Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2022ko azaroaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4845

AGINDUA, 2022ko urriaren 17koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Eguzkilore izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

2022ko apirilaren 27an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Eguzkilore izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin zen.

Eskabidearekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Fundazioaren patronatuak 2022ko martxoaren 2an erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publikoan gauzatu zen Bilbon 2022ko apirilaren 27an Juan Ignacio Gomeza Villa notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 930).

Halaber, erabaki horren bitartez, estatutuetan honako aldaketak sartu ziren:

– Fundazioaren jardueren onuradunak: aurreko idazketa osatu da, kolektibo onuradunak zabalduz.

– Patronatuaren osaera: berezko kideei eta hautapenezko kideei buruzko erreferentziak aldatu dira eta patronatuko karguak zehaztu dira.

– Patronatuko kideen izendapenari eta kargu-uzteei buruzko artikulu berria sartu da.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Eguzkilore izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eta ebazpen honen azalpen-zatian aipatutako aldaketak txertatzeko–, Agindu honen datarekin, Juan Ignacio Gomeza Villa notario jaunaren aurrean 2022ko apirilaren 27an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 930).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 17a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala