Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2022ko urriaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4683

123/2022 DEKRETUA, urriaren 18koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Beasaingo udalerrian, Beasainen N-I errepideko 419,550 eta 419,855 KPen artean pantaila akustikoak jartzeko proiektua (2-PA-15/2021) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Beasainen N-I errepideko 419,550 eta 419,855 KPen artean pantaila akustikoak jartzeko proiektua (2-PA-15/2021)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2022ko urtarrilaren 14an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zuen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2022ko otsailaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (22. zk.). Geroago, 2022ko apirilaren 26an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideetako zaratari aurre egiteko ekintza planak (2020ko urtarrilaren 28ko 25-C/2020 Foru Aginduaren bidez onartutakoa) dio lehentasunezko jarduketak direla zarata-maila handieneko eta biztanleria-kopuru handieneko eremuak. Horien artean nabarmentzekoa da N-I errepidekoa, bereziki hainbat udalerritan, Beasain tartean.

Beasainen jasotako emaitzek erakusten dute bertako zarata-maila oso handia dela, N-I errepidetik igarotzen den trafikoaren eraginez, eta EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan definitutako kalitate akustikoko helburuak gainezkatzen dituzten mailak 3.808 pertsonak jasaten dituztela (helburu horiek hartu dira kontuan aipatutako planean).

Pantaila akustikoak jartzeko proiektu hori aipatutako planaren arabera idatzi da, eta bere helburua da kutsadura akustikoa jaistea eta inguruko biztanleen osasuna hobetzea. Biztanle horiek gaur egun jasaten dituzten zarata-mailek 2002/49/EE Zuzentarauan eta Zaratari buruzko 37/2003 Legean ezarritako kalitate akustikoko helburuak gainditzen dituzte, eta, OMEk ezarritako atalasearen arabera, osasunean ondorio kaltegarriak eragin ditzaketen zarata-mailen mende daude pertsona horiek.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2022ko urriaren 18ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Beasainen N-I errepideko 419,550 eta 419,855 KPen artean pantaila akustikoak jartzeko proiektua (2-PA-15/2021)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urriaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala