jarduera-taldea: 2.

Mota-taldea-EJSN: 1-2-37.10.

D.2.3.1.– Isurketen jatorria eta kokalekua.

(Ikus .PDF)

D.2.3.2.– Isurketaren muga-balioak.

Ondorengo zerrendan ageri dira isurketen kutsaduraren parametroen ezaugarri nagusiak, bakoitzarentzat ezarritako muga-balioekin:

2. isuria: Ur beltzak.

(Ikus .PDF)

Ezin izango da diluzio-teknikarik erabili isurketako muga-balioak lortzeko.

Horrez gain, isurketako muga-balio batzuk ezartzen dira 1. isurgunerako. Balio horiek betetzen diren ebaluatzeko, honako hauek kontuan hartuta egin ahal izango da kalkulua: azken ingurune hartzailera egindako isurketa, hondakin-uren araztegi hartzailean kutsadura murriztea eta efluenteari tratamendu-lerro bakoitzak egiten dion ekarpena. Hauek dira isurketako muga-balioak:

(Ikus .PDF)

D.2.4.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, jatorritik bertatik bereiziko dira hondakinak, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinak kudeatzeari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da, eta, horretarako, balioztatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balioztatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio haietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko, kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Azken datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sortzeko arriskua badute, haiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, balizko jarioak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, bat etorriz, betiere, honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin: Hondakinen Europako Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bitartez argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Erandioko Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, bete egin beharko dira Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Hondakinak Estatutik kanpora esportatzen baldin badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

Indumetal Recycling SAren prozesuetan eta hari lotutako Recypilas SAren jardueran sortutako hondakinak batera kudeatu ahal izango dira.

D.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak aintzat hartuta ezartzen dira hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da haiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Kode horiek definitzen dituzte mota eta hondakinaren osagai arriskutsuak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaera egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, leheneratzea edo balioztatzea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, jariorik gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eremuak edo eremuek produktu kimikoak biltegiratzeko ezarritako zehaztapen teknikoak bete beharko dituzte, hala badagokio.

d) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

e) Gainerako hondakin arriskutsuek ezin izango dira 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak tarteko direla, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko direla bermatzen bada.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, hala badagokio, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamendua egokia den egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Recypilas SA enpresak artxiboan erregistratu eta gutxienez bost urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

h) Egiaztatu egin beharko da ezen baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak bete egiten dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

i) Recypilas SAk Industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

j) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira, gutxienez.

k) Recypilas SAk PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, haiek egoki kudeatze aldera, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuan (abuztuaren 27koa, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena) eta 228/2006 Errege Dekretuan (otsailaren 24koa, aurreko errege-dekretu hori aldatzen duena) zehaztutako baldintzak.

l) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko irailaren 16an emandako 1005/2009 (EE) Erregelamenduak (ozono-geruza agortzen duten substantzien gainekoak) adierazitako substantzia erabiliak baldin baditu Recypilas SAk, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein ezabatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo ezabatu aurretik.

m) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Recypilas SA enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

n) Ekonomia zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Recypilas SAk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira, aplikatzekoa denean. Hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioan oinarrituz osatuko da artxibo kronologikoa. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuak kudeatzearen oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hain zuzen ere, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea, Recypilas SAk hondakin arriskutsuen sorrera minimizatzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluak ezartzen duen moduan, betiere Recypilas SAk urtean 10 t hondakin arriskutsu baino gutxiago sortzen ez baditu edo EMAS ziurtagiria edo haren baliokideren bat ez badu.

p) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Recypilas SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m), n) eta o) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak bete beharko ditu Recypilas SA enpresak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezartzen dira amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.4.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bat etorriz bigarren apartatuko D.2.4 azpiapartatuan xedatutakoarekin, hondakinak kudeatzeari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da, eta, hartarako, balioztatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balioztatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, leheneratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helmuga balioztatzea denean, aldiz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Recypilas SAk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, jarraipen- eta kontrol-agiria bete beharko da hondakin ez-arriskutsua lekualdatu aurretik, bat etorriz Hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoarekin.

f) Balioztatzeko edo ezabatzeko helburuarekin hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

g) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Recypilas SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Recypilas S.A. enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

i) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Recypilas SAk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira, aplikatzekoa denean. Hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioan oinarrituz osatuko da artxibo kronologikoa. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

j) Apartatu honetako d) eta e) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean), h) eta i) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz».

D.2.4.3.– Ontziak merkaturatzea.

Recypilas SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiek dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira.

Era berean, Recypilas SAk nahitaez ezarri beharko du ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Recypilas SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehenengo xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Recypilas SA enpresak, urte natural batean, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu,

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

D.2.5.– Lurzorua babesteari lotutako baldintzak.

Bat etorriz urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin, eta hor jasotako gomendioei jarraikiz, Recypilas SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu, manipulatutako materialen eta identifikatutako arrisku-eremuen arabera.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuarekin bat etorriz, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin.

Halaber, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeak aintzat hartuta.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde egiaztatu batek egina, eta aipatutako txostenak bilduko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan jasotzen denarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketak dirauen bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko egiaztatuta dagoen erakunde batek egina. Abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du indusketa-planak, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa gauzatuko duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa zein egunetan hasiko den.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra burutu ondoren, azken txostena bidali beharko da, eta, bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materialak egoki berrerabili edo kudeatu izana egiaztatzeko txosten bat ere igorri beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotako irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak zabortegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz karakterizatuko dira hondakinak. Oro har, laginketa egiteko, irizpide hauei jarraituko zaie: abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan («Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa») biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideak.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berrian lehenago gauzatu bada ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Halaber, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz, hala badagokio, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin.

D.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Beharrezko neurri guztiak ezarriko dira honako indize akustiko hauek gaindi ez daitezen:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ezin izango du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egin, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula.– Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran bete beharreko zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) gaindituko 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik.

Gainera, jardueraren gainerakotik nabarmen bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 5 dB-tan gaindituko 1. taulan finkatutako balioak.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

E.1.– Atmosferara igorritako isurtzeak kontrolatzea.

E.1.1.– Kanpoko kontrolak.

Recypilas SA enpresak isurtzeak kontrolatu beharko ditu, informazio honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, batik bat honako hauei dagozkienak: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta neurketa bakoitzaren banako iraupena eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

E.1.2.– Lortutako emaitzak erregistratzea.

Euskarri informatikoan erregistro bat egingo da, eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

E.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek edo saneamendu-sarearen kudeaketa-arduradun den erakundeak (hala badagokio) egin eta egiaztatuko du, eta aurreko puntuetan aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak, isurketa-puntu bakoitzeko, lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izan beharko da, edo, bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Laginketak beti egingo dira kutsatzaile gehien sortzen den aldietan.

d) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta D.2.3.3. ataleko parametro guztietarako ezarritako mugak betetzen badituzte.

e) Titularrak urtero adierazpen bat aurkeztu beharko du, non jasoko baitu isurketan badauden ala ez dauden maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian adierazitako gai arriskutsuak. Adierazpen horretan, ekoizteko prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurian ez hauteman.

E.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

E.4.– Zarata kontrolatzea.

a) Hiru urtean behin, indize akustiko hauen ebaluazioak egin beharko dira: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

E.5.– Ingurumeneko finantza-bermearen kontrola, Ingurumena Zaintzeko Programaren (IZP) barnean.

IZPren barnean, honako dokumentu hauek bidali beharko dira, programa aurkezteko prozedura telematikoan gaitutako dokumentu-ereduak erabilita:

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar du Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAs) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 ingurumen-kudeaketarako sistemara.

E.6.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Horrela, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako, helbide elektroniko hau erabili behar da: ippc@euskadi.eus

Halaber, kontrolak urtean behin baino maiztasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik hala egin ez bada.

E.7.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina eduki beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokaleku xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du zer sistematika erabiliko duen jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko, egiaztatu ahal izateko eraginkorrak direla enpresak ingurumena hobetzeko ezarritako neurri eta mekanismoak (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Urteko mantentze-lan programatuei eta martxan jartze eta geldiarazteko epeei dagokienez, enpresak sor litezkeen isurtze eta hondakinen kalkulua egin beharko du, baita haiek kudeatu eta tratatzeko proposamena ere, hala badagokio.

F.2.– Jarduera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Recypilas SAk jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduketa-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Recypilas SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen D.2.4 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jardun anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan adierazten diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak gertatuz gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), balizko ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektoreen sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isurketak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskaritza eta kontrolerako programa bat jaso beharko du, honako hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen begi bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko. Gorago aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan gehitu behar dira, halaber, atmosferaren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko (arazketa, minimizazioa, eta abar) sistemen egoera ona bermatuko duten neurriak.

c) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da; bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

d) Besteak beste, olioak, erregaiak eta gehigarriak, eta, orokorrean, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Aurrekoa betetzen dela egiaztatzeko, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztuko zaizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isurketei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasun-edukiontziak; hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak; eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

h) Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari bidaliko zaio kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; efikazian eragin dezaketen produktuen isuriak ez dira tratamenduko instalaziora eramango.

i) Pabiloien barruan zolatak garbitzean erabilitako ura tratamendu-lerrora bideratuko da.

j) Arazketa-prozesuan sortutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira, instalazioa behar bezala dabilela bermatzeko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira.

k) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen eremuetan.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

m) Arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta istripuen ondoriozko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian jartzeko behar diren bitarteko egokiak jarriko ditu titularrak.

n) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta, bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

o) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, ustekabeko isuria egitea eta/edo isurtzeko muga-balioak gainditzea), sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan.

p) Gertakari edo arazo larriren bat eta nolanahi ere ustekabeko isuriren bat egonez gero, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ez ezik, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:

– Gertakari mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gertakariaren iraupena.

– Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria eta isuritako gaiak.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Aurreikusitako neurriak, berriro gerta ez dadin.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

q) Egiaztatu beharko da instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela. Aurreko betebeharrak egiaztatzeko, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztuko zaizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

F.4.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uzten dela jakinaraziz gero, Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Recypilas SAk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta betebeharrak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

G) Babes- edo zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugak ere, Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute. Era berean, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, aurreko urtean atmosferarako eta uretarako isurketei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Recypilas SAk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuari jarraikiz.

Informazio hori bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

I) Ingurumen-erantzukizuna.

Recypilas SAk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez onartzen baita Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin bat etorriz. Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari; adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinean IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez. Apartatu honetan eskatutako agiriak ingurumen-organoan aurkeztuko dira, teletramitaziorako ezarritako aplikazioa erabiliz, eta, zehazki, «Ingurumen-erantzukizunari aurre egiteko finantza-bermearen jakinarazpena – MARMA» izeneko prozeduraren bidez.

Recypilas Sak ingurumen-arriskuen Azterketa (IAA) eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta, nolanahi ere, jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak kasuan kasuko MARMA prozedurako dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

Recypilas SAk, jardueraren operadorea denez, ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta haien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

J) Instalazioetan edonolako aldaketa egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia osorik bete beharko da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo honen onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Industriako Isurketen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Hala eta guztiz ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Halaber, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta lurzoru horrek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da aldaketa gauzatu aurretik, bat etorriz Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin».

«Hirugarrena.– Ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioaren muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Isurketak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabili beharra badago.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legerian araututakoaren arabera, uste baldi badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Horrelakoetan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez hogei eguneko epean hasteko berrikuste-prozesua.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo beste ohar batzuen arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoaren arabera egindako azterketatik, aldatu beharra dagoela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

Hirugarrena.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 5.d) artikuluaren arabera, Recypilas SAk pilak aldi baterako biltegiratzeko eta sailkatzeko, botoi-pilak eta merkurioa duten –osagaiak destilazio-kondentsazio bidez berreskuratzeko tratamendurako eta lanparak diren TEEHak tratatzeko jardueran, zeina ebazpen honen xede baita, titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Recypilas SAri, Erandioko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 17a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala