Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2022ko urriaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
4688

EBAZPENA, 2022ko urriaren 19koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, energia-efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programaren epeak luzatzea ebazten duena.

AURREKARIAK

I.– 2022ko maiatzaren 12an EEEko zuzendari nagusiak emandako Ebazpenaren bidez (2022ko maiatzaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 103. zenbakia), energia-efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, deitu eta argitaratu ziren.

II.– Laguntza-deialdi horren 3. oinarriak ezartzen duenez, laguntza-eskaerak aurkezteko epea ekainaren 9ko 08:00etan hasiko da, eta Azpiprograma bakoitzean xede horretarako dagoen aurrekontua agortzen den unean amaituko da. Nolanahi ere, aurrekontu eskuragarririk egon zein ez, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2022ko urriaren 31n amaituko da.

Gehigarri gisa, energia-efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programaren 4. eta 9. oinarriek honako hauek ezartzen dituzte, hurrenez hurren: dirulaguntza eskatzen duten proiektuak 2022ko abenduaren 31 baino lehen bete eta fakturatu beharko direla, eta proiektua bete dela justifikatzeko dokumentazioa, nahitaez, 2023ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar dela.

III.– Mundu-mailan aldakortasuna, ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna dira nagusi, eta Errusiak Ukraina inbaditu izanak areagotu egin du egoera; horrek inpaktu ekonomikoa eta sektore guztietan jarduera ekonomikoa gelditzea eragin du, eta, ezinbestean, enpleguaren berehalako suntsipena eta aurreikuspen makroekonomikoak okertzea.

Testuinguru ekonomiko horretan, nagusi dira negozioek eta merkatuek izango duten bilakaerari begirako kezka eta konfiantzarik eza, enplegu-suntsipen larria, eskari-zorroen gaineko ziurgabetasuna, hornidura-kateetako murrizketak eta eragozpenak, diruzaintzako gorabeherak eta enpresen zein familien likidezia-zailtasunak, enpresa hornitzaileen galera eta itxiera... Horren ondorioz, enpresek eta herritarrek atzeratu egin dituzte inbertsio-proiektuen gaineko erabakiak, zuzenean bertan behera utzi ez dituztenean.

Ondorioz, Erakundeak 2022rako eginak zituen aurreikuspen guztiak aldatu egin dira. Energia-efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programan jasotako eskabide kopurua aurreko ekitaldietakoa baino nabarmen txikiagoa da, eta hortaz, une honetan laguntza programaren aurrekontu-betearazpena aurreikusitakoa baino nabarmen txikiagoa da, baita EEEren Dirulaguntza Plan Estrategikoan jasotako helburuak betetzeari dagokionez ere.

IV.– Aurretik aipatutako guztia dela-eta, Erakunde honen ustez komenigarria da eta justifikatuta dago Oinarriak aldatzea, energia-efizientzia, energia berriztagarriak eta garraio eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programan hasieran aurreikusita zeuden epeak luzatzeko; era horretara, Ebazpen hau argitaratzen den unetik eskatzaile potentzialei jarraitutasuna eta ikusgaitasuna eman ahal izango zaie EEEren 2022. urterako energia-efizientziarako, energia-berriztagarrietarako, garraiorako eta mugikortasun efizienterako laguntza-esparruaren gainean, eta, aldi berean, 2022rako EEEren Dirulaguntza Plan Estrategikoan jasotako helburuen betetze-maila handiagoa lortu ahal izango da, epeak luzatuz.

V.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza organoen eginkizunak arautzen dituen Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuaren arabera, EEEko zuzendari nagusiak dauka eskumena Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak betearazteko eta Zuzendaritza Kontseiluak baimendutako dirulaguntza eta laguntza deialdiak onartu eta kudeatzeko. Oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez hedatuko direla bermatu behar da.

Azaldutako guztia dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Energia-efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programaren 3., 4. eta 9. oinarriak aldatzea adostea, epea luzatzeko, honako xede hauekin:

(i) 2023ko urriaren 31ra arte, energia-efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programarako laguntza-eskaerak aurkeztea, edo, hala badagokio, laguntza-programa horretarako aurrekontua agortu arte;

(ii) 2023ko abenduaren 31ra arte, energia-efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programari atxikitako proiektuak guztiz bete eta fakturatzea, eta

(iii) 2024ko urtarrilaren 15era arte, energia-efizientzia, energia berriztagarriak, garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko inbertsioetarako laguntza-programari atxikitako proiektuen ordainketa-eskaera egitea eta bete izanaren egiaztagiriak aurkeztea.

Oinarri horiek honela idatzita geratuko dira:

– 3. oinarriko (Aurrekontu-zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea) 2. atala:

«3.2. Laguntza-programa honetarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea, ekainaren 9ko 08:00etan hasi, eta azpiprograma bakoitzean horretarako xedatutako aurrekontua agortzen den unean amaituko da.

Nolanahi ere, aurrekontu eskuragarririk egon zein ez, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2023ko urriaren 31n amaituko da.

Aipatutako epea amaitutakoan ez da eskaera gehiagorik onartuko. Hala ere, azpiprograma bati esleitutako aurrekontua agortzen bada eta programaren indarraldia iraungi ez bada, eskaerak erregistratzen jarraitu ahalko da, behin-behineko erreserba-zerrendan. Sarrera-ordenari zorrotz jarraikiz erantzungo zaie eskaerei, eta horretarako ezinbestekoa izango da norbaitek aurretiazko laguntza-eskaerei uko egitea edo eskaerok errebokatzea, aurrekontua askatu ahal izateko, edo deialdiari aurrekontu gehigarria txertatzea. Eskaera bat behin-behineko erreserba-zerrendara aurkezteak ez dio ezein eskubide sortuko eskatzaileari eskaera ebazten ez den arte.

Horrez gain:

a) Programaren aurrekontua handitu ahalko da, eskariaren eta proiektuen garapenaren arabera, eskaerak aurkezteko epea, 3.2 oinarri honetan ezarritakoa (2023ko urriaren 31), igaro ez bada.

b) Deialdia itxi (2023ko urriaren 31) eta hurrengo hilabetean, geratzen den funts-saldoa laguntza-azpiprogramen artean banatzea ahalbidetuko da, ahalik eta eskaera gehienei erantzuteko helburuarekin.»

– 4. oinarriko (Jarduketa subentzionagarriak eta laguntzen zenbatekoa) 1. atala:

«4.1. Jarduketa subentzionagarriek, I. eranskinean ezarritako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dituzte: eskatzaileek EAEko lurraldean eginak izatea, EAEko energia-efizientzian, energia berriztagarrietan eta garraio eta mugikortasun efizientean eragina edukitzea eta beranduenez 2023ko abenduaren 31n beteta eta fakturatuta egotea. Zehatz-mehatz, programa hauei dagozkie:

• 1. azpiprograma – Industrian eta eraikinetan hidrogenoa kontsumitzeko inbertsioak egitea, erregai fosilen kontsumoak ordezkatzeko.

• 2. azpiprograma – Industria-sektoreko ETEetan energia-efizientzia sustatzeko inbertsioak egitea, energia-kontsumoa murriztea dakartenak, egitea.

• 3. azpiprograma – Bero-ponpen bidezko aprobetxamendurako zundaketa bertikalak (zirkuitu itxia/irekia) egitea, bero-sareetan hargune eta truke-azpiestazio berriak egitea eta hondakin-beroen aprobetxamendurako instalazio berriak sortzea.

• 4. azpiprograma – Energia-eskaria kudeatzeko sistema integralak ezartzeko inbertsioak egitea.

• 5. azpiprograma – Garraio eta mugikortasun efizienterako jarduketak egitea (mugikortasun bertikaleko energia-aurrezkia, gas naturalez hornitzeko instalazioak, bizikletaren sustapena).

• 6. laguntza-azpiprograma – Ostalaritza-sektorean energia-efizientzia altuko ekipamenduak berritzea: hotelak, jatetxeak eta kafetegiak –Horeca–.»

– 9. oinarriko (Inbertsioa egin izana eta laguntzak ordaindu izana justifikatzea) 1. atala:

«9.1. Laguntzaren azken onuradunek laguntzaren xede den jarduketa gauzatu, fakturatu eta ordaindu dela justifikatu beharko dute EEEn, beranduenez 2024ko urtarrilaren 15ean, elektronikoki, 6. oinarrian aipatutako aplikazio informatikoaren bitartez, 39/2015 Legearen 14.1 artikuluak pertsona fisikoentzat xedatutako aukera baztertu gabe.»

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Bilbao, 2022ko urriaren 19a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala