212. zk., 2022ko azaroaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (168 KB - 6 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
4763
EBAZPENA, 2022ko urriaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.
Enpleguaren Legearen testu bateginaren 19.2 artikuluak zera xedatzen du (urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori): «Autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek haiekin elkarlanean enplegu-politika aktiboak eta lan-bitartekotzaren kudeaketa gauzatzen eta garatzen arituko diren erakundeen jarduerak zehazteko behar diren neurriak diseinatu eta ezarriko dituzte, beren eskumenen esparruan».
Halaber, Enpleguaren Legearen testu bateginaren 34.3 artikuluak hau dio: «Enplegu-zerbitzu publikoek beren gain hartzen dute lan-bitartekotzaren alderdi publikoa, baina zilegi izango dute enplegu-eskatzaileak enplegatzen laguntzeko helburua duten itunak, hitzarmenak edo beste koordinazio-tresna batzuk sortzea beste erakunde eta enplegu-agentzia batzuekin».
Euskal Autonomia Erkidegoan, kanpoko erakundeak 2003az geroztik aritu dira elkarlanean lan-bitartekaritzako zerbitzua ematen, enpleguaren arloko bitartekaritzarekin eta politika aktiboekin lotutako eginkizunak eta zerbitzuak autonomia-erkidego honetara eskualdatu aurretik; elkarlan hori abenduaren 23ko 326/2003 Dekretuaren babesean egindako hitzarmenen bidez antolatu zen, zeinak kanpoko erakundeek eta Eusko Jaurlaritzan enpleguaren arloko eskumenak zituen sailak sinatu baitzituzten. Eskualdatze-egunetik aurrera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua subrogatu zen haren posizio juridikoan.
2014an, hitzarmenen indarraldia amaiturik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak 2015eko urtarrilaren 23ko Ebazpena eman zuen, ezartzeko zer prozedurari jarraituko zitzaion organismo autonomoaren eta kanpoko erakundeen arteko elkarlana bideratzeko, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua eman zezaten. Ebazpen hori 2015eko otsailaren 2ko EHAAn argitaratu zen.
Prozedura hori oinarri hartuta, Lanbidek erakunde laguntzaileen sare bat dauka gaur egun, bereziki enplegu-agentziak, baina prestakuntza-zentroak eta unibertsitate publikoak ere bai, eta, sare horri esker, enpresek dituzten langile-premiei erantzun efikazagoa eman ahal izaten zaie.
Aipatutako ebazpena argitaratu zenez geroztik aldaketa handiak egon dira hainbat arlotan; esate baterako, orain prozedurak elektronikoki izapidetzen dira Administrazioan, datu pertsonalen babesa zaindu behar da, eta Lanbideren antolamenduko barne-egitura aldatu da. Horrek guztiak eragin du elkarlanerako ezarrita zegoen prozedura aldatu behar izatea eta enplegu-eskaintzak kudeatzeko prozesua eguneratzea, Lanbideren egungo bitartekaritza-politikari egokitzeko, zeina enpresei eta herritarrei ematen zaien zerbitzua optimizatzeko berraztertze-lanaren emaitza baita.
Horregatik guztiagatik, ebazpen honen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura ezartzen da, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailearen izaera lortzea, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.
Ebazpen honek xedatzen dituen ondorioetarako, lan-eskaintza zera da: enplegatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egiten dion eskaera, zuzenean zein erakunde laguntzaileen bitartez, eskaini nahi dituen lanpostuak betetzeko hautagaiak izateko.
2. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean aritu daitezke, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko, ondoren adieraziko diren erakundeak, baldin eta enplegu-agentzia gisa jarduteko gaituta badaude eta Euskal Autonomia Erkidegoan lan-zentroren bat badute, Lanbideren erakunde laguntzaile izateko eskaera aurkeztu aurretik:
a) Toki-entitateak edo administrazio publikoen mendekoak diren edo nagusiki haien partaidetzapekoak diren entitateak.
b) Toki-garapeneko agentziak.
c) Prestakuntza-zentroak, baldin eta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3.2 artikuluko d), e), f), g), h) eta i) letretan adierazitako hezkuntza-sistemako ikasketak ematen badituzte.
d) Prestakuntza-zentroak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzaileak badira enplegurako prestakuntza-zerbitzua ematen.
e) Unibertsitateak.
f) Beste enplegu-agentzia batzuk, baldin eta eskaera egin aurreko urtean gutxienez 500 lan-kontratu egiaztatu izan dituztela frogatzen badute. Lan-kontratu egiaztatutzat hartuko dira agentziek, egiten duten jardueraren ondorioz, eremu telematiko erkideari jakinarazten dizkioten eta enplegu-zerbitzu publikoek baliozkotzat jo dituzten kontratuak.
g) Sektoreko enpresaburuen elkarteak eta klusterrak, haien egoitza nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta badago.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitate publikoei eta prestakuntza-zentro publikoei ez zaie eskatuko enplegu-agentzia gisa jarduteko gaituta egotea.
3.– Erakunde laguntzaileek beharrezkoak eta egokiak diren baliabide materialak eta giza baliabideak izan behar dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin modu eraginkorrean konektatzeko eta hurrengo artikuluan jasota dauden ekintzak garatzeko. Zehazki:
– Erakundeak kontratatutako pertsona bat izatea, gutxienez; Lanbidek prestakuntza egokia emango dio pertsona horri eskaintzak kudeatzeko aplikazioa erabiltzen ikas dezan, eta orobat baimena emango dio aplikazioan sartu eta hurrengo artikuluan adierazitako ekintzak egin ditzan.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskaintzak kudeatzeko duen aplikazioa behar bezala erabiltzea ahalbidetuko duen sistema informatikoa izatea jarduera egingo den zentroan, bai eta hurrengo artikuluan adierazitako ekintzak egiteko beharrezkoa den gainerako azpiegitura ere.
3. artikulua.– Erakunde laguntzaileek egingo dituzten jarduketak.
Erakunde laguntzaileek jarduketa hauek guztiak edo batzuk egin ahal izango dituzte:
a) Aurrez jaso dituzten enplegu-eskaintzak erregistratu.
Ondorio horietarako, honela ulertzen dira kontzeptu hauek:
– enplegu-eskaintzak jaso: erakunde laguntzaileak identifikatzen du enplegatzaile batek lanpostu bat edo batzuk bete behar dituela eta enplegatzaileak, edo hura behar bezala ordezkatzen duen norbaitek, kudeaketa-eskaera bidaltzen dio, proposatuko diren hautagaiek izan behar duten lanbide-profila zehazturik. Profil horretan ezin izango dira sartu edozein arrazoi dela-eta diskriminatzaileak izan daitezkeen baldintzak.
– lan-eskaintza erregistratu: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako gaitu duen pertsona batek eskaintzak jasotzeko prozesuan bildu diren datuak kodetzen ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen. Horren ondorioz, lan-eskaintza berri bat sortzen da sisteman, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak unean-unean horretarako ezarrita dituen baldintzak betetzen badira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskaintza jakin bat erregistratzea eragotz dezake, bere ustez eskaintza horretan eskatzen diren baldintzek urratu egiten badituzte objektibotasunaren, gardentasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak.
b) Lan-eskaintzak kudeatu, halakotzat hartuta prozesu hauek guztiak egiteko ekintza:
1.– Aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza bat aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko modu desberdinak erabilita, zeinak hurrengo artikuluan deskribatzen baitira.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak identifikatu diren pertsonen prestasuna egiaztatuko du.
3.– Izangai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Emaitza jasotzea da jakitea enpresak zer balorazio egin duen bidalitako hautagai bakoitzari buruz; hau da, ea enpresaren iritziz bete beharreko lanpostura egokitzen den ala ez, eta zergatik, eta, hala badagokio, pertsona hori kontratatua izan den ala ez.
4. artikulua.– Enplegu-eskaintzak parekatzea.
1.– Enplegu-eskaintza parekatzea zera da: enplegu eskaintza –zeina objektibotasunaren, gardentasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betez egin behar izan baita– eta eskainitako lanpostua betetzeko aproposenak izateagatik hautatu diren enplegu-eskariak erlazionatzeko prozesua.
2.– Aurreko apartatuko printzipioak betetzen direla bermatzeko, gidalerro hauei jarraituz parekatuko dira eskaintzak:
2.1.– Parekatze-prozesu orotan, hautatutako pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, bi egoera hauetako batean: «alta» edo «etenda, bitartekaritzarekin».
b) Enplegatzaileak ezarri dituen nahitaezko baldintzak betetzea.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde laguntzaileak haien prestasuna egiaztatzeko egiten dituen froga guztiak onartzea.
2.2.– Hautagaiak eta lan-eskaintzak honela pareka daitezke –parekatzeko moduak batera erabil daitezke lan-eskaintza kudeatzen ari delarik edozein unetan–:
a) Parekatze automatikoa: eskatutako baldintzak eta lan-eskarien ezaugarriak automatikoki alderatzen dira baliabide informatikoen bidez.
b) Hedapen bidezko parekatzea: eskatzaileak borondatez aurkezten du bere burua «hedapen» egoeran dagoen enplegu-eskaintza batean. Enplegu-eskaintza bat «hedapen» egoeran egoteak esan nahi du eskaintzaren berri emango dela hautagaiek hartan izena eman ahal izan dezaten, eta, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Interneteko atarian argitaratuko dela.
c) Eskuzko parekatzea: hautagaiak lan-eskaintza bati eskuz esleitzean datza. Parekatze mota hori Lanbidek gaitzen dituen eskaintzetan baino ezingo da erabili.
5. artikulua.– Erakunde laguntzaileen betebeharrak.
Erakunde laguntzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailearen kalifikazioa lortzeko beharrezkoak izan ziren betekizunei eustea.
b) Eskaintzak erregistratzeko eta kudeatzeko prozedurei buruz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako jarraibideak betetzea.
c) Datu pertsonalen tratamendua bi xedapen hauei lotzea: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa.
d) Erakunde laguntzailearen ordezkariak edo ahaldunak agiri hau sinatzea: «Datu pertsonalen babeserako konpromisoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko datuen tratamendu-eragile moduan»; izan ere, erakunde laguntzaile guztiek onetsi behar dute agiri hori, arlo horri dagokionez indarrean dagoen araudian jasotako baldintzetan.
e) Lanbidek eskaintzak kudeatzeko aplikazioan sartzeko baimendu dituen erakunde laguntzaileko langileei 9. artikuluan aipatzen den informazioa –datu pertsonalen babesari buruzkoa– ematea.
f) Langileei eta enpresei zerbitzua doan ematea.
g) Hautagaiek Gizarte Segurantzaren Legearen testu bateginaren 299. artikuluko c) eta g) letretan jasota dauden betebeharrak betetzen ez dituztenean, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari –testu bategin hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen–.
6. artikulua.– Baimena emateko prozedura.
1.– Erakunde laguntzaile izateko eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Izapidetzeko jarraibideak eta eskaera-inprimakiak helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/erregistroa/erakunde-laguntzailearen-erregistroa/web01-tramite/eu/
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Eskabidea sinatu duen pertsonak erakunde eskatzailearen ordezkaritza duela egiaztatzeko agiria, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago.
– Eskaintzak kudeatzeko aplikazioan sartzeko proposatu nahi den pertsona bakoitzeko baimen-eskabide bat aurkeztu beharko da, elektronikoki sinatuta; Lanbideren web-orrian egongo da eskuragarri eskabidea.
3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza arduratuko da eskabideak izapidetzeaz eta prozedurak ebazteaz.
7.– Prozedura hiru hilabeteko epean ebatziko da, eskabidea aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.
8.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
7. artikulua.– Erakunde laguntzailearen izaeraren indarraldia.
Ebazpenaren egunetik hurrengo urteko urtarrilaren 1era arte egongo da indarrean erakunde laguntzailearen izaera. Automatikoki luza daiteke, urtebeteko aldietarako.
8. artikulua.– Erakunde laguntzailearen izaera galtzea.
1.– Lan-eskaintzak erregistratzeko eta kudeatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailearen izaera edozein unetan baliogabetu ahal izango da, arrazoi hauengatik:
– Izaera hori onartzea eragin zuen betekizunen bat betetzeari uztea.
– Ebazpen honetan jasotako betebeharrak eta erakunde laguntzailearen izaera onartzeko ebazpenean jasotakoak ez betetzea.
2.– Erakundeak berak eskatuta ere iraungi daiteke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin ezarritako elkarlan-harremana.
9. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Eskaintzaren kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira. Jarduera horren arduraduna Organismoa da, eta jardueraren helburua, berriz, Lanbideren erakunde laguntzaileen baimena kudeatzea, soilik lan-eskaintzak erregistratzeko eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko. Biltzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak erabiltzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko komunikazio bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsultatzeko, sartu hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/125600-capa2-eu.shtml
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean erakunde laguntzailearen izaera onartuta duten entitate guztiei aplikatuko zaie 7. artikuluan aipatutako luzapen automatikoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri, Gasteizko administrazioarekiko auzien epaitegian.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta, beraz, egun horretatik aurrera ondoriorik gabe geratuko da 2015eko urtarrilaren 23ko Ebazpena.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.