Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2022ko azaroaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKO LEGEBILTZARRA
4778

ERABAKIA, Eusko Legebiltzarraren kudeaketa ekonomiko-finantzarioa kontrolatzeari eta fiskalizatzeari buruzko arauak onartu eta argitaratzeari buruzkoa.

Mahaiak, 2022ko urriaren 25eko bileran, agindu du Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezela kontrolatzeari eta fiskalizatzeari buruzko arauak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 28a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

Bakartxo Tejeria Otermin.

EUSKO LEGEBILTZARRAREN KUDEAKETA EKONOMIKO-FINANTZARIOA KONTROLATZEARI ETA FISKALIZATZEARI BURUZKO ARAUAK ZIOEN AZALPENA

Administrazio parlamentarioa Legebiltzarraren autonomia instituzional eta antolamenduzkoaren adierazpena da eta, tradizioz, definizio hau ematen zaio: instituzio parlamentarioari agindu zaizkion funtzioak (ordezkaritzakoa, legegintzakoa, finantzarioa eta Jaurlaritza kontrolatzekoa) gainerako botere publikoekiko autonomiaz eta independentziaz betetzeko antolaketa, pertsonal, material eta teknikaren aldetik euskarri diren organoen multzoa.

Eusko Legebiltzarraren autonomia instituzio parlamentarioaren funtzionamendu autonomo eta independentea bermatzeko behar-beharrezko elementu utziezinetako bat da, eta osatu beharra dago beharrezkoak diren antolakuntza-tresnak eta prozedurak egituratuz instituzioaren barnean, eskubideak aitortzea edo Ganberaren aurrekontuaren konturako gastuak egitea dakarten egintza, dokumentu eta espedienteei kasu bakoitzean aplikatzekoa den legezkotasunaren arabera egiten direla bermatzeko.

Aurretiko fiskalizazioaren edo kontu-hartzearen helburua da kontrolatzea, onetsiak izan aurretik, eskubideak aitortzea edo gastuak egitea dakarten egintzak, dokumentuak eta espedienteak, bai eta horien ondoriozko diru-sarrerak eta ordainketak, eta funts publikoen inbertsioa edo aplikazio orokorra ere, kasu bakoitzean aplikatu beharreko xedapenen arabera kudeatzen direla ziurtatzeko. Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzari dagozkio eginkizun hau eta eginkizuna bera betetzean egin beharreko zereginak, eta bere jardunaren emaitzen berri eman behar die, kasu bakoitzean, eragindako zuzendaritza edo zerbitzuei, legelari nagusiari eta, azkenik, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari.

I. SEKZIOA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Barne-kontrola.

1.– Eginkizun kontu-hartzailearen bidez egingo da Eusko Legebiltzarraren kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren barne-kontrola, eta etengabeko kontrol finantzarioarekin eta auditoria publikoarekin osatuko da, ezartzen diren baldintzetan.

2.– Eusko Legebiltzarraren Kontu Hartzailetzak, arau hauetan aurreikusitako baldintzetan, Eusko Legebiltzarraren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barne-kontrola egingo du, kudeaketaz arduratzen diren agintari eta organoekiko erabateko autonomiaz. Kargu hutsen, absentzien edo gaixotasunen kasuan, Legebiltzarreko Mahaiak, legelari nagusiak proposatuta, zehaztuko du nork beteko duen eginkizun hori.

2. artikulua.– Eginkizun kontu-hartzailea.

Eginkizun kontu-hartzailearen helburua da kontrolatzea, onetsiak izan aurretik, eduki ekonomikoa duten eskubideak edo obligazioak, funtsak edo baloreak aitortzea edo gastuak egitea dakarten Eusko Legebiltzarraren egintzak, dokumentuak eta espedienteak, bai eta horien ondoriozko diru-sarrerak eta ordainketak, eta funts publikoen inbertsioa edo aplikazio orokorra ere, kasu bakoitzean aplikatu beharreko xedapenen arabera kudeatzen direla ziurtatzeko.

3. artikulua.– Kontrol finantzario etengabea eta auditoria publikoa.

1.– Kontrol finantzarioaren helburua da bermatzea Eusko Legebiltzarraren kudeaketa ekonomiko-finantzarioa ordenamendu juridikoaren araberakoa dela, bai eta kudeaketa finantzario onaren eta Ganberaren esku jarritako baliabide publikoak optimizatzeko printzipioen araberakoa dela ere; hau da, kudeaketa hori legezkotasun-, ekonomia-, efizientzia- eta eraginkortasun-printzipioekin bat datorrela egiaztatzea, bai eta egindako eragiketa guztiak behar bezala erregistratzen eta kontabilizatzen direla eta osatu beharreko kontu eta egoeretan zehatz-mehatz islatzen direla ere.

2.– Auditoria publikoaren xedea izango da jarduera ekonomiko-finantzarioa egiaztatzea; jardueraren ondoren eta modu sistematikoan egingo da, analisi selektiboetarako prozedurak aplikatuz, lortu nahi diren helburuen arabera.

4. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

Kontrolaren xede den gestioaz arduratzen diren agintari eta organoekiko erabateko autonomia funtzionalarekin burutuko da barne-kontrola. Horretarako, hori egingo duten funtzionarioek independentzia funtzionala izango dute haiekiko, eta egiten dituzten jarduketak arau hauen eta Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak emandako jarraibideen araberakoak izango dira.

5. artikulua.– Barne-kontrolean diharduten langileen betebeharrak eta ahalmenak.

1.– Kontrol-eginkizunak betetzen dituzten funtzionarioek beren lana dela-eta ezagutzen dituzten gaiei buruzko konfidentzialtasuna eta sekretua gorde beharko dituzte.

2.– Eginkizunak betetzean eskuratzen dituzten datu, txosten edo aurrekariak kontrol-xedeetarako baino ezingo dira erabili. Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak, eginkizun hori betetzean, ikusten baldin badu espedientean egiaztatutako gertakariek arau-hauste administratiboa, kontabilitate-erantzukizuna edo delitua eragin dezaketela, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari jakinarazi beharko dizkio eta horrek, beharrezkoa bada, espedientea organo eskudunari bidaliko dio, dagokion prozedurari hasiera eman diezaion.

3.– Eusko Legebiltzarreko zerbitzuetako eta unitate administratiboetako zuzendariek edo buruek, eta, oro har, haietan lan egiten dutenek, Kontu Hartzailetzari beharko dituen laguntza eta lankidetza eman beharko dizkiote, kontrol hori egiteko behar diren dokumentazioa eta informazioa eskainiz.

4.– Egintza, dokumentu edo espedientearen izaeragatik beharrezkoa denean, Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak beharko dituen txosten teknikoak eta aholku juridikoak eskatu ahal izango dizkie dagokien organoei, legelari nagusiaren bitartez.

II. SEKZIOA
EGINKIZUN KONTU-HARTZAILEA

6. artikulua.– Eginkizun kontu-hartzailearen faseak.

1.– Eginkizun kontu-hartzailea modalitate formalean eta materialean gauzatuko da. Kontu-hartze formala izango da erabakia hartzeko beharko diren baldintza legal guztiak betetzen direla egiaztatzea, espedienteari nahitaez erantsi beharko zaizkion agiri guztiak aztertuz horretarako. Kontu-hartze materialean, funts publikoak benetan eta eraginkortasunez aplikatzen direla frogatuko da.

2.– Eginkizun kontu-hartzailearen barruan honako hauek sartuko dira:

a) Eduki ekonomikoa duten eskubideak aitortzen dituzten, gastuak onesten dituzten, gastu-konpromisoak hartzen dituzten, funtsen mugimenduak erabakitzen dituzten edo sor ditzaketen egintzen aurretiko fiskalizazioa.

b) Gastu-xedapenaren aurretiko fiskalizazioa.

c) Obligazioen aitorpenaren aurretiko kontu-hartzea, frogatzeko obligazio horiek legearen araberakoak edo organo eskudunek izenpetutako negozio juridikoekin bat datozela eta hartzekodunak bete duela edo, kasua denean, bermatu duela haien prestazioa.

d) Ordainketa-aginduen kontu-hartze formala, egiaztatzeko behar bezala ematen direla Eusko Legebiltzarraren Diruzaintzaren kargurako ordainketa-aginduak.

e) Ordainketaren kontu-hartze materiala, egiaztatzeko ordainketa hori organo eskudun batek agindu duela eta hartzailearen alde eta ezarritako kopuruaz egiten dela.

f) Errekurtsoak eta erreklamazioak aurkeztea, legeetan aurreikusitako kasuetan.

g) Kontu-hartzearen mende den egintza, agiri edo espedientearen izaeragatik beharrezkoa bada, organo eskudunari edo eskudunei bidezko diren aholkuak eskatzea, bai eta eginkizun kontu-hartzailea hobeto betetzeko beharrezkoak diren aurrekariak eskatzea ere.

h) Aldian behin frogatzea funts publikoen kudeaketan indarreko legezkotasuna betetzen dela, bai eta baliabide publikoak behar bezala kudeatzen direla ebaluatzea ere.

3.– Eskubideen eta diru-sarreren aurretiko fiskalizazioaren eta kontu-hartzearen ordez, kontabilitateko arrazoi-hartzeari datxekion kontrola eta ondorengo kontrola egingo dira, etengabeko kontrol finantzarioa gauzatuz.

4.– Justifikatu beharrarekin igorritako funtsen kontura egindako gastuen fiskalizazioa gastu horien justifikazio-kontuei dagokienez egingo da.

7. artikulua.– Gastuak egiteko baimenaren aurretiko fiskalizazioa.

1.– Fase honetan, eginkizun kontu-hartzailearen helburua da ezarritako izapideak eta baldintza substantiboak eta prozedurazkoak betetzen direla egiaztatzea, espedientea osatzen duten dokumentuak eta txostenak aztertuz.

2.– Fase honetan, gastu bat onestea proposatzen duen zuzendaritza edo zerbitzu eskudunak izapidetu eta Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzara bidaliko ditu gastu-proposamena eta honako baldintza hauek ematen direla egiaztatzen duten agiriak: prozeduraren fase honetan gastu-mota bakoitza izapidetzeko beharrezkoak diren baldintzak eta, bereziki, Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren kontura finantzatu behar diren gastuen aurretiko eginkizun fiskalizatzaile edo kontu-hartzailea betez egin beharreko jarduketak erregulatzen dituzten arauen arabera prozedura bakoitzean beharrezkoak direnak.

3.– Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak gastua onesteko proposamena fiskalizatuko du, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatu ahal izango du.

Aurretiko fiskalizazioa gauzatzeko honako alderdi hauek frogatuko dira:

a) Aurrekontu-kreditua badagoela, eta proposatutakoa egokia eta nahikoa dela hartzea proposatzen den gastu edo obligazioaren arabera.

Kreditua egokia izango da, baldin eta hartu beharreko edo sortutako eta preskribatu gabeko obligazioak finantzatzen baditu, behin-behinekotasunari eta espezialitateari buruzko aurrekontu-arauak eta -baldintzak betez.

b) Obligazioa onesteko eskumena duen organoari proposatzen zaizkiola gastuak edo obligazioak.

c) Kontratazio-organoaren, dirulaguntza ematen duenaren edo lankidetza-hitzarmena egiten duenaren eskumena, eta, oro har, organo horrek dagokion obligazioa onesteko ahalmenik ez duenean, administrazio-egintza ematen duenaren eskumena.

8. artikulua.– Gastu-xedapenaren aurretiko fiskalizazioa.

1.– Fase honetan, eginkizun kontu-hartzailearen helburua da ordenamendu juridikoak gastuak xedatzeko ezarri dituen izapideak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

2.– Fase honetan, zuzendaritza edo zerbitzu eskudunak Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzara bidaliko ditu gastua xedatzeko proposamena, baimenduko den gastuaren zenbatekoari dagokion kontabilitate-agiriaren eskabidea eta honako baldintza hauek ematen direla egiaztatzen duten agiriak: prozeduraren fase honetan gastu-mota bakoitza izapidetzeko beharrezkoak direnak eta, bereziki, Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren kontura finantzatu behar diren gastuen aurretiko eginkizun fiskalizatzaile edo kontu-hartzailea betez egin beharreko jarduketak erregulatzen dituzten arauen arabera prozedura bakoitzean beharrezkoak direnak.

3.– Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak gastua xedatzeko proposamena fiskalizatuko du, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatu ahal izango du. Fase honetan, gastu-konpromisoen espedienteak onetsi diren eta, kasua bada, aldeko fiskalizazioa jaso duten gastuei dagozkiela egiaztatuko du.

9. artikulua.– Obligazioen aitorpenaren kontu-hartzea.

1.– Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak espedientearen berri izango du obligazioa aitortzeko erabakia hartu aurretik. Une horretan, zuzendaritzak edo zerbitzuak agiri bidez egiaztatu beharko du obligazioa aitortzeko behar diren baldintza guztiak betetzen direla; hala nola, besteak beste, inbertsioaren egiaztapen materialaren aldeko emaitza, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Gastu-likidazioaren edo obligazioaren aitorpenaren aurretiko kontu-hartzea egitean, honako hauek frogatu beharko dira:

a) Obligazioak onetsitako gastuei eta, kasua bada, aldeko fiskalizazioa jaso duten gastuei dagozkiela, salbu eta gastuaren onespena eta obligazioaren aitorpena batera egin behar direnean.

b) Obligazioa justifikatzen duten agiriak legearen araberakoak direla edo organo eskudunek izenpetutako negozio juridikoekin bat datozela. Edozein kasutan, dokumentazioan honako hauek jaso beharko dira:

1) Ordaintzeko obligazioa dakarten prestazioak, zerbitzuak edo bestelako arrazoiak.

2) Egindako prestazio edo zerbitzu horiekiko adostasuna, gastu-proposamena egin duen zuzendaritzak, zerbitzuak edo arloak emana.

3) Enpresa esleipendunaren faktura, hartzekoduna eta obligazioaren zenbateko zehatza identifikatuta.

4) Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak aurreko alderdiak egiaztatuko ditu, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarria eskatu ahal izango du.

10. artikulua.– Inbertsioaren egiaztapen materiala.

1.– Inbertsioaren zenbatekoa kontratu-legeriak kontratazio txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada, obligazioa aitortu aurretik, Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak materialki egiaztatuko du Ganberaren aurrekontuaren kontura egindako obrak, zerbitzuak eta eskuraketak benetan egin direla eta dagokien kontratuaren edukiarekin bat datozela. Egiaztapen materiala egiteko ezagutza teknikoak edukitzea beharrezkoa denean, prestazioaren edo zerbitzuaren xede den gaian adituak diren langileek aholku emango diote kontu-hartzaileari.

2.– Inbertsioaren egiaztapen materialaren kontu-hartzearen emaitza aktan jasoko da, eta kontu-hartzaileak sinatuko du, bai eta obra, zerbitzu edo eskuraketaren jasotze-egintzan parte hartzen duten guztiek ere. Akta horretan jasoko dira, hala badagokio, hautemandako akatsak, horiek konpontzeko hartu beharreko neurriak eta jasotze-egintzaren egitateak eta inguruabar garrantzitsuak.

3.– Inbertsioaren egiaztapen materialaren kontu-hartzea nahitaezkoa ez den kasuetan, arduradunak obrak, zerbitzuak edo eskuraketak jasotzeko edo onartzeko emandako oniritziarekin justifikatuko da inbertsioaren egiaztapena, non adieraziko baita, behar den bezala zehaztuta, prestazioa edo zerbitzua aldez aurretik ezarritako baldintza orokor eta partikularren arabera exekutatu dela. Egindako prestazioarekiko edo zerbitzuarekiko adostasuna fakturan edo obligazioa sortu dela justifikatzen duen agirian sinatuz ere eman ahal izango da.

4.– Inbertsioaren egiaztapen materialaren kontu-hartzea egin ez bada, kontu-hartze hori kontu-hartzaileak edo hark izendatutako pertsonak egin duenean edo egin beharko lukeenean, ezin izango da obligazioa aitortu, ordainketa izapidetu edo jarduketen alde kontu hartu, harik eta ez-egite hori zuzendu arte.

11. artikulua.– Ordainketa-aginduaren eta ordainketaren materialaren kontu-hartze formala.

1.– Legebiltzarreko Diruzaintzaren konturako ordainketak agintzen dituzten egintzak ordainketa-aginduaren kontu-hartze formalaren mende daude. Kontu-hartze horren helburua izango da honako hauek egiaztatzea:

a) ordainketa-aginduak organo-eskudunak eman dituela;

b) aldez aurretik aitortu, likidatu eta fiskalizatutako obligazio bati dagokiola, bai eta egindako beherapenen jatorria ere.

Kontu Hartzailetzak uste badu ordainketa-aginduek ez dituztela aipatutako baldintzak betetzen, dagokion eragozpena aurkeztuko du, arrazoituta eta idatziz, eta ordainketa-aginduaren izapidea eten egingo da, harik eta konpontzen den arte.

2.– Ordainketaren kontu-hartze materialaren mende dago ordainketa-aginduen exekuzioa. Kontu-hartze horrek egiaztatuko du hartzailearen alde, ezarritako zenbatekoan eta lotutako kontu-zenbakira egiten dela, eta, ados egonez gero, Kontu Hartzailetzak sinatuko ditu Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak funtsen irteera baimentzeko egindako dokumentuak; bestela, eragozpen arrazoitua eta idatzizkoa egingo du.

3.– Eragiketa mistoen kasuan, dagozkien dokumentu positibo edo negatiboekin batera eragiketan metatzen diren faseen egiaztagiriak aurkeztuko dira.

12. artikulua.– Aurretiko fiskalizazioaren mende ez egotea.

1.– Aurretiko fiskalizazioaren pean egongo ez badira ere, dagozkien aurrekontu-partidetan kreditu egoki eta nahikoa dagoela jasoaraziko da honako hauetan:

a) 300 eurotik beherako gastuak, administrazio-kontratazioko espediente batetik ez datozenak.

b) BEZik gabe 2.000 eurora iristen ez diren kontratazio txikiko espedienteak.

c) Kutxa finkoko aurrerakinak, harik eta egiaztatzen diren arte.

d) Aldizkako gastuak eta segidako traktuko gainerakoak, gastuak eragin edo aldarazi dituen egintza edo kontratuaren hasierako epeari dagokion gastua aztertuta.

e) Eusko Legebiltzarraren aurrekontuan esleipen izenduna duten dirulaguntzak. Aurrekontuan izaera izendunarekin agertzen diren dirulaguntzak aurretiko kontu-hartzetik salbuesteak ez du esan nahi, hurrengo paragrafoan xedaturikoa salbu, Kontu Hartzailetzak, urteko kontua egin ondoren, Legebiltzarreko aurrekontuaren kudeaketa osoaren gainean egin behar duen barne-kontroleko eta fiskalizazioko araubidetik kanpo geratzen direnik.

f) Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren 28. artikuluaren arabera talde parlamentarioei esleitutako dirulaguntzak –Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak zehaztutako dirulaguntzak talde parlamentario bakoitzarentzat eta legebiltzarkide-kopuruaren arabera– Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 14.4 artikuluan araututako kontabilitate- eta kontrol-araubidearen mende egongo dira, bai eta ondorengo akordio batek ezar dezakeenaren mende ere.

2.– Aurretiko fiskalizazioaren mende ez dauden egintzak geroago fiskalizatuko dira, auditoretza- eta laginketa-teknikak erabiliz. Fiskalizazio hori egintzen, dokumentuen edo espedienteen lagin adierazgarri baten gainean egingo da, kasu bakoitzean aplikagarriak diren xedapenekin bat datozela egiaztatzeko eta legezkotasunaren betetze-maila zehazteko honako hauek kudeatzean: kredituak, eduki ekonomikoko gastuen edo obligazioen aitorpena eta likidazioa dakarten egintza eta dokumentuak, ordainketak, eta, oro har, ondasun publikoen inbertsioa eta aplikazioa ere, edo aurretiko fiskalizazioaren salbuespenaren ondorioz fiskalizazioaren mende ez dauden gastuak.

3.– Mahaiak aldatu ahal izango du, osorik edo zati batean, aurretiko fiskalizazioaren mende ez egotearen erregimena, eta oinarrizko baldintzen kasuan kontu-hartzeko eta fiskalizatzeko beste bat ezarri, non aurretiko kontu-hartzea honako alderdi hauek frogatzeko baino ez den izango:

a) Aurrekontu-kreditua badagoela eta proposatutakoa egokia eta nahikoa dela kontratatzea proposatzen den gastu edo obligazioaren arabera.

b) Gastuak eta obligazioak eskumena duen organo bati proposatzen zaizkiola.

c) Obligazioak aitortzeko espedienteak onetsita dauden eta aldeko fiskalizazioa jaso duten gastuei dagozkiela.

13. artikulua.– Justifikatu beharreko ordainketen prozeduraren kontu-hartzea.

1.– Aurretiko fiskalizaziotik salbuetsita ez dauden justifikatu beharreko ordainketen baimenetan, honako baldintza hauek frogatu beharko dira:

a) Justifikatu beharreko funts-igorpenen proposamenak dagozkien gastuak baimentzeko eskumena duen agintaritzari zuzentzen zaizkiola.

b) Kreditua dagoela eta proposatutakoa egokia eta nahikoa dela.

c) Aldez aurretik igorritako funtsen inbertsioa dagokion epearen barruan justifikatu dela. Hala ere, ezin izango da eragozpen bat aurkeztu aurreko igorpenak ez justifikatzeagatik, baldin eta, Eusko Legebiltzarraren jardueraren funtzionamenduan kalteak saihesteko, ordainketa-agindu espezifiko bat ematea baimentzen bada.

2.– Kasu batean zein bestean, dagozkion justifikazio-kontuen kontu-hartzean frogatuko da gastu zehatz eta jakinei dagozkiela eta gastu horiek exekutatzeko kasu bakoitzean aplikatu beharreko prozedura jarraitu dela, gastu horiek egokiak direla funtsak eman ziren helbururako, egiaztatzen dela gastuak edo zerbitzuak benetan eta behar bezala egin direla, eta ordainketa hartzekodun jakin bati egin zaiola, zor zitzaion zenbatekoz. Kontuak zein partida bakoitza justifikatzen duten agiriak aztertuta egingo den fiskalizazioaren emaitzak txosten batean jasoko dira. Txosten horretan, Kontu Hartzailetzak kontuarekin ados dagoela edo kontuko akatsak zein diren adieraziko du, eta txosten horrek ez du etete-ondoriorik izango organo eskudunak kontua geroago onartzeari dagokionez.

14. artikulua.– Adostasunez fiskalizatzea.

Kontu Hartzailetzak adostasuna adieraziko du eginbide sinatu baten bidez, arrazoitu beharrik gabe, baldin eta, eginkizun kontu-hartzaileak barne hartzen dituen alderdiak egiaztatu ondoren, fiskalizatu beharreko espedienteak legezkotasuna betetzen badu.

15. artikulua.– Eragozpenak.

1.– Kontu Hartzailetzak, bere eginkizunak betetzean, adierazten badu ez dagoela ados aztertutako egintzen edukiarekin edo egintza horiek hartzeko jarraitutako prozedurarekin, idatziz aurkeztu beharko ditu bere eragozpenak. Eragozpen horiek arauetan oinarritutako arrazoibidez arrazoituko dira.

2.– Eragozpena aurkezten bada, espedientearen izapidea eten egingo da –ezin izango da aitortu, ezta izapidetu ere, obligazioa, ordainketa edo diru-sarreren likidazioa–, harik eta konpontzen den arte, hots, ikusitako akatsak zuzendu arte edo, eragozpena onesten ez bada, hurrengo artikuluan aurreikusitako prozeduraren ebazpena eman arte.

3.– Aurretiko fiskalizazioaren eta kontu-hartzearen araubide orokorra aplikatzen denean, eragozpena aurkeztu ahal izango da kasu hauetan:

a) Kreditu nahikorik ez dagoenean edo proposatutakoa gastuaren edo hartzea proposatzen den obligazioaren arabera egokitzat jotzen ez denean.

b) Gastu-proposamena gastua onesteko eskumenik ez duen organo bati egin zaionean.

c) Ordainketa-aginduak justifikatzeko dokumentazioan irregulartasun larriak antzematen direnean edo hartzekodunaren eskubidea behar bezala egiaztatzen ez denean.

d) Kontu Hartzailetzaren iritziz funtsezkoak diren baldintzak edo izapideak betetzen ez direnean, edo kudeaketa administratiboarekin jarraitzeak Legebiltzarrari edo hirugarren bati kalte ekonomikoak eragin diezazkiokeenean.

e) Eragozpena obra, hornidura, eskuraketa eta zerbitzuen egiaztapen materialetatik ondorioztatzen denean.

4.– Espedientean ikusitako akatsak funtsezkoak ez diren baldintzak edo izapideak ez betetzearen ondorio badira, Kontu Hartzailetzak aldeko txostena eman ahal izango du, baina egintzaren eraginkortasuna akats horiek espedientea onartu aurretik zuzentzearen baldintzapean geratuko da. Organo kudeatzaileak dagokion eragozpena zuzendu izanaren egiaztagiriak igorriko dizkio Kontu Hartzailetzari.

5.– Nolanahi ere, Kontu Hartzailetzak, edozein fiskalizazio edo kontu-hartze egitean, egokitzat jotzen dituen ohar osagarriak egin ahal izango ditu, eta ohar horiek ez dute, inola ere, etete-ondoriorik izango kasuan kasuko espedienteen izapidean. Ohar osagarri horiei dagokienez, ezin izango da desadostasunik planteatu.

16. artikulua.– Desadostasunak.

Eginkizun kontu-hartzailea betetzean sor daitezkeen adostasunik ezak prozedura kontraesankor baten bidez konponduko dira. Proposamena egin duen organoak aurkeztutako eragozpena onesten ez duenean, idatziz arrazoitutako desadostasuna planteatuko dio kontu-hartzaileari. Kontu Hartzailetzaren eragozpenarekiko desadostasunak bere horretan jarraitzen badu, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari dagokio behin betiko ebazpena ematea.

17. artikulua.– Aurretiko kontu-hartzea ez egitea.

1.– Eginkizun kontu-hartzailea nahitaezkoa den eta egin ez den kasuetan, Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak, horren berri izan bezain laster, legelari nagusiari jakinaraziko dio eta, aldi berean, proposamenari buruzko iritzia emango du; horrela, legelari nagusiak, txosten hori jarduketei gehituta, egindako jarduna Mahaiaren erabakiaren mende jarriko du, ikusitako prozedura-akatsa zuzen dezan, egintza baliozkotuz, edo dagokion ebazpena eman dezan. Obligazioa ezin izango da aitortu, ez ordainketa izapidetu, ez eta jarduketa horien aldeko kontu-hartzerik egin ere, harik eta ez-egite hori artikulu honetan aurreikusitako baldintzetan ezagutu eta ebatzi arte.

2.– Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzaren txostenak ez du fiskalizazio-izaerarik izango, eta, gutxienez, honako alderdi hauek adieraziko ditu:

a) Ordenamendu juridikoaren arau-hausteak, baldin eta, kontu-hartzailearen iritziz, aurretiko fiskalizaziorik edo kontu-hartzerik gabe egintza onetsi zen unean gertatu badira.

b) Egintza horren ondorioz egin diren prestazioak.

c) Ordenamendua hautsiz emandako egintzak berrikusteko aukera eta komenigarritasuna.

d) Hala badagokio, ordaintzeke dauden gastuei eta obligazioei aurre egiteko kreditu egokia eta nahikoa izatea.

3.– Dagokion zuzendaritzak edo zerbitzuak egindako memoria bat erantsiko zaio espedienteari. Memoria horretan, nahitaezkoa den aurretiko fiskalizazioa edo kontu-hartzea ez egitearen azalpena jasoko da, bai eta, hala badagokio, kontu-hartzailearen txostenari buruz egokitzat jotzen diren oharrak ere.

III. SEKZIOA
Gastuetarako eta ordainketetarako prozeduren gaineko kontrola

18. artikulua.– Unea eta epea.

1.– Frogagiri guztiak bildu eta nahitaezko txostenak egin ondoren, eta organo eskudunak erabakia hartzeko moduan daudenean, Kontu Hartzailetzak jatorrizko espediente osoa jasoko du.

2.– Kontu Hartzailetzak gehienez ere hamar egun balioduneko epean fiskalizatuko du espedientea, jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Hala ere, espedientea bereziki konplexua bada, epea gehienez ere hamabost egunetara luzatu ahal izango da, kontu-hartzaileak berak emandako ebazpen arrazoituaren ondorioz.

3.– Oro har, gastuak sortzen dituzten eduki ekonomikoko egintza guztien aurretiko fiskalizazioa eta kontu-hartzea oinarrizko baldintza hauek frogatzera eta egiaztatzera mugatuko da:

a) Lotura-mailan aurrekontu-kreditua dagoela, eta proposatutakoa egokia dela. Horri dagokionez, kreditua egokitzat joko da Eusko Legebiltzarraren Diruzaintzaren kontura hartu beharreko edo sortutako baina preskribatu gabeko obligazioak finantzatzen dituenean, horretarako legez ezarritako baldintzak betez.

b) Obligazioak edo gastuak organo eskudun batek sortzen dituela.

c) Gastua finantzatzeko baliabideak benetan eskueran daudela.

d) Obligazioa edo gastua Eusko Legebiltzarrak balia ditzakeen eskumenen barruan dagoela, edo, eskumen desegokien kasuan, baliatzen jarrai dezakeen eskumenen barruan dagoela, betiere indarrean dagoen legeriaren arabera eska daitezkeen baldintzak bete ondoren.

e) Obligazioak edo gastuak ez dituela arriskuan jartzen aurrekontu-egonkortasuna eta jasangarritasun finantzarioa.

f) Obligazioaren edo gastuaren euskarri diren dokumentuak zuzenak direla eta beharrezko sinadurak eta baldintzak dituztela. Horri dagokionez, gastuaren obligazioa aitortzeko euskarri dokumentalak zerbitzua, hornidura, inbertsioa edo gastua behar bezala eman dela ziurtatzen edo ontzat ematen duen arduradunaren sinadura eta identifikazioa izango ditu.

g) Urte anitzeko konpromiso-kredituen eta gastuen kasuan, horietarako legez ezarritako mugak eta baldintzak betetzen direla.

h) Obligazioa edo gastua egozten zaion aurrekontu-partidak behin-behinekotasunari, espezialitateari eta espezifikazioari buruzko arauak betetzen dituela, gastuaren izaera funtzional eta ekonomikoaren arabera, eta, hala badagokio, organikoaren arabera.

4.– Eusko Legebiltzarreko Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak sistema informatikoan erregistratuko ditu aurretiazko fasean dagoen kontabilitate-agiri bakoitzari dagozkion eragiketak. Kontu Hartzailetzari dagokio kontabilitate-eragiketen behin betiko erregistroa egitea.

Aurretiko fiskalizaziotik salbuetsita dauden eragiketen kasuan, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak behin betiko fasean dauden eragiketak erregistratuko ditu.

19. artikulua.– Ordainsariak eta beste pertsonal-gastu batzuk.

1.– Ekitaldiaren hasieran, Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskatuta, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak KA dokumentua izapidetuko du, onetsitako aurrekontu-plantillaren guztizko zenbatekoan, indarrean dagoen ekitaldirako aurrekontuarekin batera. KA agiri horri beteta zein hutsik dauden plantilla horretako plaza eta lanpostuen zerrenda erantsiko zaio. Zerrenda horretan, aurrekontu-partiden araberako guztizkoak zehaztuko dira.

Era berean, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskatuta, KA dokumentua izapidetuko du, Ganberako kideen ordainsari finko eta aldizkakoetarako aurreikusitako guztizko zenbatekoan.

2.– Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak egingo ditu hileko nominak eta, horren ondorioz, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak BXObOr dokumentua izapidetuko du. Dokumentu horri, frogagiri gisa, langileen lista eta dagokion hileko nominan sartutako ordainsariak jasotzen dituen zerrenda erantsiko zaio.

Ondorio horietarako, alfabetikoki sailkatutako langileen zerrendez gain, nominan jasotzen diren aldaketak, nola ordainsari-kontzeptuei hala deskontuei buruzkoak, egiaztatzen dituzten agiri guztiak erantsiko dira.

3.– Hileko nominak eta horiek likidatzeko behar diren agiri guztiak Kontu Hartzailetzara bidaliko dira hil bakoitzaren 20a baino lehen, edo hurrengo egun balioduna baino lehen, aurretiko fiskalizazioa egin eta honako hauek egiazta daitezen:

a) Aplikatu beharreko legeriak ezarritako baldintzak eta mugak betetzen direla.

b) Izaera finkoa edo aldizkako epemuga ez duten ordainsariak (kalte-ordainak...) onartzen dituzten intzidentzien kasuan, ordainsari hori jasotzeko eskubidea onartuz organo eskudunak emandako ebazpena edo erabakia eransten zaiola espedienteari.

c) Egiaztapen aritmetikoa, honela egina: nominaren guztizkoa aurreko hileko emaitzarekin koadratuta, dagokion hilabeteko nominan sartutako aldakuntzen batura aljebraikoa gehituta.

d) Indarrean dagoen legeriaren arabera funtsezkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

4.– Aldizkakoak ez diren beste nomina batzuk eginez gero, prozedura arestian adierazitako bera izango da.

5.– Lanpostuen zerrenda edo lanpostuen ezaugarriak aldatzeari buruzko espedienteetan, honako hauek egiaztatu beharko dira dagokion erabakia hartu aurretik:

a) Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren txosten bat dagoela, legez eska daitezkeen baldintzak betetzen direla egiaztatzen duena.

b) Aldaketa horien ondorioz aurrekontu-plantilla aldatzen bada, proposatutako gastua finantzatzeko baliabideak benetan erabilgarri daudela.

6.– Gizarte Segurantzaren eta mutualitateen kuoten ordainketari dagokionez, ekitaldiaren hasieran, Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskatuta, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak KA dokumentua izapidetuko du, langile aktiboentzat aurreikusitako kotizazioen urteko zenbatekoan. Aldaketak gertatuz gero, harekiko agiri osagarriak edo alderantzizkoak sortuko dira.

7.– Aseguruei eta prestakuntzari dagozkien gastuak arau hauetan ezarritako prozedura orokorren arabera kudeatuko dira.

20. artikulua.– Legebiltzarkideen lokomozio-gastuak.

1.– Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak, Ganberaren Erregelamenduaren 57.4 artikuluak esleitzen dion eskumena garatuz, legebiltzarkideen lokomozio-gastuei dagozkien zenbatekoak finkatu ondoren, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak KA dokumentua egingo du. Dokumentu horretan, legebiltzarkidearen bizilekuaren arabera, lokomozio-gastuen urteko zenbateko osoaren aurreikuspena jasoko da.

2.– Hilero, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak BXObOr dokumentua izapidetuko du, honako hauek erantsita:

a) Legebiltzarkideen zerrenda eta jaso beharreko zenbatekoak.

b) Bizileku-aldaketak edo jaso beharreko zenbatekoen kalkuluan eragina duten beste faktore batzuk.

c) Euskadiko Autonomia Erkidegoan autobideak ordaintzeko txartelak erabiltzeagatik izan daitezkeen deskontuak. Euskadiko autobideak ordaintzeko ez diren gastuak legebiltzarkide bakoitzari dagozkion lokomozio-gastuetatik ordaindu eta kenduko dira, likidazioaren ondorengo hilabetean. Halakoetan, legebiltzarkide bakoitzari emango zaio deskontu horien zerrenda pertsonalizatua.

21. artikulua.– Zerbitzuagatiko kalte-ordainak.

1.– Instituzioko langileak instituzioaren zereginekin zuzeneko zerikusia duten ikastaroetara, jardunaldietara, biltzarretara edo beste edozein jardueratara joateko baimena legelari nagusiak emango du, aldez aurretik eta espresuki.

2.– Joan ondoren egingo da zerbitzuagatiko kalte-ordainari dagokion likidazioa, eredu normalizatuaren bidez, egiaztagiriak erantsita. Interesdunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzan, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak izapidetu eta Kontu Hartzailetzak fiskalizatu ditzan:

a) Legelari nagusiaren baimena.

b) Benetan egindako ibilbidearen adierazpena, irtete- eta iriste-egunak adierazita.

c) Lokomozio-gastuen kasuan, jatorrizko txartelak eta, hala badagokio, ostatu- eta mantenu-gastuetarako ordaindutako zenbatekoen jatorrizko fakturak.

22. artikulua.– Kontratu administratiboen prozedura orokorra.

1.– Kontratua hasteko akordioa prestatzeko dokumentazioan jaso beharko da, nahitaez, dagokion aurrekontu-aplikazioan kreditua atxikitzeko ziurtagiria, KA dokumentua, uneko ekitaldirako edo etorkizuneko ekitaldietarako.

2.– Kontratazio-espedientea onesteko erabakia hartu aurretik, Kontu Hartzailetzari dagokion aurretiko fiskalizazioa eskatuko zaio; horretarako, honako dokumentu hauek bidaliko dira:

a) Espedientea sustatzen duen zuzendaritzaren edo zerbitzuaren justifikazio-memoria edo -txostena, proiektatutako kontratuaren bidez bete nahi diren premien izaera eta hedadura zehaztasunez azalduz, bai eta xedea eta edukia beharrizan horiek betetzeko egokiak direla ere.

b) Administrazio-klausula berezien agiria eta preskripzio teknikoen agiria.

c) Kontratazio publikoko arauek kontratu-motaren eta prozeduraren arabera eskatzen duten dokumentazio guztia.

d) Uneko ekitaldiko KA kontabilitate-agiria edo agiriak, organo eskudunak behar bezala beteta eta baimenduta. Gastua urte anitzekoa bada, ondorengo ekitaldietako KA dokumentuak aurkeztu beharko dira.

3.– Kontu Hartzailetzak honako hauek egiaztatuko ditu.

a) Baldintza-agiriak, hautaketa-irizpideak, bai eta horien balorazioa eta kontratazio-prozedurak ere, sektore publikoko kontratuen arloan indarrean dagoen legeriaren araberakoak izatea.

b) Kontratua eta aukeratutako prozedura justifikatzea.

c) Kontratuetan izan daitezkeen aldaketak behar bezala aurreikustea.

d) Kontratuaren iraupena, luzapenak barne, egiaztatzea eta justifikatzea.

e) Aurrekontu-ekitaldi bat baino gehiagoren kontura egikarituko diren kontratuetan, gastuaren arduradunek kontratuaren denbora- eta finantza-plangintza egin izana.

f) Baldintza-agiriek, beren egikaritzea ekitaldi batera baino gehiagora luzatuz gero, gastuan inplikatutako aurrekontu-ekitaldi bakoitzean erabilgarri dauden partidak eta zenbatekoak zehazten dituztela.

4.– Administrazio-espedientea, baldintza-agiriak, esleipen-prozedura irekitzeko kontratazio-organoak hartutako erabakiak gastuaren onespena ere ekarriko du, eta, beraz, B kontabilitate-agiria emango da uneko ekitaldirako edo etorkizuneko ekitaldietarako, lizitazioaren zenbatekoan.

Kontratazio-espedientea onesteak soberakina sortzen badu aurreko fasearekiko, dagozkion KA/ dokumentu zehar-marradunak egingo dira. Gastua urte anitzekoa bada, hurrengo ekitaldiei dagozkienak egin beharko dira.

5.– Esleipen-erabakia hartu aurretik, honako dokumentu hauek igorriko zaizkio Kontu Hartzailetzari, fiskalizatu ditzan:

a) X kontabilitate-agirien proposamena edo proposamenak, behar bezala beteta, eta, hala badagokio, minorazioko kontabilitate-agiriak.

b) Espedientea onesteko erabakia edo ebazpena.

c) Kontratazio-mahaiaren akta edo aktak.

d) Esleipen-erabakiaren proposamena.

e) Zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egiaztatzeko dokumentazioa, eta kontratua formalizatzeko esleipendunari eskatzen zaizkion gainerako dokumentuak.

f) Behin betiko bermearen eratzea.

6.– Kontratazio-organoak esleipena erabaki ondoren, X agiria behin betiko kontabilizatuko da, esleipenaren zenbatekoan, eta, hala badagokio, B eta KA kontabilitate-agiriak murriztuko dira, lizitazioaren eta esleipenaren kopuruen arteko aldearen zenbatekoan.

7.– Ob edo ObOr lehen kontabilitate-agiriaren edo agiri bakarraren proposamenarekin batera, dagokion fakturaz edo ziurtagiriaz gain, jasotze-akta edo -ziurtagiria eta formalizatutako kontratua ere aurkeztuko dira.

23. artikulua.– Kontratu txikiak.

1.– Proposamena egin duten zuzendaritza edo zerbitzuetako arduradunei dagokie gastu-proposamena egitea, obra, hornidura edo zerbitzua zein den adieraziz eta kontratuaren beharra modu arrazoituan justifikatuz; egiaztatu beharko da ez dela haren xedea aldatzen ari, sektore publikoko kontratuen arloan indarrean dagoen legerian deskribatutako atalaseak aplikatzea saihesteko asmoz, eta ez dela behin eta berriz errepikatzen den premia bat, puntuala baizik, eta horregatik adjudikatzen dela zuzenean.

2.– Gastu-proposamenak Kontu Hartzailetzaren aldez aurreko adostasuna eta kreditu-atxikipenaren ziurtagiria beharko ditu. Fiskalizazioa honako hauek frogatzera mugatuko da:

a) Aurrekontu-kreditua badagoela eta proposatutakoa egokia eta nahikoa dela kontratatzea proposatzen den gastuaren arabera.

b) Gastu-proposamenak eskumena duen organoari egiten zaizkiola.

3.– Espedientea aurretiko fiskalizaziotik salbuetsita badago, gastu-espediente osoa aurkeztuko zaio Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuari, aitortu beharreko obligazioaren fakturarekin edo egiaztagiriarekin batera.

4.– Aurretiko fiskalizazioaren mende dagoen espedientearen kasuan, Kontu Hartzailetzak espedientea jasoko du fiskalizatzeko, kreditua badagoela egiaztatzen duen ziurtagiria ematen den aldi berean.

5.– Esleipena egin ondoren, espediente osoa bidaliko da, BX kontabilitate-agiriarekin eta KA/ kontabilitate-agiriekin batera, baldin eta esleipenaren zenbatekoa atxikitako kredituaren zenbatekoa baino txikiagoa bada.

24. artikulua.– Dirulaguntzak.

1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak dirulaguntza edo laguntza publiko bat ematea baimentzen duen erabakia hartu aurretik, egiaztatuko da dirulaguntza izapidetzen duen zuzendaritzak edo zerbitzuak gastu-espediente osoa igorri diola Kontu Hartzailetzari, KA kontabilitate-agiriarekin batera, kreditu egokia eta nahikoa dagoela egiaztatzeko asmoz fiskalizatu dezan.

2.– Kontu Hartzailetzak honako hauek egiaztatuko ditu:

a) Zuzeneko dirulaguntzak kreditu egokia eta nahikoa duela Ganberaren aurrekontuan.

b) Dirulaguntza izendunak xedea eta onuraduna identifikatzen dituen aurrekontu-partida bat duela.

c) Dirulaguntza hitzarmen bidez ematen bada, xedea sektore publikoko kontratuen arloan indarrean dagoen legeriak araututako kontratuen artean ez dagoela.

d) Hirugarrenaren egiaztapena edo ofizioz egiaztatzea pertsona edo erakunde onuradunak zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

e) Onuradun izateko debekurik ez duela.

f) Pertsona edo erakunde onuradunak funtsen xedea justifikatzen duela, dirulaguntza emateko erabakian ezarritakoaren arabera. Pertsona edo erakunde onuradunak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Dirulaguntzaren kontura egindako gastuaren justifikazioa.

– Publizitatea Eusko Legebiltzarrak jarduera finantzatzearen inguruan: Eusko Legebiltzarraren irudi instituzionala sartu beharko da kartel, oroigarrizko plaka, inprimatutako material eta baliabide elektroniko eta ikus-entzunezkoetan, baita hedabideetako aipamenetan ere.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten gainerako diru-sarreren adierazpena.

3.– Dirulaguntza emateko erabakiak dagokion gastuaren konpromisoa ekarriko du. X kontabilitate-agiriak izapidetzeko, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuari bidali beharko zaio erabaki-proposamena, dirulaguntza jasoko duten onuradunak edo onuraduna eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita.

4.– Obligazioak aitortzeko eta ordainketa agintzeko prozedura oro har ezarritakoa izango da.

25. artikulua.– Talde parlamentarioentzako diru-izendapenak.

1.– Talde parlamentarioentzako diru-izendapenek izaera finalista dute, eta eginkizun parlamentarioak betetzeko behar dituzten gastu arruntak finantzatzeko erabili behar dituzte taldeek, eta diru-izendapen horiek ezin dira erabili inbertsio-ondasunen erosketa finantzatzeko, salbu eta ondasun horiek legealdia baino bizitza erabilgarri laburragoa duten ekipo informatikoak badira. Talde parlamentarioek berariazko kontabilitatea eraman beharko dute, jasotako diru-izendapenaren justifikazio-kontua eta kontabilizatutako gastuen euskarri dokumentala egin ahal izateko. Era berean, egunean izan beharko dituzte zerga-obligazioen eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa.

2.– Legegintzaldi bakoitzaren hasieran, talde parlamentarioak Ganberaren Erregelamenduaren 24.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera eratu ondoren, taldeko bozeramaileak Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzara bidaliko ditu, eredu normalizatuaren bidez, esleituta duten identifikazio fiskaleko zenbakia, talde parlamentarioaren banku-kontuaren datuak eta kontu horretako ahaldunen zerrenda.

3.– Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak talde parlamentario bakoitzari dagozkion zenbatekoak finkatu ondoren, Ganberaren Erregelamenduaren 28.1 artikuluak esleitzen dion eskumena garatze aldera, BX kontabilitate-agiri bat egingo da talde parlamentario bakoitzeko eta dagokion urteko edo aldiko zenbatekoz.

4.– Obligazioak aitortzeko eta ordainketa agintzeko prozedura oro har ezarritakoa izango da.

5.– Eginkizun kontu-hartzailea obligazioen aitorpena, ordainketa-aginduaren kontu-hartze formala eta ordainketaren kontu-hartze materiala egitera mugatuko da. Kontu-hartze hori Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak onetsitako zenbatekoen kontrol formala eta proposatutako eragiketen kontabilizazioa egitera mugatzen da. Mahaiak, bere eskumena garatuz, fiskalizazio-jarduketa zehatzak agindu ahal izango dizkio Kontu Hartzailetzari, dagozkion ondorioetarako helaraziko zaizkionak.

6.– Talde parlamentarioaren bankuko kontuko ahaldunak Eusko Legebiltzarreko Diruzaintzari itzuliko dio talde parlamentarioa desegiten den egunean erabili gabe dagoen diru-izendapena, baldin eta talde horrek hurrengo legegintzaldian identifikazio fiskaleko zenbaki berarekin jarraituko ez badu.

26. artikulua.– Aurreko legealdietan egindako gastuen ondoriozko obligazioak.

1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak baimena eman ahal izango du, Kontu Hartzailetzak txostena egin eta kreditua badagoela egiaztatzen duen agiria eman ondoren, aurreko ekitaldietan hartutako gastu-konpromisoen ondorioz sortutako obligazioak ekitaldi horretako kredituei egozteko, ordenamenduaren arabera, baldin eta jatorrizko ekitaldian horietarako krediturik badago. Baimen horrek, nolanahi ere, obligazioa sortu zen ekitaldian aurrekontura ez egozteko izan ziren arrazoiak jasoko ditu.

2.– eskudunak betebehar hori aitortutakoan, kontabilitateko arrazoi-hartzea gauzatuko da, ordainketa agintzeko izapideari hasiera emate aldera.

3.– Dagokion aurrekontuari egotziko zaizkio ekitaldi horretan eta ekitaldi bereko datarekin egindako obra, zerbitzu edo hornidurei dagozkien fakturak edo ziurtagiriak, fakturen erregistroan hurrengo urtarrilaren 31ra arte aurkeztutakoak, baldin eta aurrekontu-ekitaldia amaitu baino lehen konprometitutako eta dagozkien kredituen kontura egindako gastuei badagozkie.

27. artikulua.– Aurretiko fiskalizazioa kutxa finkoko aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordainketen kasuan.

1.– Kutxa finkoko aurrerakinak dira aurrekontuz kanpoko izaera iraunkorreko hornidurak, zeinak erabiltzen baitira gastu txikiei berehala erantzuteko, hala nola ibilgetuko elementuak mantentzeko eta konpontzeko gastuei, material inbentariaezinari dagozkion gastuei, ibilgailu ofizialak erabiltzeko gastuei edo presako posta-bidalketatik eratorritako gastuei, ezin baita aurkeztu gastu horien justifikazio-dokumentazioa ordainketa-proposamena egin aurretik.

2.– Kutxa finkoko aurrerakinen ondoriozko funtsen birjarpenen aurretiko fiskalizazioan, Kontu Hartzailetzak honako hauek frogatuko ditu:

a) Justifikazio-kontuen guztizko zenbatekoa bat datorrela gastuen aurrekontua exekutatzeko kontabilitate-agirietakoarekin.

b) Ordainketa-proposamenak kutxako aurrerakinetarako gehieneko gastua arautzen duen erabaki batean oinarritzen direla eta indarrean dagoen administrazio-prozedura jarraitu dela.

c) Kreditua dagoela eta proposatutakoa egokia dela.

Ezin izango da eragozpen bat aurkeztu aurreko igorpenak ez justifikatzeagatik, baldin eta, Eusko Legebiltzarraren jardueraren funtzionamenduan kalteak saihesteko, ordainketa-agindu espezifiko bat ematea baimentzen bada.

3.– Aurretiko fiskalizaziotik salbuetsita ez dauden justifikatu beharreko ordainketen baimenetan, honako baldintza hauek frogatu beharko dira:

a) Justifikatu beharreko funts-igorpenen proposamenak dagozkien gastuak baimentzeko eskumena duen agintaritzari zuzentzen zaizkiola.

b) Kreditua dagoela eta proposatutakoa egokia dela.

c) Aldez aurretik igorritako funtsen inbertsioa dagokion epearen barruan justifikatu dela.

Ezin izango da eragozpen bat aurkeztu aurreko igorpenak ez justifikatzeagatik, baldin eta, Eusko Legebiltzarraren jardueraren funtzionamenduan kalteak saihesteko, ordainketa-agindu espezifiko bat ematea baimentzen bada.

4.– Kasu batean zein bestean, dagozkion justifikazio-kontuen kontu-hartzean honako hau frogatuko da:

a) gastu zehatz eta jakinei dagozkiela eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko prozedura jarraitu dela gastu horiek exekutatzeko,

b) egokiak direla funtsak eman ziren helbururako,

c) egiaztatzen dela gastuak edo zerbitzuak benetan eta behar bezala egin direla,

d) ordainketa hartzekodun jakin bati egin zaiola, zor zitzaion zenbatekoz.

Txosten batean jasoko dira kontuak eta partida bakoitza justifikatzen duten agiriak aztertuta egingo den fiskalizazioaren emaitzak. Txosten horretan, Kontu Hartzailetzak kontuarekin ados dagoela edo kontuko akatsak zein diren adieraziko du, eta txosten horrek ez du etete-ondoriorik izango organo eskudunak kontua geroago onartzeari dagokionez.

IV. SEKZIOA
Diru-sarrerak eta aurrekontuz kanpoko eragiketak

28. artikulua.– Eskubideak eta diru-sarrerak.

1.– Diruzaintzako kontuetan egiten den diru-sarrera bakoitzeko sarrera-agindu bat emango da, eta bertan zehaztu beharko dira diru-sarrera egin duen pertsona, kontzeptua, kopurua, data eta kontabilitate-aplikazioa edo aurrekontuz kanpoko kontzeptua, hala badagokio.

Diru-sarrera egiteko aginduarekin batera, diru-sarrera justifikatzen duten agiriak eta dirua sartu izanaren bankuko egiaztagiria aurkeztuko dira.

2.– Hautaketa-prozesuen edo kontzeptu beragatik diru-sarrera ugari sortzen dituen antzeko egoeraren baten kasuan, data bereko sarrera indibidual desberdinak sarrera bakarrean kontabilizatu ahal izango dira, eta sarrera hori hirugarren generiko bati egotziko zaio. Diru-sarrera horrekin batera, egotzitako diru-sarreren zerrenda aurkeztuko da.

3.– Diru-sarreren fiskalizazio mugatu hori eragin zuten egintza, dokumentu edo espedienteen lagin adierazgarri baten gainean a posteriori egindako fiskalizazio oso baten bidez egin beharreko egiaztapenari kalterik egin gabe, kontabilitateko arrazoi-hartzea ezartzen da diru-sarreren arloko aurretiko fiskalizazioaren ordez. Kontabilitateko arrazoi-hartzea egiteko, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak proposamen-fasean dagoen kontabilitate-dokumentua bidaliko dio Kontu Hartzailetzari.

4.– Diru-sarreren arloko fiskalizazio mugatu hori egiteko, honako alderdi hauek frogatuko dira:

a) Organo eskudunak likidatzen dituela.

b) Bidegabeko sarreren itzulketari dagokionez, itzulketa kudeatzen duen zuzendaritzak edo zerbitzuak emandako aldeko txostena dagoela.

29. artikulua.– Euskadiko Administrazio Orokorraren zuzkidurak.

1.– Aurrekontu-ekitaldiaren hasieran, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Ganberari ekitaldian zehar egin behar dizkion zuzkiduren eskubideak aitortzeko dokumentuak egingo ditu.

2.– Eragiketa horiek egin ondoren, proposamen-fasean dauden dokumentuak Kontu Hartzailetzara bidaliko dira.

30. artikulua.– Aurrekontuz kanpoko eragiketak.

1.– Instituzioan egiten diren kobrantzak, aitortutako aurrekontu-eskubideak alde batera utzita, aurrekontuz kanpoko diru-sarreratzat hartuko dira.

Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak kudeatuko ditu gertatu direla jakiten den unean bertan, diru-sarreraren benetako datarekin, aurrekontuz kanpoko diru-sarrerak agintzeko kontabilitate-agirien bidez.

2.– Saldo hartzekodunak ezerezteko, haien izaera edozein dela ere, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak ordainketa-aginduaren proposamena egingo du, diru-sarrera egin den aurrekontuz kanpoko kontzeptuaren kontura.

Nominako kenkarien kasuan, gizarte-kuoten, pentsio-funtserako ekarpenen edo atxikipen judizialen kontzeptuengatiko aurrekontuz kanpoko ordainketen proposamenak bat etorri beharko du han sartutako atxikipenen zenbatekoekin. Nominetan egindako PFEZ kenkariak instituzioaren beste ordainketa batzuetan zerga horren eraginez egindako gainerako atxikipenekin batera sartuko dira, legez ezarritako epean eta aldietan.

Ordainketa-proposamenak justifikatuta egongo dira ordainketaren jatorri den diru-sarrera badagoela egiaztatzen duten agirien bidez.

3.– Aurrekontuz kanpoko eragiketa zordunak honako hauek izan daitezke:

a) Aurrekontuz kanpoko saldo zordunen ondoriozkoak. Kontzeptu horien bidez erregistratuko dira Eusko Legebiltzarraren aldeko kredituak sortzen dituzten ordainketetatik datozen saldo zordunak, sortzean eta ezereztean aurrekontuari egotzi behar ez zaizkionak, zeinak, oro har, kobrantzen bidez kitatuko diren.

b) Aplikatzeko dauden ordainketen ondoriozkoak. Era honetako kontzeptuen bidez adieraziko dira aurrekontuz kanpoko behin-behineko tratamendua jasotzen duten ordainketak, ondoren aurrekontuari egozteko direnak.

4.– Ordainketa-agindua proposatzeko eta ordainketa agintzeko faseak batera egingo dira. Organo eskudunak onetsiko ditu, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak proposatuta.

Ordainketa materialak aurrekontu-eragiketetarako ezarritako prozedura bera izango du.

5.– Aurrekontuz kanpoko eragiketen kudeaketan, Kontu Hartzailetzak honako gestio hauek egingo ditu:

a) Aurrekontuz kanpoko diru-sarrera kontabilizatu ondoren, dagozkion agiriekin batera bidaliko dira, Kontu Hartzailetzak arrazoi-hartzea egin eta berrikus ditzan.

b) Ordaintzeko aginduarekin batera, eragiketari dagokion dokumentazio guztia bidaliko da, Kontu Hartzailetzak fiskalizatu dezan.

V. SEKZIOA
AURREKONTU-EKITALDIKO JARDUKETAK

31. artikulua.– Kontabilitate-jardunaren printzipioak.

Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak antolatu eta zuzenduko du Eusko Legebiltzarreko kontabilitate-informazioko sistema.

32. artikulua.– Kontu Hartzailetzaren jarduketak.

Kontu Hartzailetzak honako jarduketa hauek gauzatuko ditu:

a) Prestatuko ditu Ganberaren aurrekontuaren aurreproiektuarekin batera doan dokumentazioa, haren edukiaren argibide-memoria eta proiektuak indarrean dagoen aurrekontuarekin, testu artikulatuarekin eta aurrekontu-plantillarekin alderatuta aurkezten dituen aldaketa nagusiena.

b) Eusko Legebiltzarraren urteko kontua prestatuko du, bai eta aurrekontuaren exekuzioari buruzko txostena ere.

c) Ganberaren aurrekontuaren hileroko exekuzio-egoera.

d) Obligazio-aitorpenaren zain dauden fakturei dagokienez, jarduteko eskakizunak egingo ditu aldizka, zeinak zuzendaritza edo zerbitzu eskudunei zuzenduko baitira.

e) Hiruhileko txostena prestatuko du, obligazio-aitorpena egin gabe dauden fakturen zerrendarekin, fakturen kontabilitate-erregistroan oharra egin zenetik hilabete baino gehiago igaro ondoren.

f) Hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea kalkulatuko du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arartekoaren instituzioa kontrolatu eta fiskalizatzeko araubidea.

1.– Arau hauek Arartekoaren instituzioari aplikatuko zaizkio, instituzio horren antolakuntza- eta funtzionamendu-arauen ondorioz egin beharreko egokitzapenak alde batera utzi gabe.

2.– Eusko Legebiltzarreko kontu-hartzaileak burutuko ditu Arartekoaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eginkizun kontu-hartzailea eta kontrol finantzarioa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudi honetan aurreikusitako zenbatekoak eguneratzea.

Arau honetan aurreikusitako zenbatekoak Kontu Hartzailetzak proposatuta eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartu ondoren eguneratuko dira. Onetsitako zenbatekoak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Argitaratzea.

Arau hauek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean, Gardentasunaren Atarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Arau hauek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean.


Azterketa dokumentala