212. zk., 2022ko azaroaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (326 KB - 21 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKO LEGEBILTZARRA
4748
ERABAKIA, Eusko Legebiltzarraren aurrekontu eta kontularitza araubideari buruzko arauak onartu eta argitaratzeari buruzkoa.
Mahaiak, 2022ko urriaren 25eko bileran, agindu du Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezela Aurrekontu eta kontularitza araubideari buruzko arauak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 28a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
EUSKO LEGEBILTZARRAREN AURREKONTU ETA KONTULARITZA ARAUBIDEARI BURUZKO ARAUAK
ZIOEN AZALPENA
Autonomia parlamentarioa honela identifikatuta dago gure zuzenbidean: parlamentuek beren eginkizunak betetzean egiten dituzten jarduketa guztiak beren kabuz, Estatuko beste organo edo botere batzuen esku-sartzerik gabe, arautzeko eta kudeatzeko dituzten ahalmenen multzoa.
Autonomia Estatutuak, 27.1 artikuluan, autonomia horren alderdi desberdinak zehazten ditu: erregelamenduzkoa, aurrekontukoa, administratiboa eta diziplinazkoa. Ondare-autonomia gehitu beharko litzaieke horiei.
Instituzio parlamentarioaren aurrekontu-autonomia, instituzioaren funtzionamendu autonomoa eta independentea bermatzeko bidea ematen duen ezinbesteko elementu utziezina, honela definitu ohi da: Legebiltzarrari bere premiak identifikatzeko eta kuantifikatzeko, bere aurrekontua eginez eta onartuz, aukera ematen dioten eskumenen multzoa. Eta behin onartuta, aurrekontu-autonomia hori baliatzea da, halaber, hura aldatzea, aplikatzea, haren partidak likidatzea eta behar bezala exekutatzen direla kontrolatzea; izan ere, azken alderdi horri dagokionez, bereziki garrantzitsua da barne-kontrola egitea, Legebiltzarraren aurrekontu-kudeaketako egintzak onartu aurretik, ordenamendu juridikora eta funts publikoen finantza-kudeaketa egokiaren printzipio orokorretara egokitzen dela ziurtatzeko.
Ildo horretatik, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduak Mahaiari esleitzen dizkio honako eginkizun hauek, besteak beste: «Legebiltzarraren aurrekontu-proiektua prestatzea (...), aurrekontuaren exekuzioa zuzentzea eta, ekitaldi bakoitzaren bukaeran, aurrekontua betetzeari buruzko txostena aurkeztea», eta «Legebiltzarraren gastuak agintzea» ere (36.1 artikulua, 2. eta 3. zenbakiak, hurrenez hurren). Bestalde, Legebiltzarreko lehendakariari dagozkion eginkizunei buruz hau dio: «... ordainketak antolatzea (...). Eskuordetzak egin ditzake bere egitekoetan» (37.1 artikulua).
Arau horiek aurrekontu-ziklo osoa hartzen dute Legebiltzarrak esleituta dituen estatutu-eginkizunak betetzeko tresna gisa eta bere independentziaren eta autonomiaren berme gisa. Azken batean, gastuekin lotura zuzena duten xedapenak dira, Ganberaren aurrekontu-politikako irizpide autonomoei erantzuten dietenak edo urte bakoitzeko aurrekontuaren exekuzioa hobetzeko balio dutenak.
Arau hauek aurrekontuaren egiturari, gastu publikoa kudeatzeko prozedurei, kontabilitate publikoaren araubideari edo aurrekontuaren likidazioaren azken fiskalizazioari buruzkoak dira.
Arau hauek bost kapitulutan egituratzen dira, eta Legebiltzarraren aurrekontu-ziklo osoari eragiten diote. I. kapituluak aurrekontua egiteko, onartzeko eta luzatzeko prozedura arautzen du, bai eta aurrekontu-kredituen araubide juridikoa eta haren aldaketak ere. II. kapitulua aurrekontua kudeatzeko edo gastuak exekutatzeko prozedurari buruzkoa da. Azkenik, III, IV eta V. kapituluek, hurrenez hurren, Legebiltzarraren diruzaintza eta Legebiltzarrari aplikatu beharreko kontabilitate-araubidea arautzen dituzte, bai eta Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak Legebiltzarraren urteko kontua egiteko, onartzeko eta ezagutzeko prozedura ere.
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
Arau hauen xedea da Eusko Legebiltzarraren ekonomia-, aurrekontu- eta kontabilitate-araubidea arautzea.
I. KAPITULUA
EUSKO LEGEBILTZARREN AURREKONTUA
2. artikulua.– Kontzeptua.
Eusko Legebiltzarraren aurrekontua ekitaldi batean gehienez onar daitezkeen obligazioen eta ekitaldi horretan likidatu asmo diren eskubideen adierazpen zifratu, bateratu eta sistematikoa da.
3. artikulua.– Denbora-eremua.
1.– Aurrekontu-ekitaldia bat etorriko da urte naturalarekin, eta honako hauek egotziko zaizkio:
a) Indarrean dagoen bitartean likidatutako eskubideak, nahiz eta beste ekitaldi batetik etorri.
b) Hurrengo urtarrilaren amaierara arte aitortutako obligazioak, baldin eta aurrekontu-ekitaldiaren barruan eta dagozkien kredituen kontura konprometitutako erosketei, obrei, zerbitzuei, prestazioei edo gastu orokorrei badagozkie.
2.– Ordainketa-agindua ematen den unean indarrean dagoen ekitaldiko kredituei egotziko zaizkie langileen aldeko atzerapenen likidaziotik ondorioztatzen diren obligazioak, ebazpen judizialetan jatorria dutenak eta aurreko ekitaldietan ordenamendu juridikoaren arabera sortutako obligazioak, baldin eta uneko ekitaldiko urtarrilaren amaiera baino lehen aitortzen ez badira eta jatorrizko ekitaldian kreditu erabilgarririk badago. Azken kasu horretan, ekitaldi itxian ez aitortzea justifikatu beharko da.
3.– Aldez aurretik izapidetu ahal izango dira Legebiltzarrari obligazioak sortuko dizkioten gastu-espedienteak, baldin eta kontraprestazioa gauzatuko den aurrekontu-ekitaldiaren aurre-aurrekoan hasten badira izapidetzen. Gastu horien kontabilizazio egokia eta independentea egin beharko da, eta horiek formalizatzeko beharrezkoa izango da kontraprestazioa gauzatu behar den ekitaldiko aurrekontuan kreditu egokia eta behar bestekoa egotea, izapidetzen den espedientean jasota utzi beharko dena.
4.– Baimentzen diren ekitaldiaren ondorengoetara luzatu beharko diren gastu-konpromisoak hartu ahal izango ditu Mahaiak, betiere exekuzioa ekitaldian bertan hasten bada eta gastuak aplikatu ahal diren ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada. Gastu-baimen horien kontabilizazioa behar bezala eta bereizita egingo da.
4. artikulua.– Aurrekontua egitea.
1.– Eusko Legebiltzarreko zuzendaritzek, zerbitzuek eta atalek Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuari igorriko diote, urte bakoitzeko urriaren 1a baino lehen, hurrengo ekitaldirako gastuen zenbatespena, behar bezala dokumentatuta eta ezarriko diren irizpideetara egokituta.
2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren aurreproiektua egingo du. Bertan, egin beharreko jarduera, eragiketa eta zerbitzuen gastu guztiak jasoko dira, bai eta haiek finantzatzeko aurreikusitako diru-sarrerak ere. Aurreproiektua legelari nagusiari igorriko zaio azaroaren 15a baino lehen, Mahaiari aurkez diezaion, onartzeko. Aurreproiektuarekin batera, Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak prestatuko duen dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Azalpen-memoria, aurreproiektuaren edukiari eta indarrean dagoen aurrekontuarekin alderatuta dituen aldaketa nagusiei buruzkoa.
b) Aurrekontu-plantilla.
3.– Mahaiak azaroaren 30a baino lehen onetsiko du Eusko Legebiltzarraren aurrekontu-proiektua, Arartekoari dagokiona ere jasoko duena, eta Erregelamendu eta Gobernu Batzordeari bidaliko dio abenduaren 15a baino lehen onar dezan.
4.– Talde parlamentarioek aurrekontu-proiektuari zuzenketak aurkeztu ahal izango dizkiote, Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak Ganberaren aurrekontua onartzeko bilera egin baino 48 ordu lehenagora arte.
5.– Eusko Legebiltzarraren aurrekontua onetsi ondoren, Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta gardentasun-atarian argitaratuko da.
5. artikulua.– Luzapena.
Legebiltzarraren aurrekontua dagokion ekonomia-ekitaldiaren lehenengo eguna baino lehen onartzen ez bada, aurreko ekitaldiko aurrekontua automatikoki luzatutzat joko da, azken kredituen muga globaleraino, hargatik eragotzi gabe bidezko egokitzapenak eta aldaketak egitea.
6. artikulua.– Egitura.
Aurrekontua egiteko garaian, Autonomia Erkidegoko aurrekontuetarako oro har ezartzen den aurrekontu-egitura erabiliko da, gastuen izaera ekonomikoa eta lortu nahi diren helburu eta xedeak kontuan hartuta, eta Ganberaren autonomia instituzionaletik, antolamenduzkotik eta finantzariotik eratortzen diren berezitasunak barne hartuta.
7. artikulua.– Aurrekontu-kredituen araubide juridikoa.
1.– Gastuetarako kredituak azpikontzeptu-mailan espezifikatuko dira eta hasieran onetsitako aurrekontuan edo, kasua hori denean, ondoren onartzen diren aurrekontu-aldaketetan baimendutako helburu espezifikorako baino ez dira erabiliko.
2.– Gastuetarako kredituak murriztaileak dira. Ezingo da gastuetarako obligaziorik edo konpromisorik hartu baimendutako kredituen zenbatekoa baino kopuru handiagokoak badira, eta erabat deusezak izango dira muga hori betetzen ez duten administrazio-egintzak eta xedapenak, hargatik eragotzi gabe funts publikoei kalte egiten zaienean legez sor daitezkeen erantzukizunak.
3.– Gastuen aurrekontua osatzen duten partiden barruan, aurrekontu-kontzeptuaren mailako lotura bat ezartzen da haien artean, I. kapitulua osatzen duten partidentzako izan ezik (langileen ordainsariak, gizarte-aseguruak eta abar), non lotura aurrekontu-kapituluaren mailan ezartzen den, salbu eta «Behin-behineko langileak» partidei dagozkien aplikazioak, aurrekontu-partidaren mailako lotura ekarriko dutenak. Talde parlamentarioen diru-izendapenetarako kredituak lotesleak izango dira, gastuen egoera-orrian duten desagregazio-mailarekin. Aurrekontuaren testu artikulatuak kreditu zehatz batzuen lotura espezifikoa ezarri ahal izango du, haien sailkapen ekonomikoaren arabera.
4.– Aurrekontu-ekitaldiaren azken egunean dagoeneko aitortuta dauden obligazioak betetzeari lotuta ez dauden gastuetarako kredituak erabat deuseztatuta geratuko dira; hala eta guztiz ere, salbuespen gisa, kreditu-txertaketak baimendu ahal izango dira.
8. artikulua.– Aurrekontu-aldaketak.
1.– Espezialitate-printzipioaren salbuespen gisa, Legebiltzarreko Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak, Kontu Hartzailetzak aldeko txostena eman ondoren, aurrekontu-aldaketa hauek baimendu ahal izango ditu:
a) Kreditu-transferentziak. Aldaketa hauen bidez, gastuen aurrekontuaren kopurua aldatu gabe, zuzkidurak transferitzen dira aurrekontu-azpikontzeptuen artean edo aurrekontu-azpikontzeptu edo -kontzeptu berriak sortuz.
b) Kreditu-sorrerak. Kredituak gehitzea dakarte, ondasun-salmentak eta zerbitzu-emateak, ibilgetu-besterentzeak, mailegu-itzulketak edo bidegabeko ordainketen itzulketak direla-eta egindako diru-sarreren ondorioz. Kreditu-sorrerak egiteko, baldintza hauek bete beharko dira: kreditu-sarrera horiek justifikatzen dituzten diru-sarrerak egotea eta izaera bereko gastuak ordaintzeko diren kredituak izatea.
c) Ezohiko kredituak eta kreditu-gehigarriak. Hurrengo ekitaldira arte atzeratu ezin den gastu bat egin behar bada eta aurrekontuan horretarako izendatutako krediturik ez badago, edo dagoena nahikoa ez bada, erabaki ahal izango da ezohiko kreditu bat edo kreditu-gehigarri bat izapidetzea, baldin eta arau honetan jasotako gainerako figuren bidez hornitzerik ez badago. Aurreko ekitaldiaren bukaeran Eusko Legebiltzarraren aurrekontuan aplikatu ez den diruzaintzako gerakinaren zatiaren kontura baino ezin izango da egin ezohiko kredituen edo kreditu-gehigarrien finantzazioa.
d) Kreditu-txertaketa. Ekitaldi bateko dagozkion kredituetan sartu ahal izango dira aurreko ekitaldiko kreditu-gerakinak, ekitaldiko azken eguna baino lehen hartutako gastuei dagozkienak, baldin eta, justifikatutako arrazoiak direla medio, ekitaldi horretan zehar gauzatu ez badira. Kreditu-txertaketak diruzaintzako gerakinaren kontura finantzatuko dira.
e) Kreditu-bajak edo -deuseztatzeak. Gastuen egoera-orrian agertzen diren aurrekontuko diru-izendapenen bajak erabaki ahal izango dira, aldaketa horren beharra justifikatu ondoren. Erabilgarri geratzen diren funtsek automatikoki areagotuko dute dagokion ekitaldiko aurrekontu-emaitza.
2.– Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak Legebiltzarraren Mahaiari eskuordetu ahal izango dio aurrekontu-aldaketa jakin batzuen onespena. Mahaiak eskuordez egiten dituen aurrekontu-aldaketa guztien berri emango dio Erregelamendu eta Gobernu Batzordeari.
3.– Aurrekontuaren testu artikulatuan zehaztu beharko dira Legebiltzarreko Mahaiak eskuordez onar ditzakeen aurrekontu-aldaketak eta zabalgarritzat joko diren kredituak.
II. KAPITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA
9. artikulua.– Gastuak kudeatzeko prozeduraren faseak.
1.– Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren kudeaketa honako fase hauen bidez egingo da:
a) Gastua baimentzea (B dokumentua).
b) Xedapena (X dokumentua).
c) Obligazioa aitortzea (Ob dokumentua).
d) Ordainketa agintzea (Or dokumentua).
e) Ordainketa materiala.
Kreditua atxikitzeko edo kreditua erreserbatzeko fasea ere jasotzen da kontabilitatean, hurrengo kontabilitate-faseen aurreko, osagarri eta instrumental gisa. Kreditu-atxikipenaren fase eta dokumentuan (KA) kreditu hauek jasotzen dira: aldi baterako edo behin betiko izaeraz, xede jakin baterako atxikitzen direnak, krediturik ez dagoenean erabiltzen direnak edo, kautelaz, intsuldaketa-eragiketen edo bestelakoen nahikotasuna bermatzeko erreserbatzen direnak. Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak kreditu-atxikipena egingo du, eta aldez aurretik fiskalizatuko da, baldin eta dagokion espedientea ere fiskalizatu beharra badago.
2.– Gastua baimentzeko egintzaren bidez, organo eskudunak onetsi egiten du gastu bat egitea aurrekontu-kreditu baten kontura, zehaztu egiten du gastu horren zenbateko zehatza, edo ahalik eta hurbilena, zehazki kalkulatu ezin denean, eta aurrekontu-kreditu erabilgarri osoa edo horren zati bat erreserbatzen du xede horretarako. Onespenak hasiera ematen dio gastua exekutatzeko prozedurari.
Bereziki, administrazio-kontratazioko espedientean, behin osatuta, eta kontratu mota bakoitzaren berezko izaeratik eratorritako berezitasunak gorabehera, uneko ekitaldiko Kreditu-atxikipena (KA) kontabilitate-dokumentua bidaliko zaio Kontu Hartzailetzari, fiskaliza dezan kontratazio-organoak gastua onartu aurretik; halaber, halakorik bada, hurrengo ekitaldietako KA dokumentu bat igorriko zaio. Adostasunez fiskalizatuta, gastuaren onarpena formalizatu egiten da aurkeztutako gastu-proposamenari baiezkoa emanez. Gastua onartu ondoren, Gastua baimentzea (B) kontabilitate-dokumentuaren proposamena egingo da, espediente horretatik uneko aurrekontuari dagokion zenbatekoarekin, eta, hala badagokio, hurrengo ekitaldietako B dokumentu bat.
Administrazio-kontratu batek gastu bat baino gehiago eragiten duenean, gastu-proposamen bakarra eta gastua onartzeko erabaki bakarra egongo da, eta ezin izango da zenbait espedientetan zatitu. Kontu Hartzailetzak, kontabilitate-agiriaren proposamena jaso ondoren, kontratazio-espediente osoa ikusita, Eusko Legebiltzarraren kontabilitate-informazioko sisteman arrazoi-hartzea egin edo erregistratuko du, hala badagokio.
3.– Gastu-xedapenaren egintzaren bidez, organo eskudunak, legez ezarritako izapideak bete ondoren, adostu egiten du hirugarren batekin obrak, hornidurak edo zerbitzu-emateak egitea, transferentziak eta dirulaguntzak ematea, edo aurretik baimendutako bestelako gastuak egitea, zehaztutako edo zehaztu daitekeen zenbateko batekin.
Kasu bakoitzean dagokion zuzendaritza edo zerbitzu kudeatzaileak konprometituko den gastuaren zenbatekoaren kontabilitate-dokumentua izapidetuko du, eta gastu mota bakoitza izapidetzeko aplikatu beharreko araudiaren arabera eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak erantsiko ditu.
Gastu-proposamen bakoitzak bere beharra justifikatu beharko du, hartara eragotzi gabe material arrunt inbentariaezinerako gastuak eta Ganberaren ohiko jarduerari lotutako aldizkako izaerako eta segidako traktuko gainerako gastuak. Halaber, proposamenak gastuaren zenbatekoa eta adjudikaziodun gisa proposatzen den hirugarrena adieraziko ditu.
Kontu Hartzailetzak gastua xedatzeko proposamena fiskalizatuko du, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatu ahal izango du.
Bereziki, kontratu-gastuaren aurrekontua exekutatzean, eta kontratu mota bakoitzaren izaeratik eratorritako berezitasunei kalterik egin gabe, kontratazio-organoak espedientea hasteko baimena eman ondoren, administrazio-klausula berezien agirian ezarritako kontratazio-prozedura bultzatuko da. Hala badagokio, Kontratazio Mahaiak, bere jarduketak amaitutakoan, adjudikazio-proposamena egingo du. Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak, kontratazio-organoak adjudikazio-erabakia hartu aurretik, Kontu Hartzailetzari helaraziko dio egindako proposamena, fiskalizatu dezan.
4.– Obligazioa aitortzeko egintzaren bidez, organo eskudunak formalki onartzen du, aurrekontuaren kontura, hirugarren baten aldeko zor bat, hirugarren horrek hartutako konpromisoan zehaztutako prestazioa bete izanaren ondorioz, zerbitzu eginaren printzipioaren arabera, edo elkarrekikoak ez diren betebeharren kasuan, hirugarren horren eskubidea lege bidez edo indarrean dagoen legeriaren arabera ematen duen administrazio-egintza baten bidez sortu delako. Organo eskudunari agiriak aurkeztuz egiaztatu behar da prestazioa egin izana edo hartzekodunaren eskubidea, bere garaian gastua baimendu eta xedatzeko hartutako erabakien arabera.
Obligazioa aitortzeak berekin dakar dagokion ordainketa-proposamena egitea.
5.– Ordainketa agintzeko egintzaren bidez, organo eskudunak, hartuta dagoen obligazio bat dela-eta, dagokion agindua ematen dio Ganberako Diruzaintzari.
6.– Ordainketa materialaren egintzaren bidez, funtsak materialki edo birtualki ateratzen dira Eusko Legebiltzarreko Diruzaintzatik.
7.– B-X-Ob-Or aurrekontu-faseak honako gastu hauetarako metatuko dira:
a) Eragiketaren edo gastuaren izaerak hala eskatzen duenean eta, betiere, legezko betebeharretatik eratorritako gastuetan eta dirulaguntza izendunak eta zuzeneko dirulaguntzak kudeatzeko espedienteetan, egintza bakar batean metatuko dira beharrezkoak diren exekuzio-faseak.
b) Tributuen ordainketari edo izaera publikoko eta urteko beste edozein motatako ondare-prestazioen ordainketari dagozkionak.
c) Aurretik behar bezala hartutako erabakiak kopuru jakin batean betearaztea baino ez dakartenak.
Aurrekontu-gastuak exekutatzeko bi fase edo gehiago administrazio-egintza bakar batean metatzeak administrazio-egintza bereizietan adostuko balira izango lituzketen ondorio berberak izango ditu. Kontabilitate-agiriak emateko, gastuaren baimena eta konpromisoa egintza bakar batean erabakitzen direnean, BX dokumentu mistoa egingo da, eta egintza berean gastuaren baimena, konpromisoa eta obligazioaren onarpena metatzen direnean, BXObOr dokumentu mistoa egingo da. BX edo BXObOr dokumentu positibo edo negatiboekin batera, eragiketan metatzen diren fase guztien egiaztagiriak aurkeztuko dira.
8.– Arestian aipatutako edozein eragiketa deuseztatzeko, alderantzizko izaerako dokumentu bat (B, X, Ob edo Or) egin behar da. Aldez aurretik egindako eragiketa baten zenbatekoa baliogabetzen edo murrizten denean, emango den zeinu negatiboko kontabilitate-dokumentuari deuseztatzen den edo murrizten den eragiketaren kontabilitate-erregistroko zenbakia ipiniko zaio erreferentzia gisa.
9.– Dokumentu-ekonomiarekin bat etorriz, kontabilitate-agiriak gastua gauzatzeko administrazio-egintza bera sostengatu ahal izango du, betiere hori identifikatzen duten baldintzak jasotzen baditu.
10. artikulua.– Gastu-kudeaketaren arloko eskumenak.
1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eskumena du Legebiltzarraren aurrekontuaren konturako edozein gasturen gaineko obligazioa onartzeko, erabaki ditzakeen eskuordetzeak gorabehera. Kontu Hartzailetzak txostena egin ondoren, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 24.000 eurotik gorako gastuak onartu eta xedatuko ditu.
2.– Eusko Legebiltzarreko lehendakariari dagokio, Kontu Hartzailetzak txostena egin ondoren, 15.000 eurotik gorako eta 24.000 eurora arteko gastuak onartzea eta xedatzea.
3.– Legelari nagusiari dagokio, Kontu Hartzailetzak txostena egin ondoren, 2.000 eurotik gorako eta 15.000 eurotik beherako gastuak onartzea eta xedatzea.
4.– Zuzendariei dagokie 2.000 eurotik beherako gastuak onartzea eta xedatzea.
5.– Aurreko apartatuetan adierazitako zenbatekoak BEZik gabe dira.
6.– Gastu bat baimentzeko eskumena duen organoak gastu horri lotutako administrazio-egintzak onartzeko eskumena ere izango du, hala nola administrazio-kontratuak hitzartzeko edo antzeko beste batzuk.
11. artikulua.– Kutxa finkoko aurrerakinak.
1.– Kutxa finkoko aurrerakintzat hartzen dira egiten diren aurrekontuz kanpoko izaera iraunkorreko hornidurak, zeinak erabiltzen baitira gastu txikiei berehala erantzuteko, hala nola ibilgetuko elementuak mantentzeko eta konpontzeko gastuei, material inbentariaezinari dagozkion gastuei, ibilgailu ofizialak erabiltzeko gastuei edo presako posta-bidalketatik eratorritako gastuei, ezin baita aurkeztu gastu horien justifikazio-dokumentazioa ordainketa-proposamena egin aurretik. Gero, gastu horiek egin diren urteko aurrekontuko ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu arrunten kapituluari aplikatu behar zaizkio.
2.– Kutxa finkoko aurrerakinaren zenbatekoa Eusko Legebiltzarreko Mahaiak zehaztuko du.
3.– Dagozkion funtsak izen hori duen kontu espezifiko batean kokatuko dira. Eusko Legebiltzarreko Diruzaintza arduratuko da funtsak zaintzeaz eta erabiltzeaz. Kutxa finkoko aurrerakinen jarraipena eta kontrola kontabilitate-informazioko sistemaren bidez egingo da.
4.– Baimena ematen da eskudiruko kutxa bat izateko funts horren kontura, kutxa finkoko aurrerakin-gastuen eremukoak diren zenbateko txikiko gastuak eskudirutan ordaintze aldera.
5.– Kutxa finkoko aurrerakin horiek jasotzen dituzten titularrek hilero emango dute jasotako funtsen inbertsioaren kontu eta, nolanahi ere, ekitaldia amaitu baino lehen, kutxa finkoko aurrerakinaren kontu orokor bat, haren kudeaketa osoa jasoko duena, eta gastatu gabeko soberakina itzuliko diote Eusko Legebiltzarreko Diruzaintzari, zeinak, urtarrileko lehen egunetan, beste funts-hornidura bat egingo baitu.
Kontu-ematearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:
a) Egindako ordainketen zerrenda, honako hauek adierazita: pertsona edo entitate onuraduna, gastuaren kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa-data.
b) Eskudiruko kutxaren konturako ordainketetarako, a) apartatuan adierazitako datuez gain, kasua bada, aldez aurretik faktura, ordainagiria edo gastuaren beste edozein egiaztagiri ordaindu duen pertsona ere adieraziko da.
6.– Fakturen erregistroan kontabilizatuko dira aurreko puntuetan adierazitako egindako gastuen frogagiriak, gainerako eragiketen informazio berberarekin.
7.– Kutxa finkoko aurrerakina behin betiko ezerezten bada, aurrerakin horiek jaso dituzten titularrek gastatu gabeko soberakina itzuli beharko dute.
8.– Aurrerakin horien hartzaileak aurreikusitako erantzukizun-araubidearen mende egongo dira.
12. artikulua.– Justifikatu beharreko ordainketak.
1.– Ordainketa-proposamena egin aurretik justifikazio-dokumentaziorik aurkeztu ezin den gastuei aurre egiteko, bai eta dagozkien zerbitzuak edo prestazioak atzerriko lurraldean egin badira edo egingo badira ere, justifikatu beharreko aurrekontu-ordainketa gisako funtsak igorri ahal izango dira, 1.000 euroko gehieneko zenbatekoz.
2.– Justifikatu beharreko igorpenen kontura ekitaldi bereko obligazioak baino ezingo dira ordaindu.
3.– Justifikatu beharrarekin igorritako funtsen kudeaketa Ganberako Diruzaintzari dagokio. Funtsen jasotzaileen ardura izango da:
a) Funtsen zaintza eta erabilera.
b) Egin beharreko funts-xedapenak sinatzea.
c) Zenbateko txikiagoko gastuei aurre egiteko haren zaintzapean jartzen diren diru kopuruak, gehienez ere 300 eurokoak.
d) Justifikatu beharreko izaerarekin igortzen diren zenbatekoen justifikazio-kontuak ematea.
4.– Funtsak aurreratzea beharrezkoa bada, funts horien hartzailea izango da jasotako zenbatekoa justifikatzeko edo itzultzeko arduraduna.
5.– Kutxa ordaintzaileak justifikazio-kontuak emateko epea hilabetekoa izango da eta, nolanahi ere, abenduaren 31 baino lehenagokoa. Justifikazio-kontuak egin ondoren, Kontu Hartzailetzara bidaliko dira, aztertu eta fiskalizatzeko; gero, funtsak igortzeko baimena eman duen organoak baimendu beharko ditu.
13. artikulua.– Diru-sarrerak.
1.– Eusko Legebiltzarraren diru-sarreren aurrekontuak dagokion ekitaldian zehar kitatzeko aurreikusita dauden eskubideak jasoko ditu. Aurrekontu-ekitaldia urte naturalarekin bat etorriko da, eta ekitaldi horretan likidatutako eskubideak hari egotziko zaizkio, edozein dela ere sorrarazten diren aldia.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Eusko Legebiltzarreko Diruzaintzan sartu behar dituen aurrekontu-zuzkidurak, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean likidatu beharreko obligazio guztiak ordaintzeko direnak, aldizka igorriko dira Legebiltzarraren izenean, hark eskatzen duen heinean, eta ez da Jaurlaritzaren aurrean inolako justifikaziorik eman beharrik izango.
3.– Diru-sarreren aurrekontuan diruzaintzako soberakinekin egiten diren finantza-eragiketen ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak jasoko dira, bai eta ondarearen kudeaketatik datozen diru-sarrerak ere.
4.– Era berean, diru-sarreren kontzeptu espezifiko bat ere azaldu beharko da, langileei emandako mailegu itzulgarriak itzultzeagatiko zenbatekoak jasoko dituena.
5.– Aurreko puntuetan adierazitako aurrekontu-zuzkidurez bestelako diru-sarrera oro aurrekontuz kanpoko diru-sarreratzat hartuko da.
6.– Diru-sarreren arloko aldez aurreko fiskalizazioaren ordez, kontabilitateko arrazoi-hartzea ezarri da. Sarrera bidegabeak itzultzeko eskubidea aitortzeko egintzetan soilik egingo da aurretiazko esku-hartzea.
14. artikulua.– Diru-sarreren aurrekontuaren exekuzioa.
1.– Diru-sarreren aurrekontuaren exekuzioa honako fase hauetan egingo da, elkarren segidan edo aldi berean:
a) Eskubidea aitortzea.
b) Eskubidea kobratzea.
2.– Eskubidea aitortzeko egintzaren bidez, kreditu bat Eusko Legebiltzarraren alde deklaratu eta likidatzen da, baliabide espezifiko bakoitzari aplikatzekoa den arautegiaren arabera.
Kobratzeko eskubide bat aitortzen bada, diru-sarreren aurrekontuan dagokion kontura egotziko da. Kobratzeko eskubidetzat onartuko dira soilik organo eskudunek emandako egintza, erabaki edo ebazpenetatik eratorritakoak eta kobratzeko berme nahikoak dituztenak. Egintza hori dagokion kontabilitate-agirian gauzatuko da.
3.– Aldez aurretik hartutako likidazioetan, zuzeneko diru-sarreretan, eskubideak aitortuko dira likidazioak onartzen direnean. Aldez aurretik hartu gabeko diru-sarreretan, horien zenbatekoa kobratu bada.
4.– Eusko Legebiltzarraren aldeko eskubideen kobrantza, oro har, Legebiltzarraren titulartasuneko banku-kontuetan diru-sarrera eginez burutuko da.
5.– Kobrantza-eskubideak deuseztatzea bidezkoa izango da hura justifikatzen duten legezko arrazoiak gertatzen direnean, eta horrek ekarriko du aldez aurretik aitortutako kobrantza-eskubide bat ezereztea, osorik edo partzialki. Deuseztatzeko egintza dagokion kontabilitate-agiriaren bidez erregistratuko da.
6.– Diru-sarrerak itzultzeagatiko ordainketak bidezkoak izango dira itzulketa justifikatzen duten legezko arrazoiak daudenean. Itzulketa-espedientea dagokion ordainketa-aginduaren dokumentuan jasoko da, eta kontuak hartu beharko dira. Itzulketa Eusko Legebiltzarreko Diruzaintzak egingo du.
15. artikulua.– Diru-sarreren aurrekontuaren kudeaketa.
1.– Legebiltzarraren diru-sarrerak Legebiltzarraren obligazio guztiak betetzeko erabiliko dira, non eta arau hauetan edo Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiz ez den ezartzen baliabide batzuk xede jakin batzuei lotzea.
2.– Legebiltzarrak zuzenbide publikoko diru-sarrera gisa jaso behar dituen zenbatekoak kobratzeari dagokionez, dagokion administrazio-prozeduraren arabera jokatuko da.
3.– Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzari dagokio zorpekoen ziurtagiriak egitea. Ziurtagiri hori titulu nahikoa izango da dagokion betearazpen-bideari hasiera emateko, bidezkoa bada.
4.– Uneko ekitaldian aurrekontu-kredituen kontura egindako okerreko ordainketen itzulketen eta langileei emandako maileguen itzulketen ondorioz lortutako diru-sarrerek dagozkien kredituetan birjartzea eragin dezakete.
16. artikulua.– Aurrekontu-gerakinak.
1.– Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren likidazioaren ondoriozko gerakinak Ganberaren finantza-baliabide propioak dira.
2.– Aurrekontu-gerakinak helburu hauetarako baino ezin izango dira aplikatu:
a) Eusko Legebiltzarraren aurrekontuko kredituak finantzatzeko, aldizkako gastu saihestezinei aurre egiteko asmoz, aldi baterako likidezia-defizitak daudenean.
b) Ganberaren inbertsioei lotutako gastuak finantzatzeko, hasieran ohiko aurrekontuan jasota ez badaude. Gastu horien xedea «ibilgetu material» izaera duten ondasunak izango dira. Ibilgetu material gisa ulertuko dira ondare-elementu ukigarriak, higigarriak zein higiezinak, inbentariagarriak, haien bizitza erabilgarria ekitaldi ekonomiko batetik baino haratago badoa.
c) Aurreko ekitaldia amaitu baino lehen konprometituta zeuden eta justifikatutako arrazoiengatik egin ez diren gastuak finantzatzeko.
d) Salbuespen gisa, inbertsioei lotuta ez dauden eta atzeraezintzat jotzen diren aparteko gastuak finantzatzeko, baldin eta horietarako aurrekontu-zuzkidura nahikorik ez badago.
3.– Aurrekontu-kredituak aurrekontu-gerakinen kontura aldatu ondoren, Ganberaren ohiko aurrekontuari egotz dakizkiokeen gainerako gastuen izapide berberak egingo dira horiek exekutatzeko.
4.– Gerakinak erabiltzeko Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzaren txostena beharko da beti.
5.– Aurrekontu-gerakinen saldoari eta erabilerari buruzko informazioa kontu orokorrean sartuko da.
17. artikulua.– Aurrekontuz kanpoko kontzeptuak.
1.– Kontabilitatean beharrezko aurrekontuz kanpoko kontzeptuak, hartzekodunak eta zordunak agertuko dira, aurrekontuari egotzi behar ez zaizkion eragiketengatik aitortzen diren eskubideak eta obligazioak adierazteko, bai eta horrelako eragiketengatik sortzen diren kobrantzak eta ordainketak ere.
2.– Nolanahi ere, erabiliko diren aurrekontuz kanpoko kontzeptuak honako kategoria hauetakoak izango dira:
a) Zordun izaera duten kontzeptuak:
a.1.– Aurrekontuz kanpoko zordunak. Kontzeptu horien bidez erregistratuko dira Eusko Legebiltzarraren aldeko kredituak sortzen dituzten ordainketetatik datozen zordunak, zeinak, oro har, kobrantzen bidez ezereztuko diren.
a.2.– Aplikatzeko dauden ordainketak. Era honetako kontzeptuen bidez adieraziko dira indarrean dauden legezko xedapenen arabera aurrekontuz kanpoko behin-behineko tratamendua jasotzen duten ordainketak, ondoren aurrekontuari egozteko direnak.
b) Hartzekodun izaera duten kontzeptuak:
b.1.– Aurrekontuz kanpoko hartzekodunak. Era honetako kontzeptuen bidez adieraziko dira kobrantzetatik datozen eta Eusko Legebiltzarraren konturako zordunketak sortzen dituzten hartzekodunen eragiketak, zeinak, oro har, ordainketa bidez ezereztuko diren.
b.2.– Aplikatzeko dauden kobrantzak. Era honetako kontzeptuen bidez adieraziko dira instituzioan egiten diren eta aurrekontuz kanpoko behin-behineko tratamendua jasotzen duten diru-sarrerak, ondoren, duten izaeraren arabera, behar bezala egotziko direnak.
3.– Instituzioan egiten diren kobrantzak, aitortutako aurrekontu-eskubideak alde batera utzita, aurrekontuz kanpoko diru-sarreratzat hartuko dira. Gertatu direla jakiten den unean bertan kontabilizatuko dira, diru-sarreraren benetako datarekin, aurrekontuz kanpoko diru-sarrerak agintzeko kontabilitate-agirien bidez.
4.– Saldo hartzekodunak ezerezteko, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak ordainketa-aginduaren proposamena egingo du, diru-sarrera egin den aurrekontuz kanpoko kontzeptuaren kontura. Ordainketa-proposamenak justifikatuta egongo dira ordainketaren jatorri den diru-sarrera badagoela egiaztatzen duten agirien bidez. Ordainketa-proposamenekin batera, betiere formalizazioko ordainketa bat ez bada, onuradun den pertsonaren edo entitatearen aldeko transferentzia egiteko dokumentazioa ere aurkeztuko da.
5.– Aurrekontuz kanpoko ordainketa-aginduak aurrekontu-ordainketetarako ezarritako baldintza berberetan egingo dira.
III. KAPITULUA
DIRUZAINTZA
18. artikulua.– Eusko Legebiltzarreko Diruzaintza.
1.– Eusko Legebiltzarraren diruzaintza osatzen dute Legebiltzarraren finantza-baliabide guztiek –dirua, baloreak edo kredituak–, aurrekontuko eragiketen zein aurrekontuz kanpoko eragiketen ondoriozkoek.
2.– Diruzaintzako baliabideak eta horien aldaketak kontu-hartzailetzaren eta kontabilitate publikoko araubidearen mende daude.
3.– Eusko Legebiltzarreko Diruzaintzari dagokio:
a) bere funtsak, baloreak eta efektuak erabiltzea eta zaintzea;
b) Legebiltzarraren obligazioak ordaintzea eta bere eskubideak likidatzea;
c) kutxako kontabilitatea eta finantza-entitateekin hitzartutako, mugatutako edo ohiko kontu operatiboen kontabilitatea antolatzea, bai eta kutxa finkoko aurrerakinak eta justifikatu beharreko ordainketak ere;
d) kutxa-batasunaren printzipioa betetzea Legebiltzarraren aurrekontu-eragiketek eta aurrekontuz kanpoko eragiketek sortutako funts eta balore guztiak zentralizatuz;
e) Ganberaren betebehar puntualak betetzeko diru-baliabideak denboran xedatzea.
4.– Legebiltzarreko Diruzaintzaren eginkizunak Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzari atxikita egongo dira.
19. artikulua.– Banku-kontuak eta -kontratuak.
1.– Eusko Legebiltzarrak finantza-entitateetan kontuak ireki ahal izango ditu. Horretarako, Legebiltzarreko Mahaiaren baimena beharko du, eta dagokion kontratazio-prozedura bete beharko du. Gastuen eta diru-sarreren kontu horiek operatiboak edo mugatuak izan ahalko dira.
2.– Legebiltzarra aurretik aipatutakoez bestelako kontu korronte osagarrien titularra izan ahalko da, zeinak helburu espezifikoetarako erabili ahal izango diren. Kasu horretan, kontu korronte osagarriak erabiltzeko baimendutako pertsonak eta kontu korronte operatiboak erabiltzeko baimendutakoak diferenteak izan ahalko dira.
3.– Legebiltzarreko Mahaiak, Eusko Legebiltzarreko Diruzaintzak proposatuta, bankuko ordainbideak erabiltzeko behar diren kontratuak formalizatu ahal izango ditu finantza-entitateekin.
20. artikulua.– Ordainketak agintzea.
1.– Ordainketa-aginduak emanez manatuko dira ordainketak eta haiekin batera aurkeztuko dira prestazioa eman dela edo pertsona edo entitate hartzekodunaren eskubidea, kasuan kasuko gastu-erabakien arabera, frogatzen duten agiriak.
2.– Ordainketa-aginduek justifikatzeko izaera izango dute frogagiriak, salbuespenez, aginduak ematen diren unean aurkeztea ez dagoenean, hargatik eragotzi gabe dagozkien aurrekontu-kredituetan behar den bezala aplikatzea. Justifikatzeko izaerako gastu gisa ordaindu beharreko zenbatekoa ez da 1.000 eurotik gorakoa izango, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak berariaz baimendu ezean.
3.– Hileko nominak ordaintzeko agindua, Kontu Hartzailetzak nominak fiskalizatu ondoren, hilabete bakoitzeko 25a baino lehen emango da, abenduko nomina izan ezik, abenduaren 21a baino lehen emango baita hori ordaintzeko agindua.
4.– Zerga-obligazioak eta kotizazio sozialak ordaintzeko agindua, Kontu Hartzailetzak haiek fiskalizatu ondoren, zerga-egutegiak eta Gizarte Segurantzaren erregimenak hala eskatzen dutenean emango da.
5.– Legebiltzarreko Lehendakaritza izango da Ganberaren aurrekontuaren konturako ordainketak agintzeko organo eskuduna.
6.– Kontu-hartzailearen eta lehendakariaren sinadura mankomunatuarekin baimendu beharko da Eusko Legebiltzarraren banku-kontuen kontura funtsak eskuratzea. Salbuespenezko eta premiazko kasuetan, kontu-hartzailearen sinaduraren ordez, legelari nagusiaren sinadura erabili ahal izango da, eta lehendakariaren sinaduraren ordez, lehendakariorderen batena.
Kontu-hartzailearen sinadura beharko da eskudiruko kutxaren kontura funtsak eskuratzea baimentzeko.
Ordainketa-agindu materialak egin daitezen, Interneteko banku elektronikoko zerbitzuaren bidez egin beharreko banku-transferentzien kasuan, legelari nagusiak eta kontu-hartzaileak aldi berean parte hartzea eskatuko da. Ezohiko eta premiazko kasuetan, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuaren titularrak ordeztu ahal izango ditu, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren aldez aurreko baimenarekin.
21. artikulua.– Ordainbideak.
1.– Ematen diren ordainketa-aginduak, oro har, banku-transferentzia bidez edo zergak, tasak eta prezio publikoak ordaintzeko administrazioek onartutako beste edozein bitarteko teknikoren bidez ordainduko dira, eta, salbuespen gisa, kutxako eskudirutan, baldin eta ordainketa bakoitza 300 eurotik gorakoa ez bada. Ordainketak dagozkien egiaztagiriak aurkeztuta egingo dira. Era berean, obligazioak ezereztu ahal izango dira diru-sarreren kontuko kontzeptuetan eta aurrekontuz kanpoko ordainketen kontzeptuetan egiteko dauden ordainketen bidez, zeinak ez duten diruzaintzako aldaketarik eragingo.
2.– Zuzendaritzek kreditu-txartela eduki ahal izango dute produktu jakin batzuk erosteko, baldin eta produktu horien banaketa- eta salmenta-kanal bakarra merkataritza elektronikoa bada, gehienez ere 2.000 euroko zenbatekoz, BEZik gabe. Egoera hau espedientean justifikatu beharko da. Kreditu-txartelaren bidez egiten duten ordainketa bakoitzaren faktura eskatu beharko dute zuzendaritzek, ordainagiriak gorde beharko dituzte eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzura bidali beharko dituzte Kontu Hartzailetzak kontabilizatu eta fiskalizatzeko.
3.– Batzorde parlamentario bati lagun egiten dioten legelariek kreditu-txartelak erabili ahal izango dituzte batzorde horren egonaldi-, mantenu- eta garraio-gastuak zein bidaian zehar sor daitzezkeen beste behar batzuk ordaintzeko, zenbateko-mugarik gabe, baina Kontu Hartzailetzari justifikatu beharrekoak. Banku-txartelarekin ordaindu ezin den herrialdeetan, banku-entitateetako kutxazainetatik dirua ateratzeko erabili ahal izango da, 1.000 eurotik beherako zenbatekoetan eta eguneko 300 euroko mugarekin. Batzorde parlamentarioari lagun egiten dion legelariak kreditu-txartela Kontu Hartzailetzari eskatuko dio, eta bidaia bukatutakoan itzuliko dio.
4.– Legebiltzarreko automobil-parkeko gidariak izango dira autobideetako bidesariak eta erregaia ordaintzeko emango zaizkien txartelen erantzuleak. Transakzio bakoitzaren ordainagiriak gorde eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzura bidali beharko dira, Kontu Hartzailetzak kontabilizatu eta fiskalizatzeko.
IV. KAPITULUA
KONTABILITATEA
22. artikulua.– Kontabilitate-jardunaren printzipioak.
Legebiltzarraren kontabilitate-informazioko sistemak, kontabilitate publikoaren printzipioetan oinarritutakoak, zeinak Ganberaren antolaketaren eta funtzionamenduaren berezko ezaugarrietara egokitu diren, xede hau du: Legebiltzarraren ondarearen, finantza-egoeraren, emaitzen eta aurrekontu-exekuzioaren irudi zehatza erakustea txosten eta egoera-orrien bidez. Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak antolatu eta zuzenduko du kontabilitate-informazioko sistema.
23. artikulua.– Prozedura eta fakturen kontabilitate-erregistroa.
1.– Enpresa hornitzaileek Eusko Legebiltzarrari entregatutako ondasunei, emandako zerbitzuei edo egindako obrei dagozkien fakturak aurkeztuko dituzte Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuko fakturen erregistroan, hogeita hamar egun naturaleko epean, salgaiak benetan entregatzen diren, zerbitzuak ematen diren edo obra gauzatzen den egunetik zenbatzen hasita.
2.– Aplikazio informatikoaren fakturen kontabilitate-erregistroan Eusko Legebiltzarrean jasotzen diren faktura guztiak idatziko dira, zenbatekoa edozein dela ere.
3.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak kudeatuko du Eusko Legebiltzarreko kontabilitate-erregistroko hasierako sarrera-idatzoharra, bai eta balizko ezereztea ere; horri esker, informazio ekonomiko-finantzarioa behar bezala eman ahal izango da eta hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epearen kalkulua egin ahal izango da.
4.– Fakturen kontabilitate-erregistroa kontabilitate-informazioko sistemarekin eta espediente elektronikoen dokumentu-kudeatzailearekin integratuko da.
5.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuan, faktura jaso ondoren, hura izapidetzeko beharrezko datuak falta ez direla egiaztatuko da eta, hala badagokio, hurrengo puntuko datuak grabatuko dira, fakturak fakturen kontabilitate-erregistroan idaztea bezala izango dena.
6.– Izapidetzea eragozten duten datu okerrak edo datu-omisioak dituztenean bakarrik baztertu ahal izango dira fakturak. Pertsona edo entitate kontratistek egindako fakturek honako datu hauek jaso beharko dituzte:
a) Fakturaren zenbakia eta, hala badagokio, seriea eta faktura egin den data.
b) Pertsona edo entitate kontratistaren identifikazioa: faktura egin beharra duen pertsonaren edo entitatearen izen-abizenak, izen edo deitura sozial osoa, helbidea, IFZ-BEZ edo faktura egin duen pertsonaren edo entitatearen identifikazio-zenbaki baliokidea, banku-datuak: IBAN, BIC.
c) Obraren, horniduraren edo zerbitzuaren deskribapen nahikoa.
d) Enkargua egin zuen zuzendaritza edo zerbitzua.
e) Gastuaren espediente-zenbakia, adjudikatzeko unean jakinarazi baldin bazen.
f) Eragiketaren zenbatekoa, dagokion BEZa banakatuta.
g) Gastu horri dagokionez aurretik fakturatutako zenbatekoa.
7.– Erregistro horren euskarri den aplikazio informatikoan, gainera, honako datu hauek grabatuko dira: faktura fakturen erregistroan aurkeztu zeneko data eta erregistro horretako idazpen-zenbakia.
24. artikulua.– Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorra.
1.– Eusko Legebiltzarrarentzako ondasunak entregatu, zerbitzuak eman edo obrak egin dituzten enpresa hornitzaile guztiek faktura elektronikoa egin eta igorri beharko dute sarrera-puntu orokorraren bidez. Hala ere, fakturazio elektronikotik salbuetsita geratzen dira 5.000 eurotik beherako fakturak, BEZa barne.
2.– Faktura elektronikoak Eusko Legebiltzarraren hornitzailearen atarian dagoen fakturen sarrera-puntuaren bidez sartuko dira (https://enpresak.legebiltzarra.eus/), Eusko Legebiltzarraren DIR3 kodeak adieraziz: kontabilitate-bulegoa, I00000293; organo kudeatzailea, I00000293, eta unitate izapidegilea, I00000293.
25. artikulua.– Fakturak paperean aurkeztea eta izapidetzea.
Paperezko fakturak Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuko fakturen erregistroan aurkeztu beharko dira. Behin faktura erregistro horretan erregistratuta, dokumentuaren digitalizazio ziurtatua paperezko fakturaren benetako kopia elektronikoa da.
26. artikulua.– Kudeaketa ekonomikoaren administrazio-unitateek fakturak betetzea eta izapidetzea.
1.– Fakturak erregistratu ondoren, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak faktura izapidetzeko behar den gainerako informazioa beteko du, besteak beste: gastuaren ardura duen zuzendaritza edo zerbitzua, aurrekontu-aplikazioa, dagokion espedientea, bankuko ordinala eta ordaintzeko modua.
2.– Fakturako datu guztiak bete ondoren, gastuaren ardura duen administrazio-arloko zuzendariari edo arlo horretako buruari helaraziko zaio, adostu ahal izateko. Egintza horrek esan nahi du obra, ondasunaren entrega edo zerbitzu-ematea ezarritako baldintzen arabera egin dela. Obra, zerbitzu edo horniduraren arduradunak gastuaren arrazoia adierazi beharko du, obligazioa aitortzeko espedienteari dagozkion gainerako jarduketekin batera.
Gastuaren ardura duten zuzendaritzek edo zerbitzuek eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak fakturari erantsiko dizkiote kontabilizaziorako behar diren dokumentu guztiak: albaranak, lan-parteak eta arduradunaren azalpen-oharra.
3.– Datuak izapidetzea ezinezkoa bada, datuak falta direlako edo okerrak direlako, edo faktura itzultzea edo baztertzea dakarten beste inguruabar batzuk gertatzen badira, baztertzearen arrazoia adieraziko da, eta faktura egin duen pertsonari edo entitateari baztertze arrazoituaren berri eman beharko zaio, ordainketa-epea eten dadin, hala badagokio.
4.– Fakturak zuzendariaren edo zerbitzuburuaren adostasuna jasotzen badu, dagokion kontabilitate-eragiketa grabatuko da.
5.– Aplikazio informatikoan fakturak izan ditzakeen egoerak erregistratuko dira, ondasunak hornitzen dituzten eta zerbitzuak ematen dituzten enpresei eskubidez dagokien informazioa eman ahal izateko.
27. artikulua.– Enpresa hornitzaileei izapideen egoerari buruzko informazioa ematea.
1.– Fakturen kontabilitate-erregistroan jasotako informazioan oinarrituta, enpresa hornitzaileek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten fakturen izapidetze-egoerarekin lotutako alderdi hauek ezagutzeko:
a) Fakturen erregistroko idatzoharra.
b) Fakturaren onarpena dagokion organoaren eskutik.
c) Aitortutako obligazioaren kontabilizazioa.
d) Fakturaren ordainketa.
e) Faktura deuseztatu edo baztertu egin den.
2.– Eusko Legebiltzarreko hornitzailearen atarian eskuragarri dagoen informazio hori eskuratzeko, aldez aurretik nortasuna egiaztatu beharko da ziurtagiri elektronikoaren bidez.
V. KAPITULUA
EKITALDIA IXTEA
28. artikulua.– Legebiltzarraren aurrekontua ixtea eta urteko kontua.
1.– Kontabilitate-ekitaldia urte naturalarekin bat etorriko da. Ekitaldiko azken egunean, dagokion aurrekontua itxiko da, konpromiso eta baimenen saldoak deuseztatuz horretarako, eta kreditu-gerakinak adieraziko dira, zeinak ere deuseztatuko diren, eta ez da beharrezkoa izango kontabilitate-agiririk ematea.
2.– Ekitaldi-amaierako informazioa urteko kontuaren bidez emango da. Eusko Legebiltzarraren urteko kontuak batasun bat osatzen du, eta argitasunez idatzi beharko da. Halaber, Legebiltzarraren ondarearen, finantza-egoeraren, ekonomia- eta ondare-emaitzaren eta aurrekontuaren exekuzioaren irudi zehatza eman beharko du. Horretarako, kontabilitate-informazioko sistemaren euskarri informatikoak bermatu beharko ditu eragiketak ukitzen dituen erregistro guztietan kontabilitate-eragiketa bakoitzerako egin beharreko idatzoharren koherentzia, zehaztasuna eta automatismoa.
3.– Eusko Legebiltzarraren Kontu Hartzailetzak egingo du Eusko Legebiltzarraren urteko kontua, eta legelari nagusiari igorriko dio, ekitaldi bakoitzeko Legebiltzarraren aurrekontua betetzeari buruzko txostenarekin batera. Legelari nagusiak Legebiltzarreko Mahaiari bidaliko dizkio bi dokumentuak, izapidetu ditzan.
4.– Legebiltzarreko Mahaiak urteko kontua ezagutu eta izapidetu ondoren, Erregelamendu eta Gobernu Batzordeari igorriko zaio, hurrengo ekitaldiko ekainaren 1a baino lehen.
Aurrekontuaren likidazioa Legebiltzarreko taldeei bidaltzen zaien egunetik zazpi eguneko epea izango dute objekzioak aurkezteko, eta, hala badagokio, batzordean eztabaidatu eta bozkatuko dira.
Ezarritako epean Legebiltzarreko taldeek objekziorik aurkezten ez badute, urteko kontua onartutzat joko da.
29. artikulua.– Aurrekontu-exekuzioaren eta urteko kontuaren publikotasuna.
1.– Eusko Legebiltzarraren gardentasun-atarian argitara emango da, hilean behin, Ganberaren aurrekontuaren exekuzio-egoerari buruzko informazioa.
2.– Urteko kontuaren txostena Ganberaren gardentasun-atarian argitaratuko da, Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak ezagutu eta izapidetu ondoren.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eusko Legebiltzarraren dirulaguntzen aurrekontu- eta kontrol-araubidea.
Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarrak dirulaguntzak eman ahal izango ditu bere aurrekontuen kontura, aurrekontu- eta kontrol-araubide honen arabera:
1.– Dirulaguntza izendunak. Halakotzat hartuko dira Ganberaren aurrekontuetako gastuen egoera-orrian gehieneko zenbateko bat berariaz esleituta dutenak, pertsona edo entitate onuradunak modu zehatz, bakar eta baztertzailean mugatuta.
2.– Zuzenean emateko dirulaguntzak. Salbuespenezkoak izango dira, eta justifikazio arrazoituaren eta memoria dokumentalaren bidez egiaztatu beharko dira dirulaguntza horiek justifikatzen dituzten interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak.
Bigarrena.– Espedienteak, dirulaguntza emateko Mahaiaren erabaki-proposamenarekin batera, zeinak dirulaguntza arautzeko oinarrien izaera izango duen, honako informazio hau jaso beharko du:
1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunaren eskabidea, eta talde parlamentarioaren eskabidea, prozeduran bitartekaria izanez gero.
2.– Hala dagokionean, zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.
3.– Diruz lagundutako jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.
4.– BX kontabilitate-agiriak, dirulaguntza izendunen kasuan, eta B agiria, dirulaguntza zuzenen kasuan.
Hirugarrena.– Dirulaguntza ematea hitzarmen baten bidez antolatu nahi bada, espedientean sartu beharko da. Kasu horretan, dirulaguntza emateko erabakiak eta hitzarmenak dirulaguntza arautzeko oinarrien izaera izango dute.
Laugarrena.– Dirulaguntza emateko erabakian edo, hala badagokio, hitzarmenean, honako alderdi hauek jaso beharko dira:
1.– Dirulaguntzaren xedearen eta pertsona edo entitate onuradunen zehaztapena, aurrekontu-esleipenaren arabera.
2.– Gastua egozten zaion aurrekontu-kreditua eta dirulaguntzaren zenbatekoa, kasua denean, pertsona edo entitate onuradun bat baino gehiago direnean, bakoitzari dagokiona.
3.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna, horiek edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk, nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko organismoek emandakoak direnean.
4.– Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta, hala badagokio, pertsona edo entitate onuradunek aurkeztu beharko duten berme-araubidea.
5.– Pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntzaren xedea bete dela eta jasotako funtsak aplikatu direla justifikatzeko epea eta modua.
Bosgarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoak, bakarka hartuta edo beste ente publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzekin batera, ezein kasutan ez du pertsona edo entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua gaindituko.
Seigarrena.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak dira:
1.– Xedea betetzea, proiektua gauzatzea eta dirulaguntza ematea funtsatzen duen jarduera egitea.
2.– Administrazio parlamentarioaren aurrean justifikatzea betekizunak eta baldintzak bete direla, bai eta jarduera egin dela eta dirulaguntza emateak edo baliatzeak zehazten duten helburua bete dela ere.
3.– Eusko Legebiltzarrak jarduera finantzatu duela jakitera emateko eta zabaltzeko neurriak hartzea. Horretarako, Eusko Legebiltzarraren irudi instituzionala sartu beharko da karteletan, oroitzapenezko plaketan, material inprimatuetan, baliabide elektronikoetan eta ikus-entzunezkoetan, bai eta komunikabideetan egindako aipamenetan ere.
4.– Administrazio parlamentarioak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, hala badagokio, bai eta eskumena duten kontrol-organoek egin dezaketen finantza-egiaztapeneko eta -kontroleko beste edozein ere, eta jarduketa horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia ematea.
5.– Eusko Legebiltzarrari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko.
6.– Egiaztatzea, dirulaguntza emateko erabaki-proposamena eman aurretik, zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean dituela. Egiaztapen hori ordezkatu ahal izango da erantzukizunpeko adierazpen baten bidez eta Administrazio parlamentarioari egiaztapen hori egiteko baimena emanez.
7.– Behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak edukitzea, kasu bakoitzean pertsona edo entitate onuradunari aplikatzekoa den merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatzen duenaren arabera, bai eta dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatzen diren kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko guztiak ere, egiaztatze- eta kontrol-ahalmenak behar bezala gauzatzen direla bermatzeko.
8.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita dokumentu elektronikoak ere, egiaztatze- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke.
9.– Xedapen gehigarri honen bederatzigarren paragrafoan jasotako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.
Zazpigarrena.– Dirulaguntzaren pertsona edo entitate onuradunek dirulaguntza emateko erabakian ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta aurreikusitako helburuak lortu dituztela justifikatu beharko dute, honela:
1.– Memoria, egindako jarduera, proiektu edo helburuei buruzkoa, eta emandako dirulaguntzaren xedea betetzeari buruzkoa.
2.– Justifikazio-kontua ematea, non jasoko baita, deklarazio-egilearen erantzukizunpean, egindako gastuen zerrenda eta, hala ezarri bada, gastuen frogagirien zerrenda edo dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duen beste edozein dokumentu.
3.– Diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten gainerako diru-sarreren adierazpena.
4.– Era berean, diruz lagundutako pertsonak edo entitateko organo eskudunak egiaztatuko du fakturak eta gastuak justifikatzeko gainerako agiriak Eusko Legebiltzarraren eskura daudela.
5.– Halarik ere, Eusko Legebiltzarrak, egoki deritzonean, dirulaguntzen finantza-kontrola egin ahal izango du. Kontrol horren xedea izango da, besteak beste, dirulaguntza behar bezala eta zuzen lortu dela eta dirulaguntza justifikatu dela egiaztatzea, bai eta jarduera egin dela eta dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzea ere.
Justifikaziorik ez badago, justifikatu gabeko kopuruak itzuli beharko dira, eta, hala badagokio, dirulaguntza berriak jasotzeko desgaikuntza ezarriko da.
Zortzigarrena.– Gastua onartzeko prozedura eta ordainketa:
1.– Dirulaguntza emateko erabakiak dagokion gastuaren konpromisoa ekarriko du.
2.– Pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera, proiektua, helburua edo portaera hartzea gauzatu dela justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan ezarritakoaren arabera.
3.– Dirulaguntzaren izaerak hala justifikatzen duenean, eta dirulaguntza arautzen duten oinarrietan berariaz aurreikusita dagoenean, konturako ordainketak egin ahal izango dira. Konturako ordainketa horiek zatikako ordainketak egitea ekar dezakete, eta diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko erritmoaren araberakoak izango dira, aurkeztutako justifikazioaren zenbateko baliokidez ordainduko direlarik.
4.– Era berean, eta baldintza berberetan, ordainketa aurreratuak egitea aurreikusi ahal izango da; justifikazioaren aurretik funtsak entregatzea ekarriko du horrek, dirulaguntzari datxezkion jarduketak gauzatu ahal izateko beharrezko finantzaketa gisa.
5.– Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketa egin pertsona edo entitate onuradunak zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen baten bidez zordun bada.
Bederatzigarrena.– Jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dagokion berandutze-interesa eskatu beharko da, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketaren bidezkotasuna erabakitzen den egunera arte, edo pertsona edo entitate zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada, honako kasu hauetan:
1.– Ez bada betetzen justifikatzeko betebeharra.
2.– Dirulaguntza lortzeko, horretarako eskatzen ziren baldintzak faltsutu badira, edo dirulaguntza jasotzea eragotziko zuten baldintzak ezkutatu badira.
3.– Ez bada betetzen dirulaguntza ematearen xedea.
4.– Ez badira betetzen dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
5.– Egiaztapen-jarduketei eta finantza-kontroleko jarduketei eragozpenak, aitzakiak edo oztopoak jarri edo ezezkoa ematen bazaie, edo ez badira betetzen kontularitza-betebeharrak, erregistrokoak edo dokumentuak gordetzeari dagozkionak, eta horrek ezinezko egiten badu egiaztatzea zer erabilera eman zaien jasotako funtsei, ea helburua bete den, zertan diren diruz lagundutako jarduerak edo ea laguntza bat baino gehiago jaso den xede bererako.
6.– Egin beharreko jardueraren kostua finantzatzeko behar den baino diru gehiago jasotzen bada. Kasu horretan, itzuli egin behar da jasotako gaindikina.
7.– Dirulaguntza arautzeko oinarrietan aurreikusitako gainerako kasuetan.
Hamargarrena.– Itzultzeko prozedura:
1.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko da, apartatu honetan ezartzen diren berezitasunei kalterik egin gabe.
2.– Dirulaguntza itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak hala erabakita, dela bere ekimenez, dela beste organo batzuen eskari arrazoituagatik, edo salaketagatik, edo Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzak egindako kontrol-txostenaren ondorioz.
3.– Prozedura izapidetzean, beti bermatuko da pertsona edo entitate interesdunak entzuna izateko duen eskubidea.
4.– Itzultzeko prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakiaren egunetik zenbatzen hasita. Epe hori eten eta luzatu ahal izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. eta 23. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
Ebazteko epea igaro eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungi egingo da; hala eta guztiz ere, jarduketak egiten jarraitu ahal izango da horiek amaitu arte eta preskripzioa ez da etentzat joko epe hori amaitu arte egindako jarduketengatik.
5.– Itzultzeko prozeduraren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.
Hamaikagarrena.– Ganberako talde parlamentarioentzako dirulaguntzak eta legegintzako herri-ekimen batek sortutako gastuen ordaina beren araudi propioaren bidez arautuko dira, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan aurreikusitako moduan.
Hamabigarrena.– Pertsona edo entitate onuradunak aldez aurretik eskatu gabe ematen diren sariak eta, halakorik bada, azterlanak eta lanak egiteko bekak, edo prestakuntza praktikorako edo sarietarako bekak, norgehiagoka-prozedura baten bidez deitzen direnak, beren oinarri arautzaile propioen bidez arautuko dira, eta xedapen gehigarri honetan xedatutako aurrekontu- eta kontrol-irizpideak aplikatuko dira, araubide horrekin bateragarriak diren heinean.
Hamahirugarrena.– Xedapen gehigarri honetan eta garapen-arauetan xedatzen ez den guztirako, ordezko moduan eta analogiaz aplikatuko da euskal Administrazio publikoari aplikatu beharreko laguntzen eta dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen legedia, Legebiltzarraren autonomiarekin bateraezina ez den heinean.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arartekoaren ekonomia- eta aurrekontu-araubidea.
Arau hauek Arartekoaren instituzioari aplikatuko zaizkio, instituzio horren antolaketa- eta funtzionamendu-arauei egokitzeko behar diren aldaketak alde batera utzi gabe.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudi honetan aurreikusitako zenbatekoak eguneratzea.
Arau honetan aurreikusitako zenbatekoak Kontu Hartzailetzak proposatuta eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartu ondoren eguneratuko dira. Onetsitako zenbatekoak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko gaikuntza.
Legelari nagusiak, Ganberako Kontu Hartzailetzak edo Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak proposatuta, arau hauek garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren instrukzioak helaraziko dizkio Mahaiari, onar ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Argitaratzea.
Arau hauek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean, gardentasunaren atarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Arau hauek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean.