Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2022ko azaroaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4766

124/2022 DEKRETUA, urriaren 18koa, zeinaren bidez gizarte-interesekotzat aitortzen baita «Eguzkilore» Fundazioa.

Zerbitzu Sozialei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen duenez, interes sozialekotzat deklaratu ahal izango dira zerbitzu sozialak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz zehaztutako baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egiten duen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, «Eguzkilore» Fundazioak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak dioen bezala, «Eguzkilore» Fundazioa 2013an sortu zen. Fundazioak helburu hauek ditu:

a) EAEn bizi diren pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten giza eskubidea sustatzea eta garatzea.

b) Gizarte-bazterketako, langabeziako, gaixotasuneko edo krisi ekonomikoko prozesuen ondorioz beren etxea galtzeko arriskuan dauden familiak eta pertsonak babestera bideratutako estrategiak eta jarduerak bultzatzea, eta etxebizitzetarako giza eskubidea bermatzeko gai diren bizileku- eta egoitza-baliabideak sortzea.

c) Etxebizitzaren arloko aholkularitzaren, orientazioaren, bitartekaritzaren eta bitartekaritzaren arloko jarduerak garatzea, etxebizitza zeinahi titulutan izanik ere.

d) Gizartean esku hartzea egoitza-prekarietateko edo -zaurgarritasuneko egoeran dauden familiekin eta adingabeekin, esku-hartze hori sistematizatuz, gizarte-laguntza emanez eta laguntza psikologikoa, juridikoa edo beharrezkoa den laguntza oro eskaini ahal izanez.

e) Etxebizitzaren arloan ikerketa eta berrikuntza sustatzea.

f) Gizartean eragitea, EAEko herritarrek balio eta jarrera proaktiboak, harremanezkoak eta partaidetzakoak izan ditzaten, gizartea etxebizitzaren funtzio sozialari buruzko sentsibilizazioaren klabe bihurtzeari lotuta.

g) Etxebizitzak birgaitzeko, altzariz hornitzeko, tresnak birziklatzeko eta eraikinen energia-efizientziarako ekimenak garatzea, eta sortze-xedeari dagozkion jarduerekin lotutako arloei lotutako gizarteratze-enpresak sustatzea.

Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2017tik aurrera, erkidego honetan. Bizkaiko Lurralde Historikoaren eremuan gauzatzen ditu bere jarduerak, nagusiki.

Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko urriaren 18an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aitortzea «Eguzkilore» Fundazioa gizarte-interesekoa dela, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duelako burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez.

2. artikulua.– «Eguzkilore» Fundazioari aitorpen honen berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urriaren 18an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala