Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2022ko urriaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4584

EBAZPENA, 2022ko irailaren 12koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Derioko (Bizkaia) Ganbe Goikoa sektoreko L8-L9 lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Derioko Udalak, 2022ko abuztuaren 16an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Derioko (Bizkaia) Ganbe Goikoa sektoreko L8-L9 lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Derioko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesa zuen edonork izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Derioko Ganbe Goikoa sektoreko L8-L9 lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da Derioko Ganbe Goikoa sektoreko L8-L9 lurzatietarako aurreikusita dagoen gehieneko etxebizitza-kopurua handitzea, eraikigarritasuna eta gainerako hirigintza-parametroak aldatu gabe.

Etxebizitza-kopurua handitu behar da, higiezin-produktua zonako eskariaren errealitatera egokitu behar delako. Horrenbestez, L8 lurzatian 6 etxebizitza gehiago egitea proposatzen da, eta L9 lurzatian, berriz, 10 etxebizitza gehiago.

Dena den, L8 eta L9 lurzatietan etxebizitza-kopurua handitzeak ez du esan nahi Ganbe Goikoa sektorerako aurreikusita dagoen etxebizitza libreen guztizko kopurua handituko denik, zeren eta egikarituta dauden edo egikaritzen ari diren gainerako lurzatietan sektorerako baimendutakoak baino 21 etxebizitza gutxiago egin baitira. Hau da, hiri-lurzoru finkatua birdentsifikatzeko eragiketa batez ari gara.

Planak ez die eragiten jabari publikoko edo erabilera publikoko lursailei, eta ez ditu aldatzen lurzatietan egingo diren blokeen bolumetria eta antolamendua zehazten dituzten parametroak, zeinek jarraituko baitute plan partzialean eta Derioko arau subsidiarioetan jasotako eraikingintza-ordenantzen arabera arautuak egoten.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak bi aukera ematen ditu: bata, ezer ez egitea edo 0 aukera; bestea, hemen planteatzen den aukera, hau da, hiri-lurzoru finkatua birdentsifikatzea, eta, ondorioz, jada antropizatua dagoen lurzorua aprobetxatzea.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne hartuta: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, Planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Planaren eremua hiri-lurzoru finkatua da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezkia eta -efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo nabarmenik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Estatuko ingurumen-arloko legeria txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Derioko Ganbe Goikoa plan partzialaren L8 eta L9 lurzatiak dira, 1.632 m2 eta 2.500 m2 hartzen dutenak, hurrenez hurren. Derioko Ganbe Goikoa sektorearen hego-mendebaldean daude lurzati horiek. Hiri-lurzoru finkatuko bi lurzati dira, plangintza egikaritzean urbanizatu direnak.

Planaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareko espaziorik, ez eta naturagune babesturik, Batasunaren intereseko habitatik edo natura-intereseko bestelako eremurik ere, eta orobat ez dago kultura-ondareko elementurik.

Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da, eta ez da aurkitu interes geologikoko eremurik edo gunerik.

Eremua Asuko Unitate Hidrologikoan dago, eta han ez dago ibairik edo errekarik, ez eta ur-punturik identifikatuta ere.

Eremua ingurune antropizatuan dagoenez, espero behar diren komunitate faunistikoak halako habitatei lotuta daudenak dira; landarediari dagokionez, ez dago ingurumen-balio aipagarririk duen landare-espezierik.

Domeinu antropogenoko hiri-paisaia nagusitzen da.

Bestalde, eremuan ez dago ingurumen-arrisku nabarmengarririk.

Egoera akustikoari dagokionez, ACCk 2022ko ekainean egindako inpaktu akustikoari buruzko azterlana aurkeztu da. Eremu akustiko mota eta zarata-fokuak eta -mapak azterturik eta egungo eta etorkizuneko egoera modelizaturik, azterlanaren ondorioa da kanpoko espazioetan aplikatu behar diren kalitate akustikoko helburuak betetzen direla.

Gerta litezkeen ondorioak direla eta, plan bereziak sor ditzakeen inpaktuak identifikatu behar dira, indarrean dagoen antolamenduak sor ditzakeenekin alderatuta. Lehen esan bezala, plan honek L8 eta L9 lurzatietan eraikiko den etxebizitza-kopurua handitzea besterik ez du eragingo, orain arte aurreikusitako kopurua handituz, baina ez ditu aldatuko eraikigarritasuna eta gainerako hirigintza-parametroak.

Beraz, espero behar diren ondorioak etxebizitza berriak urbanizatzeko eta eraikitzeko obrak egitearekin zerikusia izango dute: hondakinak, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, istripuzko isurketengatik lurzorua kaltetzea, emisio atmosferikoek eta akustikoek eragozpenak eragitea, baliabideak kontsumitzea eta abar.

Ustiapen-fasean, litekeena da etxebizitza-kopurua handitzeak berekin ekartzea, besteak beste, eremuko trafikoa eta mugikortasuna, hondakinen sorrera eta energia-iturrien erabilera areagotzea. Nolanahi ere, planaren irismena kontuan hartuta, areagotze-maila txikia izango da.

Etorkizuneko egoera akustikoari dagokionez, ez da uste Planak aldaketa nabarmenik ekarriko duenik maila akustikoetan, indarrean dagoen plangintzako balioekin alderatuta, eta aplikatzekoa den araudian ezarritako kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira. Horri dagokionez, aurkeztu den azterlan akustikoak xedatzen du betetzen direla aplikatu behar diren kalitate akustikoko helburuak, bai egungoak bai etorkizunekoak.

Laburbilduz, kontuan hartuta eremuaren ezaugarriak, proposatutako jarduketak eta gaur egun onartuta dagoen antolamenduarekin sortzen diren inpaktuak, uste da ondorioak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den azalera baino gehiago hartu gabe.

3.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, Planak ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Derioko Ganbe Goikoa sektoreko L8 eta L9 lurzatietako hiri-antolamenduko plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezartzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-etxolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera (Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legea, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.

Obretan sortutako hondeatze-soberakinak baimenduta dagoen soberakin-biltegi batera eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinak gordetzeko gunea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, ez da makinak mantentzeko lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren.

– Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak ezarriko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdearen kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, ez dela aurreikusten Derioko Ganbe Goikoa sektoreko L8 eta L9 lurzatietako hiri-antolamenduko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Derioko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen ondorioak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada onartzen Derioko Ganbe Goikoa sektoreko L8 eta L9 lurzatietako hiri-antolamenduko plan berezia lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, non eta ez zaion ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Halakoetan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 12a.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

Javier Agirre Orcajo.


Azterketa dokumentala