212. zk., 2022ko azaroaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 3 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4767
EBAZPENA, 2022ko urriaren 6koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuentzat 2022tik 2025era bitarteko ikasturteetarako dirulaguntzen deialdia, 2022-2023 ikasturterako gutxieneko ikasle-kopuruaren talde-ratioari dagokionez eta kitapenean kontuan izan beharreko urkilaren metodologiari dagokionez.
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. oinarrian ezarria dauka HABEk dirulaguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzegintzan jardunez, HABEk jarritako helburuak lor daitezen. Horretarako, HABEren zuzendari nagusiak ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran dirulaguntzen deialdia egingo du.
HABEren zuzendari nagusiaren 2022ko abuztuaren 31ko Ebazpenaren bidez, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu ziren.
Gutxieneko ikasle-kopuruaren talde-ratioari dagokionez, Ebazpen horren 2.2. g) oinarrian ezarri denez, dirulaguntzen onuradun izateko euskaltegi pribatuek ikastaro bakoitzaren hasieran talde bakoitzak izan beharreko gutxieneko ikasle kopurua bete behar dute, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera eta I. eranskinaren 1. puntuan jasota dagoenari jarraikiz. Bada, euskaltegi pribatuetako, barnetegietako zein autoikaskuntza zentroetako ordezkariek irailean 2022-2023 ikasturterako matrikula-beherakada nabarmena baieztatu dute.
Araba: - % 20
Gasteiz: - % 25
Bizkaia: - % 15
Bilbao: - % 24
Gipuzkoa: + % 1
Donostia: - % 3
Pandemia garaian bizpahiru aldiz aldatu behar izan zen ratio hori, osasun krisialdiak eragindako alarma-egoeraren ondorioz. Oraingoan, «euskalgintza» sektorean, ikasleen eskariak gutxitzearen fenomenoa egiturazkoa edo epe luzekoa izan daitekeen oraindik jakin ezin badaiteke ere, fenomeno soziologiko larri honetan, irizpide berdinarekin jokatzea ulergarria izan daiteke. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da aipatutako 2022ko abuztuaren 31ko Ebazpenak euskaltegiak dirulaguntzen onuradun izateko aurreikusitako gutxieneko ikasle-kopuruak aldatzeko aukera baliatzea.
Jarduera-unitateen kitapenari dagokionez, euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuen kasuan, kontuan izanik euskalgintza sektorean, dagoen egoera soziologikoa eta ikasle gutxiago izatearen ondorioz, esleitutako jarduera unitateak betetzea ezinezkoa izango dela, esleitutako jardueraren kitapena egiteko metodologia bereziari jarraituko zaio eta jarduera-unitateen galerak edo beherakadak (esleitutakoekin alderatuta) abiapuntu hartuta, galera horien batezbesteko bat egingo da, % 10eko urkilaz behera. «Galeren batezbestekoa» deituko zaio parametro horri.
HABEren arau organikoak onartu dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak emandako eskumenez baliatuz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak araututakoari jarraikiz, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntza Lege Orokorrak (eta berau garatu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak) xedatutakoa oinarri izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– HABEren zuzendari nagusiaren 2022ko abuztuaren 31ko Ebazpeneko I. eranskinaren 1. puntuan aurreikusitako gutxieneko ikasle-kopurua aldatzea, hau da, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuentzat, 2022-2023ko ikasturteko dirulaguntzen onuradun izateko ikastaro bakoitzaren hasieran talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera izan behar duten gutxieneko ikasle-kopurua. Ondorioz, 2022ko urriaren 3tik aurrera hasitako taldeetan, honako hauek izango dira gutxieneko ikasle-kopuruak:
(Ikus .PDF)
Bigarrena.– HABEren zuzendari nagusiaren 2022ko abuztuaren 31ko Ebazpeneko 12.1) oinarrian ezarritako metodologia, euskaltegi pribatuen kitapena egiteko, aldatzea eta barnetegientzako araututako moduan «galeren batezbestekoa» izeneko metodologia finkatzea, 2022-2025 epealdi osorako.
Horretarako, honako testu berria txertatuko da 12.1. oinarrian eta 2022ko irailaren 16an argitaratutako ebazpenean jasotako edukia osotasunean ordezkatuko da:
«12.1.– Jarduera-unitateen kitapena, euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuen kasuan.
Deialdi honen azken ikasturtea amaitu ondoren, azken hiru ikasturteetan, hau da, 2022-2023, 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan burututako jarduera-unitateen kitapena egingo da. Horretarako, bereziki izango dira kontuan euskalgintza sektorean, dagoen egoera soziologikoa eta euskara-ikasle gutxiago izateak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriak euskaltegi pribatuetan.
Kontuan izanik euskalgintza sektorean, dagoen egoera soziologikoa eta ikasle gutxiago izatearen ondorioz, esleitutako jarduera unitateak betetzea ezinezkoa izango dela, esleitutako jardueraren kitapena egiteko metodologia bereziari jarraituko zaio, eta % 10etik beherako jarduera-unitateen galerak edo beherakadak (esleitutakoekin alderatuta) abiapuntu hartuta, galera horien batezbesteko bat egingo da. "Galeren batezbestekoa" deituko zaio parametro honi.
Honela egingo da jardueraren kitapena:
a) Behin-behineko kitapena (2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteak).
Ikasturte bakoitzaren amaieran, jarduera-unitateen kitapena egingo da.
Talde-irakaskuntzan nahiz autoikaskuntzan, ikasturtean burututako jarduera-unitate kopurua behetik nahiz goitik II. eranskineko jarduera-unitate kopuruaren % 10eko urkilaren barruan badago, esleitutako jarduera-unitate kopurua hartuko da aintzat kitapenean.
Nolanahi ere, % 10etik beherako galerak baleude, esleitutako jarduera-unitateen kopurua hartuko da aintzat kitapena egiteko, eginiko jarduerak % 10eko urkilaren eta "galeren batezbestekoaren" artean badaude.
Euskaltegiak, ikasturtearen amaieran, II. eranskinean esleitutako jarduera-unitateen kopuruarekin alderatuta, "galeren batezbestekotik" behera burutu badu jarduera, hortik beherako jarduera-unitate horiek gorde egingo dira, zor kontzeptu gisa, eta horiek berreskuratzeko aukera izango da epealdi osoan zehar. Dena dela, euskaltegiak berariaz eskatu ahal izango du ikasturteko zor osoaren edo zati baten kitapena. Horretarako, eskabidea egin beharko dio HABEren zuzendariari alderdi ekonomikoaren ikasturteko kitapena egin baino lehen, kontuan har dadin. Alderdi ekonomikoaren kitapenean kitatutako jarduera-unitateei dagokien dirulaguntza deskontatuko da, eta, ordutik aurrera, ez da jarduera-unitate horiek berreskuratzeko aukerarik izango epealdi osoan zehar.
Ikasturtean burututako jarduera-unitateen batezbestekoa abiapuntuaren % 110 baino handiagoa bada, esleitutako jarduera-unitateak onartuko dira kitapenean.
Esleitutako jarduera-unitateen kopuruaren % 110etik gora soberan gauzatutako jarduera-unitateak gorde egingo dira, kreditu kontzeptu gisa, epealdi osorako, betiere II. eranskinean finkatutako erreferentziazko talde-ratioa betetzen bada.
b) Behin betiko kitapena (2022-2025 epealdia).
2024-2025 ikasturtearen amaieran, epealdi osoko jarduera-unitateen kitapena egingo da, dagokion doikuntza gauzatuz.
Doikuntza horretan, epealdiko hiru ikasturteetan euskaltegiak izan dituen kreditu eta zorrak aintzat hartuko dira.
Jarduera-unitateen kopurua behetik nahiz goitik II. eranskineko jarduera-unitateen kopuruaren % 10eko urkilaren barruan badago, esleitutako jarduera-unitateen kopurua hartuko da aintzat kitapenean.
Nolanahi ere, % 10etik beherako galerak baleude, esleitutako jarduera-unitateen kopurua hartuko da aintzat kitapena egiteko, eginiko jarduerak % 10eko urkilaren eta "galeren batezbestekoaren" artean badaude.
Euskaltegiak, ikasturtearen amaieran, II. eranskinean esleitutako jarduera-unitateen kopuruarekin alderatuta, "galeren batezbestekotik" behera burutu badu jarduera, hortik beherako jarduera-unitate horiengatik epealdiko azken ordainketan murrizketa bat aplikatuko da. Murrizketaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: burututako jardueraren eta "galeren batezbestekoaren" arteko aldea bider jarduera-unitateen laguntza-modulua.
Burututako jarduera-unitateen kopurua II. eranskinean ezarritako jarduera-unitateen % 110 baino handiagoa bada, esleitutako jarduera-unitateak onartuko dira kitapenean».
Hirugarrena.– Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Donostia, 2022ko urriaren 6a.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.