Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2022ko azaroaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4761

EBAZPENA, 2022ko urriaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena. Honen bidez argitaratzen dira UPV/EHUko Administrari Laguntzaileen eskalarako barne promozioaren hautaketa prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak.

UPV/EHUren Gobernu Kontseiluaren 2019ko abenduaren 12ko Erabakiaren bidez, administrazio eta zerbitzuetako langileen 2019ko lan eskaintza publikoa onartu zen (2019ko abenduaren 24ko EHAA, 244. zk.). UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2020ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, 2020. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen (2020ko abenduaren 31ko EHAA, 262. zk.). Gobernu Kontseiluaren 2021eko abenduaren 16ko Erabakiaren bidez (2021eko abenduaren 24ko EHAA, 265. zk.), 2021. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen, eta Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez (2022ko maiatzaren 31ko EHAA, 104. zk.), administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2022. urteko lan eskaintza onartu eta 2019, 2020 eta 2021. urteetako lan eskaintzak aldatu ziren.

Deialdi espezifikoen kudeaketan ekonomia, eraginkortasuna eta efizientzia ezartze aldera, eskaintza guztiak prozesu bakar baten barruan sartu dira eta prozesu horren oinarri orokorrak onartuta daude UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 20ko Erabakiaren bidez.

UPV/EHUren Estatutuen 59., 60. eta 61. artikuluek ezarri bezala, kontuan izanik Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. eta 24. artikuluak eta II. tituluaren IV. kapitulua (langileak hautatzeari buruzkoa), Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren IV. tituluaren I. kapitulua, 2022ko ekainaren 30eko Akordio bateratua, AZPko lan kontratudun eta AZPko funtzionarioen negoziazio mahaiena (LEPetako sarrera prozesuetako deialdiak arautzeko gutxieneko irizpideei buruzkoa), AZPko funtzionarioen Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko Akordioa (ezartzen dituena irizpide orokorrak 2018ko birjartze tasari dagokion funtzionarioen lan eskaintza publikorako, eta funtzionarioen lekualdaketa lehiaketarako eta barne promoziorako), eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak deialdi hau behin onartuta 2022ko urriaren 20ko bileran,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Deialdia egitea barne promozioaren barruan hautaketa prozesuak egin daitezen 14 plaza betetzeko UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileen D taldean, Administrarien eskalan. Plazak era honetara banatuta daude eta ezaugarri hauek dituzte:

– Hamahiru (13) plaza txanda librean. Guztiak 2. HErekin eta derrigortasun data gaindituta.

– Plaza bat (1) adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan, 2. HErekin eta derrigortasun data gaindituta.

Hautaketa egingo da lehiaketa-oposizio bidezko sistema erabilita, erabaki honek ezarri moduan.

Deialdi honek kontuan hartzen du Generoaren araberako Eraginaren Aurretiazko Ebaluazio Txostena.

Bigarrena.– Deialdian parte hartzeko baldintzak.

Oinarri orokorretako laugarren oinarrian zehaztutako baldintzez gain, hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.– Eskola Graduatu titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea izatea.

2.2.– Karrerako funtzionario izatea UPV/EHUko E taldeko Menpekoen eskalan.

Bigarren oinarri honetan ezarritako baldintzak beteta izan beharko dira eskariak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta mantendu egin beharko dira karrerako funtzionarioak hautaketa prozesu honen xede den eskalan kargua jabetzan hartu arte. Aurrekoa gorabehera, hautagaiek ezin izango dute probetan parte hartu baldin eta eskabideak aurkezteko azken egunean eginkizunak edo, hala badagokio, enplegua eta soldata, modu irmoan etenda badituzte.

2.3.– Eskariak aurkezteko ordaindu beharreko tasak:

Oinarri orokorretako 5.2.g) oinarrian zehaztutako baldintza betetzeko, tasak eskariak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira Kutxabank entitatean, oinarri horietako 5.1 puntuan adierazitakoari jarraikiz.

Eskaria UPV/EHUko webgunearen bidez aurkezten dutenek (5.1.a) oinarria) «ordainketa pasabidearen» bitartez ordaindu ahal izango dituzte tasak, sisteman bertan zehazten diren baldintzak betez. Bestela, ordainketa Kutxabanken egin ahal izango dute.

Tasa horien zenbatekoa 11,72 eurokoa da.

Hirugarrena.– Oposizio fasea.

3.1.– Ariketa bakar bat edukiko duen proba teoriko-praktiko bat egin beharko da.

Oposizio fasean, 20 puntu lortuko dira gehienez.

Fasea gainditzeko, 10 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Ariketa bakarra idatzia izango da eta baztertzailea. Test motako galdetegi bat izango da: 30 galdera gehi erreserbako bost (5); bakoitzak lau erantzun aukeran eta bakar bat zuzena. Galderak aukeratuko dira gehienez 200 galdera izango dituen sorta batetik, eta erabaki honen eranskinean jasotako programako gaien (15 gai) eduki teorikoei edo praktikoei buruzkoak izango dira.

Probak 40 minutuko iraupena izango du. Ariketaren kalifikazioa 0tik 100era bitartekoa izango da.

Erantzun okerrek eta erantzun gabekoek ez dute penalizaziorik izango.

Oposizioaren gai zerrendaren edukia egokituko da deialdiaren datan «Estatuko Aldizkari Ofizialean» (BOE) argitaratutako araudira.

200 galderako galdera sorta argitaratuko da ariketa egin baino lau (4) hilabete lehenago gutxienez.

Azterketa egin ondoren epaimahaiak galdera bat edo gehiago baliogabetzea erabakitzen badu, erabaki horretan bertan ezarriko du baliogabetutako galderen ordez erreserbako beste horrenbeste galdera erabiliko dituela, kontuan izanik hurrenkera.

Fase hau gainditu ahal izango du plaza kopurua baino handiagoa izango den hautagai kopuru batek.

3.2.– Nota gordetzea. Hautagaiak hurrengo deialdi batean oposizio faseko ariketak egiteaz salbuetsita geratuko dira, baldin eta oposizio fasean gehienez lor daitekeen puntuazioaren % 70etik gorako nota lortu badute, baina lehiaketa fasean merezimendu nahikorik ez izatearren eskalan plazarik lortu ez badute, eta, betiere, hurrengo deialdi horretan talde, eskala eta txanda berean aurkezten badira eta gai zerrendaren edukia, ariketak eta kalifikatzeko modua berberak badira. Hala ere, nota hobetu nahi izanez gero, aurkezteko aukera izango dute. Kasu horretan, hautagaiak lortutako nota txikiagoa bada edo oposizio fasea gainditzen ez badu, 2019-2020-2021 LEPko deialdiko nota gordeko zaio.

Laugarrena.– Lehiaketa fasea.

Lehiaketaren fasean hautagaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira, merezimendu bakoitzari puntuazioa esleituz ondorengo baremoaren arabera. Fase honetan gehienez ere bederatzi (9) puntu lortu ahal izango dira.

Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango eta ez da kontuan hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.

4.1.– Merezimendu profesionalak.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak.

Administrazio publikoetako antzinatasuna, eskabideak aurkezteko azken egunera artekoa: 9 puntu gehienez, 0,04 puntu zerbitzuan emandako hilabete oso bakoitzeko.

UPV/EHUk hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna baino ez da zenbatuko.

Puntuak zenbatzeko, lan egindako aldien batuketa egingo da, eta azken baturan ez da kontuan izango 30 egun naturaletik beherako zatirik. Lanaldi partzialean emandako zerbitzu aldiak lanaldi osoan emandakotzat hartuko dira.

4.2.– Merezimendu akademikoak.

4.2.1.– Titulazio akademikoak.

Titulu akademikoei 1,5 puntu emango zaie gehienez, eskatutako lanpostuari dagokion sailkapen taldean sartzeko beharrezko tituluari izan ezik, modu honetara banatuta:

– Eskuratu nahi den lanpostuaren sailkapen taldean sartzeko eskatutakoen gainetik dagoen titulu bat edukitzea: 1,5 puntu.

– Eskuratu nahi den sailkapen taldean sartzeko eskatzen den tituluaz gain, maila bereko beste bat edukitzea: 0,75 puntu.

Titulu bat baloratzen denean ez dira baloratuko hori lortzeko behar diren beheragoko tituluak.

4.2.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.

Gehienez ere 1,50 puntu emango da, betiere baremo honen arabera:

– Europako Marko Bateratuko B2 mailako edo maila goragoko frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: Puntu 1 hizkuntza bakoitzeko.

– Europako Marko Bateratuko B1 mailako frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: 0,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.

– Europako Marko Bateratuko A2 mailako frantses, ingeles edo aleman tituluak edo akreditazio ziurtagiriak: 0,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Kontuan hartuko da UPV/EHUko errektoreak 2012ko martxoaren 8an emandako Erabakia, hizkuntza ez-ofizialen baliokidetasunari buruzkoa (Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen 2017ko maiatzaren 22ko Erabakiaren bidez eguneratu zena), edo erabaki horren ordezko arautegia.

Balorazioa ez da metagarria izango; hau da, hizkuntza batean maila bat baloratzen denean, ez dira baloratuko hortik beherako mailak.

Bosgarrena.– Merezimenduak akreditatzea.

Merezimenduak akreditatu egin beharko dira, eta horretarako, ondorengo dokumentuak aurkeztu beharko dira oinarri orokorretan zehaztutako epe eta eran, ez da aurkeztu beharko, baina, UPV/EHUko Pertsonaleko Gerenteordetzak jada bere esku daukan dokumenturik:

5.1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, baina ez dira akreditatu beharko. Administrazioak ofizioz zenbatuko ditu.

5.2.– Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak ziurtatzeko, administrazio bakoitzak horretarako duen eredua erabiliko da. Ez da ziurtagiri hori aurkeztu beharko UPV/EHUk hirurtekoetarako aitortuta dituen zerbitzuetarako. Nolanahi ere, banakatu egingo dira lan eginiko aldiak, eta aldi horiek zein talde eta eskalari dagozkien zehaztu.

5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean, foru administrazioan eta toki administrazioan emandako zerbitzuak baliokidetzat hartuko dira, aintzat harturik uztailaren 30eko 208/1990 Dekretua, Euskal Administrazio Publikoetako kidegoen eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duena.

5.4.– Tituluak akreditatzeko, aurkeztu beharko da titulua, edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izatearen egiaztagiria, edo, bestela, interesduna titulua jasotzeko proposatua izan delarik, hala egiteko moduan egotearen ziurtagiria, edo tituluaren jabe izatea egiaztatzen duen dokumentua. Kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutako tituluak.

5.5.– Hizkuntzak akreditatzeko, titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ez da probarik egingo. Kontuan hartuko dira bakar-bakarrik eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutako tituluak.

Seigarrena.– Euskara.

Eskaintzen den plazak gaindituta badauka derrigortasun data, «gai» kalifikazioa izango du kasuan kasuko hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duen hautagaiak.

Zazpigarrena.– Azken kalifikazioa.

7.1.– Hautagaien azken kalifikazioa izango da hautaketa prozesu osoan lortutako puntuen batura.

7.2.– Lehiaketa-oposizioko emaitza eta kalifikazio guztiak argitaratuko dira UPV/EHUren iragarki oholean eta www.ehu.eus helbidean.

7.3.– Lanpostuen zerrendan D taldera edo Administrari Laguntzaileen eskalara irekita dauden lanpostuetako titularrek Administrari Laguntzaileen eskalan sartzea lortzen badute, beren lanpostuan jarraitu ahal izango dute, betiere, eskarian horrela adierazi badute; lanpostuak lanpostuen zerrendan daukan hornikuntza sistema bera izaten jarraituko du. Horrelakoetan, pertsona horiek ez dute parterik hartuko hautaketa prozesuko puntuen hurrenkerari jarraikiz lanpostuak esleitzeko prozesuan, bat etorrita abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko 22.1 artikuluko azken aurreko paragrafoarekin.

Funtzionarioren batek lanpostuak aukeratzeko eskaeran adierazi badu ez duela jarraitu nahi titular den lanpostuan, lanpostu hori esleipenerako eskainiko da, betiere, funtzionario horrek hautaketa prozesua gainditu badu. Pertsona horrek, bestalde, lanpostua aukeratuko du prozesuan lortutako hurrenkeraren arabera.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke zuzenean Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bi errekurtsoak ezin dira batera jarri.

Leioa, 2022ko urriaren 20a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

ERANSKINA
OPOSIZIO FASERAKO PROGRAMA

1. gaia.– Espainiako 1978ko Konstituzioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua.

2. gaia.– UPV/EHUko Estatutuak eta UPV/EHUko funtzionarioen lan baldintzak arautzeko akordioa.

3. gaia.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

4. gaia.– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren legearen testu bateratua onartzen duena; eta 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal funtzio publikoarena.

5. gaia.– Berdintasunari eta generoari buruzko Estatuko eta autonomia erkidegokoa.

6. gaia.– Komunikazioa. Komunikazioaren elementuak. Komunikazio motak: hitzezkoa; hitzik gabeko transmisio bideak. Jendearentzako arreta, informazio, eskaera eta parte hartze eskubideak. Harremanetarako bitarteko eta kanalak: herritarrei informazioa eta arreta emateko zerbitzuak, gardentasuna eta informazio publikoa eskuratzea. Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izatea. Iradokizunak eta erreklamazioak: jasotzea, erregistroa, izapidetzea eta kudeaketa.

7. gaia.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedea, aplikazio eremua eta definizioak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea. Datuak babesteko agintaritzak. Zehapen araubidea. Eskubide digitalen bermea.

8. gaia.– Laneko Arriskuen Prebentzioaren oinarrizko printzipioak. Lege araudia. Enpresan prebentzioa antolatzeko modalitateak. Prebentzio jardueraren kudeaketa.

9. gaia.– Administrazio kontratazioa. Motak: elementuak eta subjektuak, kontratu publikoen xedea eta kausa. Kontratazioaren forma eta kontratistak hautatzeko sistemak. Kontratuak formalizatzea.

10. gaia.– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena.

11. gaia.– Informatika sistemak: Kontzeptu orokorrak. Hardwarea. Ordenagailuaren osagaiak. Periferikoak. Sare Lokalak.

12. gaia.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegia.

13. gaia.– Artxiboa. Kontzeptua. Artxibo motak. Artxiboaren antolaketa. Artxiboa zentralizatzea edo deszentralizatzea. Artxiboen sarbideko eta segurtasuneko arauak. Artxibatze prozesua. Administrazio dokumentuak artxibatzea. UPV/EHUko kudeatzeko artxibo edo bulegoko artxiboari buruzko eskuliburua.

14. gaia.– Sistema eragileak: kontzeptu orokorrak. Fitxategi arakatzailea. Bulegotika sistemak. Bulegotikako aplikazioak: funtzioak eta erabilgarritasunak. Nabigatzaileak eta posta elektronikoa.

15. gaia.– Azaleztatzea: erabiltzen diren teknikak eta horietako bakoitzaren ezaugarriak. Papera: formatuak eta motak. Manipulatuak: gillotinatzea, tolestea, alboz/barnean jarrita elkartzea, jostea, trokelaketa, estanpatzea, glasofonatzea.


Azterketa dokumentala